Autoa
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
Harry Crews
1935-2012
 
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
aurkibidea
 

 

12

 

        Medikua zur eta lur geratu zen. Agertokian zegoen, Herman eta Misterren trukeaz ezjakitun, haiek itzultzeko zain, kontu guzti harekin nazka-nazka eginda. Mozkinen partiketan ehuneko bia agindu izan ez baliote, sekula ez zatekeen emanaldietara inguratzeko prest egongo inondik ere. Azkenean, kontsulta-bulegoa lankide gazte baten esku utzita, onartu egin zuen bere izena Mr. Edge eta Hermani eskaini eta bertan geratzea. Inork ez zuen ardura hartu hari esateko, aurrerantzean izar galduaren ordez Misterrek jokatuko zuela.

        Orain gelan zeuden berriz ere, medikuak ezin gehiagoan lanean ziharduela. Misterri odola zerion ahotik, kokots eta papar zuri biluzitik behera.

        «Ez da larria,» esaten ari zen medikua, «ez da larria. Odola ez datorkio barnetik. Ahotik da dena eta eztarriko urraduretatik.»

        Mr. Edgek esku artean estutu zuen bere burua. «Larria, ez zera!» oihuka. «Eta nola arraio jan behar du autoa eztarria ebakita eta odoletan?»

        Denak zutik zeuden inguruan, medikuak Misterren eztarria nola kotoiz garbitzen zuen begira. Herman eta Margo ahots estuan xuxurlan eta elkar ferekatzen ari ziren bazter batean. Gertuago Mr. Edge eta Junell zeuden, Misterren aho barrua ikusteko ahaleginean.

        «Zergatik ez didazue ezer esan?» galdetu zuen medikuak.

        «Esan zer?» esan zuen Mr. Edgek.

        «Beste jale bat zenutela.»

        «Ustekabean harrapatu gaitu,» esan zuen Junellek. «Konturatu garenerako ez zen betarik handik hona denei esaten ibiltzeko.»

        «Ahoa eta eztarria olioztatu gabe gainera,» esan zuen medikuak.

        «Zer gertatu da zehazki?» erregutu zuen Mr. Edgek. «Zehazki zer gertatu da? Nik ez dut honetaz tutik ere ulertzen. Dakidan bakarra da nire hotel-aurrea lur jota daukadala, eta telebistarekin zipitzik ere balio ez duen kontratu bat, zergatik eta antzeztu nahi ez duen antzezle bat dudalako eta beste antzezle bat antzeztu ezin duena. Esango al dit inork zer gertatu den zehazki!» Medikua bidetik kendu zuen bultzada batez eta aulki batean eserita zegoen Misterri burutik heldu. Buruaren alde bakoitza estutu zion esku-barne lodi banaz tiraka ia aulkitik ateratzeraino, harik eta beren aurpegiak begiz-begi geratu ziren arte. «Zergatik zaude odoletan, madarikatu hori?»

        Medikuak, Mr. Edgeren famili medikua ere bazenak, gragea zuriekiko pote bat atera zuen maleta beltzetik. «Homer, hobe duzu hauetako batzuk hartzea.»

        Mr. Edgek hiruzpalau gragea kakahueteak balira bezala ahoratu, amorruz mastekatu eta urik gabe irentsi zituen. Gelako alde batetik bestera kopeta iluna jarri zion Hermani. «Ikusten anaiari zer egin diozun?»

        Hermanek sorbaldak jaso zituen lur jota bezala. «Gaztigatu nion,» esan zuen. «Gaztigatu nion.»

        «Hara bestea berriz,» esan zuen Mr. Edgek, «Zu ez zaude odoletan.» Atzamar dardartia luzatu zion Hermani. «Ez zaude odoletan eta ez duzu oinazerik, ez horregatik.»

        «Oinazea bai.»

        «Odoletan ez gero.»

        «Ez, odoletan ez.»

        «Ba begira berari!»

        Baina nolanahi ere Misterri begira zeuden denak. Hizketan ari ziren bitartean ere beragan jarrita zituzten begiak, han eserita, aurpegia gorrimindurik, eztarria haundituta zuela.

        «Berau bai dagoela odoletan,» errepikatu zuen Mr. Edgek. «Eta nik zergatia jakin nahi dut. Gizon honi zergatik odola darion? Hermanek ez zuen odoljariorik izan, zergatik Misterrek bai?»

        «Zergatia badakidala uste dut,» esan zuen medikuak. «Itxura batean, jaten saiatu arren, iraitzi egiten duen eztarriaren kasu arrunta da. Hori da nik uste dudana, dena den, Misterrek hitz egin ahal izan arte ez dugu ziur jakingo.» Medikuak ez zituen begiak altxatu mintzatu bitartean. Lanari lotuta jarraitu zuen Misterren aho eta eztarrian. Ia lortu zuen odoljarioa geldiaraztea.

        «Iraitzi egiten duen eztarriaren kasu arrunta... Zer arraio esan nahi du horrek?» itaundu zuen Mr. Edgek. «Zer esaten ari zara?»

        «Misterrek ez zuen zera jan nahi,» esan zuen medikuak.

        Arnas-nekean Misterri aurpegia gorritu eta gurgurotsa atera zitzaion bularretik.

        «Noski jan nahi zuela,» esan zuen Mr. Edgek.

        «Hitz egiterik balu,» esan zuen Junellek, «jan egin nahi zuela esango luke.»

        «Berak jan egin nahi zuen,» esan zuen medikuak, «baina ez zuen jan nahi, esan nahi dudana ulertzen badidazu.»

        «Ez dizut esan nahi duzuna ulertzen, zuk diozunak ez baitu ezer esan nahi,» esan zuen Mr. Edgek.

        «Eztarria hertsi egin zaio,» esan zuen medikuak, «iraizten saiatzean...»

        «Nik esango diet zer esan nahi duzun, mediku jauna,» esan zuen Margok. «Neuk azalduko diet.»

        Leiho ondoan zegoen Hermanekin eta harantz jiratu ziren denak berari begiratzeko. Misterrek berak, eztarria hanpatu eta gorriminduta ere, harengana luzatu zuen behakoa. Mister ohean etzanda zegoen. Arnasak ziztuka irteten zion ezpain ubel ertirekietatik.

        «Denok daukagu oka erreflexua,» esan zuen Margok.«Zeozer eztarrian barrura piska bat sartu eta oka egingo duzue, edonork egiten du oka, denok egiten dugu oka. Hau pentsatu gabe, nahi gabe gertatzen da, egin egiten dugu eta kitto. Horrexegatik deitzen zaio oka erreflexua. Ez da hala, mediku jauna?»

        «Hala da bai,» esan zuen. «Baina...»

        «Baina aditu piska batean,» esan zuen. «Badira puta batzuk oka erreflexurik ez dutenak.» Geldiunea egin zuen eta hari begira geratu ziren isilik. Junellen aurpegiko keinua ikusi eta sorbaldak jaso zituen. «Ni puta nauzue. Horrelako gauzetan badut eskarmentua. Puta batzuek ahoa ireki eta gizonei eztarrian ixurtzen uzten diete. Trikimailu polita da, baina ez dago ikasterik. Zakila eztarrian gura behar duzu. Gogotik gura behar, eta orduan erreflexuak berez funtzionatzeari uzten dio. Horrelako putak gutxi batzuk baino ez dira, ze, mundu guztiak dakienez, puta gehienek gorroto dioten txortan egiteari. Baina noiz edo behin agertzen da zakilak benetan gogoko dituen puta, eta horrek bai dastatzen duela zeru-lurren mama goxoa. Horrelako putak diru mordoa egin lezake bizpahiru urtetan. Espezialista lana da. Eta denok dugu espezialista lana gogoko. Baina zuek uste duzue horrelako puta batek aberasturik hartzen duela erretiroa? Ez noski. Azkenean diru hutsagatik egiten ez duelako, zakil gurariagatik baizik. Eta aurrerantzean ere segituko du bere eztarri hori zerbitzuan jartzen, zertxobait sartu nahi dion gizonik dagoen bitartean.»

        «Jesus, Maria ta Jose!» esan zuen medikuak.

        Margok hitz egin artean, Misterri sastaka eta okadaka ari zitzaion eztarria.

        Ahots mehean galde egin zuen Junellek, «Eta zuk egin... egiten duzu?»

        «Ez,» esan zuen Margok.«Ez dut egiten. Ezin dut.» Misterri begiratu zion. «Etaberak ere ezin du. Planta egiten ari da.» Ohera hurbildu eta Misterren begi zurrun, odolgorrituei begira geratu zen. «Ai ene putakume gizaixoa, ezin duk planta egin. Ez zegok planta egiterik.»

        Misterren eztarria dardarizoka ari zen, goralarriak hartuta, eta ahoa ireki zuenean, odoljario betean lehertu zitzaion hatsa, zipristinak Margoren aurpegira eta gelan zehar zabalduz. Medikuak maleta hartu eta lanari ekin zion Misterren eztarri odoltsuan. Mr. Edgek Margori sorbaldatik heldu eta ohetik kanpora bultza egin zion.

        «Ez egin kasurik,» oihu egin zuen Mr. Edgek. «Kasurik ez, Mister. Putaska bat baino ez da.» Ohe aldetik jiratu eta Margoren aurrez-aurre paratu zen. «Putaska bat baino ez zara,» esan zion, burutapena orduantxe otu balitzaio bezala. «Eta kalean zaude. Nik hartu eta hemen enplegatu zintudan eta horrela eskertzen didazu? Kalean zaude.»Ohera itzuli zen, eseri eta magalean hartu zuen Misterren burua. «Ez pentsa horretan, seme. Ez pentsa berak esandako ezertan.» Misterren belarrira xuxurlan hasi zitzaion, aldamenean medikuak ohol txiki batez mihia apaleraziz Misterren aho zabaldua aztertzen zuen bitartean. «Guk egingo dugu. Ez pentsa horretan. Elkarrekin egin dezakegu.»

        «Hik ere galdu dun lana, antza,» esan zuen Hermanek.

        Margok, leiho aldean haren ondoan, irribarre xumea kanporatu zuen. «Tira, lanak eta lanak zeudek. Puta izan edo andereño izan, berdin, herrialdeko edozein tokitan aurkituko duk lana. Beti zegok norbait hik egiten duanaren bila.»

        Mr. Edgek magaletik Misterren burua kontu handiz jaso eta eztiro eratzan zuen burkoaren gainean. Ohetik altxatu eta leiho ondoan Hermanengana hurreratu zen. «Oraindik ere zure anaia horrela uztekotan zaude?» zakar xuxurlatu zuen Hermanen belarrira.

        «Ni ez naiz inoiz berarekin egon,» esan zuen Hermanek.

        «Hil egingo da,» esan zuen Mr. Edgek.

        «Bai, auto hori jaten badu, bai,» esan zuen Hermanek. «Berari horixe esaten saiatu nintzen. Ezin zela hori egin konturatu nintzen. Ahal zela uste nuen, ahal izatea gura nuke —maite dut eta Maverick hori—, baina ezin da egin.»

        «Egin egin daiteke,» berretsi zuen Mr. Edgek. «Egin beharra dago, eta zuk egin dezakezu.»

        Hermanek arnasa sakon hartu eta leihotik begiratu zuen hiria lanbro-geruza lodi batek estaltzen zuen aldera. Orduan Mr. Edgegana berriro bueltatuz, «Ez dakit nola esan zuk ulertzeko moduan, baina saiatuko naiz. Saiatuko naiz behinik behin.»

        «Saiatu, ba,» esan zuen Mr. Edgek xeratsu, ustekabean ahots zoriontsuaz. «Banengoen ni elkarrekin konponduko ginela.»

        Hermanek hiri lanbrotsura begiratu zuen berriro. «Maite dut Maverick hori. Eta nik uste, honen biziki maite dudalako, ezin dudala jasan hark nigan halako mina ematerik. Zera esan nahi dut, mina jasan dezaket —nik uste mina jasan nezakeela, mina besterik ez balitz— baina ezin dut halako minik jasan maite dudan zerbaitetik.»

        Mr. Edgeri aurpegia gogortu zitzaion. «Gizon zentzuduna naiz. Zentzuzko edozein gauza ulertzeko prest nauzu. Baina zureak ez du batere zentzurik.»

        «Ez,» esan zuen Hermanek. «Banengoen ez zuela izango.»