Su festak
Su festak
2023, saiakera
208 orrialde
978-84-19570-05-5
Azaleko argazkia: J.A. Areta Goñi (juxe)
Jon Urzelai Urbieta
1990, Zumarraga
 
Su festak
2023, saiakera
208 orrialde
978-84-19570-05-5
aurkibidea
 

 

3. HIRIA

 

 

San Frantziskon bueltaka

txino bati su eske

beltzei dantzan begira

eta exekutiboak

autobus geltokian

hanburgesa grasatsuak irensten

Iturraldeko Kontxixi – BAP!!

(Zuria beltzez, 1992, Basati Diskak)

 

 

Gaueko hariek ez dute

orratz begirik xerkatzen

gauaz, finean, hiria

herri zibilizatua da

Itzal zikinakLumi

(Itzal zikinak, 2019, Moï Moï)

 

 

Kultura mexikarrean ohikoak dira piñata koloretsuak urtebetetze festa eta ospakizunetan. Badakizue, makila batez jotzen direnak sari gozoa eskuratzeko gero. Bada horrelakoak saltzen zituen denda baten jabe ziren abizen euskalduneko Sergio eta Monica Lejarazuk lantokia txikituta topatu zuten 2015eko otsaileko ostegun buruzuri batean lanera iristean, bulldozer batek zanpatua. Austinen gertatu zen, Texasen. Etxegabetze arriskuan omen zeuden arren, oraindik abokatuarekin lanean ari zirenez, halako behin betiko ekintzarik ezin aurreikus zezaketen. Hautsak harrotu zituen kontuak: protestak areagotu ziren, auzoan gertatzen ari zenaren erakusle omen baitzen.

      Sergio Lejarazu kexu zen, ordura arte ohikoak ziren txikano, beltz, etorkin eta, oro har, langile klaseko biztanleak inguru hartatik kanporatuak izaten ari baitziren, urtez urte igotzen ari ziren errentak ezin ordainduta. Eraitsi zieten denda zegoen orubea South By Southwest edo sxsw musika jaialdiko festa bat egiteko erabili behar zutela zabaldu zen gero, nahiz eta festibaleko arduradun ofizialek ospakizun haiekin lotura izatea ukatu eta benetako antolatzaileek, gertatutakoa jakindakoan, ekitaldia ezeztatzea erabaki zuten[*]. Gerora, denda zegoen tokian “katuzaleentzako kafetegi” bat jarri zuten, baina ez zuen asko iraun. Piñata dendak zortzi urte zeramatzan han.

      Austin zuzeneko musikaren hiriburua da, hala izendatu ohi da behintzat. Hiru festibal antolatzen dira bertan: sxsw da handiena eta ospetsuena, baina Austin City Limits eta Fun Fun Fun Fest ere egiten dira.

      Bilboko mtv katearen ditxosozko emanaldiaren harira, Haizea Barcenillak, “Bilbo festibalen hiriburu turistiko bihurtzen ari dela” eta, emanaldi hartara joateari muzin egingo ziola idatzi zuen Berria egunkarian[1]. “Gustura ikusiko nuke Muse, bilbotarren eguneroko bizi kalitatearen ordezkapenaren sinbolo bilakatu ez balute”.

      Barcenilla ez zen hiria ezeren hiriburu bilakatzerik nahi ez zuen bakarra. “Piztu Bilbo, Itzali mtv” leloa zerabilen Berriako testu hartan, eta aldarrikapen haren atzean zegoen Piztu Bilbo kolektiboak erabiltzen zituen argudioen parekoak irakur zitezkeen. Bilbon herritarrentzako kaltegarria den hiri identitate bat indartzen ari dela zioen Barcenillak, eta antzeko irakurketa egiten zuen mtv eta Bilbo kontrajartzen zituen kantuak ere, makroekitaldi haren karietara sortu zenak. Hamaika musikarik hip-hop doinuen bidez erakusleiho hiriari planto egin zion sona handia lortu zuen bideo eta abesti baten bitartez; fokuetatik kanpo geratzen den Bilbori gorazarre egin nahi izan zioten, auzoz auzo beste Bilbo bat eraikitzeko asmoa adierazi[2].

      Erakusleiho hiriaren aldean, dirdira propioa duen hiri bizia hobesten zuten Piztu Bilbo kolektibokoek, dekoratu bateko maniki izan beharrean, hiritarrak protagonista izango zituen hiri baten defentsa egin. Horretarako, feminismotik, espazio autogestionatuetatik, euskaratik eta auzoetatik Bilbo pizteko deia egiten zuten. Administrazioen politikak salatu zituzten, nola ordaindu zituzten Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hiru milioi euro telebista musikal ezagunaren ikuskizun hura Bilbora ekar zezaten, soilik publizitate gastuei erreparatuta. Kopuru horri San Mames eta bec alokatzearen kostua ere gehitu behar zitzaion, besteak beste. Konparazio batera, udalak auzoetako jaiei 1.500 euro besterik ez zizkiola ematen adierazi zuten. Barcenillak era adierazgarrian deskribatzen zuen egoera bere zutabean, barneko patioak usteltzen utzi, eta halabeharrez edertu beharreko fatxadez mintzo zenean.

      Gertakari isolatu bat izan zitekeen mtv Weekend, anekdota bat. Zer esan Austingo piñata dendan gertatutakoaz; gertatzen dira horrelakoak tamalez, ezin askorik egin halakoak saihesteko. Baina nago kultura eta hiria gurutzatzen diren lekuan gertatzen denari buruzko hainbat pista ematen dizkigutela fatxada edertuek eta eraitsitako paretek, aditzera ematen baitute kultura hiri eredu bat bultzatzeko erreminta dela egun, beste ezer baino gehiago. Kultura hitzaren beraren esanahia auzitan dagoela iradoki, eta agerian uzten dute hiriari forma ematen dioten ikuspegi ezberdinen talka bat ere egon badagoela. Zertaz ari garen kulturaz ari garenean, horrek dirudi kontu honen guztiaren muina.

 

 

Hiri berria

 

Hiri ereduez jarduteko hiri egokirik bada, hori Bartzelona da, dena den. Eta Bartzelonan nabarmentzeko festibalik bada, Primavera Sound da huraxe. Muse ez da sekula egon, bai ordea beste punta-puntako hamaika talde; zientoka izaten dira bertan aritzen diren artistak, eta frankizia mundu osora zabaltzen ari da, gainera: jada badira zenbait urte Porton izen berarekin jaialdi paralelo bat egiten dela eta 2023an Madrilen, Los Angelesen, Buenos Airesen eta Santiagon ere izango dituzte beraien udaberri partikularrak. Esan bezala, Bartzelona da eredu arrakastatsuaren jatorria halere, eta azken edizioan ia milioi erdi pertsona batu omen dira bi asteburutan Parc del Forum osoan hedatutako eszenatokien aurrean[3].

      Merezi du festibala hartzen duen Parc del Forum delakoaren historiari une batez erreparatzea. Izan ere, 2004. urtean sortu zen gune hura Kulturen Forum Unibertsala egiteko, eta, 2005az geroztik, bertan antolatzen da Primavera Sound. Garapen jasangarriaren, aniztasun kulturalaren eta bakearen izenean antolatu zuten Forum Unibertsal hura, eta hamaika hitzaldi eta askotariko ekitaldiak egin zituzten, mundu osotik joandako zenbait pertsona entzutetsurekin. Politikariak, idazleak, zientzialariak eta abarrak elkartu ziren ekimen hartarako berariaz sortutako eraikin eta gune fisiko berrietan, itsasoari lapurtutako espazioan altxatutakoak horietatik asko. Hutsetik eraiki zituzten Forum eraikina, Nazioarteko Konbentzioen Bartzelonako Zentroa, Kirol Kaia eta munduko plazarik handienetako bat, besteak beste.

      Bestelakoetarako tarterik ere izan zen horrenbeste zementu artean, ez pentsa: urte hartan bertan Carlinhos Brown brasildarra gonbidatu zuten antolatzaileek Bartzelonako kaleetara Salvador de Bahia bere jaioterriko inauteriak ekar zitzan. Exotikoa irudi zezakeen apustu hark arrakasta izan zuen, 400.000 entzulek jarraitu baitzuten Camarote Andante izena zuen 26 metroko kamioiak Bartzelonako Graciako Pasealekuan zehar egin zuen desfilea. Sonatuak izan ziren, era berean, orduan hiriko alkate zen Joan Closek ibilgailu haren gainean egindako dantza, nolabait, espasmodikoak. Politikari ustez zurrunak arrazoiaren kaiolatik ihes egin eta, Brownen musika bizi eta alaiari jarraika, gorputzak bere kabuz astintzeari ekin ziola zirudien, grinari ezin eutsita eta era aski librean.

      Aldarri onberak eta espektakulu atseginak hirira ekarri zituen Forum delako horrek ez zituen Bartzelonako hiritar guztiak ase, dena dela. Nola ez, orduko hartan ere izan zen festa haren giroan murgiltzea lortu ez zuen petralik. Marina Garces filosofoa kide duen Espai en Blanc kolektiboak kaleratu zuen Barcelona 2004: El fascismo postmoderno izeneko testua da horren erakusle. Hona pasarte esanguratsu bat[4]:

 

      Bartzelona markaren bidez, kapitalismoa modu agerian bere gorenera daraman mundu batean inskribatzen da gure hiria. Bartzelona marka beste markekin lehiatzen da marken merkatuan, eta biziki desiratu behar dugu irabazleen artean egotea, bestela denok galduko baikenuke. Gerra honen beharrezkotasuna naturaltzat jotzen da. “Konektatu ala hil” aukeraren aurrean, eztabaidaezin ageri da Bartzelona marken arteko marka bihurtzea. Guk ez dakigu beste globalizazio bat posible den —ziurrenik ez—; badakigu Bartzelona marka, Bartzelona 2004, nazkagarria dela eta baztertu egiten dugula funtsezko bost arrazoirengatik:

      Bidegabekeria gehiegi dakarrelako. Esaterako, espekulazio neurrigabea eta batzuen aberastea, produkzio eta bizitza modu bati dagozkionak, zeinak, gogoratzea soberan dago, behar den guztia suntsitzen duen etekin ahalik eta azkarrenen truke...

      Oinaze handiegia dakarrelako. Bizitza erabat prekarioak ustiatzeak dakarren oinazea, zeinentzat bizitzea bizirautea besterik ez den; auzoetatik kanporatutako bizilagunen mina, hiriaren erdigunea entretenimenduaren eta kulturaren industriarako berreskuratzen denean; etorkizunerako promesekin iritsi eta haien biografiak esklabotza forma berrien kontakizun bihurtuta ikusten dituztenen mina; hazi ezinik zahartzen diren gazteen mina; jan ezinaren lotsaz hiltzen diren zaharren mina.

      Engainu handiegia dakarrelako. Bere burua benetan ez dena dela esanez aurkezten duen Bartzelonaren engainua; Bartzelona erakusleiho batena, zeinaren irudi lehiakorrak inbertsiorako eta turismorako deia egiten baitu, bere historiaren eta memoria kolektiboaren sinplifikazio basatia ezkutatuz...

      Inpotentzia handiegia dakarrelako. Errealitate honen logikan harrapatuta bizi direnen ezintasuna, kondenatuta baitaude hirien eta marken kapitalismo berriaren diskurtsoa behin eta berriz berresten duten aukeren artean hautatu besterik ezin izatera.

      Oso kaskarra delako. Kaskarrak dituelako anbizioa, arkitektura infantilizatua eta eraikin enblematikoak, baita kultur programazio tristea, politikari irrigarriak, herri txikiaren autosatisfazioa ere...

      Bidegabekeria, oinazea, engainua, ezintasuna eta kaskarkeria dira, azken finean, hiri hau eraikitzen duten materialak, non biztanle gehienek bizitza bizimodu besterik ezin duten bihurtu. Alternatiba globalak izan ala ez, eraitsi nahi izango dugun sistema baten laborategi-hiria.

 

      Balizko laborategiari egindako kritika gogorrak gorabehera, Forum haren musika ez zen eten. Urtebeteren buruan, 2005ean, Carlinhos Brown Bilbora ere etorri zen, Movistar komunikazio konpainiak babestuta. Ikaragarrizko jendetza batu zen Bilbon ere, nahiz eta gurean inork agintari ezagunik dantzan harrapatu ez.

      Jendetzaz eta arrakastaz ari gara eta, musikaz harago, hitz berberak erabili izan dira Bilbon azken urteetan antolatu diren beste zenbait ekitaldiz jarduteko ere. Jada aipatu ditugun Renault World Series delakoez gain, kirolari dagokionez, aritu gintezke inguru pribilegiatuan egiten diren Red Bull Cliff Diving World Series jauzi lehiaketaz, 2018an antolatutako Europako Kopako Rugby Finalaz edo 2023rako programatuta dagoen Frantziako Tourraz ere. 2020ko Eurokopa ere bertan egitekotan izan ziren, nahiz eta Covid-19aren inguruko tirabira batzuk tarteko, partida haiek azkenean ez ziren Bilbon jokatu.

      Kirolariek soilik ez, bestelako izarrek ere izan dute Bilbo bisitatzeko parada. James Bondek berak ere —Pierce Brosnan orduan— ezagutu zuen hiria, The World Is Not Enough filmean leiho batetik salto egin eta, hain justu, Puppy zakurtxoa atzean zuela lur hartu ostean. Ez da hirian grabatutako film bakarra izan: Wachowski ahizpen Jupiter Ascending pelikulako hainbat eszena ere grabatu ziren, Guggenheimen eta La Salve zubiaren inguruan, ezin bestela. Antzeko hautua egin zuen Mariah Careyk Sweetheart kantuaren bideoklipa grabatzeko: Bilboko museoaren arkitektura bihurgunetsua da bideo laburreko protagonista, musikari estatubatuarra edo kantuko kolaboratzaile den Jermaine Dupri rap kantaria baino gehiago, ia.

      Ez dago soberan gogoan izatea nola, Zulaikak dioen lez, “kulturakoak albo batera uztea” izan zen Guggenheim museoaren negoziazioen ardatz bat[5]. Mamia finantza eta politika kontuetan zegoen, beraz, zertarako denbora galdu kulturakoekin? Euskal Herriaren irudi berri baten beharraz harago, hiri postindustriala diseinatzeko orduan ere eredu izan zen Bilbo. Guggenheim efektua entzutetsu bilakatu zen nazioartean, industriaren gainbeherari aurre egin nahi zieten Mendebaldeko hirien artean, batez ere. Pittsburgh, Birmingham eta Glasgow izan ziren grisetik argira igarotzen lehenak mundu anglosaxoian, eta, Espainiar Estatuan, ekitaldi erraldoiek hiriak eraldatzeko duten gaitasunaren testigu izan ziren Sevilla eta Bartzelona 1992an. Bilbo berriak eredu horiek aintzat hartuko zituen bere itxuraldatzeari ekiteko.

      Nerbioi ibaiaren ertzetan mamitu zen metamorfosia. Produkzioa beharrean kontsumoa izango zen hiri berriaren ardatza aurrerantzean, eta Metropoli-30 eta Bilbao Ria 2000 erakundeek finkatu zituzten helmuga horretara heltzeko prozesuaren gidalerroak. Operazioaren nondik norakoak argiak ziren: Ria 2000 osatzen zuten erakunde publikoek —Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Diputazioa, Bilbo eta Barakaldoko udalak, Bilboko Portuaren Agintaritza, sepes, adif eta Feve— zituzten lur itsusi eta hondatuak atondu, udalek birkalifikatu eta promotore pribatuentzat prest uztea zen asmoa, azken hauek lurrak probestu eta, hala, inbertsioak erakarriko zituztelakoan. Diru publikoaren bidez operazioa martxan jarri, dekoratua prest utzi eta desiratutako inbertsore berrien etorreraren zain egon; horixe zen ideia, gutxi gorabehera.

      Bilbok aurreneko lerroan egon nahi zuen lehen mundu osoan gertatzen ari zen eraldaketa horretan, eta prozesua bideratu asmo zuten gogoetak ere ugaritzen hasi ziren garai hartan. Artea, kultura, aisia, baita teknologia berriak ere; sorkuntzak, horrek zirudien gakoa. Klase sortzailea hiri garapenaren erdigunean kokatu zuen Richard Florida soziologo eta ekonomialari estatubatuarrak 2002an kaleratu zuen The Rise of the Creative Class liburu entzutetsuan, errotiko eraldaketa baten bila zebiltzan mundu osoko hiriei formula ustez arrakastatsua eskainiz. Hiri postfordistak hiri sortzaile bilakatzea da helburua, ekonomia immaterialaren eta ezagutzaren industrian liderrak izatea, eta horretarako artistak, editoreak, publizistak, diseinatzaileak, argazkilariak, itzultzaileak, arkitektoak, ingeniariak eta teknologia alorrean dabiltzanak dira erakarri beharrekoak. Kulturaren arloan lan egiten dutenak eta hezkuntza maila altuko hiritarrak, gazteak eta toleranteak. Austin, Texas; huraxe hiri eredugarri bat Floridarentzat.

      Aipatutako profila dutenak erakartzen asmatzen duenak izango du arrakasta, Floridaren doktrinaren arabera. Hala, sorkuntzak beteko du behinola industriak zuen papera. Hala dio teoriak. Talentua erakarri behar da, sorkuntzak aberastasuna sortzen baitu. Gizarte irekiak behar dira horretarako, sortzaileek eskatzen duten malgutasuna eskainiko dutenak, eta, noski, hiria haientzat erakargarria izan behar da. Dinamikoa, kulturaz betea, koloretsua. Florida balizko ezaugarri ideal horiek kuantifikatzen ere saiatu zen, zenbait adierazle sortuz. “Ospe faktoreak” gaueko aisialdiaren eta kulturaren kalitatea neurtzen zuen, adibidez; “bohemia adierazleak”, aldiz, herritar homosexualen kopurua hartzen zuen aintzat.

      Adierazle irudimentsu bezain eztabaidagarriak albo batera utzita, kontua da sorkuntzarekin lotutako lelo hark onespena izan zuela. Ezagutzaren gizarte postindustrialaren dogma bilakatu zen kasik, etorkizunera begiratu nahi zuen hiri orok bete beharrekoa. Bilbok etxeko lanak eginak zituen ordurako, nazioarteko proiekzioa emango zion ikurra eskuratua baitzuen, baina euskal lurralde osoak parte hartu beharra zuen joko berean, gehiago edo gutxiago.

      Parc del Forum edo Guggenheim ez dira, noski, arkitektura kontu hutsa eta musika festibalei buruz termino estetikoetan soilik hitz egitea ere absurdoa litzateke. Kultura, hiritarrak asetzeko behar bezala bainoago, inbertsio gisa ulertzera igaro zen logika azaleratzen saiatu ziren Andeka Larrea eta beste zenbait jada ahaztua dugun baina garai batean sonatua izan zen Euskal Hiria terminoaz ari zirela, eta estetika motor ekonomiko gisa ulertzen duen hiri eredu bat salatu zuten[6]. bbk Live edo Biarritzeko big festibala parametro horien arabera uler litezke hobekien, baita Bartzelonako Sonar eta Primavera Sound ere. Baina jaialdi horien turismoa erakartzeko eta hiri marka hauspotzeko eginahalaz gain, bestelako ekitaldi batzuek ere taxutu dute egungo hiria. Jar bekio bakoitzak nahi duen abizena hiri horri —neoliberala, sortzailea, postmodernoa, nahi dena—, baina merezi du herri hau gorpuzten duten hiriei buruz pixka batean aritzea.

 

 

Urbanoaz

 

Hiri sortzaileak behar ditu bere txoko alternatiboak: bereziak, bakarrak eta puruak. Bilbok ere, zentro distiratsuaren ertzetan, halakoak, izan, baditu; erdiguneko eredutik, ustez behintzat, aldentzen direnak. Baztertuen guneak, etorkinenak, txiroenak eta, orokorrean, normaltasuna arrotz zaien horienak. Badute xarma halakoek.

      Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala leku horietakoak dira. Inguru hau, espazio urbanoaren berritze ikusgarriaren epizentrotik horren urrun ez egonagatik, eraldaketa fisiko haren eraginetik kanpo geratu zen. bbk Livek edo Guggenheimek ordezkatzen duten paradigmatik at mantentzen dela pentsa genezake, beraz. Periferikotzat har genitzakeen auzoak dira, zentroan dauden arren. Hiriko biztanle dentsitate handienetakoa dute, baita hiriko etorkin proportzio handiena ere —San Frantzisko auzoan, adibidez, biztanleen % 39 da jatorri atzerritarrekoa[7]—, eta bertan topa daitezke bizi baldintza kaskarrenak ere: inguruko auzoekin konparatuta, langabezia maila altua da, etxebizitza asko zaharkituak daude eta marjinaltzat har genitzakeen egoerak ez dira ezohikoak.

      Arteak, musikak eta bestelako adierazpideek ere badute tokirik auzo horietan, noski. Bertan bizi diren hiritarren berezko sorkuntzaz harago, bestelako programa eta ekimenak ere abiatu izan dira. blv-art, adibidez, mintzagai ditugun hiru auzook “abangoardiako ekoizpen artistikoz” betetzeko asmoz sortutako udal egitasmoa da, eta inguruon “biziberritzerako eta garapenerako elementu dinamizatzaile gisa” ulertzen du kultura[8]. Hala, urtez urte, dantza, performanceak, sukaldaritza erakustaldi eta dastaketak eta beste hainbat diziplinatako ekitaldiak antolatu izan ditu.

      Musikari dagokionez, ordea, Hirian izenekoa da gure arreta merezi duena. Last Tour promotoreak 2017. urteaz geroztik antolatzen du bbk Live anaia nagusiaren adar gisa uler genezakeen festibal hau. Lehen edizio hura blv-art delakoaren egun bertsuetan egin zen eta hogeita bost kontzertu eskaini zituzten hamaika taldek, auzoan paratutako bost eszenatokitan. Egitaraua aurkezterakoan, kokaleku gisa Bilbo Zaharra aukeratu izanaren arrazoia auzoa “kultura urbanoaren” erreferente izatea zela esan zuten, baita jaialdiak hiri-berroneratze prozesuan laguntzeko asmoa zuela ere[9]. Bigarren ediziorako auzo bera hautatu zuten eta izaera urbano delakoa are gehiago azpimarratzen saiatu ziren. Herri musika ezberdinez gain, musika urbanoa jorratzen duten artistak izan ziren afixa osatzeko aukeratuak eta promoziorako sortu zuten spot laburrak auzoaren izaera multikulturalean eta artistikoan jarri zuen fokua: eraikinetako hormetan margotutako muralak, herritar arrazializatuak, kaleko merkatuak, tabernak eta ikasle gazteak izan ziren protagonistak[10].

      Hurrengo edizioak ere antzeko egitura eta estetika izan zuen: Bilbo Zaharrak gordetzen duen kapital sinbolikoa azpimarratu zuen, bertako bazterren xarma nabarmendu, eta, finean, auzo bohemio eta artistiko baten itxura indartu. Klase sortzailearentzat erakargarri izatea bilatzeaz gain, balizko benetakotasun bat irudikatu nahi izan du jaialdiak. Gordinak dira kaleok, errealak, herritarren arteko benetako harreman baten azken testigantza zintzoa eskaintzen digute, harreman horien ondorioak zenbaitetan deitoragarriak izanagatik. Langabezia, drogak edo prostituzioa albo kalteak besterik ez dira, galdu dugun balizko elkarrekintza zuzenaren ordaina. Basatia da gunea, zirraragarria.

      Exotikoa eta benetakoa zaigu hiriaren alderdi hori aldi berean, agian etxea arrotz eta bitxia gertuko sentitzen ohitu garelako aspaldi honetan. Nolanahi dela ere, nahiz eta festibalak kultura aniztasuna eta kaleko esentzia ardatz omen dituen, ezin esan auzoaren benetako muinaren erakusle denik. Omar Souleyman izan zen lehen edizioko afixan nabarmentzen zen izen entzutetsuenetako bat eta Jace Clayton musikari eta idazle estatubatuarrak —DJ/Rupture gisa agian ezagunagoa— musikari siriarrari buruz dioena aproposa zaigu gure analisia aberasteko. Claytonen arabera, Souleymanek Mendebaldea deitzen diogun munduko bazter honetan duen arrakastaren gakoa kuriositate ezean datza: jorratzen duen dabke musika ez ezagutzea da, hain justu, musikariak gu txunditu ahal izateko ezinbesteko baldintza, genero horren baitan ez omen baita artista esanguratsua. Idazleak zera dio: nahiz eta, harriduraren mesedetan, musikari bat bere kontestutik atera eta lurralde arrotz batean txertatzea ez den estrategia berria, halako joerek distantzia kulturala areagotu egiten dute, murriztu beharrean[11].

      Souleyman exotikoaren antzezpena egiteko ekarri bazuten eta ez siriar kultura ezagutze aldera, antzerakoa esan genezake auzokideekin ere. Nekez baiezta daiteke jaialdiak Bilbo Zaharreko auzokideen kulturen arteko harreman erreal eta zintzo bat bilatzeko helburua duenik, edo bertako biztanleen adierazpen kulturalak ezagutu eta ezberdinen arteko komunikazioa ezartzekoa. Ezta auzotik kanpo bizi diren bilbotarrei auzoa zertan den ezagutarazteko asmoa duenik ere. Kultura eta artea oraingoan ere aitzakia besterik ez dira asmo urbanistiko eta hiri ikuskera konkretu batzuen araberako planak aurrera eramateko. Hala adierazi zuten lehen ediziotik hainbat kolektibok, ekitaldi handien bidez espazio publikoa festibalizatzeko sortu zutela egitasmoa, gentrifikazio eta turistifikazio prozesuak azkartuz. Instituzioei auzokideak kontuan ez hartzea egotzi zieten, eta antzera egin zuten bigarren edizioarekin, auzotarrek protesta bideo satiriko bat grabatu baitzuten okasio hartarako ere[12].

      Izan dezaketen zentzu erritual eta esanahi komunitario oro galtzen dute jaialdiek festibalizazioaren bidez, hiriko zenbait eremu ikuskizun etengabeen plaza bilakatzearen trukean. Benetako ezberdintasun eta ezberdinkeriak ezkutatu, eta irensten errazagoa den exotismo bat plazaratzea aukeran nahiago, kontua inguruari aura berezi bat ematea besterik ez bada. Antzera balizko benetakotasunarekin. Sharon Zukin soziologo estatubatuarrak autentikoa edo zinezkoa zer den eztabaidatu izan du bizimodu urbano garaikidea aztertzerakoan, eta, haren arabera, benetakotasuna estilo kontu bat bilakatu da egun, bizimodu hautu kontziente baten bidez eskura daitekeena[13]. Interpretatzen den jokabide bat, finean. Galdutako komertzio txikiz betetako herrixketako bizitza komunitarioaren kopia urbanoak eraiki eta erreproduzitzen tematu beharrean, gakoa beste bat omen da, ordea. New Yorkez ari dela, 60ko hamarkadako kaleetan topa zitekeen kaos ederraren eta familietan oinarritutako komunitate etniko ezberdinen nahasketa hura fetitxizatu ordez, beste nonbait topatu nahi du benetakotasuna Zukinek: jendearengan. Autentikoa ez da kontsumoan oinarritzen den estetika bat; demokrazia omen da kontua, parte-hartzea, biztanleen eskubideak bermatzea. Benetakotasuna ez baita oinordetzan hartzen, sortu egiten da behin eta berriro. Eta horretarako beharrezkoa ez da mural txundigarriak eta kale estuak babestea, hiritarrak bertan bizitzeko eta bizitza duin bat izateko baldintzak garatzea baizik. Ikuspegi hau gure eginez, baiezta genezake Hirian festibalak eta antzeko egitasmoek balizko benetakotasunaren estetika fagozitatzen dutela, giza harreman errealen ikuspegi politiko baten kaltetan.

      Autentikoaren esperientziak merkatuan kotizatzen du, hiriak eraldatzen ditu, baina ez hiritarren arabera, ezta hiriaren mesedetan ere: kapitalaren beharren arabera baizik. Zukinek dio benetakotasunaren krisi bezala bizi duguna korporazioen hiriaren eta herri urbanoaren arteko gatazka besterik ez dela. David Harvey haratago doa eta krisi ekonomikoak krisi urbano gisa bizi ditugula aipatzen du[14]. Geografo ingelesak dio kapitalismoaren historian zehar urbanismoa kapitalaren soberakinak eta lana erabiltzeko baliabide behinena izan dela. Era berean, hiria ondasun komunak sortzeko fabrika dela azpimarratzen du, kapitalak ondasun horiek etengabe forma merkantilizatu eta monetizatuan desjabetzen dituen arren.

      Aldaketa urbanoen garaietan bezainbat bizi gara musika urbanoarenean. Autotunea, erritmo kutxa bat, estetika konkretu bat —balizko “kaleko bizitza” batekin lotura badu, hainbat hobe— eta rap kutsuko kantaera. Askoz gehiago ere ez da behar urbanotzat har zaitzaten, edo, are, trap izeneko zakuan amai dezazun. Urbano etiketa horrek merezi du bestelako gogoetarik, ordea. Hitza Frankie Crocker irrati esatariak 70eko hamarkadan lehen aldiz erabili zuen urban contemporary etiketatik dator[15]. wbls-fm katean aritzen zen Crocker, eta bertan jazza, disco musika edo rhythm and bluesa entzun zitezkeen; bere entzule nagusiki beltzek entzuten zutena, hain zuzen. Etiketa hori erabiliz hainbat musikariren abestiak jar zitzan ordaindu izan ziotela zabaldu zen 1976an, ordea, zuriak horietatik gehienak. Era berean, azken urteotan hainbat musikari beltzek urban delakoa gaitzetsi izan dute Estatu Batuetan, edozer egiten dutela ere kategoria horretan amaituko dutela salatuz. Tyler, The Creator musikariak, adibidez, zera galdegin zuen: “Zergatik ezin gara pop izan, besterik gabe?”. Beltz modu despektiboan erabiltzearen ordezko politikoki zuzentzat jotzen zuen urbano, azken batean[16].

      Payola eta polemika arrazialez harago, urbano hitzak badu bestelako adierarik ere. Henri Lefebvre filosofo eta soziologo komunista frantsesak honela zioen: “Urbanoa, komunikazioaren eta informazioaren elkargune eta konbergentzia den heinean, beti izan dena bihurtzen da, hau da, desio eta desoreka iraunkorreko lekua, arauak eta murrizketak desegiteko egoitza, jolaserako eta aurreikusi ezin daitekeenerako unea”. Le droit à la ville liburu ezagunean hala baieztatzen du, gakoa erabilera-balioaren —hiria eta bizitza urbanoa, denbora urbanoa— eta truke-balioaren —salerositako espazioak; produktuen, ondasunen, espazioen eta ikurren kontsumoa— arteko borroka dela. Berak aurrena lehenesten du, esan gabe doa.

      Bat-batekotasuna eta ludikotasuna goresten duen urbanoaren adieratik urrun, planifikazio urbanoa da gailentzen dena gurean. Ikuspegi horren arabera, kultura ez da komunean eraikitzen den zerbait, norbanako eta komunitateen arteko harremanen fruitua, garapen estrategia jakin baten lubrikatzailea baizik. Are gehiago, merkatuaren beharren araberako funtzioa betetzen ez duen kultura ez da beti agintarien gustuko izaten. Urbanismoak ez duela urbanoa atsegin, alegia.

      Ezinikusia bi norantzatakoa da, dena den. Horren erakusle da Bilbon egon zen rec izeneko taldea, Ruido de Edificios Cayendo, nahiago bada. Ez zuten sekula haien musika grabatu, baina zuzenekoetan diptikoak banatzen zituzten kantuen letrekin eta, hitz haien atzean, Iberdrola dorrea, San Mames futbol estadioa edo Guggenheim ikus zitezkeen marraztuta zatika apurtzen[17]. Orriaren azpian “la ciudad, para quien la habita” irakur zitekeen. Izar Beltz ateneoan sortutako hamaika taldetako bat gehiago zen rec eta lau horma horien artean eman zituzten kontzertu gehienak. Irala langile auzoan 2006tik 2017ra artean bizirik iraun zuen gune okupatua zen Izar Beltz, eta, patuak hala erabakita, Hirian jaialdia egin baino hilabete batzuk lehenago desalojatu zuten.

      Haragia zatikatzeko erabiltzen zen eraikin bat jantoki beganodun areto bihurtu zuten Izar Beltzekoek eta, denboraren poderioz, entseatzeko gelak ere eraiki zituzten xiringaz beteta topatu zuten zulo zikin hartan. Punkiak ziren Izar Beltz ateneoan, baina ez rrv garaien nostalgikoak; crust doinuak zituzten nahiago, hasiera batean batik bat. Edonola ere, gazte horien ahala ez zen gustuko zituzten doinuen araberakoa, Markel Ormazabal soziologo donostiarrak azpimarratzen duen moduan, genero eta estiloak gorabehera, beste nonbait baitago funtsa[18]. Musika popularra zer den zehaztu nahian zebilela, Ormazabalek Gipuzkoako hardcore eszena aztertu zuen eta, hark dioenez, popularra harreman sozialen bidez sortzen da eta klase, arraza eta sexu aldagaiek esku hartzen dute haren eraketan. Erabileran dago gakoa beraz, eta botere egiturekin musika bakoitzak duen harremana da benetan garrantzia duena.

      Ormazabalek bertan kontsumoaren eta ekoizpenaren banalerroa lausotzen delako aztertu zuen Gipuzkoako hardcore eszena, ziur aski. Autogestioa, kooperazioa, gaztetxeak eta antzeko komertzialtasunetik at eraikitako egiturak… Horiek egiten baitute, zerbaitek egitekotan, musika hori popular, eta ez erritmo bizi edo bortitzek. Populartasuna ezin dugula bizipen finko eta estereotipatu gisa ulertu zioen Ormazabalek lan hartan, eta guk gauza bera esan genezake urbanoaz. Fetitxizatu ditzakegu estiloak, balio eta ezaugarriak automatikoki esleitu, baina egiteko manerak izango dira, azken buruan, axola izango dutenak. Auzo baten testuinguru jakin batek ez du, berez, bertako ezein kultur adierazpide popular, edo, Lefebvreren adierari gagozkiola, urbano egingo. Are gutxiago, ekimen kultural horiek kanpotik eta auzotarren behar eta gogoei ezikusia eginda sortuak badira.

      Izar Beltz ateneoan doinu bortitzak nagusitzen ziren hasieran, baina azken urteetan bestelako musikak ere entzuten hasiak ziren. Melodiak eta esperimentazioak espazioa irabazi zuten, eta antzera egin zuten emakumeek oholtza gainean eta euskarak bertakoen ezpainetan. Ez, Izar Beltzen ez ziren sekula musika urbanoa lantzera iritsi, baina batek daki zer sortuko zatekeen ibilbidea jarraitzen utzi izan baliete.

      Irala utzi, eta itzul gaitezen Bilboko Alde Zaharrera. Han ere egon zen espazio autogestionatu bat, zazpi urtez zutik iraun zuen gaztetxea, hain zuzen. Hamasei talderen entsegu lokala izateaz gain, 500 kontzertutik gora antolatu ziren bertan, 1992an desalojatu zuten arte. Fermin Muguruzak, itxiera salatzeko prentsaurrekoan, “Euskal Herriko rock eskola handiena”[19] zela esan zuen, eta orduko alkate Josu Ortuondok hutsune hori betetzeko beste rock eskola bat irekitzeko promesa egin zuen gaztetxea eraistearekin batera. 1997an ireki zen eskola hori izango omen zen Bilborock aretoa, Nerbioi ibaiaren albo batean dagoen La Merced elizan. Udalak kudeatutako espazioa oraindik ere martxan dago eta urtez urte Villa de Bilbao musika lehiaketa antolatzen da bertan. Entsegu lokalak ere badaude, alokairuan eskaintzen direnak.

      Andeka Larreak eta Garikoitz Gamarrak auzoari lilura emateko lehen pauso gisa azaltzen dute Bilborock aretoaren irekiera[20]. Auzo bohemio baten eraikuntzarako ezinbesteko amua izan baitzen hura haien ustetan, higiezinen espekulazioari ateak ireki zizkiona. Autoreok diotenez, Lan Ekintza sozietate munizipalaren bitartez, ostalaritzarekin, kulturarekin eta aisiarekin zerikusia zuten negozioak bertan ezartzea sustatu zen ondoren. Ikusi dugunez, gerora joera hori indartu besterik ez da egin.

      Lorenzo Vicariok eta P. Manuel Martinez Monjek 2003an esan zuten administrazioak inguru hura “aukera eremu” gisa izendatu izanak udalak gidatutako gentrifikazio prozesu bat abiatzea ekar zezakeela[21]. San Frantzisko auzoari dagokionez, kokagune estrategikoaz gain, higiezinen prezio merkeak, biztanleen egoera zaurgarriak eta balizko aitzindarien existentziak erraztuko luke prozesua abiaraztea. 90eko hamarkadaz geroztik kutsu bohemioa hartuz joan zen auzoa eta autoreen hipotesia ondorengoa zen: inguru hura hiriko “artisten barrutia” bilakatzeko bidean zihoala, hiriaren irudi berria indartu eta, aldi berean, inbertsio gune bilakatu ahal izateko. “Bigarren Guggenheim efektua” deitu zioten gerta zitekeenari.

      Areto autogestionatuetara itzuliz, ezin Errekalde auzoko Kukutza gaztetxearen kasua aipatu gabe utzi. Bi bider birsortu zen espazioa langile auzo horretan eta hirugarren haragitzea fabrika zahar huts bat okupatu ostean hasi zen. Jabe ohiak, narkotrafiko kasu bat tarteko, ihesari eman ostean erosi zuen Cabisa enpresa eraikitzaileak eraikin hura 1994an, eta udalak birkalifikatu egin zuen urtebete geroago. Hala, erabilera industrialera mugatuta egotetik lurzoru eraikigarria izatera pasatu zen. 1998an okupatu zuten herriko gazteek eta 2011. urtean hustu zuen Ertzaintzak, huste aginduaren kontrako mugimendu indartsu bat bortizki isilaraziz. Zazpi urtez egon zen gaztetxeak libre utzitako eremua bere horretan, geldirik, eta 2018an hasi ziren bertan bizitoki berriak eraikitzen.

      Errekalden ez, udalak han ez du, Alde Zaharrean egin bezala, hutsunea bete eta kultura bultzatzeko beharrik ikusi.

 

 

Asfaltoaren azpian, baratzea

 

Bilbo franko saiatu arren, Iruñea izan zen Aisiaren eta Turismoaren Munduko Hiriburu izendatu zutena 2018ko maiatzean. Maravillas gaztetxeko balkoian jaso zuten aitortza hura Iruñea Nola? kolektibokoek antolatutako ekitaldi baten hasieran, eta, zeremonia amaitu bezain pronto, Nabarreriatik abiatu zen izendapena ospatzeko desfilea brass bandak lagundurik. Lehen lerroan, selfie makilak eskuan zituzten gidariek hiri eredu berriaren aldeko aldarriak oihukatzen zituzten ingelesez musikarien doinuen gainetik, eta festa giroa zen nagusi atzean. Tonu parodikoa gailentzen zen arren, salaketa argia zen. Leloa: “Se vende Iruñea salgai”[22].

      Nola? kolektiboko Luis Soldevilak, desfilearen zioak azaltzerakoan, adierazi zuen hiria, hiritarren nahien arabera moldatu ordez, zerbitzuen sektorearen beharren arabera eraldatzen ari zirela, eta eredu horrek ezberdinkeriak areagotzen zituela. Horrez gain, Iruñean hitz itsusi bat ezagun bilakatzen ari zela esan zuen: gentrifikazioaz ari zen, noski. Hostal berrien irekiera gaitzetsi zuten desfile hartan, baita Zara erraldoia eta Ikea etortzekoak zirela salatu ere. Nahikoa arrazoi ba omen zuten Iruñeak pairatuko zuen metamorfosiarekin kezkatuta egoteko. Dena den, ez al zegoen kontraesanik gentrifikazioa salatu eta halako kultureta eta sortzaile saldoa artistarena egiteko batzearen artean?

      Aurrera egin aurretik, gentrifikazioa zer den zedarritzea komeni da agian, arantzatsua baita kontzeptua. Hitza bera 1964an sortu zuen Ruth Glass soziologo britainiarrak, Londresko Islington auzoan gertatzen zenaz aritzeko. Langileenak ziren degradatutako etxe zaharrak berritu, balioa handitu eta auzotarren profila aldatu zen, eta erosle aberatsak langileak ordezkatzera iritsi ziren azkenean. Gentrifikazioak badu arreta merezi duen korrelatu kulturala ere. Azken batean, artea eta kultura auzo baten balioa handitzeko aldagai garrantzitsuak dira eta kontzienteki azpimarra daitezke hiriko zenbait guneren ezaugarri bakar eta erakargarriak.

      Kulturaren erabilera gentrifikazioaren lehen faseetan kokatzen da, Lisa Vollmerrek azaltzen duenez[23]. Auzo degradatuetara aitzindari gisa izendatu ohi direnak joaten dira, alokairu baxuek erakarrita. Gazteak izaten dira, tailer merke bat behar duten artistak, taberna bat ireki nahi duten graduatu berriak… Biztanle berri horiek kutsu errespetagarriago bat ematen diote auzoari, bestelako langilez eta etorkinez betetako eremua izatetik, espazio bohemio izatera pasatzen baita. Hala, kultura horrek erakarrita, hiritar berriak joango dira auzora. Azkenik, guneak irabazitako balio kulturala balio ekonomiko bilakatuko da eta auzora etorriko direnak ez dira balio kulturalak erakarritakoak izango, inbertsio errentagarrien bila dabiltzanak baizik. Azkenerako, aitzindariak ere auzotik kanporatuak izango dira.

      Horixe litzateke, gutxi gorabehera, gentrifikazioaren eskema klasiko ideala Vollmerren arabera. Kulturak, ikusi bezala, hastapenetan du garrantzia. Auzoari balioa emango diona, askotan, kutsu inkonformista eta kontrakulturala duen aura bat izango da, klase sortzaileak gogoko duena, hain zuzen. Halere, garbi ohartarazten du: kexen jomuga joera kultural edo sektore jakin batzuetan ezartzeak gentrifikazioak atzean duen logika ekonomikoa ezkutatzen du. Eta horixe da, sarri, prentsa kontserbadoreak eta faxismoek egiten dutena.

      Esan bezala, gentrifikazioak ohikoa du era paraleloan garatzen den aldaketa kulturala, baina fenomenoa horretara mugatzea kaltegarria gerta dakiguke. Vollmerrek gogoratzen digu Estatuak eta higiezinen enpresek bultzatzen duten estrategian datzala muina, eta Neil Smithek gentrifikazioa hiri globalaren ikurtzat jotzen du, industrian oinarritutako eredutik zerbitzuak gailentzen diren hirietarako trantsizioan gertatzen den berrantolaketa urbanoaren ondoriotzat[24]. Hirien erdiguneen klase berreraikuntza besterik ez da, Smithen arabera, gentrifikazioa; kanpoaldeko bizitegi auzoetatik hiri barnerako itzulera bat. Ez klase ertainena, ordea: kapitalarena. Hori gertakari sistematikoa baizik ez da kapitalismo berantiarrean, Smithek azaltzen duenez. Finean, haussmannizazioa[*] modernitatearen ezaugarri izan zen hein berean omen da gentrifikazioa postmodernitatearen bereizgarri.

      Mundu basatiaren muga irudikatzen du Smithek prozesu urbano hauetaz ari denean. Estatu Batuetako Mendebaldearen konkista garaietan nola, hala omen dabiltza inbertsio berrien bila egungo ustezko esploratzaileak auzo gentrifikatuetan. Auzo horietako langileak eta etorkinak gehiago dira ingurune fisikoaren ezaugarri bereizgarriak subjektu sozial baino, eta gune horien mugetan kokatzen da salbaiaren eta zibilizatuaren arteko banalerroa. Ikusi dugunez, Bilbo Zaharrak badu zerbait berezia, autentikoa. Basa da. Erakargarria da baina bezatu beharra dago, eta artea egokia da horretarako. Arriskutsu bilakatzen du auzoa, baina era exotiko batean. Kulturak garapena dakar inguru hartara, turismoaren eta sorkuntzaren izenean eta logika ekonomizista ipar bakar duela.

      Ez dute gauzek beti zertan hala izan, ordea; aipatu dugun Iruñeko desfile horretan zeudenak, adibidez, aski kontziente ziren deskribatu dugunaz eta horren erakusle dira musika eta langile auzoak beste modu batera uztartzeko egin dituzten saiakerak. Iruñea Nola? kolektibokoek 2015ean Arga ibaiaren ertzean egin zuten desfile eta piknik musikatuaren ostean, jada arrakastatsua izan zena errepikatzeak zirudien errazena, baina beste bide bat hartzea erabaki zuten urtebete geroago. Hainbat herri mugimendu, egitasmo eraldatzaile eta proiektu autogestionatutan aritzetik zetozen kideek egunerokoan ohiko zituzten kaleetatik at joan, eta festibala hiriko beste auzo batean egitea erabaki zuten. Arrosadia izan zen, azkenean, 2016ko Nola? jaialdiaren kokalekua, eta antolakuntza eraginkorragoa izateko, Arrosadia Bizirik elkartearekin jarri ziren harremanetan. Eraginkorra diodanean ez naiz efizientziaz ari, halere; emankortasuna da hemen jokoan dagoena.

      Nando Cruz musika kazetariak laborantzarekin parekatzen du kultura[*]. Dioenez, musika ekintza gisa aztertu behar da eta ez objektu baten modura[25]. Kultura eta industria kulturala berdintzea ekidin, eta kultura prozesutzat hartzea komeni dela dio, hala baita finean. Sarri fruituari soilik erreparatzen diogun arren, lurrari, zaintzari eta loratze bidean gertatzen den guztiari arreta jartzea ezinbestekoa dela, azken objektua (abestia, diskoa, kontzertua) horren ondorio besterik ez baita. Lur emankorrik ezean, ganorazko fruiturik ez, beraz. Musika ekintza jarraia da, ziklo etengabe bat, eta Cruzen arabera egungo festibalak porlanezko egitura iragankorrak baizik ez dira, amaitu ostean ureztatzeaz inor arduratuko ez den soro idorrak uzten dituztenak.

      Iruñea Nola?-koek ezagutzen dute Nando Cruzen lana —jaialdira ere gonbidatu zuten 2017ko edizioan— eta emankortasuna jomugan izan dute hasieratik beretik. Horrexegatik, Arrosadiara joan zirenean, auzo arrotz batean jausitako parakaidistatzat ikus zitzaten ekidin nahi izan zuten. Hilabetez aritu ziren auzoko elkartekoekin bilerak egiten elkarren arteko konfiantza sor zedin, eta, behin hasierako errezeloa gainditutakoan, auzokideekin batera hasi ziren egitaraua osatzen. Auzoko batek hiru metroko garaiera zuen barku bat eraiki zuen, afrikarren elkarteko emakumeek haien jantzi tradizionalak erakusteko topaketa bat antolatu zuten eta boliviar jatorriko hainbatek karaoke bat prestatu zuten, besteak beste[26]. Benetako komunikazioa ezarri nahi denean, gaizki-ulertuak eta ezustekoak gertatzen dira baina, eta zenbait ekintza ez ziren nahi bezain ongi gauzatu. Ekitaldi batzuetara jende gutxi joan zen, eta beste batzuetan mezu eta jarrera matxistek ezerosotasuna sortu zuten kolektiboko kideengan. Kultura eta egiteko modu ezberdinen talka ere agerian geratu zen beste hainbat unetan: Iruñea Nola? taldearen bueltako zenbait taldek sosik jaso gabe eta militantzia hutsez jo zuten jaialdian; auzo elkarteak antolatutako beste zenbait kontzertutan aritutakoek, aldiz, ez zuten diruari muzin egiteko inongo asmorik adierazi —horiek musikazale engaiatuek nabarmendutakoak, ez dugu auzotarrek izan zitzaketen kexen berri—. Egitekoa irudi bat proiektatzea denean, kanpotik diseinatutako estrategia garatzea erraza da, auzoari entzungor egitearekin aski. Elkarlana bestelakoa da, tamalez.

      2017an Sanduzelai auzora joan zen Nola? eta berrikuntza interesgarririk ere izan zuen edizio hark. Ezustean, eh Bilduk gidatutako Iruñeko Udaletik jaialdiarekiko interesa adierazi zuten eta, negoziazio batzuen ostean, udalak festibala sostengatuko zuela iragarri zen. Nola? jaialdi autogestionatua egingo zen oraindik ere, baina beste programazio oso bat ere diseinatuko zuten Ibaiertzean izenpean, udalaren laguntzarekin baina esku-hartzerik gabe. Aurreko urtean egin antzera moldatu ziren, auzoko elkartearekin harreman zuzena bermatuz. Emankortasunarekin tematuta, antolatutakoak auzoan arrastoa utz zezan nahi zuten, eta horretarako hiri-altzariak egokitzea adostu zuten. Sanduzelai ospe txarreko auzoa baita: lapurretak, drogak eta abarrak ugari diren tokitzat hartu ohi da, datuek besterik dioten arren. Edonola ere, “Bajo el puente, la playa” abizenarekin egin zuten jaialdia, auzoko zubiaren azpia egokitu eta muralak marraztu ostean. Irudiak auzokoen iritziak abiapuntutzat hartuta diseinatu ziren, parte-hartzea sustatuz. Festibalak egun batzuk iraun zuen, baina auzotarrak ahaldundu eta aldaketaren bat, txikia bada ere, eragin nahi izan zuten.

      Hitzaldiak, proiekzioak eta beste zenbait ekitaldi ere izan ditu Ibaiertzean festibalak hurrengo edizioetan. Sound system bat eraiki, eta bizikletak musika bozgorailu mugikor bilakatzeko tailerrak ere egin zituzten. 2018an Etxabakoitz auzoan egin zen eta 2019an Sanduzelaira itzuli. 2020az geroztik, koronabirusa eta upnren udal hauteskundeetako garaipena tarteko, ez da jaialdirik antolatu eta ez dirudi epe motzean itzuliko denik. 2022an festibal bat gehiago sortu zen Iruñean ordea, berriz erdialdean. Arde jaialdiak Alde Zaharra ekonomikoki aktibatu nahi zuen, eta turismoa erakarri. Iruñea mapan jarri, nola ez. “Pamplona está que arde” zioen prentsara bidalitako txostenak, baina sutan jarri zirenak auzoko bizilagunak izan ziren: kontzentrazioak eta prentsaurrekoak antolatu zituzten espazio publikoaren pribatizazioaren kontra egiteko. Izan ere, sarrera ordaindu behar izango zen Alde Zaharreko zenbait gunetara sartu ahal izateko jaialdiak iraun artean. Festibala atzeratu egin zen azkenean, ezin jakin auzoko kolektiboen presioak eraginik izan zuen ala ez, “kanpoko zirkunstantziak” tarteko hartu omen baitzuten erabakia arduradunek.

      Bestelako festibal bat eratzeko orduan Ibaiertzean saiakera interesgarri bat izan dela uste du Iosu Marti barañaindarrak, balorazio gazi-gozoa egin arren[27]. Katanga Dub taldeko kide, kazetari eta soinu teknikari izateaz gainera, Iruñea Nola? kolektiboko kide ere bada Marti, eta kalearen eta instituzioen artean nabigatzen saiatu den egitasmoak gerorako uzta erein duela dio, herri mugimenduarentzat tresnak sortzearekin batera. Bestelako eredu antzuei kontrajartzen die jaialdi emankorraren ideia, zeina hamaika galderari erantzunak bilatzearen ondorioz sortzen den. Nolakoa behar du festibal batek? Kalean izan behar du ala barruan? Debalde ala ordainduta? Zein hizkuntza entzun ahalko dira? Genero ikuspegia modu integralean landuko da? Plurala izango da kartela? Markek parte hartuko dute ala ez? Bertako ala urruneko taldeak arituko dira? Ezagunak ala ezezagunak izango dira talde horiek? Musikarien eta publikoaren arteko distantzia zein izango da? Jaialdia joaten denean zerbait uzten al dio auzo, herri edo hiriari? Alkohola saltzen al da? Adin txikikoak sar al daitezke? Gurpildun aulkian irits zaitezke bertara? Eta bizikletan? Eszenatokia altua al da? Urruna? Ba al dago eszenatokirik? Musikariak geldi daude ala toki batetik bestera mugitzen dira?

      Galdera horiei emandako erantzunen arabera jakin omen dezake antolatzaileak ea eskuartean duen jaialdia emankorra izango den ala ez. Antzera egin genezake orain arte orriotan agertu diren adibideekin, eta egin dugun analisiaren egokitasuna epaitu.

 

 

Hiritarrak

 

Iosu Martik aipatzen du nola Ibaiertzean jaialdia dela eta udalarekin izandako harremanak baliagarri izan zitzaizkion honen funtzionamenduari buruzko hainbat ezaugarriz jabetzeko. Hasteko, Iruñeko Udalak ez omen zuen eszenatoki propiorik, ezta aulkirik ere. Dena alokatzen zuten behar zuten aldi bakoitzean, nahiz eta agerikoa den askoz ere errentagarriagoa litzatekeela material propioa eskuratzea. Udalarentzat eta herritarrentzat bai behintzat, bestelakoa baita behin eta berriz kontratatzen dituzten enpresen balantzea.

      Baliabide propiorik apenas duen administrazio batekin egin zuten topo Iruñea Nola?-koek, udal langilerik ere ez baitzegoen beharrezko azpiegiturei zegozkien egiteko arruntekin lagun ziezaieten. Halakoxea da hiri neoliberala, pribatizazioek eta azpikontratazioek moldatua. Hemen eta orain musikaren bueltan ari direnen baldintzak eredu horren araberakoak ere badira, nola ez, eta festibalen nagusitasunak badu zeresanik. Jaialdiek ez baitute ingurua soilik moldatzen, sortzen duten barne eremuko ezaugarriak eta bertan aritzen direnen jarduna ere, ezinbestean, paradigma horren baitakoak dira.

      Adierazgarria izan zen, adibidez, bbk Live festibaleko 2019. edizioan langileek izan zituzten lan baldintzen inguruko zalaparta. Eragin kolektibokoek salaketa publikoa egin zuten, zenbait langilek era anonimoan helarazi zizkieten baldintzak publiko eginaz[28]. 12, 14 eta 17 orduko lanaldiak izan omen zituzten zenbaitek, nahiz eta, lan ikuskaria etorriz gero, 8 ordukoak izan zirela esateko ohartarazi zieten. Halaber, orduko 3,5 euro kobratu izanaren testigantzak ere jaso zituzten. Azpikontratatutako langile horien hamaika mezutan hainbat kontu ilun bildu zituzten: tratu ezegokiak, jan eta edateko geldialdiak egiteko oztopoak, otordurako emandako sandwich ziztrinen argazkiak, inongo kontraturik gabe aritzearen, eta, kontratua erakusteko eskatuta, egin nahi izan ez izanaren testigantzak, eta beste.

      Last Tour programatzaileek komunikatu bat argitaratu zuten salaketei erantzun eta erru guztia azpikontratatutako enpresei egotziz[29]. Ardura lausotzea da horrelako kontratazio sareen ezaugarri bat, nahiz eta, jada adierazi dugunez, udalak 1.400.000 euroko dirulaguntza eman zien antolatzaileei urte hartan, eta, horrek, nolabait, erantzule ere egiten zituen. Horrez gain, udal garbitzaileak jaialdia antolatzen den gunea garbitzen ikus zitezkeen argazkiak ere zabaldu ziren, besteak beste, udalak egitasmoarekin duen lotura estua agerian utziz[30]. Udala mintzatu zen salatutako egoeraz: arazoa argitzeko prestutasuna agertu zuen, baita lan duin eta kalitatekoaren aldeko konpromiso irmoa adierazi ere.

      2022. urteko ediziorako arazoa konponduta zegoela adierazi zuen Alfonso Santiago Last Tourreko arduradun nagusiak, berriz ere auzi haren ardura enpresa jakinen bizkar utziz[31]. Dena den, kexa publikoak ez ziren eten: jaialdiaren ostean, antolakuntza “lotsagarria” eta “desastre bat” izan zela salatu zuten zenbait langilek eta, asteak pasatu arren, kobratu gabe jarraitzen zutela adierazi. Era berean, telefono zenbaki bat eman ei zieten jaialdiak iraun zuen artean edozein ezustekoren aurrean harremanetan jartzeko, baina, deituz gero, mugikorra itzalita egoten zen[32].

      Aipatu baldintzak mahai gainean jartzen direnean, ohikoa da festibalen inpaktu ekonomiko zuzenaren komodina erabiltzea. Hala egin zuen Xabier Otxandiano Bilboko zinegotziak orduko hartan, udalari egoeraz galdegin zitzaionean[33]. 24,3 milioi uzten omen ditu bbk Livek hirian, nahiz eta sekula ez den xehetasunez argitzen zenbaki horren zehatzak nondik nora lortzen diren. Zenbakiak benetan zuzenak balira ere, inpaktu hori nork probestu duen aztertu beharko litzateke, ordea. Jaialdi handien eragina inon topatzekotan, kanpotik etorritako zaleen diru arrastoari egin beharko genioke kasu, eta horrek erreserbatutako hotelez, tabernetan hartutako tragoez eta halakoez aritzea esan nahi du. Ostalaritzaz, hain zuzen, non lan baldintza prekarioak nagusi diren. Turismoa erakarriko duten ekitaldi handiak dira, batik bat, tabernen eta gaua pasatzeko era guztietako zerbitzu horien bazka, eta jaialdien baldintza eskas berberak izan ohi dira, tamalez, sektore horretan ohikoen. Egoera betikotzen duen gurpila elikatu besterik ez du egiten prozesuak, azken finean.

      Albaceteko Villarrobledo hirian egiten den Viña Rock festibal ustez engaiatuan arreta jarriz baiezta ditzakegu ereduaren mugak, izan ere, bertan aldarrikatzen dituzten ezkerreko balioek ez dute bermatzen arestian salatu ditugun baldintzen oso bestelakoak topatuko dituenik bertara lanera doanak. cgt sindikatuak argi deskribatu zuen egoera 2019an egindako salaketa publikoan: azpikontraten eredua gaitzestearekin batera, nabarmendu zuten administrazio publikoek halako makrojaialdien gastuei aurre egiten dietela, etekinak kanpora doazen bitartean[34].

      Covid-19aren ondorioz egin beharreko etenaldiak kulturaren industriaren zenbait gabezia agerian utzi zituen, halaber. Teknikariok izeneko sindikatua sortu zen eaen, adibidez, normalean aipamenik jasotzen ez duten beltzez jantzitako langileen baldintza egokien alde borroka egiteko erakundea, eta #AlertaRoja kanpaina bateratua ere abiatu zuten Estatu espainiarrean, musikaren sektore osoa bizitzen ari zen egoeraren gordina publiko egiteko asmoz. Txikitasunaren keriak: azken katebegia eta industriaren patronala elkarrekin aritu ziren aldarri berdinekin, sektoreari laguntzak eskatuz. Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotziaren arabera, eaeko kultura industriaren % 80 langile bat edo bi besterik ez duten enpresa txikiz osatuta dago, eta promotore handiek ere ongi dakite horiek eroriz gero eraikin osoa jaus daitekeela[35].

      Prekaritate orokortuaz gainera, zorionez ohiz kanpokoak diren beste gertakari batzuk ere esanguratsuak dira. Madrilgo Mad Cool festibalaren 2017ko edizioan, adibidez, Pedro Aunion akrobata eta dantzaria hil zen 30 metroko garaieratik erori ondoren, baina jaialdiak bere horretan jarraitu zuen, eta antolatzaileek ez zuten gertatutakoaren argibiderik eman gaualdia amaitu bitartean. Segurtasuna bermatzearren jarraitu zutela kontzertuekin, horixe izan zen azkenean emandako azalpena. Zenbaitek gizatasun falta egotzi zieten antolatzaileei, beste batzuk ulerkorragoak izan ziren halako makroekitaldi bat husteak sor zitzakeen arriskuez jakitun, baina, orokorrean, adostasunak zabala zirudien: hildakoa musikaria balitz festa une horretan bertan amaituko zen.

      Edonola ere, musikariak pribilegiatutzat jotzea okerra litzateke, haien baldintza profesionalen inguruko kalaka ez baita atzo goizekoa. Ondorengo testua argigarria da: “Pentsatzen dugu gure herriak, inoiz baino gehiago, luzera doazen kultura moldeak behar dituela. […] Lanik asko ba da egitekoa; eta, beraz, lana dan ezkero, ordaindua behar litzakelakoan gagoz […]. Txantxetako, eta ez hain txantxetako gauzetan […], hainbeste diru gastatzen den errian, guzurra dirudi euskal kantarien aurka jardutea, jaialdi bategaitik behar leukeen erdiaren erdia eskatzen dabelako. […] Artea egitea lan bat da, giza eginkizun bat, herriak behar duen zerbait; ez beharrezkoena, baina gizakumeak lehen beharrak betetzen dituen ondorenean beharrenetarikoa. […] Artistak profesionala behar du izan; ez profesionala dirua irabazten, lan egiten baino. […] Amateurrak, beste eguneroko eginkizunek uzten dioten tarteak erabiltzen ditu kultura ekintzetarako; eta horrela, jaunak, ezin daiteke axalkeriatik atera. […] Gogoagaz zerikusia dauken lanak gure errian ez dirala lan bezala artzen, denbora-pasako zerbait bezala baino”[36].

      Lerrook Ez Dok Amairu kolektibokoek egin zituzten publiko 1970. urtean, Anaitasuna eta Zeruko Argia aldizkarietan. Agirian profesionalizazioaren aldeko hautua adierazi zuten, militantzia alboratu gabe, musikariak bere jardunetik bizitzeko eskubidea aldarrikatuz. Orduan herriaren alde kantatzea eskatzen zitzaien, konpromisoa diru gose burgesagatik ez ordeztea, baina egun afera aski ezberdina da, emaitzak antzekoa dirudien arren.

      Oraindik ere, musikariak sokaren gainean egin behar du dantza bere musikatik bizi nahi badu. Ez da erraza musika ogibide izatea, eta asko dira musikagintza bestelako lanbideekin uztartzen dutenak. Era amateurrean aritzen direnak ere, hamaika. Dena den, egun musikaren inguruko ekosistema antolatuta dagoen moduak ea egoera hobetu duen aztertzeko gaude gu hemen. Bada gailendu diren jaialdi handietan aritzea profesionalizatzeko orduan ezinbesteko eginbehartzat jotzen duenik, eta nire egitekoa ez da baieztapen hori zalantzan jartzea; aztertu nahi dudana gehiago da ea eredu horrek musikarien profesionalizazioan laguntzen ote duen, baldintza material egokiak eskuratzeko orduan aurrerapausotzat jo ditzakegun azken hamarkadetan gertatu diren aldaketak.

      Musika festibal handiak asko ugaritu dira, baina ez horrenbeste: jaialdi handien kopurua sekula ez da areto txikietan antolatzen diren kontzertuen parekoa izan. Udan antolatzen dira gehienak gainera, beraz, hilabete gutxi batzuetan pilatzen diren ekitaldiek nekez osatuko dute artista baten diru beharrak aseko dituen eredu baten hezurdura. Oso urriak dira uda jaialdiz jaialdi igarotzen duten taldeak; adibide sonatuak badaude, bai, baina musika sortzen ari diren talde guztiekin alderatuta, estatistikoki arbuiagarriak dira kasik. Talde batek handien mailara heltzeko irrika izan lezake eta horretan gogo biziz saiatu, baina halakorik lortu dutenen zerrenda laburra sakoneko ezberdinkeria baten isla besterik ez da, errealitate gordina ezkutatzen duen amets amerikarraren parekoa. Paradigma berez da sostengaezina: garaileak egon badaude, baina beti izango dira salbuespena[*].

      Alan B. Kruegerrek era argian adierazten duenez, garaileak dena eskuratzen duen eredua da gaur egun musikarena[37]. Oso gutxi dira makrojaialdi baten kartelburu izan daitezkeen taldeak, urriak beren kabuz sarrera guztiak salduko dituztenak. Kruegerrek “superizarren ekonomia” honen bi ezaugarri azpimarratzen ditu: eskala eta bakantasuna. Irismen globalak eta kopia ia debaldekoak ahalbidetzen ditu teknologiak gaur egun, eta, horrek, ezberdintasun txikiak saritu eta haien garrantzia biderkatzen du. Gainera, taldeak antzekoak bai, baina bakoitza bakar eta ordezkaezina izateak, eragina indartzen du. Hala sortzen dira izar handiak, salmenta itzelak dituztenak eta, ondorioz, denek kontratatu nahi dituztenak. Horren araberakoa da panorama; disko salmenten erdia artisten % 0,1en esku dago eta antzerakoak dira streaming plataformetako entzunaldien datuak. Festibal erraldoiek garaile bakanen logika hori indartu besterik ez dute egiten.

      Jaialdion kontratazio politikak ere merezi du azterketarik. Hasteko, ohikoa izaten da musikariekin esklusibitate kontratuak sinatzea, hots, taldeari eremu konkretu batean —autonomia erkidegoa izan daiteke ala Estatu osoa— zenbait denboraz —urte horretan zehar, sarritan— beste kontzerturen bat eman dezan galaraztea. Talde handi zein txikiekin gertatzen da. Hala, musika talde hori ikusteko parada bakarra izaten da jaialdia inguruko zaleentzat, eta artistari eskualde horretan kontzertu gehiago eskaintzeko ateak ixten zaizkio. Aurrekontuari dagokionez, munduko izar handiak kontratatzen xahutzen da zatirik handiena, ikusi dugunez, festibalen artean lehia handia baitago haien emanaldiak lortzeko orduan. Guztiek nahi dute zenbait talde entzutetsu bere jaialdian letra larriz ager dadin eta katxeak egoera horren araberakoak dira; ikaragarri puztuak, alegia. Kasik enkante batean nola kontratatzen diren talde horietako bat bera ere ez da euskalduna, eta, halakorik balego ere, kontuak ez lirateke gehiegi aldatuko. Aldiz, ohikoagoa da egoeraren ifrentzua ezagutzea; ikusle asko izango dituzunez oholtzaren behealdean, gertatzen da antolatzaileek talde txikiei ikusle berriak eskuratzeko balizko aukera horixe besterik ez eskaintzea kasik, ikusgarritasunarekin limurtzea. Euskal musikari guztien patua horixe denik ere ezin esan genezake, dena den, talde edo bakarlari bakoitzaren estatusaren arabera negoziatzen baitira baldintzak normalean. Ordutegia eta soldata bakoitzaren izenaren araberakoak dira; hori bai, aberasterik ez espero.

      Artistek kobratutakoa ezkutukoa izaten da, gainera. Filtrazioren batek azalera dezake talde kontsakraturen bati ordainduko zaiona, edo mikrofonotik kanpo kontatuko dizu musikariren batek zein baldintza kaskar aurkitu zituen jaialdi konkreturen batean. Baina, orokorrean, datuok ez dira publikoak izaten. Madrilgo Rufus T. Firefly taldeak salatu zuen, adibidez, jaialdi askotan aritu izan ziren garaian buruko 30 edo 40 euro irabazten zituztela behin gastuak deskontatuta[38]. Egoera ikusita, haiek ezarritako gutxiengo bat eskaintzen zuten jaialdietan soilik aritzea erabaki zuten, eta azken diskoarekin lau soilik izan omen dira festibal horiek. Gainontzeko kontzertuak aretoetan izan dira. Kasuak kasu, jakina dena zera da: orokorrean, musikariei ez zaizkiela kontratu laboralak egiten, ezta egun ezarrita dagoen legedia betetzen ere. Kontua festibalez harago doa halere, areto gehienetan antzera jokatzen da eta, baita instituzio publikoak tartean daudenean ere, askotan. Ainara LeGardon aditua da musika jarduneko lege kontuotan, eta antolatzaileak artistari kontzertu bakoitzeko Gizarte Segurantzan alta eta baja eman behar dizkiola dio, honek hala eskatuz gero. Horren ordez, faktura bat egitera behartzen dituzte sarri. Horrek arrisku guztiak artistaren gain geratzea dakar, babesik gabe utziz in itinere istripuak gertatzen badira, adibidez[39].

      Musikariaren jardun profesionala ezegonkorra da berez. Musika grabatzeko denbora behar da, sorkuntzaren epeak aldakorrak dira eta etengabe biran aritzea ez dago denen esku. Ez da erraza ofizioak eskatzen dituen eginbehar guztiak uztartzen. Egiturazko zailtasun horiek gorabehera, jaialdi handiek egoerari soluziorik eskaintzen diotela pentsatzeak inozo samarra dirudi, halere. Egonkortasuna bilatze aldera, sare trinko bat indartzen saiatzea aukera zuhurragoa litzateke, akaso.

      Aretoetako zirkuitua ere kolpatu dute jaialdiek, ordea. Duela ez horrenbeste ohikoa zen ospe dezenteko taldeak gure areto ertain edo handietan ikusi ahal izatea, baina egun sona pixka bat lortzen duten talde gehienak festibalen bira egitera mugatzen dira maiz. Bai, behintzat, Espainiako Estatuan —eta, beraz, Hego Euskal Herrian—, non jaialdien aldeko apustua erabatekoa izan den. Horren adierazle da, adibidez, Espainia izatea nazioartean festibalzaleen helmuga desiratuena: festibaletara doazenen % 68 doa bertara[40]. Erkidego bakoitzak du festibal propio bat edo gehiago, nahiz eta sarri taldeen izenak behin eta berriz errepikatzen diren. Aldiz, ez dira gutxi taxuzko programazioa duen aretorik gabeko lurraldeak. Gurean, zorionez, egoera ez da horren aldrebesa, nahiz eta, geroxeago ikusiko dugunez, aretoak haien egoeraz kexu izaten diren.

      Talde txiki eta ertainek jotzeko denbora gutxi izaten dute jaialdietan, eta eszenatoki garai eta urrunetan aritzen dira kontzertuetarako nahiko ordutegi ezohikoetan. Emanaldiak bata bestearen gainean pilatzen dira gainera, eszenatoki batean bata, une berean handik ez oso urrun bestea. Era berean, marken logotipoen aurrean aritzera derrigortzen dituzte musikariak maiz, eta horretarako haien irudi eskubideei muzin egin behar izaten diete. Izan da arazorik horrekin. Alabama Shakes talde estatubatuarrak, adibidez, bi orduz atzeratu zuen kontzertua Kataluniako Cruïlla festibalean. Kontratuan ez ei zen publizitatea egongo zenik agertzen, eta, iragarki guztiak kendu zituzten arte, ez ziren eszenatokian agertu. Seward bartzelonarrek publizitatea estaltzea erabaki zuten jaialdi bereko haien emanaldian, baina antolatzaileek eten egin zuten zuzenekoa. Handiek eta txikiek ez dute ahalmen bera horretan ere, bistan denez.

      Zeinahi garagardo markaren iragarki baten gerizpean ahalik eta pertsona gehien paratzeak —eta, hala, norberak bere iragarkia bizitzeak— dirudi ereduaren muinetako bat, hotzean begiratuta. Dena den, bada bestelako giza eskalako festibalak aldarrikatzen dituenik; ikuskizunez patxadaz gozatu eta eskaintza asimilatzeko astia eskaintzen dutenak, pantaila handian urrunetik hamaika talde segidan ikusteaz aparteko bestelako saiakerak. Zaleek makrojaialdietan topatzen dituzten baldintzek ere merezi baitute azterketarik. Jana eta edana garestia izaten da, komunak eskasak sarri asko, eta sarreren prezioak altuak. Bada dutxatzeko aukera izateagatik gehiago kobratzen duenik ere. Ordainpeko festibalak mukuru egoten diren arren, jaialdien sarrera igarotzea baimentzen dizun eskumuturrekoa lortzea ez dago poltsiko guztien esku; ikusi dugunez, tokian tokiko biztanleen behar eta gogoak asetzea ez da sekula antolatzaileen lehentasuna izan. Atzerritik datozen gazteak sarreren prezioa ordaintzeko gai badira, aski. Debalde direnei dagokienez, sarri inguruan sortu nahi duten aura izaten da eskaintza interesgarriaren alde ezkutua.

      Ez Dok Amairuk sinatu zuen agiria publiko egin zen garaian, gurean ez zegoen musikaren industria gisa izenda genezakeen ezer. Emanaldien antolatzaileak militanteak izaten ziren eta kausaren alde aritzea eskatzen zitzaien musikariei. Egoera gatazkatsuak sortzen zituen horrek, lana duintasunez egin ahal izatea eskatzen baitzuten artistek. Antolatzaileek, aldiz, dirurik izatekotan, bestelakoetara bideratzea lehenesten zuten. Orain baldintzek prekarioak izaten jarraitzen dute, baina ez dago utopia edo kausa justurik halakorik justifikatuko duenik. Tira, ez dago dena merkatu bihurtu daitekeela baino utopia itsuagorik, baina hori, beharbada, beste kontu bat da. Hemen eta orain instituzio publikoak dira kultur politikak baldintzatzeko eta proiektu bat edo beste bideragarri bilakatzeko dirua eta gaitasuna dituztenak, eta haien xedea ikurren kontsumoaren makineria indartzea izan da, arte sorkuntzarentzat marko egoki bat sortzea bainoago.

      Oraindik fenomenoa gurera iritsi ez den arren, geroz eta ohikoagoa da jaialdi handion finantzaketa inbertsio-funtsen esku egotea. Estatu espainiarrari dagokionez, Bartzelonako Primavera Sound festibalak, adibidez, bere akzioen % 29 The Yucaipa Companies funtsari saldu zion 2018an, eta hiri bereko Sonar festibalaren parte-hartze bat ere erosi zuen Providence Equity Partners estatubatuarrak urte berean. Funts berberak erosi zituen 2023 hasieran The Music Republic eta Bring The Noise, hau da, fib, Arenal Sound, Viña Rock, Resurrection Fest eta O Son do Camiño antolatzen dituzten enpresak.

      Edonola ere, negozioak ez dirudi beti horren gozoa. Batez ere, diru publikoak dena errazten ez duenean. Horixe gertatu zen Biarritzeko big jaialdiarekin, adibidez, 2016an itzelezko galerak pilatu ostean, hurrengo urtean ezin izan baitzuen bederatzigarren edizioa antolatu. Dirulaguntza handiagoa eskatu zuten, baina ezezkoa jaso ostean, proiektuak bideragarria izateari utzi zion.

      Azken berrogeita hamar urteotan egoera erabat aldatu da; industria askoz ere garatuago dago, azpiegiturak ere bai. Zalantzazkoa da bilakaera hori musikarien edo ikusleen mesedetan izan ote den, ordea, are gehiago langile xeheei dagokienez. Ikusi dugunez, kapitalaren logikak hala behartuta, espektakulu ahalik eta ikusgarrienak eratzea izan da helburu behinena, hiri eta herri markak indartu eta nazioarteko proiekzioa lortzeko asmoz. Eta horrek, eredu jasangarri bat bultzatu beharrean, baldintza kaxkarrak eskaini besterik ezin lezake egin. Zer esan kulturaren bestelako ikusmolde batez eta bere balioaren aitortza zintzoaz: hori ez da ekuazioan sartu ere egiten.

 

 

Fedeaz

 

Kulturak egun fedeak betetzen zuen egitekoaren parekoa duela idatzi izan du inoiz Marina Garcesek[41]. Duela hiru mendez geroztik, behin jainkoaz umezurtz geratu garen honetan, kultura omen da zentzua sortzeaz eta gure izateari balioa emateaz arduratzen dena. Filosofo kataluniarrak dio giza existentzia areagotzea, ulertzea eta asetzea bilatzen duen indar eta forma multzo bat dela kultura, eta, honenbestez, erlijioa egiteko gai ez dena kulturaren eskuetan dagoela orain.

      Museoak gaur egungo katedralak direla esatea ere topiko bilakatu da kasik, baina, Iñaki Estebani jaramon eginez gero, ñabardura txiki bat gehitu beharko genioke esaldiari: garai bateko katedralen parekoak dira, bai, baina haiek bezala, museoak ere boterearen, ekonomiaren eta kontsentsu ideologikoaren erdigune direlako, hain zuzen[42]. Apaingarri edo ornamentutzat hartzen ditu museoak bilbotarrak, eta argi dio: haien funtzio nagusiak urbanistikoak, ekonomikoak eta politikoak dira; artearen egitekoa, finean, instituzio horiek martxan mantentzea besterik ez da. Baieztapen horiek gure egin genitzake agian, mutatis mutandis, musikaz eta egungo festibalez aritzeko ere.

      Esandakoa paradoxikoa ere bada, batez ere William Deresiewicz kritikari estatubatuarrak azpimarratzen duena ekuazioan txertatzen badugu: arteak fedearen testigua hartu zuenetik, artistei, sakratuaren garraiatzaile diren heinean, dirua bezalako kontu lurtarretatik urrun mantentzea eskatu zaie[43]. Ezin baita jainkoaren eta diruaren meneko izan, aldi berean. Hala, pobrezia arimaren araztasunaren seinale baizik ez da. Horrek, eta merkatuaren jokoan parte hartzeari muzin egiten dion balizko indie kode batek, kapitalismoaren arauak jada desagertu balira bezala jokatzera darama sortzaile asko, musikariak batez ere, nahiz eta arauok gure artean irmo ezarrita iraun oraino. Jarrera horrek inori kalte egitekotan artistei beraiei egiten diela azpimarratzen du Deresiewiczek, ikuskera honek sarri autoesplotazioa dakarrela soilik: kapitalismorik ez balego bezala jokatzeak ez zaitu ezkertiarrago egiten, inozoago baizik[*]. Ildo berean, batzuek iraultza ikusten duten tokian berak estuasun berezirik ez duenaren pribilegioa ikusi izan duela aipatu izan du Gorka Urbizuk, eta jarrera horrek musikari ofizioari “mesede eskasa” egiten diola adierazi ere bai[44].

      Orain arte alboratu xamar izan dugun hiri batean, Donostian, kulturaren izenean hamaika ekitaldi antolatu ziren 2016. urtean, kontzertuak tartean. Europako kultur hiriburu izendatu zuten urte hartan, eta bertan jazotakoetan jada aztertu ditugun zenbait fenomeno topatu ahal izan genituen: goitik behera zuzendutako kulturaren gabeziak, hiri erakusleihoaren orbanak, hiri marka eratzearen gosea, kaleak dekoratu eta herritarrak aktore izatearen sentipena, gentrifikazioaren eta turistifikazioaren mamua… Hori guztia, modu egoki ala azalekoagoan, aztertu dugu dagoeneko. Beste zerbaiti helduko diogu beraz, orain arteko analisia aberasten lagunduko digulakoan. Sakratuaren eta profanoaren arteko mugetan arakatzea lagungarri izan ahal baitzaigu beste zenbait irakurketa egiteko.

      2016 desiratua iritsi baino lehen, 2016 Desokupatu kolektibokoek Manuel Delgado gonbidatu zuten hiriburutzari buruzko hitzaldi bat eman zezan[45]. Ezin esan kataluniarra itzulinguruka ibili zenik: hasieratik beretik argi adierazi zuen ekimen hura hirien merkatuan lehiatzeko eta kapitala zein turistak erakartzeko egitasmo bat zela. Promozioa, marketina, hiriaren salmenta, besterik ez. Eta, beraz, ez zuela horretaz jarduteak gehiegi merezi. Delgado Erlijioaren Antropologia irakasteaz arduratzen da unibertsitatean, eta nahiago izan zuen gaia bere esparrura ekartzea.

      Delgadok urbanoaz —gogoratzen?— hitz egin zuen, besteak beste. Lefebvrek urbanoa “sorginen sutzat” zuela eta, horrenbestez, urbanismoa deabrua kontrolpean izateko saiakera gisa ulertzen zuela gogoratu zuen. Kultura, halaber, “gaitasun ia mistikoak dituen silikona” dela azpimarratu zuen, merkatu operazio erraldoien zerbitzura dagoena eta ustez transzendentalak diren egitekoak dituena. Kultura, ondorioz, estatu erlijio bilakatu omen da; marxista zaharrak esan zuen modura, “inoiz ideologia deitzen genuen hura”. Kultura bakea ezartzera dator, gatazka desagerraraztera, eta, bide batez, gaizkiarekin behingoz amaitzera.

      Kultur hiriburutzak erlijioarekin eta urbanismoarekin zuen lotura irudikatzeko, 1952an Bartzelonan egin zen kongresu eukaristikoa ekarri zuen gogora Delgadok. Topaketa hartan gotzain, apaiz eta abarren bilkurak egin ziren noski, baina okasioa bestelakoetarako ere probestu zen. Diagonal ingurua orduan erreformatu zen eta 16,5 hektarea inguru erabili ziren, besteak beste, fedearekin zerikusia zuten eraikinez gain, 3.000 etxebizitzatik gora eraikitzeko. Kristautasunaren izenean antolatutako ekimen hark hiriaren espiritua aldatu ote zuen ezin esan, baina gorputza behintzat bai, era agerikoan gainera.

      Kulturak zein kultuak, biek ala biek behar dituzte eraikin ikusgarriak. Donostia 2016aren harira, adibidez, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro bilakatu zen Tabakalera tabako fabrika zaharra. 2015eko irailean inauguratu zen, eta urte bereko azaroan hustu zuten Gros auzoko Kortxoenea gaztetxea. 2016ko urte santua iritsi aurretik egin beharrekoen zerrendan izango ziren biak agian, urbanismoak urbanoa azpiratzeko eginkizunean.

      Buenavista eta Mogambo bezalakoez hitz egin beharko genuke Donostian plan urbanistikoei jaramon handirik egin gabe sortutako proiektuak topatu nahi izanez gero, edo, begirada probintzia osora zabalduz, musikariek beraiek kudeatutako Hondarribiko Psilocybeneaz, Tolosako Bonbereneaz, Azkoitiko Matadeixez eta beste hamaikaz. Instituzioek bultzatutako adibide esanguratsu bat ere badago, Azpeitiko Kultur Mahaiaren bueltan osatutako ekosistema osoa. Kultura “funtsean, planifikaezina” dela ontzat eman, eta komunitatearentzat bitartekoak eskaintzea du xede[46]; hamaika ekimen jarri izan ditu martxan helburu horrekin, Dinamoa espazioa edo Sanagustin kulturgunea —eliza izandakoa—, kasurako. Ezberdintasunak ezberdintasun, entseatu, grabatu eta sortutakoa zuzenean erakutsi —baita hasiberria zarenean ere— ahal izateko gune ezinbestekoak dira horiek guztiak, baliabide materialak eskaintzeaz gain, aktoreen arteko sinergiak bilatzen dituztenak.

      Kulturaren hiriburutzak sortu al du halakorik? Edo, beste molde eta ikuspegi batzuekin bada ere, emankortzat jo dezakegun inertziarik? Har dezagun Olatu Talka, adibidez. “Hiriko egitasmo kulturalak saretzeko tresna”[47] omen zena 2010ean egin zen lehen aldiz, Donostia oraindik kultur hiriburutzako hautagai besterik ez zenean. Hamar edizio egin zituen guztira, 2019an amaitutzat eman zuten arte, eta denetan askotariko ikuskizunez bete zituen kaleak. “Hiria egitea” jomuga zutenez, hiritarren parte-hartzea izan zen egitasmoaren ezaugarrietako bat. Boluntarioen eta ekitaldietara bertaratutakoen kopuru handiak aipatzen ziren urtez urte balantzea egiteko emandako prentsaurrekoetan, eta “herritarren konpromiso, inplikazio eta izaera aktiboaren erakusgarri” gisa hartu izan zuten antolatzaileek[48].

      Hamaika kontzertuz eta ekitaldiz osatutako egitarauak erakustaldi bat zirudien, herritarren sorkuntzarako gaitasun itzelak bertakoak eta bisitariak txunditzeko modukoa. Ekitaldi horiek guztiak hautatu, programatu eta antolatzen asmo oneko norbanako eta kolektiboak aritu zirenik ez dut zalantzan jartzen, eta ziur naiz ez zirela gutxi izan ikuskizun horiez zinez gozatu zutenak. Afera gehiago da ea borondate oneko indar metaketa horren balantze erreala zein den. Elkar ezagutzarik gauzatu al zen? Langileen baldintzak hobetzeko eta egiteko modu egokiak instituzionalizatzeko balio izan al zuen? Parte-hartze puntualez harago, herritarrak hiriko kultur ekosisteman integratzeko moduez jardun al zuen inork? Are gehiago, inoiz egon al zen horren inguruko hausnarketa saiakera txikiena ere? Halakoetan, kezka sortzen baitzait ez ote den dena amaieran egiten den bideo promozional koloretsu eta dinamiko bat sortzeko aitzakia bat izaten, beste ezer baino gehiago.

      Nago Olatu Talkaren gisakoek herritarren parte-hartzea zukutu bai, baina ordainetan ikuskizun erraldoi bat besterik ez dutela eskaintzen. Lantokiak beharrean erakustokiak lehenesten dituen paradigmaren beste adibide bat direla, finean. Herritarrok hiria geure egitea eta inguruaren antolaketan esku hartzea ei dute helburu, baina sekula horretarako asmo zintzorik gabe; showak jarraitu ahal dezan lagun dezakegu hiritartasun antzu baten izenean, askoz gehiagorik ere ezin eskatu. Gauzak muturrera eramanda, antzekoa da gutaz espero dena Guggenheimeko Puppyren alde mezenas izan gaitezen eskatzen digutenean. Geu gara Guggenheim, geure esku dago bere distira bizirik mantentzea. Museoa garbitzeaz arduratzen direnak, ordea, arrotzak zaizkigu, bestea dira: adierazgarria da nola, bederatzi hilabetez luzatu zen garbitzaileen grebak iraun zuen artean, udalak bere kargu dituen langileak bidali zituen museoaren inguruak txukuntzera.

      Olatu Talka egitasmoko kontzertuetan jotzeko izena eman zenezakeen, betiere, dirurik ez jasotzeko prest egonez gero. Afari edo bazkaririk ere ez, eta, barrako langilearen adeitasunagatik ez balitz, ura ere erostera derrigortuta egon izana salatu duen musikaririk ere bada. Kostatuko zaio gaztetxe batean halakorik gertatu izana entzutea inori, ustez punki zikin eta gaitzesgarriz beteriko edozein espaziotan minimo horiek —eta gehiago— zorrotz zaintzen baitira.

      Za! taldeko Edi Pou bateria jotzaileak Mundo Estrella deitzen dio, esaterako, gune autogestionatuetan topatzen duenari[*]. Super Mario World bideojokoan aurki zitezkeen izar itxurako munduekin parekatzen ditu halakoak: lur azpian daude, mapa ofizialetatik at eta joko-arauak ezberdinak dira. Musikariak ironiaz dioenez, berak ere ez du behar beste menperatzen mundu horretako legedia, baina badaki afera ez dela txanponak biltzera mugatzen. Elkartruke horizontala, komunitatea eta giza beharrak merkatuaren bitartekaritzarik gabe asetzeko gogoa baitira, normalean, horrelako guneen zutabeak.

      Festibal txikiak ohikoak dira horrelakoetan, baina badago eskala salto bat egiten ausartu denik ere. Gernikako Lekuek jaialdia da, ziur aski, kasurik aipagarriena. Herriko hiru gune autogestionatuk indarrak batu eta elkarlanean sortu zuten Lekuek 2014an, eta geroztik urtez urte osatu dute astebete irauten duen egitaraua. Urte osoan zehar programazio propioa duten Iparragirre Rock Elkarteko, Astrako eta Trinkete Antitxokoko lagunak hasi ziren ideiari lehen aldiz forma ematen eta, egun azken aretoa itxia dagoen arren, Kult Parnasoa, Zine Kluba eta herriko zenbait taberna eta txoko batu dira egitasmora geroztik. Udalaren iniziatibaren faltan, herritarrak izan ziren festibalari forma eman ziotenak, eta Kultur Etxea bera batu izan da egitarauan bere aletxoa jartzera.

      Hainbat estilo entzun daitezke jaialdian, dela bluesa, metala edo hip-hopa; helduentzat zein txikientzat antolatzen dira ekitaldiak, eta hitzaldiak, zine emanaldiak, tailerrak, azokak eta bestelakoak ere izaten dira. Irabazi asmorik gabeko ekimena da Lekuek eta ez du inongo dirulaguntzarik jasotzen; jaialdi osoko kontzertuetara joateko bonoak 30 euro balio ditu eta emanaldi solteetara joateko sarrerak garestiegiak izan ez daitezen saiatzen dira, nahiz eta debaldeko kontzertuak ere badauden. Musikazaleak dira bultzatzaileak, musikariak horietatik zenbait, nahiz eta hartzaileak askotarikoak izan. Haraindikoak diren asmoak alboratu gabe, hankak lurrean ere izan nahi ditu jaialdiak eta horrexegatik dute kabida egitarauan musikaren arlo ez-musikalaz eta kudeaketaz formazioa jasotzeko bilkurek ere, adibidez. Gune autogestionatuek eskaintzen dutenaren zerrendan ez baitago, tamalez, musikari gisa profesionalki aritzeko bermerik.

      Lekuek ez da festibalen kontrako ekimen bat edo antifestibal bat, superfestibala baizik, haiek dioten lez[49]. Egon badagoen aberastasunaren plazaratze bat eta ospakizun bat da, ezer izatekotan; komunitateak parte-hartzearen bidez eraikitako zerbait, bertako zoruari ezaxola jaurtitako porlanezko egituren oso bestelakoa. Ezberdinen arteko elkarlanik gabe ezinezkoa litzatekeen proiektu bat da, urte luzez Gernikan erregaia biltzeaz arduratu direnek hauspotzen dutena. “Sua pizteko, oxigenoa, beroa eta erregaia behar dira. Haiek gabe, ez du izateko aukerarik, ez du bere funtsa kobratzen, ez da existitzen”, zioten 2021. urteko edizioa aurkezten ari zirela[50]. Musikaren inguruan berotzeko aukera horixe da, antza denez, festibal honek eskaini nahi duena.

      Bioaniztasun osasuntsu bat bermatzen duten Lekuek festibalaren tankerako egitasmoak gurean egon badaude. Askotariko elkarte eta kolektiboek antolatutako jaialdiak ohikoak dira eta 2010eko hamarkadan loraldi bat ere egon zen. Beratu, Jazpana eta Usopop festibalek sona lortu dute, esaterako, baina eskaintza are zabalagoa da, aspalditik gainera: Rock abizena dutenen artean ditugu Irunen, Arizkunen, Ordizian, Orozkon edo Andoainen egin izan direnak; Fest deitura nahiago dute Poligrafok, Defenestrek, Dardarak, Tapoik, Noiznahik eta Bixamonak; egun bat baino gehiagoz luzatzen direnen artean zerrenda ditzakegu, besteak beste, Sotoko Hotsak, Bebarruko Jardunek, Marea, maz Basauri, Musikaire, Fenomena, Adarretatik, Kalegorrian edo Egubakoitzak Kartzelan; genero edo estilo jakin batzuk lantzea nahiago dute Dimetal, Mojo Workin’, bet, Txapel Reggae, Beltza Weekend, Getxo Folk, Kaiola, Tolosandblues, Ni Naiz Hip Hop eta Inkestas jaialdiek; eta zenbait kolektibok antolatu izan ditu bere ospakizun propioak, Ttan Ttakun irratiak, Bonbereneak, Mukuru kolektiboak eta Musikazuzenean egitasmoak, esaterako. Aitortza berbera merezi duten beste hamaika ere badaude, euskal gizarteak musikarekin duen lotura estuaren seinale denak ere[*].

      Jaialdiena continuum bat da, inongo irabazi asmorik gabe eta eszenatokia izateari uko eginez antolatzen diren kontzertu izerditsuetatik hasi eta profesionalizazio maila altuagoa dutenetaraino doana. Erabateko autogestioan oinarritzen dira aipatutako batzuk, instituzioen nolabaiteko laguntza dute gehienek eta enpresa pribatuekin harremana ere badute beste zenbaitzuek. Guztiek dituzte musikazale porrokatuak atzean. Formulak askotarikoak dira, nahiz eta orriotan aztertzen ari naizenak festibal molde konkretu bati erantzuten dion, azken urteotan gailendu eta indartu dena, hain zuzen[*].

      Berriz ere euskal hirietara itzuliz, paradoxikoa ere bada inongo ikur entzutetsu edo programa arranditsurik gabe, Gasteiz izatea, ziur aski, Hegoaldeko hiriburuetan musika ekosistema jasangarriena duena. Euskal Herriko hiriburuetako tradizio luzeeneko gaztetxea dago bertan, Lazarraga Kultur Elkarteak bultzatutako Oihaneder espazioa ere izan du —laster Gasteiz Antzokia ere izango du—, baita Jimmy Jazz eta 400-500 bazkideren sostengua duen Helldorado tradizio luzeko musika aretoak ere, besteak beste. Errekaleor auzo okupatuan kontzertuak egiten dira, baita Orbain aretoan ere, eta taberna dezentetan antolatu izan dira estilo askotako hamaika kontzertu, Parral izanik adibide ezagunena. Mugako elektronika festibala egin izan da zenbait urtetan eta Cosmic Fest txiki bezain landua ere antolatu izan dute azken urteotan. Horrez gain, bertakoa da Hala Bedi, Euskal Herriko irrati libre indartsuenetako bat, eta musikari eta musikazaleen arteko harreman sareko nodo gisa ere funtzionatzen du.

      Agian horregatik guztiagatik izan zuen bertan arrakastarik handiena Arteak Ireki egitasmoak. Eusko Jaurlaritzak tabernetan kontzertuak antolatzeko araudia aldatu nahi izan zuen 2019an, zuzenekoak jarraitasunez eskaintzeko trabak ezarriz. Hilabete bakoitzean kontzertu bakarra antolatu ahal izatea aurreikusten zuten neurri berriek, berariazko baimena ez zuten tabernentzat. Helburu horiei aurre egiteko sortu zen Arteak Ireki plataforma eta protestak jarri zituzten martxan. Halako araudi bat Irlandan imajinaezina zatekeela zioten, baita Azkena Rock festibalaren gisako “rock supermerkatuak” finantzatzeko milioiak izan bai, baina herri kultura sustatzeko inongo asmorik ez izatea salatu ere[51].

      Azkenean ez zen legedia aldatu eta gauzek bere horretan jarraitu zuten. Dena dela, taberna eta areto txikien kexak ohikoak izan dira gerora ere. Donostiako Bukowski tabernan, adibidez, urte luzez antolatu izan dituzte kontzertuak eta Josu Urbieta kudeatzaileak adierazi izan du bertan eta beste areto batzuetan antolatu diren kontzertu gehienak legez kanpokoak izan direla. Ez dute baimenik izan horretarako, nahiz eta astero lau kontzertu antolatzera ere iritsi ziren duela zenbait urte. Gainera, 2016ko zitarako Donostia hiri kultural bizitzat har zezaten nahi zutenez, udaleko Kultura Sailetik beraiei eta beste zenbait tabernari kontzertuak antola zitzaten eskatu zieten[52]. Hori bai, Hirigintza Sailetik ia taberna ixteko mehatxua ere iritsi omen zitzaien kontzertu horiek antolatu ostean. Xarma sortzeko behar zituzten, baina pasatu gabe, gero.

      Politika argi eta koherente bat ez izatearen ondorio dira horrelakoak, zuzeneko musika osasuntsu mantentzeak eskatzen duenaren berri ez izatearen adierazle. Covid-19aren ondoriozko geldialdi luzean Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak ere horren isla dira. Egia da ia 6 milioi euroko laguntzak bideratu zituela kulturaren industriak jasandako trantzea arintzeko, baina finantzaketa publikorik ez duten musika aretoek ez zuten diru horren berririk izan. Arrazoia, ondorengoa: 2020. urtean fakturazioaren % 70 gutxienez ez zela kulturarekin zuzenean lotuta dauden ekintzen bidez eskuratua izan. Gauza aski ulergarria, kontuan izanda publikoak ez diren aretoek gaueko aisiarekin eta ostalaritza zerbitzuekin asetzen dituztela beraien behar ekonomikoak, Espainiar Estatuan behintzat. Europako beste zenbait tokitan, ordea, zuzeneko musika programazioa duten aretoek laguntza publikoak jasotzen dituzte eta, ondorioz, ez dira gutxi Hegoaldean ere berariazko araudi bat eskatzen dutenak.

      Kontzertuak gaueko aisiaren parte dira, beraz, ez beste ezer. Kontua ez da gaueko aisiarekin lotzeak ezer arbuiagarri bihurtzen duenik berez, afera gehiago da ikuspegi horrek zer ezkutatzen duen. Joseba Irazokik musikaria entretenimenduarekin lotzen dugula esana du[53], egiten duena igeltsero baten lana baino zerbait ludikoagotzat hartzen dugula eta ez dugula serio hartzen, ez dugula langiletzat hartzen. Distrakzio edo dibertimendu bat da; mezu eder baten soinu banda, asko jota. Ondorioz, musikariek, aretoek eta ekosistema osoak, oro har, ez dute inolako araudi espezifiko ezta aitortzarik ere. Musikaria asperdura arintzen lagunduko duen hori besterik ez da gurean; parranda girotu edo asmo handiko ekitaldiren bateko tarte hilak beteko dituena. Hori baino gehiago eskatzea, sasi-intelektualen, eszentrikoen eta antzekoen burutazioa da, besterik ez.

      Espainiar Estatuan Artistaren Estatutua ontzen ari dira azken urteotan eta, azken adierazpenen arabera, legealdi honetan prest egoteko asmoak ei ditu gobernuak. 2023. urte hasieran neurri esanguratsu batzuk onartu ziren: langabezia sari berezia, erretiroko pentsioa eta lan artistikoari loturiko ordaina aldi berean kobratzeko aukera, eta urtean 3.000 eurotik beherako sarrerak dituzten autonomoentzat kotizazio murriztua. Langabezia sari berezia azken urte erdian 60 egunez edo azken sei urteetan 180 egunez lan egin izana ziurtatzen dutenek jaso ahal izango dute, lau hilabetean. eaen ere Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Euskal Estatutuarekin ari dira gora eta behera. Bingen Zupiria Kultura sailburuak esan zuen legealdiko helburuetako bat zela eta oraindik isilpeko lanean ari omen dira, neurriak zehaztu nahian.

      Amagoia Gurrutxaga Lanarteako koordinatzaileak Madrildik etorriko diren neurriek eta estatutuek izan ditzaketen mugak azpimarratu izan ditu, euskal sortzaileak berariazko legedia behar duela aldarrikatuz[54]. 750.000 hiztun dituen komunitate batentzat beste marko baten beharra ikusten dute Lanartea elkarteko kideek. Besteak beste, “euskararen langile profesionalak kulturaren subjektu izanik, ekonomiaren subjektu ere izatea” eskatzen dute Lanartean, eta aholkularitza, kontratu ereduak… eskaintzen dituzte[55]. Gure mugetatik at, musikariei espresuki zuzendutako sindikatuak ere sortu izan dira, smac! (Sindicat de Músics Activistes de Catalunya), adibidez.

      Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako musikariek, aldiz, badute bestelako sostengu bat. Frantziar Estatuan bada intermitentzia izeneko tresna bat, zeinak babes apur bat ematen dion artistari. Mekanismo juridiko horren bidez, 12 hilabetetan 507 orduz (43 egun, horietako bakoitzean musikariak 12 orduz lan egin duela suposatzen baita) aritu dela bermatzen duenak babes ekonomiko bat jasotzen du Estatutik. Laguntza hori egindako emanaldien eta ordainsarien araberakoa da eta, urtero berritu ahal izateko produktibo mantendu beharra eskatzen duen arren, gutxieneko egonkortasun bat ematen du. Nekez beteko ditu baldintzak bere proiektu pertsonalarekin soilik ari denak, baina egitasmo ugaritan jardunez gero errazagoa da eskuratzea. Ez da ahaztu behar, halaber, Frantziako irratietan entzuten den musikaren % 35ek, legez, frantsesez izan behar duela, besteak beste.

      Merkatu ekonomiak arautzen duen gizarte batean halakoak eskatzea partxe bat besterik ez da izango, ziur aski, baina bestelako ikuspegi baten erakusle ere bada. Gailentzen den kulturaren ulerkerak badu zeresanik horretan guztian, eta, gurean, nabarmenak dira egoera egonkor eta jasangarri batetik urruntzen gaituzten joerak.

      Musika lurtarregia izan daiteke kasik, jolas baten parekoa, eta, beraz, garrantzirik aitor ezin zaion egiteko gizatiarregia. Edo, alderantziz, hain zuzen berezkotasun horren ondorioz, bere horretan kutsatzetik salbu gorde beharreko altxorra. Absurdoa dirudi egoerak, horren zutabe kontraesankorren gainean musikaren praktika erreala sostengatzea ezinezko egiteraino. Tresna huts baita egun esperientzia musikala: inbertsioak erakarriko dituen kaskabilo magikoa, batetik; esperientzia sakraturako bitarteko ezinbestekoa, bestetik.

      Praktika kulturala eguneroko bizitzara itzuli behar dela dio zenbaitek, merkatuaren eta ikuskizunaren atzaparretatik askatu, eta giza beharrak asetzeko helburu behinena berreskuratu behar duela. Ezin adosago baieztapen horrekin. Aldiz, errazkeria ere bada lelo hori ahotan bertan goxo egin, eta musikariaren jardunak egun dituen oztopo konkretuen gaineko gogoetari iskin egitea, egoera ideal horren eske egotera mugatuz. Gure egungo gizartearen konplexutasunei itzuri egiten dien bide-orririk gabeko jarrera horrek badu eta fedetik ere.

 

 

Doktrinak, eliztarrak eta prozesioak

 

Richard Floridak hiri sortzaileez zioenak ea funtsik ote zuen ez da sobera garrantzitsua. Martha Rosler artista eta idazleak dio ezetz, Floridarena gehiago zela diskurtso polit bat errealitatea zehatz deskribatzen zuen analisi zorrotz bat baino[56]. Zer axola, ordea; tesi hark ongi burutu zuen bere egitekoa. Roslerren arabera, sormenaren gaitasun eraldatzailearen kontua ez zen ekonomia politikoan interesa zutenei zuzendutako mezu bat, orotariko gestore, lobbista, negozio-gizon eta agintarientzat bazka baizik. Floridaren tesiak, emaitza enpirikoak lortzeko bainoago, eraldaketa urbanoaren diskurtso konkretu bati sarrera emateko balio duela dio Roslerrek, behin hitzontzikeria horren lilura agortzean beste tesi sakon bat etorriko dela, bere aldagai kuantifikagarriekin eta proposamen burutsuekin.

      Floridak berak ere duela zenbait urte esandakoen inguruko iritzia zertxobait aldatu duela dirudi, dena den. Bere errezeta jarraitu duten hirietan desberdinkeria handitu egin dela jabetu omen da, eta arazo hori aurreikusi ez izanaz damu dela eta konponbidea eman nahian-edo dabilela adierazten du liburu berrien aurkezpenetan. Jada martxan zegoen prozesu batentzat erregaia izan zen berea, higiezinen sektorearen gurpila biraka mantenduko zuen kontakizun bat. Balantzea argia da: gentrifikazioa orokortu egin da, baita gizartearen desoreka ere. Jada aberatsak zirenak izan dira sortzaile urte hauetan guztietan: inor garaile atera bada, lehenagotik ere garailetzat har genitzakeen horiek besterik ez dira izan[*].

      Zerbitzu klasea ahaztu omen zitzaion Floridari. Sortzaileen loftak garbitu, kafeak zerbitzatu eta halako lanak egiteaz arduratzen direnak. Hiria sortzaileek eskuratu omen dute, eta zerbitzariek periferiara alde egin. Horixe izan da sormenik gabekoen patu petrala. “Ni ez naiz gentrifikazioaren arkitektoa, nahiko nuke halako botererik izango banu”, esan zuen elkarrizketa batean[57]. Ados horretan, bera predikari hutsa izan da, logika sakonak beste batzuk izan dira. Ez du horrenbeste arreta ere merezi, beraz, gizajoak.

      Kontua da sormena erdigunean jarri den honetan denok garela sortzaile. Egun, denoi eskatzen zaigu sortzailea izatea geure lanean, geure ogibidea edozein dela ere. Sorkuntza, kultura eta urbanismoa, nahas-mahasean, termino ekonomiko hutsetan ulertuta, horiexek izan dira azken urteotako diskurtsoaren oinarria.

      Creative beharrean smart izatea da gakoa orain. Bizkorra, alegia. Hiriak dira smart izan beharrekoak, noski, eta horretarako azpiegitura berriak behar dituzte, ezin bestela. Orain goratu beharrekoak gehiago dira digitalizazioa, teknologia berriak, ezagutza, berrikuntza eta abarrak. Betiere, hiri humanoago eta berdeagoen izenean, nola ez. Aldaketa sakonik egon ez dadin egin beharreko moldaketak besterik ez dira horiek guztiak. Jose Mansilla antropologoak argi dioen gisara, hiriak bizitzaren erreprodukzioaren eta giza soziabilitatearen izenean antolatu beharrean, inbertsio eta kontsumo espazio gisa eraikitzean datza, finean, afera; izenak izen eta leloak lelo[58].

      Gurean, Bilboko Zorrozaurre da smart izenondoa eskuratzen lehenbiziko eremuetako bat: ezagutzaren eta talentuaren irla. Ezagutza pribatuarena, noski, Digipen, Kunsthal, Navarra, Deusto, Mondragon eta imq unibertsitate ikasketak eskaintzekoak baitira bertan. Logika pribatizatzaile horren arabera eraikitako ezer nekez izango da berde, gizatiar edo bizigarri, ordea, eta orain arteko logikan sakontzea beste egitekorik ez du izango. Nolanahi ere, azpiegitura horiek arima gazteago bat izan dezaten-edo, lehenago San Frantzisko auzoaren ingurumarian kokatu dugun Hirian jaialdiaren 2019ko edizioa Deustun antolatu zen, inguru hark ere espiritu urbano eta errebeldea izan dezan, beharbada. 2022an, berriz, Santutxu langile auzoak jaso zuen Hirianen bisita.

      Sermoi horien guztien doinua atsegin dutenen artean bada hamaika agintari, noski, tartean kapituluaren hasieran dantzan utzi dugun Joan Clos Bartzelonako alkate ohia. Interesgarria da gizon honen ibilbidea aztertzea. Politika instituzionala utzi ostean, 2020an Asociación de Propietarios de Viviendas en Alquiler (asval) eta Federación Internacional de Profesiones Inmobiliarias (fiabci) erakundeetako presidente kargua hartu zuen, higiezinen sektoreko bi erakunde garrantzitsu biak ere. Alokairuen prezioen erregulazioaren kontra gogor aritzen den lobbyaren parte dira eta Blackstone funts putreen enpresa erraldoia tartean dute, besteak beste.

      Urbanismoaren inauteriek Bilbon utzitako balantzea aztertzea ere aski argigarria da. San Frantzisko da, 2019ko datuen arabera, etxebizitza turistiko gehien duen Bilboko kalea[59]. Edonola ere, ezin esan genezake lehenago azaldu dugun Lisa Vollmerren gentrifikazioaren eredu ideala guztiz gauzatzea lortu denik auzoan, oraindik ere kontraesanez eta gatazkaz beteriko borroka eremu izaten jarraitzen baitu. Auzo elkarteak dira horren adierazle argienak eta musikak ere badu zer esanik. Azpimarragarria da, esaterako, Jamaikako doinuetan espezializatutako Pantx zigilukoek antolatzen duten futbol mundialito parte-hartzailea, besteak beste, arrazakeriaren kontra altxatu eta gizarte kohesionatuago baten alde egiteko sortu zena. Donostiari dagokionez, Euskadiko Airbnb iragarkien % 42 bertakoa da, eta 2016az geroztik 45 hotel eraiki dira, 3.000 ohe baino gehiagorekin; alokairua, berriz, % 26,05 igo da[60]. Agerikoa da hiriak azken urteotan izan duen bilakaera. Bartzelonako aurrekariek erakutsi ziguten moduan, bidegabekeriaren, oinazearen, engainuaren, ezintasunaren eta kaskarkeriaren berri ematen diguten zifrak dira; xarmaren ifrentzua, azken batean.

      Halako panoramarekin, zenbait musikari eta zale bestelako kartografia posible batzuk irudikatzen aritu izana ez da harrigarria. Horren eredutzat hartu izan da rave kultura, adibidez, ezarritako mugei muzin egin eta estasi kolektiboan musikaz gozatzeko ihesbidea izan baita gazte askorentzat, jaia edonon eta edonoiz antolatu ahal izateko aukerak erakarrita. 90eko hamarkadako Spiral Triberen gisako kolektiboak dira horren adibide muturrekoenak, norberak eraikitako sound system bidez antolatutako free party edo jaialdi libreen ordezkari. Festibal autoeratu horien errezeta sinplea da: edozein eraikin edo orube okupatu eta festa antolatu; amaitzean, alde egin eta hurrengo hirirantz abiatu. Han, berriz hasi, eta horrela gorputzak iraun arte; horixe zen Europa osoan zehar egindako ibilaldietan zenbait urtez mantendu zuten egiteko modua. Aldi baterako eremu aske horietan, autoritatearen kontrako ikuspegi libertarioa eta legediari ikusezina ere osagaien artean zeuden, noski, eta oraindik ere antzeko teknival edo jai askeak topa daitezke kontinente osoan[*].

      Hiritik ihes egin edo ertzetara jo ordez, boterearekin harreman anbiguoagoa izan du lehenengo kapituluan aipatu dugun Berlingo Love Paradek. 2007an Alemaniako hiriburua utzi eta Ruhr bailaran antolatzen hasi ziren, industria astunak indar garrantzitsua izan duen metropoli eremuan. Asmoa zehatza zen: 2007an Essenen egingo zen Love Parade, Dortmunden hurrena, Bochumen gero eta Duisburgen antolatuko zen 2010ean, hain justu Ruhr bailara Europako kultura hiriburu izango zen urte berean. Turismoa erakartzea eta Duisburg bera indartzea zen asmoa, inguruko beste zenbait hiriren artean gailendu ahal izateko[61]. Artearen eta maitasunaren izenean —leloa The Art of Love zen— antolatutako desfile parte-hartzaile itzel batekin liluratu nahi zuten mundua, finean. Duisburgeko edizioak ez zuen espero bezain ongi funtzionatu, ordea; alderantziz, jende uholdearen ondorioz, 21 pertsona hil eta ehundaka zauritu ziren edizio tamalgarri hartan. Ez da Love Parade berririk egin urte hartaz geroztik.

      Kaleek, eraikinek, hiriek eta haiei forma ematen dieten diskurtsoek moldatzen dituzte gizartea eta norbanakoak. Musika ere oinarri horretan eta sor daitezkeen arrakaletan mugitzen da, behin eta berriz, emaitza kontraesankorrekin. Gailentzen diren narratibei nola edo hala iskin egiteko saiakerak aletzen eta bakoitzaren garapena iruzkintzen jarrai genezake nahi beste: asimilatu egiten dira batzuk, instituzionalizatu hainbat, ertzetan nola edo hala irauten dute besteek. Utz iezadazue azken prozesio bat aipatzen kapituluarekin amaitzeko, dena den.

      Euskal Herriko ermiten inguruan egiten ziren erromeriei buruz Jose Ignacio Homobonok egiten duen irakurketa interesgarria zaigu orain arte esandakoa biribiltzeko. Antropologo bizkaitarrak dioenez, bilkura horietan “herritik, zein bertako ordenamendu hierarkiko, elizkoi eta sekularraren eraginetik urrun” bateratzen zen komunitatea, santu babesle eta sendatzailearekin apaizaren bitartekorik gabe harremanetan jarriz[62]. Hierarkizatu eta instituzionalizatu gabeko erlijiositatea irudikatzen omen zuten ermitetako erromeriek, eta hortik elizaren botere egiturek zieten mesfidantza. Horrexegatik izango zioten, agian, halako herra trikitixari —“infernuko hauspoa” espresioa horren lekuko—, beste hezur eta, batez ere, haragizko arrazoi batzuez aparte.

      Ermitek ez dute, bistan denez, egun halako funtziorik betetzen, baina badugu elizekin eta ermitekin parekatu ahalko genituzkeen bestelako hamaika areto inguruan. Homobonok deskribatutakoetatik urteak igaro dira; doinuak, estetikak eta eraikinak aldatu, baina ez dirudi gatazka asko moldatu denik. Musikak eta, oro har, artearen eta kulturaren esperientziak babeslekuak eta plazak behar ditu oraindik ere; horren araberakoak izango dira norbanakoen bizipenak, identitateak, eta komunitatearen zein parte-hartzearen logikak. Festak eta musikak zenbaitetan berekin dakarten boterearen birbanaketa bat-bateko eta errituala ongi dago, baina hobe, aukeran, mapa egonkor justuagoak. Espazioen bestelako kudeaketa eta kontrol bat sortzea baita mamia hemen, bozgorailuen inguruan daudenak —aurrean, atzean zein alboan— protagonista izango dituena.

 

 

 

[*]  sxsw jaialdian, kontzertu ofizialez aparte, bestelako kontzertuak ere antolatzen dira hiri osoko areto, orube eta abarretan.

[*]  xix. mendean Parisen eraldaketa gidatu zuen Georges-Eugene Haussmannek. Boulevard eta plaza zabalak eraiki zituzten; saneamendua hobetzeaz gainera, kale estu eta jendetsuak ekiditea ere bazen helburu bat, matxinadak zailtze aldera.

[*]  Gazteleraz konparaketa are eraginkorragoa da: cultura eta cultivo hitzek erro berbera dute eta.

[*]  Merezi luke distira darien eta garailetzat ditugun horien diru sarrerak xehe-xehe aztertzea, zenbaitek uste duena baino baldintza eskasagoak topatuko baikenituzke, ziur aski.

[*]  Dena den, testuinguruari ere erreparatu beharra dago: Deresiewicz militantzia eta boluntario lana kulturan ia existitu ere egiten ez den Estatu Batuetatik hitz egiten ari zaigu; Euskal Herrian musika jarduna —berdin ezein kultur arlotan, egia esatera— ezin uler liteke bi aldagai horiek kontuan hartu gabe. Era berean, gurean zein atzerrian berdin, badira musika ofizio gisa ikusteko asmorik ez duten taldeak eta kolektiboak, bestelako helburuak dituztenak, eta, lanbide gisa egonkortzeaz harago, musika bizitzeko beste bide batzuk lehenesten eta indartzen saiatzen direnak.

[*]  Izen hori erabili du Espainiako Estatuko zenbait areto autogestionaturi eskainitako podcasta izendatzeko. Hemen entzun daiteke: https://gandula.bandcamp.com/album/mundo-estrella-podcast

[*]  Twitterren egindako galdeketa batean ehun bat jaialdi txiki edo ertain jaso nituen, jakin badakidan arren gehiago ere badaudela.

[*]  Komeni da argitzea, bide batez, orriotan Donostiako Jazzaldia, Hamabostaldia edo Gasteizko Jazz festibalaren gisakoak ez txertatzea erabaki dudala, aztergai dugun fenomenoaren bestelako analisi bat eskatuko luketelakoan. Jaialdiak izanagatik, pop festibalen bestelako erro, molde, kudeaketa eta tradizio batetik datozenez, ez zait egokia iruditzen besteekin batera aztertzea. Antzerakoa da euskal herrietan topa ditzakegun txosnen mugimenduari buruz esateko dudana: gurean dugun musika eskaintza aztertzeko ezinbestekoak diren arren, berariazko testu bat mereziko lukete hauek ere.

[*]  Adierazgarria da Erresuma Batuan egindako ikerketa batek ondorioztatutakoa: langile klaseko familietan jaiotakoek lau aldiz aukera gutxiago omen dute sorkuntzarekin (musika, literatura, zinea...) lotutako lanen bat izateko. Egoera, gainera, ez da aldatu 50eko hamarkadatik hona (Tapper, J. “Huge decline of working class people in the arts reflects fall in wider society”, The Guardian, 2022-12-10).

[*]  Sona handiegirik sekula eduki ez duten arren, antzekoak izan ditugu Euskal Herrian. Zumarraga-Urretxun eta Beasainen, adibidez, Korefest jaialdia egin izan da: festak, gaztetxean hasten zen arren, goizaldean fabrika zaharren batean edo mendian jarraitzen zuen sarri.

 

 

  [1]  Barcenilla, H. “Piztu Bilbo, itzali mtv”, Berria, 2018-10-16.

  [2]  Piztu Bilbo. “Piztu Bilbo, itzali mtv (abestia + bideoklipa)”, Youtube, 2018-10-01.

  [3]  Europa Press Catalunya. “El Primavera Sound cierra con medio millón de asistentes y un impacto de 349 millones de euros”, europapress.es, 2022-06-11.

  [4]  Garcés, M. (2018). Ciudad Princesa, Galaxia Gutenberg, Bartzelona.

  [5]  Zulaika, J. (1997). Crónica de una seducción. El museo Guggenheim Bilbao, Nerea, Madril.

  [6]  Larrea, A. (koord) (2012). Euskal Hiria: reflexiones sobre la ciudad y las ciudades vascas, ex]- Liburuak, Bilbo.

  [7]  Immigrazioaren Bilboko Behatokia (2022). “Atzerriko immigrazioa Bilbon 2022”.

  [8]  Bilbao International (2012). “blv-art 2012”.

  [9]  Last Tour. “bbk Live y el Ayuntamiento de Bilbao presentan Hirian”. APMusicales.com, 2017-06-02.

[10]  Bilbao bbk Live Oficial. “Hirian 2018”, Youtube, 2018-04-12.

[11]  Clayton, J. (2016). Uproot. Travels in 21st-Century Music and Digital Culture, Farrar, Straus and Giroux, New York.

[12]  Xake espazioa. “Welcome Hirian 2018”, Youtube, 2018-05-25.

[13]  Zukin, S. (2009). Naked City: The Death and Life of Au­thentic Urban Places, Oxford University Press.

[14]  Harvey, D. (2013). Ciudades rebeldes. Del derecho de la ciudad a la revolución urbana, Akal, Madril.

[15]  Castro, E. (2019). El trap. Filosofía millennial para la crisis en España, Errata Naturae, Madril.

[16]  Owoseje, T. “Tyler, The Creator slams Grammys’ ‘urban’ category as a politically correct version of the n-word”, cnn.com, 2020-01-27.

[17]  Fernandez Azkarai, A. (2020). Izar Beltz ateneoa. La historia del ateneo contada desde los locales de ensayo. 2006-2017. ddt Liburuak, Bilbo.

[18]  Ormazabal Gaztañaga, J.M. (2017). Hardcore eszena(k) Gipuzkoan —xxi. mendeko sokamuturraren arrastoan—. Musika eta kultura popularren harremanetatik eratorritako erresistentzia-praktikak, Master Amaierako Lana, ehu, Donostia.

[19]  Musika Katea. “Euskal rock eskola. Gaztetxeak, herria eta utopia (Parte 1)”, Youtube, 2013-09-13.

[20]  Larrea, A. eta Gamarra, G. (2007). Bilbao y su doble ¿Regeneración urbana o destrucción de la vida pública?, Gatazka, Bilbo.

[21]  Vicario, L. eta Martínez Monje, P. M. (2003). “Another ‘Guggenheim effect’? The generation of a potentially gentrifiable neighbourhood in Bilbao”, Urban Studies 40.

[22]  Ahotsa Info. “Iruñea Nola Fest 2018”, Youtube, 2018-05-21.

[23]  Vollmer, L. (2019). Estrategias contra la gentrificacion, Katakrak, Iruñea.

[24]  Smith, N. (2013). La nueva frontera urbana. Ciudad revanchista y gentrificación, Traficantes de Sueños, Madril.

[25]  Cruz, N. (2016). “Romper el marco” in Cultura en tensión, Rayo Verde, Bartzelona.

[26]  Ondorengo elkarrizketan azaltzen dira aipatutakoak eta beste hainbat kontu: https://nativa.cat/2017/09/como-seria-un-festival-fertil/ [Azken kontsulta: 2023-03-14].

[27]  Iosu Marti. “Iruñea Nola? eta jaialdi emankorrak”, 1.215. katea, KKinZona irratia, 2020-05-10.

[28]  Villaverde, T. “Eragin denuncia jornadas laborales de hasta 15 horas diarias en el bbk Live”, elsaltodiario.com, 2019-07-12.

[29]  Erredakzioa. “Last Tour atribuye a las empresas subcontratadas las condiciones laborales denunciadas”, naiz.eus, 2019-07-15.

[30]  https://twitter.com/EraginBilbo/status/1150086013517213697 [Azken kontsulta: 2023-03-14].

[31]  Ferreira, M. “¿Precariedad en los festivales? Así es un día con los trabajadores ‘invisibles’ que hacen posible el bbk Live”, elDiario.es, 2022-07-10.

[32]  Peláez, A. “Camareros del bbk Live también denuncian no haber recibido su sueldo”, El Correo, 2022-08-10.

[33]  Sierra, E. “El Ayuntamiento cifra en 24,3 millones el impacto del bbk Live”, El Correo, 2019-07-24.

[34]  cgt-Villarrobledo. “cgt-Villarrobledo denuncia las condiciones laborales en Viña Rock”, rojoynegro.info, 2019-05-12.

[35]  Urzelai, J. “bime Pro, industria baten musika”, Berria, 2020-11-06.

[36]  Ez Dok Amairu (1970) “Ez Dok Amairu. Agiria” eta “Ez Dok Amairu. Agiria (Bigarren zatia)”. Anaitasuna, 181 eta 182.

[37]  Krueger, A. B. (2019). Rockonomics. A backstage tour of what the music industry can teach us about economics and life, Random House, New York.

[38]  https://twitter.com/Viticli/status/1564575199068131328 [Azken kontsulta: 2023-03-14].

[39]  Urzelai, J. “Musika ogibide?”, badok.eus, 2018-06-13.

[40]  Oliva, A. “Un ‘cuello de botella’ estrangula una temporada sobresaturada de festivales”, elDiario.es, 2022-06-15.

[41]  Garcés, M. (2016). “Clasicismo punk” in Cultura en tensión, Rayo Verde, Bartzelona.

[42]  Esteban, I. (2007). El efecto Guggenheim. Del espacio basura al ornamento, Anagrama, Bartzelona.

[43]  Deresiewicz, W. (2021). La muerte del artista. Cómo los creadores luchan por sobrevivir en la era de los billonarios y la tecnología, Capitan Swing, Madril.

[44]  Urbizu, G. (2020). “Okeyish”, Jakin 235, Donostia.

[45]  Gasca, M. “Manuel Delgado (antropólogo). Charla 2016 Desokupatu (Donostia)”, Youtube, 2015-04-22.

[46]  Gaztelumendi, P. “Xabier Gantzarain: Dinamoaren lana sortzaileak babestea, arreta jartzea eta lanerako lekua ematea da”, Gara, 2019-06-10.

[47]  Ugarte Irizar, I. “Bukatu da Olatu Talka”, Berria, 2019-06-04.

[48]  Erredakzioa. “30.000 lagunetik gora erakarri ditu Olatu Talkak”, Berria, 2015-06-03.

[49]  Velasco, G. “Hibai Agorria. Elkarrizketa koarentenan”, noizagenda.com, 2020-04-07.

[50]  https://mobile.twitter.com/GernikakoLekuek/status/1360165478627426305 [Azken kontsulta: 2023-03-14].

[51]  Erredakzioa. “Músicos de Euskadi se movilizan contra la normativa que limita los conciertos en bares”, aie.es, 2019-03-26.

[52]  Pagola, J. “Josu Bukowski: La mayoría de los conciertos son ilegales (Parte 1)”, kulturaldia.com, 2016-05-31.

[53]  Urzelai, J. “Musika ogibide?”, badok.eus, 2018-06-13.

[54]  Ugarte Irizar, I. “Agertoki berri baterako lanak”, Berria, 2022-08-14.

[55]  https://www.lanartea.eus/gu/ [Azken kontsulta: 2023-03-14].

[56]  Rosler, M. (2017). Clase cultural. Arte y gentrificación, Caja Negra, Buenos Aires.

[57]  Wainwright, O. “‘Everything is gentrification now’: but Richard Florida isn't sorry”, The Guardian, 2017-10-26.

[58]  Mansilla, J. “Algo va mal con las smart cities”, Diagonal, 2015-02-09.

[59]  León, I. “San Francisco es la calle de Bilbao con más viviendas de uso turístico”, cadenaser.com, 2019-12-13.

[60]  Ramirez, X. “2016: kultura aitzakia gisa erabili zen urtea?”, Irutxuloko Hitza, 2021-12-17.

[61]  Nye, S. eta Hitzler, R. (2015). “The Love Parade: European techno, the edm festival, and the tragedy in Duisburg” in McKay, G. (ed.), The Pop Festival, Bloomsbury, Londres.

[62]  Homobono, J. I. (1989). “Romería de San Urbano de Gaskue. Expresiones de religiosidad, sociabilidad y reproducción de identidades colectivas”, Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, 407-502 or.