Q): PROFETA BATI (JURGI OTEITZARI AZALDU NAHIRIK)
Behin batean gertatu zen,
eta ordutik aurrera
egunero gertatzen da,
gauza itsusi hau,
moldegaizki
hesteak apurtzen dizkiguna,
ezpaitiogu onerizten gaiztakeriari,
higuintasunari ezpaitiogu amorerik ematen.
Halaxen da mundua,
eta gaur egunean
inor ezta profeta bere mendean.
llargiak zeruan
laranja gorri bat dirudi
mundu honetan isuri den odolaren espilu.
Ilargian bizi bagintezke,
menturosoagoak izanen ginake.
Hea nork erregalatzen digun
marfilezko dorre bat,
eztezagun ikus
hemen gertatzen dena.
Nik eztut Jurgi Oteitza eskultorea ezagutzen,
baina hainbeste bider ikusi ditut haren harriak,
haren apostoluak,
bularretik eginikako baten ttua
edo gurdi batek zapaldurikako arratoiaren hilotza
balira bezala
kamino gaitz horretako bazterretan
eroririk,
ezen
oraindik eznaizen fariseoekin akort
geratzen;
harri hoek beren lekuan ikus ditzadan arte,
eztut errotarriekin
komekatuko.
Nire komunioa
haragizkoa eta odolezkoa
izanen da.
Hea noiz demonio, betetzen duten, bai,
harrizko aurpegi hori,
hortz-aginik gabe atso zahar baten begitarte zimela
baitirudi,
edo bestela,
hiltzat emanik,
garizuma luze bat balitz bezala,
krubitxet more bat
jartzen dioten,
euskaldun kristauaren aurpegia
eztadin
lotsaz
mora.
Lehengo egunean aurkitu nintzen
nire pintore hura gabe;
eta honela Iparragirreren historia
geratu zen
bere pintura gabe.
Biharamunean nire musikalari zintzoa
aienatu zen
infernura edo
airerik eztagoen leku batera,
eta honela Iparragirreren historia
geratu zen
bere musika gabe.
Eztut sekula nik ikusi
haur bat
hain emazurtz
nola
nire Iparragirre;
beraz,
Kantabriako itsasoaren kostaldera joan nintzen,
eta Izaroren aurrean negarrez,
nire poemaren urrezko orriak
entregatu nizkien
uhineri,
hobe baita itorik hil,
goseak baino.
Egunen batean Jurgi Oteitzarekin
otsaba bana txakolin gorri Arrankudiagako
edanen dugu,
eta orduan hura ere
kenduko didate,
eztadin inoiz munduan egon
poeta bat
ni bezain
bakarra.
Egunero Laudioko kanpandorrea ikusten dudanean,
fabriketako tximiniekin konparatzen dut,
eta ikusten dut
eztela hain gora,
diruak
fedeak baino
gorago
igotzen baitu.
Gure elizetako dorreek
haltuagoak izan behar dute,
eta zilo bat egin behar dugu
aldare nagusitik
goiko gurutzera
hea fariseoen otoitzek
zerura bide bat
bilatzen duten.
Orain Kaifas, ez bakarrik tenploan,
gobernategian ere,
zutik dago.
Eztira oraindik konturatu
zerura
fariseoen fabriketako keek
igotzen dutela,
ez
haien otoitzek.
Batek esan zidan lehengo batean
Aitaren belarriak gorrik daudela
hainbeste otoitz faltso entzutearekin.
Nik eztut holakorik sinesten, baina
emagaldueri eztiete dotrinarik irakatsi
eta publikanoek
gartzelaren kontrako hainbeste biro
eta hainbeste hitz zakar
esan dute,
ezen
oraingoz
mutu dauden.
Poetak bi klasetan berezi dira orain artean:
Prestuak eta doilorrak.
Orain artean, diot, bai, orain artean
prestuek egia esan dute beti,
eta doilorrek gezurra.
Baina orain egia esatea ezta naikoa,
orain arrazoia defenditu behar da,
eta orain harmak dira
gezurra eta egia.
Lehen arrazoia eta desarrazoia
harmak ziren
egiaren kontra edo fabore
edo
gezurraren.
Orain berriz egia eta gezurra
harmak dira
eztakit
arrazoiaren edo desarrazoiaren kontra edo fabore.
Lege zaharreko euskaldun prestu bati
inork esan balio inoiz,
euskaldun poeta batek
gezurrarekin defendituko zuela
arrazoia,
esanen zuen
lehenago apurtuko litzakeela munduaren ardatza
halakorik gertatu baino.
Holako egoera triste batera heldu gara, laguna.
Nik eztakit
Jurgi Oteitza defenditu behar dudan
edo
Jurgi Oteitzak ni defenditu behar nauen,
ezpaitidate esan
nor den
bietatik
emazurtzago.
Egia da Oteitzaren eskultura eztudala
nik konprenitzen,
baina ni eskolarik gabeko gizon bat naiz,
eta hori ezta harritzekoa.
Baina Jurgi Oteitzak nire poesia konprenituko du,
dudarik gabe,
gauza errezagorik ezpaita inoiz
gizonaren eskutikan
atera.
Jurgi Oteitzaren eskultura konprenitzeko
bista luzearen behar da,
baina nire poesia konprenitzeko
ezta behar
belarri zorrotzen,
agian
harek listoentzat eskulpitzen zuelako,
eta nik
tontoentzat
eskribitzen
dudalako.
Nire poesia oso merkea da,
herriaren ahotik hartu nuen
debalde,
eta debalde ematen diot
herriaren belarriari.
Orain Jurgi Oteitza
eztakit nun
egonen den.
Ni hemen nago,
Basurtun.
Gaur kontuak atera ditut
eta etxera bihurturik ikusten dut
oraindik
telebista erosteko
eztudala
aski
irabazten.
Bista laburra dut, eta nire sudurraren aurrean dena
ikusten dut
bakarrik.
Zer egin behar dudan
inork esan dizaidan
nahi nuke.
Hainbeste atetan jo nuen nire
denporako egunetan,
hainbeste esku bilatu nuen adiskidetasun
bila,
hainbeste andreren aurpegieri so egin nien
karino bila...
Baina orain eztago bihurrerarik.
Jurgi Oteitzak eztu jadanik
eskulpitzen,
bertsolariak
puntu aberatsen
eta
neurri gaitzen
etsai
deklaratu dira,
parlament-gizonek haien hautatzaileen kontra
diardukate...
Mundu honetan eznuke
bizi nahi.
Mila gezur esan behar ditut,
hea gizon prestuaren itxura
hartzen dudan:
Konparazio baterako:
Gizon onek andre onak maitatzen dituzte
edo
andre onek gizon onak errespetatzen dituzte.
Euskera klaro batean
Oragin mintza gaitean
Eznator derrigorrean
Ezpada borondatean.
Lehengo egunean esan zuen gizon zuhur batek
gizon zoroak ere behar diradela
mundu honetan.
Eztakit nola atrebitzen naizen
honela eskribitzera,
euskera klaro batean,
euskal garbi honetan.
Nik nahiago nuke,
egiaz diot,
holako hitz zakarrik
ez erabili,
ni ere garbi-zalea bainaiz,
hala esaten nion lehengo egunean
gure jakintsuari,
nahiago nituzke
gure euskal berbo erromanizatu honetatik
erdal modu guztiak
sustraitik kendu,
nahiago nuke
iberiar eskrituran
eskribitu,
nahiago nioke
grekotik
hartu dugun
teknik hitz bakoitzari
euskal hitz egoki bat
kausitu,
eztadin honela
nirekin hasarra
inor,
eztezan inork
nigan
euskeraren kontrako gorrotorik
bila...
Baina hola gertatu da,
eta nik eztut kulparik.
Mundu guztiaren kontra
nola ausartuko nintzake?
Nire lekua dago
herriaren aldean.
Nirekin dagoena
Euskal Herriarekin dago,
ni harekin bainago.
Udarregi bertsolariak
etzekien erderaz
mintzatzen,
baina hala ere
erdera asko zekien.
Hemen, Laudion, bizi den gizon horrek
eztu sekula konprenituko
ze diferentzia haundia ematen dion
gure aberriaren bizitza propioari
Z jostagarri horrek.
Basarrik berriz erderaz daki
ederki,
nik beste;
Baina hala ere eztu
erderarikan batere
ikasi.
Orain ikasi
behar dut
erdera.
Baina holako gauza gaitzik ikasitzeko,
eztu oraindik inork libururik
eskribitu,
eta honela
nire aprendiz-aroak
luzaro
iraunen du.
Orain galdera bat egin nahi diot
eztakit nori:
Zergatik metitu ote naiz
halako enplego txar batean?
Zergatik sartu ote nituen
sudurrak
hain kirats txarreko
zer-egin honetan?
Baina zergatik?
Eznintzen ni ederki bizi
Bilboko hirian,
gaztelaniaz,
hispanidadean?
Baina ez.
Nire leinuaren ezagugarria da.
Ur lasterraren kontra iher egiten dugu.
Baina hau nola ulertuko da?
Nola adituko da?
Herriaren karruzelean dantzan egiten badut,
nola izanen naiz otso bakarti bat?
Kaietako tafernetan arno beltza edanen badut
aleman ontziari planto egin dioten langileekin,
nola hartuko dut
eremutarren
antzik?
Baina hau erraxki konprenituko du Jurgi Oteitzak,
Gabriel Zelaiak eta Augustin Ibarrolak ere
konprenitu duten
bezala,
nire lagun guztiek,
nik ezagutu bai eta eztitudanek
konprenitu edo
konprenituko duten bezala.
Nire burruka, hala ere,
haundiagoa da.
Nire lagunen etsaiak
adimentutsuak dira;
nireak berriz, adimenturik
gabekoak.
Jainkoak libra gaitzala,
esan zuen Bladik,
neskatxa itsusietatik.
Nik diot:
Deabruak gaitzala libra
agure eroetatik.
Bilbon agure ero bat dago,
zeinaren izenaz akordatu ere
eztudan nahi.
Jesukristok berak ere etzuen ukan
etsai traketsagorik.
Aireari eta Arenaleko astigarrari
galdetuko nieke
zer deabru edo zer aingeru
egin diodan nik
gizon horri.
Nire aurpegia etzaio gustatuko?
Baina espiluan begiratzen diot ene buruari,
eta ikusten dut
nire begitarteak
eztirela
itsusiak.
Egia da antiojuak erabiltzen ditudala
eta ezpainaren gainean
eztadukadala
biboterikan,
baina hala ere
edozein andrek
hartuko ninduke
galaitzat.
Holakorik ezta gertatzen,
dirua kario erosten delako
mundu honetan.
Baina nire bizitzaren historia kontatzen
ausartuko banintz,
inork ezninduke aurkituko
hain higuingarri.
Baina ahal balu
agure ero horrek
bizien arteko listatik
borratuko ninduke.
Zorriak oso
aspergarriak
dira.
Koreako gerran naikoa nahigabe
eman zidaten,
Baina orain,
baketean,
hainbeste dutxa egonik,
eztakit
nola sortzen diren.
Nik eztut sinesten
lurra mintza dakiola
inori,
baina hala ere
gizon oso prestu batek esan zidan lehengo egunean
Jurgi Oteitzak,
Aita Donostiaren oroitarria imajinatu baino lehen,
kromleketako lurrarekin
egin zuela
hitz,
lurrean geratzen baitira
ez bakarrik gizonen eta andreen hezurrak,
baita haien pentsamentuak eta sentimentuak ere
baizik.
Jurgi Oteitzak
lurrarekin hitz egin zuen;
nik eztut holakorik sinesten,
baina hala ere
egia dela
dakit.
Jurgi Oteitza ezpaita gizon bat,
Jurgi Oteitza gizonago bat baita;
azken bolada honetan pentsamentura ekarri naute
hura
profeta bat
dela.
Antigoalean
profetak
harrika
hiltzen zituzten.
Gaur egunean
arbuioz,
desamodioz
eta
desprezioz.
Nik eztakit nola Jurgi Oteitzak
agoantatu duen
orain artean
hainbeste
desprezio
Bilboko zorriak
Euskalerri guztira
sakabanatu dira.
Horrelako izurterik ezta ikusi
Europan
Edade Ilunetik;
bakarrik
aurkituko da
konparazioa
Enperadoreen Aldiko
Sinan
edo
behi sakratuen
Hindia pobreegitu horretan.
Zorriak abaro bila doaz, ez bakarrik
soldadoen eta garbitzaleen semeen buruetara,
orain Akademietan
eta Apezpikutegietan
aurkitu dute
babesa;
persona normalak balira bezala
jubilatu egiten dira;
diote:
Horren eskuak (edo arima, berdin baitie),
gorriz tintaturik daude.
Eta honela deskomekatzen dituzte
Parnasotik
poetak,
eskultoreak
edo pintoreak;
elizatik
etxeko jaun prestuak;
fabrikatik
langile trebeenak.
Edo deskomekatzen ezpadituzte,
asper-arazitzen diete,
eta azkenean
dimisioa presenta-arazitzen diete
motiborik apurrenarekin.
Nik
poetatzatik
dimisioa
presentatu nuen
kantsazioaren aitzakiarekin.
Baina nola aitzakia hura gezurrezkoa zen,
berriz ere hartu nuen eskuan mailua,
eta Kantabriako itsasoa jo dut kolpeka.
Jurgi Oteitzak ere
kromlekaren aitzakiarekin
dimisioa presentatu zuen
eskultoretzatik,
baina hala ere
inork eztio Euskalerriari
penamenik eman.
Euskaltzaleak ezkara lutoz
beztitu.
Tente jarraitzen dugu,
jakin gabe
munduan behin eskultore bat egon zela
Jurgi Oteitzaren izenarekin.
Nik eztakit Jurgi Oteitzak zer esanen duen
poesi-puntu hauk irakur ditzanean.
Behar-bada esanen du
nik eztudala bururik,
(Egia da eztudala txapelik edo ereinotz-koroarik irabazi nahi)
esanen du,
naski,
Bilbon eztagoela sobera kanorerik,
sobera zentzurik,
eta honekin erakutsiko dit
nola
profetak ere
zorritasunez
kutsa litezkeen.
Baina nik azaldu behar diot,
esplikatuko diot,
zer den,
zergatik bera oraindikan ezten
euskal arimaren zolara heldu,
gu itotzen garen
infernu behere honetara.
Gu ezkara hemen lasai
bizi.
Guk eztugu sentitzen
paradisu bat.
Dantek ere etzuen holakorik
asmatuko.
Hau da basatza haundi bat.
Hemen aingeruen arimak ere likistuko lirake.
Hemen bakarrik gordetzen dira garbirik
dontzeila aberatsen florea,
ezen ez lorea.
Hemen ezin liteke hasnasarik har.
Hemen ito egiten da libertatea.
Gizonak erosten dira,
sagarrak bezala,
andreak saltzen dira
madariak bezala.
Hemen orok du bere prezioa:
Eskeinduera eta eskatueraren erreinua da hau.
Hemen Jurgi Oteitzaren eskulturak ere,
Agustin Ibarrolaren pinturak ere,
Gabriel Zelaiaren poesiak ere,
saldu eta erosi egiten dira.
Hemen bakarrik gauza bat dago
inork saltzen edo erosten eztuena
eta hori da
Gabriel Arestiren poesia,
hain merkea baita
ezen eztuen preziorikan.
Nik eztiot
botako
hemen gertatzen denaren kulpa
inori;
Madrilen eta Parisen ere
aingeruxka inuzentak dira,
eta Bilboko eta Donostiako kapitalisten gainean ere
eznaiz ausartuko,
haien arimetan
ezpaiomendago
Adamen bekatutik
arrastorik ere.
Hemen oro da garbitasuna,
langileen andreek
beren gizonen izerdiak
kentzen baitituzte
banko-etxeetako patioetatikan.
Egunkari katolikoak ere egiaztiak dira.
Hemen eztu inork gezurrikan esaten.
Hemen oro da zilegi,
baita euzkotar abertzaleen erotasuna ere.
Hemen inor ezta konturatzen
ekaitz haundia
hurbil
dagoela...
Baina nola esplikatuko diot nik
hau
Jurgi Oteitzari,
nola sartuko diot Gabriel Zelaiari
nik
hau
buruan,
nola ausartuko nintzake ni
Augustin Ibarrolari
honen gainean
mintzatzen,
ni baino jakintsuagoak
baldin
badira?
Inork eztu
nik baino
adimenturik gutxiago.
Gabriel,
nun dago
kanorea,
nun daukazu
zentzua?
Gabriel Aresti Segurola,
mutil gaisoa,
zergatik atrebitu zinen
itsaso honetan,
enplego txar batean
zinaden metitu,
horregatik etzinen
hemen ametitu.
Oterori diotsat:
Qué tal Hikmet y tú?
Konta zaidazu bada...
Baina hau ezta zortziko txikiaren ordua.
Hemen gertatzen dena
kontatu behar dut.
Zortziko nagusian
kantatu behar dut.
Gure Euskalerria
sendatu behar dut.
Arrisku honetatik...
Baina hau ezta bertsolarien eguna.
Lehengo egunean egon nintzen
Gernikako frontoian.
Leihoak
ikusirik han
goian,
pentsatzen dut gure gauza
galdu zela sasoian.
Bart entzun nion bati
euskal kuzinaren gainean mintzatzen,
nola arraultzak jarri behar diren
sukaldearen azpian.
Nire gainean zerua,
nire azpian lurra...
Nire gainean eztute hitzik egiten,
baina kentzen dute hautsa
nire azpitik,
inuntzi batekin.
Eta orain Jurgi Oteitzari esan behar diot egia:
Errusinolaren kantuak
nire arima
bakez
betetzen du.
Hura entzuten dudanean
melodia atsegin bat
sortutzen zait
barnean.
Errusinolaren kantuak
gogora ekarten dit
nire amaren sabelean
gozatzen nuen
naretasuna.
Itsasoaren uhinetan
enbarkatuko banintz,
eznintzake
mundu ederrago batetik
nabegatuko
inola.
Nazareteko Jesus
etzen nabegatu
bederatzi hilabete haietan
kontentago.
Mundua ederra da,
errusinolaren kantua baino
ederragoa;
Nerbioneko hibarrean
udazkeneko arratsetan
pinudiek
arimari ematen diote
mosutxu luze bat;
negar egin nahi balukete bezala
iluntasun argi batez
betetzen dira,
badirudi nire alaba nagusiaren aurpegia
kopiatzen dutela,
hari
Nerea,
deiadar egiten diodanean,
tristeziaz betetzen baita,
eta
Guria izan da,
ihardesten badit,
eta gero
Etor hadi honera,
esaten diodanean,
hik eztun ezer egin,
eta hire inuzentziaren errua
eztadukan zergatik
hire ahizparen gainean
bota,
haurtxoari alaitasuna baitatorkio
begitartera.
Horrelakoa da gure lur maitea
Nerbion hibaiaren ondoan,
udaren eta neguaren arteko egun nabarretan,
gau iluna hurbiltzen zaigunean,
ilunabarra
erori baino lehen.
Nik eztakit, bada, zer dudan, ez, maiteago,
gure lurra
edo
nire alabak.
Haek dira niretzat
lurreko gatza,
itsasoko usaia
eta aireko soinua.
Errusinolaren kantua motza da
haiekin konparaturik.
Nire alabekin baldin banoa
espiritutsuagoa da arno zuria,
zaporetsuagoa muskuilua
eta
urrintsuagoa Birjiniako orria.
Argia
argiagoa da,
haizea
epelagoa,
eta uhinak
ederragoak.
Argia da egun oso luze bat,
haizea da igurikiera atsegin bat,
uhinak dira gizonaren gogoak deseaturikako gutiziak.
Nire adiskideak dira,
Mundakako elizondoan jezartzen naizenean,
nire begiak Izarori erregalatzen dizkiot
eta haiekin mintzatzen naiz luzaro.
Egun batean bertan nengoelarik,
kopla bat kantatu nion:
Hor zaude apal Izaro
Hementxe harro Lazaro
Bizitza berri honetan iraun
Azi nezazu luzaro.
Baina damutu nintzen,
gure mintzabideak ezpaitu lekurik hartzen
hitzetan,
hobe baita
mutu geratu,
ezen ez hitzetako pisu traketsarekin
adiskidetasuna
trabatu
eta zikindu.
Asko maitatzen dut
Kantabriako itsasoa,
nire lagunen presentzia
eskeintzen baitit.
Baina bertan nagoenean
Nerbioneko hibar goikoa
etortzen zait gogora,
eta orduan Bizkaia arineketan igaratzen dut,
Arrigorriagatik gora igotzen dut,
eta pinudien presentziaren aurrean
nire lagunen ausentzia
damu dut.