Bazterreko ahotsak
Bazterreko ahotsak
Miren Tirapu Goikoetxea
Azaleko irudia: Araiz Mesanza Iturritxa
Diseinua : Metrokoadroka
2019, antzerkia
86 orrialde
978-84-17051-37-2
Miren Tirapu Goikoetxea
1981, Iruņea
 
Bazterreko ahotsak
Miren Tirapu Goikoetxea
Azaleko irudia: Araiz Mesanza Iturritxa
Diseinua : Metrokoadroka
2019, antzerkia
86 orrialde
978-84-17051-37-2
aurkibidea
 

 

Miren Tirapurekin elkarrizketa

 

ehaze

 

      Miren Tirapu Goikoetxeak (Iruņea, 1981) Euskal Herritik at eman zituen antzerkigintzan lehen urratsak. Bueltakoan zirrara eragin zion antzerki mugimendu bat topatu zuen, euskara hutsez mintzo zen taldeen olatu bat. Hainbat konpainiarekin lan egin ostean 2016an berea sortu zuen, Beheko Larraine. Ordutik bi antzezlan estreinatu ditu, liburu honetan datozen Atte hil aurretik eta Manifestu bat, eta haurrentzako hirugarren bat du bidean. Beheko Larrainek euskara hutsez egiten du lan, beraz, bere belaunaldiko beste hainbat konpainiak bezala. Hautu horri buruz, traba profesionalei buruz, lengoaia eta estetika propio bat topatzeari buruz mintzatu gara elkarrizketa honetan, Leitzako terraza batean, uztaileko eguzkipean.

 

      Publikoari gorroto (Artedrama-Huts teatroa, 2012) antzezlanarekin ezagutu zintugun aktore, euskal publiko gisa. Iņaki Ziarrustak eta zuk paper txiki baina potenteak zenituzten lan hartan. Hamlet-en (Artedrama-Dejabu-lptdp, 2013) ikusi zintugun ondoren. Sortzaile gisa Beheko Larraine konpainia sortu eta Atte hil aurretik lehen lanarekin topatu zintugun ostera oholtzan. Lan hauek baino lehen non egon da Miren Tirapu Goikoetxea, zer nolako ibilbidea egin duzu zure konpainia sortu arte?

      Nik txikitatik oso argi nuen antzerkia ikasi nahi nuela. Ikastolako ikasketak amaitu eta Londresera joan nintzen ingelesa ikastera, han dirua lortu eta ondoren Basauriko Antzerki Eskolara joan nintzen. Bertan Ander Lipus ezagutu nuen, nire irakaslea izan baitzen, baina etb etorri eta Basauriko eskola itxi egin behar zutela esan ziguten. Kanporatu egin gintuzten, ikasturtea amaitu genuen baina karrera ez ordea. Hortik Bartzelonara joan nintzen Zinema ikastera. Ikasketak bukatu, film labur batzuk egin, eta antzerkian murgildu nintzen Peter Gadish eta Maria Stoyanovaren eskutik. Beraiek performance eta antzerki ikerketa oso fisikoa egiten zuten. Haiekin lanean hasi nintzen, eta horrela pasatu ziren urteak.

      Basauriko eskolan ezagutu nuen Zuriņe klase kidea. Lagunak egin ginen eta bere harremanen sareetatik Lipus topatu nuen berriro, Bartzelonako euskal etxean, Ander Lipus & Karabana antzezten. Hitz egiten egon ginen, nik banuen pentsatua Euskal Herrira bueltatzea eta berak Aulestiko adel topaketak antolatzen zituztela aipatu zidan, agian irakasle joan nintekeela bertara.

 

      Zer topatu zenuen Aulestiko adelen?

      Ikaragarri gustatu zitzaidan bertan topatu nuena. Ordura arte antzerkia Euskal Herrian umeentzat bakarrik egina nuen, Kataluniatik etortzen ginen ekoiztetxe batekin eta umeentzat emanaldi masifikatuak egiten genituen. Aulestin ezagutu nituen Miren Gaztaņaga, Dejabu, Artedramako jendea...

 

      Asko mugitzen diren pertsonak guztiak, azken urteetan proiektu asko kudeatu dituztenak. Ze inpresio eduki zenuen, Kataluniatik zentozen heinean, nola ikusi zenuen euskal teatroa? Gabezia handiak topatu zenituen, ilusionatu zintuen topatu zenuen mugimenduak?

      Bai, sekulako ilusioa sentitu nuen. Pentsa, Euskal Herrira nentorren inolako esperantzarik gabe, berez Argentinara joan behar nintzen urtebete pasatzera, nire intentzioa ez zen bertan geratzea. Bat-batean Aulestira heldu nintzen, eta ezustean sekulako babesa sentitu nuen, proiektuak kateatu egin zitzaizkidan bata bestearen atzetik... Uste dut zortekoa izan naizela zentzu horretan, ia ohartu gabe iritsi naizelako nahi nuen lekura. Bertara heldu eta beste sare batekin egin izan banu topo, beste konpainia mota batzuekin, segur aski inpresioa oso bestelakoa izango zen. Nire sentsazioa izan zen borroka bat zegoela teatro mota baten atzean. Hortik hasi nintzen Atte hil aurretik idazten edo gorpuzten.

 

      Aulestin sartu omen zinen mundu horretara beraz...

      Han proposatu zidaten Joseba Sarrionandiaren testuetatik abiatutako Idazlea zeu zara emanaldian parte hartzea, eta horren harira ezagutu nuen Iparraldeko antzerki sistema: egonaldiak, lan baldintza onak... hori niretzat deskubrimendu bat izan zen. Proiektu horretan lanean genbiltzala Manex Fuchs ezagutu nuen. Entsegu bat ikustera etorri zen, eta horren harira Publikoari gorroto antzezlanean parte hartzea proposatu zidaten. Proiektu horretan beste hainbat jende ezagutu nuen: Iņaki Ziarrusta, Ximun Fuchs... Hurrengo urratsa Hamlet izan zen, lantalde berarekin.

 

      Hamlet-ekin berriz, zure buelta erraztu zuen tirada bukatu zen.

      Bai, Hamlet eta gero nire esku zegoen aurrera jarraitzea ala ez, eta nola. Probatu egin nahi nuen, jakiteko non nengoen sortzaile gisa. Erronka potente bat bezala hartu nuen: “Bakarrik nago Lekunberrin, zeini proposatu ahal diot zerbait lanerako?”. Proiektu batekin lanean hastea erabaki nuen, ikusteko horrek sortzaile gisa non jartzen ninduen.

 

 

Lehenengo bulkada:
Atte hil aurretik,
estetika propio baten bilaketa

 

      Nola etorri zen Atte hil aurretik obraren ideia?

      Justu momentu horretan nire amona oso gaizki zegoen. Amona niretzat erreferente bat izan da bizitza honetan, eta horren harira hasi nintzen nire familian ikertzen. Nire lehenbiziko lanak zerbait pertsonala izan behar zuen, hori argi nuen. Hori ikasten da denborarekin, pertsonaletik abiatu behar duzula zure lengoaia edo zure bide propioa topatzeko. Horrela ulertzen dut nik, behintzat. Hori izan nuen lehenengo lanean ardatz, beraz: zer eragin eduki duen nire amonak niregan, lehen amonarena zen eta orain ni bizi naizen baserria nondik heldu den, zer suposatzen duen baserri horretan bizitzeak, zer lotura sortzen didan familiarekin, arbasoekin... Hortik hasi nintzen materiala ateratzen eta idazten. Asko interesatzen zait hori: iraganak guregan duen eragina ikertzea.

 

      Aipatu duzu iraganak guregan daukan eragina interesatzen zaizula. Kuriosoa da, esan liteke Euskal Herrian azken urteetan sortu diren antzezlan askok badutela zerbait komunean, atzera begiratzeko behar bat. Francoren bilobari gutuna, Arrastoak, Gure bide galduak, Hau da nire ametsen kolorea, Mami Lebrun, Miss Karaoke... Hor badira lan batzuk jarri direnak aurreko belaunaldiei begira, ikusiz zer jaso dugun, non gauden aurrekoekiko. Belaunaldi kontua izan daiteke, adinaren kontua agian?

      Agian atzera begiratzeko garaia da. Aldaketa sozial eta politiko dezente gertatzen ari da. Denbora bat ere behar da aldaketa horiek ematen direnetik lurrera jaisteko, atzera begiratzeko eta ikusteko zer-nondik etorri zaigun. Agian badagoelako behar bat ere hori dena gainetik kentzeko; ulertu nahiak horri erantzun diezaioke baita ere. Zergatik dauzkagu orain behar hauek, edo gabezia hauek? Nondik etortzen zaigu guri orain honi buruz hitz egiteko indarra edo gogoa? Azkenean gaur garena edo daukaguna atzetik dator, aurrekoen ibilbide baten ondorio da. Orain gu hemen egotea zerbaiten ondorio da. Gaur egun niretzat hori da interesantea, azterketa bat egitea horren inguruan, ikusteko zer garen, nor garen, nolakoak izan gaitezkeen... Beste gai batzuk ere landu daitezke, noski, sinpleagoak, arinagoak, baina niri horiek ez zaizkit hainbeste interesatzen. Aukera bezala bai, entretenimendu bezala bai, baina ikerketa bat egiteko uste dut barrenera jo behar dugula.

 

      Zein izan zen Maika Etxekoparren papera Atte hil aurretik lanean?

      Bidelagun totala izan zen. Atte hil aurretik-en lanean hasi nintzenetik kanpo begirada baten bila aritu nintzen. Ate batzuk jo nituen baina ez nuen inor lortzen, beraz, bakarrik entseatzen hasi nintzen Irurtzungo aretoan. Egun batean Maika etorri zen bi egun pasatzera, nire etxean egotera... eta ideiak ateratzen hasi ginen, proiektuan guztiz murgildu zen arte. Gerora Atx Teatroko Iņaki Ziarrusta ere batu zitzaigun lantaldera, teknikari gisa.

      Atte hil aurretik oso proiektu pertsonala zen niretzat, hori dela eta ez nion zuzendaritza osorik eman nahi inori. Autobiografikoa izaten hasi zen, gero estrategia aldatu eta fikzioaren bidea hartu nuen gehiago. Funtsean, obra honekin jakin nahi nuen zein zen nire lengoaia eszenan. Atte hil aurretik biren arteko zuzendaritza izan zen, beraz, baina azkenean pisu dezente hartu zuen Maikaren kanpo begiradak, eta berak beste estilo bat dauka. Bere lana ezinbestekoa izan zen antzezlana sortzeko eta aurrera ateratzeko, oso pozik nago zentzu horretan, baina gerora ohartu naiz Manifestu baten beste gordinkeria mota bat lortu dudala, asko gustatzen zaidana.

 

      Lehen lanarekin konpainia ere jaio zen: Beheko Larraine. Zer esan nahi du?

      Antropologia ikasten ari nintzenean hasi nintzen horrelako gauzetan gehiago fijatzen. Nire etxeak, nire amonaren baserriak, goian larrain bat dauka eta behean beste bat. Goiko larraina itxita dago, hortik etxera sartzen ziren etxekoak, jauntxoak, bisitak... Beheko larrainak ukuilura ematen zuen, harategira, bezeroak eta maizterrak hortik sartzen ziren etxera, beste maila bateko jendeak erabiltzen zuen sarrera hori. Niri istorio handiak baino gehiago istorio txikiak interesatzen zaizkit, herritarren istorioak. Hortik abiatuta pentsatu nuen horrelako pertsonaiei erreparatu behar niela, beheko larrainetik sartzen direnei, horiei eman nahi diet ahotsa. Haienak izango dira konpainia gisa oholtzaratuko ditudan istorioak, beheko larraina erabiliko luketen pertsonaiei eskainia.

 

      Lehen aipatu duzu gordinkeria, zure pertsonaiek asko dute hortik, oso “artaudianoak” izan daitezke: badute iluntasun bat, hala gaietan nola formetan.

      Bai, hori gustatzen zait. Niretzat gauza horiek oso ederrak eta esanguratsuak dira. “Politak” bezala hartzen ditugun gauzak ez zaizkit hain interesanteak iruditzen, iluntasuna berriz betidanik asko gustatu zait. Umorea ere badago nire lanetan, baina oinarrizko bulkada bai izan daiteke sozialki “eder” izendatua dagoen horretatik kanpo ateratzeko nahia, forma horiekin hausteko modua bilatzea, gure begiek batzuetan ikusi nahi ez duten horretan edertasuna bilatzea.

 

      Zurea oso estetika teatrala da, Tadeusz Kantor ere etor daiteke gogora: egurraren erabilera, objektu zaharren bigarren bizitza, pertsonaien panpinatasuna, heriotza eta memoriaren gaia... Garai bateko Antzerkiola Imaginarioaren pertsonaiek ere bazuten hortik zerbait, aspaldi zen euskal teatroan ez genuela horrelako pertsonaiarik ikusten.

      Horrelako estetikak asko gustatzen zaizkit. Gogoratzen naiz Grotowski institutuan ikasten aritu nintzela eta Kantorren bideo batzuk erakutsi zizkigutela. Flipatu egin nuen. Hori gustatzen zait, hori da barrunbeak mugitzen dizkidan gordintasuna: ohituta ez gauden gauzak ikustea, bortitzak ere izan daitezkeenak. Zikinkeria gustatzen zait. Ez dakit ideal hori lortu dudan, baina norabide horretan bila ari naiz.

 

 

Bultzada eta elkarlana:
zu-bi deialdia

 

      Lehen proiektu hau prestatzen zenbiltzala, zu-bi deialdia irabazi zenuen. Bultzada handia izan zen?

      Bai, sekulakoa, eta baita erronka handi bat ere. Pentsatu nuen: “Proiektua egin ahal izango dut, eta horrela jakingo dut benetan non nagoen, lan honetarako prestatu ahal izango naiz”. Sekulako esperientzia izan zen. Erronka gehiagora joan zen sentitu nuenean polita izan zitekeela nik neuk pertsonaia bat baino gehiago egitea oholtza gainean: nola defendatu hori, zein mailatan jartzen ninduen horrek aktore bezala. Gutxinaka teatroan gordintasuna geroz eta gehiago gustatzen zaidala deskubritzen joan naiz, emanaldian zehar publikoari teatroa dela agerian uztea, fokuak hor agerian egotea, publikoak aktoreen arropa aldaketak ikustea... Hamlet-en ere hori egiten genuen, aldaketak eszena batetik bestera oso agerian zeuden, eta hori asko gustatzen zitzaidan. Publikoak ez baditu gauza horiek kontuan hartzen esan nahi du beste guztiak harrapatu egin duela.

 

      Zer nolako garrantzia izan zuen zuretzat, beraz, zu-bi deialdiak? Hor planteatzen dena da, dirulaguntzak handitzea baino gehiago, dagoena beste era batera kudeatzea, beste balio batzuen arabera.

      zu-biko egiturek zure lana aurrera atera ahal izateko aukera ematen dizute, zentzu guztietan, sorkuntzan eta produkzioan. Hasieran Artedramarekin ailegatu eta lanean hasi nintzenean baldintza onak eskaini zizkidaten, kontratatua nengoen, emanaldiak nituen. Baina horren atzetik zegoen lan guztia ez nuen ezagutzen, zer dimentsio har dezakeen antzezlan batek produkzio mailan. zu-biren bitartez ikasi dut zer den hori, nire gain hartu behar izan dudanean guztia. zu-bik ematen dizu aukera bira bat egiteko, antzokiz antzoki ibiliz martxa minimo bat hartzeko. Horrekin batera egonaldiak egiteko aukera, azpiegiturak zure esku jartzea, administrazio mailan babesa, aurrekontu bat aurkezten laguntzen dizute, aholkularitza eskaini... Niretzat hori guztia asko izan zen.

 

      Horretan zabiltzate sortzaileak herren agian? Sormenean berean baino gehiago produkzioan, salmentan, bulego aholkularitzan behar duzue laguntza?

      Bai, niretzat okerrena hori da, sortutakoa mugitzea. Ez dagoelako zure esku, beste batzuen esku baizik. Hor azaleratzen dira muga gehienak: dirua badaukazun, izena badaukazun, batzuei zure proiektuaren nolakotasuna salgarria iruditzen zaien... hori guztia baloratzea beste batzuen esku dago, eta ez zurean. Kondizionante asko daude zure proiektuak aurrera egiteko ala ez, eta eskapatu egiten zaizkizu eskuetatik. zu-bik behar horiei zuzenean erreparatzen zien. Entseatzeko lekua ere eskura jartzen zizuten, haiek lotzen zituztelako egonaldiak. Trabarik handiena dirua da, duintasun batekin mantendu ahal izatea profesio honetan. zu-bik posible egiten du zure lana duintasunez aurrera atera ahal izatea.

 

      zu-bi eta geroko hurrengo lanean sumatuko zenuen laguntzaren hutsunea, hain zuzen ere.

      Diru aldetik tira, Atte hil aurretik-ekin poltsa txiki bat egin ahal izan nuen, eta horrekin tiratu nuen produkzio berrian. Manifestu bat lana zu-bi atzetik egon gabe estreinatuta, ezin izan naiz hasi lanean baldintza minimo batzuk lotuta. Programatzaileek hori ikusten dute eta ez diote pisu berdina ematen zure lanari. Hau da, dosierra aurkezten duzunean eta bertan hamar emanaldi lotuta dituzula azaltzen denean, eta zu-bik babestua dela jartzen duenean, horrek beste ate batzuk zabaltzen dizkizu, sinesgarritasun bat ere ematen dizu. Manifestu batekin ez da hori pasatu. Gainera monologo bat da, eta oso zaila da monologoak mugitzea, leku txikietan egiten direlako eta leku txikietan ez dagoelako dirurik. Babesik gabeko lan bat izan daiteke monologoarena, baina aldi berean asko gustatzen zait.

 

 

Bigarren bulkada:
Manifestu bat,
gordinkeriaren teatroa

 

      Orain nolabaiteko spin-off bat egin duzu Manifestu batekin: Atte hil aurretik laneko Tomas pertsonaiak bizitza propio eta luzeago bat eskatu zizun, obra propio bat sortzeraino. Hitz egiten hasi zitzaizun pertsonaia, eskean?

      Bai, guztiz! Atte hil aurretik sortzerakoan hau izan zen azaleratu zen azken pertsonaia. Banekien hirugarren gorpuzkera bat behar zuela antzezlanak. Niregandik oso urrun zegoen zerbait izan behar zen, baina ez nuen topatzen. Halako batean joan nintzen Ahetzeko merkatura, eta han frak bat topatu nuen, merke. Momentuan inoiz zeozertarako erabiliko nuela pentsatu nuen. Ondoren okurritu zitzaidan akaso bilatzen ari nintzen pertsonaiaren abiapuntua izan zitekeela: agian pertsonaia hau bere heriotzarekin obsesionatua dago, txukun hiltzearekin kezkatua. Etxera joan nintzen, santu bat zuen postal bat topatu nuen, ondoren beste merkadillo batean betaurreko arraro batzuk... eta horrela jaio zen Tomas. Pertsonaia horrek zituen pentsamenduak nik ere banituen nolabait ere, baina ez nekien zer nolako maskaratan sartu. Antzezterakoan pertsonaia horrekin ikaragarri gozatzen nuen, askatasuna ematen zidan oholtza gainean, antzezlanean soilik tarteka ateratzen bazen ere.

      Bukatu zen Atte hil aurretik eta Atarrabiatik deitu ninduten hogei minutuko pieza txiki bat aurkezteko, baina une horretan ez neukan ezer. Pertsonaia hau hartu eta hara eraman nuen. Oso ongi funtzionatu zuen, orduan konturatu nintzen ez ninduela abandonatu nahi oraindik. Tomasekin inprobisatzea oso erraza egiten zait, gorpuzkera hain ondo ulertu nion hasieratik... Gainera, ez nuen erreferente batetik sortu, goitik behera nire irudimenetik ateratakoa izan zen.

 

      Zu zara Manifestu bat lanaren egilea, ikusten ari garenez, baina testuaren idazlea Gaizka Sarasola da. Nola eman zen elkarlan hori?

      Dirulaguntza bat eman zidaten Nafarroako Gobernutik lan honetarako. Oso denbora gutxian aurkeztu beharra nuen lana, dirulaguntza jaso ahal izateko. Bi hilabete eskas neuzkan, oso kolpean etorri zitzaidan dena. Ezin nuen hainbeste denbora hartu idazteko, beraz, idazle bat behar nuen. Nik planteatu egingo nizkion nire ideiak, zertaz hitz egin nahi dudan... Oso argi nuen antzezlana heriotzari buruzkoa izango zela, eta oso elementu gutxi erabili nahi nituela. Lanean hasterakoan etxean nengoen, bertan nituen objektuei begiratu eta pentsatu nuen: zer objektu erabil dezaket jolaserako, aukera gehien ematen didana? Mezedorarekin hasi nintzen jolasten eta pentsatu nuen, “hau izan daiteke”. Argitxo bat ere nahi nuen, Ahetzera joan eta lanparatxo bat topatu nuen, kable bat jarri eta hori izango zen oholtza gainean egongo zen guztia. Ondoren mezedorarekin eroso egon ez eta egurrezko kutxa bat lortu nuen haren ordez, bat batean iruditu zitzaidan hilkutxa modukoa izan zitekeela, eta lanean jarraitu nuen.

      Ainara Gurrutxagak egun batez aipatu zidan Gaizka Sarasola. Nik ez nuen ezagutzen eta orduan, kasualitatez, berak deitu zidan Lesakako “Keinu leihoak” antzerki zikloan Atte hil aurretik egiteko. Berak proposatutako datetan lan berri bat edukiko nuela esan nion, eta nahiago nuela hori egin, eta bide batez... momentu horretan bertan eskaini nion obra berri hori berak idaztea, bere harridurarako! Erleak, satorrak, beleak liburua irakurria nuen, tonua gustatu zitzaidan, absurdo puntu hori interesantea iruditu zitzaidan. Donezteben geratu ginen eta buruan neukana kontatu nion: erlijioa kritikatu nahi nuen, gure etxean, Nafarroan eta Euskal Herrian oro har kristautasunak daukan indarra ezbaian jarri, heriotzari buruz hitz egin... Atte hil aurretik-en ere heriotza presente zegoen, agian nire obsesioa da.

      Azkenean onartu egin zuen eta bi astetara lehenengo bertsioa bidali zidan. Ni bitartean nire ganbaran lanean aritu nintzen, inprobisazioak bakarka egiten, kasik egunero bidaltzen nion ideia berri bat gaixoari! Egunero irudi berriak ateratzen zitzaizkidan objektuekin jolasean, eta Gaizka guztia ordenatzen saiatzen zen. Hori izan zen tratua: ez zegoenez denbora askorik, egunez egun gauzatu zen prozesua nolabaiteko dialogo batean. Batzuetan erotu egin nuen, baina azkenean bidali zidan testua eta hor hasi zen lanketa definitiboa. Testuak berak inprobisaketarako oinarriak eman zizkidan hortik aurrera. Bakarrik nengoen Irurtzunen, tarteka Arkaitz, nire laguna, etortzen zen ispilu lana egitera, oso begirada kritikoarekin. Egia esan sekulako erronka izan zen.

 

      Aipatu dugu Manifestu bateko pertsonaia Atte hil aurretik laneko bat dela, baina hala ere, Manifestu bat testuan “Pertsonaia” gisa dator, bidean galdu egin du “Tomas” izendapena.

      Bai, Atte hil aurretik lanean Tomas gisa jaio zen pertsonaia, baina gerora lanean jarraitu nuenean beste zerbait eskatzen hasi zen. Pertsonaia kanpotik ikusita ebidentea zen oso maskulinoa zela, baina alde femeninoa ere bilatu nahi nion, eta erabateko transformazioa eman zen obraren bukaera aldera. Obraren amaieran pertsonaiaren tripak ateratzea nahi nuen, pertsonaiaren biluztasun osoa, eta hori bere alde femeninoa aterata lortu nuen. Horregatik erabaki nuen izenik ez jartzea, azken batean Manifestu bat ikusiko duen jende askok ez du Atte hil aurretik ikusi. Pertsonaiaren generoa ez zehaztea interesatu zitzaidan prozesuaren momentu batean, Tomas aurretik ezagutu dutenei pertsonaiaren beste alde bat ezagutzeko balioko die, pertsonaiaren alde femeninoa. Atte hil aurretik lanetik datorren heinean, lehen begi kolpean gizonezkoa-edo dela ikusten da, gero fraka kentzen du eta soinekoa ikusten zaio azpian, gero soinekoa kentzen du eta kamisoi bat dauka. Beraz izan daiteke alde maskulinoa eta femeninoa nahastuta dituen pertsonaia bat. Horregatik kendu nion “Tomas” izena, badakienak perfekto, besteak ez ditut baldintzatu nahi.

 

      Manifestu bat lanaren oholtzaratzeak badu beste berezitasun bat: pertsonaia bakarra den arren, bere hiru ahots ateratzen dituzu oholtzan, pertsonaia beraren hiru gorpuzkera. Nola eman da hirukoizte hori?

      Hiru ahotsen erabilera aukeratu nuen aktore bezala oholtza gainean jokatzeko, gozatzeko eta esperimentatzeko aukera izugarria zelako, erronka oso potente bat. Gorputzean ematen diren aldaketak ahots batetik bestera aldatzeko, asko gustatzen zitzaidan kanpotik ikus daitekeen eskizofrenia puntu hori. Niretzat Manifestu baten abiapuntu nagusietako bat ere bazen kontraesana, bakoitzak bere buruarekin dituen barne konbertsazio horiek. Nik behintzat pilo bat dauzkat, eta hori oholtzaratu nahi nuen: nola batzuetan oso konbentzitua nagoen zerbaitekin eta handik minutu batera kontrako argudioa eman dezakedan, buruaren eromena. Pertsonaiaren ahotsetako bat “Ego” da, kontzientzia, bigarrena “Alter ego”, eta hirugarrena “Armiarma” deitzen dudana, subkontzientea. “Armiarma” da gure barne ahots hori, gure ekintzetan ohartu gabe agintzen duena. Ahots hori animaliatasunarekin lotu nahi izan nuen, instintuarekin. Nire etxeko ganbaran inprobisazioak egiten nenbilen horretan armiarmaren irudia etorri zitzaidan, eta hortik abiatuta hirugarren ahots horren fisikotasuna bilatu nuen.

 

      Manifestu bat eta gero Tomas pertsonaia hil egin da, edo deika ari zaizu oraindik?

      (Kar-kar) Ez, ya está, eman diot nahi zuena. Asko gozatu dut. Horrelako pertsonaiak gustatzen zaizkit, hori ikasi dut berarekin. Pertsonaia oso estranbotikoak, arraroak, frikiak... Nik uste dut horien bitartez zintzoagoa izan naitekeela neure buruarekin.

 

      Zer esan nahi duzu horrekin?

      Barrenak hustea errazago egiten zait horrelako maskaretatik. Nolabaiteko “egiak” esateko edo astakeriak egiteko neure buruari baimen handiagoa ematen diot horrelako pertsonaia baten azaletik.

 

 

Aurrera begira

 

      Nola ikusten duzu zure burua hurrengo proiektuetan, nondik gustatuko litzaizuke ikertzen jarraitzea?

      Oraindik nabil nire lengoaia edo estiloaren bila. Agian oso goiz da Beheko Larraineren estiloa zein den esateko, baina oso pozik nago hala ere: konpainia 2016. urtearen bukaeran jaio zen eta dagoeneko bi produkzio egin ditu. Orain lanean jarraitu nahi dut, uste dut bide bat usaintzen dudala, aipatu dugun iluntasun eta gordintasun horren ildotik.

 

      Laboralki askotan entzun izan dizugu kezka lanbide honen prekarietateaz. Erronkak non ikusten dituzu konpainia eta sortzaile gisa maila horretan?

      Oso konplikatua da, neurri handi batean nire apustua euskaraz lan egitea delako. Nafarra izanda euskaraz soilik sortu nahi izatea soilik kristoren traba da, baina bide horretan jarraitu nahi dut. Kulturak ez dauka laguntza handirik, euskarazko antzerkiak emanaldiak ateratzea oso zaila dauka, orduan, nondik generatzen dut nik dirua hurrengo ekoizpen baterako? Lanbide hau ez dago dignifikatua, baina oraingoz, hemen nago. Beheko Larrainek euskaraz egingo ditu lan guztiak. Uste dut Nafarroan inportantea dela horrelako konpainiak egotea, eta publikoa kontsumitzera ere ohitu beharra dagoela. Gaur egun publikoak lan bat erdaraz ikusteko aukera baldin badu askotan erdarazkora jotzen du, eta ohitu behar dugu euskaraz ikustera. Kultura bat ez bada artistikoki garatzen mutilatu egiten da. Kultura ez bada bultzatzen, artea ez bada bultzatzen, euskal sorkuntza ez bada bultzatzen, kultura egunen batean hilko da, hizkuntza hilko da. Ez dakit zergatik, baina ardura hori hartu dut, nire ibilbidea euskaraz landu nahi dut. Gero Miren Tirapuri beste konpainia batek erdaraz lana eskaintzen badio egin egingo du, baina Beheko Larrainek ez.

 

      Era berean Beheko Larrainek euskara hutsez lan egiteak gogora ekartzen du hasieran aipatu duzun “habitat” hori, ezagutu zenuena Kataluniatik etorri zinenean. Belaunaldi baten parte handi batek euskara hutsez lan egitea erabaki du. Fase ezberdinetan eman da hori, Ander Lipusek pauso hori eman zuen Artedramarekin, Fuchs anaiek ere berriki eman dute pausu hori Axut sortuta, hainbat konpainia berri sortu dira azken urteetan soilik euskaraz lan egiten dutenak (Dejabu, Atx teatroa, Metrokoadroka, Xake, Kamikaz, Ttak teatroa... eta abar luze bat). Erabaki horretan agian ez zara hain bakarrik sentitzen?

      Bai, nik ikusi ditut beste batzuen erabakiak eta esan dut: nik ere horrela egin nahi dut. Eta bestetik, kulturaren ikuspegitik ere beharrezkoa dela ikusi dut. Euskal Herrian beti borrokatzen da: borrokatu dezakezu talde feminista batean, edo gizarte lan bat egin, edo jendarte honetan herria aurrera ateratzeko hainbat taldetan egon. Nik erabaki dut euskara bizirik mantentzea antzerkitik, eta niretzat hori oso inportantea da. Hori ikasi dut nik aipatu duzun jende horren bitartez, beraiek erakutsi didate oso gogorra dela baina posible dela.

 

      Liburu honetan euskara batuak nafarreratik hartu dituen formak lehenetsita argitaratu ditugu bi obrak, baina oholtza gainean leitzarrez antzezteko hautua egin duzu. Euskararen inguruko hautu bat, horretan ere. Zergatik leitzarrez?

      Esan bezala, nire erronka nagusia Beheko Larrainetik euskal antzerkia Nafarroatik bultzatzea da. Gobernuek kalte handiak egin dituzte hizkuntzarekin, Euskal Herri osoan, baina gainera Nafarroan horrek baditu zailtasun plus batzuk, euskaraz bizitzea, lan egitea eta sortzea zailtzen dutenak. Nafarroan ere ez da batua hitz egiten leku guztietan, jende askok euskalkia erabiltzen du, eta errealitate hori azaleratu nahi nuen. Lehen esan bezala Atte hil aurretik oso proiektu pertsonala izan zen, abiapuntua nire amona eta bere baserria izan ziren heinean nire amonak erabiltzen zuen euskalkia ere presente eduki nuen, Larraungo euskalkia, Leitzakotik nahiko gertu dagoena. Badaude hitz forma ezberdinak, baina nahiko gertu dago. Zergatik erabili dut, ordea, leitzarra? Idealena izango litzateke nire amonaren euskalkia erabiltzea, baina nire amona tamalez hil zen, gaur egun Larraungo euskara nahiko galduta dago, gazteek hitz egiten dutena oso urrun geratzen da garai batean hitz egiten zenetik. Leitzarra hartu nuen horregatik, oso polita iruditzen zaidalako, ez dagoelako Larraungotik urrun eta oso bizirik dagoen euskalki bat delako. Euskalki itxia erabiltzea ere ez dut egokia ikusten oholtza gainean —tira, zalantza handiak ditut— baina interesatzen zitzaidan publikoak istorioa ahalik eta gehien ulertzea, hitz solteren bat geratzen bada ulertzen ez dena ez da deus pasatzen, testuinguruaren edo gorputzaren bitartez uler daiteke, baina istorioa bera jarraitzea garrantzitsua da niretzat, eta zentzu horretan leitzarra oso ondo ulertzen da. Nafarroako euskalki bat erabiltzen dut oholtza gainean, azken batean kalean erabiltzen den euskara bat delako, eta apustu garrantzitsua iruditu zitzaidalako euskarari bizitza emateko.

 

      Hor egoteko garrantzitsua da elkar babestea, saretzea eta beste jende batekin aliantzak sortzea?

      Hala da, bai. Hor ikusten da bagaudela komunitate bat, borrokan jarraitzen dugunak eta elkar babesten dugunak. Bestela ezinezkoa da bakarka aurrera egitea, edo oso zaila behintzat. Ni neu momentu batzuetan indarrarekin sentitzen naiz jarraitzeko, beste batzuetan pentsatzen dut, zergatik erabaki dut hau, nondik etorri zait antzerkian lan egiteko hautu hau? Hemezortzi urterekin erabaki nuen antzerkira dedikatzea, eta hain naiz burugogorra! Kar-kar...! Batzuetan bai planteatzen dudala zein puntutaraino nahi dudan honekin jarraitu, ikusita hain gogorra dela. Zer pasatuko litzateke bertan behera utziko banu erronka hau? Zer gertatuko litzateke? Gaizki sentituko nintzateke neure buruarekin errenditzea bezala izango litzatekeelako? Edo benetan egon naiz lotuta txikitatik neukan ideia batera eta agian orain ez daukat halako gogorik? Lan egin dut kamarera, gero sartu nintzen antzerki mundura neure ametsa jarraituz. Orain trabak ikusten ditut, baina... zer egingo nuke bestela? Sorkuntzarekin zerikusia duen zerbaitetan jarraitu nahi dut seguru, baina... antzerkia egiten? Baietz uste dut, antzerkia utziz gero zeozer faltako litzaidakeela uste dut.