Gurea falangista zen
Gurea falangista zen
2021, kronika
120 orrialde
978-84-17051-70-9
Azaleko irudia: Oskar Alegria
Alberto Barandiaran Amillano
1964, Altsasu
 
2005, narrazioak
1998, kronika
Gurea falangista zen
2021, kronika
120 orrialde
978-84-17051-70-9
aurkibidea
 

 

 

amari, maitasunez

 

 

 

—1—

 

 

Semearen heriotzaren berri jaso zutenean, Florentino Fernandez eta Graziana Arregi soroetatik itzuli berriak ziren, goiz osoa Eguberan eman ondoren, Ulaiar aldera, Altsasuko azken etxeak atzean utzi eta Gipuzkoako mugarantz doan bidetik gorako muinoan. Alaba txikiak gogoratzen du aita ukuiluan idiak gurditik askatzen ari zela telegrafoetako langilea etxera iritsi zenean. Ama ezkaratzean zen. Komunikazioa ireki eta oihuka hasi omen zen gizona, gurtolen kontra ukabila itxita. Graziana jaizkitxo baten gainean eseri eta esku artean aurpegia estali zuen.

      “Luis Fernandez Bizkaiko frontean hil da”.

      Altsasu aldez alde zeharkatzen duen errepide ondoan zegoen Fernandez eta Arregiren etxea, España hotelaren ondoan, eta aldameneko emakumeak izan ziren iristen lehenak. Haietako batek etxeko txikiena hartu eta berekin eraman zuen, giro tristetik urrundu nahian seguru asko. Maria Antoniak gogoan du bazkaldu, behintzat, etxe arrotz batean egin zuela egun hartan. Arrautza bat jarri zioten. Dioenez, osorik jaten zuen lehena. Gogoan du Aniceto Azpiroz falangista ezaguna ere, aita kontsolatu nahian: “Osasuna enkomendatzeko, Florentino; semearen heriotza ez da alferrik izango”.

      Posturitas esaten zioten herrian Aniceto Azpirozi, kalean keinu hanpatuez ibiltzeko ohitura zuelako. Esan ere esaten zen gazteak xaxatzen aritzen zela, lehen lerrora joan zitezen. Aldarri sutsuak egin ohi zituela altxamenduaren alde, baina berak inoiz ez zuela arma bat bera ere eskuan hartu, eta atzeguardian geratu zela beti, herrian. Ez zen bakarra izan, noski. Altsasun gizon gutxi aritu ziren altxatuen alde borrokan gerra frontean; kontra aritu zirenak baino askoz gutxiago, behintzat, bai.

      Urte hauetan guztietan Fernandezen etxean kontserbatu duten argazki batean, Florentino eta Graziana ageri dira, paretan eskegita dagoen semearen erretratu baten aurrean. Luisen irribarre argiaren eta gurasoen etsipenezko keinuaren arteko kontrastea gogorra da.

      Florentinok begirada dirdiratsua du. Okasiorako jantzita dago: traje argia, txalekoa ere gisa berekoa, jertse jaspeztatua, atorra zuria, gorbata beltza. Grazianak blusa beltza darama, eta barruko alkandora ere beltza, lepo zerradunarekin. Mototsa buru atzean bilduta dauka, Altsasun ohitura zen bezala. Belarritakoak ere, ilunak. Eskuan, lore sorta. Loreak babesten dituen plastikoaren gainean, argazki bat edo paper bat.

      Argazkian, senar-emazteen ondoan, mutiko bat ageri da, gominaz orraztuta eta panazko jaka ilun botoidunez jantzita. Besoko bat dauka ezkerreko mahukan eta, eskuinaldeko poltsikoan, Falangeren ezkutu bordatua ageri da. Alkandora argi eta lepo zabalekoaren azpian, barruko kamiseta zuri bat.

      Omenaldi baterako propio egindako argazkia ematen du. Ez da Florentinok eta Grazianak jantzi ohi zuten arropa. Mutikoak ere ez du ematen herrikoa denik.

      Hiruren atzean dagoen erretratuan Luis Fernandez Arregi bera dago, falangista jantzita, alkandora ilunez eta kapela borladunarekin. Falangeko eta Espainiako banderek inguratzen dute, eta karlisten Borgoinako gurutzea ere ageri da argazki koloreztatuan. Erretratuaren azpian irakur daiteke: “Camarada Luis Fernández Arregui, caído en las peñas de Lemona (frente de Vizcaya) el día 3 de Junio de 1937, por Dios y la Patria. ¡¡¡Presente!!!”.

      Gerrara joan baino hiru aste lehenago, Altsasuko festetan atera zioten argazkian daukan begirada bera dauka gazteak: iluna eta, era berean, baikorra. Bekain sarriak sudur zorrotz eta zabalaren gainean, lepo luzea. Mutil segaila, familia guztia bezala. Beste anaia bati Mailasto deitzen zioten herrian, hura ere luzea eta argala izanik. Ama bezalakoak dira, arregitar petoak.

      Lemoaitzen heriotzak aurkitu eta gutxira haren alde Altsasuko elizan egin ziren hileta elizkizunetan Aniceto Azpiroz Posturitas-ek hitza hartu zuen gaztearen kemena eta sakrifizioa goraipatzeko, eta altxamenduaren aldeko ohiko loriak bota ondoren, profetizatu zuen: “Zuen odola oparoa izango da”.

 

 

1936ko hauteskundeetan, altxamendua gertatu aurrekoetan, Altsasun garaipen zabala lortu zuten Errepublikaren aldeko alderdiek: 572 boto. Eskuindarrek ez zuten babesaren erdia ere eskuratu: 272 boto. Ziordian eta Olaztin ere ezkerrak irabazi zuen aise samar.

      Gerra piztutakoan herriko gazteek egin zuten hautua errealitate horren araberakoa izan zen, jakina. Kalkulatzen da Emilio Mola jeneralak altxamendua Nafarroan aldarrikatu eta hurrengo egunetan, ehunka gizon —laurehun edo seiehun, iturrien arabera— Gipuzkoara pasatu zirela Olaztitik eta Altsasutik, Goierrira batez ere, eta Errepublikaren alde borrokan amaitu zutela horietako askok. Altaffaylla elkarteak argitaratutako Navarra, de la esperanza al terror ikerketa liburuan, 86 nafar zerrendatu zituzten Errepublikako Armadan hildakoen artean. Horietatik 53 altsasuarrak ziren. 1936ko hauteskundeetan ezkerrari botoa eman ziotenen hamarretik bat ia. Kopuru ikaragarria da, beste inongoa baino handiagoa. “Nafarroako lotsaizuna” izendatu zuen Altsasu Millan Astray jeneral begibakar faxistak, Legioaren sortzaileak. Altxamenduarentzat hainbeste errekete armatu zituen lurraldean, pikor zornetsu bat izan zen Altsasu eskuinarentzat.

      Ezkertiar asko, eta ezagunak. Constantino Salinas, Isidro Zornoza eta Jose Cosgaya altsasuarrak nabarmentzeko moduko militanteak izan ziren Nafarroako sozialisten artean. Salinas, Altsasuko alkate ez ezik, Nafarroako diputazioburu izan zen Errepublikaren azken urteetan, lurraldeko sozialisten buru ere bai. Pertsona errespetatua, zuhurra eta maitatua herrian, mediku eskuzabala. Prestigio eta izen on hori ez zuen galdua Argentinako erbestetik herrira itzuli zenean, 60ko hamarkadan. Jose Cosgaya komandante aritu zen Eusko Gudarostean, ugtko milizietan, eta Isidro Zornozak Donostiako Ondarretako eta Bilboko Carmelo espetxeetan zaindari jardun zuen: 1937ko azaroan epaitu zuten Santoñan. Jose Lezea eta Miguel Etxeandia olaztiarrek, berriz, burutzak izan zituzten Capitan Casero batailoian: kapitain eta teniente, hurrenez hurren.

      ugt eta cnt sindikatuentzat Altsasu oso plaza garrantzitsua izan zen, eta 30eko hamarkadaz geroztik berri ugari ageri dira prentsan langileen eskubide sozialak eta Sakanako herria lotzen dituztenak. Trabajadores aldizkariak jaso zuen 1936an zehar bost lurperatze zibil egin zirela herrian, eta Olimpia zineman bankete bat egin zela Asturiasko 1934ko iraultzaren ondorioz atxilotutako eta errepresaliatuen alde, “ordena eta entusiasmo handia tartean”. Langileen iraultzaren kontrako errepresioaren aurrean protesta egiteko manifestazio handi bat egin zen, eta atxilotu ugari egon ziren. Egun horietako batean, trenaren bagoi bat irauli eta lehergailu bat jarri zuten.

      cnt sindikatu anarkistak, ugt baino txikiagoa izanik ere, ehun militante inguru zituen herrian, eta orduko kroniketan irakur daiteke presoen senideen aldeko ekitaldiak antolatzen zituela, tartean antzerki saioak.

      1936ko ekainaren 27ko zenbakian, alegia altxamendua gertatu baino hiru aste lehenago, Trabajadores aldizkarian argitaratutako artikulu batean irakur daiteke 2.000 lagun inguru bildu zirela Ziordian, “inguruko herrietatik etorritakoak denak”, Internazionala-ren eta Errepublikaren Himno de Riego doinuen pean, Altsasuko Udal Musika Bandaren laguntzarekin. Constantino Salinas izan zen hizlarietako bat.

      Giro horretan, ez da erraz esplikatzen zer dela eta eman zuen izena Falangen Luis Fernandezek, Florentino eta Grazianaren hirugarren semeak: nondik jaso zuen horretarako deia, nork bultzatu zuen, zerk animatu zuen. Etxean, behintzat, ez dute esplikazio argirik. Anaia nagusia ere, Paulino, Falangeko kide egin zen altxamendu frankistaren lehen egunetan. Etxean gogoratzen dute teilatura igota, eskopeta batekin zaintza egiten 1936ko ekaineko aste zalapartatsuetan, herriko ezkertiarrak haren bila joango ote ziren beldurrez. Aita ere beldurrez gogoratzen dute, soroetara abiatzen zenean igitaia gerrikotik zintzilik beti, “zer gerta ere”. Eskuindarrak ziren, kezka izango zuten egun haietan egon zen giro nahasia zela eta, etxe askotan bezala, baina harrigarria da Luis Fernandez Falangeren bandera pean aritu izana, Altsasun, berez, ez zegoelako horretarako tradiziorik. Ez Falangerena, ez karlistena. Ezkertiarrak, ordea, ugari. Burundan giro errepublikazalea zen nagusi 30eko hamarkadan. Bazegoen zentro falangista bat, herriko plazan bertan, baina gerra piztu eta gutxira hartu zuen izena eta izana. Ordura arteko dokumentazioan, sindikatu ezkertiarrak eta ohiko alderdi politikoen inguruko erreferentzia ugari daude, baina gerrarekin batera herri guztietan ageri ziren Movimiento faxista berriaren marka ziren alkandora urdinak eta jantzi militarrak, eta gerra amaitzearekin batera ugaritu ziren herrian bertan Falangerentzat edo Falangeren izenean halako eta halakoren gainean txostenak idazten zituzten kideak, errepresioari argudioak eta datuak eman zizkioten ezinbesteko lekukoak. Baina Nafarroako Falangeren historiaz oso datu gutxi daude.

      1934ko apirilaren 11koa omen da lehen erreferentzia idatzia, Diario de Navarra egunkarian argitaratua, zertarako eta kontatzeko Nafarroako alderdiaren estatutuak onartuak izan zirela eta propagandarako bulegoa Karlos iii.a kaleko 21. zenbakian zegoela. Hurrengo egunetan beste bi notizia argitaratu ziren, biak estatutuen onarpenarekin lotuta, baina inolako izen edo datu zehatzik eman gabe. Ia altxamendua piztu arte iraun zuen isiltasun dokumental horrek. Sekretismoa izan zen alderdiaren marka, eta klandestinitate hori betikotu egin zuen 1965etik 1985era egin zen agirien suntsiketa masiboak, ia dokumentazio guztiaren desagerpena ekarri zuena.

      Nolanahi ere, ezaguna da 36ko altxamendua gertatu eta gutxira, herri guztietan ageri zirela Falangeren izenean aritzen ziren boluntarioak. Milizia bat bezala antolatuta, Iruñeko Salestarretan jarri zuten Kuartel Nagusia, eta espetxe gisa funtzionatu zuen.

      1936ko irailaren 17an Diario de Navarran ageri zen notiziaren arabera, preso bat ihes egin berria zen. Altsasurantz trenez joango zelakoan, auto bat atera zen haren bila, geltokiren batean iheslaria jaitsi eta harrapatuko zuten esperantzarekin. Baina autoak Irurtzunen istripua izan eta bi falangista larri zaurituta gertatu ziren.

      Horraino prentsan aurki daitekeen ia dena. Askoz datu gehiago ez dira argira atera. Ez artxiborik, ez dokumentu grafikorik, ez izen zerrendarik. Falange izeneko mugimendua ez omen zen existitu, ez zituen dozenaka atentatu eta liskar publiko burutu, ez zuen jendea atzeman, fusilatu, leizera bota. Ez dago horren ziurtasun dokumentalik. Huts.

      Horregatik, ez da erraza azaltzea, gaur egungo begiekin, Luis Fernandez Falangen izena ematera bultzatu zuen arrazoi zehatza zein izan zen, 18 urteko bere biografia laburrean lana beste kezkarik ez delako ageri.

      16 urterekin eskribau aritu zen Mendigorriako eta Altsasuko udaletan, eta hainbat kaieretan zirriborratutako idazki ugaritan begi bistakoa da lan administratiboa gogoko zuela. Testu horietako batzuk kaligrafia hobetzeko ariketak dira; beste batzuk enkarguzko jakinarazpenak lantzeko zirriborroak. Badira poemak ere, eta badira eskutitz ofizialak: esaterako, aitaren izenean egindako eskaeraren kopia bat, De Garaialde y Lazcano deitura berreskuratzeko. Luisen aitona Fernandez de Garaialde y Lazcano zen, eta aitak jada galdua zuen eranskin ia aristokratikoa: Florentino Fernandez zen, besterik ez. Udal idazkari baten utzikeria? Erosotasuna baino ez? Beharbada, bietatik zerbait: Nafarroako abizenik luzeena omen zen. Bada, Luisek libreta horietako batean idatzita utzi zuen zer idazki aurkeztu behar ziren deitura osoa berreskuratzeko.

      Gainera, gutxienez harrigarritzat jo dezakegu Fernandez Falangerekin borrokatu izana, gerra aurretik eajn militatzen zuelako.

      Etxean, urte hauetan guztietan senideek gorde duten karpeta batean, libreta horietako bat dago. Eta Napar Buru Batzarreko lehendakariari Luisek idatzi zion eskaera irakur daiteke arkatzez eta moldeko letraz zirriborratua. 1936ko hasierako data du idazkiak eta Altsasuko Udalarekin zeukan xextra zela eta, Luisek egin zituen laguntza eskaeretako baten zirriborroa da. Idazkari laguntzaile izateko asmoa behin baino gehiagotan adierazi zuen arren eta informeak onak bazituen ere, udal batzarrak bere hautagaitza baztertu eta beste pertsona baten alde egin zuen urtarrilean. Jose Agerre eajko Napar Buru Batzarreko lehendakari burkideari idatzi zion laguntza eske Luis Fernandezek, “lagun politikoak izanda, ez baitidazu ukatuko. Zure idazkari Luis Oroz jauna zure ideologia berekoa da, beraz nirea, ni ere afiliatuta nagoelako zuen alderdi prestu horretan”, irakur daiteke libretan.

      Luis Fernandezen anaia batek, Santik, baieztatu zidan Luis ez ezik Paulino anaia nagusia ere nazionalismotik gertu ibili zela gerra lehertu baino lehenago eta, hala ere, ez omen zitzaion hain harrigarria egiten azkenean Falangeren alde agertu izana, Paulino lehen lerrora joan ez bazen ere. Santi Bilbora ezkondu eta han bizitza osoa egin bazuen ere, ez zuen galdu Altsasuko etxearen memoria, eta patxadaz eta espanturik gabe etxean entzun eta bizitakoa kontatzen bazekien. Jakitun zen asko interesatzen zitzaidala bere anaiaren istorioa eta Bilbora propio hurbildu nintzenean galdera batzuk egitera, abegitsu hartu ninduen, beti bezala. Konfiantza bagenuen, errespetuz tratatzen genuen elkar. Horregatik, txundituta utzi ninduen bazkaldu ondoren, Moyua plazarako bidean semaforo baten aurrean geratu eta bota zidanean: “Bai, anaia gerrara joan zen, han hil zen arma eskuan hartuta. Herrian beste batzuk pistola gerrian jarrita ibili ziren. Pablo Amillano, esaterako”.

      Luis Fernandezen bila abiatu eta aitona bidera atera.

      Errepresioan hark izandako parte hartze zuzenaren lehen berria nuen. Izenez nahastu ote zen pentsatu nuen une hartan, baina Santi Fernandezek ez zuen ezer gaineratu eta nik ez nuen gehiago galdetu. Semaforoa berde jarri zenean, aurrera egin genuen biok, hitz-aspertuan. Atariraino lagundu nion. Agurtu aurretik, “goraintziak etxean!” esan zidan, beti bezain atsegin, beti bezain dotore. Konbertsazio oso bati eusteko gai ez bazen ere, gustatzen zitzaion agurrak, bederen, euskaraz egitea.

      Aitonaren aipamenak ez ezik, Falangeren eta jeltzaleen artean batzuetan egon zen muga lauso horretaz esan zuenak zer pentsa eman zidan. “Gure bi anaiak kezkatuta zeuden, politikoki kezkatuta. Ez ziren karlistak, gure familian ez zegoen tradizio hori, eta Falangen ikusiko zuten azkar indartutako eskuin ilustratu bat, joera ezkertiar antiklerikalaren aurka egiteko”.

      Askotan idatzi da eajren eta eskuinaren edo, oro har, Errepublikaren aurka egin zutenen arteko marra horri buruz. Napar Buru Batzarrak, uztailaren 19an, altxamenduaren egunetan, ohar bat kaleratu zuen non esaten zuen “ideologia katoliko eta foruzale sutsu batetik, [nbb] ez zaio batu eta ez zaio batuko gobernuari gaur egungo borroka honetan”. Manuel Ibarrondo eta Jabier Landaburu nafar jelkideak altxatuen alde azaldu ziren, eta beste jelkide batzuek, Jose Artetxe idazle azpeitiar esanguratsuak esaterako, tertzio karlistekin egin zuten guda Gipuzkoan eta Bizkaian, beraien alderdikideen aurka.

      Pedro Ezkurdia Elizarik, 1936an Iruñeko eajko buru izendatu zutena eta, gerra ondoren, 1969ra arte, nbbko buru izan zenak, idatzi zuen garai gogorrak izan zirela denentzat eta batzuek, beldurragatik, presioagatik, edo gertukoak babesteagatik, altxatuekin kolaboratzen amaitu zutela. “Garai hartan gurasoak nituen, anai-arrebak, lehengusuak, izeko-osabak, ilobak ere bai, eta gehienak abertzaleak ziren. Bakan batzuek amore eman zuten. Bat Hiritar Babesgokoa egin zen, Gurutzadakoek asmatu zuten erakunde bat, gauez, eskopeta zahar batzuekin, zaintza egiteko. Beste batzuk derrigortu egin zituzten besoko bat eramatera, piperpotoarekin. Nire senidea lotsatu egiten zen eta, bero ikaragarria eginda ere, gabardina sorbalda gainean eramaten zuen beti, besokoa estaltzeko”.

      eajn ikusi zituen zalantzengatik, edo azken hilabeteetako konbentzimenduagatik, edo herrian bertan hainbat errepublikazalerekin izandako eztabaida eta istiluengatik, tartean lan kontuak, edo uste izango zuelako laster amaituko zela dena, edo lagunen artean elkar adoretu eta elkar konbentzitu zutelako, dena delakoarengatik, kontua da Luis Fernandezek 17 urte baino ez zituela Altsasutik atera eta Iruñerako autobusa hartu zuenean. Gerrara zihoan, falangistekin.

      Ibilbide haren kronika txikia idatzia utzi zuen hainbeste maite zituen libreta gris haietako batean, eta libreta hori gurasoen eskuetara iritsi zen gorpuarekin, pistolarekin eta beste objektu pertsonal batzuekin batera, Lemoaitzetik zuzenean. Ikuspegi historiko huts batetik aztertuta, egunerokoak ez du aparteko informaziorik ematen. Luis Fernandezek ez du bere begiekin ikusten ari den gerraren norabideaz notizia aipagarririk ematen; ez du lehen lerroan bizitzen ari den gertaera historikoaren azterketarik egiten; ez du gau eta egun ondoan izan zituen burkideen kezka edo burutazioen berririk ematen; ez ditu ikusitako paisaiak edo herriak deskribatzen. Militarrek ezarritako zentsura, seguru asko, orri batzuk erantzita dauzka eta. Ondo pentsatuta, mirakulua da gurasoen etxeraino eta gure garairaino iritsi izana.

      Baina testua hurbila da bere samurtasunean. Gaztearen heriotza goiztiarra eragin ez ezik, bere familiaren bizitza markatuko zuen gertakizun historikoen aurrean mutil gizondu berri baten inkontzientzia islatzen du libreta txikian zirriborratuak: heriotzara daraman bidea zein ustekabekoa izan daitekeen kontatzen digu.

 

 

“Gerra Zibila: nire parte hartzearen laburpena

      Luis Fernandez Arregi, Altsasuko.

 

      Urriaren 3an, eta 19:30eko autobusean, Iruñerantz abiatu ginen Leoncio Elizalde, Enrique Fernandez, Pedro Martinez, Vicente Arbaizar, Luis Garcia, Eugenio Lanz eta Gaztanbide falangistak.

      Angel Beunza eta ni ere bai, Beunza Olaztikoa.

      Gure helmugara gaueko 9etan iritsi ginen, eta berehala Falangeren bulegoan aurkeztu ginen, Jose Moreno jaunaren aurrean, Lurralde Buruzagia. Esan zigun Aita Salestarren Ikastetxera joateko, han baitzegoen Kuartel Nagusia, eta horrelaxe egin genuen berehala. Era berean esan zigun Gaztanbidek eta biok hurrengo egunean bertan itzuli behar genuela etxera, ez ginelako iristen gutxieneko arauzko adinera.

      Kuartelean egon ginen hilaren 5a arte, arratsaldeko hirurak arte, ordu hartan zortzi autobus bete zirelako falangista bolondresekin, ezagutzera eman ez ziguten lerrorantz joateko.

      Asko erregutu behar izan genuen horien artean sartzeko. Ez zuten nahi 17 urte bakarrik nituelako. Hilaren 9an egingo nituen 18 urte.

      Talde hartan atera ginen Elizalde, Sanz, Arbaizar, Martinez, E. Fernandez eta ni neu. Tolosan sartzean, gure autobusa eta beste bat bideaz nahastu ziren, eta Villabonan egin behar izan genuen gaua, gidariek ez zekitelako nora joan behar zuten. Goizeko bederatzi eta erdietan berriro abiatu ginen, eta eguerdian Mutrikun aurkeztu ginen, han amaitu baitzen autoz egindako bidaia. Sardina lata bat eman ziguten, eta gure posiziorantz igotzen hasi ginen.

      Niri egokitu zitzaidan Hermenegildo de Moraza tenientearen Zenturian sartzea, eta han ziren Juan Martinena Dean, Infanteriako tenientea, eta Raimundo Mola Infanteriako alfereza ere, teniente gisa aritzeko gaitua 2. Sekzioko 3. Eskuadraren barruan. Eta han ziren ere Iruñeko Ramon Martinez kaboa, Muesko Basilio Nieva eta Nicanor Suverbiola, Otiñanoko Nicolas Alvarez eta Pablo Remirez, Pitillasko Francisco Gil eta Antonio Sagardoy, Larragako Tomas Suescun eta Isidro Mañeru, Iruñeko Clemente Apestegia eta Fermin Calvo, Inocencio Escribano eta ni, urriaren 6an sartutakoak, eta [ezabatuta] baserrian. Aurrekoez gain daude Iruñeko Juan Felipe Echevarria eta Javier Ochoa Sekzioko buruzagi gisa, eta Malo teniente ofizial gisa. Altsasukoak beste zenturia eta talde batera joan dira.

      Moraza tenientearen Zenturiaren Operazioen egunerokoa, Emilio Gonzalez Unzaluzen taldearen baitan, eta Iruretagoyena koronelaren agindupean.

      Urriak 7. Baserri berean jarraitzen dugu inolako berririk gabe.

      Hilak 8. Iturrino baserrira lekualdatu gara.

      Hilak 9. Gomez komandanteak erretiradan abandonatua utzi zuen Berriatua inguruko mendi bat hartzera abiatu gara. Goizeko 6ak eta 10. Goizean goizetik mendira igo gara, eta 9:30ean Saseta kapitainaren zenturiak hartu digu txanda. Itzultzean, Legarregin geratu gara harik eta eguerdian Chasco tenienteak gidatutako soldadu konpainia batek erreleboa hartu digun arte. Arratsaldean Elordi baserriraino erretiratu gara.

      Hilak 15. Gaur arte Aldabe mendira lekualdatu gara.

      Hilak 20. Malo tenientea Gomez Ruiz kapitainaren Martin tenientearen Zenturiara bidali dute.

      Hilak 21. Atzera Elordira.

      Hilak 23. Victor Calderon Fernandezek Zenturiaren lema hartu du. Moraza tenienteari egokitu diote 1. Sekzioa, eta Martinena, haren aginduan baitzen, 2.era aldatu dute.

      Egun berean gure posizioari kanoiez eraso egin diote oso gogor, eta hiru granadek ukitu gaituzte, eta Elordi baserriari beste hainbeste zulo egin dizkiote. Ez dugu baja bakar bat ere izan.

      Hilak 28. Burgo eta inguruko posizioak okupatu ditugu, Iru tenientearen konpainia bati erreleboa emanez.

      Azaroak 5. Aldabe mendian dagoen Zenturiari erreleboa eman diogu. Egun hauetan ez da inolako berritasunik izan. Kanoikada batzuk besterik ez, inolako ondoriorik gabe.

      Hilak 12. Elordira berriro. (Egunotako batean lekuz aldatu dute Iruretagoyena).

      Hilak 14. Burgo baserrira. Pasa ditugun zortzi egunetan zehar indar handiz kanoikatu gaituzte 15 eta 1/2ko piezekin, Mendexan baitaude. Bi granadak Gurutze Sainduko ermitan jo dute. Horietako batek kanpandorrea bota du eta bestea Aldarean etzan da, Kristoren oinetara, lehertu gabe. Azken hori sartu den une berean, Mariano Berruete Ancil hantxe ondoan zegoen lo, ohatilan. Ez da kalterik izan.

      Hilak 26. Aldabe mendira abiatu gara Gomez R. kapitainaren Zenturiari erreleboa ematera. Posizio honetan eman ditugun zortzi egunetan etsaiak erasotu digu 7,5eko kanoiekin, morteroekin eta elebazioaz, eta batzuetan bisita hauek bost inguru izan dira.

      Abenduak 2. Debako hirira jaitsi gara zortzi egunez atseden hartzera.

      Hilak 9. Burgoko betiko posiziora itzuli gara bertan zegoen Zenturia ordezkatzera.

      Hilak 16. Berriro Aldabe mendia okupatu dugu eta etsaiak denbora pasatu du aurrekoan bezala. Hori bai, eguraldia jasangaitza da.

      Hilak 23. Elordi baserrira lekualdatu gara, eta eguraldiak nabarmen egin du hobera.

      Posizio honetatik ikusi ahal izan dugu hainbat aldiz eta hainbat egunez gure kanoiek eta hegazkinek etsaien kontra egin dituzten bonbardaketak. Baita errekonozimendu hegaldi batzuk ere.

      Hilak 31. Berriro Debara jaitsi gara atseden hartzera”.

 

 

Mutriku-Deba inguru hori muga beroa zen 1936ko irailaren hondarrean. Indar matxinoen erasoak aurrera egin du Gipuzkoako mendebaldeko itsas bazterrean barrena eta Deba ibaia zeharkatzean, hilaren 27an, Mutrikun sartu dira nazionalak. Ondarroa da defenditu beharreko hurrengo plaza, baina errepublikazaleak inguratuta sentitu direnean, herria utzi eta atzera egin dute urriaren 4an. Gobernu legezkoaren aginte peko lehen herri bilakatu da Lekeitio Bizkaiko kostaldean, kosta ahala kosta defenditu beharrekoa Bilbo babesteko. Frontea egonkortuta geratu da Berriatua aurrean, Kalamendi eta Asterrika artean. Ondarroa, berriz, lehenengo lerro frankistaren base bilakatu da. Urriaren 21ean, Errepublikaren hiru hegazkinek airetik erasotu eta bonbardatu dute herria, euskal armadaren indarren lurreko eraso batekin koordinaturik, Urkarregi eta itsasoaren artean.

      1936ko azaroaren erdialdean, euskal armadaren indarrak bederatzi sektoretan banatuta daude Kantauri itsasoaren eta Santander-Burgosko mugen artean, eta horietako bat da Lekeitio. Horregatik, indar ugari kontzentratu dira udazken hasieran. Eusko Abertzale Ekintzaren batailoi batek Zubietako jauregian instalatu du bere kuartela; geroago, Urberuagako Bainuetxera (Markina) aldatu dira. Lekeition badira ugtko eta cntko batailoiak ere.

      Bizkaia eta Gipuzkoa bereizten dituen muga horretan egongo da Luis Fernandezen konpainia sei hilabetez, urritik martxoaren bukaerara arte. Molak zuzentzen duen armadaren gizonak Bizkaira begira daude; Eusko Gudarosteko gudariak, komunistak, eta sozialistak, Gipuzkoara begira.

      Luis Fernandezek egunerokoan aipatzen dituen Burgo eta Elordi baserrien artean dagoen 2,5 kilometro inguruko tarte horretan falangista eta erreketeen konpainia ugari elkartu ziren 36ko bukaeratik 37ko udaberrira arte. Bi baserrien arteko lerroan tropen mugimendu handiak izan ziren, konpainiak tokiz aldatu zituzten etengabe, handik hona gurutzatu, posizioak aldatzeko. Freskatze ariketa bat izan zen: asteak eman zituzten geldirik, lehen lerroan aurrera-atzerakorik izan gabe, eta soldaduen psikologia eta moralarentzat onuragarria izango zen, seguru asko, noizean behin tokitik aldatu, ariketa pixka bat egin eta beste paisaia batzuk ikustea. Hura izan zen, hilabete hauetan, lehen lerroa. Falangistek han jasan zituzten Errepublika defenditzen ari zirenen erasoak eta han jaso alemaniar eta italiar soldaduen errefortzuak.

      Burgo eta Elordi arteko inguru horretara iristeko, Luis Fernandezen konpainia Mutrikutik abiatu zen, Saturraranen jaiotzen den aldapa pikotik gora. Hura amaitu eta belazeak bistaren aurrean zabaltzearekin batera, Burgo baserria ageri da: etxe nagusia, korta handia, lanabesentzako gordeleku ondo zainduak. Toki ona ematen du ehunka soldadu aterpetzeko, zerua zaintzeko, bideak menperatzeko. Inguruko zelaietan ere, soldadu askorentzako tokia topatuko zuten logistikako arduradunek, denda militarretan edo estalpeetan. Mendexa, Amoroto, Gizaburuagako mendiak ikusten dira hemendik, Ondarroa ageri da han behean, itsasoa ere bai. Miratoki ederra da. Luis Fernandezek aipatzen dituen Mendexako kanoien bonbardaketak kontrolatzeko nahikoa altura dauka inguruak, berrehun bat metro itsasoaren gainean. Ez zegoen nahikoa urrun, hala ere, kanoientzat, falangista altsasuarrak aitatzen duelako zenbat aldiz egon ziren bonben azpian.

      Harrigarria da armen ahala. Harrigarria, nola asmatu zezaketen kanoi batekin Mendexatik hona, Burgoraino.

      Burgo eta Elordi artean mugituko da Luis Fernandezen konpainia sei hilabete hauetan. Bi kilometro eta erdi inguruko paseoa da, baina gogaikarria egingo zitzaien negu-udaberriko hilabeteetan. Ehunka lagun elkarren ondoan pilatuta, bonba eta tiro hotsen artean. Tartean isiltasun tarte luzeak, tartean etxekoen notiziak garraiatzen dituzten eskutitz lokatzaz eta odolez zikinduak eskuz esku.

      Ibilbide hori mendi buelta ezaguna da ingurukoentzat. Behin altura hartuta, muinoz muino, Ondarroa gaineko basoa eta itsasoa ikusten da tarterik tarte. Ehizarako postu ugari daude. Gaur, pinu askok totem erorien itxura dute, bonbardaketa baten ostean bezala jauzita azken haizeteengatik.

      Bide erdian, baso soilgune batean, Santa Kruz ermita ageri da. Artilleroentzat erreferentzia puntu ona izango zen. Fernandezen egunerokoan aipatzen dira haren kontra egindako erasoak. Bere konpainiak aterpe izan zuen egun askotan. Egun itxita dago. Kanpoko oroitarrian irakur daiteke: “Hemen eraiki zuen Juan de Goitiniz fraide ondarrutarrak frantziskotarren Santa Kruz komentua 1480 inguruan”. Hortik aurrera, baso artean sartzen da bidea. Toki ona izango zen tropa mugimenduak egiteko, ermitatik Itziarrerainoko inguruak zaindu daitezkeelako. Baina horiek hartuta zeuden altsasuarra hara iritsi zenerako.

 

 

1937ko urtearen hasieran, beraz, Luis Fernandezen konpainia Deba eta Mutriku inguruan dago. Erasoak eta kontraerasoak etengabeak izan dira Bizkai eta Gipuzkoa arteko muga horretan neguan eta udaberrian zehar, baina frontea gutxi mugitu da. Gorabehera handirik gabe jarraituko du armada bakoitzak lerroaren alde bateko edo besteko lurraldeak kontrolatzen 1937ko apirilaren hondarrera arte. Ustezko lasaitasun hori ez da erreala, noski. Bizkaiko frontean ez da giro eta egun erabakigarriak etorriko dira.

      Jose Antonio Agirre lehendakariak Euskadiko Armadaren aginte zuzena bere gain hartu du eta, Vladimir Gorev aholkulari sobietarraren laguntzarekin, Bizkaiko eta batez ere Bilboko defentsari lehentasun erabatekoa eman dio.

      Altxatuentzat ere, Bizkaiko hiriak lehentasuna dauka. Penintsulako iparraldeko hiri nagusia da, garrantzitsuena. Armak fabrikatzeko egitura osoa dauka, eta militarrek uste dute hortik erraz erasotuko eta menderatuko dutela Asturias errebeldea. Eta horrela, Burgosen kantonatu den Francoren buruzagitza militarrak bizkarra babestuta senti dezake, tropa guztiak Madrilera eta Kataluniara begira jartzeko.

      Lekeitio eta Bilbo arteko eskualdeetan kontzentratu dira, beraz, bi armadetako tropa eta baliabide onenak. Luis Fernandezen zenturia Euskal Herrian gerran izan ziren eraso eta gudaldi bortitzenen lekuko bilakatuko da horrela.

      Eta armada matxinoa osatzen duten erreketeen eta falangisten eta militar errebeldeen kemenagatik ez ezik, Alemaniako hegazkinen eta Italiako atorra beltzen laguntza ezinbestekoaren bultzadaren bultzadaz, maiatzetik aurrera bata bestearen atzetik eroriko dira errepublikazaleen posizioak: Elgeta, Intxorta, Elorrio, Ermua, Eibar. Kostan, Lekeitioko posizioa defendaezin bilakatu da, poltsa batean lurretik inkomunikatuta geratzeko arriskupean daudelako Euskadiko Armadaren soldaduak, eta buruzagitzak erabaki du herria uztea: apirilaren 28an, Frecce Nere brigada italiar-espainiarrek Lekeitio okupatu dute.

      Luis Fernandezen egunerokoan ageri dira mugimendu horien oihartzunak.

 

 

Idatzi gabe eman dudan denbora honetan guztian, hainbat miliziano gure lerroetara igaro da. Serrano kapitainaren zenturia atxiki digute eta Goi Mailako Agintaritzaren aginduz orain gurea Falangeren 3. Zenturia deitzen da, Falangeren 4. Bandera eta Nafarroako 2. Brigadaren barruan. Kapitain izendatu dute Victor Calderon tenientea, gure Zenturiaren nagusia, eta Martin, gure Taldeko beste Zenturia batekoa.

      Martxoak 12. Zortzi metrailadore errusiar eta 4 fusil metrailadore jaso ditugu taldean, gure Eskuadrak ‘Mar Cantábrico’ itsasontzitik hartuak.

      Hilak 16. Bi miliziano gorri gure lerroetara pasatu dira.

      Hainbat egunez gure hegazkinak ikusi ditugu jardunean gogor, Legutioko fronterantz egiten ari den aurreraldia dela eta.

      Hilak 31. Bost zauritu jaso ditugu, eta berehala ebakuatu ditugu ospitalerantz. Gomez Ruiz kapitainaren Zenturiatik iritsi dira, goizeko 5 eta erdietan baserrian jo duen mortero kolpe baten ondorioz”.

 

 

1937ko apirilean, Frecce Nere brigadaren soldaduek ordeztu dituzte kostaldea babesten zuten Nafarroako 2. Brigadaren indarrak. Apirilaren 26ko ilunabarrean, Euskadiko Armadak abandonatu egin ditu Ondarroatik gertu zeuzkan posizioak, eta mendebalderantz erretiratu da. Biharamunean hasita, Ondarroatik bertatik hasi da erasotzen brigada italiarra.

 

 

“Apirilak 4. Atorra Beltzen 2. Brigada Mistotik iritsitakoek txanda eman digute. Guk era berean txanda hartu diegu Arapiles batailoiko bati Yeaiteberri baserrian, itsaso gainetik 600 bat metrora, eta etsaien lubakien lehen lerroa 400 metro eskasetara dugula.

      Hilak 5. Arratsalde osoa zain eman ondoren, eta goi agintarien manatuak gaizki interpretatzearen ondorioz, gure postuak atzoko Brigada beraren beste konpainia batek betetzen zituenean, Ondarroara jaitsi ginen, eta hara iritsi ginen gaueko hamar eta erdietan. Gorriak enteratu zirenean gure txandatzeaz (guretzat ustekabekoa), 15 eta erdiko granadak hasi zitzaizkigun jaurtitzen eta, noski, esperatzekoa zen alarma piztu zuten herritarren artean. Izututa, ohetik jaiki eta aterpeetara ihes egin zuten ziztuan. Zorionez, egindako tiroek, 25 inguru, apenas eragin zuten kalte materialik.

      Guk bahitutako kafetegi batean hartu behar izan genuen ostatu, zoruko oholtza ohe.

      Hilak 6. Atzoko ordenaren inguruan zeuden zalantzak behin argituta, eta gure komandante Emilio Gonzalez Unzaluren hitzaldiaren ondoren, non eman digun geure indarren buruzagi Mola jeneral jaun gorenaren ofizio baten berri, esaten baitu, besteak beste, konfiantza oso handia duela nafarrengan eta bereziki 4. Bandera honetan lehen lerroa gu gabe uzteko, itxaropen handia daukala guregan, eta jakingo dugula orain arte bezala heroikoki eta maitasunez jokatzen, atzoko posiziorantz abiatu gara.

      Hilak 11. Hainbat hegazkin-pilotu eta marinel alemaniarren bisita jaso dugu.

      Hilak 13. Eguerdian joan gara etsaiaren lurraldea ezagutzera eta lubakietaraino iritsi gara eta fusil bat ekarri dugu, abandonatuta dagoena; aditu batzuen ustez, poloniarra zen. Arratsaldean pentsaezinezko bonbardaketa baten helburu izan gara: bat 15 ½ zaharrekoa zen, beste bat 15 modernoa, bi 7’5ekoa eta beste bi mortero. Denak posizio estrategikoetan zeuden kokatuta.

      7’5eko granada bat lotarako daukagun etxolan sartu da, guardiakoak aterpean zeudela, eta erabat suntsitu ditu lau fusil eta zorroak eta, jakina, barruan gordetzen zutena; zerbitzuko guztia alegia. Gero, beste bat iritsi da haiek zeuden tokira, baina, horren zori onarekin, ez baita lehertu. Eragin duen ondorio bakarra izan da Lukingo Eulogio Lander Espositori egin dion txitxoia, errebotez bada ere bere buru gainean amaitu baita. Suntsitzea lortu zuten bakarra parapeto bat izan zen.

      Denok baserritik kanpoan egon behar izan dugu, etsaiak oparitzen zizkigun tiroetatik babestuta. Haiek, gainera, denbora honetan bi hegazkin bidali dituzte Ondarroa bonbardatzera.

      Ez zuten asmo doilor hori obratzeko paradarik izan, gure beste bost hegazkin erretirada mozten saiatu direlako; eta lortu dute (gure komandanteak telefonoz azaldu digun bezala) haietako bi botatzea.

      Hilak 14. Atorra Beltzen beste konpainia bat etorri da gure posiziora, eta gu Saturraranera jaitsi gara, Ondarroatik gertu.

      Hilak 16. Armetxeko posiziora igo gara.

      Hilak 18. Gure gainetik igaro dira zazpi hegazkin nazional. Mota guztietako 8 bateria, gureak, erasoan ari dira indar handiz.

      Hilak 20. Berdin: hegazkin bat. Eta ikusten ari gara beste 25 bat, etsaiaren Nureo mendiko posizioa bonbardatzen. Gure artilleria, aurreko egunetan bezala.

      Hilak 22. Beste lau hegazkin, azken egunetan bezala, baina Urkiola eta Gorbeiako mendietatik gertu. Arratsaldean, fusilekin gogor jo du etsaiak, eta lau zauritu larri eragin dizkigu.

      Hilak 24. Egun ederra esnatu da, eta goizeko 7etarako gure hegazkinak lanean ari ziren, 20 bat. Arratsaldean Kalamua eta Arrate bonbardatu dute. Gure inguruan, kanoiak gogor ari dira bi aldeetatik.

      Hilak 25. Goizeko zortzietan Atorra Beltzen konpainia batek hartu digu erreleboa. San Jeronimora jaitsi gara bazkaltzera, eta berehala Debaraino eraman gaituzten kamioietara igo gara. Hemendik, trenez, eta hainbat bagoi aldaketa egin ondoren, Arrasatera iritsi gara. Han zain genituen hainbat autobus, Elorriora eraman gaituztenak, bezperan hartua baitzen.

      Hilak 27. Hurrengo egunean, goizeko bostetan, hainbat autotan sartu gara, Berriztik barna, Durangotik gertu iristeko, gure indarrek mehatxatzen dutena. Itunza baserrian aterpetu gara baina bazkaltzeko besterik ez, berehala atera garelako. Atzeguardian geratu gara, ilundu arte, eta orduan baserri berera itzuli gara.

      Hilak 28. Kafea hartu dugu goizeko 5 eta erdietan, eta berehala abiatu gara abanguardiara gure tokia hartzera.

      9 eta erdietan Garaitik pasatu gara, beste bandera batekin batera, eta hortik jarraitu dugu mendiz mendi Durango gainetik pasatzeko, oraindik etsaiaren eskuetan dagoena, eta Lizarrako Arapilesko 2. Konpainia ordeztu dugu. Taldearen gainerako Zenturiak beranduago iritsi dira. Arratsaldeko 4retan batailoi bereko 1. Konpainiak hartu digu txanda.

      San Kristobalgo ermitan behin batu garela Serrano kapitainaren Zenturiarekin, eta gure komandantea buru zela, ingurua ezagutzera abiatu gara eta gogor tirokatu gaituzte. Hiru kilometro inguru egin ondoren baselizara itzultzea erabaki dugu. Bi konpainia gaudenez, inguruan hartu behar izan dugu atsedena, nahiz eta euria gogor ari duen.

      Hilak 29. Ez gara gure posiziotik mugitzen, berritasunik ez guretzat, baina ikusi ahal izan dugu 25 hegazkin inguruk etsaia nola bonbardatu duten.

      Baselizako guardiari txanda hartu diogu eta bakarrik Serrano Konpainia eta gurea geratu gara.

      Hilak 30. Bezperako agindu bati esker...”.