Aurkibidea
Mustur gogorra
Arturo Ambrogi
Sorpresa
Pedro Rivera
Centerfielderra
Sergio Ramirez
Aintzazko minutuak
Ngugi wa Thiong'o
Bake zibila
Chinua Achebe
Kafea biderako
Alex La Guma
Uzta
Bui Hien
Kabareta
Nguyen Sang
Aurkibidea
Mustur gogorra
Arturo Ambrogi
Sorpresa
Pedro Rivera
Centerfielderra
Sergio Ramirez
Aintzazko minutuak
Ngugi wa Thiong'o
Bake zibila
Chinua Achebe
Kafea biderako
Alex La Guma
Uzta
Bui Hien
Kabareta
Nguyen Sang
AINTZAZKO MINUTUAK
Ngugi wa Thiong'o
Jatorrizko izena: Minutes of Glory
euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Ngugi wa Thiong'o idazle keniarrak, Decolonising the Mind: The Politics of Language in African Literature Londresen 1986an argitaratu liburuan, europar hizkuntzetan idazten duten autoreez ari delarik, dio: «Ironiaren ironiaz eta esanak esan, idazle horiek produzitu dutena ez da afrikar literatura. Ingeles literatura manual sail berri baten editoreek, arrazoiz sartu dituzte testu horiek beren azkeneko tomoan, hogeigarren mendeko ingeles literaturari dagokionean; arrazoi beraz ohoratu du frantses Akademiak Senghor frantses hizkuntza eta literaturari eginiko bere erakarpen talentotsuagatik. Tradizio hibrido bat sortu dugu guk, trantsizio tradizioa, gutxiengo baten tradizioa, «literatura afro-europarra» baizik dei ez dezakeguna. Autore onak eta benetazko baliodun obrak eman ditu: Chinua Achebe, Wole Soyinka, Ayi Kwei Armah, Semb'ene Ousmane, Agostinho Neto, Sedar Senghor eta beste asko. Zeinek uka horien talentua? Irudimen emankorreko beren produkzioek Berlingo konferentzia [1885eko Berlingo konferentzian Frantzia, Britainia Handia, Portugal, Alemania eta Belgikak beren artean partitu zuten Afrika] eta gero gertatutakoaren ondorio politiko eta ekonomikoen aurkako borrokan afrikar izaeraren garrantzizko alderdiak argitu dituzte. Baina ez gaitezen engaina! Beren idazkiak afro-europar tradizioari dagozkio, neokolonia giroan europar kapitalaren Afrikaren gaineko menpekotasunak irauten duena iraungo duena seguruenera. Afro-europar literatura afrikarrek inperialismoaren aroan europar hizkuntzetan idatzitakoa legez definitu daiteke.»
Ngugik, nekazari familia batekoa, kikuyu hizkuntzaz egin zituen bere lehen mailako ikasketak, abertzaleek kudeatzen zuten eskola batean. 1952an berriz, Mau-Mauen altxamenduaren hasierarekin, ingelesek urgentziazko estatua dekretatu zuten eta ingelesezko eskolak derrigortu. Ngugik segitu du ikasten... 1963.a dugu Keniaren independentziaren urtea...
1977an Nairobiko Unibertsitatean aritzen zen lanean, eta auzogune bateko hezkuntza-zentro komunitario batean ere eskolak ematen zituen. Bertako langile-nekazariek antzerki obra bat eskatu diote eta, idazlearen galdera orduan: zerez eskribitu? Kikuyuaren alde egin zuen apustu ordura arte ingelesez idatzi zuen Ngugik. Arrakasta handia izan omen zuen obrak, eta hartara gobernutik etorri zen debekua eta haren ondorioz Ngugi atxilotu zuten. Kartzelan egin urtebetean, Caitaani Mutharabaini, kikuyuz idatziriko bere lehen nobela idatzi zuen [Devil on the Cross (Deabrua gurutzean) izenarekin itzuli zuen berak eta Londreseko Heinemann-ek 1987an publikatu]. 15.000 ale saldu zituen, oso harrera ontzat jo dezakeguna. 1982an, atzerrian zebilelarik, Nairobitik iritsi zitzaion abisua, itzuliz gero atzera atxilotuko zutela. Kanpoan idatzitakoa da, izan ere, Decolonising the Mind hori. Alabaina, Ngugik egina du aukera: aurrerantzean bere ama hizkuntza duen kikuyuz, edota kiswahiliz idatziko du soilik.
«Nonahi izan naizelarik kontatzen digu, aipatu liburu berean, galdera berari erantzun behar izan diot: «Zergatik idazten duzu kikuyuz orain?» Unibertsitate giro zenbaitetan, aurpegiratu didate: «Zergatik utzi gaituzu?» Kikuyuz idaztea erabakiz zerbait anormala egiten dudala pentsa liteke. Neure ama hizkuntza dut eta! Beste kulturatan begi-bistakoa denak harritu egiten du afrikar idazlearenean, eta horrek erakusten du zein puntutaraino itxuragabetu ditu inperialismoak gure errealitateak. Egiaz, Afrikak aberasten du Europa; baina Afrikari miseriatik irteteko Europaren beharra daukala sinistarazten zaio».
»Kikuyuz idaztea, Keniako hizkuntza batez, afrikar hizkuntza batez idaztea, afrikar eta keniar herrien inperialismoaren aurkako borroketan parte hartzea dela uste dut nik. Eskola eta unibertsitateetan, gure keniar hizkuntzak Kenya osatzen duten herri desberdinen hizkuntzak atributo negatiboekin lotu izan dira: atzerapena, azpidesarroiloa, miseria. (...) Ez ditut keniar haurrak tradizio horretan hazten ikusi nahi. Kolonialismoaren alienazioa gaindi dezaten nahi dut».
Ngugiren beste nobela batzuk: Weep Not, Child (1965); The River Between (1965); A Grain of Wheat (1966); Secret Lives (1975); Petals of Blood (1977). Denak Heinemann argitaletxeak publikatu ditu. Beste saiakera liburu batzuk: Homecoming (1981); Detai ned (1981); Barrel of A Pen (1983). Kikuyuz azken urteotan umeentzako hiru liburu eta Matigari Ma Njiruungi nobela idatzi ditu.
Izena Wanjiru zuen. Baina nahiago zuen bere izen kristaua, Beatrice. Garbiagoa ematen zuen eta ederragoa. Ez zen neska itsusia horregatik; baina ederra zenik ere ez zitekeen esan. Gorputzak, iluna eta haragiz hornitua, itxura bazuen, bai, baina izpirituaz betetzeko zain zegoela zirudien. Garagardotegietan lan egiten zuen, non emakumeen semeek beren barne bizitzak garagardo latetan eta bitsetan itotzera joaten ziren. Inork ez zuen kontutan hartzen. Salbu, beharbada, nagusiren batek edo bezero jasan txarrekoren batek haren izena ozenki esaten zuenean, Beatrice; orduan beste bezeroek buruak altxa zitzaketen pixka batean, segundo batzuk, izen dotore haren jabea nor ote zen ikusteko, baina han inor aurkitzen ez zutenez gero, edateari ekingo zioten berriz, txiste gordinei, barrealdiei eta beste neska zerbitzariekin zituzten jolasei. Hegan doan txori zauritua bezalakoa zen: noizean behin lurreratze larriak izango zituen, baina hala ere, alde batetik bestera zanbuluka zebilen eta horregatik erraz topa zitekeen hura Alaskan, Paradisen, The Modernen, Thomen zein beste edozein garagardotegitan Limuru guztian zehar. Batzuetan nagusi haserreren batek bezeroak nahikoa erakartzen ez zituela uste zuelako gertatzen zen hori; ezer esan gabe botako zuen, soldatarik ordaindu gabe. Aldameneko tabernaraino joango zen zanbuluka. Baina bestetan, eguneroko eszena ezagunen lekuko zelarik, habia berean egoten aspertu egiten zen besterik gabe; bera baino zalantzarik gabe itsusiagoak ziren neskak gizongai ugariz inguraturik ikusten zituen taberna ixteko orduetan. Zer dute, bada, horiek nik ez dudanik? galdetuko zion bere buruari, atsekabeturik. Taberna baten erregetza izatearekin amets egiten zuen, bertan agintarietako bat behintzat izango zelarik, eta bezeroek garagardo opariak eskainiko zizkiotelarik, irribarre alperrik galduak eta askotan biraoak, zeinek desioa eta maitasuna gehiago adierazten baitzuten gorrotoa baino.
Limuru herria bera utzi eta perretxikuen erara sortutako inguruko auzuneetan lan bila ahalegindu zen. Ngararigan lan egin zuen, Kamirithon, Rirohin eta baita Tiekunun ere eta leku guztietan gauza bera gertatzen zen. Oi, bai, noizean behin bezeroren bat lor zezakeen, baina inor ez zen berak nahi nukeen moduan berataz arduratzen, inork ez zuen beragatik borrokatzeko adina maite. Bera zen beti xentimorik gabeko bezeroen azken irtenbidea. Ez zuten itxurarik ere egiten, ez zegoen berarentzat gizonezkoek bostgarren Tusker botila edan ondoren eskaintzen duten itxurazko gozotasunik. Hurrengo gauean edo ordainketa jasoko zuen egunean, bezero berberak ezagutzen ez zuenarena egingo zuen; dirua behar baino jarraitzaile gehiago zituzten neskenganako erabiltzen ahaleginduko zen.
Honek atsekabetzen zuen. Neska bakoitza bere aurkakotzat hartzen zuen eta zapuztu egiten zen. Nyaguthii zen bereziki haragi minduan ziztatzen zitzaion arantza. Nyaguthii, harro eta isila, baina gizonezkoak beti etxe inguruan zituena; Nyaguthiik aspertua zirudikeen, jasan txarrekoa edo besteak erabat gutxiesten zituena eta, hala ere, gizonezkoek hari eutsiko zioten, hitz gogorrak, ezpain zimurtuak eta emakume aske baten begi axolagabeen zigorrak gustokoak balituzte bezala. Nyaguthii ere hegan zebilen txoria zen, leku batean geratzeko inoiz gai ez zena, baina berari hura aldaketa eta kilikaduren gose zelako gertatzen zitzaion: aurpegi berriak eta leku berriak bere konkistetarako. Honek benetan atsekabetzen zuen Beatrice. Neska hura zen berari izatea gustatuko litzaiokeena, erabat sarturik eta aldi berean tabernetako bortxakeria eta sexuaren azpimunduaren gainetik baitzegoen. Beatrice joaten zen lekura joaten zela haren atzetik joango zen lehenago edo beranduago Nyaguthiiren itzal luzea.
Limurutik ihes egin zuen Ilmorogera, Chiri district-era joateko. Ilmorog garai batean mamuen herria zen, baina bizitzara berpiztu zuen emakurne zahar batek, Nyang'endo, zeinari pop talde guztiek beren ordaina eman baitzioten. Hari buruz abesten zuten Muthuu abeslari gazteak eta Muchun g'wak:
Nairobi utzi nuenean Ilmorogera joateko
Ez nukeen inoiz pentsatuko
Ume zoragarri hau erdituko nuenik
Nyang'endo.
Horrenbestez, Ilmorog itxaropenaren herritzat hartua izango zen, bertan nekaturik eta zapaldurik zegoenak atseden eta ur freskoa aurkituko zituelarik. Baina berriro ere Nyaguthii joan zitzaion atzetik.
Ikusi zuen Ilmorog ez zela, esaten zutenaren aurka, abestiek ziotenaren aurka, Limururen oso desberdina. Asmabide desberdinak erabili zituen. Jantziak? Baina han ere ez zuen nahikoa irabazten janzki disdiratsuak erosteko. Zer ziren hilabetean hirurogeita hamabost shilling etxe errentarik gabe, posho, lana zuten senargairik gabe? Tenore hartan, Ambi iritsi zen Ilmorogera, eta Beatricek hura izan zitekeela erantzuna pentsatu zuen. Ez al zituen bada berak, Limurun, bera baino beltzagoak ziren neskak egun batetik bestera itsusi baino itsusiagoak izatetik izar zuri izatera aldatzen ikusi azala zuritzeko krema haien ukitu hutsarekin? Eta gizonezkoek bizirik jango zituzketen eta baita ere gehiegizko harrotasunez hitz egin beren andregai jaio berriez. Gizonezkoak izaki bitxiak ziren, pentsatzen zuen Beatricek azterketa arakatzaileak egiten zituela. Bero bero hitz egiten zuten Ambi, Butone, Firesnow, Moonsnow, ileorde, ile leunaren aurka; baina beti Ambi azala zuritzekoa zeramaten eta burua europarren eta indiarren ilea imitatuz eginiko ileordeez estalirik zuten nesken atzetik joaten ziren. Beatrice ez zen inoiz saiatzen beltza izateari zion gorrotoaren sustraiak bilatzen, kontraesana onartzen zuen besterik gabe eta Ambira jotzen zuen mendeku bila. Bere lotsa beltza ezabatu behar zuen. Baina Ambi hura ere ezin zuen nahi adina erabili; aurpegi eta besoetan bakarrik eman zezakeen eta horrela hankek eta lepoak belztasuna gordetzen zuten. Gainera baziren aurpegian zatiak iritsi ezin zituenak belarri atzetan eta betile gainetan, adibidez, eta hauek beti ziren lotsa sentitzeko eta Ambi-self harekin haserre egoteko motibu.
Beti gogoratuko zituen Ambiren garai haiek lotsarik handienak pasa izandako uneak bezala bere aintzazko minutuak iritsi aurretik. Ilmorogeko Starlight ostatu-tabernan lan egiten zuen. Nyaguthii pultseraz betetako eskuekin eta belarritako ikaragarriekin, erakusmahaiaren atzean aritzen zen lanean. Nagusia kristau ona zen, elizara joaten zena eta Harambee proiektuekiko bere zerga guztiak ordaintzen zituena. Tripontzia. Ilea urdindurik zuena. Ahots gozokoa. Famili gizon errespetagarria, Ilmorogen oso ezaguna. Langilea zen baita ere, tabernatik ez baitzen ixteko ordura arte ateratzen, edo zehazkiago Nyaguthiik alde egiten zuen arte. Haren begiek ez zuten beste neskarik ikusten; bere atzetik zebilen eta izkutuan erropak oparitzen zizkion, haiengatik eskerrik batere jaso gabe. Promesa besterik ez. Hurrengo egunerako esperantza besterik ez. Beste neskei laurogei shilling ematen zizkien hilero. Nyaguthiik bere gela zuen. Nyaguthiik nahi zuenean jaikitzen zen diru kontaketa egitera. Baina Beatrice eta beste neskak bostetarako edo jaiki, bezeroentzat tea prestatu eta taberna eta ontziak garbitu behar izaten zituzten. Gero tabernan ibiliko ziren atzera eta aurrera eta txandaka ordu biak arte egingo zuten lan eta orduan atseden txiki bat hartuko zuten. Bostetan, han egon beharra zuten berriz, bezeroentzat prest eta orduan emango zizkieten garagardo bits ugarikoak eta irribarreak hamabiak arte edo, Tucker eta Pilsener gehiago edateko egarriak zeuden bezeroak han geratzen ziren bitartean. Beatrice askotan atsekabezen zuena zen, nahiz eta berari zegokionean berdin zitzaion bide bat hartu edo bestea, nagusiak neskek Starlighten lo egin behar zutela behin eta berriro esatea. Berandu iritsiko ziren bestela lanera, esaten zuen. Baina benetan nahi zuena zen neskek gorputzak erabili zitzaten bezero gehiago erakartzeko. Neska gehienek, Nyaguthii buru zutela, aurpegi eman zioten arauari eta begiralea erosi egin zuten ateratzen eta sartzen utz ziezaien. Haiek beren ohizko edo gau bateko senargaiak libre zeuden tokietan ikusi nahi zituzten eta ez tabernaritzat hartuak izango zirenetan. Beatricek beti bertan lo egiten zuen. Noizean behin izaten zituen gau bateko bezeroek ahal zuten gutxiena gastatu nahi izaten zuten. Gau bateau nagusia, Nyaguthiik ezetza eman ziolarik, beragana joan zen. Hasi zitzaion lanean egiten zituen akatsak aipatzen; denetatik esan zion, gero berriz bapatean laudorioka hasi zitzaion, nahiz eta gorrotoz hitz egin, ia mespretxatuz. Heldu zion, berarekin borrokan aritu zen, tripontzia, ilea urdindurik, eta beste guztia. Beatricek nazka arraroa sentitu zuen gizon haren aurka. Ezin zuen, ez zuen onartuko zuela hain denbora gutxi Nyaguthiik baztertu zuena. Ene Jauna, negar egin zuen bere baitan, zer du Nyaguthiik nik ez dudana? Gizonak orduan burua makurtu zuen bere aurrean. Erregutu egin zion. Zin egin zion opariak egingo zizkiola. Baina berak ezin zuen etsi. Gau hartan berak ere aurpegi eman zion arauari. Leihotik jauzi egin zuen; ohe bila joan zen beste taberna batera eta ez zen seiak arte itzuli. Nagusiak deitu zion besteen aurrean eta kalera bota zuen. Baina Beatrice harriturik zegoen berak egindakoarekin.
Hilabete egon zen lanik egin gabe. Gela batean eta bestean bizi zen beste nesken mesede aldakorraren arauera. Ez zuen nahikoa indar Ilmorog utzi eta herri berri batean berriz hasteko. Zauriak min ematen zion. Alde batetik bestera ibiltzen asperturik zegoen. Ambi erabiltzeari utzi zion. Dirurik ez. Ispiluan bere buruari begiratu zion. Zahartu egin zen, urtebete eskas igaro zen pekatuan erori zenetik. Orduan zergatik lotsatu, galdegingo zion bere buruari. Baina nolabait izutu egiten zen maitaleak galdegitearekin edo zuzen-zuzenean gorputza diruaren truke saldu beharrarekin. Berak lan garbia nahi zuen eta gizon bat edo batzuk bera zainduko zutenak. Beharbada gizon baten beharra, etxe batena, ume batena eraman zituen berarekin ohera. Beharbada benetako behar horiek uxatzen zituen tabernako neskengandik beste gauzak nahi zituzten gizonak. Gauean berandu arte negar egiten zuen eta etxea zuen gogoan. Une haietan, amaren herria Nyerin lur gainean zegoen lekurik eztiena iruditzen zitzaion. Aitaren eta amaren nekazari bizitza ilusio erromantikoz edo neurrigabeko pake eta armoniaz inguratuko zituen. Etxera itzuli eta haiek ikusi nahi zituen. Baina nola itzul zitekeen esku hutsik? Era batera nahiz bestera leku hura oroitzapenean zuen urrutiko paisaia zen orduan. Bizitza han zuen, tabernan, jendetza ezezagun galdu haren artean. Pekatuan erorita, pekatuan erorita. Inoiz lurrarekin, uztarekin, haizearekin eta ilargiarekin bateratuko ez zen belaunaldi baten partaide zen. Ez zituen ezagutuko zurrumurruak hesi ilunetan, ezta ere dantzarik, ez maitasuna egiterik ilargiaren argipean, ondoan Tumu Tumuko muinoak gora eta gora zerua ukitu nahian zeudelarik. Gogoan zuen bere herriko neska hura, zeinak itxuran bizitza ospetsua eraman arren Limuruko gizon aberats baten eta bestearen maitale ordaindua zelarik, bere burua ito baitzuen. Heriotzaren misterioak beldurtzen zuen belaunaldi hura, ia bizitzaren misterioaz intsentsible balitz bezala; izan ere, zenbat ama ezkongabek bota zituen haurrak komunetara xarma hura ez galtzearren? Neska haren heriotza txiste gai bihurtu zen. Alde egin zuen minik hartu gabe, esaten zuten. Beranduago, aste oso batez, Beatrice alde egite hartaz pentsatzen aritu zen. Baina ezin zuen bere burua hartara bultzatu.
Maitasuna nahi zuen; bizitza nahi zuen.
Taberna berri bat ireki zuten Ilmorogen. Treetop taberna, ostatua eta jatetxea. Zergatik Treetop izena, Beatricek ez zuen ulertzen, ez baldin bazen etxea solairu-eraikuntza zelako: te-denda bebarruan eta garagardotegia gela batean, goiko solairuan. Gainontzekoa gelaz osaturik zegoen host minututarako edo eta gau osorako bezeroentzat. Nagusia funtzionari izandako gizona zen, baina oraindik politikan sartuta zebilen horietakoa. Oso aberatsa zen eta negozio eremuak eta entrepresak zituen Kenyako hiri nagusi guztietan. Handi-mandi ugari etortzen zen taberna honetara lurralde osotik. Gizon handiak Mercedes autoetan. Gizon handiak Bentley autoetan. Gizon handiak Jaguar eta Daimler autoetan. Gizon handiak jantzi berezitako gidariak zituztenak, zeinak autoetan erdi lotan zain asperturik egoten ziren. Baziren beste batzuk hain handi ez zirenak eta ospetsu haien aurrean beren buruak errespetuz makurtzera joaten zirenak. Gehienbat politikaz aritzen ziren. Eta beraien lanaz. Esamesaka aritzea ere oso normala zen. Ez al dakizu? Bada, halakok eta halakok gora egin dute. Benetan? Eta halako eta halako kalera bota dituzte. Diru publikoaren xahutzeak. Hain ergela izatea ere. Ez da batere argia izan. Eztabaidan aritzen ziren, tirabirak izaten zituzten, batzuetan borroka ere egiten zuten, batez ere hauteskunde garaian. Bat etortzeko puntu bakarra zen denek uste zutela Luoko biztanlegoa zela Kenyako arazo guztien sustraia; intelektual horiek eta Unibertsitateko ikasleak laguntzazko eta harrotasunezko dorre batean bizi ziren; Kiambu horiek aurrerapenen zatirik hoberena baino gehiago ari ziren berenganatzen eta Chiri district-en ere sartzen ari ziren; langile afrikar horiek, etxaldeetakoak batez ere alper hutsak ziren eta «gure» inbiritan bizi ziren, geure buruak bapateko aberastasunera izerdiaren izerdiz eraman genituelako. Bestela beren buruei laudorioka arituko ziren edo besteei gorespenak ordainetan ematen. Zenbaitetan mozkorraldiaren puntu gorenean edo norbere laudorio garaian, haietako batek bi garagardo erronda eskatuko zituen tabernan ziren gizon guztientzat. Ilmorogeko pobreenak ere joango ziren Treetopera aberats berri haien ondora afaltzera.
Hemen lan egiten zuen Beatricek eskobatzen eta oheak egiten. Aste batzuk igaro bitartean handitasunetik hurbil sentitu zen. Oheak egiten zituen aurretik izen soil gisa ezagutzen zituen gizonentzat. Ikusten zuen nola pobrea zenak ere edaten eta handiarena egiten ahalegintzen zen handiaren aurrean. Baina berehala harrapatu zuen patuak. Neskak beste tabernetatik Treetopera etorri ziren. Limurun ezagutu zituen neskak, Ilmorogen ezagutu zituen neskak. Eta gehienak gizon bati edo batzuei lotuak, askotan beren maitale ugariekin ezkutuka ez harrapatzeko jokoan aritzen zirenak. Eta Nyaguthii han zegoen erakusmahaiaren atzean, aberats eta pobreen begiak begira zituelarik. Eta hark, bere begi handi haiekin, bere pultseraz betetako esku eta belarritako haiekin, axolagabe itxura berbera mantentzen zuen. Beatrice eskobatzaile eta ohe egile zenez gero are ikustezinagoa bilakatu zen. Fortuna hobeagoko neskek gutxiesten zuten.
Bizitza eta ametsen artean borrokan zebilen. Eta ohetan erdi itotako garrasietan eta putzu batean amaitutako bost minututako borrokak ikusi zituzten ohetan maindire garbiak jarri atsedenetan, leiho ondoan egongo zen auto eta gidariei begira eta horregatik berehala ezagutu zituen nagusi guztiak autoen matrikulagatik eta gidarien jantzi bereziengatik. Maitaleak zituela amets egiten zuen, bere bila birentzat egindako Mercedes auto deportibo disdiratsuetan etortzen zirenak. Bere burua ikusten zuen haietako maitale batekin eskutik hartuta, Nairobi eta Mombasako kaleetan ibiltzen, lurrean takoi luzeen hotsa entzuten zelarik, pauso arin eta motzak. Eta bat-batean geratu egingo zen erakusleiho baten aurrean, orduantxe esanez, Oi maitea, ez didazu erosiko...? Erosi zer? galdegingo zuen besteak, gezurretazko haserrea adieraziz. Galtzerdi horiek, maitea. Etenik eta zulorik ez zuten galtzerdi pare desberdinen jabe zelarik ikusten zuen bere zoriona. Inoiz ez zituen gauza zaharrak konponduko. Inoiz ez, inoiz ez. Ulertzen duzu? Inoiz ez. Hurrena kolore desberdinetako ileordeen jabe harroa zen, ileorde horiak, beltzak, gorriak, ileorde afrikarrak, ileordeak, ileordeak, munduko ileorde guztiak. Orduan bai eta orduan bakarrik mundu osoak abestuko zion aleluia Beatriceri. Une haietan handietsia sentituko zen, izakera ilun hartatik aterata, ez zen handik aurrera eskobatzaile eta host minututako maitasun laburretako ohe egile izango, baizik eta Beatrice, Wangu Makeriren oinordekoa, gizonei haren gorputza biluzik ilargiaren argipean ikusteak dardara eragiten ziena, Nyang'endoren alaba, Ilmorog berriaren fundatzailea, zeinari buruz askotan abestu baitzuten zenbait maitale inpotente lagatu zituela.
Gero gizaseme hartan erreparatu zuen, eta bere ametsetako maitaleen aurkakoa zen. Larunbat arratsalde batean etorri zen bost toneladatako kamioi handi bat gidatzen zuelarik. Benz, Jaguar eta Daimler autoen ondoan utzi zuen kamioia kontu handiz, ez kamioiak uzten diren bezala, baizik argizaria emanik zuten burnizko egitura disdiratsu haietako bat balitz bezala, hartaz ere besteak bezain harro zegoela zirudielarik. Janzki gris handia zeraman eta haren gainean pisu handiko berokia, kaki kolorekoa. Berokia erantzi, ongi tolestatu, eta aurreko eserlekuan jarri zuen. Ate guztiak itxi zituen, hautsa gainetik pixka bat astindu eta gero kamioi inguruan begiratu zuen kalterik ote zuen ikusi nahian bezala. Treetopera sartu baino pauso batzuk lehenago, atzera begiratu zuen kamioia azken aldiz inguruko gauzak nola txikiagotzen zituen ikusteko. Treetopen bazter batean eseri zen eta, ahots ausart ozen xamarrez, Kenya bat eskatu zuen. Gustura edan zuen, aldi berean aurpegi ezagunen bat bilatzen zuelarik. Ezagutu ere ezagutu zuen handi-mandi haietako bat eta berehala eskatu zuen harentzat laurdeneko botila bat 69rena. Hark buru keinu soil batez onartu zuen eta irribarre babesle batez, baina eskaintza hari elkarrizketa erantsi nahi izan zionean, erabat baztertua izan zen. Harri eta zur geratu zen, Muratina barruan urperatu zuen bere burua. Baina une batez besterik ez. Berriz ahalegindu zen: kopeta iluneko aurpegiak topatu zituen. Tamalgarriagoa izan zen txisteetan parte hartzeko ahalegina; barre algara ozenegiak egingo zituen, handi-mandi haiek isilarazi zituen eta airean bakarrik lagatu zuten. Beranduago iluntzean zutik jarri zen, ehuneko shilling dirupaper berriak kontatu eta Nyaguthiiri denen aurrean eman zizkion erakusmahaiaren atzean arriskurik gabe gorde zitzan. Jendea marmarka hasi zen; ahopeka hitz egin zuen; batzuek barre egin zuten, iseka egin nahian edo, nahiz eta txundituta egon. Baina gertakizun hark ere ez zion berehalako onespenik eman. Alokaturik zuen 7. gelara joan zen balantzaka. Beatricek giltzak eman zizkion. Gizonak istant batez begiratu zion, gero beste aldera begiratu zuen.
Handik aurrera larunbatero joaten zen. Bostetan, handi-mandi gehienak eserita zeudela. Zeremonia berbera errepikatzen zuen, diruaren ekintza ezik, eta beti huts egiten zuen. Ia beti bazter berberean eseritzen zen eta beti 7. gela alokatzen zuen. Beatricek gero eta gehiago espero zituen haren ikustaldiak eta, konturatu gabe, gela harentzat prestatzen zuen. Askotan, handi-mandiek gogor iraintzen zutenean, Beatrice geldiarazi eta berarekin hitz egingo zuen, edo hobeto esan, bere buruarekin hitz egingo zuen Beatriceren aurrean. Harentzat bizitza borroka latza izan zen. Ez zen inoiz eskolara joan, eskoladun izatea desiratu izan zuen arren. Inoiz ez zuen aukerarik izan. Aitak legez kanpoko lanpostua zuen Rift haraneko europarrak finkaturik zeuden lurraldeetan. Honek gauza asko adierazten zituen kolonizazio garai haietan. Beste gauza askoren artean adierazten zuen gizon hura eta bere haurrak zigorturik zeudela etorkizunean izerdia bota eta lan gogorrak egitera zuri madarikatuentzat eta haien seme alabentzat. Askatasun borrokan parte hartu zuen eta besteak bezalaxe atxilotu egin zuten. Atxiloketatik amak mundura ekarri bezalaxe atera zen. Ezer gabe. Independentzia garaian konturatu zen agintaritzaren postu berrietara eraman zezakeen heziketarik ez zuela. Ikazkina izan zen hasieran, gero harakina, pixkanaka lan eginez Rift haranetik eta Chiri district-etatik Nairobira barazkiak eta patatak zeramatzan garraiatzailerik handiena izatera heldu zen. Harro zegoen lortutakoarekin. Baina amorratu egiten zen ondasunera diru laguntza eta hezkuntza babestuaren bidez iritsi zirenek ez zutelako beren taldean onartzen. Ozenki mintzatuz aurrera egingo zuen, berak izan ez zuen hezkuntzaz luze solastatuz eta bere seme alabek izango zituzten aukera hobeei buruz hitz eginez. Orduan dirua poliki poliki kontatuko zuen, burkoaren azpian jarri, eta gero Beatrice kanpora bidaliko zuen. Noizean behin garagardoa erosiko lion, baina ez zen emakumeez batere fidatzen eta gizonen dirujaletzat zituen. Ez zegoen ezkonduta artean.
Gau batean berarekin egin zuen lo. Goizean hogei shillingetako dirupaperaren bila ibili zen eta hari eman zion. Dirua onartu zuen errudun sentipen bitxia bere baitan sonatu zuelarik. Zenbait astetan gauza bera egin zuen. Berari ez zitzaion dirua axola. Erabilgarria zen. Baina bere gorputzaren truke patata zakuaren truke edo aza zakuaren ruke ordainduko lukeen bezalaxe ordaintzen zuen. Libra bat eman eta ordaindurik zituen zerbitzu guztiak: entzule zatearena, goiko haien aurkako errenkuren ontzi izatea-ena, eta gizon zamaren gau bateko jasoleku izatearena. Aspertzen hasia zen haren ego-arekin, esanahiez inoiz aliatzen ez ziren istorioekin, baina nolabait gizon haren baian, barru barruan, zerbait bazegoela sumatzen zuen, sua, hazia, lore bat zimeltzen hasi zena. Haren baitan adiskide galtzailea ikusten zuen eta haren ikustaldiak espero zituen. Norbaitekin hitz egiteko gogoa ere bazuen. Bera ulertuko men gizaki batengan konfiantza izateko gogoa ere bamen.
Eta hala egin zuen larunbat gau batean, bapatean gora egiteko zailtasunen gizonaren istorioa eten eginez. Ez zekien zergatik egin zuen. Agian kanpoan ari zuen euriagatik izan zen. Goxo goxo jotzen zuen kanpoko uralitazko estalkian, zarata haren bidez axolagabetasun epel eta loguretsua sortuz. Entzungo zuen. Entzun beharra zuen. Ayeriko Karatinan jaio zen. Bi anaia soldadu britainiarrek hil zituzten tiroz. Beste bat atxiloturik zegoela hil zen. Bera, nolabait esateko, alaba bakarra zen. Gurasoak pobreak zituen. Baina haien lur muturra gogor landuta eskolako leten mailako errezibuak ordaintzera iritsi ziren. Sei urtez lana gogor egin zuen. Zazpigarrenean zertxobait lasaitu zen nonbait. Ez zuen nota onik atera. Noski ezagutzen zituela antzeko notak zituztenak eta hala ere bigarren mailako eskola ofizial onetara joateko aukeratuak izan zirenak. Ezagutzen zituen beste batzuk ere nota okerragoak zituztenak eta oso izen handiko eskoletara joan zirenak jende ezagunarengana jo eta haren eraginez. Baina bera ez zuten deitu ordainketa zentzuzkoa zuen inongo goi mailako eskolatara. Gurasoek ezin zuten Harambeeko eskolarik ordaindu. Eta ez zuen hitzik ere entzungo zazpigarren maila errepikatzeaz. Etxean geratu zen gurasoekin. Noizean behin shamban eta etxeko lanetan lagunduko zien. Baina ez pentsa: iragandako sei urtetan gurasoekin izandakoaren ondoan oso bizitza desberdina eraman zuen. Herriko bizimodua alperrikakoa zen. Karatina eta Nyerira askotan joango zen lan bila. Bulego guztietan galdera berberak egingo zizkioten: ze lan mota nahi duzu? Zer dakizu egiten? Makinaz idazten badakizu? Takigrafian idazten badakizu? Lur jota zegoen. Nyerin gertatu zen; denda batean Fanta edaten ari zela, malkoak begietan zituelarik, janzki iluna eta eguzkitarako betaurrekoak zeramatzan gizon gazte bat ezagutu zuen. Bere egoera tamalgarria ikusi eta hitz egin zion. Nairobitarra zen. Lan bila? Erraza da; hiri handi batean ez da batere zailtasunik izaten lana aurkitzeko. Benetan lagundu nahi zion. Garraio modurik? Hark autoa zuen, Peugeot hori eta zuria. Zerua. Ibilaldi polita izan zen, egunsentiaren itxaropena zuena. Nairobi. Terrace tabernaraino eraman zuen autoan. Garagardoa edan eta Nairobiz hitz egin zuten. Leihotik ikus zitezkeen hiriko neonargiak eta bazekien han itxaropena bazela. Gau hartan bere burua eta gorputza gizon hari eskaini zizkion, egunsentiaren itxaropenak alai eta disdiratsu sentiarazten zuelarik. Lo zerraldo egin zuen. Goizean esnatu zenean, autoa horia eta zuria zuen gizona ez zegoen han. Ez zuen handik aurrera inoiz ikusi. Halaxe hasi zuen tabernari bizimodua. Eta urte t'erdi zen gurasoak ez zituela ikusten. Beatrice negarrez hasi zen. Bere buruari errukiz negar zotin handiak. Lotsa eta alde batetik bestera ibili beharra gertatu berriegi zituen. Inoiz ez zen tabernako kulturara egokitu, beti pentsatu zuen bere bidean zerbait hobea aurkituko zuela. Baina eskuak loturik zituen, hura zen ezagutzen zuen bizimodu bakarra, hango lege eta arauak inoiz ikasi ez bazituen ere. Arnasestuka hasi zen berriz, malkoak kanpora ateratzen zitzaizkiolarik zotin bakoitzarekin. Orduan bapatean harri eta zur geratu zen. Negarra airean geratu zitzaion. Gizonak burua estalirik zuen. Haren zurrungak izugarriak eta zalantzarik ez izateko modukoak ziren.
Bertan modu arraro batean lurpean sartzen zela sentitu zuen. Gero umore txarreko samindura isuri zen bere baitan. Garrasi egin nahi izan zuen huts egite berri hartaz. Ezagutu zituen gizonak gupidarik gabe erabili zutenak, bere lotsei barre egin ziotenak, haiek bere errugabetasuna erakusteagatik egiten zituen hutsaleko saioak zirela pentsatzen zutenak. Dena onartu zuen. Baina hau ez, Jauna, hau ez. Ez al zen gizon hura adiskide galtzailea? Ez al zituen hark, larunbat batean eta bestean, minak arindu' bere aurrean? Ordaindurik zituen giza zerbitzuak; ordaindurik zuen bere erantzukizuna Tusker botilen bidez eta goizean dirua ordainduta. Bere barne barneko gatazkak haren lo kanta izan ziren. Eta bat-batean bere baitan zerbaitek hots egin zuen. Urte t'erdiko gorroto guztia, jasandako irainen aurkako mingostasun guztia zuzen zuzenean haren aurka jarri zuen.
Ondoren egin zuenak esku adituak duen zehaztasunez egin zuen. Haren begiak ukitu zituen. Lotan zegoela zirudien. Burua altxatu zion. Erortzen utzi zuen. Malkorik gabeko begiak orain hotz zituen eta ezer adierazten ez zutela. Burkoa kendu zion. Haren azpian haztamuka ibili zen bila. Dirua atera zuen. Bost paper arrosa berri berriak atera zituen. Dirua bularretakoaren barruan sartu zuen.
Zazpigarren gelatik atera zen. Kanpoan oraindik euria ari zuen. Ez zuen ohizko lekura lotara joan nahi. Ezin jasango zuen orain armario txikiko gela hura edo gelakidearen hizketaldi harroa. Lokatz eta euri tartean ibili zen. Nyaguthiiren gelarantz zihoala konturatu zen. Atea jo zuen. Ez zuen erantzunik izan. Gero Nyaguthiiren ahots lokartua euri zarata baino ozenago entzun zuen.
«Nor da?»
«Ni naiz. Ireki mesedez».
«Nor?»
«Beatrice».
«Gaueko garai honetan?»
«Mesedez».
Argiak piztu zituen. Zerrailak ireki. Atea zabaidu. Beatrice gelan sartu zen. Nyaguthii eta biak aurrez aurre geratu ziren. Nyaguthiik azpiko gona gardena zeraman eta sorbalda gainean jertse berdea.
«Beatrice, zerbait gertatu al zaizu?» galdetu zuen azkenean, ahotsak nolabaiteko kezka adierazten zuelarik.
«Atseden hartu al dezaket pixka batean? Nekaturik nago. Eta zurekin hitz egin nahi nuke.» Beatriceren ahotsak ziurtasuna eta indarra hartu zuen.
«Baina zer gertatu da?»
«Galdera bat besterik ez dizut egin nahi, Nyaguthii».
Oraindik zutik zeuden. Orduan, hitzik esan gabe, biak ohean eseri ziren.
«Zergatik alde egin zenuen etxetik, Nyaguthii?» galdetu zuen Beatricek. Beste isilune bat. Nyaguthii gaiderarekin pentsatzen ari zela zirudien. Beatrice zain zegoen. Nyaguthiiren ahotsa entzun zen azkenean dardarti, etenak eginez.
«Historia luzea da, Beatrice. Gurasoak nahiko aberatsak nituen. Kristau onak ere baziren. Araupean bizi ginen. Ez duzu fedegabekoarekin ibili behar. Ez duzu haien ohitura paganoetara joan behar, dantza eta zirkuntzidapen erritoetara, adibidez. Arauak genituen zer, nola, eta noiz jan behar zen esaten zigutenak. Beti neska kristauak bezala ibili behar duzu. Ez zara mutilekin ibiliko. Arauak, arauak leku guztietan. Egun batean eskolatik etxera itzuli ordez antzeko etxea zuen beste neska bat eta biok Eastleighera ihes egin genuen. Ez naiz lau urte hauetan etxera itzuli. Hori da dena».
Beste isilune bat. Gero batak besteari begiratu zion elkarri onespena emanez.
«Beste galdera bat, Nyaguthii. Ez duzu nahitaez erantzun beharrik. Baina beti uste izan dut ni gorrotatzen ninduzula, gutxiesten ninduzula».
«Ez, ez, Beatrice. Ez zaitut inoiz gorrotatu. Ez dut inoiz inor gorratatu. Ezerk ez dit axola eta horixe gertatzen zait. Gizonezkoek ere ez naute orain hunkitzen. Hala ere gustokoak ditut, behar ditut bapateko zirrarak. Begi lausengatzaile faltsu horien arreta behar dut neure burua bizirik sentitzeko. Baina zuk, zuk gauza guzti hauetatik kanpo ematen zenuen nolabait nik ez neukan zer edo zer zeneukan barruan zuk».
Beatricek ia ezin zituen malkoak izkutatu.
Hurrengo egunean goizean goiz, Nairobira zihoan autobus batean sartu zen. Bazaar kalean dendak ikusten ibili zen. Gero Government errepidean eskubitara jo zuen Kenyatta ibilbidera, eta handik Kimathi kalera. Hussein Suleman kaletik gertu zegoen denda batean sartu zen eta galtzerdi pare batzuk erosi zituen. Pare bat jantzi zuen. Gero soineko berri bat erosi zuen. Hura ere jantzi egin zuen. Bata zapatadenda batean zapata takoidunak erosi zituen, jantzi eta zapata zahar takoirik gabeak bota egin zituen. Gero Akamba saltoki batera joan zen eta han belarritakoak jarri zituen. Ispilu batera hurbildu eta bere irudi berriari begiratu zion. Bapatean ikaragarri gosetu zen, bizitza osoa goseak igaro balu bezala. Moti Mahalen aurrean zalantzan geratu zen. Gero aurrera egin zuen, azkenean Fransaera sartu zelarik. Gizonen begiradak erakartzen zuen distira zuen begietan. Honek hunkitu egin zuen. Mahaia bazter batean aukeratu zuen eta curry indiarra eskatu zuen. Gizon batek bere mahaia utzi eta beragana joan zen. Gizonari begiratu zion. Pozik zituen begiak. Gizonak janzki iluna zeraman eta begiek lizunkeriaz hitz egin nahi zuten. Gizonak edari bat erosi zion. Elkarrizketan sar zedin ahaleginak egin zituen. Baina bera isil isilik jaten ari zen. Gizonak eskua mahai azpian sartu eta belaunak ukitu zizkion. Utzi egin zion hura egin zezan. Eskua izterretan gora eta gora abiatu zen. Orduan bat-batean bukatu gabeko janaria eta hasi gabeko edaria bertan behera utzi eta kalera atera zen. Gustura zegoen. Gizona atzetik jarraitu zitzaion. Atzera begiratu gabe ere bazekien. Bere ondoan egin zituen zenbait metro. Irribarre egin zuen, baina ez zion gizonari begiratu. Hark etsi egin zuen. Ginoko erakusleihoa ikusten gizona erdi lotsaturik geratu zenean urrundu zen harengandik. Autobusean Ilmorogera itzultzean gizonezkoek eserlekua eskaintzen zioten. Naturaltasunez onartu egin zuen berak. Treetop tabernan erakusmahaiera joan zen zuzenean. Betiko gizon handien taldea zegoen bertan. Haien elkarrizketa eten egin zen segundo batzuetan bera sartu zenean. Beren begi lizunak berari begira jarri zituzten. Neskek begiratu egiten zioten. Nyaguthiik ere ezin izan zion bere betiko axolagabetasun aspertuari eutsi. Beatricek edariak erosi zituen. Nagusia hurbildu zitzaion egiten zuenarekin oso ziur ez zegoelarik. Berarekin hitz egiteko ahaleginetan hasi zen. Zergatik utzi zuen lana? Non izan zen? Lan egin nahi al zuen Nyaguthiiri laguntzen erakusmahaiaren atzean? Noizean behin? Neska zerbitzari batek ohar bat ekarri zion. Handi-mandi haietako batek galdegiten zuen beraien mahaiera joango ote zen. Ohar gehiago etorri ziren biltoki desberdinetatik galdera berberarekin; libre izango al zen gauean? Baita Nairobira bidaia bat ere. Ez zen erakusmahaietik mugitu. Baina haien edariak onartu zituen, naturaltasunez. Indar berria sentitu zuen, baita ziurtasuna ere.
Shilling bat atera zuen eta musika makinak bat-bateko zarata egin zuen Robinson Mwangiren ahotsa H'uny'u wa Mashambani kanta abesten hasi zenean. Etxaldeetan lan egiten zuten neska gutxietsiez abesten zuen eta hiriko neskekin alderatzen zituen. Gero Kamaru eta D.K. bat jarri zituen. Gizonek berarekin dantza egin nahi zuten. Ez ikusiarena egiten zuen, baina gustatzen zitzaion haiek bere inguruan bueltaka ibiltzea. Gerria mugitzen zuen beste D.K. doinu baten laguntzaz. Gorputza libre zuen. Bere burua libre zuen. Zirrara eta aireko tentsioa zurrupatu zituen.
Halako batean seiak inguruan, bost toneladatako kamioia zuen gizona zalapartaka sartu zen tabernan. Oraingoan beroki militarra zekarren jantzita. Bere atzetik polizia zetorren. Ingurura begiratu zuen. Guztien begiak altxa egin ziren hari begiratzeko. Baina Beatricek aurrera egin zuen gerriak alde batera eta bestera mugituz. Hasieran ezin zuen asmatu Beatrice zela aintzazko minutu eskasak musikaren laguntzaz ospatzen ari zen neska hura. Orduan garrasi egin zuen irabazi zuelakoan. «Hori da neska! Lapurra! Lapurra!»
Jendea eserlekuetan sakabanatu zen. Polizia berarengana joan eta eskuak lotu zizkion. Berak ez zuen indarrik egin. Baina ate ondoan atzera begiratu eta txistua bota zuen. Gero atera egin zen polizia atzean zuelarik.
Tabernan erabateko harridurazko isilunea barre algara alaiean lehertu zen norbaitek bortxarik gabeko lapurreta ezti hartaz txiste bat kontatu zuenean. Eztabaidan jarri zuten haren jarrera. Batzuek esaten zuten astindu egin behar zela neska. Beste batzuek pozik hitz egiten zuten «tabernako neska horietaz.» Beste batzuek berriz beren buruei sinistu ezinean eta kezka nabarmena adieraziz lege hausteen gorakadaz hitz egiten zuten. Ez al zen komeni urkatze zigorra zabaltzea jabetasunaren aurka egindako lapurreta guztietara? Eta ia inor hartaz konturatu gabe host toneladatako kamioia zuen gizona heroia bilakatu zen. Orain galderak egitera eta historia osorik konta zezan eskatzera inguratzen zitzaion jendea. Batzuek edariak ere erosten zizkioten. Harrigarriagoa zena, jendeak entzun egiten zuen, euren isiltasun ernea esker oneko barre algarak eginez azpimarratzen zutelarik. Jabetasunaren aurkako mehatxu hurbilak familia baten gisa bildu zituen. Eta gizonak, lehenengo aldiz onartzen zutelarik bertan, historia gustura kontatu zuen.
Baina erakusmahaiaren atzean Nyaguthii negarrez ari zen.