Aurkibidea
Ez dago optimista edo pesimista izateko motiborik
Itzulerako bidea hartuko du...
Isolamenduaren azken puntan, arrakala...
Barbés auzoko emakume bati gutuna
Eta beste horiek, nire antzekoak...
Basoak aurrera egiten duenean...
Nonbaiten nire insomnioen lurraldean...
Orain harea, kotoi eta ezkaiez...
Begi marroietako rubioa oso urrunetik
Aberririk gabeko txoria kateatua izan da
Besteen osasun onak mehatxatua
Aurkibidea
Ez dago optimista edo pesimista izateko motiborik
Itzulerako bidea hartuko du...
Isolamenduaren azken puntan, arrakala...
Barbés auzoko emakume bati gutuna
Eta beste horiek, nire antzekoak...
Basoak aurrera egiten duenean...
Nonbaiten nire insomnioen lurraldean...
Orain harea, kotoi eta ezkaiez...
Begi marroietako rubioa oso urrunetik
Aberririk gabeko txoria kateatua izan da
Besteen osasun onak mehatxatua
Eguzkiak bizitzatik banatzen nauen hodei baten errautsetan ezkutatu ditu atzamarrak.
Aspaldi honetan, errotik erauzitako arbolaren bizitza daukat. Ihartua eta bitrina batean erakutsia. Ez dut jada lurra nabaritzen. Umezurtza naiz. Lur baten eta baso baten umezurtza.
Odolik ez darit jadanik.
Entzun ezazue:
Nire gela diruak eta bakardadea uzten ditudan kutxa da.
Itzalitako amets bat dut begietan; olibondoa haizea eta egunaren zain.
Nire bizi-apurra ezer gutxirekin antolatzen da: aldatzeko azal bat, kantu izpi batzuk eta harea zakuak. Kutxan uzten dut nire sexua hirira irten edo lanera noan bakoitzean. Arratsaldean, itzultzen naizenean, patatak, olioa eta menda erosten ditut.
Ohe sakona dut. Nekeak urratua dut bizkarra.
Jatekoa kutxan prestatzen dut. Jan egiten dut eta botekin mintzatzen naiz. Botetan kantatzen dut. Botetan egiten dut garrasi. Txiza ere botetan egiten dut.
Gaua abailtzen da eta estalkia zimurtzen dit. Amiltze hori uxatzeko, gailurretara eraman ninduen arranoa gogoratzen dut. Hodeien gainean netzan...
Emakumezko baten ahotsa. Kanpotar bat. Ezezaguna, betazalak bueltatzen dizkidan uhina. Urdina da aparra. Sexua altxatu egiten zait eta berriro erori. Hankek dardara egiten didate desioa inguratzen didan gauean. Zein desio? Kolpatu egiten duen eromena, eta atzamarrez, oihu egiten duen zakila estutzen dut. Zein desio? Distira eta ispiluz poblaturiko irudia. Nire gorputzaren gainean egiten dute dantza ispiluek, nire mingain ihartuaren gainean.
Hogeita sei urte eta distira batzuk ditut unibertso gaixo honetan. Badakit. Toki hauetan zerbait hiltzen dela igartzen dut. Samurtasuna eta denbora. Beharra gorputzak zeharkatzen dituen labana da. «Dirua, dirua milioika» errepikatzen zuen Mohak. Diruak zerua odolusten du. Eta bihotzak hustu egiten dira. Hilzori geldo eta etengabea da. Baina guk, baina nik, zer egiten dugu guk lurralde honetan, odola eta izerdiaren supermerkatuan, esklabutza eta axolagabetasunaren supermerkatuan?
Kemen nahikoa daukat oraindik zainetan (uste dut), barrez lehertzeko argi printzaren bati atxikirik gelditzen den bizi apurra kontabilizatzen duten unean.
Korrika egiten dut kutxan
Majina da nire eskua. Nire kantuari zabaltzen zaion majina paregabea. Hogeita sei urte ditut, eta eguzkiaren atzamarrek erraiak nahasten dizkidate. Bero daukat eskua. Altxatu egiten zait zakila. Irudi tropel batek inbaditzen ditu metalezko hitzak. Bata bestearen ondoan erortzen dira; ederrena, helezinena aukeratu eta finkatu egiten dut. Zerurantz altxa zaidan zakilak paperetan jaurtikitzen du plazerra, nekeak eta mina jaurtikitzen dizkit. Kutxan kukultzen naiz. Hankak estutzen ditut. Hotzak nago. Kutxa blai dago. Ispiluak ezabatu egiten dira. Emakume kanpotarraren ahotsa tripetatik irteten zaidan garrasia da.
Behera nator. Abaildu egiten naiz. Hankak eta besoak biltzen ditut.
Lo hartzen saiatzen naiz, aurpegia ezkutatzen, izaretan, ama baten besotan. Nire begietan, arbola eta haur bat. Han udaberria dela esaten didate. Mendiak emazte infidelak irentsi dituela esaten didate. Aurtengo uztaz mintzatzen zaizkit: ona izan da, industriaria pasatu da bere kamioiekin. Zenbait gari zaku utzi digu... Nire begietan argi bat itzalia, bustia. Eguzkia iluntzen da eta atzamarrez barrabilak estutzen ditut.
Zein desio? Gorputz zimeldua...
Utzi egiten ditut nire ornoak. Kontatu egiten ditut eta hortzak garbitzen ditut.
Gaur ez noa lanera.
Jantziak garbituko ditut patioko lababoan. Gero tabernara joango naiz.
Prefekturako (edo bestelako) aginduz, kutxa utzi egin behar dut. Kaiola bat eskaintzen didate edifizio batean, non ehundaka bakardade babestu behar dituzten horma legendun eta nekatuek. Ez zegoen ezer tokialdaturik: jantziak eta irudiak; saboia eta orrazi bat; soka bat eta jantzietarako kako batzu.
Gela.
Kaxa karratu bat, sabaiari itsasitako bonbila batek apenas argitua. horma gainetan paratu diren pintura geruzak urratu egiten dira, petalo ttipien modura erori eta hauts bihurtzen dira.
Binaka gainjarritako lau ohe. Leiho altu bat.
Gela.
Villa gorri bat. Kristalezko eraikin bat. Villa gorria da batez ere nire insomnioak obsesionatu dituena. Aldamenetik pasatzen nintzen eta txu egiten nuen. Edo adorez nenbilenean txirrina jo eta pixa egiten nuen. Gutxitan egiten nuen ihes; atezainak (gixajoak) makilarekin mehatxatzen ninduen: oso maite zituen nagusiak, aberatsak eta erdeinagarriak. Villa lehertaraztea zen nire ametsa. Ez dut gogoratzen aurretik desalojatzeko gizatasuna izaten nuen. Adoleszenteen ametsak ziren horiek. Dinamita kaxekin paseatzen nintzen gauetan; villa bakoitzean karga bana jartzen nuen; etxeak hari eroale baten bidez lotzen nituen, westernetan bezala, eta herriko irteerara ailegaturik dena lehertarazten nuen. Villa gorri gehiagorik ez!
Hemen, kristalezko eraikinak dibertigarriak zaizkit. Ez daukat horiek hondatzeko gogorik...
Baten batek kutxan jo du. Ez da heriotza ez eta izarren bat ere. Agintaritza gorenak igorritako gizonak dira. Azala zimurturik ote dudan egiaztatzera datoz, mingaina larrosa landarez landaturik ote dudan, eskuak gogorrak ote ditudan.
Zergatik ezkutatzen zara kutxa honetan?
Ez naiz ezkutatzen, bertan bizi naiz...
Atzo ez zinen lanera azaldu...
Atsekabeturik nengoen, emazteak utzi egin nau...
Ba al dakizu ekintza subertsiboa dela?
Atearen behekaldean utzi ditut ametsak eta ilusioak. Porrot egin duen gizakia naiz, balantzea aurkezten duen enpresa bezalakoa.
Zein balantze?
Bizitzen laguntzen zidan eromen osoa...
Aitorpena egin al duzu?
Habitatzen nauen gauari aitortu diot eromen osoa.
Atxiloturik zaude: erruduna zara, eroturik zaudelako errudun, deliratu duzulako errudun, hizkuntza bereziaz mintzatzen zarelako errudun, besteak bezalakoa ez zarelako errudun...
Begi marroietako rubioak esnatu ninduen, tea eta pikuak eskaini zizkidan eta lanera abiatu ginen.
Etxerako sarreran araudia eman digute:
Debekaturik dago jatekoa gelan prestatzea (sutegi bat dago pasiloaren bukaeran);
Debekaturik dago emakumeak ekartzea (putetxe bat dago, Chez Maribelle, hemendik gertu);
Debekaturik dago bederatzietatik aurrera irratia entzutea;
Debekaturik dago iluntzean kantatzea, batez ere arabieraz edo kabylez;
Debekaturik dago edifizioan arkumeak larrutzea (itxaron zuen bled-ean egon arte bildotsen odola isurtzeko);
Debekaturik dago gelan masturbatzea (horretarako komunera joan);
Debekaturik dago pasiloetan yoga egitea.
Debekaturik dago hormak berpintatzea, muebleak mugitzea, kristalak apurtzea, bonbilak aldatzea, gaiso jartzea, berazkoa izatea, politika egitea, lanera joatea ahaztea, familia hona ekartzen pentsatzea, neska frantsesei umeak egitea, elizetara ligatzera joatea, kalera pijamaz irtetea, bizi baldintza objektibo eta subjektiboez keja egitea, ezkerreko grupuskuluak begi onez ikustea, hormetan irainak irakurri nahiz idaztea, errietan egitea, elkar jotzea, labana erabiltzea, mendekua hartzea;
Debekaturik dago gela honetan, edifizio osoaren esparruan hiltzea (hiltzera zoazte kanpora; zuen herrira esaterako, komodoagoa da);
Debekaturik dago nork bere buruaz beste egitea (baita Fleury-Mérogisen sartzen bazaituztete ere); zuen erlijioak debekatzen dizue, bai eta geuk ere;
Debekaturik dago arboletara igotzea;
Debekaturik dago urdinez, berdez edo malba kolorez zeuen gorputzak pintatzea;
Debekaturik dago gelan bizikletaz ibiltzea, kartetan aritzea, ardoa edatea (txanpaina ez);
Debekaturik dago halaber trabestitzea edo lanetik itzultzeko beste bide bat hartzea.
Abisaturik zaudete. Araudia betetzea gomendatzen dizuegu, bestela kutxara eta sotorako itzulera izango da eta gero, herriratzearen zai, internaleku bateko egonaldia.
Gela honetan bizi behar dut araudia eta beste hiru pertsonekin: begi marroietako rubioa, begi irripartsuetako beltzarana eta hirugarrena kanpoan dago, ospitalean dago mina duelako buruan.