Kontrabajua
Kontrabajua
Patrick Suskind
taldea: Maskarada
1988, antzerkia
56 orrialde
84-86766-04-4
Patrick Suskind
1949
 
Kontrabajua
Patrick Suskind
taldea: Maskarada
1988, antzerkia
56 orrialde
84-86766-04-4
aurkibidea

Aurkibidea

Atarikoak

 

Kontrabajua

(Gela bat. Beste gauza butzuren artean, kontrabaju bat eta musika-ekipoa ageri dira. Disko bat entzuten da, Brahms-en Bigarren Sinfonia. Gizon gazte bat sartzen da eta hítz egiten hasten da).

      Egon pixka batean... badator... Oraintxe! Ez duzue entzuten? Ja! Oraintxe! Entzuten duzue? Berehala itzuliko da, pasarte berbera; egon pixka batean.

      Oraintxe! Entzuten duzue? Bajuei buruz ari naiz. Kontrabajuei buruz...

      Neu naiz hori. Edo, hobeto esateko, geu gara. Nire kolegak eta neu. Orkesta Nazionala. Brahms-en Bigarrena harrigarria da. Zortzi gara guztira. Lantzean behin kanpotik etortzen dira eta hamar izateraino iristen gara. Ez hori bakarrik, hamabi ere izan gara inoiz, eta hori ez da edozelango gauza, egidazue kasu, ez da edozer. Hamabi kontrabajuri, beraiek nahi izanez gero -teorian ari naiz eh!, jakina- ezin zaie eutsi ez eta orkesta oso baten languntzaz ere. Izan ere, geu gabe ezin zaio ezertxori ere heldu. Galde egiozue edonori. Edozein musikarik baieztatuko dizue, gogo onez baieztatu ere, orkesta batek zuzendaririk gabe ere jo dezakeela, kontrabajurik gabe, ezin ordea. Orkestek ehundaka urtez jo izan dute zuzendaririk gabe. Urrunago joan barik, gu geu ere, orkesta nazionalekook, holaxe aritzen gara, zuzendariari bat ere kasurik egin gabe... Bere kontura uzten dugu han, aspertu arte, aidean pintzelkadak botatzen, guk lurrean zapata hotsa egiten dugun bitartean. Zuzendari Nagusia bada, orduan ez; baina bestela, orkesta gonbidatu baten zuzendaria denean, halakoetan ia beti. lzkutu-izkutuan gordetzeko plazerrak dira horiek, ia-ia aipatu ere egin behar ez direnak. Dena dela, haritik kanpora dago guztiau.

      Beste alde batetik, ordea, ezinezkoa litzateke kontrabajurik gabeko orkesta bat asmatzea. Egon, badaude, lehenengo bibolinik ez daukaten orkestak, haize-musikatresnarik ez daukatenak, tinbalik eta tronpetarik gabekoak. Baina baju gabekorik ez.

      Beraz, kontrabajua da, alde handiz izan ere, orkestaren musikatresnarik funtsezkoena. Nahiz eta, sarritan, halakotzat hartu ez. Eta hala ere, orkestaren oinarrizko egitura guztia osatzen du, ze, orkestaren gainerako guztiak, baita zuzendariak ere, beronen pentzura ibili behar du. Utziegizue bajua alde batera eta ikusiko duzue nolako nahaste-borrastea sortzen den, hura bai izango dela Babel edo Sodoma, ja inortxok ere ez du jakingo zergatik eta zertarako jotzen duen. Imajina ezazue, esate baterako, Schubert-en Si minorreko Sinfonia, bajurik gabe. Begibistan dago: akabo Sinfonia! Eta horrekin batera, akabo orkestaren inguruko literatura guztia ere, A-tik hasi eta Z-rainoko guztia, eta zeuek nahi duzuen beste guztia ere akabo: sinfoniak, operak, errezitalak; kontrabajurik ez badute behinik behin. Eta galde egiozue orkestako musikari bati ea noiz hasten den haria galtzen. Galdegiozue, bai, eta esango dizue: kontrabajurik entzuten ez duenean. Ederra kontua! Jazz-banda batean oraindik nabarmenago. Bajua albo batera uzten bada, jazz-banda osoa bertan behera jausi, hautsi eta desegiten da -oraingoan zentzu figuratuan ari naiz- denak eztanda egin izan balu bezala. Denak galtzen du zentzua gainerako musikarientzat. Bestalde, ni jazzaren aurkakoa naiz, gaitzetsi egiten dut, baita rocka eta beste antzeko batzuk ere, ze ni, edertasunaren zentzu klasikoan hezita nagoen artista naizenez, inprobisazio librearen anarkiak amorrarazten nau beste edozerk baino gehiago. Baina hau ere haritik kanpora dago.

      Argi eta garbi utzi nahi nuen gauza bakarra hauxe da: kontrabajua dela orkestaren ardatza, orkestako tresna nagusia. Jakin, mundu guztiak daki hori, gertatzen dena da gero inork ez duela horrelakorik garbi aitortzen, orkesta-musikaria jeloskor xamarra delako berez. Onartuko ote luke gure lehen bibolin-jotzaileak kontrabajuaren euskarririk gabe erroparik gabeko enperadorea dela?, bere handiustearen eta ezerezaren irudi barregarria besterik ez dela? Ezta mola ere, ez horixe!

      Zuen baimenaz, zurrutadatxo bat edango nuke...

      ...Gizon umila naiz, baina musikaria naizenez gero, ezagutu, ondotxo ezagutzen dut nire alorra, gure sustraiak babesten dituen amalurra, asmakizun musikal guztien sorburu den indar-iturria, musikaren hazia ernarazten duen bizigunea. Horixe naiz ni! Zera esan nahi nuen, horixe dela bajua, kontrabajua. Eta gainerako guztia bestaldeko puntan dagoela. Gainerako guztia zerbait izango bada, musikaren bizigune izango bada, kontrabajuaren bidez izango dela.

      Sopranoa, esate baterako. Operaz ari naiz orain. Sopranoa, zera... ez dakit nola adierazi... Begira, orain soprano gazte bat dugu operan, mezzosopronoa... abots ugari entzun dut, baina horrena hunkigarria da benetan. Emakume horrek barne-muinetaramo hunkitzen nau. Ja neskatxa bat da oraindik. Hogeita bost urte. Nik hogetia hamabost dauzkat; abuztuan hogeita hamasei beteko ditut. Emakume zoragarria. Inspirazio-iturri paregabea...!! Baina hau ere haritik kanpora dago.

      Ba bai, esaten nizuenez, kantari hau egunen batean -Sarah du izena-, egunen batean, esaten nuen, famatua egingo da. Musika kontuan ezer ulertzen badut, eta jakin nahikotxo dakit, egunen batean guztiz famatua izango dela diotsuet. Eta horretan guk, orkestakook, geure eragina izango dugu, eta bereziki kontrabajujoleok, nik neuk, alegia. Ez al da poztekoa?

      Tira ba, buelta gaitezen berriro lehengo harira: kontrabajua da, bere oniarrizko tonuari esker, orkestaren musikatresnarik funtsezkoena. Hitz batean esanda, kontrabajua da harizko tresnen artean bajuena. Mi bajueneraino jaisteko kapaz da. Beharbada hobe izango da adibide bat jartzen badizuet... Egon pixka batean.

      ...Izan ere, nire bajuak daukan gauzarik onena arkua da. Pfretzschner bat. Gaurregun bi mila eta bostehun onak balio ditu. Nik hirurehun eta pikutan erosi nuen. Zoratzekoa da azken hamar urteotan nola egin duen gorantz musikatresnen prezioak. Zer egingo diogu, bada.

      Ea bada!

(Kontrabajua jotzen du).

      Entzun duzue Mi hori? Zehatzago esanda: 41'2 hertzio, ondo afinaturik dagoenean. Egon badaude oraindik beherago egiteko kapaz diren bajuak, Do-raino eta are gehiago, Si bajueneraino; horrek esan nahi du 30'9 hertzio direla. Oinarri-oinarrian dagoen tonurik grabeena.

      Bestalde, kontrabajua da, zenbat eta urrunago egon, orduan eta hobekiago entzuten den musikatresna bakarra, eta honek bere arazoak sortzen ditu. Begira, gela guztia plaka akustikoz beterik daukat: hormak, sabaia, zorua. Atea, aho bikoa da eta akoltxaturik dago barrukaldetik. Leihoak kristal bereziz eginak dira eta markoak insonorizatuak. Dirutza ederra pagatu behar izan dut, baina hotsen ehuneko 95a jaten du. Hiriko zaratarik entzuten al duzue? Hiriaren erdi-erdian bizi naiz. Ez duzuela sinesten? Egon pixka batean!

(Leihoa zabaltzen du eta izugarrizko zarata entzuten da).

      Entzuten duzue? Berlioz-en Tedeuma bezain altua. Ikaragarria. Han, hotel bat lurrera botatzen ari dira, eta honuntzago, gertuago, bidegurutzean, duela bi urtetik hona metro-estazio bat eraikitzen dihardute; hori dela-eta, trafikoa kale honetara desbideratu dute. Horrez gain, gaur asteazkena da, zaramak batzeko eguna; horregatik entzuten dira kolpe neurtu horiek. Ba... durrunda hau, itzelezko zarata hau ia-ia 102 dezibeliotakoa da. Bai. Neurtuta daukat. Nahikoa da, ezta? Berriro zarratuko dut...

(Leihoa ixten du).

      Tira ba, orain ez da ezer entzuten. Insonorizazio ona daukat, ezta?

      Ederto. Eta orain adi egon apur batean! Aproba bat egingo dugu. Nire bajua nahiko arrunta da. Gutxi gorabehera 1910ean egindakoa, Tirol-eko hegoaldean seguru asko. Kaxaren luzeera metro eta hamabi, metro eta hogeita hamabi karakoleraino. Harien luzeera metro eta hamabikoa. Ez da aparteko tresna, ez, on samarra dela esan genezake, dexente ona beharbada; gaur egun zortzi mila marko eska nezake berorren truke, eta nik hiru mila eta bostehunean erosi nuen. Zoratzekoa. Tira ba, orain tonu bat joko dizuet, edozein, Do naturala adibidez...

(Jo egiten du).

      Ba bai. Hau pianissimo izan da. Orain piano joko dut...

(Berriro jotzen du).

      Ondo. Eta orain adi egon apur batean, mezzoforte eta forte bitartekoa joko dut-eta. Ez ahaztu ordea, gela insonorizatuta dagoela...

(Jo egiten du).

      Ondo. Eta orain egon pixka batean... ltxaron apur bat gehiago... berehala entzungo duzue...

(Zarata hotsa).

      Hara hor! Entzun duzue? Niemeyer anderea da, goian bizi dena. Zaratarik txikiena entzun baino ez, zoruari kolpeka hasten da eta halakoetan mezzofortearen muga gainditu dudala jakiten dut. Osterantzean emakume jatorra da. Hemen, ordea, gelan gaudenontzat, ez da soinu altuegia, apal xamarra beharbada. Orain, esate baterako, fortissimo joko banu... egon pixka batean...

(Jo egiten du).

      Esan liteke atera duen hotsa ez dela altuegia izan eta, hala ere, goian entzun egiten da, Niemeyer anderearenaren gaineko pisuan, eta behean, atezainaren etxebizitzan, eta baita albokoaren etxean ere. Ikusiko duzue nola deituko duten berehalaxe...

(Zarata hotsa).

      Ondo. Hauxe da nik musikatresnaren perkusio-indarra deitzen dudana, dardarazio bajuek sortzen dutena. Flauta edo tronpeta baten soinua ozenagoa dela uste izaten du jendeak, baina ez da horrela, ez bait dago perkusio-indarrik. Ez dago hedapenik. Ez dago 'body'rik, amerikarrek esan ohi dutenez. Nik badaukat 'body' hori, edo, hobeto esanda, nire tresnak badu 'body'rik. Eta horixe da tresna honek niretzat duen gustoko gauza bakarra. Horrez gain ez da ezertxo ere, kalamidade hutsa besterik ez da.

      Hamazazpi urte nituela hasi nintzen kontrabajua jotzen. Hogeita bost urte dauzkat orain. Ez zen borondatezko gauza izan, dontzeila bat haurdun gelditzearen antzeko zerbait izan zen, ez-usteko gauza. Flauta, bibolina, tronboia eta Dixieland delakoarekin aritu ondorén gertatutakoa. Baina hau aspaldiko kontua da. Bestalde, ez dut ezagutzen kolega bat ere, bera bere borondatez kontrabajua jotzen hasi denik. Eta neurri batean ez da harritzekoa. Musikatresna bezala ez da bat ere erabilgarria. Egia esan, kontrabajua musikatresna baino areago oztopoa dela esango nuke. Ezin duzu alde batetik bestera eraman, arrastaka bultzatu behar duzu eta, lurrera eroriz gero, hautsi egiten da. Kotxean sartu nahi izanez gero eskumaldeko jarlekua atera behar duzu, eta horrela ere kotxea gainezka beteta uzten dizu. Etxean beti daukazu traban. Alferrikako traste zahar batek baino leku gehiago behar du. Bai, hala da. Ez da piano baten modukoa. Pianoa altzari bat da. Ixten duzu eta hantxe egoten da utzitako lekuan, geldi. Kontrabajua ez, ordea. Kontrabajua beti traban eta enbarazuan... Banuen osaba bat beti gaisorik egoten zena, eta beti, behin eta berriro, inork jaramonik egiten ez ziola-eta erostaka ibiltzen zena. Halakoxea da kontrabajua ere. Gonbidatuak etortzen badira, bera izango da etxeko kutuna. Bera ibiliko da denen ahotan. Emakume batekin bakarrik egon nahi baduzu, hantxe egongo da kontrabajua, dena ikusten, dena begiratzen. Emakumearekin kutunketan hasi eta han daukazu kontrabajua, begiak zabal-zabalik. Beti eragiten dizu sentsazio berbera, egiten ari zarena barregarria eta trufarako motibo dela. Eta jakina, sentsazio hori igarri egiten da bikotean, eta halakoetan, badakizue zein antzekoak eta parekoak suertatzen diren larru kontuak eta barregarri gelditzeko bildurra, eta batez ere, zein gaitza izaten den azken hau ezkutatzea! A ze nazka! Ezin dut jarraitu. Barkaidazue...

      Badakit. Honek ez du gurearekin zerikusirik. Azken batean zuei bost axola. Beharbada gogaikarri egiten zaizue. Zuek zeuek ere zeuen gora-beherak izango dituzue arazo honen inguruan. Baina nik neure onetik atera eta behingoz argi eta garbi mintzatzeko eskubidea daukat, ez dezala inork pentsa orkesta nazionaleko kideok horrelako arazorik ez dugunik. Zeren eta, badira bi urte emakume batekin larrutan egin ez dudana, eta errua honexena da! Azkenengoz egin nuenean bainugelan giltzaperatu behar izan nuen, baina alfer-alferrik izan zen, haren izpiritua hantxe bait zegoen, geure gainetik, aidean, kalderoi bat bezala.

      Hurrego batean emakumeren bat ohera eramaten badut, eta hori ez da gauza segurua, ze, dagoeneko hogeita hamabost urte badauzkat, baina, ze arraio! ni baino itsusiagorik ere bada, eta gainera funtzionaria naiz, eta maitemintzeko sasoian nago oraindik...!

      Aizue...! Honez gero maitemindurik nago. Edo erdi liluraturik, ez dakit. Neskak berak ere ez daki. Zera da... lehenago aipatu dudan hori... opera-taldeko kantari gazte hori, Sarah izenekoa. Ez da gauza segurua bion artean holakorik gertatzea, baina inoiz... inoiz aukera sortuko balitz, egitekoa... bere etxean egiten ahaleginduko naiz. Edo hotel batean. Edo aire zabalean, izarren azpian, euririk ez bada.

      Kontrabajuari kalte egiten dion zerbait baldin badago, euria da. Euria egiten duenean kikildu egiten da, edo hobe esanda, hantu, blai eginda gelditzen da. Ez, euriak ez dio batere onik egiten. Ezta hotzak ere. Hotz dagoenean ere kikildu egiten da, eta halakoetan gutxienez bi ordu edo utzi behar da epeletan jo baino lehenago.

      Bai, lotura handia da. Baina maitasuna ere erakartzen du, benetan diotsuet. Behin, 74eko abenduan, paraje galdu batean geratu ginen elurte gogor batek harrapatuta, Ettal eta Oberau bitartean. Bi orduz itxaron. behar izan genuen grua etorri artean. Eta nik neure abrigua utzi behar izan nion eta neure gorputzez berotu. Gero, kontzertuan, bera epel-epel zegoen eta ni, artean, gripe latz batek jota.

      Zuen baimenaz pitin bat edango nuke.

      Ez, egia esan, inor ez da jaiotzez kontrabajurako sortu. Musikatresna honenganaino eramaten gaituen bidea, bihurgune, ustekabe eta amets urratuz beteta dago. Kontrabajujole izatearen edota honetara ailegatzearen adibiderik tipikoena neurea litzateke: aita gogorra, itogarria, funtzionaria, musikarako etorririk bat ere ez zuena; ama ahul, flautajole eta musikazalea; umetan ama miresten nuen beste edozeren gainetik; honek aita maite zuen; aitak nire arreba txikia; ni ez ninduen inork maite...

      Aitarenganako gorrotoa zela-ta erabaki nuen funtzionari izan beharrean artista izatea; eta nire amarenganako mendekua bete nahirik, musikatresnarik handiena, erabiltzeko aldrebesena eta soloak egiteko baldarrena aukeratu nuen; eta aman irainik mortalena egin, eta bide batez, aitari ere bere hilobi gainean azken ostikada ematearren, ni neu ere funtzionari sartu nintzen: alegia, orkesta nazionaleko hirugarren atrilean kontrabajua jotzen. Horrela, kontrabajuaren itxuraz baliatuz -emakume itxurako musikatresnarik handiena bait da berau-, egunero bortxatzen dut neure ama, eta sinbolikoki inzestozkoa den betidaniko harreman sexual hau, esan beharrik ere ez dago, moralaren hondamen etengabea dela eta etengabeko hondamen moral honen arrastoak gutariko bakoitzaren aurpegian, kontrabajujoleon aurpegietan, ageri direla. Honainoko guztia musikatresna honen alderdi psikoanalitikoa duzue, nahiz eta hori jakiteak ezer gutxi lagundu, zeren... psikoanalisia akabatua bait dago. Denok dakigu gaurregun psikoanalisia akabatua dagoena eta psikoanalisiak berak ere badaki hori. Lehenengo eta behin, psikoanalisiak, erantzuteko kapaz den baino galdera gehiago egiten duelako, eta bigarren..., baina... hau ere ez dator harira.

      Askotan sentitzen naiz bakarrik. Saiorik ez dugunean, ia beti egoten naiz etxean sartuta, bakarrik. Disko pare bat jarri eta lantzean behin entsaiatzeari ekiten diot, baina ilusiroik gabe, beti berdin. Gaur gaueko ekitaldiari Rin-eko Urrea izeneko piezaz emango diogu hasiera. Carlo Maria Giulini izango dugu zuzendari gonbidatua, eta lehen ministroa egongo da aurreko iladan; entzulegorik apainduena, sarreren prezioa hirurehun eta berrogeita hamar markotan, zoratzekoa! Niri, hala ere, horrek bost axola. Ez nabil ikasten. Rin-eko Urrean zortzi gara; beraz, bakarkako interpretazioak ez du inolako luzimendurik. Kontzertu-maisuak tonua eman eta gainerakoek han jarraitu... Sarahk ere kantatuko du. Hasieran bertan kantatuko du. Paper ederra eman diote eta bere balioa erakusteko aukera aparta izan lezake. Normalean, hamarretatik ordu batetara entsaiatzen dugu eta zazpietatik hamarretara lan egin. Gainontzeko orduak etxean ematen ditut, nire gela akustikoan sartuta. Galdutako likidoak uzten didan hutsunea betetzeko zerbeza batzuk edaten ditut. Eta sarritan, hartzen dut kontrabajua eta aurrez-aurre daukadan zumezko aulkiaren arrimuan jartzen- dut, arkua haren ondoan utzi, eta butakan jezarten naiz, han begira. Eta pentsatzen hasten naiz: halako tresna zatarrik! Begira egiozue, mesedez! Begira egiozue ondo! Atso zaharra ematen du eta lodia gainera! Mokor-hezurrak zabalegiak ditu eta gerri-buelta hain baldarra, hain altua eta itxuragabea...! Eta sorbalda ziztrin eta jausi horiek... zoratzekoa benetan! Kontrabajua da sekula asmatu den musikatresnarik potoloena, nazkagarriena eta baldrasena. Musikatresnarik barregarriena. Zenbat bider izan dudan mila zatitan apurtzeko gogoa! Zerra hartu eta dena zatitu! Haizkora hartu eta jo-ta txikitu! Apur-apur egin, birrindu, haustu.

      Zeren eta, bestalde, jotzeko ere guztiz nekeza eta gorrotagarria bait da. Atleta sendo batentzako lana. Han bakoitzari gogor sakatu behar zaio, bai, zoro baten moduan. Begira bestela, nire hatzamarrak. Begira! Hatzamar puntak gogor-gogor eginda dauzkat eta arrakalaz beterik. Hatzamar hauetan ez dut ezeren ikutua sentitzen. Orain dela egun batzuk hatzamar bat erre nuen eta ez nuen batere erreminik sentitu, ez nintzen konturatu ere egin harik eta erre-usaina sentitu arte. Hatzamarrik gabe geldituko nintzateke ezertaz ohartu gabe! Erremintari batek ere ez dauka honelako hatzamar puntarik. Gainera nire esku mengel hauek ez dira batere apropasak musikatresna gogor hau jotzeko, eta hori gutxi balitz ere, arkuari eragiteko izugarrizko indarra behar da eskumako besoan, ostantzean ez zaio kaja zahar honi inolako tonurik ateratzen, edo, tonu ederrik ez behintzat. Egia esan, tonu ederrik ezin zaio inondik ere atera, halakorik batere ez duelako. Zera hauek? Zera hauek ez dira tonuak, zera hauek... ez nuke hitz zatarrez adierazi nahi, baina esan liteke zera direla... zaraten artean zaratarik itsusienak! Zehatzago esanda, inor ez da kapaz kontrabaju batekin tonu ederrik jotzeko. Inortxo ere ez, ezta solistarik onena ere; fisika kontua da, ez trebetasun edo abilidade kontua, ze, kontrabaju batek ez dauka bere baitan halako armoniarik, ez dauka eta kitto!, besterik gabe; eta horrexegatik, hain zuzen ere, ateratzen ditu beti halako soinu itsusiak.

      Beno, entzun dezagun orain obra estandarra, kontrabajurako dagoen onena, nolabait esateko, kontrabajurako konposizioen artean gailurra jo duena, Karl Ditters von Dittersdorf-ena, entzun arretaz...

(Diskoa jartzen du).

      Hauxe da Dittersdorf-en Kontrabaju eta Orkestarako Kontzertua Mi Maiorren. Esaidazue argi eta garbi, ez al da ederra? Tira, nahikoa da!

(Diskoa kentzen du).

      Berriro entzun nahi duzue? Berriro entzun, den bezalakoa, konposizioari kasu egin gabe? Edo kadentzia hura? Berriro entzun nahi duzue kadentzia hura? Kadentziaren pasarte hori barreak lehertzeko modukoa da! Obraren soinua, oso-osorik negar egiteko modukoa da!

      Literaturan, guztira, kontrabaju eta orkestarako berrogeita hamar kontzertutik gora daude, denak entzute handirik gabeko konpositoreenak. Ala, ezagutzen al duzue Johann Sperger? Edota Domenico Dragonetti? Edo Bottesini? Edo Simandl edo Kussewitzki edo Holt edo Vanhal edo Otto Geier edo Hoffmeister edo Othaman Klose? Ezagutzen duzue horietarikoren bat? Kontrabajuaren maisuak dira. Funtsean, denak ni bezalako gizakumeak. Kontrabajujoleak, egonezinaren puruz, konposizio-lanetara behartuak eta hori, kontzertuetan antzematen da, ze, itxurazko konpositore batek ez du kontrabajurako musikarik idazten, hori baino gustu hobea dauka, bai horixe; eta kontrabajurako musika idazten duenean barre egiteko izaten da.

      Kamara-musika gehiago sortu beharko litzateke. Beharbada atseginagoa ere balitzateke. Baina zeinek onartuko ninduke nire kontrabajuarekin kinteto batean? Ez da errentagarria. Kontrabaju baten premia dutenean alokatu egiten dute. Eta beste horrenbeste zazpikote edo zortzikote batean. Ni ordea, ez naute hartuko.

      Schubert-en Amuarrainaren Kintetoa, adibidez. Aizue, karrera musikal baten ikuspegitik gailurra jotzea litzateke hori. Edozein kontrabajujoleren ametsa, Schubert... Baina hori urrun dago, oso urrun. Ez dut entzute handirik, esan nahi dut ez naizela beste asko baino hobea eta hirugarren atrilean jezarten naizela. Lehenengo atrilean gure solista egoten da eta beronen ondoan bigarren solista edo ordezkoa; bigarrenean, kontzertaria eta kontzertari-laguntzailea jezarten dira eta atzerago, gainerako guztiak, kontrabajujole-multzoa. Honek ez du kalitatearekin zer ikusirik, leku-banaketa besterik ez da. Zeren eta gogoan izan behar duzue orkesta bat jerarkiaren arabera osatua dagoela, eta hori horrela izanik, gizartearen irudi garbia dela. Ez gizarte jakin batena, orokorrean hartutako gizarte batena baizik: gure gain Zuzendari Nagusia daukagu, Musikako Zuzendari Nagusia ondoren, gero lehen bibolina dator, honen ostean bigarren bibolina, eta gero gainerako lehen eta bigarren bibolinak, biolak, txeloak, flautak, oboeak, klarineteak, fagotak, metalezko tresnak eta, azken muturrean, kontrabajua. Gure atzetik tinbala baino ez dago, baina hau teoria hutsa da, ze, tinbala leku apartean eta gorago jartzen bada, denek ikusi ahal izateko baino ez da. Gainera, bolumen handiagokoa da. Tinbal hotsa ateratzen denean, azken iladan ere entzun egiten da eta denek esaten dute: «Hara, tinbalak!». Orduan, pianojoleari begiratzen ez diotenek tinbaljoleari begiratzen diote, eta, antzoki zabal batean horrek esan nahi du mila eta berrehunetik mila eta bostehun pertsona bitartean berari begira daudela. Niri ez dit hainbeste jendek begiratzen ezta tenporada osoan ere. Nitaz ez du inork esaten: «Hara, kontrabujua!» Ze ni musiko multzoaren artean galduta nago. Baina, etzazuela pentsa inbiriak erreta nabilenik. Nik ez dakit zer den inbiria, zenbateraino balio dudan ondo dakit eta. Hala eta guztiz ere, justiziaren gainean eritzi argia daukat eta egon badaude musikaren munduan erabat zuzenak ez diren gauzak. Solistari aspertu arteko txaloak jotzen dizkiote; entzuleek iruzur egin dietela uste izaten dute txalo-jotzeari utzi behar diotenean; antzokiko zuzendariak laudorio ugari jasotzen du eta orkesta-zuzendariari eskua birritan estutzen dio gutxienez, orkesta osoak ere sarritan altxatu behar izaten du aulkietatik... kontrabajujoleek, ordea, ezin izaten dute ezta modu eroso batean zutitu ere. Kontrabajujoleok -eta barkaidazue esakera zatarra, baina...- kaka zaharraren parekoak gara alde guztietatik.

      Eta horrexegatik diot orkesta gizartearen irudia dela, ze, han zein hemen, lan zikina egin behar dutenek, desgrazia gutxi dutelakoan edo, oraindik besteen mespretxua jaso behar izaten dute. Orkestan gizartean baino okerrago da oraindik; gizartean nik -teorian behintzat- jerarkiazko ordenan gorantz egiteko esperantza izango nuke eta egunen batean piramidearen gailurrera iritsi eta handik gainetik txinaurriei begiratu ahal izateko... esperantza izango nukeela diot...

      Orkestan ordea, ez dago esperantza apurrik ere. Hemen boterearen jerarkia ikaragarriak agintzen du, aurretiaz hartutako erabakiaren jerarkia izugarriak, gaitasunaren jerarkia itzelak, jerarkia fisiko errukigabeak, bibrazio eta tonuen berezko izaerak ezarritakoa... Ez zaitezte sekula ere orkesta batean sartu...!

      Baina ni... konforme nago. Orkestako musikaria izanik, gizon kontserbadorea naiz eta ordena, arauak gordetzea, jerarkia eta autoritatearen gidaritzaren alde nago.

(Kontrabajuarekin estrapozu egiten du).

      .Hau gurutzea! Beti traban, ergel halakoa! Esan ahal didazue zer dela eta bizi den hogeita hamabost urteko gizon bat, ni neu alegia, etengabe oztopo egiten dion musikatresna batekin? Gizarte, espazio eta sexu mailan ez ezik, musikaren ikuspegitik ere oztopo egiten diona? Ea nork esplikatzen didan. Barkaidazue oihuka hasten banaiz, baina hemen nahi dudan besteko karraxiak egin ahal ditut. Ez du inork entzungo, plaka akustikoei esker. Ez dit inork entzuten. Egunen batean hil egingo dut, egunen batean kolpeka akatuko dut...

(Isildu egiten da apur batez).

      Kantari gaztetxo hori... zoragarria da, ttiki xamarra da eta begi beltz-beltzak ditu. Beharbada judutarra izan liteke, baina niri horrek ez dit ezertxo ere ardura. Edonola ere, Sarah du izena. Hauxe bai niretzako moduko emakumea! Aizue...! Sekula ez nintzateke biolontxeloa jotzen duen emakume batekin maiteminduko, ez eta biola jotzen duen emakume batekin ere, nahiz eta -musikatresnei buruz ari naiz- kontrabajua biolarekin oso ondo konpondu; hortxe duzue bestela Dittersdorf-en Kontzerturako Sinfonia. Tronboiarekin baita, ondo, eta txeloarekin beste horrenbeste. Gizon-emakumeen artean, hala ere, ez dago zer eginik. Niretzat ez. Kontrabajujole naizen aldetik, guztiz bestelako emakumea behar dut: arintasuna duena, musikalitatea, edertasuna, zoriontasuna, ohorea eta baita zera... bularralde ederra ere...

      Musika gaietako bibliotekara joan nintzen behin eta gu biontzako gauza aproposen baten bila ibili nintzen. Bi aria osoak zeuden, soprano eta kontrabajurako. Bi aria! Biak ere, jakina, inortxok ere ezagutzen ez duen Johann Sperber-enak. Bion artean konpartitzeko pieza bi, eta hori, jakina, ez da inolako oinarria, horrekin ez goaz inora.

      Barkatu, pitin bat edango dut.

      Zer behar du, bada, soprano batek? Ez gaitezen ametsetan hasi! Soprano batek laguntzaile bat behar du, pianojole itxuroso bat. Edo, hobe, orkesta-zuzendari bat, eszena-zuzendari batekin nahikoa izan arren. Eta ez hori bakarrik, zuzendari teknikoa bera ere garrantzizkoagoa da sopranoarentzat kontrabajujolea baino. Gure zuzendari teknikoarekin hartuemanen bat izan duelakoan nago. Bide batez esango dizuet zuzendari hau burokrata hutsa dela, funtzionari belarri gogor bat. Kabroi gizen, zahar eta lizun bat. Eta marikoia gainera. Beharbada ez du beronekin zerikusirik izan, batek daki. Egia esan, niri bost axola; baina ondo pentsatzen jarrita, horren damu izango nuke, ze, ni ez naiz kapaz gure zuzendari teknikoarekin oheratzen den emakume batekin ohera joateko. Ez nioke sekula barkatuko. Baina gu ez gara, ezta hurrik ere, puntu horretaraino iritsi, eta arazoa da ea inoiz iritsiko ote garen, berak ezagutu ere ez nau egiten eta. Zalantzan nago nitaz ohartu ote den. Musika aldetik seguru ezetz! Altuenean, tabernan. Nire itxura ez da nire musika jotzeko era bezain traketsa. Baina bera oso gutxitan joaten da tabernara. Askotan gonbidatu egiten dute. Bera baino kantari zaharragoek. Artista gonbidatuek. Arrain-jatetxe garestietara gonbidatzen dute. Behin galdezka hasi eta jakitea lortu nuen: jatetxe horietan mihiarrainak berrogeita hamabi marko balio du. Nazkagarria benetan. Eta nazkagarria baita, gaztetxo bat berrogeita hamar urteko tenore batekin irtetea, egitan diotsuet... gizon horrek hogeita hamasei mila marko kobratzen ditu gau bitan! Aizue, badakizue zenbat irabazten dudan nik? Mila eta zortzirehun garbi-garbiak. Disko bat grabatu edo beste nonbaiten jotzen dudanean diru extraren bat irabazten dut, baina ostantzean mila eta zortzirehun garbiak irabazten ditut, eta diru kopuru hori edozein bulegarik irabazten du, edo bere ordu libreetan lan egiten duen edozein estudiantek. Eta ze ikasketa egin dute horiek? Bat ere ez. Ez dute ezertxo ere ikasi. Nik lau urte egin nituen Musika Kontserbatorioan; konposizioa Krautschinick irakaslearekin ikasi nuen eta armonia Riederer irakaslearekin; goizero-goizero hiru orduz entsaiatzen dut eta gaueko funtzioetan lau orduz jo, eta, libre nagoenean, prest egon behar dut, ustekabean deitzen didatenerako eta ez naiz oheratzen hamabiak baino lehenago, eta hala ere, entsaiatu beharra daukat; kaka zaharra! ez banintz berez iaioa, partitura behin irakurrita ikasten dudana, egunean hamalau ordu egin beharko nituzke.

      Dena dela, badaukat, nahi izanez gero, arrain jatetxe dotore horietako batera joaterik! Eta, behar izanez gero, berrogeita hamabi marko gastatuko nituzke mihiarraina jateagatik. Lasai asko gastatu gainera, bai horixe! Eta hala ere, nazkagarria deritzot! Gainera txukun jantzitako jaun horiek ezkonduak izaten dira beti. Bera hurbilduko balitzait -baina ez nau ezagutzen- eta belarrira esan: «Goazen mihiarraina jatera, maitea!» nik erantzungo nioke: «Bai, nire kuttuna, zergatik ez? Goazen mihiarraina jatera, maitea, eta larogei marko gastatu behar baditut, niri bost axola!» Maite dudan anderearekin ongi hezitako gizona naiz ni, gizabidez portatzen dakiena. Baina horrek ez du esan nahi, andere hau ongi hezitako beste gizon batzurekin irtetea ontzat ematen dudanik. Nazkagarria deritzot! Nik maite dudan emakumeak ez du zertan joan behar beste gizon batzurekin arrain-jatetxe batera. Gau batean bai eta bestean ere bai...! Egia da ez nauela ezagutzen, baina... horixe da duen aitzakia bakarra! Ezagutu egingo nau... eta orduan... eta orduan ez da hain erreza izango... baina... ezagutuko nau, bai... eta orduan... ikasiko du, guztiz seguru esaten dizuet, idatziz ere ziurtatuko nuke, ze.., ze... ez diot utziko nire andreari, sopranoa delako besterik gabe, eta behin Dorabella kantatu zuelako, edo Aida, edo Butterfly ni kontrabajujole soil bat naizen bitartean, ez diot utziko... Barkatu,... lasaitu egin behar dut... lasaitu pixka bat... nik uste... lasaitu... Uste duzue... asko eskatzen... diedala emakumeei?

      Entzun hau, Dorabellaren aria... Bigarren aktoan... Cosifan tutte. Bai, horrelakoxeak dira 'tutte'. Mozart-ek ere ondo ezagutzen zituen.

(Disko bat jarri eta entzuten geratzen da).

      Aizue, badakizue, kantatzen entzuten zaionean, gezurra dirudi guzti hori egiteko kapaz denik. Egia da, orain artean zati txikiak, laburrak, baino ez dituela lortu -Parsifalen bigarren dontzeila loratua, tenploko bestala Aidan, eta antzeko gauzak-, baina kantatzen duenean eta nola kantatzen duen entzuten dudanean, egitan diotsuet, bihotza tximurtu egiten zait, ez dakit beste era batera esaten. Eta orduan neskatxa, arrain-jatetxe batera doa fama handiko musikari batekin, edozeinekin! (Diskoa kentzen du). Mariskoa eta erreboiloa afaltzera! Eta bitartean, bera maite duen gizona gela insonorizatu batean sartuta dago, itxuragabeko musikatresna hau eskuetan duela, berak kantatzen dituen tonuak atera ezinik. Eta gizajo honek buruan daukan gauza bakarra bera da!

      Badakizue zer behar dudan nik? Lortu ezin dudan emakume bat behar dut beti. Baina hau lortzerik ez dudanez, ez dut besteren beharrik ere izango.

      Behin, ia-ia ausartu egin nintzen. Ariadnaren entsaioa egiten genuen artean izan zen. Berak oihartzuna kantatzen zuen. Ez da asko, konpas pare bat besterik ez, eta eszena-zuzendariak behin bakarrik eraman zuen aurreko argietara. Handik bazeukan ni ikusterik, begiratu izan balu behintzat, Musikako Zuzendari Nagusiarengana zuzendu izan ez balitu begiak... Burutazio bat izan nuen: «Zerbait egingo banu orain, bere arreta neureganatuko lukeen zerbait... adibidez, bajuari erortzen utzi edo arkuaz aurrean dudan txeloari koska egin, edo besterik gabe, okerreko nota bat jo...». Ariadnan beharbada entzun egingo zen, bi bajujole besterik ez ginen eta...

      Baina atzera egin nuen berehala. Umekeria hutsa iruditu zitzaidan nire berarekiko harremanei horrelako hasiera ematea, okerreko nota batez... Musikari zintzoegia naiz antza, eta esan nuen neure artean: «Bera zurekin kargutzeko txarto jo behar baduzu, hobe duzu ez kargutzea». Horixe da, horrelakoxea naiz ni.

      Orduan ahalik eta ondoen jotzen saiatu nintzen, tresna honekin posible den neurrian behintzat. Eta bururatu zitzaidan: «Seinale bat izango da. Inoiz baino hobeto jota, bere arreta neureganatzen badut, niregana begiratzen badu, begiak nigana zuzentzen baditu... nire bihotzeko emakumea izango da, behin betirako nire Sarah izango da». Ez zidan begiratu. Erarik ederrenean hasi nintzenean jotzen, berak jaiki egin behar izan zuen eta bazter batera joan, zuzendariak hala agindu ziolako. Beste inor ere ez zen ohartu. Ezta musikako Zuzendari Nagusia ere, ezta Haffinger, nire ondoan neukan bajujolea, hau ere ez zen ohartu zein ondo jotzen nuen...

      Sarri joaten al zarete operara? Imajina ezazue gaur gauean ni ikustearren zoaztela operara, Rin-eko Urreak irekiko duen jaialdira. Mila pertsonatik gora jantzi luze eta traje ilunekin. Emakumeen usain goxoa, perfume eta desodoranteek isuritako giro lurrintsua. Smokinen zeta beltzaren dirdaia, kokote garbien eta diamanteen diztirak. Dena diztiratsu. Lehen iladan ministro-kontseiluaren burua familia eta guzti, gabineteko kideak, nazioarte mailako pertsonalitateak. Antzerki-zuzendaria bere palkoan, anderea, maitalea, familia eta ohorezko gonbidatuak inguruan dituela. Musikako Zuzendari Nagusiaren palkoan, Musikako Zuzendari Nagusia bera, bere emazte eta ohorezko gonbidatuekin. Denak Carlo Maria Giuliniren zain, gaueko saioaren protagonista nagusia. Ateak astiro ixten dira, armiarma gorantz altxatzen da, argiak itzali egiten dira, dena da lurrina eta urduritasuna.

      Giulini agertzen da. Txaloak. Makurtu egiten da. Ile garbitu berrien orrazkera apaina lorrindu egiten zaio. Orduan, orkesta dagoen alderantz bueltatzen da, azken eztul-hotsak, ixiltasuna. Besoak altxatzen ditu, lehen bibolinjolearen begiradarekin topo egiten du, buruarekin baiezko keinua egiten dio, beste begirada bat, azken eztul-hotsa...

      Eta orduan, opera unibertso oso bat bilakatzen den momentu berezi eta goren horretan, barru-barrutik, denak arnasari eusten egon ezinik daudenean, eta Rineko hiru alabak ere teloi ostean lurrari josita bezala daudenean, barru-barrutik, kontrabajujoleak zutik dauden azken iladatik, bihotz maitale baten karraixia lehertzen da... SARAH!!! SARAH!!!

      Ondorengo iskanbila, ikaragarria da. Biharamunean egunkarietan agertzen da, bota egiten naute orkesta nazionaletik, berarengana noa lore sorta bat eskuan hartuta, berak ateak irekitzen ditu, lehenengoz ikusten nau, bere aurrean tente, heroe baten moduan, eta diotsat: «Istilu gorri honetan sartu zaituen gizona naiz, maite zaitudalako». Besarkada batean estutzen gara, bata bestearengan aterpea bilatuz, bat egiten gara, zoriontasunaren zoriontasuna, mundua bertan behera dator gure oinetara... Amen.

      Normala denez, Sarah burutik kentzen saiatu naiz. Baliteke gizakume guztiek bezala akatsen bat izatea, nortasunik gabekoa izatea, intelektualki nahiko kaxkarra izatea, nire maila duen gizon batentzako adimenik ez edukitzea...

      Baina orduan entsaio bakoitzean bere abotsa entzuten dut, abots honi, organo zerutiar hori. Aizue, begira, abots eder bat berez eta bera den modukoagatik da espirituala, emakumea zeharo ergela izan arren; hauxe da musikari aurkitzen diodan gauzarik ikaragarriena.

      Eta gainera erotismoa dago tartean. Inork ez du erotismoari ihes egiterik. Behingoz esan egingo dut: Sarahk kantatzen duenean barrenetan sentitzen dudan zirrara ia-ia sexuala da... Ez itzazue, mesedez, nire hitzak gaizki ulertu. Sarritan gauaren erdian esnatu egiten naiz... garraxika. Ametsetan kantatzen entzuten dudalako egiten dut garraxi. Ai ene Jainkoa! Eskerrak Jainkoari plaka akustikoak ditudana. Izerditan blai eginda esnatzen naiz eta handik lasterrera berriro loak hartzen nau... nire garraxiek berriro iratzarri arte. Eta horrela gau osoan: berak kantatu, nik garraxi egin, loak hartzen nau, garraxi egiten dut, loak hartzen nau eta horrela goizaldera arte... Hauxe da sexualitatea.

      Hala ere, sarritan -dena esan behar da-, egunez ere agertu egiten zait. Irudimenean baino ez, jakina. Halakoetan... barregarria bada ere, zutik imajinatzen dut, nire aurrean, aurrez aurre, peto-peto, orain kontrabajuarekin bezala. Eta ezin diot gogoari eutsi, besarkatu egin behar dut... honelaxe... eta beste eskuarekin... arkua balitz bezala oratzen diot... ipurditik... edo beste aldetik, kontrabajuaren atzekaldean banengo bezala eta ezkerreko eskua bularren gainean jartzen diot, Sol hariaren gaineko hirugarren posizioan bezala... eta eskumakoaz inguratu egiten dut arkuarekin bezala, beherantz eta gero honela eta honela eta honela...

(Kontrabajua ferekatzen du baina, konturatzean, gelditu egiten da, lotsatuta).

      Behin baino gehiagotan zerrikeria galantak imajinatzen ditut. Kasurako, oraintxe bertan. Begira ze puntutaraino iritsi naizen, ze, nire ametsetako Sarah hori, musikaren aldetik ni baino askoz gorago dagoen zeruko aingeru hori, ez dut ba kontrabaju zatar honekin nahastu? Nor eta Sarah, traste zikin honekin nahastu... egunero esku artean erabiltzen dudan zoritxarreko kontrabaju zorrizto honekin nahastu...?!

      Barkatu baina... arropaz aldatu beharra daukat. Nire lan honetan, frakez jantzita ibili behar izaten dut. Baina ez pentsa neurea denik! Alokatu egiten dut. Neurea, benetan neurea, alkandora baino ez da.

      Orkesta Nazionaleko kidea naizenez gero, ia-ia funtzionaria naiz eta, horrenbestez, bizitza guztirako. Asteroko ordutegi finkoa daukat eta bost asteko oporrak. Gaixoaldirako aseguroa. Soldataren igoera automatiko bi urtean behin. Aurrerago, pentsioa. Bizitza aseguraturik daukat erabat...

      Askotan segurantza horrek bildurtu egiten nau... eta, ia ez naiz ausartzen etxetik irteten, hain seguru sentitzen naiz eta etxe barruan. Nire denbora librean nahiago izaten dut etxe barruan gelditu, oraingo honetan bezala, bildurrak eraginda. Nola esango nizueke? Larritasuna, estutasuna, segurantza horrenganako beldur ikaragarria, klaustrofobia antzeko zerbait, lanpostu finkoa izateak sortutako psikosia... nola eta kontrabajujole gisa gainera! Ez bait dago kontrabajujole librerik. Ofizio honetan funtzionaria bazara, bizitza osorako da. Gure Zuzendari Nagusiak ere ez du hainbesteko segurantzarik. Gure Zuzendari Nagusiak bost urterako kontratua dauka. Eta luzatzen ez badiote, libre geldituko da, teorian behintzat. Antzerki-zuzendariak beste horrenbeste. Antzerki-zuzendaria ahalguztiduna da..., baina alde egiteko aukera dauka. Gure antzerki-zuzendariak -esate baterako- Henze-ren opera bat antzeztuko balu kale gorrian utziko lukete. Berehalaxe ez, jakina, baina benetan esaten dizuet bota egingo luketela. Henze komunista delako eta ez dute onartzen inongo espektakulo publikotan. Ze bestela, azpijoko politikoren bat sortu liteke...

      Ni, ordea, sekula ere ez naiz joango. Hau jo, zein jo ez, nahi dudana egitea daukat, baina hementxe betirako. «Ederto, baina hori bazenekien» esango duzue, «betidanik izan da horrela, orkestako musikari batek beti izan du enplegu finkoa, gaurregun funtzionari publiko eta orain dela berrehun urte korteko funtzionari». Bai, baina orduan, besterik ezean, printzesa hil zitekeen eta beti zegoen orkesta hura desegiteko aukera. Gaur egun, ordea, ezin da horrelakorik gertatu. Ezin da mola ere. Ezta gerra garaian ere. Nire kolega zaharrenek esaten dutenez, bonbak nonnahi erortzen omen ziren, hiria zaborrez beterik omen zegoen eta opera sutan, eta hala eta guztiz ere, garai hartan goizeko bederatzietan hasita, orkesta nazionalak bere entsaioa egiten zuen sotoan. Ez al da etsipengarria? Bai, jakina, erabakia neure esku dago. Joan eta esan: «Agur benhur, ni banoa, hona hemen nire dimisioa». Gertatu izan da horrelakorik, baina banaka batzuk besterik ez. Hala ere, egitea badaukat, legezkoa litzateke. Bai, eta gero? Gero, zer? Kale gorrian...

      Etsitzen hasita nago. Gero eta ahulago, gero eta adore gutxiagoz, baina ez dago beste aukerarik...

      ...Gaur gaueko errepresentazioa mozten ez badut, behinik behin, Sarah! oihu eginez. Heroe baten tamainako ekintza litzateke. Ministroen kontseilu-buruaren aurrean. Sarahren ohorez... eta nire lanpostua galtzearen desohorez. Ez luke parekorik izango. Kontrabajujolearen garraxia. Gerta liteke ikara sortzea entzuleen artean, edota, lehen ministroaren zaintzaileetariko batek tiro bat emanda ni hiltzea. Ustekabean, bapateko erreakzio baten ondorioz. Edota bestela, huts egin eta zuzendari gonbidatua hiltzea. Edonola ere, iskanbila ederra aterako luke. Nire bizitza erabat aldatuko lukeena? Etenaldi izugarria nire biografian. Eta ez hori bakarrik, horren ondorioz Sarah neureganatzea lortuko ez banu ere, ez ninduke sekula ahaztuko. Bere karreran, bere bizitzan sekula ahaztuko ez duen pasadizua izango nintzateke. Garraxi horrek zeozertarako balioko luke. Eta ni libre egongo nintzateke... libre... Antzerki Nazionaleko Zuzendaria bezain libre.

      Bai, beharbada egin egingo dut. Beharbada, harantz abiatuko naiz oraintxe bertan, nagoen bezala; haraxe sartu eta garraxia bota....

      Beste aukera, kamara-musikarena da. Txintxoa izatea, lanari ekitea, ikasten segitzea, pazientzia handiz jardutea, lehen bajujolea B orkesta batean, kamara-musikarako elkarte txiki bat, zortzikotea, diskoa, txintxo ibili, edozertara moldatu, nolabaiteko ospea lortu, umiltasun guztiz, eta Schubert-en Amurrainaren Kintetorako heldutasuna irabaztea.

      Schubert-ek nire adina zeukanean, bazeramatzan hiru urte hilda.

      Orain joan beharra daukat. Zazpi t'erdietan hasiko da. Disko bat jarriko dizuet. Shubert, piano, bibolin, biola, txelo eta kontrabajurako Kintetoa La Malorren, 1819an konposatua, hogeita bost urte zituela, Steyr-eko meategi-zuzendari baten enkarguz.

      Eta orain banoa. Operara joan eta garraxi egingo dut. Atrebitzen banaiz, behinik behin. Edonola ere, egunkarietan irakurriko duzue bihar. Ikusi arte!

(Gelatik irteten da. Diskoa ipinita utzi du eta Schubert-en Amurrainaren Kintetoaren lehen zatia entzuten da).