Aurkibidea
Mustur gogorra
Arturo Ambrogi
Sorpresa
Pedro Rivera
Centerfielderra
Sergio Ramirez
Aintzazko minutuak
Ngugi wa Thiong'o
Bake zibila
Chinua Achebe
Kafea biderako
Alex La Guma
Uzta
Bui Hien
Kabareta
Nguyen Sang
Aurkibidea
Mustur gogorra
Arturo Ambrogi
Sorpresa
Pedro Rivera
Centerfielderra
Sergio Ramirez
Aintzazko minutuak
Ngugi wa Thiong'o
Bake zibila
Chinua Achebe
Kafea biderako
Alex La Guma
Uzta
Bui Hien
Kabareta
Nguyen Sang
KAFEA BIDERAKO
Alex La Guma
jatorrizko izena: Coffe for the Road
euskaratzailea (frantsesetik): Eduardo Matauko
1925ean jaio zen Alex La Guma narradore hegoafrikarra. Bere herrian zenbait aldiz atxilotua izan ondoren (1956an, Mandelarekin batera...), 1966an ihes egin zuen handik. African National Congress-eko ordezkaria zen, La Habanan, 1985ean hil zen unean.
«Zazpi urte nituelarik, amak zirkora eraman ninduen; pailazoek bizkar zergatik ematen ziguten, galdetu nion. Zurientzako bakarrik aritzen zirela, erantzun zidan. Inzidente hark nolabaiteko kontzientzia sorrarazi zuen nire baitan». Horrela mintzatzen zitzaion La Guma Richard Samin jurnalistari, Tanzaniako Dar es-Salaam-go unibertsitatean egin entrebista batean.
Hegoafrikako idazle beltz gehientsuek (James Matthews, Ezekiel Mphahlele, Can Temba, Webster Makaza-k) bezala, ingelesa erabili zuen La Gumak bere izkribuetan. Zuri askok ere bai, jakina, Nadime Gordimer artean; beste zuri batzuek afrikanerraren «hautua» egin dute: Hennie Aucamp, onenetarikoa. Azken aldian beren bertako hizkuntzez egiten duten beltzak ugaritu dira; Mazizi Kunene poeta zulua, esate batera, zeinaren obra batzuk, ingelesez, Heinemann-ek publikatu dituen.
A Walk in the Night izan zen La Gumaren lehenbiziko nobela. Bere emaztearen laguntzaz idatzi omen zuen, kartzelan. Ordurako debekatuta zegoen erabat Hegoafrikan eta Nigerian argitaratu zuen.
Gero And a Threefold Cord, The Stone Country, The Time of the Butcherbird, In the Fog of the Season's End idatzi zituen.
«Jendearen duintasuna azaldu nahi dut zioen entrebista berean, gizakiaren izpirituaren funtsa ahalik eta modurik sentzilloenean. Propaganda eta slogana ekidin behar dira. Nire idazkietan, nire aktibitate politikoan bezala, gizakiaren duintasuna defenditzen dut, baina bereziak dira bi aktibitate horiek».
Optimistatzat, menturazaletzat zeukan bere burua. «Ez nago umore faltan, ez dut uste hain xuxen Hegoafrikako egoera betirako denik» bukatzen zuen Saminekiko solas hura.
Artasoroak igaroak zituzten eta alde guztietara laugune eta zokogune marroi gorrisketan hedatzen zen behe-lurralde zabal eta erdimortuan zehar arrodatzen zuten. Hegoalderantz joatean, lurrak, zuhaixka hebain eta sasitzez pikardatuta, itzelezko tapiz ezeskobatu bat zirudien.
Urruti eskuinaldera, goizeko brisara ahulean eoliko baten pala metalikoek ozta-ozta biratzen zuten, lanean hasteko esnatu berria bailitzen eta ez bailuen bihozkontra baino mortu zeken hartatiko ura ponpatuko. Kotxeak bidea irentsi eta neumatikoek kirrinka egiten zuten gainalde beltzean.
«Beste otarteko bat nahi dut», esan zuen Zaidak. Atzekaldean manta baten gainean biribilkatuta zegoen, maleten artean apailaturiko lekune batean. Zazpi urte izanik, ibilbide luzearen nekea nozitzen zuen. Paisaiarekiko interesa kamustu egin zitzaion. Orain, jota, xoko kuxineztatuan nasai zegoen, sakana elkorrei eta haizea bezala iragaten ziren zuhaitz eihartuei kasu egin gabe.
«Latorrizko ontzian daukazu. Zeuk hartu, bai?», esan zuen bolantean zihoan andreak, bidea begietatik aldentzeke. «Eta zuk, Ray, zeuk ere jan nahi duzu ezer?»
«Orain ez naiz gose» erantzun zion aldamenean eseri mutilak. Leihatilatik, etengabeko segidan azaltzen zen burdin-harizko hesiari begira zihoan.
«Ama, zenbat falta da Cap-eraino?», galdetu zuen Zaidak otartekoa mastekatu artean.
«Bihar eguerdian egongo gara», erantzun zuen andreak.
«Aita gure zain egongo al da?» «Horixe baietz».
«Ikusi ardiak,» esan zuen Rayk.
Barreiatu bordak iragan zituzten, dominoen tankerako egitura beisak, pendiz lurkara baten luzetara. Amak gau osoa gidatzen emana zuen eta unatuta zegoen, begiak gorrizkatuak, hondarrak betseinak erretzen zizkioneko sentsazioaz. Bart bide bazterrean larrain batean gelditu ziren, hirixka bateko irteeran. Ezin izan ziren inora jaitsi gauean: hotelek zuriei beste inori ez zioten aterperik ematen. Hartara, hiriotan zuriak bizi ziren soilik, gainontzeko guztiak, etxeetan enplegatu zeudenak ezik, buztinezko barraka ezfinkoetan lojatzen ziren, etxe-multzoetatik harantzago, bertakoentzako lekuneetan. Gainera, ez zuten inor ezagutzen eskualde hartan. Egunsentiarekin batera ageri izan ziren depresioa, malenkonia, umore txarra, nahiz-eta ama haurren aurrean kontrolatzen saiatu. Gauerdia pasa arte larrain hartan geratu eta gero, berrabiatu eta gau osoan gidatu zuen, haurrak lokartuta zeudela.
Orain buruko min bizia nozitzen zuen, eta Zaidak «Ama, okela-bolatxo bat jan dezaket?» esan zuenean, lehor eta garratz erantzun zion: «Putza! Hor dituzu, eskueran, hartu ta kito!» Paisaia abiada bizian desfilatzen zen, atzekoz aurrera pasatutako filme bat bezala, gorri marroi, hori gorri, arrosa gorri, dena abarrartez eta ertz askotako harrizko blokez zipristindua. Sortaldera, lur idorretik zakarki harkaitz-soilune bat nabarmendu zen, hostopil purpura eta labandaren zati titaniko bat bezala, uharritzar txokolatekarek gaineztatua. Tramu txintxarreztatu batetik pasa zen kotxea eta bere atzean hauts gorrixka zurrunbildu zen lama baten ke-pantaila gisa. Xori batek, isats luzea bere atzean zinta bat bezala herrestan, bide ondoko sastrakak laztantzen zituen, kotxea bezain bizkor hegaka.
«Ama, begira txori polit horri,» oihuka esan zuen Rayk, eta kristal hautseztatuaren kontra jarri zuen aurpegia. Amak ezentzutearena egin zuen; bolanteari helduta, lasai hartzen saiatzen zen, oinek abileziaz eta ia inkonszienteki pedalak zerabiltzatela. Pentsatzen zuen hobe izango zitzaiola bidaia trenez egitea, baina Billyk idatzi zuen kotxea beharko zuela kontaktu asko egin beharra zeukan eta. Espero zuen Capen lana hobea izango zela. Buruko minak jota, automata batek bezala gidatzen zuen. Bidaia hau ahalik eta bizkorren bukatzeko erabakia hartuta zeukan.
«Kafea nahi dut,» esan zuen Rayk, eta termoa atzeman zuen mando-taularen azpitik. Ray laguntzarik gabe balia zitekeen. Ez zuen bere ordez beste inoren beharrik gauza haietaz arduratzearren.
«Emaidak niri ere,» eskatu zuen Zaidak, maleten artean habia egina zuela.
«Ez izan tripontzi», esan zion Rayk. «Jan eta jan, besterik ez dun buruan».
«Ni ez nauk tripontzi, kafe tragu bat nahi diat».
«Goizean edan dun kafea».
«Eta orain gehiago nahi diat».
«Haurrak, mesedez, amaitu eztabaida hori,» esan zuen amak tonu nekosoz.
«Bera hasi da lehenengoa,» esan zuen Zaidak.
«Nahikoa! Nahikoa!», esan zion amak.
Ray termoaren estalkia deskiribilatzen ari zen. Behin altxatuz gero, tapoia kendu eta burrualdera begiratu zuen. «Arraioa, ez dago gehiago! Ez dago kafe gehiago!»
«Ederki, ba, gabe pasa beharko,» esan zuen amak.
«Edatekoa nahi dut, oihukatu zuen Zaidak, egarriak nago, kafea nahi dut».
Amak hasperenka: «Ongi, ados, baina itxaron beharko dugu. Bidean non edo non aurkituko dugu. Pazientzia pixkat, aditu?»
Zeru urdin aldaezinean eguzkiak zetaka gorribeztu bat marrazten zuen, eta kanpoalde idorrak, hori eta marroi ogi txingartuzko xerra itzel bat bezalakoa, dardar eta dantza egiten zuen beroaren gandupean. Andre gazteak gidatzen segitzen zuen, ahituta, bere kaskezur osoa intxaur zartatu lez pindarkaturik zuela. Eguzkitako betaurrekoen atzean, bere begi inguruak gorrituak zeuden eta bere indiar aurpegi ederrak leher eginda ematen zuen. Nerbioak azaleratzen zitzaizkion harpa baten sokak bezain tinkoak, baina hainbesteraino estutuak non nahikoa baitzatekeen haietariko baten zimikadura hura hautsi zedin.
Miliek burrunba, zurrumurru, durundio egiten zuten: landa lau eta hegi hauskarak, buztinezko sakanak eta muinogailur apalak. Artzai etxola bat, anima bakarti bat bezain bakar, bizkargune lautu baten eskistozko aldearen kontra kukubilkatua. Noiz edo noiz, kotxeren bat gurutzatzen zitzaien kontrako norabidean, iparralderantz, eta bere lorratzak airea ebakitzen zuen kexu garratzez. Bazirudien zeru kiskalian eguzkia ikaratu egiten zela.
«Kafea nahi dut,» errepikatzen zuen Zaidak narritaz. «Guk ez dugu kaferik hartu».
«Erosi egingo dugu,» esan zion amak. «Bidean erosiko dugu behin topatuz gero. Orain egon. Jan ezazu beste otarteko bat».
«Ez dut nahi otartekorik. Kafea nahi dut».
Zokogune batean, lur jota zeuden etxola multzo bat iragan zuten. Kubo pitzatuen antzekoak ziren, sakabanatuak, eta haur beltxaran andana bat, biluzik eta hautsez beterik, artegi batetik irten eta bide bazterrera arin hurbildu ziren, uluka eta kotxeari keinu handiak egiten. Rayk irribarre egin eta zeinu batez haien diosalari erantzun zien; gero desagertu ziren. Eoliko baten piloi metalikoa, haizeak narriaturik altxa eta atzera ezkutatu zen. Hiru gizon beltz ibilera neketsuz zihoazen lerroan bide bazterrean, beren aurrean etorkizun ezezagun bati begira, manta zarpail eta hautsutan bilduta, buruak itxuragabeko feldrozko kapeletan estalita, beroa berdin zitzaiela. Ez zioten inolako kasurik egin ondotik zurrunbiloka igaro zitzaien kotxeari, eta beren jomugarako bidea jarraitu zuten.
Kotxeak martxa gutxitu zuen esegiriko zubi metaliko batera hurbiltzerakoan eta tranbalaka zeharkatu zuten malkorrez ereindako erreka lehor baten ubidea. Ardi bakan batzuek, larrua hautsagatik beztuta, uharriak usnatzen zituzten xorimalo piura zeukan gizon baten zaingopean. Urrutixeago, mestizuentzako lekunea, gero afrikarrentzakoa igaro zuten. Buztinez eta oholez egindako txabolak ziren, kubo margotuak, han-hemenka, malda lurkara baten luzetara, gizakume ñimiñoak eta inurrien lodierako txakurrak inguruka higitzen zirelarik. Beste malda baten gainean hiriaren izena inskribaturik zegoen zuriz pintaturiko uharriez.
Kotxeak burdinbide itsu bateko hangareak igaro zituen. Ardiak hesietan itzul-inguruka bihurtzen ziren. Gero, binbilika, bide-gurutzea zeharkatu eta bidera errebotatu zuen. Gizon beltz bat txirrindu gainean gurutzatu zitzaien eta haiek mantso gidatu zuten deskribaezina zen geltokiko hoteleko aitzinalde marroiaren eta denda lerrokatuen ondotik. Palaxu sikatu batetik harantzago, haizeak grabatu aurpegi gorrixkekiko gizon zuri talde batek mahaitan eserita edaten zuten beste hotel baten aurrean non aitzinaldeak estilo koloniar holandarra imitatzen baitzuen. Hartxintxarrez ereindako kale hautseztatuan ibilgailuak geratuta zeuden: kotxe hondarrez beteak, okasioko kamioiak, erabat maztailduta, janari-denda baten aurrean furgoneta bat. Mestizu zehar batek espaloia eskobatzen zuen boutique baten aurrean, bere txilarrezko erratzarrak ziztu egiten zuen zipristinka itzurtzen den gasaren moduan.
Aurpegi arrosa eta ile horiekiko bi gizon gaztek, galtzamotz eta alkandora kakiz jantzita, kotxeari adi so egin zioten eta beren begiak, andre beltzaran batek bideko hauts-geruzapean hutsik gabe nikeleztaturiko kotxe berri bat gidatzen zuela ikusi zutenean, etsaikor bihurtu ziren. Kotxe atzean hodeitxo bat karakolatzen zen, txintxar gorrizko kalean behera zihoala.
«Nola deitzen da leku hau?», galdetu zuen Rayk.
«Ez dakit,» erantzun zion amak, nekaturik baina gelditu ahal izateagatik pozik. «Leku bat besterik ez da, Karroo-ko beste edozein bezalakoa».
«Zer egiten du gizon horrek?», galdegin zuen Zaidak leihatilatik begikolpe bat boteaz.
«Non hori?», gaidetu zuen Rayk, alde guztietara begira. «Zer gizon?»
«Hara, aldegin dik,» esan zuen neskatxak. «Ez duk azkar aski begiratu.» Eta gero, «Orain kaferik izango da?»
«Baietz uste dut,» esan zuen amak. «Zintzoak bazarete, kafea izango duzue. Eta edari freskurik ez duzue nahiago?»
«Ez, esan zuen mutilak, gero egarri zara berriro».
«Nik nahi dut kale asko azukre askorekin,» esan zuen Zaidak.
«Konforme, esan zuen amak, baina akabo txilioak behingoz».
Pixkat gorago, eremu baten buruan, kafetxe bat zegoen. Burdinazko tutu-erako aulkiak eta espaloian ezarritako mahaiak, pertsianez osaturiko leihoen aurrean. Kafetxeko aitzinaldea Coca-cola kartel zaharrez eta pintaturiko menuez dekoratuta zegoen. Toldo marradun batek estaltzen zituen mahaiak. Espazio hutsaren aurrez aurreko murruan bazegoen leihatila tipi bat non zerbitzatzen baitzitzaien ez-zuriei; bertan zeuden zutik mestizu eta afrikar zarpailez osaturiko talde bat, barrualdea arakatzen saiatuz, buruz-buru, pazientzia bortxatu batez itxaroten.
Kotxea maldan gora joan eta kafetxe aurrean gelditu zen. Barruan irratia entzuten zen eta pertsiana veneziarren horrixkak leiho aurrean xukun zeuden.
«Emaidazu termoa,» esan zuen amak, eta mutilaren eskuetatik hartu. Atearen morroiloa ireki zuen. «Lasai egon, haurrak. Ez da luze izango».
Atea zabaldu, lekora labaindu eta une batez geratu zen galtzadan, laxatzen ari zitzaizkion giharren arindura dastatuz. Nagiak atera zituen, bere gorputz berzutituaren atsegin ia sentsuala gozatzen. Baina buruko mina zeukan oraindik eta honek sentitzen ari zen ongitasun momentua hondatu zion. Sentipen atsegina banitu zitzaion eta bere gogoa abailduta aurkitu zuen berriz, gorputza erresorte bat bailitzen atzera uzkurtzen zitzaion artean. Jantzita zeraman soineko beis dotorearen zimurrak lisatu zituen, askaturik utziz baina jakaren botoiak. Gero, termoa eskuan zuela, espaloia iragan zuen, plastikozko eta burdinazko aulki eta mahaien artean pasabide bat eginez, eta kafetxera sartu zen.
Barruan, hozgiro zen. Han ageri ziren edalontzi lerroak, kaxatan sarturiko edariak eta era ezberdinetako produktuak, museo futurista baten osagai. Kafetxeko atzealdetik bazetorren frijitzen ari ziren pataten usain eta txirtxira. Apal baten gainean haizagailu elektriko batek burrunba egiten zuen eta bi iturri ispiluduni, bata tearena, bestea kafearena, fondoko hormaren kontra kea zerien.
Bezero bakarra zen iztupazko ilea, sagar ia heldua bezalako aurpegia eta sudur katarratua zeuzkan mutiko bat. Kolore galdutako motiboekiko alkandora eta galtzamotz kakiak zeramatzan eta bere oinak, hutsik eta hautsez beterik, zuri-horiak ziren, maskurtu eta arrailduta. Bere aho arrosa eta lingirdatsuaz makilgoxo bati zurrupaka ari zitzaion, bitartean eta arinki altzairu-harizko errebistategi batean jarrita eta hilabete zenbaitez atzeratuta zeuden aldizkari-ilara baten azalak begrztatzen zituela.
Kristalezko erakusmahai atzealdean, non hiru soda-iturri nabarmentzen ziren, mantal berdedun emakume handi eta pisu batek kontu-mordoxka bat miatu egiten zuen, alboko murruan irekitako zulogune karratuaren kontra pilatzen zen aurpegi beltzekiko taldeari kasu egiteke. Gorputz betea zeukan, bizkarralde okertua eta aurpegi anal gorriluna, hondar-txorro baten eraginpean lez txingorreztatua: masail gogor beteak, masailalbo trinkoak, eta bi itsaso gris ilun erdibitzen zituen hezurrezko sudur-ertza. Ahoa koska mingots bat zen, musker batena bezain hotz eta maltzur, arrosantzeko osin arraildu, horzkatu bat.
Begiak altxa eta zerbait esaten hasi zen, gero beste emakumearen kolorea ikusi eta, une batez, bere begietako itsaso grisek gaineztatzeaz mehatxatu zuten, andrea ahozabal geratzen zelarik. Mutiko arrosa eta argala har baten moduan bihurtzen zen, andreak bere hitzak bilatzen zituen artean.
«Mesedez, termo hau kafez bete dezakezu?» galdetu zuen amak.
Osina zabaldu eta orroe bat kanporatu zen, harri kontra igurtziriko metalaren zaratotsa bezain karrankaria. «Kaferik? Ene Jesus!» deiadar egin zuen ahotsak. «Culi zikin bat hemen!» Begiak ikaraz finkatu ziren indiarraren aurpegi beltzaran, nekatu eta fierrean, zeinak eguzkitako betaurreko politak eta kaletar ebakerako jazki beisa zeraman. «Culiak, kafreak eta hotentoteak utikan!» oihu egin zuen. «Ez jakitea ere! Eta gainera, ingelesez, ezta?»
Txundituta, amak arretaz behatu zion, zirgit egin eta gero bere barnean zerbaitek libratu, kirrika egin zuen bat-batean zarata zorrotzez lasatzen den erresorte konprimatua bailitzen, eta nahigabezko garrasia egin zuen, bere besoa altxa eta termoa bolido bat bezala emakume zuriarengana jaurtikia irteten zen artean.
«Zuri zirpil nazkagarria!» oihu egin zuen. «Culi heu!» Termoa hegaldatu zen airean eta, erakusmahai atzekaldeko emakumeak kolpea gerarazi ahal izan baino lehen, kopetan jo zuen, betondo gainean, eta atzera errebotatu ontzi barruko kristal pusken tintinotsarekin batera. Erakusmahai atzekaldeko emakumeak garrasi sarkorra bota eta zauri odoleztatuaren aldera egin zuen eskuaz, begi gainean, ukurka. Mutikoak intziri batez makilgoxoa utzi eta bizkor kanpora bidea hartu zuen. Karratuguneko aurpegi ilunak hatsa etenda zeuden. Indiarrak orpoak bihurtu eta urrats handika irten zen kafetxetik.
Espaloia zeharkatu eta suminak tinkaturiko aurpegi iluna zuela keinu haserretuz kotxeko atea ireki zuen. Ez-zurien taldeak edifizioko murruan irekitako zulogunea utzi zuen eremu aldera hurbiltzearren. Denek adi-adi behatu zioten nola atea danba jo eta motorea martxan jarri zuen.
Era basatian, leku hartatik urrundu zen, eskuez bolanteari fermuki oraka, hain estuki non artikulazioak zuritzen baitzitzaizkion azal beltzaranaren azpian. Gero bere senera itzuli eta ez nekerik gabe lasaitzera heldu zen; martxa gutxitu zuen; berriro sentitzen zuen nekadura suminaz nahasten zitzaion. Hiritik irtetearren bere denbora hartu zuen, haurrek artean soegiten zioten zerbait ondo ez zihoaneko susmoaz.
Orduan Rayk galdetu zuen: «Amatxo, ez dago kaferik? Eta termoa non dago?»
«Ez, ez dago kaferik, erantzun zuen amak, pasa egin beharko, bildur naiz».
«Nik kafea nahi nuen,» zinkurika Zaida txikiak.
«Txintxo izan,» esan zuen amak. «Amatxo oso nekaturik dago. Akabo berriketa, arren».
«Termoa galdu duzu?» galdetu zuen Rayk.
«Jatorra izan. Isil zaitez une batean,» esan zion amak, eta isiltasunean itzaldu ziren.
Hiriko bazterraldea ibili zuten, zentinelak bezalako ponpa gorriekiko gasolindegi baten ondotik pasatuz. Gero sua egiteko abar-sorta handi bat buru gainean zeraman gizon bat gurutzatu eta azkenez etxe-multzoko azken edifizioen parean arrodatu zuten: kareztaturiko etxola-anabasa, hesituriko oiloak aztaborka, ardien ile mozketarako hangar zahar bat non artilezko bala zikinak pilatzen ziren; bertatik gizon batek, langa baten gainean eserita, pasatzen behatzen zien. Berriz ere, bideak lantza batek bezala erdizkatu zuen kanpoalde hori, gorri, marroia, eta azken zuhaitz berdeak aienatu ziren. Eguzkiak dantza eta binbiliketa egiten zuen eguerdiko mamu baten gisa lur sorgorraren gainean, eta autoaren neumatikoek kurrinka egiten zuten asfalto beltzean. Beren aurrean zirkulazioa zegoen, baina andrea ez zen molestatu aurre hartzen saioka.
Mutilak isilunea eten zuen esanez: «Aitak aterako al gaitu kotxean bueltak ematera?»
«Horixe aterako gaituela, nik bazekiat,» esan zuen Zaidak. «Nahiago diat kotxe hau osaba Ikerena baino».
«Bai baina, berak sarri asko eraman gaitzin kotxez,» osteratu zuen Rayk. «Begira, horra beste txori bat bitxi horietakoa».
«Ama, laster kaferik izango dugu?» galdegin zuen Zaidak.
«Beharbada, laztana. Ikusiko dugu».
Paisaia lehor eta hautseztatu bera desfilatzen zen lehen bezala leihatilen ondotik kotxearen bi aldetara. Bidean aurrerago zirkulazio urria mantsotu egiten zen eta amak azeleragailutik oina altxatu zuen.
«Begira muino horri, esan zuen Rayk, aurpegi bat ematen din».
«Egiazko aurpegia al da?» galdetu zuen Zaidak, kanpora begira.
«Ez egin leloarena,» erantzun zuen Rayk. «Nola izango da ba egiazko aurpegi bat? Antza badin, besterik ez».
Amak martxa gutxitu eta atetik atera zuen burua. Beren aurrean zihoan kotxeaz harantzago errepidetako barrera hauteman zuen.
Bidean zeharka jarrita zeuden kamioneta anti-silitu bat, Land Rover bat kristal eta faroak burdin-harizko maila hertsiek gerizatua, eta hautsez bete automobil bat aurrez aurre geratuta zegoena, barrera bat eratuz, aldi bakoitzean ibilgailu bakar bati bide eman zekion. Alkandora, galtzak eta katxutx kakia janzten zuen polizia bat automobilaren hegalaren kontra jarrita zegoen eta aldean-alde izterretan Sten bat zeukan. Automobilaren bolantean kakiz beste gizon bat zegoen eta hirugarren polizia batek estune ondoan hartua zuen parada gidarien kontrola eta gero zirkulazioa bere agintepean zuelarik.
Aurreko kotxeak martxa gutxitu zuen segadaren parean, gidaria gelditu zen eta poliziak arretaz behatu eta gero, atzera joaz, pasatzeko zeinua egin zion. Autoa itzuri zen, motorea burrunbarazi eta urrundu.
Esku bat altxata, polizia hurrengo kotxerantz itzuli zen eta bapatean bolantean zihoan amak bihotzaren taupadak sentitu zituen. Frenoa jarri eta zain egon zen, begiak pauso laxoz hurreratzen zitzaion silueta kakiarengan tinkatuta. Katxutxaren larru txarolezko biseraren azpian, gizonak gazte itxura zeukan, herri honetan ohizkoa den gorri burilatuaren tinteaz. Irribarre mehe batek tiratzen zizkion ezpainak, bere begiek granitozko printzen tinkotasuna zuten ordea. Tailan lotuta pistola bat zeraman bere zorroan. Hurreratuz zihoala, besteengana itzulita bota zien: «Hauxe dela iruditzen zaidak».
Gizon Stenduna zutundu zen, bere postua utzi gabe. Automobilean, bere lagunak ez zuen andreari begiratzeaz gain beste ezer egin.
«Baia-baia, zure zain geunden,» esan zuen bidean zegoen poliziak, bere irribarre sotila erakutsiz beti. «Ez zenuen pentsatu ohartaraziko zigutenik, ezta?» Haurrek, kotxean geldi, eszena atxikitzen zuten beren begi lausoez.
«Zer dago bada?» galdetu zuen amak leihatilan.
«Ez da zure kontu zer dagoen,» esan zuen poliziak. «Ongi asko dakizu zer dagoen.» Arretaz behatu eta burua astindu zuen. «Bai, jazki beis eta eguzkitako betaurrekoekiko beltxarana. Atxilotuta zaude».
«Baina zer gertatzen da?» bergaldetu zuen andreak erne. Bere ahotsean ez zen urduritasunik, seme-alabengatik kezkaturik izanda ere.
«Ez arduratu horrekin. Jakingo duzu,» esan zion poliziak hozki. «Bazter nahasle bat, hemen liskarretan aritzen diren horietako bat. Ederki ba sukarria bezalako bere begi gogorrak tinkatu zituen andrearengan, atzera joko duzu kotxea, baina gurekin azerikeriarik ez, ezta saiatu ere, aditu? Gure kotxea aurretik eta kamioneta atzetik joango dira, hortan, hobe duzu kontu egitea.» Bere ahotsa glaziar eta mehatxatzailea zen.
«Nora garamatzazue? Seme-alabak Cap aldera eraman behar ditut».
«Hori berdin zait,» esan zuen. «Bazterrak nahasten ibili zara hemendik, ordainduko duzu.» Polizi-autora itzuli eta eskuaz seinale bat egin zuen. Txoferra arrankatu, atzera martxa egin eta bidean berkokatu zen.
«Kotxe horri jarraitu,» esan zuen poliziak. «Beste aldera goaz».
Andrea hitzik gabe geratu zen, alabaina motorea piztu eta polizi-autoaren atzean kokatzeko maniobra egin zuen.
«Ondo. Orain ziririk ez,» esan zuen berriro poliziak. Andreak so egin zion. Gizonaren begiratua izotzezkoa zen. Atzera kamionetara bildu eta barrura igo zen. Andrearen aurreko autoak abiada hartu zuen eta berak gertutik jarraitu.
«Nora goaz, ama?» galdetu zuen Zaidak.
«Lasai egon, eta eutsi egoerari,» esan zuen amak polizi-autoari jarraitzen ziolarik.
Kanpoaldea, gorri eta marroi, hautsez beteta iragaten zen. Lehenago zeharkatu zituzten paisaiak berragertzen ziren beste direkzioan. Zeruko zabalera urdin eta laua dantzan eta kordoka ari zen, ingurura hedatzen zen dekoratu idor eta sastrakatsutik goialdera, ekiaren liluramendu horian.
«Nik kafea edan nahi nuke,» esan zuen Zaida txikiak.