Su festak
Su festak
2023, saiakera
208 orrialde
978-84-19570-05-5
Azaleko argazkia: J.A. Areta Goñi (juxe)
Jon Urzelai Urbieta
1990, Zumarraga
 
Su festak
2023, saiakera
208 orrialde
978-84-19570-05-5
aurkibidea
 

 

2. HERRIA

 

 

Nere begien negarra

nere bihotzaren samina

ikusten dudanian

nere herria, nere herria

besteren mendean

Nere herriaLourdes Iriondo

(Lourdes Iriondo, 1968, Belter)

 

 

John Merrick bezala ikusiak

begira begietan

FolkloreBerri Txarrak

(Payola, 2009, Roadrunner Records/Only in Dreams)

 

 

“Geure jendeari omenaldi bat eta festa bat aldi berean” izan nahi omen zuen 1959ko ekainaren 6an eta 7an Nevadako Sparks hirian egin zen Western Basque Festival delakoak. Ez zen brometarako kontua izan: bost mila eta sei mila pertsona artean elkartu ziren, tartean Herve Alphand eta Jose Maria Areiltza orduko Frantziako eta Espainiako enbaxadoreak, Euskaltzaindiko ordezkari Castor Uriarte eta baita erbesteko Jaurlaritzaren izenean joandako Jon Oñatibia ere. Nikita Khrustxov ere gonbidatu omen zuten, pentsa! Ederra zatekeen, baina ez, hura ez zen jaialdi hartara inguratu.

      Jende ilustrea batu zen, bai, baina Miel A. Elustondok deskribatzen duen lez, hango komunitatea indartu, elkarren berri izan eta euskal amerikar nortasuna hedatzeko balio izan zuen festibal hark, batik bat[1]. Musean jokatu zuten; artzain txakur, harri-jasotzaile, aizkolari, dantzari eta abarren erakustaldiak egin zituzten; zahatotik ardoa edateko txapelketa ere egin zen; eta, nola ez, baita meza eta barbakoa erraldoia ere. Gernikako arbolaren kimu bat iritsi zen hara eta ikurrina bera ere atera zuten uneren batean, nahiz eta Areiltza sutan jarri eta bere aurretik kendu behar izan zuten azkenerako.

      Dick Graves enpresariaren kasinoko lurretan egin zuten festibala, eta arbaso euskaldunak zituen haren emazte Flora Agirreren burutazio baten ostean hezurmamitu ei zen. Hala eta guztiz ere, izan zuten ebatzi beharreko auzi garrantzitsu bat festibala antolatzeko orduan: “What a hell means to be Basque?”. Zer demontre esan nahi duen euskaldun izateak, alegia; horixe galdetzen zioten elkarri jaialdia egiteko eratutako batzordeko kideek. Entziklopedia ere kontsultatu omen zuten, baina ez zituen bertan irakurritakoak ase, antza denez.

      Zerbait asmatu behar, beraz. William A. Douglassen arabera —Mr. Basque moduan ere ezaguna den antropologoa—, identitate bat zen asmatu beharrekoa, ez zen makala erronka. Inventing an Identity: The First Basque Festival artikuluko zenbait pasarte argigarriak zaizkigu: “Euskaldun adineko asko, euskaldunen kontrako diskriminazio urteak bizi izan zituztenak, beldurrik gabe azaldu ziren bere ondarearen jendaurreko erakusketa hartara”, eta “norberaren identitate etnikoa biziberritzeko, kanpoko munduari euskaltasunaren irudi positiboa erakusteko” balio izan omen zuen esperientzia hark.

      Urruneko erroak galdu gabe amerikar izateko modu bat entseatu zuten bertan, edo estatubatuar bat euskaldun ere badela adierazteko lehen saiakera publikoa egin. Geroztik, egiteko horri eusteko asmoz, Jaialdi gisa ezagutzen den, tira, jaialdia antolatzen dute Boisen, Idahon.

 

 

Euskaltasun berri bat

 

Esan gabe doa, artzain gisa atzerrira joandako euskaldunek kasino artean eraikitako identitatea nekez zen baliagarri etxean. Hemen ere antzeko prozesu bat gertatu zen, ordea, urtetan azpiratua izan zenak plazak hartuko baitzituen gurean, indarrez hartu ere. Euskal Kantagintza Berria deitu zitzaion musikaren bidez lan horretan aritu zen artista multzoari eta hiru eragin azpimarratu izan dira[2] euskal musika eta kultura gaurkotu zituen mugimendu horri buruz jardutean: kantagintza frantsesa, Hego Amerikako kantagintza berria eta Ipar Amerikako folka. Honenbestez, Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra, Georges Brassens, Jacques Brel, Bob Dylan eta Joan Baez miran izan zituzten Euskal Kantagintza Berria sortu zutenek; beraz, izan bazuten kontrakultura estatubatuarraren berri. Dena ez zen atzerriko eraginak egokitzera mugatu, ordea, aurrez euskal kultura biziberritzeko ahaleginetan aritu zirenen ondareak ere izan baitzuen garrantzirik. Bi izan ziren erreferentzia nagusiak: Nemesio Etxaniz apaiz azkoitiarrak 1951n sortu zuen Kanta-kantari abesti bilduma eta Mixel Labeguerieren jarduna, zeina 1961. urtearen bueltan hasi baitzen Iparraldeko abertzaleen bilkuretan bere kantuak jendaurrean abesten.

      Labeguerieren Lau kanta epak sona handia lortu zuen frankismoaren mende zegoen Hegoaldean. Azalean ikurrina zuen disko hura kontrabandoko salgai preziatua zen mugaz bestalde eta kantariaren estilo soilak —gitarra hutsez laguntzen zuen bere ahotsa— eragin azpimarragarria izango zuen gerora etorriko ziren artistengan. Mikel Laboa izeneko bati ere, lagun artean Zaragozara bidean trenean kantuan ari zela, Labeguerieren diskoa oparitu zioten. Laboak 1964an kaleratu zituen bere lehen lau kantak eta gero… tira, gerokoak uste dut aski ezagunak direla, eta ondorengo urteetako kronologia musikalean sakontzen aritzeak ez duela sobera merezi. Esan ohi den gisara, gainerakoa historia da.

      Azken batean, ahotan dugun Euskal Kantagintza Berriaren eta, batez ere, ikurtzat dugun Ez Dok Amairu kolektiboaren itzala luzea da oraindik. Euskaltasun berri bat definitzen lagundu zuten, ekinbide politiko oro oso mugatua zegoen garai batean. Galtzeko bidean zen tradizioa berreskuratu ez ezik, euskarari espazioa eman, eta testuinguru berrietan txertatzeko gai izan ziren. Euskal gizartea pizten ari zen eta musikak eta jaialdiek berebiziko garrantzia izan zuten prozesu horretan guztian. Artista haiek, kasuz kasu aztertu beharko litzatekeen arren, aitortza ere halakoa jaso dutela esan genezake.

      60ko hamarkadako azken urteetan hainbat gertakarik astindu zuten, mundua bezala, baita Euskal Herria ere: ordukoak dira euskara batua sortzeko asmoz antolatutako Arantzazuko batzarrak, etak 1968an erail zuen Meliton Manzanas eta Burgosko prozesua ere 1970ean hasi zen. Urteak ziren Oteizak euskal arteari buruzko bere tesi eta gogoak plazaratu zituela, Arestik kaleratua zuen Harri eta herri eta Txillardegiren egunkari ezkutua ere aspaldi eskuragarri zegoen ordurako. Irudikatuko duzue orduko giro kulturala nolakoa zen.

      Euskal kulturaren, euskal identitatearen eta euskal politikaren zutarriak berreraikitzen ari ziren urte haietan, eta musika horretarako baliabide bat gehiago bilakatu zen. Ez nolanahikoa, gainera. Josu Larrinaga Arzak jada azaldu du nola garai hartan “euskal etnoidentitate berri(tu) bat” sortu zen eta zein izan zen kontrakulturala zen musika mota berri batek horretan guztian izan zuen egitekoa[3]. Letamendiaren eta Jauregiberriren ideietatik abiatu, eta 1968-1971 urteen artean “euskal nazionalismo komunitario berri bat” sortu zela aipatzen du Larrinagak. Etnogenesi kontzeptua darabil errepresioaren kontrako identitate transgresore berri horren sorreraz hitz egitean.

      Kontrakultura estatubatuarra eragin bat gehiago izan zen gurean, eta, gazte amerikar haiengan nola, euskaldunongan ere irrika berezia sortuko zuten musika jaialdiek. Haatik, ezin esan genezake gurean atzerriko eskema berak kopiatu genituenik; zentzugabea zatekeen horren testuinguru ezberdinean halakorik egiten saiatzea. Komunitateak garrantzia izango zuen hemen ere, bai, baina komunitate nazional bat indartzeko eta euskal nortasuna aldarrikatzeko lekuak izango ziren musika jaialdi horiek beste ezer baino gehiago. Euskaraz entzuteko abaguneak ziren, erregimen diktatorial hartan topa zitezkeen askatasun gune bakanak.

      Jada aipatu dugun gisara, musikariak eta, oro har, artistak, ez ziren erroei so arituko soilik, berrikuntza estetiko bat ere abiarazi baitzuten. Baga, biga, higa izeneko sentikaria da horren adibide argiena. Ez Dok Amairuko kideek era kolektiboan jardun zuten ikuskizun hura osatzeko orduan; 1972an taldea desegingo zen, ordea, sentikari haren karietara prest zuten disko bikoitza argitaratu gabe utziz. Protagonistek inoiz guztiz zehaztu ez dituzten arrazoi politikoak aipatu izan dituzte haustura hartaz galdegiterakoan.

      Kantagintza berriak euskaltasunari hautsa kendu, eta ernaltzen ari zen gizarterako prestatu zuen, eta, bidean, lotura sendoa ezarri zuen musikaren eta politikaren artean. Itogarria izateraino, zenbaitetan. Batzuk kexu ziren, batez ere espainiar trantsizioaren ingurumarian, kantaldiak aldarriak oihukatzeko aukera soil bilakatu omen zirela eta[4]. Kontuan izan behar da jaialdi horietatik asko dirua biltzeko antolatzen zirela; ikastolen alde, adibidez. Jon Eskisabelek dioen lez, ordukoak ez ziren musikari hutsak publikoaren begietan, asmo eta amets kolektiboen bozeramaile eta aktoreak baizik[5].

      Laburbilduz, Euskal Herriak bere festibal kontrakultural propioak izan zituen 60ko eta 70eko hamarkadetan, euskal nortasun berri baten eraikuntzarekin lotura hertsia izan zutenak. Horren testigu dira gaurdaino iritsi diren ikastolen aldeko jaialdiak edota garaian mugarri izan ziren 1976ko 24 Orduak Euskaraz eta 1978ko Bai Euskarari ekimen jendetsuak. Donostiako Belodromoan egin zen lehena, Bilboko San Mames estadioan bigarrena. Ekitaldi horien arrakasta hainbesterakoa izan zen, ezen Julio Iglesiasek berak ere Donostian ematekoa zuen emanaldia bertan behera utzi behar izan baitzuen euskarazko 24 ordu haiekin bat ez egiteko[6]. Jaialdi aldarrikatzaileen eredu paradigmatikotzat har ditzakegu, komunitate baten gogoak bideratu eta katarsi kolektibo baten gisa funtzionatzen zutenak.

      1981ean Getxoko Aixerrotako zelaietan egin zen Lemoizko zentral nuklearraren kontrako jaialdia —12.000 ikusle batu ziren— nahiko adierazgarria da ulertzeko musika festibalak borroka politikorako tresnatzat hartzeko inertzia ez zela Francoren heriotzarekin eta ondorengo trantsizio politikoarekin amaitu, baina, halaber, argi adierazten digu nola dibertsifikatu ere egin ziren aldarrikapenak. Era berean, joera estetikoei dagokienez, errotiko aldaketa gertatuko zen hamarkada berrian aurrera egin ahala. Bakarlarien modeloa agortu zen eta musika konplexuagoa lantzen zuten rock eta folk talde berriek ez zuten aurrekoen esangura sozial sakon hura errepikatuko[*].

      “Euskara-euskal musika: muermo edo asperkeria. Beraz, asperkeriaren aurka dauden gehienek erdarara jotzeak badu bere lojika, ezta?”. Xabier Montoiak egin zuen galdera 1981ean, aurreko urtean argitaratutako euskal diskoak “ohizko kaka zaharra” zirela zioen testu batean. Euskal abestia hil da, gora rock & rolla, horixe zen halako esaldi lapidarioak biltzen zituen artikuluaren izenburua, Oh! Euzkadi aldizkarian irakur zitekeena[7]. Montoiak era ezin argiagoan adierazi zuen ordura arteko euskal musikak hainbat gazterengan sortzen zuena. Santurtziko Zarama taldea zen nabarmentzen zuen salbuespen bakarra, autokritika egiteko edo jubilatzeko gonbita egiten zien talde horien guztien artean.

      Montoia bera izan zen Hertzainak taldearen sortzaileetako bat, euskal punkaren adierazle nagusienetakoa bilakatuko zena. Dena aldatu nahi zuen olatu haren eta “euskal kultura”ren artekoa ez zen bat-bateko maitasuna izan, ordea. Hasiera batean, Ez Dok Amairukoek erabiltzen zituzten gitarrei zerien ustezko espainiartasun hats harekin gertatu zen moduan, belaunaldi berrien doinu zikin haiei ere kostatuko zitzaien euskal jendartean guztiz errotzea. Hori bai, behin onarpena jasota, harreman sendoa ezarri zuten punkak eta euskaltasunak, urte batzuen buruan ia ezin bereizizkoa bilakatzeraino.

      Larrinagak kontrakulturaren punk mutazio gisa azaldu du hamarkada hartan jazotakoa, hots, nola euskaltasunak rock gordinaren iruditeria bere egin zuen, folk kantariena atzean utziz. Prozesu gatazkatsu horretan zenbait musika jaialdik egiteko zuzena izan zuten. Azpimarragarriena, ezbairik gabe, 1983an Tuteran natoren kontra antolatu zena izan zen. Barricada, La Polla Records, Hertzainak, rip, Eskorbuto, Zarama eta Basura aritu ziren. Gladys del Estalen erailketa arbuiatzeko eta Iberdueroko transformadore batean jartzera zihoan lehergailuak eztanda egin ostean zendutako Jose Barros etakide pasaitarra omentzeko testuak irakurri zituzten oholtza gainetik, eta amaieran Eusko Gudariak eta Internazionala abestu ei zituzten[8].

      Berez, garaiko beste edozein jaialdi aldarrikatzaileren tankera bertsua izan zuen festibal hark, baina musikaz haragoko zenbait elementu ere kontuan hartu beharrekoak dira ekitaldi haren esangura ulertzeko. Jose Mari Blasco kazetariak Egin egunkarian Rock Radical Vasco etiketa sortu ostean antolatutako lehen ekimena izan zen, eta El rock de Euskadi contra la otan izeneko manifestua ere idatzi zuten hitzordu hartarako. Soñua diskoetxeko manager Marino Goñik ere hartu zuen parte mugimendu heterogeneo hura kontzeptu bakarraren bidez izendatzeko ideia horretan, eta, egia esatera, ezin uka daiteke etiketak funtzionatu ez zuenik. Nahiz eta zenbait taldek katalogazio hari muzin egin, oro har, erradikaltzat hartutako talde horiek guztiek hamaika jaialditan hartuko zuten parte aurrerantzean ere, sarri asmo aldarrikatzaileak izango zituztenak. Egin egunkariak, hein berean, talde horiei guztiei bultzada emango zien, eta horren erakusgarri da 1984ko Egin Rock festibala. Zarama, Hertzainak, rip eta Barricada aritu ziren.

      Martxa eta Borroka etorri zen gero, Herri Batasuna koalizio politikoak kontzertuak ez ezik, mahai-inguruak, proiekzioak eta beste antolatzeko eratutako egitasmoa. 1985. urtean abiatu zen kanpaina hark bi urte geroago izan zuen jaialdirik entzutetsuena, Gernika 37/87 izendatu zutena. Herri bizkaitarrak jasandako bonbardaketen urteurrenaren harira antolatutako kontzertuen artean, rrvko taldeez gain, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi ere aritu ziren, besteak beste. Hainbat egunez luzatu zen jaialdi hura euskal kontrakulturaren continuumaren adierazle gisa uler genezake[*].

      90eko hamarkadari dagokion kontaketa ororen protagonistak, bestalde, Negu Gorriak eta Fermin Muguruza izan ohi dira. Muguruzak Kortatun aurrez hasi zuen ibilbidea esanguratsua da, bai euskaraz aritzeko hautuaren garrantziagatik, zein taldeak izandako nazioarteko proiekzio itzelagatik. Kortatuk aparteko gaitasuna erakutsi zuen atzerriko eraginak bere egin eta euskal sorkuntza gure mugez haraindi hedatzeko, eta antzeko zerbait esan dezakegu Negu Gorriak taldeari buruz ere. Azken hauek garai hartan bogan zeuden hainbat musika estilo lotsarik gabe jorratu —rapa, metala, hardcorea, baita bertsolaritza ere—, eta euskal testuinguru politikoari erantzuten zioten mezu aldarrikatzaileak oihukatzen zituzten. Euskalduna izan eta harro egoteko bide berriak urratu zituzten, finean.

      Jaialdiei dagokienez, 1995eko Hitz Egin izenekoa aipatzea ezinbestekoa zaigu. Galindo teniente koronelak Negu Gorriak taldearen, Esan Ozenki diskoetxearen, Jon Maiaren eta Angel Katarainen kontra jarritako salaketari erantzuteko antolatu zen, adierazpen askatasunaren izenean. Hamaika talde aritu ziren, beste horrenbeste genero lantzen zituztenak, eta atzerriko taldeak ere etorri ziren, elkartasun internazionalistak erakarrita. Banda Bassotti, Su Ta Gar, Dut, Def Con Dos, Lin Ton Taun, Ama Say, Xabier Montoia, Kashbad, Mikel Markez, Bap!!, Balerdi Balerdi eta Siniestro Total taldeek osatu zuten afixa, besteak beste. Baita, noski, Negu Gorriak-ek ere. Rocka zen hura, baita erradikala ere, baina agerikoa zen aurreko belaunaldiarekiko aldea. “Artistikoki gure rockaren historian izan den jaialdirik osatuena” izan zen hura Pablo Cabeza kazetariaren gusturako, eta aurreikuspenen arabera 8.000 pertsona joatekoak ziren arren, azkenean 12.000tik gora bertaratu ziren[9].

      Ion Andoni Del Amok, era paraleloan, hamarkada hartan gertatutako kontrainstituzionalizazioaz dihardu, gazte mugimenduaren eta ezker abertzalearen arteko harremanaz aritzeko[10]. Finkatze eta egonkortze horren islatzat har ditzakegu Gazte Topaguneak eta Hatortxu bezalako festibalak. Lehenengoak Jarrai gazte antolakundeak bultzatu zituen eta Etxarrin egin zen lehena. Jada aipatu ditugun Gernika 37/87, Woodstock edo ikastolen aldeko jaialdiak izan zituzten erreferentzia nagusitzat hainbat egunez kontzertuak, eztabaidak eta antzekoak uztartzen zituzten ekimen haiek antolatzeko orduan[11]. Gerora, Gazteriak, Haika, Segi, Aitzina! eta Ernai gazte erakundeek ildo bereko jaialdiak antolatu izan dituzte urte luzez. Hatortxu Rock, aldiz, 1997an antolatu zen lehenengoz, eta geroztik euskal presoen urrunketa salatu eta dirua biltzeko egitasmo ezaguna bilakatu da. Halakoen antzekoak ohikoak izan dira gurean, eskala handiagoan edo txikiagoan.

      Mezuez harago, egiteko moduez hausnartu zuen belaunaldi baten izebergaren punta ere bazen Negu Gorriak. Horren isla dira Esan Ozenki diskoetxea eta itzalpean jo eta su aritu ziren gaztetxe, irrati libre eta bestelako egitura geroz eta errotuagoak. Eredu horri jarraiki eta bide estetiko berriak urratuz, zenbait taldek eta kolektibok bestelako proposamenak landu dituzte, baita hurrengo hamarkadetan ere, identitate nazional eta proiektu politiko finkoez haragoko jarduna eraikiz. Erreferente ezagunenak Metak eta haien ostean jaiotako Bidehuts zigiluetan aritutako taldeak izan arren, beste zenbait proiektu autogestionatuk utzitako ondarea ere nabarmentzekoa da, nahiz eta euskal gizartean izandako eragina ezin konpara daitekeen mintzagai ditugun fenomenoek utzitako arrasto masiboarekin. 90ekoa baita, era berean, balizko kontrainstituzionalizazioari muzin egin eta jada bazegoen lurrazpiko korronte aberats bat indartzen hasi zen hamarkada. Lapurdin hasi, Beratik Bidasoan zehar abiatu, Gipuzkoan barrena geltokiak eraiki, Bilbo eta inguruetaraino heldu eta kostaldetik itzuliz eraiki den harreman hirukiaren barnean askotarikoak izan dira ekimen interesgarriak, Arto Artian adibidez, bat aipatzearren. Kultur adierazpide minoritarioagoak izan dira hauek, hala izaten dira beste kulturetan ere. Gurean, dena den, onespen azpimarragarria izaten jarraitzen dute oraindik batzuek; geure inertzia eta anomalien isla, beharbada.

      Orain arte idatzitakoa da, gutxi gorabehera, geure buruari kontatu izan diogunaren oinarria. Ia berrogei urte orri gutxitan laburtzeak orokortzea eskatzen du nahitaez, eta aipamena merezi duten zenbait mugimendu, kontzertu eta talde baztertu behar izan ditugu ezinbestean. Dena den, argi dagoela dirudiena zera da: Ez Dok Amairu, rrva eta Negu Gorriak taldeak ordezkatzen zuen belaunaldiaren aniztasuna direla euskaltasun garaikidearen muina definitu duten musika gertakariak. Geure bidea zehaztu duten hein berean itsutu gaituzten itsasargiak. Balirudike, Fukuyamak nola, Euskal Rockaren Historiaren amaiera aldarrikatu eta erretromania[*] alternatiba bakartzat hartzera kondenatuak gaudela geroztik. Horren erakusgarri da nola behin eta berriz egiten diegun erreferentzia hirurei oraindik ere, artikulu, elkarrizketa zein saiakeretan. Euskal musika delako hori zedarritzen duten erreferenteak dira, urte luzez gurtu ditugunak.

      Harrezkero, kaleko sua itzaltzen joan arren, kontrainstituzionalizazioaren ildoak aurrera egin du, jaialdi aldarrikatzaileak oraindik ere badaude eta hainbat belaunaldiren sozializatzeko esparru izan dira urte luzez. Lehenengo kapituluan aztertu dugun gisara, makrojaialdiak ugaritu dira mende berria heldu ostean, eta, azkenik, euskal identitatearen instituzionalizazio bat ere ezarri da; eaen, batez ere. Autonomismoaren bidetik, euskal kulturak nahikoa babes baduela uste kontziente edo inkontzientea tarteko, Del Amok dio nola euskaltasuna ez den horren era dramatikoan bizi gaur egungo gizartean. Aipatu ditugun aurrekarien lorpenak ontzat ematen direla eta egungo gizartearen lurzoru finko eta segurutzat hartzen ditugula maiz. Musikan euskara ez beste hizkuntzen erabileraren bilakaera da, akaso, horren adierazle argiena, baita gurean ohikoa zen konfrontazioaren ordez molde atseginagoak dituzten artisten sona ere; Izaroren arrakasta da horren guztiaren adibide paradigmatikoena.

      Zama astuna gainetik kentzen joan ahala, askotariko musikak ugaldu dira gurean, nahiz eta gehienek oihartzun handirik ez lortu izan. Politikoki lerratu beharraren eta horren albo kalteen ondorioz genero eta musika estilo jakin batzuek izandako konnotazioak galdu dira eta, horrekin batera, joera berriak sortu eta eskaintza aberastu da, diskurtso estetikoa lantzeak garrantzia irabazi duen heinean. Era paraleloan galdu dute proposamen gehienek eragin sozial zabala izateko gaitasuna. Anari aipa genezake, agian, feminismoaren indarraldia tarteko —ezin aipatu gabe utzi emakume musikariek azken urteotan guztiotan oholtza gainean irabazitako espazioa[*]—, korronte sozialen ordezkari papera hobetsi izan zaion artista gisa, nahiz eta beste garai batzuekin alderatuz gero, beste eskala eta molde batean izan. Osterantzean, azken hamarkadetan nekez topatuko dugu disko historikorik; ez kalitaterik egon ez delako —soberan egon baita—, lan horiek koordenada ez horren arranditsuetan kokatu izan direlako baizik.

      90eko hamarkadaz geroztik, askapen nazionalaren eta hari lotutako estrategia armatuaren markoa ahultzen joan dira, haren onarpena galtzearekin batera, eta euskal identitateari buruzko beste zenbait ikuskera indartu dira; indar-oreka aldatu eta joko zelai berri bat sortu da, apurka. Kulturak gizartean izan beharreko rolari dagokionez, antzera. Askoz ere lehenago hasi arren, etaren armagabetzea mugarri izango zuen paradigma baten gainbeherak, eta prozesu gatazkatsu horrek gizarteko hainbat esparrutan utzitako arrastoak deskodetzeak bilakaera hobeki ulertzen lagun diezaguke. Musika alorrean topatutakoak aletzeaz arduratuko gara gu.

      Horretarako, dena den, hobe globalizazioaren ajeez jarduteko geldialdi bat egiten badugu.

 

 

Erakusleihoa

 

Bilboko Guggenheim museoa “euskal kultur politikak gaur egungo aro postmodernoan duen oinarrizko testua” da, Joseba Zulaika antropologoaren aburuz[12]. Zulaikaren iritzia gure egin eta museo ikusgarriaren abaroan gordeko gara gu ere, ea herriaz testu horrek zerbait dioen. Sedukzioa da 1991. urtean euskal agintarien ordezkaritzak eta Guggenheim Fundazioak izan zituzten negoziazioak deskribatzerakoan itziartarrak gehien darabilen kontzeptua; bere kontakizunaren arabera, Guggenheim Fundazioko Thomas Krens zen limurtzaile behinena, eta Eusko Jaurlaritza, berriz, erosle perfektua. Amerikarrek eskaintzen zutenari heldu behar omen zitzaion, eta aukera bakan hari ez ihes egiten uztea erabaki zuen euskal administrazioak. Apustu sendoa egin zuten agintariek, Zulaikaren arabera.

      Luze hitz egin genezake Guggenheimek ordezkatzen duenari buruz —egingo dugu aurrerago—, baina oraingoz hari-mutur batetik tiratzera mugatuko gara. Zulaikak negoziazio haietan parte hartu zutenekin izandako hamaika elkarrizketatan ondorioztatu zuenaren arabera, museo haren beharraren gakoetako bat zera zen, Euskal Herriaren irudia aldatzeko aukera ematen zuela. Terrorismoaren mamua atzean utzi nahi zuten agintariek, eta Guggenheimek ordezkatzen zuenagatik trukatu. Izendatzen ez duen agintari batek Zulaikari argi esan zionez, Guggenheim “euskaldunok ordaindu behar izan dugun iraultza zerga” izan zen.

      Geure burua munduan herri terrorista gisa aurkezten jarraitu beharrean, komenigarriagoa zirudien museo ikusgarri baten alde egiten duen herri modernotzat har gintzaten. Itxura hori eskuratzeko, merezi zuen antza Guggenheim izenagatik soilik dirutza bat ordaintzea, nahiz eta, hasiera hartan, ez zegoen argi ea euskal artista esanguratsuenek eraikin hartan kabidarik izango ote zuten ere. Balizko Euskal Arte Garaikidearen Museo bat eraikitzeko urte luzez itzulinguruka ibili eta proiektua garestiegia zelako alboratu zuten berberek, hain justu, apustu irmoa egin zuten askoz dirutza handiagoa eskatzen zuen egitasmo bat abiatzeko.

      Frank Gehryren eraikin distiratsua 1997an inauguratu zen eta argigarria da nola garrantzitsuagoa dirudien proiektu haren zilarrezko oskolak, muina osatu beharko lukeen arte bildumak baino. Zulaikak zioen modura, Guggenheim “aro postmodernoko oinarrizko testua” bada, kapitalismo berantiarraren logika kulturalaren araberakoa delako izango da, Jamesonen definizio ezagunari jarraituz[13]. Era berean, produkzio kultural postmodernoak azalekoak omen dira, itxuretan oinarritzen dira, denboran irauten ez duten arrastoetan[14]. Guggenheim Euskal Herria zer den birdefinitzeko funtsezko tresna izatera zetorren, mundu postmoderno globalizatuan gure lekutxoa bermatzen laguntzera.

      Museo erraldoia begiradak erakartzeko sortutako artefaktu bat izan zen, ezbairik gabe. Bilbok 90eko hamarkada hartan izandako eraldaketa urbanistikoaren eraikinik aipagarriena izanagatik, azalberritze beraren fase ezberdinak izan ziren Barakaldoko bec, metroa, Norman Fosterrek diseinatutako geltokiak, Isozaki dorreak eta Euskalduna aretoa ere. Bilbao Ria 2000 sozietate anonimoak eta Metropoli-30 elkarteak planifikatu zuten batez ere Abandoibarra inguruan garatu zen itxuraldatze hori, Bilbo “World Class” hiri bilakatzeko asmotan. Jose Antonio Garrido Martinez Metropoli-30 think tankeko zuzendariak argi adierazi zuen plana: 90eko hamarkada azpiegiturak garatzeko sasoia izan zen, eta ondorengoan ukiezinen txanda iritsiko zen. Gorputza prestatu zuten, baina arima falta zen. Hiriak nazioarteko proiekzioa behar zuen. Helburua: “Bilbao as a Global City[15].

      Bilboko museoa inauguratu zenetik, hainbat bider antolatu izan dira kontzertuak bertako fatxada ikusgarriaren aurrean; ez nolanahikoak, gainera. Smashing Pumpkins estatubatuarrak izan ziren agertoki pribilegiatu horretan aritzen lehenak eta ondoren etorri ziren Red Hot Chili Peppers, Mike Oldfield, Björk, Arcade Fire, Bob Dylan eta Patti Smith musikari entzutetsuak. Kraftwerk talde alemaniarrak ere zortzi kontzertu eskaini zituen 2016an, museoaren barruan oraingoan. Musika emanaldi horiek eraikinaren lilura probesten zuten, Guggenheim nazioarteko ikur gisa bultzatzen zuten hein berean.

      Guggenheim soilik ez zen aski, dena dela. bbk Live bera Bilbo “World Class” hiri bihurtzeko estrategia beraren fruitu da, azken batean. Festibala lehen aldiz egin baino urtebete lehenago, 2005ean, auto lasterketa bat antolatu zuten Bilboko kaleetan, ad hoc sortutako zirkuitu batean barna. Robert Kubica izan zen garaile, zeina nagusiki diru publikoz finantzatzen zen Epsilon-Euskadi taldean ari zen[*]. Bilboko zirkuituari dagokionez, ideiak ez zuen behar bezala funtzionatu eta, 2006ko Bilbao udal egunkariak zekarrenez, ekitaldi hura rock festibal batengatik ordeztea pentsatzen hasi ziren[16]. Ekainerako, egunkari berberak jaialdiaren ñabardura guztiak egin zituen publiko hainbat elkarrizketa eta notiziaren bidez, non Bilbo “azkenean” kanpoko elkarretaratze handien zirkuitura iritsi izana goratzen zen[17]. Geroztik, udalak ekimena babesten jarraitu du, aurrekontuaren % 20ren bueltan ordainduz. Azken urteotan, antolatzaileek 1,4 milioi euro jaso izan dituzte dirulaguntza gisa Bilboko Udaletik, eta Eusko Jaurlaritzak 25.000 euro ematen dizkie —konparaziorako, Aste Nagusiaren aurrekontua 2,3 milioi euro ingurukoa izan ohi da—. Gainera, Ahoztar Zelaietak salatu izan duenez, Last Tourrek interes ekonomikoko taldeak sortu izan ditu % 40ko kenkariak izateko[18].

      World Series saileko lasterketa bat edo rock festibal bat, antzera da. Hiriaren marka, nazioarteko proiekzioa eta turismoa dira gakoak afera honetan. Datuak argigarriak dira: bbk Liveren 2018ko ediziora bertaratutakoen % 31,8 izan zen Espainiako Estatutik kanpokoa, eaekoa % 24,5 besterik ez. % 8,5 ingelesa izan zen, % 4, ostera, frantziarra. Hiriei dagokienez, Bilboren ostean, Madril, Bartzelona eta Londres izan ziren, hurrenez hurren, zaleen jaioterri nagusiak. Udalak igorritako prentsa-oharra, zifrok publiko egiteaz batera, inpaktu ekonomikoaren leloari heldu, eta hotelen okupazioari buruz ere aritu zen: % 90etik gorakoa izan omen zen[*]. Horrek guztiak bbk Live Europako aire zabaleko pop-rock ekitaldien artean erreferente gisa kontsolidatzen zuela zioten[19]. Bazen ospakizunerako arrazoirik, Bilbok azkenean lortu baitzuen uztailerako proiekzio internazionala emango zion ekitaldia.

      Datuok ez dira kasualitatearen ondorio, noski. Taldeen aukeraketa gorabehera —ea afixak zein publikoren gustuak asetzeko osatu izan dituzten ere kuestiona genezake, adibidez—, bestelako estrategien zioa zein den ondorioztatzea ez da gaitza. bbk Liveren webguneak hainbat “esperientzia pack” eskaintzen ditu, jaialdirako sarreraz gain, bestelako gehigarriak ere kontuan hartzen dituztenak. San Ferminetara eramango zaituzten autobusak, surf udalekuetan egonaldiak eta Britainia Handiko, Frantziako edo Espainiako hainbat puntutan hasi eta abentura guztiaz arduratuko diren bidaia antolatuak. 2014an Bilbao Turismoko zuzendari zen Mercedes Rodriguezek adierazi zuen bbk Live noiz egiten den horren araberakoa dela, San Ferminen ingurumarian antolatzea ez dela ausazkoa, alegia[20]. Ildo berean, festibalaren sare sozialek Bilboren eta inguruko herri arrantzaleen xarmaz jarduten dute eta Bilbao Turismoren kanpainak ere partekatzen dituzte. Ez dago komunikazio estrategien ñabardurak aletu behar handirik, dena den; zenbait urtez jaialdiko sarrerak erostea Britainia Handian hemen baino merkeagoa izan dela gogoratzearekin aski eta sobera[21].

      Jaialdiaren eta turismoaren arteko harremanaz jardutea ez da ezkutuko sinergia bat azaleratzea, agerikoa da lotura. Fitur turismo azoka garrantzitsuak musika festibalei eskainitako gunea du eta askotan festibalak beraiek izaten dira haien existentzia arrazoitzeko bisitarien datuei eta halakoei heltzen dietenak. Bizi ditugun garaion oinarrizko elementu bat da turismoa eta horren erakusle dira zenbait adierazle ekonomiko: wttc erakundearen arabera, turismoak munduko bpgaren % 10,4 sortzen du, eta eaeri dagokion zenbakia % 6,4 da. Nafarroakoa, berriz, % 7[22] —Iparraldeari buruz ezin datu argirik lortu—. Turismoa erakarri nahiak ekonomiaren eremutik haragoko ondorioak ere baditu, ordea. Ikusmolde horren arabera jokatzeak John Urryk “turistaren begirada” gisa definitu duen hori elikatzea dakar, esaterako[23]. Egunerokotik aldentzen diren ezohiko inguru edo eszenei zuzentzen dieguna da turistaren begirada, eta, nahiz eta benetakotasuna duen jomuga, paradoxikoki, homogeneizazio prozesu bat dakar ezinbestean. Efizienteagoa baita berezitasun horiek bildu eta erakusleihoan paratzea, jatorrizko leku eta garaietan xerka aritzea baino. Sakratuaren bila ari omen da turista, baina parke tematikoak topatzen ditu horren ordez, mcdonaldizazio edo disneyzazio deitu izan zaien prozesuen ondorioz. Arrazionalizazioaren albo-kalteak, beste behin.

      Kokapen turistikoak begiratzeko eginak daude eta, Urryren arabera, begirada horrek eroslearenaren antza du. Ezohikoaren taularatze bat dakar turismoaren paradigmak, benetakotasunaren eszenaratze bat, non, Boorstinek zioen lez, ezin dezakegun errealitatea zuzenean bizi, sasi-gertakarien bidez ez bada[24]. Bauman harago doa eta zera dio, Mendebalde aberatsean bizi garenok —Mendebalde aberatseko kale aberatsetan, zehaztu genezake— oporraldi konstante batean bizi garela, non ez dagoen turistarena ez den bestelako sorik[25].

      Edonola ere, gu euskal identitateaz, Guggenheimez eta, oroz gaindi, musikaz ari ginen. Euskal politika kulturalen mugarritzat har genezake Guggenheim museoa, eta, haren inguruan antolatutako kontzertuez harago, berarekin ekarri zuen paradigma aldaketak izan zuen ikustekorik gerora gurean ugaritu diren musika festibalekin. Hain zuzen, aztertu ditugun jaialdiek euskal nortasuna nola moldatu, egokitu eta eraldatu duten kontatu dugu orain arte, baina mundu globalizatuko lehian parte hartzeko bestelakoak ei dira eginbeharrak. Identitate nazionala marka eraginkor bilakatzea da gakoa, aldakorra den hori zedarritu eta salgai egoki bihurtzeko. Prozesu horren ifrentzua komunitate baten ondare ukiezinaren objektibazioa eta exotizazioa izan daiteke, ostera; praktika konkretu horien esangura soziala bidean galtzea. Folklorizazioa, alegia.

      Hizpide dugunaren adibidetzat har genezake euskararen erabilera bera ere. bbk Live festibalari dagokionez, komunikatzeko hizkuntza nagusiak gaztelera eta ingelesa dira. Ez da kasualitatea, hartzaile behinenak ez baitira euskaraz mintzatzeko gai. Euskararena, horrenbestez, bete beharreko eginbehar astun bat besterik ez da —betiere, beste bi hizkuntzak hobetsi ondoren—, edo jaialdiari balio erantsi bat eman ahal dion bitxikeria —“maitasunez minduta” delakoarekin ikusi dugun lez—. Kanpinek izenak ingelesez dituzte, eta jaialdiko eremuek euskal izenak: Lasai, Basoa, Akelarre, Nagusia. Last Tour promotoreak bime festibala ere antolatzen du udazkenean —becen egin izan den urte bakoitzeko 650.000 euro eman dizkio Bizkaiko Foru Aldundiak[26]—, eta antzeko politika linguistikoa jarraitzen dute. Anekdota huts baino gehiago, adierazgarria da nola jaialdi horretan Antzerkia izeneko gune bat egon izan den. Gune lasai bat izendatzeko hautatutako hitza da, bakarlariak eta antzekoak baldintza egokietan ikusteko leku bati dagokiona. Lekua izendatzerakoan gaztelerazko teatro hitzetik abiatu zirela argi dago; ordea, ordain gisa antzokia erabili beharrean, antzerkia hautatu zuten, tokiari bainoago, arte eszenikoari berari dagokiona[*].

      Euskararekiko duten jarreraz jabetzeko ez dago, orobat, haien sare sozialetako hizkuntza hautuak aztertu besterik, baina azken perla bat aipatu gabe ez nuke aurrera egin nahi. Donostiako Kutxa Kultur festibalaren 2016ko edizioaren ostean —Last Tourrek eta Gin Musicak antolatua— egin zuten bideoaren amaieran honakoa irakur zitekeen: “Eskerrik asko denei, festibal hau, gertakizun berezi bezala elkarbanatzeagatiz ikusi arte 2017an”. Ortografia eta puntuazio zeinuen erabilera ez dut nik aldatu, zuek zeuok ikus dezakezue sarean[27]. Mezu hori idatzi zuen itzultzaile automatikoa erabiltzeari utziko ziotela behintzat, besterik ez dut espero.

      Mende berriko jaialdi handietako euskara erabileraz harago, euskaltasunak jasan izan du eraldaketarik azken urteotan. Horren adierazle nagusi da Euskadi Basque Country marka, 2013an sortu zena. Marca España delakotik desberdindu nahian hauspotu zuten euskal instituzioek, Bilboren “Bilbao Bizkaia, be basque” leloaren sorrerarekin sinkronizatuta. Gertakari hori etaren jardun armatuaren amaieraren ostekoa da, azpimarratu ohi den gisara, normaltasun berri bati dagokiona. Marka horrek ekonomiaren, kulturaren eta ekintza instituzionalaren nazioartekotzea indartzeko balioko zuela adierazi zuten aurkezpen ekitaldian[28].

      Euskadi, Euzkadi, Euskal Herria, Vascongadas, Pays Basque edo Basque Country, gauza bera ote den ez dago argi. Naroa Jauregizuriak diosku nazio-marka “zirraretan oinarritutako konexio esanguratsuak” eraikitzean oinarritzen dela eta nazio-markagintzaren funtzio nagusia lurraldearen balioa transmititzea dela, nazio/lurraldearen ospean eragin eta interes-taldeen artean posizionamendu edo kokapen egokia lortzeko[29]. Aldiz, euskal nazio-markaz ari dela, geure arazo nagusia “zehaztugabetasuna eta adostasunik eza” direla azpimarratzen du. Falta zaiguna balio horiek zehaztea da, beraz; zer proiektatu nahi dugun erabakitzea. Muinean dagoen galdera ezaguna zaigu: zer demontre da euskaldun izatea?

      Globalizazioaz geroztik, mundu osoa dugu eskura eta herri epikaren erakarpen indarra agortzen joan da, baita gurean ere. Musika festibalei dagokienez, mundu bakar horretara moldatzeko bi bide nagusi identifika ditzakegu —bi proiektu nazional, finean—, egindako galderari emandako erantzunaren araberakoak. Jaialdi bati euskal aurrizkia jartzeko arrazoiei tiraka, musika emanaldien nolakotasunaz aritzeko abagunea ere badugu, gainera.

 

 

Be basque

 

Basque Countryk badu bere festibal propioa: basque fest. Turismoa erakartzeko helburuarekin antolatutako egitasmo hau 2013az geroztik egiten da Bilbon eta musika eta askotariko kultur ekitaldiak biltzen ditu. Turismoa erakartzeko antolatzen dela diodanean ez naiz eskaintzen dutenaren irakurketa bat egiten ari; udalak berak argi adierazi izan du jaialdia “hiria dinamizatzeko [...], hurbileko ‘merkatua’ erakartzeko eta kultura-turismoaren gorakada sustatzeko” sortu zela[30]. Hiri estrategia kontziente baten ondorio da egitasmoa, zeinak “sormena enpresen zerbitzura sustatzea eta kultura bereizteko, nabarmentzeko eta ospea lortzeko elementu gisa balioestea” helburu duen. Fitur azokan aurkeztu zutenean, halaber, jarduera ekonomikoa sortzeko eta Bilbo turismo kulturalaren erreferente gisa kokatzeko asmoa azpimarratu zuten, kultura turismoa erakartzeko tresna estrategikotzat izendatzearekin batera[31].

      Aste Santuan antolatzen da basque fest, euskal iruditeria nazionala bere egiten duen festibala. Agiri ofizialek “milaka urtekoa [...] eta, aldi berean, bizia eta kementsua” den kulturaz dihardute[32] eta bost sailetan banatzen da horren isla izan nahi duen programazioa: Kultura, Musika, Market, Sport eta Gourmet. Musikari dagokionez, abangoardiakotzat jo ditzakegun zenbait musikari —Ainara LeGardon, Mursego, Mikel Uraken eta Joseba Irazoki, adibidez—, erro tradizionalagoa duten beste zenbaitekin —Gontzal Mendibil, Kepa Junkera, Oreka tx— uztartzen ditu egitarauak. Kirolen atala herri kirolek, pilota eta pala partiduek, arraun erakustaldiek eta halakoek osatu izan dute.

      Abangoardiaren eta tradizioaren arteko balizko oreka hautsi egiten da, ordea, festibalak bere marka eraikitzeko orduan egindako hautuak aztertzerakoan. Iruditeria folklorikoa nagusitzen da: lauburua da darabilten ikur nagusia eta “Basque Lands Festival” da irudiari laguntzeko aukeratutako leloa. Nerbioi ibaiaren erdian Inaxio Perurena harritzar bat jasotzen ageri zaigu 2020an egin gabe geratu zen edizioaren iragarki sotilean, “euskal esperientzia handia” bizitzeko gonbita egiten diguten bitartean —gaztelera hutsean, noski—. Egitasmoak bilbotarrak, eremu metropolitarreko biztanleak eta aldameneko lurralde eta erkidegoetakoak erakartzea du jomuga, eta hautu linguistikoa ere horren araberakoa da. Webgunean dituzten sare sozialen ikurretan klikatuz gero, Bilbao Turismoren kontuetara iritsiko gara. Instagramen ikusiko ditugu jaialdiaren sinboloa duten txapela eta zapiak, eskuorriak banatzen dituzten baserritarrez jantzitako gazteak, harri-jasotzailearena edo aizkolariarena egiteko aukera paregabea eskaintzen duten photocallak, dantzarien emanaldiak Guggenheim alboan, bertsolariak, folk musikariak, erromeriak, joaldun zaratatsuen desfileak. Hori guztia nahikoa ez eta “Aupa!”, euskaldunok agurtzeko darabilgun espresio jatorra, izan zen, adibidez, 2019ko jaialdia zabaltzeko sortutako spotaren muina[33]. —bbk Live jaialdiak antzera jokatu du 2023ko edizioa iragartzean: aurrerapeneko kartelek harri-jasotzaileen argazkiak zituzten atzealdean, pilotari gazte batzuk behin betikoak—.

      Euskal nortasunaren elementu idiosinkratikoak ez dira euskaltasun berritu bat eraikitzeko elementuak basque fest jaialdian. Bilatzen dituen asmoetarako egokiagoak baitira ezaugarri solteak, zati deigarriak, osotasun bizi bat baino. Hemen ez dago komunitate bat sendotu edo aldarrikatzeko asmorik, ezta bere mugak zabaltzeko gogorik ere; kontua gehiago da sosak dakartzan bisitaria txunditzeko bitxi distiratsuenak janztea. Eta horretarako hobe ulergarriak eta disekatuak diren ezaugarriak, eta ez nortasun aldakor eta konplexuak. Marka bat eraiki nahi da, ez herri bat. Subjektu bat baino, objektu bat nahiago, aukeran.

      Jokabide hau bat dator azken urteotan ugaritu den guztiari ingelesezko izena jartzeko joerarekin: ez esan Bermeo, esan Tuna World Capital; Euskal Herriko itzuliaren ordez, hobe Basque Country Itzulia; utikan Zinemaldia, San Sebastian Film Festival izena bai ona; Goierri Basque Highlands, horiek parajeak. Horrela denarekin.

      Pierre Bourdieuren kontzeptutik tiraka, David Harveyk darabilen “kapital sinboliko kolektiboa” egokia zaigu fenomenoaz jarduteko[34]. Norbanakoak nola, hiri eta herriak ere bereiz baitaitezke, abantaila ekonomikoak eskuratu haien ezaugarri bakarren ondorioz. Hiri-markak eta nazio-markak ikuspegi horren arabera sortuko lirateke. Halaber, “monopolioaren errentak” ere aipatzen ditu Harveyk, elementu salgarri konkretu baten kontrol esklusiboa izateak dakartzanak. Elementu hori materiala izan daiteke —soilik zenbait tokitan topa daitekeen mahats mota bat, adibidez— edota immateriala —nonbaiteko kultura, kasurako—. Kapitalismoa monopolio bila ei dabil uneoro eta kultura geroz eta lotuago dago monopolio errentekin, pentsalariaren arabera. Kultura bera ere salgai bat gehiago baita, beste zenbait ondasun komunen gisara.

      Adierazgarriena zera da, Harvey bera Euskal Herriaz mintzo dela aferaren eskizofreniak deskribatzen ari denean. Izan ere, geroz eta bakarragoa, globalizazioaren kontrakoagoa eta puruagoa izan nonbaiteko nortasuna, orduan eta erakargarriagoa izango da bertako kultura monopolioaren errentak ustiatzeko. Zera dio: “Euskal Herriak konfigurazio kultural errentagarria irudi dezake, hain zuzen, bere singularitateagatik, baina etaren independentzia eskakizunak eta bortxaren erabilerak komertzializazioa oztopa dezake”. Kontraesan hori errazagoa da kudeatzen 2011tik aurrera, noski.

      Nolanahi dela, Basque Countryren elementu bakarrak ez dira basque fest jaialdiak azpimarratzen dituen zenbait ikur, janzkera eta tradiziotara mugatzen, hori ere badakite Basque Country markaren bultzatzaileek. Horri guztiari koherentzia emango dion ikusmolde bat ezinbestekoa da, izaera bat eskatzen du pakete horrek. Lifestyle bat, nahiago baduzue, euskaldun biolentoaz ezberdina izango dena, noski. Izan ere, Basque Country hori zer den badakigu, baina be basque delakoa zertan hezurmamitzen da, bada?

      Erantzunaren bila Bilbotik zertxobait ekialdera aldendu, eta Busturialdera jo beharko dugu, Urdaibai ingurura. Guggenheim museoaren sukurtsal berri bat egin asmo den lurralde berera. Bertan dago surfak mundu osoan famatu egin duen Mundaka herria. Billabong Pro Mundaka surf proba ez da, dena dela, han antolatu izan den ekimen bakarra; izenak berak argi xamar uzten zuen moduan, Mundaka Festival musika jaialdia ere hantxe egin baitzen zenbait urtez, 2015ean hasita.

      Emankor sareak antolatu izan du turismoa erakartzeko eta lurraldearen garapen ekonomikoa bultzatzeko sortu zen festibala lehen edizioaz geroztik. Mundaka The Basque Music & Cook Festival jarri zioten hasieran, nahiz eta gerora Bay of Biscay izena hartu duen egitasmoak. Mundaka herri turistikoa da jada halako ekimenen beharrik gabe ere —herriko ia 2.000 biztanleak 5.000tik gora izatera pasatu ohi dira udan—[35], baina bultzatzaileek gaua ere bertan pasatzera erakarri nahi zituzten egun-pasa joan ohi diren turistak. Festibal egoki bat prestatzen saiatu ziren horretarako; ez handiegia, ezta txikiegia ere. Asmoa kontzertuak hartuko zituen esparrura 4.000 bat eta, guztira, herrira 8.000 pertsona erakartzea izan zen lehen edizio hartan[36].

      The Sonics, Loquillo, Echo & the Bunnymen eta Anti-Flag taldeak aritu ziren zuzenean, besteak beste, baina Mundakakoak kontzertu hutsez osatutako festibal bat baino gehiago izan nahi zuen. Antolatzaileek argi zuten: “Mundaka Festibalak bizimodu bat ordezkatzen du, lifestyle bat, Urdaibaikoa, Bizkaia, Basque Country”[37]. Bizitzeko manera bakar hori da, beraz, jaialdiaren muina bera. Eta zer den hori? Bada, gastronomia, inguru natural paregabea, kultura eta surfa batez ere, antolatzaileen arabera. Eskaintzen den esperientziaren eta inguratzen duen eremuaren arteko lotura bat ezarri nahi da, Mundaka, Urdaibai eta, nola ez, Basque Country bizitzaz gozatzeko toki baten gisara aurkeztu.

      Lehenago ere esan dugu Mundaka The Basque Music & Cook Festival izena jarri ziotela ekimenari, eta asmoak ezkutatu zituztenik ezin leporatu diezaiekegu, halako izen luze eta aldrebesa aztertuta. Cook hitza ez da alferrikakoa, noski. Jaialdiaren programazioak txakolina, eusko label haragiarekin egindako pintxoak edo hegaluze, piper berde eta gaztaz egindako plater eta pintxoak dastatu eta erosteko aukera ere eskaintzen zuen. Ondorengo edizioetan eskaintza esklusiboagoak eskaini zituzten, hitzaldi eta tailerrak tarteko. Bi Michelin izar eskuratu dituen Mugaritz jatetxeko sukaldari Andoni Luis Aduriz eta etbko aurkezle eta sukaldari Xabier Gutierrez ere izan dira bertan zenbait ekintzatan parte hartzen. Sukaldaritzak ere definitzen gaitu, jakina, ez dugu alferrik izan Sukalerria izeneko saio bat gure telebista publikoan.

      Hirugarren elementuak ere, ingurunearenak, merezi du arretarik. Mundaka ezaugarri berezi eta ederrak dituen Urdaibaiko biosferan dago eta, horrez gain, kontzertuak Santa Katalinako ermitaren inguruan antolatu ziren, itsasoz inguratutako penintsula ikusgarri batean, alegia. Festibala zentzumen guztiekin gozatzeko produktu ezin egokiagoa zen, musika entzun, euskal gastronomia bikaina dastatu eta usaindu, surf erakustaldiak ikusi eta itsasoko olatuek, haizeak eta belardiek fereka zaitzaten uzteko diseinatua. Edo horrelako zerbait. Luxuzko experiencescape bat da, Bizkaiko kosta mapan kokatu eta bisitariarentzat boutique helmuga bat finkatzeko ezin aproposagoa.

      Larrinagak eta Del Amok deskribatutakoaren oso bestelako euskaltasun bat da eredu horrek proposatzen duena; transgresioarekin eta aldarrikapenekin baino gehiago, bizitzaz gozatzen dakien komunitate baketsu batekin lotzen dena. Ingurune ederrak, aparteko gastronomia eta patxada nahiago, aukeran. Atseginagoa da, noski, baina ifrentzua ere badu baretasun horrek: iradokitzen du asmo eta proiektu kolektiboek bainoago, elementu idiosinkratiko solteek egiten gaituztela garen hori.

      Oro ez baita urre, Mundakako festibalaren ageriko edertasunak ere ezkutatzen zuen kontu ilun gehiago. 2018an firma bilketa bat abiatu zen jaialdia egin ez zedin eskatuz, ekitaldi pribatu bat eremu babestu batean egiten ari zirela kexu baitziren zenbait herritar. “Eredu oker baten gailurtxo ikusgarria”[38] izatea leporatzen zioten festibalari. Gardentasun eza eta bestelakoak ere bai, Zain Dezagun Urdaibai kolektiboak hainbat lege ez betetzea egotzi baitzion Mundaka Festivali: Urdaibaiko legeria ez betetzea, jaialdia Kontserbazio Bereziko Eremu batean antolatzea, Kosta Legea urratzea, eaeko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan dagoen eremu batean egitea, beharrezkoa zen babes arkeologikoari buruzko txosten bat ez egitea eta kutsadura akustikoari buruzko legea urratzea. Arazo horiek konpontzeko, bigarren ediziorako beren-beregi diseinatutako hitzarmen bat prestatu zuten udalean, egiten zitzaizkien eskakizunei eta Urdaibaiko Patronatuari iskin egin, eta jaialdia egin ahal izateko.

      Kexak ez ziren eten bigarren edizioan. Ura eta elektrizitatea debalde eskaintzen zizkion udalak festibalari, baita zabor bilketa eta segurtasun zerbitzua ere. Iraingarriena da, dena dela, musu-truk jasotako ura eta argia gero festibalak ostalariei kobratu egiten ziela. Gainera, ekitaldia egin zen egunetan udal kiroldegia ere jaialdiaren beharrak asetzeko erabili zen, modu esklusiboan. 2018an 3.000 euroko isun bat ordaindu behar izan zuten, Zain Dezagun Urdaibai elkarteak jarritako salaketa baten harira. 2019an, herritarren kexak tarteko, zergak ordaintzera derrigortu zituzten azkenean, eta 20.000 eurotik gora eman behar izan zizkion antolakuntzak udalari[39].

      Lau urtez Mundakan antolatu ostean, Bermeo izan zuen kokaleku 2019an muin bera izan arren Bay of Biscay izena jarri zioten festibalak. Covid-19ak bazterrak nahasi zituenetik ez da berriz egin, eta ikusteko dago ea inoiz itzuliko den. Edonola ere, deigarria ere bada egitasmo hau administrazioak zenbat babestu izan duen ikustea, kontuan izanda musikazaleek apenas erantzun izan dutela: bertaratutakoetatik gehiago izan dira gonbidatuak benetan sarreraren truke ordaindu dutenak baino[40]. Dirulaguntza publikoak jaso —soilik Bizkaiko Foru Aldundiak 114.000 euro 2017an[*]—, eta halako erraztasunak izan dituen festibal honen kasuan, musika gutxienekoa dela esatea ez zait baieztapen arriskatua iruditzen. Aitzakia bat besterik ez da, Bizkaiko kostaldea mapan kokatzeko asmo orokorra hauspotzeko balio duena.

      2018an kaleratu zuen Eusko Jaurlaritzak Nazioartekotze Esparru Estrategia 2020ren Eguneratzea txostena, eta bertan “Euskadi boutique helmuga bihurtzea eta Europako ‘premium’ helmugen top 20an kokatzea”[41] zehazten da helburutzat. Asmo horri men egiten dioten proiektuak ez dira Bizkaira mugatzen, jakina. Arabako Errioxan egiten den Esferica festibala da adibide argi bat. Urdaibain erabilitako estrategia berari jarraituz, 2021. urtean sortu zuten jaialdia, Arabako Foru Aldundiak, Guardia-Arabako Errioxako kuadrillak eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak sustatuta. “Festibal bat lurralde batentzat” abizena jarri zioten, ekitaldia kudeatzeaz arduratzen den I-Radia Crea promotoreak Galizian egiten duen eta asmo zein kartel antzekoak dituen 17º Ribeira Sacra Festival jaialdian erabiltzen duten berbera. Shows on Demand dira beste antolatzaileak, Vocento komunikazio enpresak kontzertuak antolatzeko duen adarra.

      Esferica Arabako Errioxa festibalak —Esferica Rioja Alavesa aldaera irakurtzea ohikoagoa den arren— musika emanaldiak antolatu ditu orain arte egindako bi edizioetan, baina, Bay of Biscayk egin antzera, kontzertuak esperientzia orokorrago baten barnean txertatzen ditu. “Esperientzia bakana” omen baita Esferica, “musika, lurra, artea eta gastronomia” batu eta “zentzu guztiak aktibatu” nahi dituena[42].

      Tradizioa eta abangoardia, esklusibotasuna, espazioaren eta unearen arteko ezkontza, Michelin izarrak jaso dituzten sukaldariak, turismoa eta tar-tar-tar: ezaguna zaigu formula. Frank Gehryk diseinatutako eraikina ere badugu inguruotan, Marques de Riscalen “ardoaren hiria” delakoa, Calatravaren Ysios upategiekin batera paraje hauetako eraikin ikusgarriena. Haien inguruan ere egiten dira ekitaldiak jaialdiaren baitan, nola ez, ardo-dastatze eta halakoekin batera.

      Donostian egiten den Dantz elektronika festibalak ere badu probintzia osora zabaltzen den Dantz Point izeneko programa bat, begirada gurera erakartzeko asmoa duena. 2019. urteaz geroztik, djen emanaldiak antolatu izan ditu Dantz Pointek Gipuzkoako hainbat txokotan —Arantzazuko santutegia, Loiolako basilika eta Hondarribiko harresia, esaterako—, musika eta paisaia uztartzeko asmo agerikoarekin. Gipuzkoako Diputazioak diruz lagundu izan du, eta, Harkaitz Millan Kultura diputatu ohiaren arabera, “ezinbesteko hitzordua da Gipuzkoako espazio berezienak, tokikoak zein nazioartekoak, berraurkitu, zabaldu eta indartzeko”[43].

      Abangoardiako musika eta ondarea ditu zutabe nagusi Dantz Pointek; irrati formula eta udako kostaldeko turismoa, berriz, Zarautzen eta Orion 2017tik aurrera egin izan den Los 40 Summer Live festibalak. Herriotako ostalarien babesarekin antolatutako jaialdi horrek ere Gipuzkoako kostaldera erakarri nahi ditu bisitariak, nahiz eta beste adibideen aldean, horren aura esklusiboa sortu nahi ez. Ika-mika piztu izan du festibalak, dena den, gaztelera hutsez aritzen diren artistez osatu izan baitu kartela eta jaialdiak udaletik izandako babesa adierazgarria baita, batez ere Zarauzko Azken Portuko jai herritarrei ezarri izan zaizkion zailtasunekin alderatuz gero[44].

      Donostiak Europako kultur hiriburutza jaso zuenean ere, hamaika buruhauste eta ika-mikaren ondotik, Euskal Herriaren irudi jakin bat proiektatzeko erreminta aproposa izan zitekeela erabaki zuten kudeatzaileek. Arazoa, noski, irudi horren muina finkatzerakoan iritsi zen. Oihartzuna izan zuen, adibidez, Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak izeneko erakusketak jasandako zentsurak, non zenbait euskal presoren lanak kendu behar izan zituzten terrorismoaren biktimak minduko zituztelakoan. Obren mamia baino gehiago, egileak nortzuk ziren izan zen afera haren gakoa. Bakea, elkarbizitza eta halakoak aldarrikatzen zituen normaltasun berrian kokatzen zen hiriburutza hark preso haien lanak ezkutatzea hobetsi zuen. Normaltasuna, dirudienez, gatazkarik ezak adierazten baitu.

      Deskribatzen ari garen fenomenoaz Ipar Euskal Herrian badakite zerbait. Ikur folklorikoz osatutako salgaietan oinarritzen da askorentzat basque identitatea bertan eta klasismotik ere badu euskal kulturari zuzentzen zaion begiradak, Antton Lukuren arabera. Frantses kultura baita kulturatzat har daitekeen hura, euskalduna gehiago da folklorea[45]. Gainera, finantzaketari dagokionez, arte mutuek jasotzen dute dirua batez ere euskal munduan: dantzak, eskulturak, pinturak… Mutu omen baikaude ederren. Euskararen erabilera gatazkatsua da eta culture basque delakoa gehiago da antzinako jatorria duena, kutsu erritual edo xelebrea duen hori. Ondarea da gorde beharrekoa eta ez sortzeko ahala. Ondarea segurua da, iraganekoa, hila. Historia bizia jarraia da eta arrisku gehiago du: erre zaitzake.

      “Euskal kultura euskaraz pentsatu eta erakutsi kultura da”, hala dio Lukuk. Kulturatzat duen horrek herritartasuna ematen duela azpimarratzen du, gainera, eta belaunaldien arteko transmisioan oinarritzen da profesionalek eskainitako ikuskizunetan beharrean. Pastoralak eta libertimenduak paradigma horretan kokatzen ditu, adibidez.

      Alta, Iparraldeko kultura ez da bi eredu horien arteko gatazkan soilik oinarritzen. Hots, aukera bakarrak ez dira bab metropoliko emanaldi kulturalak alde batetik eta libertimenduak edo pastoralak bestetik. Hori errealitatea sobera sinplifikatzea litzateke. Musikari dagokionez, eskaintza Hegoaldean askok uste dutena baino zabalagoa da: Xiru festibala, Errobikoa, Usopop, Baleapop eta Müsikaren Egüna ekimenei big festibal handia —ezin bestela— kontrajartzen zaie. Azken honek, gainera, Lapurdiko kostaldeak eskaintzen dituen surferako aukerak azpimarratzen zituen bere eskaintza promozionatzerakoan, arestian aipatu ditugun beste hainbatek bezalatsu. Dena dela, bestelako paradigma baten erreferentzia gisa aztertuko duguna beste jaialdi entzutetsu bat izango da: Euskal Herria Zuzenean.

 

 

Mundu asko kabitzen diren mundua

 

Ezustean, utopien gose zen ezkerrak helduleku berri batekin ekin zion 1994. urteari. Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna ezarri zen egun berean zenbait indigena altxatu ziren Mexikoko Chiapasko basoetan. Proposatzen zutena beste zerbait zen, berritzailea, eta, eredu burokratiko zentralizatuen aldean, kutsu libertarioago bat zuena. Are, poetikoa ere bazen Marcos komandanteordearen hizkera, men eginez agintzeaz jarduten baitzuen, pausoak poliki emateaz urrunera joan ahal izateko. Mezu lauso bezain iradokitzailea zuen gerrilla hark eta haize freskoa ekarri zien mundu osoko askapen mugimenduei. Historia oraindik ez zela amaitu eta esperantzarik bazela aldarrikatzera zetozen mexikar haiek dena eskatzen zuten, denontzat. Globalizazioari erantzuteko beste modu bat eskaini zuten, mugarik gabeko merkatuaren doktrinari kontra egin eta lurralde bakoitzeko aniztasuna aldarrikatzeko bidea ematen zuena, biak batera.

      Negu Gorriak taldearen diskurtsoarekin bat egiten zuen ezlnk ordezkatzen zuen fenomeno berri hark eta 1996an gerrilla mexikarra ezagutzeko aukera ere izan zuen euskal rock taldeak. Mexiko Hirian zuzenean aritu ostean La Realidad aguascalientes[*] zapatistara joan ziren eta bertan Marcos komandanteordea bera ezagutu ere bai. Anekdota horretaz harago, fenomeno hark marka sakonak utziko zituen Europako ezkerreko mugimenduetan hurrengo urteetan, baita Euskal Herrian ere. Begirunea izendatu zuten bira hura izan zen Negu Gorriak-en azkena, baina urte berean ikusmolde haren testigua hartuko zuen jaialdi bat sortu zen gurean. Piztu elkarteak eta Irulegiko Irratiak jarri zuten martxan Euskal Herria Zuzenean edo ehz 1996an, Euskal Herriaren erakusleiho izan, Iparraldeko kostaldearen eta barnealdearen arteko hausturarekin amaitu, eta Nafarroa Beherea eta Zuberoa dinamizatzeko asmoarekin.

      Pizturen aurrekaria izan zen Patxa kolektiboak izan zuen harremanik musikarekin lehenago ere. 1987an Rock Eguna antolatu zuten Arrangoitzen, adibidez, eta Kortatu, Hertzainak, Ludwig von 88 eta Berurier Noir aritu ziren, azken biak Parisko rock talde entzutetsuak. “1996an, Piztu elkarteko kideak aspaldian ohartuak dira: musika, kirolarekin, jendarteratze bide nagusi bat da, eta bide batez kultura, politika ala sozial gaietaz sentsibilizatzeko gaitasun azkar bat du. 1980 urteen erdiaz geroz, euskal rockak euskal kulturenganako gutizia pizten du Iparralde huntan. Kantaldien denboran bezala, euskal rock kontzertuak euskal mugimenduaren publizitate eta diru iturri tresnak bilakatu dira. Bainan denak beti kontzertuen heinean gelditu dira. Ordu dugu beste urrats baten egiteko eta 3 egunetako gertakari baten antolatzeko, handiago, oraingo jende gehiagoren hunkitzeko”[46].

      Zortzi edizioren ostean, 2003an Euskal Herria Zuzenean-ek Arrosako zola utzi zuenean, argitaratu zuten argazki liburuxkaren aitzinsolasa da irakurri berri duguna, festibalaren nondik norakoak ulertzeko nahiko argigarria. ehzk musika eskaintza zabal bat osatu nahi du baina ez du horretara mugatu nahi. Lehen edizio haietan “L´Eurock des peuples contre la World Company” abizena izan zuen egitasmoak eta iraultza glokalaren espirituarekin bat egin izan du hasieratik beretik. Altermundismoan kokatu izan den proiektua da ehz, Euskal Herriko berezitasunetara egokituta. “Folklorismo edo frantses kolonialismoaren kalteei aurre egin eta euskal kultura bultzatu” nahi omen du jaialdiak, Pauline Guelle ehz elkarteko lehendakari ohiaren arabera[47]. Hainbat balio egiten ditu bere: ikuspegi internazionalista du; kapitalismoa arbuiatu eta kontrakultura aldarrikatzen du; baita justizia soziala, eskubide zibilak, politikoak eta giza eskubideak bultzatu ere, edo ingurumenaren defentsa, diskriminazio guztien aurkako borroka eta presoekiko elkartasuna bezalako helburuak babestu. Hori guztia, euskal hizkuntza, kultura eta nortasuna aldarrikatu eta sustatzen dituen bitartean.

      Lehenengo edizioaren kantuan Fermin Muguruzak berak abestu zuen eta, behin jaialdia abiatuta, barnean ezlnren banderolak ikus zitezkeen, edota hiesaren pandemiarekin amaitzeko borrokatzen duen Act Up elkartearen postuak. Arrosa Sareak ere, euskaraz aritzen diren Euskal Herriko hamaika irrati biltzen dituen federazioak, bertan egindako bilera batean du izenaren jatorria. 2014an, ehz elkarteko orduko lehendakaria zen Eneko Etxegaraik zioen ehzn eraiki egiten dela; beste jaialdietan, aldiz, kontsumitu[48]. Halako proiektu batek dakarren lan kargari dagokionez, bederen, sosak ikusteko handirik ez du: lan boluntarioak osatzen du festibalaren hezurdura nagusia. Oholtzaren inguruan ez da publizitaterik eta eskaintzen diren jaki eta edariak bertakoak izan daitezen bermatzen saiatzen dira. Hasieratik beretik, askotariko borroken bateragune izan nahi du ehzk, eta “mikrojendarte ideal bat sortu hiru egunez”. Halaxe deskribatzen zuten Zebda taldekoek 1997ko edizioan Arrosan topatu zutena: “Kolektiboaren ideia bat, gizartearen humanizazioa dakarrena eta gauzak aitzinarazten dituena”[49].

      Logika merkantilistetatik at aritzea ez da esandakoetan soilik islatzen. Azpimarragarria da nola Arrosako garaiak amaitzean, esaterako, festibalak laguntza ekonomikoa eman zien gertuko sentitzen zituen hainbat kolektibori eta ekimeni[*], edo nola eman berri dizkion 15.000 euro laborarientzat lurrak bermatzeko borroka egiten duen Lurzaindia elkarteari. ehzren helburua ez da, beraz, musika hutsa kontsumitzeko festibal bat eskaintzea, ezpada jendearen artean hartu-emana sortzea eta bestelako oinarriak dituen gizarte bat irudikatzea. Ehundaka lagun aritzen dira lanean horretarako, batzuk urte osoan zehar eta besteak jaialdia egiten den egunetan. Horietako gehienak Ipar Euskal Herriko komunikabide, elkarte, ekoizle eta abarretako kideak izaten dira, noski, baina, helburuetako bat Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko muga ezabatzea ere badenez, Bidasoaz bestaldeko beste hainbat talderekin ere harreman estuak izan dituzte bidean, Donostiako Piratekin, kasurako. Eusko Jaurlaritzak darabilen leloaz harago doan mamia ere badu eta auzolan hitzak[*].

      Jasotako laguntzak gorabehera, halako ekimen bat antolatzeak lan eskerga eskatzen duenez, aurrera egiteko arazoak ere izan ditu antolakuntzak. Kokapena zenbait bider aldatu ondoren —Idauze-Mendin, Heletan eta Lekornen antolatu izan da Arrosa utzi ostean—, 2012ko edizioa amaitzean, adibidez, barne gogoeta bati ekin zioten, egoera ekonomiko kezkagarri bati aurre egiteaz gainera, inertziaren kontra aritu eta festibalaren muina bera kolokan jarri nahi izan baitzuten. Lehenagotik zetorren ardura: musika gailentzeaz beldur ziren, ez baitzuten emankizun segida huts bat izan nahi. Hitzaldi eta mahai-inguruak indartzeari ekin zioten orduan, hasieratik beretik festibala antolatzeko identifikatuak zituzten arrazoiak lehen lerroan jarriz; biharko gizartearen oinarriak ezartzeko nahia lehenetsiz, alegia —orekak alde batera zein bestera egin izan du edizio bakoitzean, dena dela, eta batzuetan musika aise gailendu da—.

      Mundu zabaleko gatazkak, jatorrizko herrien borrokak, ekologismoa, feminismoa, antikapitalismoa eta beste hainbat aldarri landu dira geroztik ehzn. Lehen ediziotik argi izan duten ezaugarri bat eremu eta belaunaldien arteko harremana sustatzea izan da eta horren adierazle da igandearekin eskaintzen den bazkari herrikoia ere. Jana, edana eta dantza izaten dira protagonistak egun horretan, eta, musika emanaldiek pisua izaten jarraitzen duten arren, ohiko jaialdietan usu ikusten ez den eskaintza izaten da. Irudikatu nahi duten Euskal Herrian berdin sartzen dira herri bazkariak; Oskorri, Celtas Cortos, Morcheeba, Unama, Joxe Ripiau, Alo Wala, Victims Family eta Keny Arkana artisten emanaldiak; dantza ikastaroak; Kurdistan, Palestina eta Notre-Dame-des-Landeseko zadeko brigadisten testigantzak eta euskal prentsaren standak.

      ehz bere bidea asmatzen joan da, oztopo eta aukeren arabera moldatzen. Ezin, beraz, iruditeria zurrun baten arabera jokatu. Landu duten formularen barruan, ohikoa da, besteak beste, jaialdiko une batean joaldunen desfilearekin topo egitea, nahiz eta Antton Lukuk akaso ez lukeen hobetsiko jatorriko testuingurutik mutilatutako elementu horren erabilera. Ostera, uste dut onartuko lukeela festibalak Ipar Euskal Herriko gazteen ahal, gogo eta irudimena bideratu, eta berak aldarrikatzen duen herritartasun hori emateko aukera eskaintzen duela. Ez dituela elementu kulturalak ondare hil gisa erabiltzen. Festibalak proiektatzen duen Euskal Herri hori aldakorra da, unean unekoari erantzuten diona, malgua. Historia aldarrikatzen du, baita aurrera egiteko bide bat marrazten saiatu ere. Lukuk berak jaso zituen Mixel Etxekopar musikari, Xiru jaialdiaren antolatzaile eta Hebentik kultura elkarteko arduradunaren hitzak egokiak dira ideia azaltzeko: “Tradizioa galtzeko beldur gara, eta beldurrengatik galduko dugu. Tradizioa geldi izatea nahi dugu, mugigaitza izatea, alegia, altxor modura pasatzen da belaunaldiz belaunaldi, eta hori ez da inoiz horrela izan. Horrela izan bada, eta horrela bada, erran nahi baita, hiltzen dela. Guk mugimendua eman nahi diogu”[50].

      Euskal Herriko txoko honetatik begiratzen die ehzk globalak diren erronkei, baina basque fest edo Bay of Biscay ereduen kontrara, ez die geure geureak ditugun berezitasunei distira ateratzen salgaien lehiarako prestatzeko. Asmoa gehiago da etorkizuna irudikatzeari uko egin nahi ez izatea. Nortasuna eraikitzen den zerbaiten gisara ulertzen duen jaialdia da ehz, eta horretarako alternatibei plaza bat eskaini nahi die, gertakariak behartu eta aukerak entseatu. Garra piztuta mantentzeaz arduratzen da, ez errautsak era dotorean erakusteaz.

      ehz artefaktu artifizial bat da, zalantzarik ez da. Guelle argiki mintzo da horri buruz: “Euskal Herria Zuzenean (ehz) sortu zen momentutik argi zen ‘festibala’ tresna gisa baliatuko zela bai gazteriari elkartze leku bat eskaintzeko, baita ere kanpokoek herria ezagutzeko parada ukaiteko. Ipar Euskal Herrian, Patxa mugimendutik Piztu elkarteak sortu zuelarik proiektua Baionan errotutako eragile nagusi horrek festa artifizialaren hautua egin zuen. Existitzen ez zen momentu bat sortu zuten (Ipar) Euskal Herriko barnealdean borrokak argitan uzteko eta elikatzeko. Borrokaren kultura berri bat sortzeko asmoarekin irudikatzen zen leku paregabea; gure kultura elikatuz, indartuz, handituz eta birsortuz. ‘Artifizialki’ sortutakoak irauteko energia gose izanki, bizi zikloak behar ditu. […]. Iturri zaharretik ur berria beti!”[51].

 

 

Historia eginez

 

Berriz ere Hegoaldera bidean Bidasoa ibaira gerturatzen ari garela, Anton Abadiaren Hendaiako jauregi itzela ikus dezakegu bide ertzean. Eraikina bai, baina agian ez dira horren ezagunak bere ibilerak, ezta bera izan zela 1851tik aurrera euskarari prestigioa emateko helburuarekin Lore Jokoak sortu zituena ere. Poesia errezitaldiak, kirol ikuskizunak eta bestelakoak izaten ziren bertan, eta Abadia bera arduratu zen euskarazko sorkuntza horien sariketa finantzatzeaz zendu artean. Urruñan antolatu ziren lehenbizi, baina urteen poderioz Euskal Herri osora zabaldu ziren. Euskal Pizkundearen adierazgarri ziren jaialdiok Bilbora heldu ziren 1901ean, eta ezagunak dira Miguel Unamunok bertan esandakoak: “Zuk egiten duzun hizkuntza hori, jende euskalduna, euskara hori zurekin batera galtzen ari da: ez du ardura, zure antzera, hark ere galdu beharra duelako; beraz, hil ezazu bera lehenbailehen eta ehortz ezazu ohorez; mintza zaitez espainieraz!”.

      Alta, mende bat lehenago Unamunok esanei kontra egiten dionik bada gaur egungo Bilbon. 2015ean, Lutxo Egia, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Mikel Martinez arduratu ziren erantzun egoki bat ematen, Loraldia jaialdian. Loraldiak Lore Jokoen oinordeko izan nahi du, jakina, eta xxi. mendeko Bilbon behar duen prestigioa eman asmo dio euskarari. Euskal kulturaren transmisioa eta ikusgarritasuna, horiek dira festibalaren ardatz nagusiak, eta, antolatzaileek, beraien filosofia azaltzerakoan, Oteizak kontatzen zuen metafora bat erabili izan dute: euskaldunok, traineruetan nola, atzera begira esertzen omen gara, beti aurrera egiteko helburuarekin.

      Loraldiak udaberriko euskal kulturaren itsasargia izan nahi du, erdaraz bizi direnen arreta ere bereganatzeko egiteko zailari heltzeaz gainera. Ez da, dena den, itsas iruditeriari heldu eta erreferente historikoak erabiltzen ari den bakarra Euskal Herri garaikidea eraikitzeko orduan. Errenteriak historikoki itsasoarekin izandako harremana aitzakiatzat hartuta, Atlantikaldia ere desafio garaikideen arabera sortutako festibala da, adibidez. 2014an herriko alkate zen Julen Mendoza etorkizuna eraikitzeko iragana berreskuratzeaz aritu zen jaialdia aurkezterakoan; zioenez, oroimen historikoa “ezinbestekoa” baita “herri baten identitatea eraikitzeko”[52].

      Beste itsasertz batzuetatik datozenekin nortasun integratzaile bat sortzen saiatzea da Atlantikaldiaren zioetako bat. Kultur aniztasuna eta elkarlana irudikatu nahi ditu festibalak, eta horixe iradokitzen dute bertan aritu izan diren musikariek ere: Alpha Blondy bolikostarra, Goran Bregovic bosniarra, Carlos Nuñez galiziarra eta Gnawa Diffusion aljeriarrak ikusi ahal izan dira, esaterako. “Benetako elkarrizketak”[53] sortu nahi dituzte Atlantikaldikoek, herritarren artean, musikarien artean bezainbat. Horregatik antolatu dituzte euskal artistek eta atzerritik etorritakoek oholtza partekatu duten emanaldi bereziak edo eskaini dizkiete espazioa jatorri ezberdineko komunitateen kultur adierazpideei. Herria zer den zehazteko orduan, herritarrak protagonista izatea; horrek dirudi xedea.

      Benetako Errenteria halakoa da, koloretsua. Herriaren itsas historia errealitate hori islatzeko aitzakia bat besterik ez da, Abadia eta Lore Jokoak egungo Bilborako sortutako artefaktuarenak diren hein berean. Santi Leoné historialariak Euskal Herri imajinario baten alde egindako aldarrian dio aurrekariak bilatzea gaurko interesetatik abiatzen dela, memento bakoitzeko irudia dela iraganera proiektatzen dena. Egungo asmo eta helburuen arabera egiten ditugula historiaren irakurketak. Urrunago ere badoa Leoné, eta “euskalduntasuna gaurko nahian zertzen” dela dio, “ez antzinako jatortasunean”. Garbi dio: “Horregatik existitzen gara, geure burua asmatu dugulako, asmatzen goazelako”[54].

      Geure burua asmatze horretan gertakari historikoak baliatu ditugu musika jaialdiak antolatzeko, herritarron emozioak piztu eta elkarrekin iruditeria berri bat osatzeko ezin erabilgarriagoak direla jakin baitakigu. Baina Leonéren jaioterrian, Iruñean, aferari era lotsagabeagoan heldu diote: zertarako erreferentzia historikoak bilatu, irudimenak aukera posibleak biderkatzen baditu? Nafarroako erresuma baino gehiago, egungo Nafarroa baita axola duena. Eta behin imajinatzen hasita, zergatik ez New Orleanseko brass band[*] bat paratu Arga ibaiaren alboan desfilatzen? Edonoren arreta deitzeko modukoa denik ezin uka, behintzat.

      nola siglak New Orleans Louisiana adierazten duen modu berean, galdera bat aditzera ematen du euskaraz. “Iruñea Nola?”, beraz, galdera bezainbat da hipotesi bat, 2015ean musika eta herri mugimenduak uztartzen zituzten hainbat lagun elkartzean abiatu zutena. Paul Gilroy historialariaren Black Atlantic kontzeptuari[*] tiraka, Iruñerria hainbat itsasertzetako kulturen arteko harreman emankorren itsas portu bilaka zezaketen galdegin zioten beraien buruari; kezka akademiko batek bainoago, zenbait formula agortuk sortutako asperdurak eta kaleak astintzeko gogoak bultzatuta. Iruñea Nola? kolektiboan batutakoek rockak honezkero eman beharrekoak eman zituela uste zuten, Euskal Herria iraganeko doinu, lelo eta dinamika kulturaletan kateatuta zegoela, eta euskal sorkuntzaren leihoak ireki eta haize fresko pixka bat sartzen utzi beharra zegoela. Nostalgia antzuaz harago begiratu nahi zuten. 2015eko foru eta udal hauteskundeetan upnk boterea galdu ondoren, Katrina urakanak New Orleans kolpatu zuenean bezala, eragindako sarraskia atzean utzi, eta Iruñea after Barcina nolakoa izango zen irudikatu nahi zuten.

      “Aldaketaren gobernua” iristearekin batera irten ziren lehen aldiz kalera, “Barcinaren erauntsiaren” ostean, “estoldetatik atera” eta plaza hartzeko gogoz. Zuzeneko emanaldiak, sound systemak eta djak programatu zituzten areto eta tabernetan, eta osatu zuten egitarau beltza Broken Brothers Brass Band-en erritmoan antolatutako piknik batekin amaitu zen Arga ibaiertzean. Topaketa parte-hartzailea izan nahi zuen, “azken hogeita hamar urteetan rockak lortu ez duena nola lortu pentsatzeko asmoa” zuena[55]. Musika bai, baina second line delakoa ere ezinbestekoa da Iruñea Nola? kolektiboaren ikuspegian, New Orleans hiriko tradizioan musikarien atzetik desfilean doan komunitatea, hain zuzen.

      Besteak beste, “parranda erradikal berri bat” du jomuga Iruñea Nola? kolektiboak, eta horretarako erabilitako zenbait lehengai musika beltzaren aldaera ugariak, gumbo mina eta komunitatean gozatzeko gogoa izan dira. Haien hipotesiak —musika beltza Iruñerria piztu eta dinamika kultural eta sozial berriak hauspotzeko erreminta egokia izan zitekeela— ez zuen erro agerikorik, bai ordea errealitate bihurtzeko gogo franko. Iruñeko herri mugimenduak 2014an, Euskal Jai gaztetxearen hustearen urteurrenaren harira, orduko alkate Enrique Mayari “Maya, Maya, queremos playa” lelopean Iruñeak hondartza bat behar zuela eskatzen zuen konbikzio berarekin jardun dute beti, serio demonio.

      Umorea eta parranda ezinbestekotzat dituzten arren, Iruñea beltzaren jarduna horretara mugatzea ez litzateke justua izango. Jada aipatu dugun Atlantiko beltzaren kontzeptuari tiraka hitzaldiak, jardunaldiak eta eztabaida zikloak prestatu dituzte urteotan, eta Iruñea Nola? eta Ibaiertzean jaialdiak ere antolatu dituzte, beste zenbait burutazioren artean. Galtza bete lan egin dute haien ideiak potentziala duela erakusteko. Folkak eta punkak gurean halako eragina izan bazuten lehenago, zergatik ez dira baliagarriak izango mundu zabaleko esklaboen erresistentzia musikak? Posible al da doinu horietatik abiatuta euskal jendea mugituko duten ereserki berriak sortzea? Horixe izan da urteotan horrenbeste fruitu eman dituen galdera, euskal musikaren genealogia kontrakulturalaren enegarren mutazio saiakera[*].

      Ohikoa da inauteriak aipatzea musika jaialdien aurrekari gisa, baita toberak edo xaribariak ere. Komunitatea sendotzeko eta kritikarako espazio ziren eta dira, egitura hierarkikorik gabeko bizitza bat bizitzeko eta tabuak gainditzeko aukerak eskaintzen dituztenak, une batez bada ere. Askapena eta berrikuntza, irudimenak eta gozamenak gidatuak. Lelo aldarrikatzaileez harago, aldaketa hori bizi eta gorpuzteko abaguneak dira bai inauteriak, baita musika festibalak ere. Horra horien indarra.

      Halakoek komunitatea eraiki eta identitateak finkatzeko duten garrantziaz jakitun, Iruñerrian zenbait esperimentu ere abiatu dituzte geroztik. New Orleanseko brass band tankerako musikaz lagunduta kale eta plazak hartzea aski ez, eta tradizio berriak sortzeko goseak bestelako esperientzien bila jarri izan ditu Iruñeko eta inguruetako hainbat sortzaile. Atlantiko Beltza jardunaldietan musikaz, kaleaz, herriaz eta botereaz gogoeta egin izan dute, eta, begirada exotizatzaileak saihestuz, mundu zabaleko esperientzietatik ikasten saiatu dira. Lanketa horren arrastoa bestelako ekimenetan ere suma liteke, izan ere, urrunera joan gabe, Iparraldeko inauteriak, libertimenduak, kaskarotak eta abarrak Hegoaldean berrinterpretatu eta Iruñeko errealitatera egokitu ahal ziren tresna eraginkorrak izan zitezkeela ere pentsatu zuen hainbatek.

      Eltzea sutan probatzen denez, 2019an iritsi zen Iruinkokoa izendatu zuten Iruñeko inauteri euskalduna estreinatzeko unea. Kokoa janztea mozorrotzea den gisa berean omen da kokoa zomorroa, bestea, Iparraldekoek Hegoaldekoei deitzeko zerabilten hitza, baita Nafarroako zenbait tokitan Iruñerrikoak izendatzeko modua ere. Iruinkokoa Nafarroa Behereko libertimenduetan inspiratzen da, baina ez da, inolaz ere, kopia hutsa. Libertimenduan antzerkia, dantza, musika eta bertsoak nahasten dira eta berdin egiten da Iruñeko aldaeran ere. Aldiz, Iruinkokoan 30eko hamarkadan cntko milizianoek zerabilten txapela janzten duen txaranga bat ere badute —Broken Brothers Brass Banden aritzen den Ion Celestino jazz musikaria arduratu zen musika konposatzeaz—, dantzak eta dantzarien arropak berariaz asmatuak dira, eta, oro har, Nafarroa Behereko landa inguruko inauteriak Iruñea bezalako hiri batera eramateko egin beharreko aldaketa guztiak irudimenez landu ostean irten ziren plazara.

      Dantzak sortzeko libertimenduetako jauziak eta Erriberako paloteadoak nahastu zituzten, adibidez, eta herri musika berri bat sortzeko prozesuan ere antzera, erro posibleak arakatu zituen Celestinok. Afera serioski garatu zuten arren, zerbaitek ezaugarritzen baditu libertimendua zein Iruinkokoa, hori umorea da. Inauteriotan egiten diren antzerkietan urtean zehar herrian —edo hirian— gertatutakoak salatzen dira, kritika eta autokritika uztartuz eta satira baliatuz. Inauteriak horretarako baitira, dena hankaz gora jartzeko; baita bertsio garaikide eta urbanoak ere. 2019ko Iruinkokoan, adibidez, koko beltzek —antzezleek— apropiazio kulturala egiteaz salatu zuten dantzak diseinatzeaz arduratu zen Aritz Ibañez, Baxenabarreko kultura profanatzeaz, alegia. Greta Thunbergez jantzita ere agertu zen gazte bat handik gutxira, eta Osasunako bufandarekin oihuka ateratako batek ere izan zuen kabidarik ikuskizunean, besteak beste. “Gu anormalak gara, kokoterrikoak” zioen kalean zehar zeramaten oihalak.

      Irria ardatz duten jai hauek egun batez hartzen dute kalea, baina lan handia dute atzetik. Ekitaldiaren zio nagusia, gainera, itzalpeko elkarlan horixe bera da; ospakizun egunaz harago, euskara hutsean antolatutako halako ekimen batek ezinbesteko duen lanak komunitatearen trinkotzea dakar eta. Antzezle, musikari, dantzari, bertsolari eta abarren arteko harremana sendotzea da gakoa, eta bidean herria imajinatzea. Prozesuak du garrantzia Iruinkokoan, baita libertimenduetan ere; plazak okupatu, eta hitza hartzeak.

      Kultura, halakoen bidez, herritartasuna eskuratzeko tresna bihurtzen da, Lukuk jada adierazi digunez, eta identitate kolektibo bat eraikitzeko ezinbestekoa den prozesu hori aldakorra da, derrigor. Ahotan darabilgun kasuan, gainera, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga lausotzeko ere baliagarria izan da esperientzia, batak bestearengandik ikasi eta zubiak eraiki baitira Iruinkokoa sortzeko orduan. Iruditeria nazionalen, folklorearen eta mitoen esparruan baino gehiago, praktiketan errotutako loturak ezarriz bidean.

      2020ko Iruinkokoan, kalejira betean, Karrikiri liburu-denda euskaldunaren aurrean, Libertitzeaz liburua eskuan zutela, zenbait gazte “Gora Antton Luku! Gure Biblia!”[56] oihukatzen hasi zen. Lukuri egindako erreferentzia ez da ausazkoa, bera izan baitzen mende berrian Garaziko libertimenduak berreskuratzearen arduradun nagusietako bat, eta, ekimenaren gainean ere luze teorizatzeaz gain, Iruinkokoaren sortze prozesuan laguntzaile izan zuten Hegoaldeko lagunek. Lukuk esana du egungo zenbait inauteriren arazorik handienetakoa folklorizazioa dela, indar politikoa galtzera baitarama[57]. Beharbada horrexegatik zeramaten Iruinkokokoek “Kokokontuz!!! Desamabilizatutako eremua!!!” irakur zitekeen pankarta bat kaleetan zehar, arriskuari aurre hartzeko asmoz edo.

 

 

Oreka

 

“Disney World inauteriak sistematikoki ezabatzeko sortua” da, Inside the Mouse: Work and Play at Disney World liburuan irakur daitekeenez. Guggenheimez mintzatzean Zulaikaren Crónica de una seducción liburua hartu dugu abiapuntutzat arestian, eta bertan agertzen da aipua. Baita beste hau ere: “Disney World inauterien kontrako mendetako borroka baten burutzea” izan daiteke, zeinak “lehenik baztertu eta ondoren ezabatu edo minik egiten ez duen zerbait turistikoa bilakatzea zuen helburu”. Jorge Oteizak Bilboko museoaz zuen iritzia ere ildo beretik zihoan, Guggenheim “genozidio kulturala, Euskodisney iruzur hutsa” zela adierazi baitzuen inoiz.

      Halere, Oteizak bere iritzia aldatu eta 1998an elkarlan akordio bat sinatu zuen Guggenheim museoarekin, bere obrak bertan ikus zitezen. Ezinezkoa zaigunez berari zuzenean galdetzea, ezin ziur jakin erabakia sakoneko ikuspegi aldaketa baten ala kalkulu pragmatiko baten ondorio izan zen. Ezin, era berean, Basque Country markari buruzko bere usteak ezagutu; ea Euskodisney delakoaren garaipenaren ikurtzat, ala, alderantziz, mundu globalizatuan biziraun ahal izateko ezinbesteko ordainsaritzat hartuko ote zukeen etiketa eta politika hori[*].

      Ikusi dugunez, garapen historiko eta politikoaren araberako erantzunak eman dizkio euskal kulturak sakoneko gatazka horri. Gurean, musikaz ari garela, ziur aski beste inon baino lotura sendoagoa izan du identitate nazionalarekin eta harekin lotutako gatazka sozialekin. Askapen nazionalaren iruditeriak indartsu iraun duen artean, haren abaroan ernaldutako egitasmoek —tartean musika jaialdiek eta bestelako proiektu musikalek— presentzia nabarmena izan dute urte luzez, eta, hein batean, horrek baldintzatu ditu. Bestondoak oraindik dirauen arren, bestelako proposamenak ere jaio dira, astuntasunari arinkeria txertatuz; edo astunkeriari arintasuna, nahiago bada.

      Xabier Gantzarainek, Zuloa saiakera aurkezten ari zela, oso era egokian adierazi zuen Euskal Herriak azken hamarkadan bizi izan duen egoera. 2018a zen “Zer eskatzen du, bada, momentu honetan, euskal gizarteak?” galderari labur bezain zehatz heldu zionean: “Oporrak”; horixe erantzuten hasteko aukeratutako lehen hitza[58]. Erlaxatze orokor hori ez da, dena dela —eta ziur naiz Gantzarain ados legokeela—, erabatekoa; jada iruzkindu ditugun zenbait jaialdik eta ekimenek halako orokortzea ezbaian jartzen baitute. Azken hamarkadan, euskaltasunaren joko zelai berrira egokitutako bestelako erantzun posibleak mahaigaineratu dira. Lehenagotik lantzen hasiak ziren basque identitatea bultzatu dute administrazio nagusiek, nahiz eta bestelakoek ere kabida izan duten, batez ere botereguneen eskalan behera eginez. Zenbait kolektibok eta herri mugimenduk, aldiz, euskaltasun bizi bat aldarrikatzen jarraitu nahi izan dute, inertzia kontrakulturala etenik gabe mantenduz eta garaiaren erronkei erantzuteko prestatuz. Nahiz eta, aitortu behar da, beste garai batzuetako irismen eta eraginik lortu ez. Ezta hurrik eman ere.

      Deskribatutako joera eaeko eremuari dagokio batik bat, Nafarroan eta Iparraldean euskaltasuna bestelako urgentzia batez bizi baita. Ziur aski, horren isla ere bada geure burua irudikatzeko saiakerarik interesgarrienak bertan topatu izana. “Euskal” titulua duen autonomismoaren babesean gaudenok balizko normaltasun batez bizi nahi izan dugu geure identitatea: gogorra urtu da, eta, oro har, geu ere beste mundu guztia bezalakoak izan gaitezkeela pentsatzen hasi gara. Nekatu ere egiten baitu horren bakan izate honek.

      Musikarekin lotutako egitasmoek egoera horri erantzun, eta, aldi berean, berau moldatu dute. Berdin egin dute euskal musika taldeek ere, ezin bestela. rrv etiketaren asmatzaileen artean zegoen Marino Goñik esan zuen: Hertzainak, Negu Gorriak eta Berri Txarrak, horixe da euskal rockaren hirutasun santua[59]. Azken hauek, orriotan deskribatzen saiatu garen garaien testigu pribilegiatu izateaz gainera, azken hamarkada hauetan jazotakoen berri ematen duen ibilbidea jorratu dute orain gutxira arte. Ez dute, dena dela, kabida errazik egin izan diren irakurketetan. Marino Goñi bera izan zen talde nafarrari Gor diskoetxean lehen diskoa argitaratzeko gonbita egin ziona eta berarekin kaleratu zituzten hurrengo laurak ere. 1994an Lekunberriko festetan lehen kontzertua eskaini eta gero, txosna, taberna eta gaztetxeetan aritzeari ekin zioten; jaialdi aldarrikatzaileak etorriko ziren hurrena —Itoitz Ez akanpada, Ibilaldia, aekanpada, Ikasle Gaua, ehe eguna, Topagunea, Hatortxu…—, Estatu osoko aretoak ondotik; eta mundu zabaleko kontzertuak eta era guztietako festibalak —Hellfest, Primavera Sound…—, azkenean.

      Inoiz izan den talde euskaldun entzutetsuenetakoa da Berri Txarrak, zale gehien batu duena, becen 20.000 entzuleren aurrean euskara hutsean kontzertu bat eskaintzeko gai izan den lehena, Navarra Arena eta Kobetamendi bete dituena. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

      Miresmen handia sortu duen taldea da, euskal komunitateak haien lorpenak goretsi ditu euskararen kristalezko sabaia hautsi ei dutelako, eta errespetua irabazi dute euskaltasunaren bandera publiko zabalarengana eraman izanagatik. Hainbat mugarri ezarri dituen musika taldea da; euskal rockaren azken erreferentzia masiboa ziur aski. Euskal rockak izan dituen irakurketa askotarikoen artean, mereziko dute, bada, tarterik. Requiem modura bada ere. Euskal musika talderik entzunena eta arrakastatsuena bada, zer da haien ibilbideak kontatzen diguna?

      Rocka naturaltasunez euskaraz egiten zuen belaunaldikoak dira Berri Txarrak, letrak aldarriz josten ikasiak. Metala jorratzen hasi ziren, Su Ta Gar miresten, bestelako eraginak txertatu zituzten apurka eta lehenengoetarikoak izan ziren garaiko euskal rockaren zurruntasuna era arrakastatsuan hausten, diskoek aurrera egin ahala. Sonatua izan zen, adibidez, Oreka kantuak sortu zuen zalaparta: poperoegia zen hura garai hartarako. Kontra aritzen ohitutako testuinguru batean jaioak, Ion Andoni del Amok deskribatutako “pop” garai hedonistagoetaraino iritsi ziren, ibilbide engaiatu bat mantenduz. Aura eta jarrera horri eutsi zioten, esentzialismoetan erori gabe eta garai berrietara moldatuz.

      Bi ziklo ezberdinen arteko trantsizioa egin duen taldetzat har genezake Berri Txarrak, euskaltasunarentzat normaltasun posible bat zirriborratzen lehena. Edo, bai, behintzat, saiakera oparoena eta ikusgarriena. Euskararen egoera anormalaz kontziente dira eta normaltasun kapitalistaren nondik norakoak ere ongi asko ezagutu dituzte. Folklorizazioa gaitzetsi dute hitzetan, eta emandako pausoak azaltzerakoan euskararen ikusgarritasuna aipatu izan dute arrazoi gisa behin baino gehiagotan. Bere baitan bildutako komunitateaz landa joatea lehenetsi dute, hor kanpoan hotz egiten duela jakitun. Normaltasuna ere euskarak konkistatu beharreko lurraldea dela iradokitzen du haien ibilbide ezohikoak, errepresioaren kontrako komunitate transgresoreaz harago.

      2019an taldeak etenaldi mugagabe bat iragarri ostean, Gorka Urbizuk testu bat idatzi zuen urte haren errepaso kulturala egiten zuen Jakin aldizkarian. Besteak beste, geurea bezalako kultura ahul bati dagozkion gaitzen inguruan jardun zuen. “Gainetik kendu ezin dugun testuinguru anormal astuna” aipatzen zuen egoera soziolinguistikoa, euskal erreferenteen urritasuna, euskarazko kontsumo datuak eta antzekoak aletzean[60]. Anbizioak musikaren munduan duen zentzu peioratiboaz ere mintzo zen, eta, zenbait alorretan, “beharbada laurogeiko hamarkadako logika aplikatzen” jarraitzen dugula azpimarratzen zuen. “Outsiderraren epika zaharra” zen zerabilen beste espresio bat. “Koherentzia tapaki txikiegia” dela zioen, zenbait sektoretatik egin izan zaizkien kritiken harira, musikari profesional izatearen gaitzak nabarmenduz.

      Taldearengan proiektatutako amets eta desirek sortutako nekearen isla ere badira, agian, Urbizuren hitzak. Izan ere, euskal musikariak eztanda sozialen ordezkaritzat ditugu oraindik; eta halakorik izan ezean, balirudike euskal kultura zerbaiten faltan dela. Euskal musikariek bete beharreko egiteko bat da, egungo garaien espiritua ikusmolde hori jaio zeneko giro sozialaren aski bestelakoa izan arren. Sua behar dugu, normaltasuna ez zaigu aski eta, egia esan, beldur pixka bat ere ematen digu.

      Euskarak egungo statu quoaren baldintzen arabera aritzeko apustua egin ote dezakeen eztabaidagarria izan daiteke, dena den. Normaltasunaren oihanean gu bezalako rara avis batzuek biziraun ote dezaketen zalantza egiteak zuhurra dirudi. Horren isla ere badira azkenaldian egin diren hainbat analisi. Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek euskararen eta feminismoaren arteko txirikordatze emankor bat proposatu dute, intersekzionalitatearen eta dekolonialitatearen bidetik[61]. “Diskurtso kontra-hegemoniko indartsu bat” behar omen du euskalgintzak, eta bizitza bizigarriago baten aldarria izan daiteke horretan giltzarri, non feminismoa eta euskaltzaletasuna uztartuko diren. Aitor Bizkarrak, bestalde, egun Gazte Koordinadora Sozialistan egiten ari diren hausnarketaren barruan, euskara klase ertainean gotortutako hizkuntzatzat hartzen du eta “euskararen aukera bakarra proletariotza eta estatu sozialista” direla defendatzen[62]. “Klase historikoki progresibo baten eskutik” salbatuko omen baita hizkuntza. Ildo horretan, kultura eta artea ikuspuntu sozialista batetik lantzeko gogoetak eta tresnak jarri dituzte martxan. Unai Pascual ikertzailea, ekologismotik, hizkuntza gutxituen defentsa eta bizimodu jasangarri baten aldeko hautua lotzen saiatu da azkenaldian[63], eta antzera egin du Sukar Horia kolektiboak, krisi ekologikoaren eta euskararen arteko harremanaz gogoeta egiten ari baitira hauek ere[64]. Muina konpartitzen dute ikuspegiok: herri honek inpugnatu behar du, biziko bada.

      Ramon Saizarbitoriak idatzi izan du haurra zenetik ez duela beste desiorik izan, euskaraz hitz egitea normala izatea baino[65]. Alta, normala izan gabe normal gisa jarduteak dakartzan arazoez jakitun ere bada. Ertzetan ohitzea dagokigula esan izan du idazle donostiarrak, normaltasunaren paradigmari jarraitu gabe urrats bakoitza asmatzea dela geure egitekoa. Soluzio definitiborik gabeko kontraesan horretan bizitzeak ba omen ditu bere alde onak ere, merkatuaren tiraniatik libre sortu ahal izan eta honen inguruan —edo at— ibiliko den industria edo artisautza eredu bat izateko aukera, adibidez. 1996a zen ondorengo ardura adierazi zuenean: “Kezkatzen nauena zera da, normaltasunez nabigatzen jartze hori ez izatea geure dinamika propioaren eraginez, edo ez izatea horregatik batez ere; alegia, ez izatea heldutasuna bera —hots, geure barneko beharra— arrautzatik irteteko dei egiten diguna, baizik ere kanpoko agindu bat, kanpotik jota arrautza-oskola hautsi egiten digutelako”.

      Hogeita bost urtetik gora pasatu dira eta planteamenduok gaurkotasunik ez dute galdu. Saizarbitoriaren hitzen oihartzunak topa ditzakegu egungo hainbat auzitan, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan. Bada jada hamarkada bat normaltasun simulakroa abiatu genuenetik eta zalantza horiek geroz eta sarriagotan interpelatzen gaituzte, forma eta une ezberdinetan. Oskolak eta babesak noiz bihurtzen diren hesi, beharrezko narratibak noiz bihurtzen diren gehiegizko fikzio, beldurrek noiz galarazten duten heldutasuna.

      Nolanahi dela ere, gatazka eta iruditeria askatzaileak behar ei ditu euskarak, eta alderantziz. Horrek dirudi herri honen patua. Saizarbitoriak berak esana da: “Beharbada onartu beharra daukagu sekula ez garela normalak izango”[66]. Helburu itzelak eta borrokaren epika bestelako gabeziak estaltzeko eta aurrerantz ihes egiteko makulu ez izatea ere bada erronka, ordea. Kontua ez da “nonahikoak diren horien” zortea guretzat nahi izatea, ezta hitz handien babesean gordetzea ere. Kantu leunak idaztearen eta liberazioari itxoitearen arteko tarte zurian bizitzen ikastea da, akaso, dugun aukera bakarra. Eta, horretan ari garela, ez legoke gaizki geure musikarien jarduna misio salbatzaileen eta euskal identitateari egiten dioten ekarpenaren arabera soilik epaitzeko ohitura gogaikarri hori ere pixka bat alboratzen saiatzea ere, bide batez.

      Bistan denez, aski interesgarria da Berri Txarrak-en ibilbidea hainbat ikuspegitatik aletzea, nahiz eta musika festibalekin loturiko analisi batek gakartzan hona. Mundu globalizatuari erantzuteko orduan, bidegurutzean beste bide bat marrazten saiatu da Berri Txarrak, dogma neoliberalen beharrei itsu-itsuan jarraitzearen eta inpugnazio erabatekoaren artean kokatzen dena. Baldintzek hala behartuta, ziur aski. Berri Txarrak-ek ehz festibalean jo du birritan, Mundaka Festibalean ere aritu ziren, baita bbk Live eta Azkena Rocken ere. Tartean hamaika gaztetxe eta zio politikodun ekitaldi: azken urteetan Kortxoenea gaztetxearen edo Errekaleor auzo okupatuaren alde jo zuten, bi adibide besterik ez aipatzearren.

      Oreka gaitza da, ordea. Ezarritako joko arauen arabera ibilbide profesional bat bideragarri egiten saiatzearen eta konbikzio politikoen arteko talkek zeresana eman izan dute. Ika-mikarik sonatuena 2018an mtv musika katearen European Music Awards sari banaketan zuzenean jotzearen ondorioz sortutakoa izan zen. Ekitaldi mediatiko itzel hartan parte hartu zuten, Iñigo Cabacasen aurpegia bateriako dunbaleko partxean zutela. Haien ondotik etorriko ziren Crystal Fighters, ikurrinak eta txalaparta astintzen. Koherentziaren izenean, halakoetan ez jotzeko eskatu zieten batzuek; euskarak erakusleiho hura bezalakorik nekez izango zuela erantzun besteek.

      mtvrena bezalako gertakariek bestelako mundu bat sortzeko asmoaren porrota adierazten dutela pentsatuko du zenbaitek, Mark Fisherrek deskribatzen duen errealismo kapitalista idorraren garaipen erabatekoa eta elementu subertsiboen asimilazio behinena irudikatzen duela[67]. Beti hordago txikira egitearen inertzia nekagarriaren adibide bat irudituko zaio beste zenbaiti kritika horixe bera. Orekak ez duela balio lurrean zaudenean, batak; gure gezur propioak sinetsi ditugula, besteak.

      Eztabaida ez zen bereziki interesgarria izan, egia esaten hasita. Berri Txarrak-en erabaki konkretuaz harago, egiturazko azterketa orokorrago bat eskatzen zuen aferak. Aldiz, hautu indibidualetan oinarritutako azalpen labur eta errazak eskaintzera mugatzen gara sarri, eta hala gertatu zen orduan ere. Gertakari zehatzez harago, hainbat gako mahaigaineratzen zituen jazotakoak: Urbizuk maiz salatzen duen txikiaren xarma eta konplexuak daude batetik, inertzia kontrakulturalaren moldeak bestetik; geure normaltasun gosearen albo-kalteak eta musika festibalen gisako ekitaldi jendetsuek hiri eta nazio markak indartzeko jokatzen duten papera ere bai. Administrazioak bultzatzen duen kultur eredua ere agerian utzi zuen, noski. Besteak beste. Hari mutur gehiegi txio bakarrerako.

      Ataka bakoitzean egindako hautuak bakoitzak baloratu beharko ditu, gu hemen ez gaude horretarako. Ez gara taldearen ibilbideari buruz ari soilik; alderantziz, euskal gizarteaz ari gara batez ere, talde nafarra horretarako bitarteko hartuta. Egiari zor, Berri Txarrak ez baitira horretan aritu izan diren bakarrak. Fermin Muguruza bbk Live festibaleko kartelburu izan da, eta antzera egin dute Bidehuts zigilu nolabait kontrakulturalagoko zenbait partaidek ere. mtvren kontu hartan Aneguria eta Revolta Permanent ere aritu izan ziren, maiz horretaz ahazten garen arren. Finean, musikaren munduan ibilbide profesional bat garatzen saiatu den askok hartu behar izan ditu, maila batean edo bestean, antzeko erabakiak. Militantziak ez baitu, oraingoz, jaten ematen.

      Bestelako normalitaterik ezin eraiki izanaren ajeak dira orain bizi ditugunak; ametsetik esnatzea edo porrotaren biharamuna. Horixe ikus dezakegu mtv sarien kontzertu hartan. Baita “mtv antenatik at!” kantatzera ohitutako generazio bati traizio bat agian, edo galdu ezinezko aukera bat. Nork daki; egia esan, antzera zaigu. Herritik harago, hiri ereduaz ere mintzo baita San Mameseko ekitaldi hura, eta horixe da gu orain gehiago kezkatzen gaituena.

 

 

 

[*]  Elkarrek argitaratutako Katebegiak bildumak gogoratzen ditu garai horiek.

[*]  80ko hamarkadaz ohikoa den kontakizuna errepikatu dut hemen gutxi gorabehera, jaialdi esanguratsuetan arreta jarriz. Luzeegi joko liguke orduko eztanda aberats bezain kaotikoa —gaztetxeak, irrati libreak, fanzineak…— zehatz aztertzeak. Horretarako, ikuspegi libertarioago bat nahiago duenak eskura dauzka Jtxo Estebaranz, Jakue Pascual edo Huan Porrah autoreen testuak; garai haiei zerien musika ñabardura gehiagorekin ezagutzeko Muskaria aldizkarira jo daiteke; eta Juan Luis Zabalaren Galdu arte eleberria ere egokia da orduko zeitgeist hura ezagutzeko: La Polla gurtzen bai, baina Matrona Impudica taldea ere entzuten zuten liburuko gaztetxean, Komando Autonomoek liluratzen zituzten… Hori guztia eta gehiago ere bazen 80ko hamarkada Euskal Herrian.

[*]  Erretromania Simon Reynolds kazetari ingelesak darabilen kontzeptua da, Retromania. Pop Culture´s Addiction to Its Own Past liburuan garatzen duena. Liburuaren tituluak dioen bezala, “popak bere iraganarekin duen adikzioa” da aztertzen duena, motzean esanda.

[*]  Behin feminismoaren eragina nabarmentzen hasita, bidezkoa da Mefsst!, Nesken Gauak eta Emarock ekimenak aipatzea, besteak beste. Jaialdietako afixetan gizonezkoak besterik ez egotea ez horren ohiko, edo, behintzat, gatazkatsu bihurtu duen mugimenduaren adierazle dira guztiak ere.

[*]  Desagertu zen Epsilon-Euskadi automobil taldeak utzitako zuloa estaltzen ari gara oraindik ere: administrazioak urtero milioi bat euro ordaintzen ditu —ditugu—, 2032 bitarte.

[*]  2022ko Covid osteko lehen edizioari dagokionez, datuak antzekoak izan ziren: % 35 izan ziren atzerritarrak —Erresuma Batukoak eta Frantziakoak, batez ere—, publikoaren % 35 EAEkoa izan zen eta % 30 Estatu espainiarretik etorritakoa. (Bilboko Udala. “Bilbao bbk Live jaialdiaren itzulerak 25 milioi euro baino gehiagoko inpaktua izan du hiribilduan”, 2022-07-14).

[*]  Sare sozialen bidez urtez urte jakinarazi zitzaien arren, sekula ez zuten akatsa zuzendu.

[*]  “Bizkaiaren irudia zabaltzea eta sustatzea” izan zen dirulaguntza hori eman izanaren arrazoia, Foru Aldundiaren esanetan. https://albertouriona.es/wp-content/uploads/2018/03/mundaka-festival.pdf

[*]  Aguascalientes deitutakoak caracoles gisa dira ezagunak 2003az geroztik. Komunitate autonomo zapatistak caracolen inguruan antolatzen dira.

[*]  45.000 euro eman zizkion Baionako Bernat Etxepare Lizeoari material pedagogikoa erosten laguntzeko eta Nafarroa Garaiko Lodosako ikastolako obrak finantzatzeko ere laguntza eskaini zuen. Euskara bada jaialdiaren ardatzetako bat, baina ez bakarra: lagundutako proiektuen artean daude Hemen Herrikoa sozietatea, Arrosa Irrati Sarea, Amikutzu aldizkaria, Seaskako integrazio batzordea, Euskal Herriko Budo Arte Martzialak, Senpereko Ostikenia elkartea, Han eta Hemen saltokia, lurrik gabe ziren laborari gazteei zuzenduriko Lur Hats elkartea eta Atalante zinemagelaren autonomiari eusteko SOS Atalante elkartea ere bai.

[*]  Auzolan horren adierazle ere bada 2017an, euri jasa baten ondorioz festibala ezin egin izan ostean, nola babes ekitaldiak antolatu zituzten Euskal Herri osoko txokoetako norbanako eta kolektiboek. Hendaia, Kanbo, Hazparne, Donostia, Bilbo, Gasteiz, Durango, Gernika edo Larrabetzun kontzertuak egin ziren dirua biltzeko eta Berri Txarrak-ek taldearen izena zuen garagardoa saldu zuen jaialdiaren alde.

[*]  Zenbait haize instrumentuz eta perkusioaz osatutako musika taldea. New Orleans hiriko komunitate beltzaren zeremonia eta ospakizun batzuetan kaleak hartu ohi dituzte.

[*]  1993an argitaratutako The Black Atlantic: Modernity and Double Consciousness liburuan garatutako kontzeptua, azaltzen duena nola identitate beltza, mugez harago, Atlantikoaren ertz ezberdinetan osatu izan den.

[*]  Euskalgintzak ere erreparatu dio, besteak beste, Iruñean gertatu denari. Horren erakusle dira Broken Brothersekoek egindako Euskaraldiko abestia eta Nerea Erbiti, Ion Celestino eta enparauek sortutako azken Bertsolari Txapelketako sintonia, adibidez.

[*]  Guggenheimez argitaratu zuen liburuak eta museoak berak 17 urte betetzearekin batera, Joseba Zulaikak ere ondokoak gehitu zizkion jada esanak zituenei, Vieja luna de Bilbao liburuan: “La Salveko Gehryren eraikin marylineskoak berriz kontsakratuko zuen orain Begoña mendetan izan zena: ama-Bilboren haragitzea”. Museoari buruz hasieran esanak mantentzen dituela adierazi arren, mirariek itsutzen dutela aitortu, eta “birsortutako hiriaren jainkosa” berriari bestelako begirada bat ere eskaini beharra zegoela deliberatu zuen Zulaikak.

 

 

  [1]  Elustondo, M. A. (2007) Western Basque Festival, Susa, Zarautz.

  [2]  Aristi, P. (2020). Euskal Kantagintza Berria (1961-1985), Erein, Donostia.

  [3]  Larrinaga Arza, J. (2016). Euskal musika kosmikoak, Baga-Biga, Mungia.

  [4]  Lete, X. (2011). (Auto)biografia bat, Alberdania, Irun.

  [5]  Eskisabel, J. “Kantaldien garaia”, badok.eus.

  [6]  Iraola, M. eta Xalbardin. (1985). “Euskal kantagintzaren aldaketak ulertu nahiz”, Larrun-Argia.

  [7]  Montoia, X. (1981). “Euskal abestia hil da, gora rock & rolla”, Oh! Euzkadi-13.

  [8]  Pérez-Nievas, F. “Tudela, cuna del Rock Radical Vasco”, Noticias de Navarra, 2019-10-14.

  [9]  Ubeda, G. (1995). Negu Gorriak. Ideia Zabaldu Tour 95, Susa, Zarautz.

[10]  Del Amo, I. A. (2016). Party & Borroka. Jóvenes, músicas y conflictos en Euskal Herria, Txalaparta, Tafalla.

[11]  Ormazabal, M; Sienra, I. eta Iraola, X. (2019). …eta segi aurrera! Ezker abertzalearen gazte antolakundeen 40 urteko historia bat, Txalaparta, Tafalla.

[12]  Zulaika, J. (1997). Crónica de una seducción. El museo Guggenheim Bilbao, Nerea, Madril.

[13]  Jameson, F. (1991). El posmodernismo o la lógica cultural del capitalismo avanzado, Paidos, Bartzelona.

[14]  Harvey, D. (2008). La condición de la posmodernidad, Amorrortu, Madril.

[15]  Garrido Martínez, J.A. (2004). “El proceso de revitalización del Bilbao Metropolitano”, riev 49, 1, 23-50 or.

[16]  Sáez, O. (2006). “Polémico adiós a las World Series” Bilbao, 201.

[17]  Corral, J. (2006). “Primeras estrellas para el Bilbao Live”. Bilbao, 205.

[18]  Barcenilla, L.M; Cancela, E. eta Zelaieta, A. (2022) “Dopaje de ayudas públicas, elusión de impuestos y precariedad laboral en Last Tour”. El Salto, 68.

[19]  Bilboko Udala. “Ikusleek dena eman dute Bilbao bbk Live jaialdiaren xiii. edizioan, eta Kobetamendi jendez gainezka egon da hiru egunetan; guztiz bete da”, 2018-07-18.

[20]  Baza, N. “Bilbao es la más internacional de las capitales vascas”, Bilbao, 2014-08.

[21]  Guerra, A. “Comprar las entradas del bbk Live en Inglaterra sale más barato que en Bilbao”, El Correo, 2010-07-10.

[22]  Munduko datuak wttc-renak dira eta eaekoak Eustat-e­nak. 2019koak dira kasu bietan, hurrengo urte bietan pandemiaren eragina nabaritzen delako. Nafarroako datua 2015ekoa da, Nafarroako Gobernuarena.

[23]  Urry, J. eta Larsen, J. (2011). The Tourist Gaze 3.0, Sage Publications, Londres.

[24]  Boorstin, D.J. (1992). The Image: A Guide to Pseudo-events in America, Vintage Books, New York.

[25]  Bauman, Z. (1993). Postmodern Ethics, Blackwell, Oxford.

[26]  Barcenilla, L.M; Cancela, E. eta Zelaieta, A. (2022). “Dopaje de ayudas públicas, elusión de impuestos y precariedad laboral en Last Tour”, El Salto, 68.

[27]  Lasa, T. “Resumen Donostia Kutxa Kultur Festibala 2016”, Vimeo, 2016-09-05.

[28]  efe Economía. “Euskadi lanza la marca ‘Basque Country’ para impulsar su presencia exterior”, El País, 2013-06-25.

[29]  Jauregizuria, N. (2018). “Aurkezpena. Liburuaren nondik norakoak”, in Nazio-markagintza. Nola transmititu gure balioa, Udako Euskal Unibertsitatea, Bilbo.

[30]  Bilboko Udala. “basque fest” euskal kulturaren eta abangoardiaren lehenengo jaialdia, 2013-03-20.

[31]  Bizkaimedia. “Aldundia, ‘basque fest’ jaialdiaren aurkezpenean”, Youtube, 2014-04-11.

[32]  Bilboko Udala. “basque fest” euskal kulturaren eta abangoardiaren lehenengo jaialdia, 2013-03-20.

[33]  Bilboko Udala. “basque fest, festival de la cultura vasca”, Youtube, 2019-04-04.

[34]  Harvey, D. (2013). Ciudades rebeldes. Del derecho de la ciudad a la revolución urbana, Akal, Madril.

[35]  Balerdi Toledo, I. eta Oteiza, I. “Udan beteta... eta hustuta”, Berria, 2016-09-07.

[36]  Zabalondo, O. “A. Rodriguez eta O. Baraiazarra: ‘Musika, gastronomia eta natura uztartuko ditu jaialdiak’”, Busturialdeko Hitza, 2015-05-01.

[37]  http://bayofbiscayfestival.eus/mundaka-festival-lifestyle-al-completo/ [Azken kontsulta: 2023-03-14].

[38]  Unzueta Lekerikabeaskoa, L. “Mundaka Festivalaren aurkako sinadura bilketa hasi dute”, Busturialdeko Hitza, 2018-11-01.

[39]  Jaialdi honen alde ilun guztiak azaleratzeaz arduratu ziren Zain Dezagun Urdaibai elkartearen eta Alberto Uriona (El País, elDiario.es) kazetariaren web orrietan nahi beste informazio topa liteke: https://albertouriona.es/ http://zaindezagunurdaibai.blogspot.com/ [Azken kontsulta: 2023-03-14].

[40]  Unzueta Lekerikabeaskoa, L. “‘Gutxirentzako’ gune publikoa”, Busturialdeko Hitza, 2018-07-27.

[41]  Eusko Jaurlaritza (2018). Nazioartekotze Esparru Estrategia 2020ren eguneratzea. Euskadi Basque Country estrategia: 2018-2020 kanpo harremanetarako plana, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Gasteiz.

[42]  amp. “Nace Esférica Rioja Alavesa, un nuevo concepto de festival que une música, gastronomía y cultura”, APMusicales.com, 2021-05-31.

[43]  Gipuzkoako Foru Aldundia. “Gipuzkoako sei leku paregabetan egingo dira Dantz Point saio berriak”, 2022-04-27.

[44]  Lopez, A. “Bertan behera utzi dituzte Zarauzko Azken Portuko jaiak, Udalak aurten jarritako baldintzengatik”, argia.eus, 2017-08-11.

[45]  Luku, A. (2009). Euskal kultura?, Pamiela, Iruñea.

[46]  ehz Elkartea (2005). Arrosako zolan… 1996-2003. Euskal Herria Zuzenean, Elkar, Donostia.

[47]  Guelle, P. (2016). “Euskal Herria Zuzenean”, Jakin 215-216, Donostia.

[48]  Arbelbide, N. “ehzn eraiki egiten dugu, beste jaialdietan kontsumitu”, Ipar Euskal Herriko Hitza, 2014-06-24.

[49]  Ipar Euskal Herriko Hitza. “Euskal Herria Zuzenean 1996-1997, Arrosa”. 2017-06-08.

[50]  Luku, A. (2014). Libertitzeaz, Pamiela, Iruñea.

[51]  Guelle, P. “Irisarritik Euskal Herrira zuzenean”, Argia 2.649, 2019-06-23.

[52]  Oarsoaldeko Hitza. “Atlantikaldia, Atlantikoko Herrien Musika eta Kultura Jaialdia aurkeztu dute udalak eta eragileek, 2014-07-15.

[53]  Lartzanguren, E. “Han badago itsasorik ala?”, Berria, 2015-09-20.

[54]  Leoné, S. (2008). Euskal Herri imajinario baten alde, Elkar, Donostia.

[55]  Nafarroako Hitza. “Estoldetatik espaloietara”, 2015-05-29.

[56]  Karrikiri elkartea. “Iruinkokoa Karrikirin”, Youtube, 2020-04-06.

[57]  Tubia, I. “Antton Luku: Dena da eztiegi, eta antzerkiaren etsaia da delako eztitasun hori”, Berria, 2018-02-13.

[58]  Elorza, J. “Xabier Gantzarain: Euskal kulturak hedabideetan daukan presentzia barregarria da bai kalitate aldetik bai kantitate aldetik”, Maxixatzen, 2018-07-31.

[59]  Rotaetxe, A. “Hertzainak taldea”, Ur handitan 4. denboraldia, Eitb Nahieran.

[60]  Urbizu, G. (2020). “Okeyish”, Jakin 235, Donostia.

[61]  Agirre Dorronsoro, L. eta Eskisabel Larrañaga, I. (2019). Trikua esnatu da, Susa-Lisipe, Zarautz.

[62]  Bizkarra, A. (2021). “Danok ikusten degu: euskera galdu da”, Arteka 12.

[63]  Agirre Ruiz de Arkaute, A. “Unai Pascual Garcia de Azilu: Hizkuntza gutxituen defentsa instrumentu ahaltsua da planetaren jasangarritasuna lortzeko”, Elhuyar aldizkaria 343, 2021-04-22.

[64]  Igartua Aristondo, A. “Joanes Igeregi: Euskarak bere lekua topatu beharko du krisi ekologikoan”, Berria, 2022-12-10.

[65]  Saizarbitoria, R. (1999). Aberriaren alde (eta kontra), Alberdania, Irun.

[66]  Saizarbitoria, R. “Uste dut lortuko dudala nobela bat gehiago idaztea”, Faktoria, Euskadi Irratia, 2022-06-08.

[67]  Fisher, M. (2016). Realismo capitalista, Caja Negra, Buenos Aires.