Gurea falangista zen
Gurea falangista zen
2021, kronika
120 orrialde
978-84-17051-70-9
Azaleko irudia: Oskar Alegria
Alberto Barandiaran Amillano
1964, Altsasu
 
2005, narrazioak
1998, kronika
Gurea falangista zen
2021, kronika
120 orrialde
978-84-17051-70-9
aurkibidea
 

 

—2—

 

 

Apirilaren amaieran eteten da Luis Fernandez Arregiren egunerokoa. Maiatz osoa Amorebieta eta Durango arteko posizioetan egongo da bere konpainia. Hori izango da, hil osoan zehar, guda fronterik gogorrena. Hor jokatuko da Bilboren eta, beraz, Bizkaiaren eta, hortaz, Euskadiren geroa. Falangistek badakite. Eta gudariek ere bai.

      Ez dago lekukotasun idatzi askorik egun horietan han gertatu zenaz. Zentsura militarra, seguru asko. Gerraren berri ematen ari diren atzerriko kazetarien arreta Gernikako bonbardaketak erakarri du, eta Intxorta geratuko da, gudarien memorian, bataila gogoangarrien pulpituan. Baina Luis Fernandezen egunerokoa amaitzen den egunean berean, apirilaren 30ean, Jose Artetxe idazle eta kazetariaren Oriamendi Tertzio karlista inguruan da. Maiatz hasieran, behintzat, seguru da Euba eta Zugasti artean dagoen 333 kotan dagoela bere konpainia, Fernandezek aipatzen duen San Kristobal ermitatik gertu. Pentsatzekoa da azpeitiarra eta altsasuarra ez zirela aparte ibiliko, Artetxek behin baino gehiagotan aipatzen baititu, El abrazo de los muertos egunerokoan, “nafar falangista zangarrak”. Haren kontakizunaren bidez jarraitu daiteke Luis Fernandezek jaso gabe utzi zituen egunak. Haren bizitzaren azkenak.

      “Bistan da gure Konpainia posizio aurreratuenetara bidaltzen dutela beti”, idatzi du Artetxek 1937ko maiatzaren 12an. “Amorebieta gaineko posizio aurreratuenetan gaude, azken gauetan behin eta berriro erasotua eta kontraerasotua etengabe eta gogorki sentitu dugun posizio honetan. ‘Presta zaitezte! Egon zaitezte denak prest!’ oihukatzen digute, behin eta berriro, ofizialek, loaldiaren erdian. Egunez erabat isolatuta geunden. Bidearen azken zatia ez dago erabiltzerik.

      Konpainiaren lehen pelotoiak, arrastaka aurrera egiten zuen bitartean, zanga bidea ireki du, eta hortik joan gara gero denok. Lubakiak eta parapetoak ezinago sinple dira. Orain ulertzen dut zergatik zuten hemengo hildako eta zauritu gehienek burua txikituta gure kantonamenduaren aurretik pasatzen zirenean.

      Parekoen lubakiak berrogeita hamar-ehun metrora ditugu. Tiroketa etengabea da, trinkoa. Eman diguten lehen mandamentua: ez atera burua ezta hurrik eman ere. Bigarrena: kontu handiz ibili gauez, hemen gerra gauez egiten da eta. Hirugarrena: baioneta arman jarri. Laugarrena: guardiak bakarrik hiru ordu laurdenekoak izango dira”.

      Parean daudenen artean dago Euskadiko Armadaren 6. Brigada. Lau batailoi ditu: Rosa Luxemburg edo Arrosa, komunistak; Amuategi, sozialistak; Barakaldo, sozialistak eta meatzariak; eta Rebelión de la Sal, jeltzaleak.

      Maiatzaren erdialdean, borroka latzak izan dira inguruan. Etxanotik aurrera egin eta Amorebieta konkistatu nahi dute frankistek. “A zer nolako zafarrantxoa atzokoa”, idatzi du Artetxek. “Kontraerasoa. Kontraerasoak. Lehena batez ere, ikaragarria. Harrabots burrunbatsua. Danbor erraldoi baten erritmoan lurrak sua egotziko balu bezala. Argiaren zurbiltasun dardaratsuagatik ez balitz, esan zitekeen une batzuetan egun argia zela. Trazatzaileek hari argitsuak josten zituzten airean. Eta burrunbaren erdiak, ahotsak: ‘Kapilaua! Kapilaua!’”.

      Bestaldeko kronikek diote egun horietan eta inguru hartan, 333 kotaren inguruan, gerra erabaki zela.

      Gerra guztietan bezala, alde bakoitzak bere errelatoa kontatu nahi du, eta hala frankistek nola errepublikazaleek, denek norberarena gailentzea nahi dute. Arazoa da guda honetan, guda gehienetan bezala, irabazle bakarra egongo dela, eta haiena izango dela urte luzez entzungo den kontakizuna: frankistak erraz nagusitu zirela Egiaren eta Jainkoaren indarra alde zutelako, eta tropa hobeak eta miliziano sutsuak zituztelako. Errepublikazaleek, berriz, ahal izan zuten guztietan salatu zuten hasieratik dena kontra izan zutela: kontra bihurtu zitzaiela Europako estatu handien neutraltasunezko itxurazko jarrera, armak eta baliabideak lortzeko zailtasun handiak sortu zizkielako; kontra, faxisten alde zeuden estatuek, Alemaniak eta Italiak, ez zutela inolako erreparorik izan arma eta gerra taktika berrienak hemen probatzeko, eta, beraz, matxinoak lagundu zituztela inolako disimulurik gabe, mota guztietako babes militarra eskainiz; kontra, ere bai, agintaritza militar argirik gabeko armada zatikatua eta desorekatua geratu zela Errepublikaren alde; eta kontra, soldadu profesionalei batu zitzaizkien milizien arteko polarizazioa edo elkarrekiko etsaigoa.

      Gerraren eszenatoki honetan, non aktoreak, askotan, beren kabuz mugitzen ez diren joko konplikatu baten pieza txikiak baino ez diren, errelatoak ñabardura batzuk jarri baino ezin du egin, mikroari ekarpenak egin. Are gehiago, dena gertatu eta urte batzuetara idatzita baldin badago. Hau bezala. Kontakizunak egin dezake hurbildu eszenatokia, geratzen diren lekuko bakanei galdetu, dokumentu ofizialek argitzen ez dutena interpretatzen saiatu, argi pixka bat eman. Kontestualizatu. Iturriak kontrastatu. Kontakizuna harilkatu, garbi utzita horixe dela, idazten ari denak ikusi, entzun eta irakurri duenaren gainean pausatu duen begiradaren araberako egia txikia.

      Gudu zelaiaren gaineko begirada makroari lupa ezarri eta eskuineko botoiarekin hurbiltzeari ematen baldin badiogu, ikusten dugu Europako izkina batean, Iberiar penintsularen iparraldean, Bizkai inguruan, Durango eta Bilbo artean, Etxano eta Amorebietatik gertu, 333 kotan dagoen armadaren kanpamentu nagusiaren denda kaki baten barruan, 1937ko maiatzaren erdi aldean, Manuel Errandonea beratarrak gidatzen duen 6. Eusko Brigadaren agintari nagusiak mendian galduta topatu duten preso bat itauntzen ari direla. Ondo pentsatuta, zaila da asmatzen nola gal daitekeen inor inguru honetan, soldaduz beteta baitago dena, esparru guztia lubakiez eta txarrantxaz ondo zedarrituta, basoak soilduak bonbardaketa eta eraso eta kontraerasoengatik, hain baita erabakigarria hemen jokatzen ari den bataila. Baina errepublikazaleek horrela kontatuko dute gero: mendian galduta topatu zuten soldadua galiziarra zela, eta informazio oso baliotsua atera ziotela. Esaterako: Molaren agindupeko armadaburuek Etxanoren kontra hurrengo egunetan jo nahi zuten erasoaren xehetasunak.

      Luparen pean, hortaz, ikus daiteke soldaduak nola jakinarazi dien erasotzaileak ondo hornituta datozela. Aditu ahal izan dituela bere konpainiaren kapitainaren eta komandantearen arteko elkarrizketak, hitzez zein telefonoz, eta berrogeita bat bateria jarri dituztela haienganantz begira. Nafarroako 6. Brigada ekarri dutela ere esan die errepublikazaleei, han 2.ak ere jarraitzen duela, eta gainera 4.a atzean dela, zain, behar izatekotan esku hartzeko prest. Alegia: hiru brigada dituztela erasotzaileek, tartean falangista eta karlista ugari. Eusko Jaurlaritzaren aginte pean dagoen armadak brigada bakarra dauka, eta agintari batzuek zalantzak dituzte Rebelión de la Sal batailoiaren izpiritu eta kemenaren inguruan. “Gainera, artilleria prest dago”, azaldu du preso bahituak, “italiarra eta espainiarra, eta Kondor Legioko hegazkinak ere azalduko dira”.

      Bahitutako soldaduak moralez hustu nahi ote ditu errepublikazaleak? Baliteke. Ez zen lehen aldia izango armada batek kontrainformazioa erabiltzen duela beste aldea nahasteko. Errandonearen manukoek uste dute, gainera, beste zerbait ezkutatu nahi diela preso galiziarrak, zerbait gordetzen duela, eta presionatu dute. Azkenean aitortu du tankeak ere azalduko direla. Italiarrenak.

      Zaila izango da, baina gudarien buruzagiek erabaki dute estrategiarik onena erasoa jotzea dela. Iniziatiba hartzea, gutxiago izanagatik eta okerrago prestatuta egonda ere. Erasoa jo, ez aurrera egiteko, ezpada atzera egin behar ez izateko.

      Defenditzen dituzten posizioen inguruan ahalik eta zuhaitz gehien mozteko ordenatu dute berehala, artilleriaren bisibilitatea handitzeko. Ia ez dute hegazkinik, eta horrek abantaila ematen die altxatuei. Ausardia da bide bakarra, eta fronte osoan txarrantxa zabaltzen hasi dira. Estrategia argia da: 155 mm-ko artilleriarekin 333 kota osoa lehertzea eta lubaki eta zangetan erreketeen eta falangisten zain geratzea. Alemaniar hegazkinak ez dira hain erabakigarriak izango baldin eta lubakiak ondo prestatzen badituzte. Azken finean, kota ehunka metro koadrotan zabaltzen da, oso tarte txikiak daude posizioen artean, eta airetik bonbardatzen hasten baldin badira, bonbak denentzat izango dira, eta altxatuei ere galaraziko diete aurreratzea. Pilotuak ez dira hain zehatzak.

      Bizkaia defenditu nahi dutenek buruz buruko borroka bilatuko dute. Erabaki arriskutsuena da, baina, hala uste dute, har dezaketen bakarra.

      Baina basoan galduta atzeman duten presoak tanke italiarrak ere aipatu ditu. Eta Errepublikaren alde ari diren militarrek jakin nahi dute nondik iritsiko diren blindatuak. Bahituta duten soldaduari erakutsi dizkiote inguruetako mapak. Gizajoak ez ditu izenak ezberdintzen. “Baina ez dakizu irakurtzen ala?”. “Bai, baina izen hauekin!!”. Azkenean, Torreburu eta Esturo arteko puntu bat seinalatu du. “Hemen inguruan behar du”.

 

 

Beste aldean, Artetxeren konpainiak lehen lerroan jarraitzen du. Artetxek berak ere bai. Eskribau lana egingo digu. Maiatzak 13 ditu.

 

      “Zenbat iraun zuen lehen kontraerasoak? Lehen Konpainietako morroi batek (behean daude, posiziotik kanpo ia) denbora neurtu zuen, erlojua eskuan, eta esan dit hiru ordu laurden iraun zituela. Nik hamar minutu esango nukeen, gehienez ere. Horrelako momentuetan, joandako denboraren neurria desagertu egiten da erabat. Tarteka, bake pixka bat izaten genuen. Orduan, bazirudien hildakoek izarren argi pean lo egiten zutela. Eta hegazkinen bat edo beste han goian, euliak bezala.

      Lehen kontraerasoan asaltora atera ziren, baina segatuak izan ziren, literalki.

      Gure posizioak zulo bat osatzen du muino txiki batean, altura ezberdinekin. Egunak dira tokirik altuenean hiru falangistaren gorpuak dautzala, lurperatu gabe. Ingurua erabat tiroen menpe dago, eta ez dago handik aterako dituen gizasemerik. Arratsaldeko eguzkiak dirdira egiten du gorpu baten kantinploran.

      Atzo gauean, lehen kontraerasoa gertatu zenean, hankak dardarka sumatu nituen eta ezin izan nituen gelditu, baina nire inguruan beste batzuk ikusi nituen hortzak karraskaka. Matrail eskandalagarri horiek baino askoz ere nahiago ditut nire hanka ahulak.

      Arratsaldea amaitzen ari da. Etsaien artilleriak gupidarik gabe bonbardatzen gaitu. Gure posizioa inbutu bat denez, eztanda bakoitzaren asotsa ikaragarri handitzen du. Lurrezko zakuak, txabolak, gizonak, dena airetik hegan ateratzen da. Metrailak segatutako zuhaitzek erreberentzia tragikoa marrazten dute abailtzen direnean.

      Haitz baten gainean, bizitzari muzin eginez axolagabetasun gorenaz, gure kapilaua hasi da hildakoen omenezko arrosarioa ozen errezatzen, eta guk ahal dugun tokitik babestuta erantzuten diogu.

      — Agur Maria... Danba! Kapilauak etengabe errepikatu behar du.

      — Agur Maria, graziaz betea... Danba!

      Iluntzen ari du. Ez da egun bat ere pasatu eta betiko joan direnen eta zaurituen artean, zenbat hutsune!”.

 

      Hurrengo egunean ere, berdintsu. Borroka gogorrak, 333 kotan.

 

      “Posizioaren gainaldea falangista nafarrek defenditzen dute. Aurpegi zatarra baina noblea duen guardia zibil batek agintzen ditu. Guardia Zibilaren praka eta atorra urdina janzten ditu eta aldean beti darama zahatoa, ezkerreko besotik zintzilik. Ahots indartsua du eta, gauez batez ere, irmo nagusitzen da tiroen artean.

      — Gora nire mutil zangarrak! Animo nire mutil zangarrak!

      Esaten dutenez, daukaten kapilauak, kaputxinoa baita, kontraerasoetan gogo handiz laguntzen ditu soldaduak, eta lubakira munizioa eramaten die bere misioa betetzeari utzi gabe. Asko maite dute, kapitaina ere bai.

      Paisaia asko miresten dut, baina antzeman dut goresteko gaitasuna galdu dudala hemen. Nahiz eta hemendik ikusten dena oso ederra den. Durangaldea osoa gure aurrean zabaltzen da udaberriko berdetasun betearekin, alde batean Anbotoren alturak babestuta, eta han, urrun, Udalaitz. Paisaia zoragarria da, eta ematen du esaten didala: ‘Badakit ez nauzula begiratzen lehen bezala, baina badakit zergatik den. Ulertzen zaitut...’.

      Lubakian. Badakit batzuek begiratzen nautela, baina ezin dut, ezin dut tirorik egin. Eta, bitartean, liburu hau irakurtzen dudalako itxurak egiten ditut. Austriako txapelgorriak du izenburua eta badakit ezin izango dudala inoiz gaur egun bizi dudan inguruabar honetatik bereizi. Irakurri baino, nire burua amorruz aztertzen dudalako.

      Egiten ditugun bajak bertatik bertara ikusten ditugu. Nire ondoko batek oihukatu berri dit, pozez beterik, ‘bat jo’ duela. Ez dakit irribarrea egin dudan, baina gutxienez aho keinua egin dut. Eta amorratuta nago.

      Ez dakit zer nolako jendea daukagun aurrean. Eta jakingo banu ere, ez daukat inorekiko inolako gorrotorik. Sentitzen dut ezinezkoa zaidala tiro egitea. Zelai zabalean Jainkoak esango du, baina hemendik ezinezkoa dut, ezin dut”.

 

 

Hirugarren egunean, maiatzak 15 ditu, Artetxeren konpainia lehen frontetik jaitsarazi dute. Bera gaixorik dago. Goian geratu dira aurreko igandean hildako hiru falangisten gorpuak. Ezinezkoa izan zaie handik ateratzea.

      Artetxek Durangoko ospitaleko leihotik ikusi ditu Amorebieta gainean eroritako bonbek eragin duten sutearen sugarrak. Euskadiko gudariek eta milizianoek ikusten dituzten berdinak dira. Junkers 52en lana izan da, Alemaniako bonbaketariak. Bat, bi, hiru pasada egin dituzte, bonba su-eragile ugari jaurtiz. Amorebieta gainean dirdira laranja da nagusi, eta ez dira kaleko argiak.

      Lehen lerroan dauden gizonek han goian jarraitzen dute, herriak inguratzen dituzten muino eta tontorretan. Etxanotik gertu, gudariek italiarren tanke batzuk geldiarazi dituzte artilleriarekin. Baina atzetik datoz txapelgorriak.

      Preso galiziarraren informazioa ez zen txarra, eta Amuategi brigadakoek dena prestatu dute Francoren aldekoek aurrera egin ez dezaten. Eibartarrak dira haietako asko, armez eta bonbez badakite hainbeste. Tankeen kontrako minak falta zaizkie, eta nitroglizerinazko kartutxoekin bonba artisauak prestatu dituzte: granada bat hartu, kartoiaz bildu, paketeari lehergailua lotu, eta kartoi gehiago gainetik paratu. Meloi bat balitz bezala.

      Errekete eta falangista nafarrek jarraitzen dute bultzaka. Baina gudariek kontatuko dute gero eta motelago ari direla, ez hasieran bezain adoretsu. Min eman izan balie bezala lehen erasoan asmatu ez izanak. Ansaldo tanke italiarrak barreiatuta daude inguruan, burdinazko txatarra. Eguerdian hasi dira berriro kanoiak eta artilleria, txistuka. Mola jeneralarentzat berebiziko garrantzia du Bilborako bidea lehenbailehen irekitzeak, iparraldeko frontea itxi eta, horrela, Madrilera begira jartzeko, eta konfiantza itsua du nafarrengan. Baina gudarien erresistentzia gogorra da.

      Bi bengala berde atera dira alboetatik, eta hori zen seinalea: toki guztietatik arma automatikoak eta fusilak piztu dira batera, eta eibartarren lehergailuak orroka hasi dira. Erreketeak gelditu egin dira, eta gero atzeraka hasi dira erretiradan. Komandanteak hegazkinak eskatu ditu berriro. Goitik metraila dator, ziztuan. Futbol zelai baten zabaleran, dozenaka leherketek lurra zartatzen dute. Soldadu guztiak, alde batetik Euskadiko gobernu legezkoarentzat borrokan ari diren milizianoak, komunistak eta gudariak, eta, bestetik, matxinoen aginte pean ari diren falangistak, karlistak, italiarrak, denak, lubakietan babestu dira. Zerutik erortzen ari den infernua lehenbailehen pasa dadila.

      Kontserbatu diren eguneroko militarrek idatzita utzi zuten eguerdiko ordu biak aldera burrunba eten eta ke beltza saretzen hasi zela. Hegazkinak erretiratu dira eta artilleria isildu. Badatoz berriro erreketeak eta falangistak. Metro gutxira daudela, sua uluka berpiztu da berriz ere haien kontra. Defentsak ustekabean harrapatu ditu atzera ere altxatuak. Kolkoan josita dituzten ama birjinaren domina zilarreztatuen distira ikusten dute gudariek. Hala kontatuko zuten gero. Haien artean tiratzaile onak daudela, eta agindu dietela txapelgorrien buruei tiro egiteko. Txapel borladunak ondo ikusten dira, txantxangorriak lur gainean saltoka balira bezala. Bata bestearen atzetik erortzen ari dira.

      Esperatutako ondorioa dauka estrategiak: ofizial asko erori dira, soldadu gazteek ez dute aurrera egiteko nork gidatuko, eta atzera egiten dute berriro. Amuategi eta Barakaldoko milizianoek lubakietatik salto egin dute, eta jazarri egin dituzte atzera egiten ari direnak. Bigarren erasoaldia gelditu dute horrela. Nafarroako 6. eta 4. Brigadek baja handiak jasan dituzte.

      Aukera ona dirudi gudariek eta errepublikazaleek irabazitako espazioan posizioa egonkortzeko eta gogortzeko, baina Euskadiko Armadaren koronelak erretirada deliberatu du. Durangora doan errepidetik beste eraso bat omen dator, eta Bilbo defenditu beharra dago. Han ere ez dituzte gizonak sobera.

      Maiatzaren bukaeran, horrela, Jaurlaritzaren aginte peko 4. Euskal Brigadak atzera egin du eta Lemoaitz Nafarroa 2. Brigadaren esku geratu da berriro.

      Euskadiko armadaburuek uste dute galera ez dela ikaragarria. Amorebieta eta Lemoa arteko gaina zaila da erasotzen, eta zailagoa defenditzen. Ez dago babestoki argirik, ingurua argi dirdiratsu bat da gauaren erdian bonbaketarientzat. Baina, hori ere egia da, estrategikoa da. Etengabe egongo da orain alde baten mendean, orain bestearenean. Funtsezkoa da posizioa erabat ez galtzea.

 

 

Luis Fernandez Arregi eta Jesus Artetxe elkarren ondoan ariko ziren Lemoaitz inguruan, astez aste idatzitako egunerokoetan antzeko tokiak eta antzeko egoerak aipatzen dituztelako. Eta, Neronek tirako nizkin liburuan kontatu zuena aintzat hartuz gero, han inguruan beharko zuen Sebastian Salaberria oiartzuarrak ere. Askok bezala, Elbitxuri baserriko semeak behartuta hartu behar izan zuen fusila, zergatik eta bost egunengatik 37ko kinta tokatu zitzaiolako. Iruñera joan zen instrukzioa egitera, eta han euskaldun ugari ezagutu zituen, batzuk erdara ulertzeko gai ez ziren baserritar koitaduak. Zumaiar lagun hura bezala, memorietan aipatu zuena:

 

      Zumaiarrak oinak oso okerrak zituen, eta asko kostatzen zitzaion ibiltzen. Botak ere berehala muturrak okertuta behetik gora begira, eta hala esaten zion kaboak:

      — ¡Cambia el paso tú, vasco antiaéreo, que no sabes ni andar siquiera!

      Geroztik ‘antiaéreo’ esaten zioten askok, eta gizajoari penaren penaz negar-malkoak ateratzen zitzaizkion, berekin baitzeukan nahiko desgrazia.

      Eta halako batean kaboak:

      — Aaaaaaalto!

      Eta baziren gora begira gelditzen zirenak, aireplanoren bat ote zen pentsaturik. Honelako soldaduak apartatu egiten zituzten, eta ‘pelotón de los torpes’ izenarekin beste kabo batek ederki kostata erakusten zien instrukzioa”.

 

      Legutiotik etorri berria, Salaberriak Lemoaitz inguruko borroketan parte hartu zuen, Igorren hain zuzen ere, Mendiko Sizilia 8. batailoiaren barruan. Han jakin zuen anaia Kaximiro Bizkaian zebilela, Eusko Gudarostearekin izena emanda. Parean, akaso. “Harrez geroztik, beti kezka horrekin ibili nintzen nire gerra-denbora guztian: ea nire anaia hori nonbait aurkitzen ote nuen hilda, erituta edo prisionero eginda”.

      Kontua da maiatzaren bukaeran Salaberria Bizkaiko lehen lerroan dagoela, Bilbora begira hura ere.

 

      “Herri honek bazeukan bere inguruan gari-sail handi bat, eta gure soldadu-lagun asko eta asko gari-tarte honetara sartu ziren, kontrarioak ez ikustearren. Baina hauek ederki ikusten zuten gari-sail hura nola ari zen jendez betetzen, eta halako batean hasi ziren metrailadorearekin tiroka. Gari guztia segarekin bezalaxe moztu zuten, eta hantxe gelditu ziren nire lagun asko hilda. Bertan egon behar izan zuten hogeita bi egunean, ez gure aldekoak eta ez bestekoak hartzerik izan ez zelako.

      Batzuk herri inguruan zabaldu ziren, eta beste batzuk berriz etxe baten atzean gorde ginen. Batzuek esaten zuten:

      — Hemen gaizki gaudek, eta atera egin behar diagu hemendik!

      Baina behin handik atera ezkero, ez zegoen ezeren babesik, dena garbi baitzegoen; eta ateratzen ziren denak, han hiI edo eritzen ziren. Eta jakina: haiek hala ikusita, besteak bertan gelditu ginen.

      Baina gure sarjentua ere han zegoen, eta hala esan zigun bere pistola handia erakutsiaz:

      — ¡Hala, muchachos! ¡Hay que salir de aquí enseguida a luchar!

      Hala, pentsaturik hantxe izango zela nire azken ordua, Jaungoikoari otoitz egiten hasi nintzen:

      — Jesus, Jesus! Lagun zaiguzu ordu larri honetan!

      Hori esanaz atera nintzen ni handik. Ikusi nuen etxetik hamabost bat metrora nola zegoen aran-arbola zahar bat, eta haretxen ipurdian gorde nuen nire burua. Burua maite noski!

      Nik tiro bat tira nuen, ez dakit nora; baina oinak nonbait bistan gelditu ziren, eta berehalaxe eman zidaten, tak!, oin batean. Begira jarri nintzen eta, tak!, bestean.

      Tiro batekin, nola baitzen bala esplosiboa izenekoa, ezkerreko oinaren erdia puskatu eta zintzilik utzi zidaten; beste tiroarekin eskubiko zangoan ebaki edo zauri luze bat egin zidaten.

      Segituan abiatu nintzen ipurdiaren gainean arrastaka-arrastaka eta fusilaren arrimuan, odol-arrasto handia lurrean egiten nuela.

      Ez dakit bitartean zenbat bala sartu zen nire inguruan. Arropa guztiak lurrez bete zizkidaten behintzat. Milagroa dela dirudi, baina nonbait Jaungoikoak ez nahi eta ez ninduten gehiago jo”.

 

      Gerra amaitu zenean, Sebastian Salaberriak jakin zuen Igorre inguruko borroketan anaia ere aritu zela, parean, beste aldean. Eta, elkartu zirenean Iruñean, Sebastian artean eriturik, zer zauri klase zituen galdetu zion anaiak.

 

      Hara, motel, gerrak zer aurrerapen dituen: tiro batekin eskubiko zangoan zauri luze bat egin zidatean, eta beste tiroarekin berriz ezkerreko oina puskatu eta zintzilik utzi, eta orain moztuta zeukat.

      Berriro galdetu zidan: ‘Non eritu hinduten?’. Eta nik erantzun nion: ‘Igorre izena duen herri batean’. ‘Igorren? Zein egunetan?’ ‘Maiatzaren 24an, eguerdiko ordu bata inguruan’. Eta gizajoak, negar samina eginez, bizkarretik heldu eta erantzun zidan: ‘Orduan, hire oin horiek jo zituzten balak, neronek tireak izango dituk!’ ‘Herorrek tireak? Zer ba?’ ‘Bai; neronek tireak! Atake hartan ni ere han ninduan!’. Eta, lepotik helduta, bere begietako malko saminarekin nire aurpegia bustitzen zuen”.

 

 

Beharbada anaiak egindako tiroengatik, Sebastian Salaberria Lemoaitzeko bataila nagusitik libratu da. Artetxe bezala.

      Luis Fernandezek ez du zorte hori izan. Ez da zauritua izan eta ez dute errelebatu, ez dute jaitsi inguruko herrietako batera atsedena har dezan, ez dute etxera bidali baimen bereziren batekin. Ez da izango etxekoek ez dutelako eskatu. Florentino Fernandez eta Graziana Arregik behin baino gehiagotan adierazi zuten semea etxera etortzeko desioa, hilabete asko zeramatzalako lehen lerroan, eta hasieran uste izan zutelako, seguru asko semeak berak eta berarekin batera Altsasutik autobusez Iruñerantz atera ziren guztiek bezala, aste batzuetako kontua izango zela gorrien kontrako gudaldia, laster amore eman eta gauzak bere onera itzuliko zirela eta gobernu serio, kontserbadore eta elizkoiak hartuko zuela agintea. Eskuinak, alegia. Anaia nagusiak ere, Paulinok, eskaera egin omen zuen anaia Altsasura bidal zezaten, sikiera egun batzuetarako. 1936ko udazken eta uda Madrilgo kuartel batean eman zituen Paulinok, administrazio lanetan, eta etxean gorde dituzten eskutitzetan esaten dutenetik ondoriozta daitekeenez, askoz egokiagoa iruditzen zitzaiola horrelako destinoa anaia gaztearentzat ere, Paulinok pentsatzen zuelako anaia errazago moldatuko zela paperen artean burokrazia militarra kudeatzen kanoi eta morteroen artean baino. Hori pentsa daiteke elkarri idatzitako eskutitzetatik. Hori, eta bi anaien arteko harreman zail eta korapilatsua ere. Elkarri jaurtitako hitz ozenegiren bat ere bai. Kontra egingo ote zien Luisek gurasoei eta anaiari, ezetz, berak lehen lerroan nahi zuela eta ez zituela bere kideak bakarrik utziko? Ez eskatzeko faborerik berarentzat, mesedez, kalte besterik ez ziotela egiten bere armakideen begien aurrean? Beharbada. Hipotesiak besterik ez dira, lekukotasunik gabeko iluntasunean argi pixka bat egiteko ahaleginaren emaitza. Luisek anaia nagusiari eta familiari bidalitako eskutitzak ez baitira gorde. Soilik eguneroko xume bat. Eta eten egiten da Luis hil baino bi hilabete lehenago.

      Jesus Artetxeren eta Sebastian Salaberriaren kontakizunekin irudika dezakegu Luis Fernandezek Lemoaitzen hil arte bizitakoa.

      Artetxe eta Salaberria ere isiltzen direnean, artxiboetan gordetako dokumentazioari heldu behar zaio hariari jarraitzeko.

 

 

Eta hariak dio 1937ko maiatzaren 27an, Euskadiko Armadaren aginte pean ari diren Simon Bolibar batailoiak eta asturiarren 225 eta 230 batailoiek Lemoaitz okupatu dutela atzera.

      Hilaren 29an, arratsaldeko bostetan, Errepublikaren kontra altxatu diren Arapiles batailoiak eta Falangeren bi konpainiak gaina berreskuratzeko erasoaldiari ekin diote. 20:30ean, altxatuen esku dago ezproia. 30eko gauean kontraerasoa egon da, ondoriorik gabe matxinoentzat. Maiatzaren 31n beste erasoaldi bat egin du Bolibar batailoiak, Etxegoien komandanteak gidatuta, eta lortu dute defentsa hainbat puntutan haustea. Baina asturiarren batailoiek ez diote erasoari jarraipenik egin, eta atzera egin behar izan dute.

      4. Brigadako nagusiak Bigarren Dibisioko koronel buruari idatzi zion txosten ofizialak hori iradokitzen du, behintzat: artilleria, infanteria, loturak eta transmisioak prest zeudela, operazioaren hasierako ordena dena zegoela aginduta, eta parte hartu behar zuten batailoi guztiek arratsaldeko zortzietarako etsaiarengandik gertuen dauden puntu gorenetan egon behar zutela, eta lehenago artilleriaren erasoa hasiko zela, zortziak baino hamar minutu lehenago arte, eta su oso bortitza egongo zela. Baina operazioa hasi baino minutu batzuk lehenago etsaien hegazkinak agertu zirela, eta plan guztiak ezerezean utzi zituztela. Eta horrek soldadu eta agintarien artean etsipena eta adoregabetzea ekarri zuela, eta nahiz eta behin eta berriz ordenak eman zituen aurrera jarraitzeko, ez zela modurik egon erasoa antolatzeko.

      Benetan etsia da Bedian, 1937ko maiatzaren 31ko goizeko bederatzietan sinatutako komandantearen txostenaren azken esaldia: “Gauzak horrela, koldarkeria iruditu zitzaidan gertatzen ari zen guztia, eta ikusirik eguraldia hobera egiten ari zela eta komandanteak ere horixe bera berresten zidala, eta zerbait susmatzen nuenez, erabaki nuen nire indarrak jatorrizko tokietara itzultzea, inolako helbururik lortu gabe, ikusirik nire manatuetara jarri zituzten indarren kemen eskasa (...)”.

      Ekainaren 1ean eta 2an eraso gehiago izan dira. Baina Lemoaitzek frankisten esku jarraitzen du. Eta gaina erabat galduz gero, Bilborako erasoaldirako bidea zabalik edukiko dute matxinatuek, ia erabat inguratu dezaketelako hiriburua.

      Ekainaren 2ko goizean, asturiarren 1. Brigadak gidatutako eraso batek porrot egin du. Egun horretan, Jose Antonio Agirre lehendakariak berak agindu dio 6. Brigadari Lemoaitz berreskuratzeko. Hiru batailoik osatzen dute: Rosa Luxemburg batailoia (pce); Amuategi batailoia (jsu, sozialistak) eta Rebelión de la Sal (eaj). Ondoren Barakaldo batailoia (ugt), Dragones batailoia (jsu, sozialistak) eta Saseta metrailadoreen batailoia (eaj) ere batuko zaizkie.

      Hain zuzen ere Rosa Luxenburgeko komandante Jaime Urkijori eman diote ordena erasoa prestatzeko.

      Arazo handiena, artilleria da. Ez dago. Hegazkinik ere ez dute. Urkijok 155 mm.-ko bateria bat dauka eskura eta erabilgarri, eta 81 mm.-ko morteroak ere bai. Hogeita bat. Baina lortu ditu Navalen sortutako sei gurdi blindatu ere. “Babcock-Wilcox” izendatu dituzte. Saseta batailoiko metrailadore astunak ere eskatu ditu komandanteak, eta eskuratu ditu.

      Lemoaitzek ezproi itxura dauka Amorebietaren aurrean. Urkijok hartu du Lemoatik Bediarako bidea, Astuiraino, eta Murtatzatik gora abiatzen den bidetik, Mateolubarritik Bidestubietaraino abiatu da. Han utzi nahi ditu berak deitzen duen “txatarra”. Hortik nazionalen lehen lerroetara kilometro bat dago, askoz gehiago ez. 155 mm.-ko kanoia Usansoloko tren geltoki inguruan kokatu du. Artilleroari esan dio biharamunean, 7:30etik 8:00ak bitarte, Lemoaitzetik haratagoraino tiro egiteko, Aixea ingururaino eta, behar izatekotan, baita Amorebietaraino ere. Proiektilek gudari eta milizianoen posizioak gainditu behar dituzte, erasotzaile errekete eta falangisten artean min egiteko. Asturiarren bateriak Larrabetzura doan bideko Urgoiti, Erletxeta eta Gumuzion jarri ditu. Denak ondo gordeak, ondo hornituak, eta errepidetik gertu.

      Karro blindatuak oihanbideetatik gora igotzeko lana benetako ingeniaritza desafioa izan da. Hainbat enbor moztu eta trabesean jarri behar izan dituzte pistetan, beldar-kateak trabatuta ez geratzeko, eta inguruko baserri batetik hartutako idi parea erabili behar izan dute, laguntzeko. Pistak daukan errebolta bakoitzean, dena gelditu, trabesekin halako egurrezko zubiak inprobisatu eta aurrera, hurrengora arte. Hainbat ordutako lana.

      Arratsalde partean, artilleria eta morteroak nahi dituzten tokian dituzte gudariek.

      Parean, El Caminokoen erreleboa hartu dute San Ignacio Tertzioko erreketeek. Artetxerenak. Haiek zaintzen dute, orain, posizioa.

      Urkijo komandanteak agindu bat eman du: Dragones batailoikoak espartinez janzteko. Lemoa ondoko harrobitik igotzea proposatu diote aholkulari militarrek, Lemoaitz albotik alegia, parez pareko konfrontazioa saihestu eta erreketeak ustekabean harrapatzeko. Uste baitute inoiz ez dutela esperoko hortik inor igotzerik, noiz eta gauez. Espartinak tentsio goreneko uneetan sortzen diren okurrentzia horietako bat da: komandanteak sorpresa baliatu nahi du, eta horretarako ebitatu behar dute soldadu talde batek sor dezakeen zarata guztia. Horregatik kendu dizkiete botak. Arrisku handiko erabakia da, igoera malkartsua baita, eta soldaduak trabatuta gera daitezkeelako harkaitzen batean, edo berandu iritsi hitzordu garrantzitsura.

      Batailaren emaitza alde batera edo bestera desoreka dezakeen hautu horietako bat da.

      Urkijok esan dio batailoiaren buruari artilleriaren erasoa hasi baino lehenago iritsi behar dutela. Ordu erdia izango dutela goraino igotzeko. Nahikoa dela erantzun dio miliziano sozialisten buruak. Lehenago iritsiz gero, gordean gelditzeko agindu dio komandanteak. Karroak eta fusilak entzun bezain pronto haien txanda izango dela, eta albo horretatik bonbez erasotu behar dutela.

      Eraso zuzena Arrosa, Amuategi eta Rebeliónen ardura izango da.

      Lehen mugimendua 07:30erako dago aurreikusita, baina ordu erdiz atzeratu da. Dauden kontakizun ez formalek diote Arrosa eta Amuategiko borrokalariek entusiasmo handirik gabe heldu diotela manatutakoari, eta komandanteek nahiko lan izan dutela diziplina ezarri eta bakoitza bere tokian jartzeko.

      Lekukoek zehaztuko dute Dragones batailoikoen mugimenduak erabaki duela gudaldia.

      08:00etan erasoaldia kanoiez eta artilleriaz hasi denean, erreketeek franko ongi eutsi diote bonbardaketari, eta Arrosa eta Amuategiko komandanteek norbere gizon multzoaren buruan jarri behar izan dute, mehatxuka, erasoaldia bultzatzeko. Horrek heriotzara eraman ditu biak. Baina bultzada eta presio etengabeari esker, gizon asko tankeak baino lehenago iritsi ahal izan dira erreketeen lubakietara.

      Erasoa hasi den une hartan bertan metrailadoreen Saseta batailoia ere agertu da, eta blindatuak ikusi dituztenean, eta albotik ustekabeko erasoa iritsi zaienean, espartinez jantzitako batailoiarena, erreketeek eta falangistek atzera egin dute arrapaladan, Izarangoraino, ia Amorebietaraino.

      Kontraeraso ahaleginak izan dira, baina Saseta batailoi prestatu berriak eutsi egin dio.

      09:00etan, Errepublikaren bandera eta ikurrina Lemoaitzen inkatu dituzte. Oraindik hirugarren kontraeraso bat egongo da, baina hari ere aurre egingo diote defendatzaileek.

      Zenbakiek diote erreketeen artean 177 hildako izan direla, ia tertzioaren erdia. Tartean lau kapitainak. Gainerako konpainietako bajak kontuan hartuz gero —Arapilesko hiru konpainiak eta Falangeko beste bi—, Francoren aldekoek 253 gizon galdu dituzte.

      Horien artean dago Luis Fernandez Arregi, Graziana eta Florentinoren semea. 1937ko ekainaren 3an, Valentin Oribe altsasuarrak bere parean eta bere kontra bizia galdu duen egun berean. Bilboko erasoaldia bere gain hartzeko Emilio Mola jenerala Gasteizerantz zeraman hegazkina, Alcocero herri inguruan, Burgoseko iparraldean, lurraren kontra jo eta txikituta geratu den egun berean. Dokumenturen batean esaten da Luis Fernandez Arregi “frontean jasandako zaurien ondorioz” hil zela. Gurasoei esan zieten “bala galdu batek” jo eta bertan geratu zela zerraldo. Kaputxino bati entzun omen zizkion azken kontsolamendu hitzak. Hori kontatzen dute, behintzat, Luis Fernandezen etxean, gaur egun ere. Posible da. Artetxek aipatzen du falangisten kaputxinoaren ausardia eta meritua balen artean ibiltzeko.

 

 

Eusko Jaurlaritzaren agindupean zegoen armada gailendu zen azken erasoaldietako bat izan zen Lemoaitzekoa. Hura galdu ondoren, atzera eta atzera, Santoñako errendiziora arte.

      Gerra amaitu zenean, semearen gorpuzkiak Erorien Monumentura eramatea eskaini zieten Florentino Fernandezi eta Graziana Arregiri, Madrildik 60 bat kilometrora Franco diktadoreak eraiki zuen mausoleo erraldoira, baina gurasoek nahiago izan zuten Altsasun utzi.

      Luis Fernandezek idatzita utzi zituen orrietan ez dago jarrera politiko argirik erakusten duen pasarterik edo gerrara hain gazte zerk bultzatu zuen argitzeko arrazoirik, baina bai gerrako amabitxiari idatzitako eskutitz goxoak, edo eskuz kopiatutako poesiak:

 

            “¿Por qué tan firme os adoro?

            Inés, me pregunta el amor.

            Yo no sé lo que tenéis

            y tenéis el qué sé yo”.

                  (1936ko abenduaren 21ean,
                  Aldabe mendian, Ondarroa).