4.48 Psikosia
4.48 Psikosia Londreseko Royal Court Theatre Upstairs-en estreinatu zuten 2000ko ekainaren 23an honako antzezleekin:
Daniel Evans
Jo McInnes
Madaleine Potter
Zuzendaria: James Macdonald
Diseinua: Jeremy Herbert
Argiteria: Nigel J. Edwards
Soinua: Paul Arditti
(Oso isilune luzea.)
Baina lagunak dituzu.
(Isilune luzea.)
Lagun asko dituzu.
Zer ematen diezu zurekin horren bihozberak
izateko?
(Isilune luzea.)
Zer ematen diezu zurekin horren bihozberak
izateko?
(Isilune luzea.)
Zer ematen diezu?
(Isilunea.)
– – – – –
kontzientzia sendoa oturuntza-areto ilun batean bizi da buru baten sabaitik gertu non zorua hamar mila labezomorro argi errainu bat sartzen denean bezala mugitzen baita pentsamendu guztiak biltzen direla gorputzak dagoeneko jariatzen ez duen adostasun une batean ze labezomorroek inork inoiz esaten ez duen egia ulertzen baitute
Gau hartan dena ulertu nuen
Orain nola hitz egingo dut berriro?
bere buruaz bakarrik fidatzen den hermafrodita ahituak errealitatean gela jendez beteta dagoela igarri eta amesgaiztotik ez esnatzeko erregutzen du
eta hor zeuden denak
guzti-guztiak
eta nire izena bazekiten
aulkien bizkarraldetik labezomorro gisa alde egin niela
Argia gogoan izan eta argian sinetsi[1]
Argitasun une bat betiereko gaua baino lehen
ez utzi niri hori ahazten
– – – – –
Goibel nabil
Etorkizuna itxaropenik gabekoa antzematen dut eta gauzek ez dutela hobera egingo
Aspertuta eta gogogabetua nabil edozerekin
Pertsona bezala erabateko porrota naiz
Erruduna naiz, zigortzen naute
Neure buruaz beste egin nahiko nuke
Negar egiteko gauza ohi nintzen, orain, aldiz, ezin dut malkorik isuri
Ez dut interesik beste jendearekiko
Ezin dut erabakirik hartu
Ezin dut jan
Ezin dut lo egin
Ezin dut pentsatu
Ezin ditut gainditu neure bakardadea, neure beldurra, neure nazka
Lodia naiz
Ezin dut idatzi
Ezin dut maitatu
Neba hiltzen ari zait, maitalea hiltzen ari zait, biak hiltzen ari naiz ni
Neure heriotzarantz oldarrean abiatzen naiz
Medikazioak izutzen nau
Ezin dut maitasuna egin
Ezin dut txortan egin
Ezin naiz bakarrik egon
Ezin naiz besteekin egon
Aldakak zabalegiak ditut
Neure genitalak ez ditut gogoko
4.48an
etsipena bisitan etortzen zaidanean
neure burua zintzilikatuko dut
neure maitalearen arnasaren soinuan
Ez dut hil nahi
Neure buruaz beste egitea erabaki dut, hain baita handia hilkorra izateak eragin didan depresioa
Ez dut bizi nahi
Lotan dudan maitaleaz jeloskor nago eta eragindako konorterik eza niretzat nahi dut
Bera esnatzen denean, inbidia hartuko die medikazioak niri arindutako hizkeraz eta insomnioaz pentsaketan eman ditudan gauei
Hiltzeko amore eman dut aurten
Batzuek horri autoinduljentzia deituko diote
(haren egia ez ezagutzeko zortea dute)
Beste batzuek mina besterik ez dute ikusiko
Hau nire normaltasuna bihurtzen ari zait
– – – – –
100[2]
91
84
81
72
69
58
44
37 38
42
21 28
12
7
– – – – –
Ez zuen luze jo, ez nintzen hor luze egon. Baina kafe huts garratza edaten dudanean tabako zahar hodei batean bildurik botika usaina harrapatzen dut eta zerbaitek hunkitzen nau oraindik mingarria den tokian eta orain dela bi urteko zauria zabaltzen zait hilotz bat irekitzen den bezala eta aspaldian hilobiratutako lotsak bere bihozmin higuingarri ustelkorra oihukatzen du.
Aurpegi sorgorrez betetako gelan nire oinazeari begiratzen diote hain zurrun non intentzio txarrez ari direla dirudien
Hau Doktorea eta Hori Doktorea eta hemendik pasatzen ari zen eta sartu-irten bat egingo zuela berak ere ni izorratzeko pentsatu duen Zerdahau Doktorea. Espantu tunel bero batean kiskaltzen ari naizela nire umiliazioa osatzen da arrazoirik gabe dardarka nagoela eta hitzekin totelka nabilela eta ezer ere ez dudala esateko nire “gaixotasunari” buruz, hori, edozein modutan, “ezin da ezer egin” esatearen parekoa da azkenean hilko naizelako. Eta errealitate objektibo bat dagoela eta bertan nire burua eta nire gorputza bat direla esaten didan arrazoiaren ahots psikiatriko goxo horrek katigu nauka. Baina ni ez nago hemen eta ez naiz inon egon. Hau Doktoreak nik esandakoa apuntatzen du eta Hori Doktoreak murmurio ulerbera bati ekiten dio. Begiratzen naute, epaitzen naute, nire azalari darion porrot puta hau, urratzen nauen etsipena eta goitik behera bustitzen nauen izua usaintzen dizkidate ni beldurraren beldurrez ahoa bete hortz munduari begira nagoela neure buruari galdetzen diodala zergatik dauden guzti-guztiak irribarretsu eta niri begira nire lotsa mingarriaren sekretuki jakitun.
Lotsa lotsa lotsa.
Itota lotsa puta horretan.
Sendagile ulergaitzak, sendagile sentiberak, sendagile alternatiboak, kontrakoa egiaztatzen ez dizuten bitartean gaixotzat har zenitzakeen sendagileak, galdera berdinak errepikatzen dizkidatenak, ahoan hitzak ipintzen dizkidatenak, larrimin kongenitorako sendabide kimikoak eskaintzen dizkidatenak eta ipurtzuloa elkarri babesten diotenak harik eta zu garrasika deitzen zaitudan arte, zu, nire bizitza osoan nahita ukitu nauen sendagile bakarra, begietara begiratzen zidana, zulatu berriko hilobiko ahotsez kontatzen nizkion txiste makabroei barre egiten ziena, burua soildu nuenean burla egin zidana, gezurra bota eta ni ikusteak poza ematen ziola esan zidana. Gezurra bota zuena. Eta ni ikusteak poza ematen ziola esan zuen. Zutaz fidatzen nintzen, maite zintudan, eta ez da zu galtzeak min ematen didana baizik eta zeure lotsagabeko gezur deabru horiek mozorrotu zenituela sendagile baten oharrak bailiran.
Zure egia, zure gezurrak, ez nireak.
Eta zu ezberdina zinela eta aurpegia noizbehinka zeharkatzen zizun eta lehertzear zeneukan larriminak akaso sufriarazten zizula uste nuen bitartean, zu ere zeure ipurtzuloa babesten ari zinen. Beste edozein kabroi bat bezala.
Hori nire ustez traizioa da. Eta nire ustea da pasarte nahasi hauen protagonista.
Ezerk ez dit baretuko nire amorrazioa.
Ezerk ez dit berreskuratuko nire konfiantza.
Hau ez da bizitzeko nahi dudan mundua.
– – – – –
— Ba al duzu aurreikuspenik?
— Gaindosia hartu, eskumuturrak sastatu ondoren neure burua urkatu.
— Gauza horiek guztiak batera?
— Horrela inork ez luke ulertuko laguntza eskaera moduan
(Isilunea.)
— Ez du funtzionatuko.
— Horixe funtzionatuko duela.
— Ez du funtzionatuko. Gaindosiagatik logurez sentituko zara eta ez duzu indar nahikorik bilduko eskumuturrak ebakitzeko.
(Isilunea.)
— Aulki baten gainean zutiturik egongo naiz lepoaren inguruan soka bat edukita.
(Isilunea.)
— Bakarrik egongo bazina zure buruari min emango zeniokeela uste duzu?
— Horren beldur naiz.
— Beldur hori babesa izan liteke?
— Bai. Beldurra da trenbidetik urrun mantentzen nauena. Jainkoaren izenean espero dut heriotza behineneko amaiera madarikatua izatea. 80 urtekoa naizela ematen dit. Bizitzaz nazkatuta nago eta hil nahi dut.
— Hori metafora bat da, ez da errealitatea.
— Simil bat da.
— Ez da errealitatea.
— Ez da metafora bat, simil bat da, baina metafora izango balitz ere, metafora baten ezaugarri nagusia da erreala izatea.
(Isilune luzea.)
— Ez dituzu 80 urte.
(Isilunea.)
Badituzu ala?
(Isilune bat.)
Badituzu ala?
(Isilune bat.)
Ala ez dituzu?
(Isilune luzea.)
— Koitadu guztiak mespretxatzen dituzu ala ni naiz zehazki?
— Ez zaitut mespretxatzen. Ez da zure errua. Gaixo zaude.
— Ez dut uste.
— Ezetz?
— Ez. Depresioak jota nago. Depresioa amorrazioa da. Hori da egin duzuna, nor zebilen hor eta errua zeini egotzi diozun.
— Eta zeini egotzi diozu?
— Neure buruari.
– – – – –
Gorputza eta arima ezin dira inoiz lotu
Dagoeneko banaizena bilakatu behar naiz eta infernuan giltzapetu nauen inkongruentzia honi garrasika egingo diot betiko
Itxaropen konponezinak ez dit sostengurik ematen
Disforian itoko naiz
nire baitako putzu beltz hotzean
nire buru immaterialaren zuloan
Nola itzuliko naiz itxuroso izatera
pentsamendu formalak ihes egin badit[3]?
Horrelako bizitza ezin izango nuke onartu
Maite izango naute hondatzen nauenagatik
nire ametsetako ezpata
nire pentsamenduen hautsa
nire garunaren tolesturetan hazten den gaixotasuna
Laudorio bakoitzak arimaren zati bat kentzen dit
Mari matraka espresionista bat[4]
Bi zororen artean zalditegian
Ezer ere ez dakite —
Ni beti aske ibili naiz
Literatur kleptomanoen leinu zabaleko azkena
(tradizio ohoretsua garai batean)
Lapurtzea ekintza sakratua da
Espresiorako bide bihurrian
Harridura-marken saturazioak berehalako nerbio atakea
igartzen du
Hitz bat baino ez orrialde batean eta hortxe dago drama
Hildakoentzat idazten dut
jaio gabekoentzat
4.48 ondoren ez dut berriro hitz egingo
Gorpu arrotz batean barneratuta eta gehiengo moral zitalaren izpirituak mespretxatutako kontzientzia bati buruzko istorio ilun eta nazkagarri honen bukaerara iritsi naiz
Aspaldidanik hilda nago
Berriz nire sustraietara etorrita
Mugan itxaropenik gabe abesten dut
– – – – –
rsvp asap[5]
– – – – –
Batzuetan buelta ematen dut eta zure usaina hor dago eta ezin dut jarraitu ostia ezin dut jarraitu zutaz dudan desira joditu nazkagarri hori, fisikoki ere guztiz mingarria dena, espresatu gabe joder. Eta ezin dut sinetsi nik halako zerbait sentitzea zutaz eta zuk ezer ere ez sentitzea. Ez duzu zuk ezer sentitzen?
(Isilunea.)
Ez duzu ezer sentitzen?
(Isilunea.)
Eta goizeko seietan ateratzen naiz zure bila hasteko. Kale, taberna edo geltokiren bati buruzko zeinurik amestu badut horra joaten naiz. Eta hor zure zain egoten naiz.
(Isilunea.)
Badakizu, egia esan, manipulatzen nautela uste dut.
(Isilunea.)
Bizitzan ez dut inoiz arazorik izan besteari nahi duena emateko. Baina inor ez da kapaza izan nigatik gauza bera egiteko. Inork ez nau ukitzen, inor ez zait gerturatzen. Baina orain zuk nonbait ukitu nauzu, joder, horren sakonki non ezin baitut sinetsi eta ezin naiz zuretzat gauza bera izan. Ezin zaitudalako aurkitu.
(Isilunea.)
Ze itxura du emakumeak?
Eta nola ezagutuko dut ikusten dudanean?
Emakumea hilko da, emakumea hilko da, emakumea hilko da, joder.
(Isilunea.)
Uste duzu posible dela pertsona bat okerreko gorputzean jaiotzea?
(Isilunea).
Uste duzu posible dela pertsona bat okerreko garaian jaiotzea?
(Isilunea.)
Zoaz pikutara. Zoaz pikutara. Zoaz pikutara uko egiten didazulako hemendik ez zarelako inoiz agertzen, zoaz pikutara kaka bat naizela sentiarazi didazulako, zoaz pikutara nire maitasuna, nire bizitza odolustu dizkidazulako, pikutara joan dadila aita, hobe beharrez bizitza ederto izorratu zidana eta izorra dadila ama aita utzi ez zuelako, baina gauza guztien gainetik zoaz pikutara zu, Jainkoa, existitzen ez den pertsona bat maitarazi didazulako,
zoaz pikutara zoaz pikutara zoaz pikutara.
– – – – –
— Ene!, zer duzu besoan?
— Ebaki egin dut.
— Umekerietan zabiltza, hori atentzioa emateko egin duzu.
Mina arindu dizu?
— Ez.
— Tentsioa arindu dizu?
— Ez.
— Mina arindu dizu?
(Isilunea.)
— Mina arindu dizu?
— Ez.
— Ez dut ulertzen zergatik egin duzun hori.
— Orduan galdeidazu.
— Tentsioa arindu dizu?
(Isilune luzea.)
— Begirada bat bota dezaket?
— Ez.
— Begiratu nahiko nuke zornaturik dagoen ikusteko.
— Ezetz.
(Isilunea.)
— Uste nuen agian egingo zenuela. Jende pila batek egiten du. Tentsioa arintzen du.
— Zuk inoiz egin al duzu?
— . . .
— Ez. Bai zera, zentzudunegia eta sentiberegia zara! Ez dakit non irakurri duzun hori baina ez du tentsioa arintzen.
(Isilunea.)
Zergatik ez didazu galdetzen zergatik?
Zergatik ebaki nuen besoa?
— Esango zenidake?
— Bai.
— Orduan esadazu.
— galde.
iezadazu.
zergatik.
(Isilune luzea.)
— Zergatik ebaki zenuen besoa?
— Kristoren pare sentitzen naizelako. Ikaragarri ondo sentitzen naizelako.
— Begirada bat bota dezaket?
— Begiratu bai. Baina ez ukitu.
(Begiratzen du) Eta ez duzu uste gaixo zaudela?
— Ez.
— Nik bai. Errua ez da zurea. Baina egiten duzunaz ardura hartu behar duzu. Mesedez, berriro ez egin horrelakorik.
– – – – –
Inoiz ukitu ez dudan emakumea galtzeari beldurra diot
Maitasunak esklabo nauka malkoen kaiolan
emakume horrekin hitz egiteko inoiz erabiliko ez dudan mingaina hortzikatzen dut
Inoiz jaio ez den emakumearen falta sentitzen dut
Urteetan zehar emakumea musukatu dut, elkar ezagutuko ez dugula esaten dit
Dena hiltzen da
Dena amaitzen da
Dena ahitzen da
pentsamenduak alde egiten dit heriozko irribarre ezpainetan
antsietate diskordantea utzita
nire ariman orroka
Itxaropenik ez Itxaropenik ez Itxaropenik ez Itxaropenik ez Itxaropenik ez Itxaropenik ez Itxaropenik ez
Abesti bat nire maitearentzat, bere hutsunea laztantzen
haren bihotzaren jarioa, haren irribarrearen zipriztina
Hamar urte barru emakumea oraindik hilda egongo da. Horrekin bizitzen naizen bitartean, horrekin borrokatzen dudan bitartean, egun batzuk pasatuta horretaz pentsatzen ibiliko ez naizenetan emakumea oraindik hilda egongo da. Bere izena gogoratzen ez duen eta kale gorrian bizi den emakume zaharra izaten naizenean hilda jarraituko du, hilda jarraituko du, ez dago beste ostiarik
amaitu
da
eta ni bakarrik egon behar naiz
Maitea, maitea, zergatik abandonatu nauzu[6]?
Emakume hori da etzateko inoiz erabiliko ez dudan ohea eta ez dago zentzurik galera honen argitan bizitzeko
Bakarrik egoteko hazita
falta dena maitatzeko
Aurki nazazu
aska nazazu
honetatik
zalantza kaltegarritik
etsipen hutsaletik
pausaldian dagoen lazturatik
nire txokoan egotea badut
nire aisialdian entretenitzerik badut
baina ezerk ez dit beteko bihotzeko hutsunea
Hilko nintzatekeen bizi beharragatik
Kolapsoa
– – – – –
— Ez dago aitzakiarik.
— Ez dut esan ez dagoela aitzakiarik, ezetz esan dut.
— Ezin dut, behar dut, inoiz ez bete beharko, beti ez da beteko, ez liteke, ezin liteke[7].
Negoziaezinak.
Gaur ez.
(Isilunea.)
— Mesedez. Ez amatatu neure burua ni zuzentzen saiatu nahian. Entzun eta uler iezadazu, eta mespretxua sentitzen duzunean ez esan, hitzekin ez bederen, neuri ez bederen.
(Isilunea.)
— Ez dut mespretxurik sentitzen.
— Ezetz?
— Ez. Ez da zure errua.
— Ez da zure errua, hori da beti entzuten dudana, ez da zure errua, gaixotasun bat da, ez da zure errua. Badakit ez dela nire errua. Hainbeste aldiz esanda neure errua dela pentsatzen hasia naiz.
— Zure errua ez da.
— badakit.
— Baina zuri gertatzen utzi duzu.
(Isilunea.)
Ezta?
— Mundu osoan ez dago bizitzari zentzua eman diezaiokeen botikarik.
— Zeuk baimentzen duzu etsipen egoera absurdo hau.
(Isilunea.)
Egoera baimentzen duzu.
— Ez naiz pentsatzeko kapaza izango. Ez naiz kapaza izango lan egiteko.
— Ezerk ez dizu suizidioak adina traba ipiniko zure lanean.
(Isilunea.)
— Medikuarenera joan nintzela eta bizitzeko zortzi minutu eman zizkidala amets egin nuen. Itxoite gela madarikatu horretan eserita ordu eta erdi eman nuen.
(Isilune luzea.)
Ados, saiatuko gara, botikekin saiatuko gara, lobotomia kimikoarekin saiatuko gara, goazen nire burmuineko goi mailako funtzioak txikitzera eta akaso bizitza puta honetan aguantatzeko kapazagoa izango naiz.
Tira.
– – – – –
abstrakzioa harik eta bihurtzen naizen arte
desatsegin
onartezin
etsigarri
ulertezin
garrantzigabe
begirunegabe
erlijiogabe
damugabe
desatsegina izan
lekutua izan
gorputzetik kanpo izan
deseraikita izan
Ez dut imajinatzen
(argi eta garbi)
arima bakar bat
egin ahal izango lukeenik
egingo lukeenik
egin behar izango lukeenik
edo nahi egingo duenik[8]
eta egin badute
ez dut uste
(argi eta garbi)
beste arima batek
nirea bezalako beste arima batek
egin ahal izango lukeenik
egingo lukeenik
egin behar izango lukeenik
edo nahi egingo duenik
alde batera utzita
nik badakidala zer egiten ari naizen
oso ondo gainera
Hiztun atzerritarrik
irrazionala
menderaezina
zuzenduezina
ezagutezina
hondaturik
zoraturik
deformaturik
estilo askedunik
iluna, harik eta izan arte
Egiatia Zuzena Bidezkoa
Edozein edo edonor
Bakoitza guztiak denak
logika itsaso batean hondoratzen naizela
paralisi egoera lazgarria
gaixo oraindik ere
– – – – –
Sintomak: jaterik ez, lorik ez, hitzik ez, sexu grinarik ez, amorrua, hiltzeko gogoa.
Diagnostikoa: Oinaze patologikoa.
Sertralina, 50 mg. Insomnioa areagotuta, antsietate larria, anorexia, (17 kg-ko galera,) suizidiorako pentsamenduak, planak eta asmoa areagotuta. Tratamendua etenda eta ospitaleratzea.
Zoplicone, 7,5 mg. Lo eginda. Tratamendua etenda eta larruazaleko narritadura. Gaixoak ospitalea utzi nahi du sendagileen iritziaren kontra. Tamainaz bi aldiz handiagoak diren hiru gizonezko erizainek heltzen diote. Gaixoak mehatxatzen ditu eta ez du kooperatzen. Pentsamendu paranoikoak —ospitaleko langileek pozoitu nahi dutela uste du.
Melleril, 50 mg. Kooperatzen du.
Lofepramina, 70 mg, 140 mg arte igoera, gero 210 mg arte. 12 kiloko pisu igoera. Epe laburreko memoriaren galera. Beste erreakziorik ez.
Praktiketako medikuarekin liskarra; traizioa egotzi dio ondoren burua soildu eta besoak ebaki ditu
bizarra kentzeko labanaz.
Citalopram, 20 mg. Goizeko dardarak. Beste erreakziorik ez.
Lofepramina eta Citalopram bertan behera utzita gaixoa albo kalteekin nazkatu ondoren eta hobetzerik ezagatik. Tratamendu etetearen sintomak: zorabioak eta nahasmena. Jarraian irristaldiak, zorabiatu eta kalera irtenda autoen aurrean korrika ibili da. Delirioak —espezialista antikristoa dela uste du.
Fluoxetina hidrokloridoa, izen komertziala Prozac, 20 mg, 40 mg-ra igota. Insomnioa, hala moduzko jangura, (14 kg-ko pisu galera), antsietate larria, orgasmora iristeko ezintasuna, pentsamendu homizidak hainbat sendagile eta botika fabrikatzaileren aurkakoak. Bertan behera utzita.
Gogo-aldartea: Sutan, izorratuta.
Egoera emozionala: Haserre bizian.
Thorazina, 100 mg. Lo eginda. Lasaiago.
Venlafaxina, 75 mg, 150 mg-era igota eta geroago 225 mg-eraino. Zorabioa, tentsio baxua, buruko minak. Beste erreakziorik ez. Bertan behera utzita.
Gaixoak ez du Seroxat hartu nahi. Hipokondria —betazalen kliskak eta memoria galera larria aipatzen ditu beranduko diskinesiaren eta beranduko eromenarenaren seinale moduan.
Beste edozein tratamenduri uko egiten dio.
100 aspirina eta Bulgariako Cabernet Sauvignon, 1986koa. Gaixoa oka eginda esnatzen da eta esaten du “Umeekin oheratzen denak alkandora zikina”.[9] Urdaileko min larria. Beste erreakziorik ez.
– – – – –
Behatxuloa ireki da
Argi zorrotza
telebista hizketan dabil
begiz beteta
begiraldiko izpirituak
eta orain beldurraren beldurrez
gauzak ikusten ditut
gauzak entzuten ditut
ez dakit nor naizen
mingaina kanpora
pentsamendua trabaturik
nire buruaren zatikako txikizioa
Non hasiko naiz?
Non geldituko naiz?
Nola hasiko naiz?
(Jarraitzeko asmoa baitut)
Nola geldituko naiz?
Nola geldituko naiz?
Nola geldituko naiz?
Nola geldituko naiz?
Nola geldituko naiz? Min pilula bat
Nola geldituko naiz? Birikak sastatzen dizkidana
Nola geldituko naiz? Heriotza pilula bat
Nola geldituko naiz? Bihotza estutzen didana
Hilko naiz
oraindik ez
baina hortxe dabil
Mesedez...
Dirua...
Emaztea...
Ekintza bakoitza sinbolo bat da
horren zamak txikitzen nau
Puntuzko lerro bat eztarrian
hemendik moztu
ez utzi honi ni akabatzen
honek akabatuko nau txikituko nau eta
infernura bidaliko nau
Jaten nauen zoramenetik askatzeko erregutzen dizut
heriotza sub-intentzionala[10]
Berriro hitz egin beharko ez nuela uste nuen
baina orain badakit desira baina beltzagoa den zerbait dagoela
agian salbatuko nauena
agian akabatuko nauena
txistu goibela dut oinaze-oihua nire buruaren sabaiko zokoguneari inguruka
labezomorroz ehunduko tapakia
gelditu gerra hau
Alferrikako ibilbidea[11]
Ezer ere ez esateko
Eta zoramenaren erritmoa hauxe da.
– – – – –
— Juduak gaseztatu, kurduak akabatu, arabiarrak bonbardatu, umeak bortxatu ditut errukia izateko erregutzen zidaten bitartean, gudu-zelaiak neureak dira, ni iristen naizen tokietatik alde egiten du jendeak, begi madarikatu horiek xurgatuko dizkizut eta zure amari bidaliko dizkiot kaxa batean bilduta eta hiltzen naizenean zure ume moduan berraragituko naiz baina gutxienez berrogeita hamar aldiz okerrago burutik guztiz izorraturik eta bizitza infernu alua bilakatuko dizut uko egiten dut uko egiten dut uko egiten dut ez begiratu niri
— Ondo da
— ez begiratu niri
— Ondo da. Hemen nago.
— Ez begiratu niri
– – – – –
Gu anatema bat gara
arrazoimenaren pariak
Zergatik nabil atsekabeturik?
Jainkoa ikusi nuen
eta guztia gertatuko da
Ikara zaitezte.[12]
suntsitu egingo baitzaituztete!
eta guztia gertatuko da
Ikus ezazue etsipenaren argia[13]
larriminaren distira
eta iluntasunera eramango zaituztete
Txikizioak egonez gero
(txikizioak egongo dira)
teilatuen gainaldetik errudunen izenak oihukatuko dituzte[14]
Jainkoari eta haren deialdi gaiztoei
beldurra izan
larruazalean legena, sumina bihotzean
setio egoera infernutarra
dantza dezagun labezomorro hodeian
Hau guztiau gertatuko da
nire hats nazkagarriaren hitz guztiak
Argia gogoan izan eta argian sinetsi
Kristo hil da
eta monjeak estasian dabiltza
Gu gizatxarrak gara
buruzagiak boteretik kendu
eta Baal jainkoari intsentsua eskaintzen diogunok
Zatozte orain, erabaki dezagun auzia[15]
Zentzutasuna aurkitzen da Jainkoaren etxea dagoen mendian[16]
betiko lausotzen den arimaren horizontean
Burua gaixo dago, bihotzaren mintza urratuta
Zapaldu ezazue jakinduriak bidea egiten duen lurrean
Besarkatu itzazue gezur liluragarriak —
zentzudunaren eromen kronikoa
zarrastada hasiko da
– – – – –
— 4.48an
Zentzutasuna bisitan etortzen zaidanean
ordubete eta hamaika minututan burua ondo izaten dut.
Pasatzen denean berriro burutik joanda egongo naiz,
panpina hautsia, ero groteskoa.
Orain hemen nago eta neure burua ikusten dut
baina zoriontasunaren haluzinazio gaiztoak,
sorginkeriaren motorraren magia tranpatiak liluratzen nauenean,
ezin dut ukitu neure benetako nia.
Zergatik sinetsi didazu orduan eta ez orain?
Argia gogoratu eta argian sinetsi.
Ezerk ez du garrantzi handiagorik.
Utzi itxurak epaitzeari eta emadazu iritzi zuzena.
— Ondo da. Hobera egingo duzu.
— Eszeptizismoak ez du ezer sendatzen.
Ez begiratu niri.
– – – – –
Behatxuloa ireki da
Argi zorrotza
Mahai bat, bi aulki eta leihorik ez
Hementxe nago ni
eta horra hor nire gorputza
kristal gainean dantzan[17]
Ezbeharren garaian ezbeharrik ez
aukerarik ez daukazu
aukera gero etorriko zaizu
Mingaina ebaki iezadazue
burua larrutu iezadazue
oin-eskuetako behatzak moztu
baina utzidazue nire maitea
nahiago izango nuke
hankak galdu
hortzak erauzi
begiak atera
nire maitea galdu baino
distiratu kliskatu sastatu kiskali bihurritu sakatu haztatu sastatu
distiratu kliskatu ukabilkada kiskali flotatu kliskatu haztatu kliskatu
muturka kliskatu distiratu kiskali haztatu bultzaka bihurritu bultzaka
ukabilkada kliskatu flotatu kiskali distiratu kliskatu kiskali[18]
ez da inoiz bukatuko
haztatu kliskatu muturka sastatu bihurritu sastatu ukabilkada sastatu
flotatu kliskatu distiratu ukabilkada bihurritu sakatu distiratu bultzaka
haztatu kliskatu bihurritu kiskali kliskatu haztatu distiratu haztatu flotatu
kiskali sakatu kiskali kliskatu distiratu
Ezer ez da betiko
(Ezereza salbu)
sastatu bihurritu ukabilkada kiskali kliskatu haztatu flotatu haztatu
kliskatu kiskali ukabilkada kiskali distiratu haztatu ukabilkada haztatu
bihurritu kliskatu flotatu sastatu kiskali sastatu ukabilkada sastatu
sakatu sastatu flotatu sastatu kliskatu kiskali haztatu
Biktima. Gaizkilea. Lekukoa.
ukabilkada kiskali flotatu kliskatu distiratu kliskatu kiskali sastatu
bihurritu sakatu haztatu sastatu distiratu kliskatu haztatu kliskatu
ukabilkada kliskatu distiratu kiskali haztatu sakatu kliskatu bihurritu
sakatu ukabilkada distiratu kliskatu kiskali kliskatu distira
goizak porrota dakar
bihurritu sastatu ukabilkada sastatu flotatu kliskatu distira ukabilkada
bihurritu haztatu kliskatu ukabilkada sastatu sakatu distiratu sakatu
haztatu kliskatu bihurritu kiskali kliskatu haztatu distiratu haztatu flotatu
kiskali sakatu kiskali distiratu kliskatu sastatu
oinaze liluragarria
bizirik nagoela esaten didana
kliskatu ukabilkada sastatu haztatu bihurritu sakatu kiskali distiratu
sakatu distiratu ukabilkada kliskatu distiratu sakatu kiskali sastatu
haztatu kliskatu flotatu distiratu kliskatu haztatu sakatu kiskali sastatu
sakatu sastatu ukabilkada distira kliskatu kiskali
eta bihar bizitza zentzudunago bat
– – – – –
100
93
86
79
72
65
58
51
44
37
30
23
16
9
2
– – – – –
Zentzumena konbultsioaren muinean dago, hor, erdibitutako arimaren eromena kiskaltzen den tokian.
Neure burua ezagutzen dut.
Neure burua ikusten dut.
Bizitza arrazoiketa amaraun batean harrapatuta daukat.
Sendagile batek zentzudunen kopurua handitzeko ehundutako batean.
4.48an
Lo egingo dut.
Zugana etorri naiz osatua izateko esperoan.
Zu nire sendagilea zara, nire salbatzailea, nire epaile ahalguztiduna, nire apaiza, nire jaungoikoa, nire arimaren zirujaua.
Eta ni zure proselitoa zentzutasunerako bidean.
– – – – –
helburuak eta asmoak lortu
trabak garaitu eta goi mailako eredura iritsi
talentua ondo erabiliz autoestimua handitu
aurkariak garaitu
besteen gainean kontrola eta eragina izan
neure burua defendatu
neure espazio psikologikoa defendatu
neure egoa erreibindikatu
arreta jaso
ikusia eta entzuna izan
besteak gogoberotu, harritu, liluratu, txunditu, erakarri, entretenitu, libertitu edo limurtu
gizarte murrizketatik aske izan
zapalkuntza eta murrizketari aurka egin
neure buruaren jabe izan eta desiraren arabera jokatu
konbentzioei aurre egin
mina saihestu
lotsa saihestu
iraganeko umiliazioak suntsitu ekintza berriei ekinez
neure buruari errespetua izan
beldurrari eutsi
ahulezia gainditu
pertenentzia sentitu
onartua izan
besteengana hurbildu eta elkarrekin maitagarriak izan
adiskidetsu solas egin, istorioak aletu, sentimenduak, ideiak, sekretuak elkarri esan
komunikatu, hizketan aritu
barre egin eta txantxetan ibili
desiratutako Bestearen estimua lortu
Besteari atxiki eta leial mantendu
libidoak aukeraturiko Bestearekin esperientzia sentsualak gozatu
elikatu, lagundu, babestu, kontsolatu, sostengatu, zaindu edo osatzeko
elikatua, lagundua, babestua, kontsolatua, sostengatua, zaindua edo osatua izan
sortu biontzat gozagarria, iraunkorra, kooperatibo eta elkarrekikoa izango den Bestearekiko harremana, nire igualarekin
barkatua izan
maitatua izan
askatua izan[19]
– – – – –
— Nire alderik txarrena ikusi duzu.
— Bai.
— Zutaz ezer ere ez dakit.
— Ez.
— Baina gustukoa zaitut.
— Gustukoa zaitut.
(Isilunea.)
— Nire azken itxaropena zara.
(Isilune luzea.)
— Ez duzu lagun bat behar sendagile bat behar duzu.
(Isilune luzea.)
— Guztiz oker zabiltza.
(Isilune oso luzea.)
— Baina lagunak dituzu.
(Isilune luzea.)
Lagun asko dituzu.
Zer ematen diezu zurekin horren bihozberak
izateko?
(Isilune luzea.)
Zer ematen diezu zurekin horren bihozberak
izateko?
(Isilune luzea.)
Zer ematen diezu?
(Isilune luzea.)
Harreman profesionala dugu geurea. Harreman ona dugula uste dut. Baina profesionala da.
(Isilunea.)
Zure oinazea antzematen dut baina ezin diot zure bizitzari nire eskuetan heldu.
Ondo egongo zara. Sasoitsua zara. Badakit ondo egongo zarela gustukoa zaitudalako eta ezin delako inor gustukoa izan bere burua maite izaten ez badu. Beldurra ematen dit bere burua maite ez duen jendeak zeren bere buruari horrenbeste gorroto dionez ez baitiote uzten beste inori eurak maitatzen. Baina zu gustukoa zaitut. Zure falta sentituko dut. Eta badakit ondo egongo zarela.
(Isilunea.)
Paziente gehienek hil nahi izaten naute. Hemendik ateratzen naizenean lanaldiaren amaieran nire maitalearenera joan eta erlaxatzeko premiaz egoten naiz. Lagunekin egon eta erlaxatzeko premia izaten dut. Lagunok benetan elkarrekin gaudela sentitzeko premia dut.
(Isilunea.)
Ditxosozko lan honi gorroto diot eta lagunak osasuntsu behar ditut.
(Isilunea.)
Barka nazazu.
— Ez da nire errua.
— Barkatu, oker ibili naiz.
— Ez da nire errua.
— Ezetz. Ez da zure errua. Barka nazazu.
(Isilunea.)
Azaldu nahi nizun —
— Badakit. Haserre nago ulertzen dudalako, ez ulertzen ez dudalako.
– – – – –
Gizenarazita
Zurkaiztuta
Bultzaka kanporaturik
gorputza desorekatzen ari zait
eztanda batez zatikatzen ari zait
ezin diot heldu
dagoeneko heldu diodana baino gehiago
beti izango duzu zati bat niregandik
nire bizitza zure eskuetan hartu zenuelako
esku krudel horiek
horrek akabatuko nau
isiltasuna zegoela uste nuen
isiltasuna nagusitu zen arte
nola sortu didazu oinaze hau?
Ez dut inoiz ulertu
zer den sentitu behar ez dudana
txoria zeru zabalean hegan dabilen bezala
tximistek burua urratu didate
trumoi jarraiari ihes egiten nenbilela
Behatxuloa ireki da
Argi zorrotza
eta Ezer ez
Ezerezak ere
Ezer ez du ikusten
Nolakoa naiz?
ukapenaren haurra
tortura ziega batetik bestera
erremediorik gabeko hutsegite zitalen segida
erortzen ibili naiz bide honetako urrats guztietan
Etsipenak suizidatzera bultzatzen nau
Medikuek soluziobiderik aurkitzen ez duten larrimina
Ulertzeko bost axola zaiena
Zuk inoiz ez ulertzea espero dut
Gustukoa zaitudalako
Gustukoa zaitut
Gustukoa zaitut
ur beltz geldoa
betirako bezain sakona
zerua bezain hotza
zure ahotsa desagertu denean nire bihotza bezain geldoa
infernuan izoztuko naiz
noski maite zaitudala
bizitza salbatu zenidan
nahiago nukeen egin ez izana
nahiago nukeen egin ez izana
nahiago nukeen bakarrik utzi izan baninduzu
zuri-beltzeko filma baietz ala ezezkoa baietz ala ezezkoa baietz ala ezezkoa baietz ala ezezkoa baietz ala ezezkoa baietz ala ezezkoa
Beti maite izan zaitut
baita gorroto nizunean ere
Nolakoa naiz?
aita bezalakoa
o ez o ez o ez
Behatxuloa ireki da
Argi zorrotza
Haustura hasten da
Ez dakit non begiratu gehiago
Bilaketa jendetsu honek nekatuta nauka
Telepatia
eta itxaropena
Izarrei begiratu
iragana iragarri
eta mundua aldatu zilarrezko eklipse batez
iraunkorra den gauza bakarra hondamendia da
denok desagertuko gara
ni bat baino marka iraunkorragorik uzten saiatzen garen bitartean
Aurretik ez dut neure buruaz beste egin beraz ez bilatu aurrekaririk
Aurretik etorri dena hasiera besterik ez zen
beldur ziklikoa
hori ez da ilargia hori Lurra da
Iraultza
Jainko maitea, jainko maitea, zer egingo dut?
Dakidan guztia
elurra da
eta etsipen beltza
Tokirik ez buelta emateko
espasmo moral antzua
hilketaren ordezko aukera bakarra
Mesedez ez zatikatu nire gorpua nola hil naizen jakiteko
Neuk esango dizuet nola hil naizen
Ehun Lofepramina, berrogeita bost Zoplicone, hogeita bost Temazepan, eta hogei Melleril
Neukan guztia
Irentsita
Zatituta
Urkaturik
Bukatu da
pentsamendu zikiratuen
Eunukoari begiratu
garezurra
desbildua
arima baten
harrapaketa
eroaldia
haustura
sinfonia solo bat
4.48an
the happy hour[20]
argitasuna bisitan etortzen zaidanean
iluntasun epelak
begiak blaitu
ez dut bekaturik ezagutzen
sekulakoa bilakatzeak dakarren gaitza da hau
hilko nintzatekeen bizi beharragatik
maitatua izatea
hiltzen ari naiz bost axola zaion batengatik
hiltzen ari naiz ez dakien batengatik
apurtzen nauzu
Hitz egin ezazu
Hitz egin ezazu
Hitz egin ezazu
hamar yardako porrota zirkulua
ez begiratu niri
Zutik azkeneko aldiz
Inork ez du hitz egiten
Baliozkotzat jo nazazue
Nire lekukoak izan
Begira iezadazue
Maita nazazue
nire azken sumisioa
nire azken porrota
oiloak dantzan jarraitzen du
oiloa ez da geldituko
nitaz pentsatzen duzula pentsatzen dut
nitaz pentsatzen duzula nahi nukeen moduan
azken aldia
azken puntua
orain zaindu zure amatxo
zaindu zure amatxo
Elur beltza ari du[21]
heriotzan heltzen didazu
inoiz ez aske
Ez dut heriotzako desirarik
suizidek ez dute horrelakorik inoiz sentitu
begira iezadazu desagertzen
begira iezadazu
desagertzen
begira iezadazu
begira iezadazu
begira
Hau da inoiz ezagutu ez dudan nire nia, haren aurpegia neure buruaren barru aldean dago itsatsirik
mesedez, oihala altxatu
– – – – –
[1] Hilen Liburu Tibetarrean azaltzen den formula dugu goikoa. Liburuko testuak hiltzear daudenei irakurtzen dizkiete nozitzen ari diren prozesua hobetu uler eta onar dezaten.
[2] Psikiatrian gaixoen kontzentrazioa neurtzeko erabiltzen den test honetan 0-100 bitarteko zenbakiak aletu behar dira zazpinaka. Bistan da ez duela lortzen.
[3] Ingelesezko testuak pentsamendu edota logika formalari keinu eginez horrela dio: “How can I return to form / now my formal though has gone?”.
[4] “An expressionist nag” dio testuak. Espresio hori Alaistar Macaulay antzerki kritikariak erabili zuen S. Kaneren Garbituak (Cleansed) antzezlana deskribatzeko: “At her worst, however, she is an expressionist nag, and untheatrical”. “Nag” hitzak “kexati” zein “zaldi zaharra” adierazten du. Lehenbiziko adieran ulertzen badugu ere bigarrenak irekitzen dio bidea “zalditegi” hitzaz irudia sortzeko. Lehenbiziko erreferentzia osoa ikusteko hona jo: Ruby Cohn, “Sarah Kane, an Architect of Drama”, Cycnos 18. alea, 1. zkia.
http://revel.unice.fr/cycnos/index.html?id=1668 [2020ko urtarrilean azken ikustaldia]
[5] “Respondez s’il vous plaît” eta “As soon as possible” esanahia dute goiko laburdurek.
[6] Hemendik aurrera testua Bibliako espresioekin hornitzen da han-hemenka. Goikoak Mateo 27:46 txatala du iturria.
[7] Sarah Kanek ingelesezko modalekin jolastu zuen. Jatorrizkoak honela dio: “Can’t must never have-to always won’t should shant”.
[8] Berriro aditz modalekin jolasten du idazleak. Honela diosku: “I don’t imagine/ (clearly) / that a single soul / could would / should / or will”.
[9] “Sleep with a dog and rise full of fleas”, jatorrizko testuan.
[10] “A sub-intentional death”, dio testuak. “Sub-intentional suicide” espresioarekin heriotza ekar lezaketen heriotza-arrisku handiko praktikak izendatzen dira psikiatrian.
[11] Idazleak “empty legs” esamoldea erabiltzen du. “Hanka hutsik” adierazteaz gain, hegaldi pribatuen konpainietan zama edo bidaiaririk gabeko —eta, hartara, onura ekonomikorik gabeko— joan-etorriari esaten diote.
[12] Testamentu Zaharreko aipua (Isaias 8:9-10).
[13] Testamentu Zaharreko aipua (Isaias 8:22-24).
[14] Lerro hau Testamentu Berriko Lukas 12:3 eta Mateo 10:23 txataletan azaltzen da, besteak beste.
[15] Isaias 1:18 txatala.
[16] Isaias 2:2 txatala.
[17] Mötley Crüe talde estatubatuarraren 1987ko Girls, Girls, Girls albumeko kanta baten tituluarekin bat dator “dancing on glass” esapidea. Abestian droga kontsumo eta eromenari buruzko erreferentzia zuzenak daude.
[18] Sarah Kanek Rudolf von Laban (1879-1858) koreografo hungariarraren dantza-notazio sistemako mugimenduen izenak kopiatu zituen hemen. Nazioartekoan erabiltzen da egun —gehienetan ingelesez— dantzarako ez ezik beste arloetan ere gorputz higidurak deskribatzeko.
[19] Edwin S. Shneidmanen The Suicidal Mind (1989) liburutik ateratako zerrenda dugu goikoa.
[20] Jatorrizkoan bezala uzten dugu, “ordu zoriontsua” esanahiaz gain, tabernetan merkeago edateko aldiari esaten zaiolako gurean ere.
[21] Leherketa nuklearrek sortzen duten hautsari horrela esaten diote ingelesez, “black snow”, “elur beltza”, alegia.