Bosgarren agerraldia
Toki bera.
cate umea lurzoruaren azpian hilobiratzen ari da.
Inguruan begiratu eta bi egur zati aurkitzen ditu.
ianen zamarraren forrua kendu eta egurrak lotzen ditu gurutze bat irudikatuz. Gurutzea lurrean sartzen du.
Sakabanaturik dauden hainbat lore bildu eta gurutzearen azpian ipintzen ditu.
cate: Ez dakit izena nola duen.
ian: Ez du inporta. Inor ez zaio bisitan etorriko.
cate: Zaintzeko ardura nuen.
ian: Neskatxaren ondoan lurperatu ahal izango nauzu laster. Nire hilobian dantza egin.
cate: Minetik begiratu, ez ikasi jakin behar ez zenukeena —
ian: Cate?
cate: Ixx(o).
ian: Zertan ari zara?
cate: Errezatzen. Badaezpada ere.
ian: Nigatik errezatuko duzu?
cate: Ez.
ian: Hiltzen naizenean, orain ez.
cate: Hilda zaudenerako ez du balio.
ian: Neskatxagatik errezatzen ari zara.
cate: Umea da.
ian: Eta?
cate: Errugabea dela.
ian: Ezin nauzu barkatu?
cate: Begiratu zaitez lizunkeriak ikustetik, galbidean zehar ibiltzetik —
ian: Neskatxa hilda dago, Cate.
cate: Eta kaltegileekin elkartzetik.
ian: Ez du horrelakorik egingo, Cate, hilda dago.
cate: Amen.
(Joaten hasten da.)
ian: Nora zoaz?
cate: Gosez nago.
ian: Cate, arriskutsua da. Ez dago janaririk.
cate: Agian soldaduren batek zerbait emango dit.
ian: Nola?
cate: (Ez dio erantzuten.)
ian: Ez egin hori.
cate: Zergatik ez?
ian: Ez zara horrelakoa.
cate: Gosez nago.
ian: Badakit, baita ni ere.
Baina.
Nahiago nuke —
Horrela ez balitz —
Mesedez, Cate.
Itsu nago.
cate: Gosez nago.
(Joaten da.)
ian: Cate? Catie?
Janari pixka bat lortzen baduzu —
Joder.
Ilunaldia.
Argia.
ian masturbatzen ari da.
ian: potorra potorra potorra potorra potorra potorra potorra potorra potorra potorra
Ilunaldia.
Argia.
ian bere burua estrangulatzen ari da bere eskuez.
Ilunaldia.
Argia.
ian kaka libratzen ari da.
Gero egunkariarekin zikinkeria garbitzen saiatzen da.
Ilunaldia.
Argia.
ian histerikoki barrez.
Ilunaldia.
Argia.
ian amesgaiztoa izaten ari.
Ilunaldia.
Argia.
ian negarrez, malko erraldoi odoltsuak.
soldaduaren gorpua besarkatzen ari da gozotasunaren bila.
Ilunaldia.
Argia.
ian etzanda dago oso geldirik, goseak guztiz ahulduta.
Ilunaldia.
Argia.
ianek gurutzea ateratzen du lurretik, lurzorua txikitu eta umearen gorpua hartzen du.
Umea jaten du.
Hondakinak umearen izaran bildu eta fardela zuloan sartzen du berriro.
Geldiune bat, gero fardelaren atzean behera salto egin eta etzaten da, burua lurzorutik gora begi-bistan utzita.
Lasaitasunez hiltzen da.
Haren gainean euria hasten da, sabaitik erortzen zaio.
Azkenean.
ian: Kaka zaharra.
cate sartzen da ogia, saltxitxa handi bat eta botila bat gin dakartzala. Hankartetik odola dario.
cate: Zulo baten azpian eseri zara.
ian: Badakit.
cate: Bustiko zara.
ian: Bai.
cate: Kabroi baboa.
Ohetik izara bat hartu eta bere burua bertan biltzen du.
ianen buruaren ondoan esertzen da.
Ogia eta saltxitxa ase egin arte jan ondoren ginez bustitzen ditu.
ian entzuten ari da.
iani soberakinekin jaten ematen dio catek.
catek iani ahoan gina isurtzen dio.
iani jaten ematen bukatu eta harengandik urrunduta esertzen da, bere magalean kukulduta uzkurtuta epeltasunaren bila.
Gina edaten du.
Erpurua zupatzen du.
Isiltasuna.
Euria ari du.
ian: Eskerrik asko.
Ilunaldia