Aurkibidea
Aurkibidea
Ergonomiaz
Ezkertegiak edo ezkerrentzat bereziki fabrikatutako produktuen saltokiak lurralde anglofonoetan loratu ziren, esan nahi baita, Amerikako Estatu Batuetan, Erresuma Batuan eta Australian. Lehenak, gutxi gorabehera 70eko hamarraldian zabalduak, ezker-ezkerra elbarritzen zuen sistema urratzeaz arduratu ziren nagusiki. Eta hala, kontserba-latak irekitzekoak, labana suitzarrak, guraizeak eta, oro har, ezker moldaezinarentzat eguneroko sufrikarioa ziren tresnen bertsio alderantzikatuak eskuragarri ipintzea izan zuten erronka. Esan gabe doa eskuinez trebe jarduterik ez zuten haurren guraso errukituak eta madarikazio ugari jasotakoak izan zirela gehienetan ekimen hauen bultzatzaileak.
Gero, ezkerrekiko onarpenak normaltze aldera egin zuenean, mesede egin nahia negozio behar bilakatu zen, eta nagusi direnen inposaketa arbuiatzen zuen multzo horrek, kopurutan gora zihoazen gutxi horiek, zaku interesgarri bat osatu zuten saltzaileentzat: ispilu efektuz berregin daitekeen oro eros lezaketen kontsumitzaile potentzialena.
Apurka, ezkerrentzako tresna lagungarri edo opari orijinal gisa definitutako elementu andana ipini ziren, aipatutakoez gainera, merkatura bidean. Esate batera, katiluak [29], zartagin eta burruntzali ahodunak [30], mota guztietako labanak [31] eta sukalde lanetarako tresna gehientsuenak, eskola nahiz bulegorako materiala (espirala eskuinean duten kaierak, era guztietako guraizeak, txorroskiloak, boligrafoak, alde batean mahai itxurako ohola duten aulkiak...), apaingarriak, eskumuturreko nahiz paretako erlojuak [32], aparatu elektronikoak (argazki eta bideo kamerak [33], ordenagailuetako joystick, xagu [34] eta teklatuak...), musika instrumentuak (gitarrak, gitarra akustikoak eta elektrikoak [35]...), kirol tresnak (golfean aritzeko makilak, baseballeko esku-zorroak...), beste aldera eraginez estutzen diren torlojuak nahiz zulagailuak bezalako erremintak, eta batek daki zer beste.
Ezkertegirik sonatuena, kasura, Ned Flandersena dugu, Simpsondarren bizilagun gogaikarriarena, alegia. Ospetsuenetakoa eta hornituena, antza, nagusiki saltzen duena merchandising gordin-gordina izan arren, mundu osoan hiru besterik ez omen diren automobiletako baten jabetzaz mintzo baitzitzaigun harro, haren ezkertasunaren lehertzea gertatzen den atalean.
Une batez marrazki bizia besterik ez dela ahantzi ahal bageneza, egundoko meritua aitortu beharko genioke hizkera xelebreko kristau fededun honi, irabazi handiko ofizioa utzi baitzuen atzean bere ezker joera hertsitu eta kontraesankor horri bide emateko. Meritua eta ausardia, esan behar, Leftorium delakoari ateak zabaldu baino lehenagotik ere bai baitzeuden beste bi ezkertegi Springfield-eko herrian. Konpetentzia estugarriak ere ez zuen ikaratu, beraz, Flanders jauna.
Proiektuaren alde, hastapenetatik baldintzarik gabeko segida emanez, telesaileko bi ezker ofizialak izan zituen ondoan. Alde batetik, Montgomery Burns, munduko aberatsenetakoa den izaki zikoitz, berekoi eta zimurra, zentral nuklearraren jabea. Bestetik, Bart Simpson, arte onik ez duen ume lotsabako eta bihurria, Matt Groeningek haurtzaroko bizipenak gogoratuz, bere irudira sortutako pertsonaia. Transferentzia esanguratsua, beraz, sortzaileak bere ezkertasunari eman diona.
Eta bi ezker "ofizialak" diogu, gainerako pertsonaia gehienak eskuintzat jotzen diren arren, ezkerren itxuran jaten edota idazten ikusiko baititugu sarritan. Marrazki bizidun japoniarretan ez bezala, pertsonaiaren ezker-eskuin koherentziari baino garrantzi handiagoa ematen zaio, esaterako, irudiaren enkoadreari.
Ezkertegietara itzulita, kontzeptua bera dugu kasik fikziozkoa hemen, ozeanoez harago joan gabe. Gure inguruan, ratio zabal batean ezagututako ezkertegi apurrek, erosle eskasiagatik babarrunak eltzetik ezin atera zituztela eta, aspaldi utzi baitzioten errealitate izateari.
Oro har, karioegi saldu nahi izatea leporatzen zaie saltoki hauei, produktuen prezioa homologoekiko bikoiztu edota kasik hirukoiztea, fabrikazio molde berrietatik abiatu behar izanda ere, jeneroaren benetako balioari neurririk ez hartzea. Ezin esan, ordea, Europa kontinentaleko ezkertegien porrotaren atzean dagoen arrazoi esanguratsuena denik.
Erantzukizunik handiena bezero izan behar omen zuten horien izateak berak duelakoan gaude. Ezkerrak ez baitira, izatez, zaku berean sartzekoak edo gauzei ekiteko moduan homologagarriak, ezta urrundik ere. Eskuin asko futbolean edota tenisean ezkerrez aritzen diren bezala, ezkerrez idazten duten askok eskuinez hartzen dute ordenagailuko xagua, eta ez lukete, esate batera, golf-makila berezia erabiliko edota gitarra alderantzikatu bat hobetsiko (Bob Dylan, Oasis-eko Noel Gallagher, Bide Ertzean-eko Joni Ubeda, kasu).
Baina elementu sofistikatuegiak dira, beharbada, aipatutako objektu horiek, populazio multzo murritz bat besterik ukitzen ez dutenak. Har dezagun adibide ilustragarri gisa, kasu hauetan gogora sarrien ekartzen den etxe-tresna: kontserba-latak irekitzekoa, sukalde guztietan aurkitzen dena. Albo batean duen hegal zorrotzak latorria zula dezan, nahitaez eskuin erpuruaz bultzatu behar izaten den traste horri buruz ari gara hizketan, edo haren bikitzat jo daitezkeenei buruz.
Ez da ezkerrik burdinazko tramankulutxo honen kontura komeriak bizi izan ez dituenik, trakets edota ezdeusa sentiarazi duelako madarikatu ez duenik, ezkerrari lotutako arazoez galdetuta, beronen adibidea istantean bota ez duenik. Inork gutxik izango du, hala ere, berezko joera horri aproposago zaion bertsioa etxean. Zergatik? Badenik ere ez jakiteagatik, ez konplikatzeagatik, interneteko ezkertegi birtualetan edo katalogo bidezko salerosketan [36] ez nahaspilatzeagatik, horren ortopedikoa sentitu nahi ez izateagatik... Auskalo. Nolanahi ere, produktuon salneurriaren berri jakin aurretiko arrazoiak dira denak.
Honen inguruko pentsamendurik sakonena, ezkerrentzako irekigailua doan emanda ere hartu nahi izan ez zuen ezker bati entzun nion. Ispilu aurrean jarrita bezala pentsatu beharrak sortzen duen bertigoa eta nagikeria argudiatzen zituen oparia errefusatzerakoan; eskuz aldatzeak —trebeenaren alde izanagatik ere— ekarriko lizkiokeen ikasketa-lanak, baldarkeriak, istriputxoak edota madarikazioak berritzeko nagikeria. Arrazoi beragatik bigarrenez trakets sentitzeko beldurra, azken finean.
Karanbola handiak behar, beraz, edozertara moldatzeko erreflexua hizketan baino lehen ikasten duen publikoa bereganatzeko. Lehen baldintza, saltokia oso bistan izatea edo ezkerrentzako tresnok hipermerkatuetara ere zabaltzea. Bigarrena, erabiltzailea propio trebatu gabea izatea, edo eskuindu gabea, ikasitakoa desegin behar ez izateko, ispilura begira bezala pentsatu behar ez izateko. Kasurik gehienetan haurra izatea, alegia. Eta honi lotuta dator hirugarrena: haurraren ardura duen guraso, tutore, irakasle, dena delakoa konturatzea eta konponbidea bilatu nahi izatea. Edota, dramatikoena, elbarritasunagatik, tresnok eskuratzea benetako beharra izatea.
[29] Helduleku bakarreko katilu inprimatuak. Belarria irudiaren eskuin aldean izaten dute, ezkerrez hartuz gero, irudia aurrean edo kanpora begira gera dadin.
[30] Zartagin eta burruntzali iturridunak. Olio soberakinak kentzeko edo saltsak platerera ateratzeko izaten duten iturritxoa euskarriaren ezkerraldean izaten dute. Alegia, isuri-bide hori erabiltzekotan, ontziok eskuinez hartu behar izaten dira derrigorrez. Ezkertegietan saltzen direnek iturritxoa euskarriaren eskuinean dute, ezkerrek, eta ezkerrez bakarrik, erabiltzeko moduan.
[31] Labana arriskutsuenak sorbatza alde bakarretik zorroztuta dutenak izaten dira. Eskuinen erosotasunerako pentsatuak direnez, alde zorrotza ezkerrean izaten dute, barrualdera edo erabiltzaileari begira gelditzeko moduan. Ezkerrari alde zorrotz hori kanpoaldera gelditzen zaionez, ez du mozketa behar bezala kontrolatzen eta hortik ebakiak egiteko arriskua. Arraina jateko erabiltzen diren labana arrunten kasuan, eskuinez hartu behar nahitaez. Ezkerrez hartzen direlarik, sorbatza goialdean gelditzen baita. Edozein etxetarako aproposenak, seguruen, sorbatza bi alboetatik zorroztuta duten labanak izaten dira, harakinek, Martin Berasategi bezalako sukaldariek erabiltzen dituztenak. Eskuinentzat nahiz ezkerrentzat balio baitute eta toki askotan saltzen dira.
[32] Erlojuak. Bi motatako erlojuak saltzen dira, nagusiki, ezkertegietan. Oboa guztiz alderantzikatua dutenak: 12 eta 6 zenbakiak berdin kokatuta daude. Aldiz, 1etik 5era bitarteko zenbakiak ezkerrean ageri dira eta 11tik 7ra bitartekoak eskuinean. Orratzak ezkerrerantz higitzen dira. Eskumuturrean eramatekoak: data eta gainerako datuak edota orratzak mugitzeko gurpiltxoa erlojuaren ezkerrean dute eta eskuin besoan eramaten dira. Batzuek oboa alderantzikatua dute eta beste batzuek ez.
[33] Argazki eta bideo kamara alderantzikatuak. Esan nahi baita, argazkia ateratzeko klikatzen den botoia nahiz bideo grabaketa agintzen duen botoia ezkerrean dute. Ikusgailuak eta euskarriak ere bai.
[34] Ordenagailu xagu gehienek, posizioa eta botoien funtzioak aldatzeko modua izaten dutenez, "ezkertzeko" modukoak izaten dira. Zer esanik ez, Macintosh-etakoak. Batere balio ez dutenak «ergonomiko» deitzen diren horiek dira. Hain justu, eskuinaren ergonomiari besterik begiratzen ez diotelako. Ezkertegietan eskuin ergonomiko horien bertsio alderantzikatuak aurkitzen dira eta ezin dira, noski, ezkerrez besterik erabili.
[35] Ezkerrentzako gitarra elektrikoek masta eta korden posizioa izaten dute alderantzikatua. Soinuaren emaitza aldatzeko nahiz distortsiorako erabiltzen diren botoiak ere beste aldean kokatzen dira. Musika-tresnak saltzen diren dendetan ere arrunki aurkitzen dira gaur egun. Ezkerrentzat bereziki fabrikatutako tresnen artean, estimatuenak eta salduenak dira diferentziaz.
[36] Ezkerrentzako produktuak era normalizatuan —alegia, ez salbuespen gisa— erosten dituzten bezero onenak ikastetxeetan aurkitzen dira. Saltoki berezietara jo gabe eskuratzen dituzte produktuok (batik bat mahaidun aulkiak, guraizeak eta antzekoak izaten dira), ohiko hornitzaileak egiten baitie eskaintza. Interneten izan nahiz paperean izan, nagusiki katalogo bidez egiten dute eskaera.