Mami Lebrun
Mami Lebrun
Kepa Errasti
Azaleko irudia: Ane Pikaza
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
94 orrialde
978-84-17051-45-7
Kepa Errasti
1981, Aretxabaleta
 
 

 

7. AGERRALDIA
HIRUGARREN HAUSTURA

 

(Iluntasunetik zakar piztuko da argia. Argi orokor bat izango da.)

 

miren: Hala ba, listo!

 

egoitz: Zer?

 

miren: Ba hori. Bukatu dugula.

 

egoitz: Ez, zuri beste zeozer pasetan jatzu.

 

miren: Ba ez zaidala bukaera gustatzen. Baina hori zuk ere badakizu.

 

egoitz: Bueno, Miren, ez gara barriro horrekin hasiko, ez?

 

miren: Edo bai! Zure amonari agur bat egin nahi diozu. Bale, de puta madre! Pariseko mobida hori eta erresistentziarena eta dena oso ondo iruditzen zait. Baina zure amonak beste gauza asko bizi izan zituen Parisetik etorri eta gero, eta horrela kontatuta balorea kentzen diegu. Eta zer da, gainera, iraganean iltzatuta geratze hori.

 

(mirenek zainak moztearen keinu egingo du burla moduan.)

 

egoitz: Baina berak be holaxe bizi euen baina.

 

(kontxaren mamua sartuko da.)

 

kontxaren mamua: Bueno…

 

miren: Zer ote dakizu nola bizi zuen berak?

 

egoitz: Orduen zergatik deiketan euzkun danori Mitxel? Edo zergatik abesten zittuen abesti frantsesak?

 

miren: Pitza-pitza eginda zegoelako Egoitz! Alzheimerra zeukan. Denak bueltatzen dira iraganera.

 

kontxaren mamua: Hi! Esaixok honi errespetuz berba egitteko, entzun?

 

miren: Errespetu guztiarekin, e!

 

kontxaren mamua: A, bueno, hola bada…

 

(egoitzek kontxaren mamuari begiratuko dio.)

 

miren: Pariseko mobida hori eta erresistentziarena eta… la ostia da! Inbidia eta guzti ematen dit. Eta erromantizismo kutsu horrek haluzinatu egiten nau; baina, agian, Mitxel hil ez balitz eta berarekin jarraitu izan balu, ez zukeen horrelako magiarik izango.

 

kontxaren mamua (egoitz dagoen aldera seinalatuz): Eta bera ez zan hemen egongo!

 

miren: Eta zu ez zinen hemen egongo! Garai hura amaitu egin zen eta horrexek egiten du hain berezi. Zikloak itxi egin behar dira, Egoitz, berriak hasi eta zaharrek magia kutsu hori manten dezaten. (Seinalatuz) Eta zuri beldurra ematen dizu aurrera egiteak… Horregatik zaude azkenaldian zauden bezala…

 

kontxaren mamua (egoitzi): Zer pasetan jak, ba?

 

egoitz: Ezebez…

 

miren: Zer?

 

(egoitzek erantzun ez eta alde egiten du. mirenek txistu eginez deitzen dio. egoitz barrura sartzen da berriro.)

 

egoitz: Niri ez deittu ganauei moduen, entzun?

 

miren (haserre): Berriz ihesean hasten bazara, barrabilei eutsi eta lurrera iltzatuko dizkizut! Eta ezkutatzen didazun hori oraintxe bertan kontatuko didazu.

 

egoitz: Ze ezkutatu… Ze esaten zabitz?

 

miren: Ego, no me jodas, e! Zer gertatzen zaizu?

 

kontxaren mamua: Esaixok!

 

(egoitzek ez du ezer esango baina kontxaren mamuari begiratuko dio.)

 

miren: Egoitz! Pazientzia galtzen ari naiz!

 

kontxaren mamua: Ya lo creo…

 

(egoitzek kontxaren mamuari begiratuko dio.)

 

miren (paperak galduz): Eta ze ostia begiratzen duzu horra? Hemen nago! Hemen!!!

 

egoitz: Amona entzuten dot!!!

 

kontxaren mamua: Baina ze…? Ederra egin dok!

 

miren (seko harrituta): Zer?

 

egoitz: Amona entzuten dotela… Bueno, eta ikusi be bai batzuetan…

 

(Oraingoan egoitz eta kontxaren mamua izango dira mireni begira geratuko direnak.)

 

miren: Falta zena! Komunera noa… Adarra jotzeko gogoa pasatzen zaizunean, hitz egingo dugu.

 

egoitz (atzetik jarraika): Miren, egixa dala!

 

miren: Zoaz popatik hartzera!

 

(miren atera egingo da. egoitz eszenan geratuko da miren atera den leku aldera begira.)

 

kontxaren mamua: Burutik joanda hauela pentsetan jok.

 

egoitz: Bueno, amona, bale!

 

kontxaren mamua: Zergatik ez dutsek egixe esaten?

 

egoitz: Zer? Zure errautsak Cola Cao pote batean sartu eta eszenatokixan botatia gure dittudala?

 

kontxaren mamua: Ba, klaro! Ze uste dok, gaixki hartuko dauela?

 

egoitz: Ikusi dozu ze karakterra daukon.

 

kontxaren mamua: Horretxegaittik. Ze egin biher dok, ezer abixau barik errautsak danen aurrien zabaldu? Orduentxe bai urtengo jakola karakterra!

 

egoitz: Ez dakitt, ez dakitt… Ondiokan ez nau seguru zer ein…

 

kontxaren mamua: Zela ez hauela seguru?

 

egoitz: Amak akabau egin biher nau…

 

kontxaren mamua: Hire ama aho zabal bat dok! Umetan be holakotxia zuan.

 

egoitz (bere burua konbentzitu nahian, eskuekin begiak itxiz): Bueno, nahikue da! Zu ez zara erreala! Zu hildda zaz. Ea, Egoitz, hartu arnasa… (Arnasa hartuz) Karmelek esan zutsun moduen… arboliana egin…

 

(egoitz arnasketa batzuk egiten hasiko da, “arbola”ren postura jarrita. Zenbakiak zenbatzen hasiko da erlaxatzeko, begiak itxita.)

 

kontxaren mamua: Zein da Karmele?

 

egoitz (ihesean): Nire psikologua… bueno, igual dutso.

 

kontxaren mamua: Horregatik esan dusk esan dutzuna? Zorozain batengana joaten hasi haz? Nigatik?

 

egoitz: Ba, bai! Zu joan zitzenetik arraro sentiruten nazelako. Orduentxe hasi zien ansiedadiak, eta tristurak, eta bakardade sensaziñuak, eta bolak estomago barruan…

 

kontxaren mamua: Ze esaten habil? Bolak? Kaka egitteko onena kiwixe jatia.

 

egoitz (hautsiz): Ez, horreik ez. Bestelakuak… korapiluak…

 

kontxaren mamua (ulertuz): Aaaaa!

 

(egoitz kontxaren mamuaren ondoan eseriko da.)

 

egoitz: Ez dakitt zure faltia dan edo ni nazen besterik barik, edo zer. Baina bizitziari bilddurra moduen hartu dutset. Bilddurre dauket denpora danien.

 

kontxaren mamua: Zer?

 

egoitz: Triste sentiruten nazela askotan. Aurrera jarraiketako inddar barik moduan, eta paranoia mordo bat eukitten dittut.

 

kontxaren mamua (isilune bat eta gero): Hara Egoitz, begiratu horra…

 

(egoitz jiratu eta kontxaren mamuak sekulako kokotekoa emango dio.)

 

kontxaren mamua: Hara! Barriro holako tontokerixarik esaten badok, fuertiau emungo dustat! Entzun dok? 35 urte daukek, eta bizitzako urteik onenak geraketan jak aurretik. Hemendik haserre alde egin dauen emakumia txapela kentzeko modukua da…

 

(Cola Cao potea irekita dakarrela, miren sartuko da. Atzamarra potean sartu eta ahora eramango du.)

 

miren (korroskada bat botaz): Zapore arraro samarra du honek, ezta? Igual kadukatuta egongo da...

 

(egoitzek buelta eman eta miren ikusiko du Cola Cao potekoa jaten. Hitzik gabe geratuko da. mirenek lasai asko begiratuko dio, aho barruan daukana dastatzen.)

 

egoitz: Ez, ez, ez! No me jodas, Miren!

 

(Okada artean, egoitzek potea eskuetatik kentzen dio mireni.)

 

miren: Zer?

 

egoitz: Zuri ezetz esaten dutsuenien ez dakitzu kasu egitten?

 

miren: Bukatu dugu entsegua, ez?

 

egoitz: Amonaren errautsak die!

 

(mirenek beldurtuta begiratuko dio egoitzi.)

 

miren: Zer??

 

egoitz: Amaren etxetik pasatu nazenien hartu dittut. Ez galdetu zergatik, Miren, inpulso bat moduan izan da. Han euzen, potera pasau eta hartu egin dittut. Nerbioso ninguen, bi aldiz pentsatu barik egin dot…

 

miren (tripa eutsiz bat-batean): Ego… ez naiz ondo sentitzen…

 

(Makurtu egiten da miren. egoitz hurbilduko zaio, baina berehala aurrera eta atzera hasiko da, zer egin ez dakiela. Bera ere okadaka.)

 

egoitz: Joder, joder, joder… Nun ostia itxi dot telefonua? Lasai, ointxe deittuko dutset anbulantzia bati…

 

(miren modu esajeratuan zarata arraroak egiten hasi eta harriduraz begiratuko dio egoitzek. Bat-batean, mirenek ironiaz begiratuko dio.)

 

miren: Zer? Zer moduz ikusi nauzu?

 

egoitz: E?

 

miren: Gezurra da.

 

egoitz: Zer?

 

(kontxaren mamua ere barrezka hasiko da. egoitzek ez du ezer ulertuko)

 

kontxaren mamua: Ederra sartu juskuk!

 

miren: Ez ditudala jan. Baina zu flipatuta zaude! Benetan uste duzu goxoak egongo zirela? (egoitz isilik geratuko da) Bua, ez dakizu ze aurpegi jarri duzun…

 

kontxaren mamua: Beinke!

 

egoitz: Ba niri ez dust grazia putarik egitten, entzun?

 

miren: Bueno, lasaitu apurtxo bat, e…

 

egoitz: Lasaittu? Joder!

 

kontxaren mamua: Uste nauena baino sorginaua dok hau, e!

 

miren (barre egiteari utziz, bere onera etorriz): Ez zenidan kontatu behar?

 

egoitz (bi emakumeei bizkar emanez sustoa pasatu bitartean): Kontatu, zer?

 

miren: Errautsena, Egoitz! Errautsena!

 

(egoitz zer esan ez dakiela geratuko da.)

 

egoitz: Ba, bai, baneuken asmue, baina…

 

miren: Bai? Ba, eskerrak behin baino gehiagotan galdetu dizudan!

 

egoitz: Aber… Zela jakin dozu?

 

miren: Zure amarekin hitz egin dut entsegua hasi aurretik. Bere onetik aterata zegoen. Esan dit ez zuela lortzen zurekin hitz egitea, eta errautsak falta zirela etxean. Eta eszenan motxila horrekin sartzen ikusi zaitudanean… (egoitz parodiatuko du potearekin korrika joango balitz moduan)

 

egoitz: Hori ez da egitten!

 

miren: “Hori ez da egitten”? Emango dizut belarrondoko bat… Konplize egin nauzu mobida honetan! Konplize… (Isilik begiratuko dio egoitzek) Eta… Ze kristotarako lapurtu dituzu?

 

(egoitz mutu.)

 

kontxaren mamua: Esaixok!

 

miren: Egoitz…

 

kontxaren mamua: Benga, esaixok!

 

egoitz: Ba, ez dakitt… Igual omenaldiaren amaieran eszenatokixan botateko edo...

 

kontxaren mamua: Klaro baietz!

 

miren: Klaro baietz!!! Guri sudur punta jartzen zaigulako, zure amonaren errautsak botako ditugu antzoki batean, hala!

 

kontxaren mamua: Ba bai, guri sudur puntan jarri jakulako botako jittunau!

 

egoitz: Amonak be horixe gureko leuke…

 

miren: Baina ze ote dakizu zuk berak zer nahiko lukeen!

 

kontxaren mamua: Neuk esan dutset.

 

egoitz: Berak esan dust.

 

miren: Egoitz!!! Ez hasi berriro lerdokeria horrekin, ze hau ja paranoia bastante inportantea da, e!

 

kontxaren mamua: Lehen hobeto jausten jatean…

 

egoitz: Ez die lerdokeixak, Miren, egixa da!

 

kontxaren mamua: Apur bat txulie dok.

 

miren: Nola izango da egia?

 

kontxaren mamua: Ba, egixe dalako!

 

miren: Zure amona hilda dago!

 

kontxaren mamua: Eta hori be egixa da!

 

egoitz: Bueno, isilddu zaittezie bixok!!! Joder!!!

 

(Sekulako isiltasuna egingo da bat-batean. kontxaren mamuak ere harrituta begiratuko dio egoitzi.)

 

miren: Bixok? Bixok? (Bere onetik aterata, miren pauso sendoz kontxaren mamua dagoen lekura hurbilduko da baina kontxaren mamua era berean urrundu egingo da miren joan den lekutik) Ui! Kaixo, Kontxa, zer moduz? Bi muxu! Ego, hor ez dago inor!!!!

 

egoitz: Es que mobiru egin da!

 

miren: Agurtu-edo egin behar dut?

 

egoitz: Ba, ez dakitt!

 

miren: Kaixo, Kontxa!

 

(kontxaren mamuak popatik joateko keinua egingo dio mireni. egoitzi ere barrea aterako zaio.)

 

miren: Ez dauka graziarik, Ego…

 

egoitz: Bai, bai, badakitt…

 

miren: Badakit gauza hauek denbora behar dutela, baina zure aldetik ere ahalegin txiki bat egin behar duzu. Zure amona zen, 89 urte zituen, eta joder!!! Tokatu egiten zitzaion joatea.

 

egoitz: Eta ze gure dozu esatia ikusi egitten badot?

 

miren (arnasa hartuz): Bale, aber, Ego… Amona ikusten duzula esaten baduzu, nik sinistuko dizut. Baina zu kontziente zara ez dela oso… ez dakit ba… erreala, ezta?

 

egoitz: Bai.

 

miren: Zergatik uste duzu, orduan, ikusten duzula?

 

egoitz: Eta nik zer dakitt!

 

miren: Noiztik ikusten duzu?

 

egoitz (urduri, zutituz): Ez dakitt, Miren, ez dakitt… Mobida honekin hasi gitzenetik edo…

 

miren (zalantzaz begiratzen dio): Ego, zuri amonaren istorio sekretu hau, Parisekoa… Mitxelena… eta… (Esateko modua bilatuz) Ondo…? Osea… zer.... Zer sentiarazten dizu?

 

egoitz: Zela zer sentiarazten dusten? (Isilune laburra) Ba, bueno… Arrarua da zure amona kabaret bateko abeslarixa izan zala jakittia eta, urtietara ondiokan, bere gaztetako maitale bat gogoratzen ibili dala jakittia.

 

miren: Zergatik?

 

egoitz: Joder, Miren! Nire amona zalako!

 

miren: Eta?

 

egoitz: Zer sentiruten nauen galdetu dustezu, ezta? Ba, horixe! (Isilik geratzen dira une batez) Eta batzuetan sentiruten dot bere bizitzako zati txiki bat baino ez nazela izan…

 

miren: Voilà! Hortxe daukazu!

 

egoitz: Zer?

 

miren: Hori! Jakina zati txiki bat izan zarela, baina oso garrantzitsua… (egoitzek ez du ezer esaten) Amonak urteetara Mitxel oroimenean mantendu du bere bizitzako parte izan delako, baina horrek ez du esan nahi behar bezala agurtu ez zuenik. Maite ditugunak bizirik mantentzeko modu polita da, beraiez gogoratzea. Baina, hortik hilda dagoen norbait ikusi edo berarekin hitz egitera, jode, Ego…

 

kontxaren mamua: Hara! Oin arte isilik egon nok, baina…

 

egoitz: Isilik?

 

(mirenek burua jiratuko dio egoitzi berari begiratu diezaion.)

 

kontxaren mamua (burua bere aldera jiratuz egoitzi): Ezin juat gehixau. Arrazoia jaukek. (mirenek alde egiten du muturtuta) Nire ordua aillegau zuan. Heuri toketan jak oin hemen geratu eta aurrera egittia. Nik be holaxe egin naixuan. Eta ez Mitxelekin bakarrik… behin baino gehixautan. Tio Juantxokin eta hire aittonakin eta nire ama eta aitttakin. Eta hik be beste jente asko agurtu biherko dok. Eta heu be agurtuko hau bateren batek…

 

egoitz: Bai, arrazoie daukutzu, amona.

 

(Amorruz, mirenek kolpe batzuk ematen ditu tokadorean.)

 

miren: Ego! Zure amonak gurekin geratu behar badu, alokairuaren erdia gutxienez berak ordaindu beharko du, ezta? (egoitzi barrea ateratzen zaio) Ez dauka graziarik!!! Amonarekin daukazun zilbor hestea hautsi egin behar duzu! Agian esan nahiko zenizkiokeen gauza asko esan gabe geratuko ziren… Baina egia bada antzoki honetan dagoela, bueno, Cola Cao pote batean egoteaz aparte, oraintxe da momentua.

 

egoitz: Bai, Miren… arrazoia daukotzu.

 

miren: Zure amona beti egongo da zurekin. (Burua, bihotza eta sabela ukituz hurrenez hurren) Hemen, hemen eta hemen… baina agurtu ezazu!

 

(egoitz jiratu eta, Cola Cao potea eskuan, kaxa gainean jarriko da. Zer esan ez dakiela begiratzen dio poteari. Halako batean, kontxaren mamua “Loa, loa” abesten hasten da. egoitzek kantuan jarraitzen dio tartetxo batez, baina hizketan hasten da berehala.)