6
Mr. Edgek garabi batez baliatuz eraitsi zuen Mavericka markagailutik; ondoren, autoa hoteleko atalondotik Hermanek jango zuen dantzareto zabalera sarrerazi baino lehen, lekuz aldatu behar izan zituen kristalorri biko ateak, hormigoizko bi zutarri eta lau leiho xafla lodizko.
«Eta gastu larri guztiok nire lepotik,» oihukatu zuen Mr. Edgek, «gastu larri guzti-guztiok.»
«Euli kaka baino ez da hori, nik baino hobeto dakizu euli kaka dena,» esan zuen Misterrek.
Mr. Edgeren bulego tipian zeuden, eta Mister diruaren kontuarekin hasi zitzaion. Lehenago Misterrek anaiari gai hau aipatu zionean, axolarik ez zuela esan zuen Hermanek. Misterrek erantzun zion nekez konprenitzen ahal zuela hura bezalako enpresa, baina dirua behintzat konpreni zezakeela —finantzak, bere hitzetan— eta finantzek bai axola zutela. Eta orain, Herman Maverickarekin dantzaretoan zegoela, Misterrek gogor egin zion Mr. Edgeri diruak gorabehera.
«Aberastu egingo zara, sasikume galant hori,» esan zion Misterrek Mr. Edgeri elkarrekiko teman, egiten ari zen guztia ondo egindako lanaren atsegin hutsez egiten ari zela somatuz.
«Agian bai, agian ez,» esan zuen Mr. Edgek ahots adeitsuz, ahots aitakorrez. «Horixe da koxka. Ez al duzu ikusten? Hau guzti hau espekulazio hutsa besterik ez da. Baliteke atorrarik gabe ere geratzea.»
«Eta hori,» galdetu zion Misterrek dantzaretotik zetorren berbaro aldera seinalatuz —han zegoen Herman lehen janaldirako prestakuntzan, jendaurrean aztertua izateko zain—, «hori entzun eta gero ere, atorra kolokan?»
«Ez gehiegi fio jendearekin,» esan zuen Mr. Edgek.
«Ez gehiegi fio, ez, horrexegatik nauzu hemen, Hermanek diru gehiago jaso ezean, tratua indargabeturik dagoela esateko.»
«Ezin duzu hori egin,» esan zuen Mr. Edgek, arnas estuka antzean baina irribartsu dena den. «Kontratu bat daukat. Auzipetu egingo zaituztet.»
«Auzipetu bada,» esan zuen Misterrek. «Baina zeu geratuko zara Maverickarekin eta berau jateko inor gabe.»
«Putakume halakoa.»
«Bai horixe,» esan zuen Misterrek.
«Zenbat nahi duzue?»
«Zenbatekorik ez. Kopuru zehatzik ez. Royalty bat nahi dugu, portzentaia bat.»
«Zenbateko portzentaia?»
«Zuk gastuak berdindu ondoren —horretarako eskubidea baduzu eta— ehuneko hogeitabosta nahi dugu denetik: dantzaretoko txartelak, Maverickaren errepliketatik ere ehuneko hogeitabosta, eta baita tratuari darraikiokeen edota gerora otu dakizukeen edozertatik ere.» Eskuak jaso zituen Mr. Edge isilarazteko, oihuka hasi behar zuela baitzirudien. «Eta gaurtik aurrera ez gehiago eman Hermani hirurehun dolar asteko saria. Bidezkoa da. Pixkatean pentsatuz gero, bidezkoa da. Hermanek jan ezin badu, jendea gogaitzen bada, ez dugu xentimorik irabaziko. Baina ni fio naiz Hermanekin, eta amerikar herriaz ere fio naiz.»
«Herman, berarekin beste inork hitz egin nahi izan ez zuenean, nigana etorri zen. Nik entzun egin nion eta egun berean hirurehun dolar asteko saria ematen hasi. Tratu bat egin genuen. Hau lapurreta hutsa da.»
Baina lurjota bezala esan zuen eta Misterrek sorbaldak jaso zituen, bere eskuetan zeukala oharturik.
«Negozio on bat eta balia zenezakeen mutil bat ikusi zenituen.» Eta irribarrez, «orain arauak ezartzen ari gara.»
Mr. Edge gogo txarrez zutitu zen. «Jakizu azken urratsera arte borrokatu dudala honetan, baina itxuraz denok etekina atera nahian zabiltzate. Gaur goizean telebistako garroekin egon naiz.»
«Telebistako garroak?» hitz honi malaria bezalako gaitz errepikari baten antza hartu zion Misterrek.
«NBCkoak. CBSkoak. ABCkoak.»
«Jesus mila bider, baina zertarako?»
«Nire bazkidea izan nahi baduzu, ez izan horren ergela,» esan zuen Mr. Edgek. «Zertarako uste duzu, ba, haren osasunaz galdetzeko? Anaia duzun horrentzat emanaldiak kostaldetik kostaldera nola tajutu, hortaz ari dira. Kateren bat edo beste hasi da dagoeneko itsasoz bestaldeko kideekin harremanetan.»
Bere ahur horiska potoloak arakatu zituen astiro. «Gertu gaude Herman satelite bidez Japoniara bidaltzeko.»
Ahoan listurik gabe nekez hitz egin zuen Misterrek. «Den-dena idatziz nahi dut. Kontratu bat —berria— idatzia, ikuskatua, izenpetua, zigilatua eta bihar goizerako eskura emana, edo bestela Hermanek ez du autoaren lehenengo puska ahoratuko.»
«Inoiz topatu dudan putakumerik lukurreroena zara,» esan zuen Mr. Edgek atsegintasunez, «dena den, zarena zarela, zure guztizko tentelkeriak nola-halako xarma ematen dizu.»
«Zuhur ez bazabiltza, egunen batean ipurdiaz ezin ordaindu eta ahoaz idatzi beharko didazu txekea.»
«Kontxo,» esan zuen Mr. Edgek, «eskerrak beti zuhur ibiltzen naizen. Goazen ikuskaria martxan jartzera.»
«Bai, bada garaia,» esan zuen Misterrek.
Hegoekialdeko dantzaretorik haundiena zen Floridako Jacksonville hiriko Sherman Hoteleko dantzaretoa eta bereziki gertatua zuten Herman eta Maverickarentzat. HERMAN ETA MAVERICKA, horrelakoa zen ikuskariaren iragarkia. Eginak zituzten HERMAN ETA MAVERICKA zioten eranskailuak. Iragarkia hiriko telebistan pasatzen hasi zenean, hiru hitzok baino ez ziren azaltzen pantailako hutsunean. Mr. Edgek orrialde bete bana hartua zuen bai Floridako Times-Unionen bai Miamiko Heralden bai Saint Petersburgeko Timesen bai Atlantako Journal-Constitutionen bai eta hegoaldeko beste dozenerdi egunkaritan ere.
Egunkari bakoitzean HERMAN ETA MAVERICKA hitz bakar itzelok betetzen zuten orrialde osoa. Ordurako gertakizunaren berri zeukatenei esaldiak zantzu lazgarria pizten zien bihotzean. Haren berri ez zeukatenei jakinmin itsu batek zebilkien barrena. Publizista baten ametsa zen.
Dantzaretoan hartarako egindako prestakuntzak agertoki txiki karratu baten tankera hartu zuen, areto erdian eraikia eta lau aldeetan jarleku-mailadiak. Egunean bi agerraldi egitekotan zeuden. Jan, arratseko seietan egingo zuen Hermanek, eta libratu, goizeko bederatzi t'erdietan —ordubete goizago edo beranduago libraldirako—.
Den-dena zuzenean eta agertokian egingo zen. Marru izpirik ez inondik ere. Agertokiaren inguru-bira osoan, sabaian eutsita, errail-barra bat zegoen, eta bertatik eskegita antzez-oihal zuri bat, behin zabalduz gero, Herman eta Mavericka mailadietan zeuden ikusleengandik erabat bakartuko zituena. Orain oihala zabalduta zegoela, Mr. Edge eta Misterrek aurrera egin zuten jendez betetako aretoan barrena, non mutil koskorrak jendetzaren artean egitarauak eta Herman eta Maverickaren argazkitxo izenpetuak saltzen ari ziren; samaldaka eta erdiprezioan sartu ziren, dolar t'erdi bakoitzak, medikuak Herman aztertzen ikusteko, Mavericka gertu-gertutik behatzeko, eta zuzendaritzak biziki interesgarritzat iragarri zuen oharra entzuteko.
Mr. Edge oso antolatzaile ona zen, oihal atzetik zetorren anabasari kontu eginda bestela ematen bazuen ere. Hara iritsiz gero, Mr. Edge eta Misterrek minutu pare bat edo behar izan zuten Herman aurkitzeko. Autoaren atzeko esertokian eserita topatu zuten azkenean. Margo zegoen berarekin.
«Zer egiten duzu zuk hemen?» galdetu zuen Mr. Edgek.
«Nirekin dago,» esan zuen Hermanek. «Uztazu bakean.»
Margok Hermanen besoan jarri zuen eskua. «Laztana, nik ere Mr. Edgerentzat lan egiten dut,» esan zuen. «Hemen nahi ez banau, hobe dut aldegitea.»
Mr. Edgek esku-ahur potoloak altxatu zituen, irribartsu. «Hermanek hemen nahi bazaitu, hemen nahi zaitut neuk ere.»
«Dagoen tokian nahi dut,» esan zuen Hermanek.
Mr. Edge Maverickaren leihoaren kontra zutik hizketan ari zen. Zuzen jarri eta ahapeka esan zuen, «Itxuraz kristo guztia bildu da hona eta, zergatik ez hoteleko puta ere?»
Maverickaren aurreko txoketakoaren alboan, soldatzaile bat, azetilenontzi baten ondoan makurtuta, soplete bat piztu eta piztu ari zen, berak nahi bezala erregulatu ezinik, antza. Bere aldamenean uzkurtuta suhiltzaile bat, uniformez, urreantzeko txapa bat kapelan. Aulkitxo batean eserita, medikua, Jacksonvillen barne-medikuntzan arrunt ezaguna, maleta beltza magalean zuela. Junell eta Easy Mack oihalaren inguruan zeuden. Easy, traje beltz eta gorbata beltzez jantzia, behin eta behin bueltaka ari zen oihalaren zirritu batetik ikusleei kirika. Junellek soineko zuria zeraman, txori beltz batez loturik bizkar aldean. Argi eta garbi esan zion Mr. Edgek, soineko bat erosteko edo bestela jaira ez etortzeko.
«Larruki horiek irudiaren kalterako dira,» azaldu zion Mr. Edgek. «Prentsakoak saldoka etorriko zaizkigu eta.»
Eta bai saldoka agertu ere, Mr. Edgek jarrerazi ahal zituenak baino gehiago. Baina harro argitu zuenez, jadanik ez zuten publizitate gehiago erosten ibili beharko. Aurrerantzean, martxa librean jokatuko zen. Baina martxa libreak, oihal atzean hamaika erreportari jasan behar izatea esan nahi zuen, Mr. Edgerekin egindako hitzarmen berezi baten bidez sartzen uztea, gehi hiru argazkilari geldian eta hiru irrati berriemaile. Eta gizaseme haiez gain, Mr. Edgek kameragizon batekin kontratua sinatu zuen, saioen grabaketa pertsonala filma ziezaion, noizbait aurrikusi gabeko abaguneren bat agertzekotan.
Gainerakoan, jagoleak zeuden. Oihal atzean baziren Pinkerton Agentziako hiru detektibe paisanoz jantziak. Jendetza erreskan dantzaretora sartu ahala, fardel eta zorro susmagarriak arretaz miatzen, Pinkertoneko beste hamabost lagun enplegatuak zeuden. Kontua zen, egun batzuk lehenago Ford Motor Companyk auzitara jo eta Hermanek euren Mavericka jateko asmoa bertan behera uzteko agindu bat eskuratzen saiatu zenez geroztik, Hermanek heriotz-mehatxu gehiago jaso zituela eta beste zenbait Mr.Edgek. Amerikarren begi aurrean autoaren irudia kaltetuko zuela alegatu zuten. Epaimahaia nonbait Ford Motor Companyren irizpidearekin bat etorri ez eta uko egin zion euren eskabideari, baina beste mehatxu-olde batek bala-probako plastikoari buruz erabaki azkar bat hartzea derrigortu zuen, hau da, dantzaretoko agertokian Herman eta Mavericka bala-probako burbuila baten barruan sartzea ala ez. Plastikoak intimitatea kenduko zuela uste zuen Mr. Edgek. Ezer ez jartzea erabaki zuen, beraz, Pinkertonekoak kontratatu eta arriskatu. Horrek berekin jende estra asko zekarren —ordaindu ordez, ordaindutako jendea— inguruan irakiten eta leku baliotsua betetzen, baina halabeharrezkoa zen aidanez.
Erreportarietako bat eseri zen Hermanek goizero bederatzi t'erdietan libratu behar zuen tronuan. Egitura landua zuen, Mr. Edgeren barne-dekoradoreek diseinatu eta fabrikatua.
«Zure irudiko, jendea prest al dago honetarako?» galdetu zion erreportariak Mr. Edgeri.
«Harritu egingo al zaitu jakiteak ni...» Bere ondoan zegoen Misterri begiz jo zion. «...geu estatu osorako telebista saioetan emateko negoziatzen ari garela?»
«Estatu osorako saioetan?» galdetu zuen erreportariak. Behingoan ohar-kaiera atera eta idazteari ekin zion. Atzetik inguratu zitzaizkion beste erreportariek ere idatzi egin zuten.
«Bai horixe,» esan zuen Mr. Edgek, «gure eskualde hau —hirurehunen bat miliako eremua gutxi gora-behera— asebeteta izango da berehala.»
«Negoziazioei buruz zer esanik ba al duzu?»
«Kate guztiekin hitz egiten ari garela besterik ez.» Mr. Edgek sorbaldak jaso zituen. «Zer arraio, ABC denetan katerik hurkoena dugula esatea ez dut uste gezurra denik. Euren 'Kirolen Mundu Zabala' programarako nahi gaituzte.»
«Eta hau estatu osorako saioetan emango dutela uste al duzu?» Erreportariak zakur baten gisa ufaka leher egin zuen barrez.
«Jakina, Auskalozeinek babestua,» oihu egin zuen beste erreportari batek.
«Eta Auskalopotrok ekoiztua.»
«Aizue!» deiadar egin zuen Mr. Edgek, hankapean zorua kolpatuz. «Hau berebiziko unea da Amerikako ikuskarigintzan, beraz, farraskeria suerte oro lekuz kanpo dago.»
Horrek seriotasunera itzularazi bide zituen. Herman Mavericketik kanporatu zenMr. Edgegana. Hermanek teniseko galtzamotzak zeramatzan soilik. Handia zuen sabela, kupelantzekoa, eta janzten zituen galtzamotzak baino zuriagoa azala. Belaun potolo zurien atzealdean zain urdinekiko marrazki bat azaleratzen zitzaion. Berarekin zegoen Margo eskutik helduta.
«Ez dut ulertzen zer dela eta hainbeste zalaparta,» esan zuen Mr. Edgek. «Begirazue nola muntatu dugun guzti hau.» Erreportaria tronutik jaitsi zen eta beste guztiak bertara begira jarri ziren, Mr. Edgek hizketan ziharduen artean. «Ustetsua ezta? Horra maisutasun amerikarra. Burua ikusi bai, baina gorputza oihal hauek ezkutatuko diote. Hementxe eroriko dira Maverick koskorrak. Mundu guztiak erortzen ikusteko moduan. Baina bera ikusi gabe.» Suminez begiratu zien erreportariei, denak bizi-bizian zirrimarraka ari zirela. «Eta Jainkoarren, uste osoa izan gure klase eta gustoan. Ikusle amerikarrei ez diegu inortxoren ipurtesterik erakutsiko.»
«Mr. Edge?» Hiriaz kanpoko egunkari bateko erreportari batek.
«Bai?»
«Egunean libraerdi bat janez eta astean zazpi egunez, ba al dakizu zenbat denbora beharko duen Maverick osoa jateko?»
«Hori baino galdera inozoagorik,» bota zion Mr. Edgek sutan. «Jakingo ez dugu ba, noski baino noskiago! Zenbatzen ez dakigula esan nahi diguzu ala?»
Bere ohar-kaierean kalkulatzen aritutako erreportariak sinesgogor altxa zuen burua. «Hara! Hamar urte. Hamar urte baino gehiago.»
«Ez askoz gehiago,» esan zuen Mr. Edgek, «dena den, beharbada jakinean egongo zara, hori dela gutxi gorabehera obra bikain baten iraupena Broadwayen.»
«Antzerki amerikarraren historian oso gutxi dira irautemuga horretara hurbildu ere egin diren obrak,» esan zuen Miami Heraldeko erreportariak.
«Ederki,» irribarrez Mr. Edgek, «drama txiki honek hurrengo ehun urteetarako marka ezarriko du antzerki amerikarrean.»
«Mack jauna, honetan hamar urtez iraun ahal duzula uste duzu?» Ea zenbat denbora beharko zuen galdetu zion erreportaria bera zen.
Herman Maverickari so zegoen, begiak aurreko txoketakoaren eskuinaldean iltzatuta. Ez zuen egin galdera entzun izanaren keinurik.
Mr. Edgek beltzuri begiratu zion goitik behera erreportariari. «Berarekin ez hitz egiteko eskatu nizuen. Hona sartu baino lehen zuek denok jakinaren gainean zeundeten zer nola jokatu. Konzentratzen ari da. Badaki zer egin behar duen, eta konzentratzen ari da. Esatekorik baduzue, niri esan.»
«Baina ez da zure... zure... zure...» mintzatzen saiatzen ari zen erreportariari ahotsa eta barrea kanporatu zitzaizkion aldi berean, «ez da zure ipurtzuloa hurrengo hamar urteetan gorriak ikusiko dituena.»
Barre-zantzoka lehertu ziren gainerako erreportariak. Mr.Edgek, zurbil eta harrituta, algarak baretu arte itxaron zuen. «Ez dut hau berriro errepikatuko,» esan zuen. «Hemen ez da farraskeriarik ametituko. Ez dugu onartuko edozein kakontziren txutxuputxu txepelek gure lana lardaska dezan. Jagoleak dauzkat zelatan eta —hitzez nahiz egitez— lotsagabe agertuko den hurrengoa nire hoteletik kanpora joango da. Argi al dago?»
Inork ez zuen deus esan. Oihalaz bestaldeko ikusleek ubizien pareko zaratotsa sortu zuten. «Ederki bada,» esan zuen Mr. Edgek, «berandu gabiltza, has gaitezen.»
Mr. Edgek keinu egin zion bere gizonetariko bati. Nork bere tokia hartu zuten denek. Mr. Edgek keinu egindako gizonak sokatik tiratu eta oihala errail-barraren inguruan osorik bildu zen, agertokia alde guztietatik ikusgai utziz. Maverick gorria ageri zen eskuinaldean. Ezkerraldean artez landutako tronu itzela. Eta erdialdean Herman aluminiozko arakapen-mahai berezi batean eserita. Medikua hurbildu zitzaion eta mahai ondoan geratu, maleta beltza gainean ipini eta ireki egin zuen. Junell, Mister, Easy Mack eta Margok agertokia utzi zuten. Soldatzailea kokorika jarri zen Maverickaren ondoan. Soldatzailearen aldamenean zutik, suhiltzailea, urreantzeko txapa dirdiratsua zeramala. Agertokitik pixkat alborago paisanoz jantzitako Pinkerton gizon bi zeuden mikrofono inguruan. Mr. Edge mikrofono aldera hurbildu zen. Zinekamera zuen bere gizonak botoi bati sakatu zion eta jiraka hasi zen kamera.
«Jaun-andreok, zuei...»
Txalo-zaparrada eta adore-irrintzi ozenak oldez jalgi ziren.
«...eskerrak eman beharrean nago. Sherman Hotelak azken primizia amerikarra aurkeztu nahi dizue harrotasun osoz.» Txaloak. Txaloak. «Zuek gehienok badakizue, honen aurretik ere auto bat jan izan dela.» Ikusleek protesta egin zuten. «Ez dugu datu hau ezkutatzeko inolako asmorik. Suediar batek Saab bat jan zuen. Eta argentinar batek Fiat bat jan zuen. Baina amerikarretan ez du inork ere egin egundaino, inork ez...inork ez du inon inoiz Ford Mavericka bezalako auto puskarik jan.»
Jendetza erotu egin zen oniritzizko txalo artean. Mr. Edge hitz egiten ari zen bitartean, medikuak Herman aztertzen ziharduen agertoki atzean. Gomazko tutu batez Hermanen besoa estutu eta odolaren tentsioa hartu zion bizkor. Zilarrezko estetoskopio batez Hermanen bularraren kontra aditu zuen arreta handiz. Ikuslegoa Mr. Edgeri adi zegoen, baina begirada kolektiboa ez zen behin ere Hermanengandik aldendu. Eta medikuak Hermanen ahoa zabaldu eta eztarri zuloan miatu zuenean, agoniarik eztienean bezala, hasperen bat aireratu zen ikuslegoko gizon, emakume eta haurren artetik.
«Ontzerdi bat moztuko dugu aldi bakoitzean,» zioen Mr. Edgek, «eskuin aurreko txoketakotik hasita. Txoketakotik parrilara joango gara. Autoa... karkasa... bertan geratuko da, Herman Mackek bazkatu bitartean, behar bezainbeste.»
Medikuak zutik zeukan Herman. Kupelantzeko sabeltzarra eskuz arakatzen ari zitzaion emeki. Baina dena betelan hutsa zen. Egitez ez zen ezer egiten ari. Mr. Edgeren oharra nabarmentzeko beste ezertarako ez zuen egiten. Eta Mr. Edge ahalik eta gehien baliatu zen horretaz. Zer nolako guztien berri eman zien zehatz-mehatz. Bere hitzez esateko, prozeduren nondik-norakoak oraindik ezagutzen ez zituzten ikusleentzat egiten ari zen hura. Zeina gezur hutsa zen.
Hegoekialdeko jende guztia jakitun zen Hermanek nola planifikatua zuen Mavericka jatea, baita gainerako estatuetako jende gehiena ere, kable-zerbitzuek jadanik jasoa baitzuten istorioa. Guztiaz ere, Mr.Edge gauza bera esan eta esan ari zen, bai baitzekien ikuslegoa ez zela inoiz hartaz nekatuko, xehetasunen entzun gose zirela behin eta berriz eta sarritan. Hartara, metala ontzerdiko koskorretan ebakia izango zela kontatu zuen, nola esterilizatuko zituzten koskorrak, medikuak aukerako dieta samurra manatua ziola Hermani urdaila metaletik babestu alde, nola esertokien estalkiak eta haizetakogailua eta beste zenbait materia irentsigaitz egosiezinezko kapsuletan jarriko zituzten, eta nola Hermanek asteak joan eta asteak etorri bereari ekingo zion, eguneko bi agerraldi —arratsaldean jan, goizean libratu (irrimurri artegak, han-hemen esku-zarta gero eta ozenagoak, ondoren txalo-zalaparta, jarraian Aupa, Herman, Hori duk eta! uju-irrintziak)—, harik eta azkenean Maverick autotik oroimena ez beste geratu arte.
Mr. Edgek eskuak jaso zituen bake eske.
«Eta orain ohar garrantzitsu bat. Dakikezuenez, Herman Mackek gaur arratsaldeko seietan jango du lehendabiziko aldiz.»
Txalo zaparrada.
«Goiz partean, lehendabiziko ontzerdia bederatzi t'erdiak aldean libratu eta gero, enkantean jarri eta gehien eskainiko duenarentzat izango da.»
Isilunea egin zuen Mr. Edgek. Erabateko isiltasuna egin zen. Bere atzean medikua entzun zezakeen zingulu-zangulu. Harri eta belarri eginda geratu ziren ikus-entzuleak. Berehalakoan jarraitu zuen Mr. Edgek.
«Hemen Sherman Hotelean bertan behar den guztia daukagu ontzerdia urtu, galdatu eta Mavericka miniatura egiteko —erreplika peto-petoa—. Eta areago, aurrerantzean ontzerdi guztiekin gauza bera egingo dugu, urtu eta banan-banan galdatu; auto nimiño bakoitzari goialdean zulotxo bat egingo zaio, zuen giltzatakoan eraman ahal ditzazuen. Autotxo hauek salgai izango dira, hamabi t'erdi dolarretan bakoitza, gehi balio erantsiaren zerga; nor lehenago etorri, hark eraman.»
Bapatean auditoriumak orroaka erantzun zuen oniritzizko eztanda batean. Puxikak aireratu zituzten haurrek. Gizon-emakumeek zorua ostikatu eta esku-zartak egin, Maverick miniatura erosteko aukera eske, uluka.
Azkenean, isildu zirenean, Mr. Edgek esan zuen: «Zuetariko bakoitzak Hermanen eginkizunean nork bere bakarrean parte hartu ahal dezan egin nahi izan dugu hau. Eta zer hobe, hemendik joandakoan Maverick miniatura bana zeuon giltzatakotik zintzilik eramatea baino?»
Dantzaretoan txalo zaparradak eztanda egin zuen berriro, baita Mr. Edgek moztu ere beso zirkin batez. Zirkinaz gero, soldatzaileak suharri baten kontra klaska egin, sopleteak dunba, eta sugar batek, urdin-berdeska eta bederatzi hazbete luze, zirta eta ziztu egin zuen. Aldamenean suhiltzailea zeukan zutik, urreantzeko txapa dirdirka, begiak zorrotz. Soldatzaileak sopletea erregulatu zuen. Ikuslegoa ez mugitu ez arnasa hartu. Sugarraren ziztua, orain hazbete t'erdikoa eta urdina ttitta hori batez, dantzaretoko zoko guztietarik entzuten zen.
Mr. Edgek, orain ahots apal eta serioz, esan zuen: «Jaun-andreok, une historikoa. Hermanek gaur bertan arratsaldeko seietan irentsiko duen ontzerdia prestatzear gaude. Goiz honetan hemen zaudeten guztiok izango duzue arratsaldeko agerraldirako kopuru mugatuko txartelak eskuratzeko lehen aukera.»
Ikuslegoa aurrerantz makurtu zen. Gizon sopleteduna Mr. Edgeri adi zegoen. Mr. Edgek buruari eraginez «Ebaki!» esan zuen.
Soldatzaileak betaurreko babestaileak doitu zituen eta txoketakoaren gainera makurtu. Eskuineko txoketakoaren muturraldea, gizon baten esku biren handiko tartea, marra urdin batez markatuta zegoen. Sugar horiaren mihiak metala ukitu zuenean, txinpar-erauntsia barreiatu zen soldatzailearen buru inguruan. Suzko lama autoa ebakitzen hasi zen momentuan, arakapen-mahai ondora Hermani begira ari zitzaizkion ikusleek ikusi zuten nola dardarizko hozkirri luze batek zeharkatu zion alderik alde. Txoketako txatala, zeina botarazteko minutu bat baino gehiago ez zen luzatu, erori egin zen Mr. Edgek hartarakoxe paraturiko zilarrezko erretilu lau batean.
Easy Mackek senidekoentzat gordetako aurreneko ilaran jesarlekua hartua zeukan, agertokiaren aurrez-aurre. Baina zutik zegoen, sopleteak txoketakoaren erdia moztu zuenerako. Eta goitika hasi zen auto txatala zilarrezko erretilura erori zenean.
Korrokadak ahotik pirrist egin zion eta mikrofono ondoan zegoen Mr. Edgeren hankak eta zapatak busti.