Mila ezker
Mila ezker
2009, saiakera
88 orrialde
978-84-92468-10-2
azala: Gorka Lasa
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
1995, kronika + argazkiak
 

 

Esku baldarra

 

Lopetegitarrak eta Muñagorritarrak Bastidara joaten ziren urtero opor-egun batzuk elkarrekin pasatzera. Laguntasunak lotutako bi senar-emazte eta hiruna seme-alaba biltzen ziren etxe berean. Haur asko dabilen toki guztietan bezalatsu, zalaparta faltarik ez zen izaten han, bereziki otorduetan, nork bere tokia hartu eta mahaian paratutakoa jateko garaia heltzen zenean. Bi familietako ume nagusienen artekoa izaten omen zen eguerdi-gauetako sesio errepikatuena. Zehazkiago esanda, Gorka Lopetegi eta Idoia Muñagorriren artean gertatu ohi zena. Elkarren aldamenean zituzten aulkietan eseri orduko pizten zen metxa, baina ez zuen ezin-eramanarekin zerikusirik, lehen kolpean itxura hori eman bazezakeen ere. Elkarri traba egiten ziotelako hasten ziren mokoka; mahai hartan bien ukondoek ezinbestean topo egiten zutelako; ondokoak beti behar baino toki gehiago hartzen zuela iruditzen zitzaielako batari zein besteari. Hitz bitan esanda, elkarri espazio bitala jaten ziotelako.

        Amei esker heldu zen konponbidea, bien tokiak alderantzikatuta erosoago ariko zirela konturatu zirenean. Handik aurrera, Gorkaren eskuinean jarri beharrean, mahaiaren ertzean eseriko zen Idoia, joeraz ezkerra izaki, bere albo iaioa mahaitik kanpoaldera zuela, eskuinez jaten duen inorekin topo egiteko arriskurik gabe.

        Egunerokotasunean egokitzapen ugari eskatzen du ezker izateak, automatikoki egin beharrekoak bi aldiz pentsatu beharra. Mahaian bezala, eskua ematean, diru bueltak jasotzean, agiriak sinatzean, metroko sarreretan tiketa sartzean, autoa gidatzean, irratiko sintonia bilatzean, kontserba-poteen tapak zabaltzean, torlojuak estutzean, lagunartean kartak banatzean...

        Ezustea harekin dakar ezkerrak. Eta zenbaitetan gaizkiulertua ere bai, Lorea Agirre kazetari eta unibertsitate irakasleak ederki dakienez. Gairik begikoenetako bat duela aitortu zidan duela gutxi, «bereziki munduarekin haserre egon, zakur eguna pasa eta etxera sartzerakoan, ateak, beti bezala, sarraila kontrako lekuan duenean». Gazteagotan, bere nolakotasunak ongi bereizten lagundu behar izan zien inguruko zenbaitzuei. «Dorpea ez, ezkerra!» argitu beharko zien sarri, trakeskeria aurpegiratzen hasten zitzaizkionean.

        Badu gizarte honek, edo badugu denok ere, hobeto esanda, patroitik ateratzen denari errezeloz begiratzeko joera intrintseko bat, arauz kanpokoa zigortzera edota legez kanpoko bihurtzera eramango gaituena. Eta badute oraindik ere zaharrenek, satanizazio garaiak aspaldi pasa ziren arren, "ezker" eta "oker" erremedio gabeki parekidetzera bultzatuko dituen lelo isilpeko bat, sistemaren eta bereziki eskolaren bitartez hotzikaretaraino sartua, ardia artaldera ekartzea ezinbesteko dela oihukatuko diena, "hobe beharrez akatsa zuzentzera" behartuko dituena.

        Paralelismo aski berria behar du izan, hala ere, euskaldunon kasuan. Erro sendorik gabekoa, gure baitako sineskeria ilunetatik abiatu gabe, orain ez horren aspaldi kutsatutakoa. Hizkuntza pentsamoldearen erakusleiho garrantzitsuena dela ontzat ematen badugu behintzat, ezkertasunaren kontrako aurreiritzirik apenas aurkituko baitugu gure arbasoen filosofian. Latinetik hartutako pare bat hitz eta gazteleratik nahiz frantsesetik egokitutako esamolderen batzuk besterik ez. Aski makalak ditugu, beraz, zapalkuntza sistematiko horren zantzuak euskaraz, inguruko kultura eta hizkuntzen aldean.

        Nire musika irakaslearen hitzak datozkit gogora. Haurrak ginela, sekulako enpeinua jarri zuen aitak musika-tresnaren bat jotzen ikas genezan. Zazpi bat urte izango zituen nire anaia zaharrenak eta bospasei neronek, solfeo eta piano eskolak hartzera bidali gintuztenean. Haur txiki hatz motzekoa izaki, aulki berezia behar izaten nuen pianoaren aurrean esertzeko, eta saltoka bezala jo behar izaten nituen notak, hatzak guztiz zabalduta ere, sobera handiak egiten baitzitzaizkidan teklak. Maisua bera, esan gabe doa, hasieratik aritu zen gogoz kontra nirekin. Bi bat hilabeteren buruan, musika eskolako atarian geldiarazi zuen gure aita. Anaiarekin gustura zegoela baina nirekin jai zegoela, solfeoan konpasa eramateko berdin, eskuak bereizten ere ez nekiela argudiatuko zion lehen momentutik. Gazteleraz, erantzuteko aukerarik uzten ez duen esaldi batez laburbildu zizkion bere ezin-eramanak eta nire ezintasun guztiak: «Si es que no hace una a derechas». Aitarengatik harro sentitzeko arrazoi bat gehiago sentitu nuen egun hartan, ohitura zen bezala irakasleari automatikoki arrazoia eman gabe, irribarretxo bat egin eta pazientzia hartu beharko zuela bota zionean.

        Istorioak istorio, tankera honetako esamolde ugari entzun izan dut geroztik, erdaraz. Pentsatzeko ahaleginik egin gabe etortzen dira galbahetik hitz-jariora, eta oharkabean pasatzen dira, eskuinaren nagusitasuna berresteko nahiz ezkerra lotsarazteko kontsigna biribilak balira bezala.

        Ezkerra, ezkertia gaucher edo gauchère da frantsesez. Gaucherie esaten zaio abildade ezari eta gauche edo maladroit erabat baldarra denari. Gazteleraz ere berdin, cero a la izquierda izatea leporatuko zaio ezdeusari. Aldiz, brazo derecho esango diogu konfiantza osoa duen laguntzaileari eta ojo derecho oso kuttun dugunari. Aski ezaguna, bestalde, gazteleraz, frantsesez nahiz beste hainbat hizkuntzatan ere, ohetik "ezkerreko hankaz jaikitzeak" dakarren desastrea.

        Gurera etorrita, joko izugarria eman dio euskaldunari eskuak. Susmagarriki, esan behar, "eskuin", "eskubi", "eskuma" eta "eskumen", "eskubide" hitzei erreparatzen bazaie. Kontzeptu bakoitzari bere elea eman zaio, sikiera. "Eskuin", "eskumen" nahiz "zuzen" eta "zuzenbide" adierak bakarrean bilduta ikusiko ditugu ingelesez, frantsesez nahiz gazteleraz, "right", "droit" eta "derecho" berbetan, hain justu, kontzeptu desberdin horiek denak noizbait bat eta bera izan direla iradoki nahiko baligute bezala. Do the Right Thing zioen Spike Lee zinemagile ezkerrari mundu mailako sona emango zion filmaren izenburuak.

        Albokeria "unibertsal" horren euskarazko ordaina ekarri nahi nuen, hain zuzen, lerrootara. Erlijio, hizkuntza, kultura nagusi guztietan utzi duen arrastoa gure hizkuntzan ere atzeman. Hazlo a derechas edo Hoy me he levantado con el pie izquierdo esamoldez erditzen den estigma hori kanporatu. Ezin, ordea, gauza handirik aurkitu. Ez idatzita utzi zaigun ondarean, ez kaleko mintzairan. Gorrotoa ezkerreko begiz jota adierazten dela eta ezer gutxi gehiago.

        Horren ordez, eta sinbolismo politikoa bazterrera utzita, beste mota bateko datuak azaldu zaizkit nonahi. Esate baterako, protagonista nagusi ezkerrak, gure literaturan (Xepe, Juan Luis Zabalaren Galdu arte nobelakoa). Edo erremedio gabeki ezkerrerantz okertuta segitzen duen Guernica koadroa, gure poesian («Hotel Bel-Air» izenburuko poeman, Mikel Ibargurenen Deserriko karrikak liburuan). Eta intuizioaren, irudimenaren nahiz emozioen pareko diren ezker bihozkadak, gure abestietan (Eltzegor taldearen Ebihotz diskoan).

        Ezker paretak aurkitu ditut, halaber, gure paisaietan; eta mundu osoan ezagunak diren ezker olatuak, gure kostaldean. Baita ezker aihenak ere —eskuinetik ezkerreranzko helizeak osatzen dituzten landare igokari loretsu horiek, alegia—, balkoi, jardin eta baratzetan. Eta, noski, Nerbioi ibaiaren "ezkerraldean" kokatutako langile auzoak, industrializazio basatiaren biharamun gisa heldutako jauregi nahiz bestelako eraikin modernoak, populazio guneei dagokienez... Ezkertasunak ondoko erdaretan baino balio neutroagoa duela pentsatzeko aitzakia eman didaten xehetasunak aurkitu ditut, finean.

        Bitxia da. Ibaiak geografikoki deskribatzeko dagoen modu zabalduenari jarraitu genion Bilboaldea bitan banatu eta Barakaldok, Portugaletek, Santurtzik eta Sestaok osatzen duten eskualdea Ibar Ezkerra edo Ezkerraldea dela deliberatu genuenean. Hau da, ibaiaren sorburua atzean utzi eta itsasoratzen deneko norantzari. Hego eta Ipar terminoei heldu genien, ordea, Euskal Herria, Bidasoak marrazten duen lerroari segika, ezker-eskuin zatikatuta gelditu zitzaigunean.