Hamar manu minduak - Apetitu on!
Hamar manu minduak - Apetitu on!
Guillaume Irigoien
taldea: Hiruak Bat
1987, antzerkia
104 orrialde
84-398-9566-6
Guillaume Irigoien
1959, Ainhize
 
Hamar manu minduak - Apetitu on!
Guillaume Irigoien
taldea: Hiruak Bat
1987, antzerkia
104 orrialde
84-398-9566-6
aurkibidea
 

 

BIGARREN ZATIA

 

 

Lehen agerraldia

 

(BERE BURUA bakarrik.
Oihala idekitzean ber dekorra aurkitzen dugu,
taula gainean salbu erdi erdian ordenadore bat dago,
haren gibeletik ateratuko da
BERE BURUA).

 

BERE BURUA: Eros zuek ere beharrezkoa duzuen ordenadorea zuen herrian ohorezko itxura eta izaitearen ukaiteko. Zuek behar duzuen ordenadoreak erakutsiko dautziete edozein gertakarien ondotik zoin ibilmolde atxiki. Zuek behar duzuen ordenadoreak hiru partetan berexiko ditu zure herriko jendeak:

              — alde dituzunak,

              — kontra dituzunak,

              — zure kontrakoen kontrakoak direnak

              Zuek behar duzuen ordenadoreak erranen dautzue zer urrats egin edo ez egin, errespontsabilitate guzietarik eskapatzeko eta berdin, akitu gabe eta xuri ohorezko karguetara heltzeko. Eros zuek ere behar duzuen ordenadorea zure bizi publikoaren seguratzeko.

 

(Ateratzen da bere tresnekin)

 

 

Bigarren agerraldia

 

(BERE BURUA, BEÑAT.
Hor
BEÑAT lo dago mahainaren gainean.
BERE BURUA sartzen da).

 

BEÑAT: RRR ZZZ...

BERE BURUA: He Beñat iratzar hadi... Hiri duk...

BEÑAT: Ze ze Nun...

BERE BURUA: Berriz hasia duk komedia... iratzar hadi.

BEÑAT: Komedia ah ba... Ze komedia besteñez... Ez ahal nik nehorek lo ikusi?

BERE BURUA: Ez ez... hire hertarrek segurik ez!

BEÑAT: Aah hobe... Ahal dena duk bestenez ez duk ahulezia ttipi bat ukaiten ahal ere... gero ez balin baduk hea norbaitek ikusi haituelako beldurrarekin egon nahi.

BERE BURUA: Ez zakala holako aipamen ilunik egin gure herriaz alo..

BEÑAT: Justoki lo nintzalarik,... gure herriaz aments bat egin diat... denak ikusi ditiat xuri gorri eta...

BERE BURUA: Berde.

BEÑAT: Ba berde nolaz dakik hori?

BERE BURUA: Ez zakala ahantz hire buruarekin buruz buru haizela.

BEÑAT: Ah ba egia arrunt burutik ateraia zitzaikan... Ze nauk luzarat hire buruari ere usatzen haiz.

BERE BURUA: Bon bon utzak filozofia eta segi zak hire amentsarekin.

BEÑAT: A ba aments hortan jende guziak zitian jostakinak xinpleak, alegera beti irriz...

BERE BURUA: Kantuz dantzan eta bestan.

BEÑAT: Badakiat ene berri badakikala bainan ez daitak hortako aldi oroz ene solasa moztu behar.

BERE BURUA: Segur nuk nor nahik asmatua zuela zer aments mota zen hirea.

BEÑAT: Aaah uste duk.

BERE BURUA: Bai aments hori duk gure herria bezain tipikoa. Izanikan ere zinez balio ttipikoa.

              Bainan zendako ez erran hala ere gure herria hire amentsaren pare dela eta norbaiten bizkar eman bozkario eta goxotasun uniberzal hori markisten dituzten gauza guziak...

BEÑAT: Nola hori... zer erran nahi duk.

BERE BURUA: Bitxi duk bainan holakoetan gehientsuenek hola egiten die... beti berak krima haundienetarik hobendun ekartzen ditie... aintzinetik hitzartuak balire bezala... zernahi gertaturikan ere haien falta dela manera guziz... Alemanek Judiak zizteien beren ekonomia problemen kausa ekartzen... Hemen aldiz..

BEÑAT: Su Ta Fu... hein?

BERE BURUA: Ba... orainokoan hura...

BEÑAT: Zer uste duk beste bat irrisku hortan dagola.

BERE BURUA: Ez dituk mila leku mundu huntan... Edo ihiztari edo ihizi... artean jartzen balin bahiz segur haiz draillak bilduko dituzkala.

BEÑAT: Bainan jadanik erdi ukatia diat Su Ta Fu. Zer dut orai alderat ihiztari saldo hortan sartu behar.

BERE BURUA: Saldoan sartzeak ez dik erran nahi tirorik tiratuko dukala aldiz ihizi jartzen balin baihaiz...

BEÑAT: Beharbada Su Ta Fuk utziko nik trankil...

BERE BURUA: Kolpatu erbiak beti xekatzen lagunak... Eta so egizak hortxetan heldu zauk beharriak apalik...

BEÑAT: Zer egin behar dut.

BERE BURUA: Ago gustian hor nuk gorderik.

 

 

Hirugarren agerraldia

 

(BEÑAT, SU TA FU, BERE BURUA).

 

SU TA FU: Xahu nuk... Denak kontra muntatzen zaizkiak, autoa ez ziak pizten, emaztea samur, zakurra maingu eta nik asmatua nuen aldakuntza libratzailea sekulan bezain urrun, sekulan bezain estekatua, haren gerizapean (EBARRIZTEren lekua erakutsiz) etsaia beti gizen eta ni mehe... lagundu behar nuk bi gogoeten egiten... Uste duk tronpatu naizela?

BERE BURUA: ...Utzak purgatzerat...

SU TA FU: Nik diat ez zinezko egia hein?

BEÑAT: Ez duk ez arrunt gezurra.

SU TA FU: Orduan zendako denek hoin begi txarrez so egiten dautate... Begien partez harmak balituzte mila aldiz tirokatua nindaitekek.

BEÑAT: Aieai draillak...

SU TA FU: Zer?

BEÑAT: Ez ez deus...

SU TA FU: ala mazoxiztak dira... ez dutea ikusten harek zintzurreraino tronpatzen dituela...

BERE BURUA: Orai bai! Hundia duk saka zak!

SU TA FU: Beren buruaz baliatzen dela.

BEÑAT: Ez die iduri hasteko horren aldatzeko ideiarik badutela. Izaitekotz untsa gustian tuk to hola!

SU TA FU: Aah! Zer haiz mintzatu haiekin?

BEÑAT: Be (keinu bat BERE BURUArekin) elekatu nuk ba zonbaitzuekin.

SU TA FU: Eta bitxi kausitzen nian... Jendek hitaz ez die deus gaizkirik erraiten.

BEÑAT: (BERE BURUAk doibat pusatzen du) Hi ere kurutzatzen bahaiz bestekin nork daki...

SU TA FU: Zer? Nahi hukek solasta nadin alienatu saldo horrekin.

BEÑAT: Ez duk ainitz gostatzen...

BERE BURUA: Hitz goxo bat artetan.

BEÑAT: Hola beharbada konfiantxa kotsia hitan ukanen die.

BERE BURUA: Eta beste gauza batzu aipatzen ahalko dituk errexkiago.

BEÑAT: Eta nork daki beren ikusmoldea.

BERE BURUA: Berdin emanen dauteie eta...

SU TA FU: Eta hola nik ere hobekiago ikus nezakek zer molde balia nere ideien hedatzeko... Ez Beñat jada errana deat nehoren erranek ez nindutela gibelaraziko nere deliberoetan. Hertarrekin kurutzatuz segur nuk nere ideia zorrotzak lanpustuko direla eta beharbada zonbait sakolan sar nezazkek mokanes batez estalirik, gero edo sekulan gehiago ez baliatzeko... Ez Beñat ez Beñat nahiago diat nere segurtamenekin egon, gostaren gosta...eta hertarren herrak berak diak arrazoin emaiten... Haien begitan naizeno badakiat bide onean naizela... Kontrarioa landderos litakek neretzat eta nere ideiendako.

BEÑAT: Bainan zer behar duk bakarrrik ibili.

BERE BURUA: Besteak ere hor dituk...

SU TA FU: Bakarrik untsa erran duk bakarrik... orai arte uste nian biga ginela... Bainan hori duk borrokaren saria... borrokaren zepoa... biga abiatu gituk eta batek nahi izan dik auzoko zopa jastatu eta pozoindatu duk.

Bakarrik gelditzen nuk eta kasirik kontent... Nere ideiak beti purrak eta gogorrak gelditzen dituk haizeak eraman behar balin baditu ere... Addio Beñat lagun bat galtzen diat... bainan etsai bat gehiago irabazten borrokatzeko eskaturu bat gehiago... baniak kontent...

BEÑAT: Beha nezak ago... Su Ta Fu ago...

 

 

Laugarren agerraldia

 

(BERE BURUABEÑAT).

 

BEÑAT: (Bere buruari) Bainan zer du?... Erran bezala egiten badu xahu duk... Ez diat sekulan hola ikusi... Undarrian burua galdua dia ala ze?

BERE BURUA: Ddia... ddia bere burua hor dik ba oraino... galdu izan balu laster ohartuko nintian.

BEÑAT: Orduan zendako ez du konprenitzen... zendako bere buruak ez diako konpreni arazten... hik eni egin arazi daitakan bezala?

BERE BURUA: Ah hori... berak diakik bere buruaren berri... eta iduriz badik lanik aski bere buruaren gobernatzeko!

BEÑAT: Ikusten diat ba, zer ditaiken...

BERE BURUA: Bon bainan pleñitziak ez gitik biziki ahantzaraziko... Nik ixtorio horri alderdi onak kausitzen diazkoat... Ihiztariek ukanen die ixtant bat ihizi... Ihizi bat bere ihizi izaiteaz kontent dena... ihizi bat ihizi izaitea baizik ez duena galdatzen... Orduan...

BEÑAT: Egia duk!... undarrian bera duk tematzen, leher egin dezala....!

BERE BURUA: Ño Beñat! Lehen aldia duk gis ahortan mintzatzen entzuten hiutala... hola deliberatua, hola bestelakatua hola «hi» bilakatua... hola ororen buru eta hire buruari esker gizondua, gehiendua, zohitua...

              Bai entzule, bozkaria zaite... Beñatek zuen aintzinean bere biziko urratsik inportantena egin baitu... Igorri du leher egiterat bere adixkide ohia... eta horrela trenkatu du bere gazte denborako... zer erraiten dut bere haur tzar denborako ilusionekin zaukan azken lokarria... Gizondu da! Hozana! Zonbaitzuek erranen dute zer saritan? Bainan gizontzeak ba ote dia saririk! Zer da lagun bat gizontzen delarik!

BEÑAT: Ho ho ezti ezti! ez zakala ez denik kunda... eta hemendik aintzina... hi ixilik nik manatu arte... bon!

BERE BURUA: Bon! bainan...

BEÑAT: Zer oraino!

BERE BURUA: Iduritzen zitziakan.

BEÑAT: Zer iduritzen zitzaukan.

BERE BURUA: Be! hola Su ta fu...

BEÑAT: Ez Su ta fu gehiago neri aipa.

BERE BURUA: Ah bon... Orduan alderat hire gogotik baztertu duk...

BEÑAT: Nor?

BERE BURUA: Delako hura...

BEÑAT: Ez diat nik baztertu delako hura... Ez! Berak dik bere burua, oparitzat eskaini hertarren aztaparren arterat... Eta nik ere.

BERE BURUA: Ez! ez ahal nauk ni ere botako...

BEÑAT: Untsa merexi hiukek hik ere egonaldi on baten egitea... Bainan ez... Nere nahigabea... hire gatik dutan nahigabea... beste gisa batez pagatuko die hertarrek...

BERE BURUA: Ez ahal duk xoxokeriarik eginen!

BEÑAT: Ez ez! Herri honek nahi dik gizon plaxent bat... ukanen dik... Herri honek nahi dik bere usaietan harrotuko ez duen norbait, herioa balin bada ere arribantxan... ukanen dik! Nahi dik denak bere esku hartuko ditien norbait, bere bizkar jauntzen balin bada ere... ukanen dik... Eta hi Ebarrizte ikara hadi... Orain biga gaituk... hi lehenik orainokoan eta ni ondotik (ateratzen da).

BERE BURUA: Ze gizona... Ohoo ze gizona.

 

 

Bostgarren agerraldia

 

(DENAK, BEÑAT eta BERE BURUA salbu).

 

BERE BURUA: Bagoaz bainan ixtorioak segitzen du... Su Ta Furena oraikoan... Ni banoa Beñat-ekin... Aaah Beñat... hori hori gizona...!

 

(Hor itsu mandoka KONZTERNAZION sartzen da
eta jartzen bere tokian...
EBARRIZTE jartzen da mahainean kezkatua)

 

EBARRIZTSA: (Sartuz) Zer duzu ene senarra hola trixte. Ene arroltzek ez dautzute on egin!

EBARRIZTE: Zure arroltzeek... Pff... Zure sudur makol hori ez duzia arroltzetarik ateratzen ahal artetan... Hola beharbada ohart zintiazke orai gertatzen ari den gertakari harrigarriari.

EBARRIZTSA: Ah bon! Zer da gertatzen ari!

EBARRIZTE: Deusik ez da deus gertatzen...

EBARRIZTSA: Hobe orduan...

EBARRIZTE: Ez ez da hobe, ez!... ez da hobe neretako!

EBARRIZTSA: Zuretako? ez dut ikusten nola!

EBARRIZTE: Jendeak ez dira lehen bezala Su Ta Fu-z mintzatzen... Onartua dute den bezala... Araiz ez du hori baliatuko bere hertarren estimutan sartzeko...

EBARRIZTSA: Araiz!

EBARRIZTE: Behar ere gorri zikin horrek ez du blurik ikusten!

EBARRIZTSA: Behar ere!

EBARRIZTE: Bainan den zozoena ere ni bezalako baten botatzeko bere abantailetan abilt kaike.

EBARRIZTSA: Eh be ez da errana ni orroit naiz egun batez.

EBARRIZTE: Zu zaude ixilik!... zinez zure arroltzetarik kanpo ez duzu gauza haundirik balio... Eta nere hertarrek ere ez... hori banakien jadanik funtsian... Denak onart lezazkete erranez.. mundu hau arroltze bat bezala dela... behar dela xuritik eta gorritik.

EBARRIZTSA: Ez da errana... Eman dezagun Bekain Beltzek ez du soportatzen arroltze gorringoa... hortako haren arroltzek ez dute kasirik batera gorririk... (ohartuz bere senarraren so ilunari) Zerbait gaizki erran dut he ene senarra?

EBARRIZTE: Zaude! (ideia genial bat duela gogoan).

EBARRIZTSA: Zer? (iziturik).

EBARRIZTE: Zure perttolikerietaz zerbait on atera nezake... nere hertarrak beren loeriatik ateratzeko, haien nahikeria zikoitzenen akulatzeko... Zaude zu kikenputzen etxetik gibeleratekoan, pasatu zira Su Ta Furen etxe aintzinean.

EBARRIZTSA: Ba ba! (hor EBARRIZTSA jarririk da eta EBARRIZTE haren gibelean, argi ttipi batek baizik argitzen dituela).

EBARRIZTE: Ikusi duzia Su ta fu... urrunerat bederen...

EBARRIZTSA: Ez dakit... beharbada.

EBARRIZTE: Ikusi duzu orduan... eta ez dautzu so egin?

EBARRIZTSA: Ez dut uste ez!

EBARRIZTE: Ba orroit zaite so egin dautzu manera bitxi batez... Begi gaixto batzuekin.

EBARRIZTSA: Ooh ene senarra izi arazten nauzu.

EBARRIZTE: Ez nik ez! Su ta fuk, Su ta fuk dautzu lazta bat eman bihotzean.

EBARRIZTSA: Su ta fuk?

EBARRIZTE: Bai, haren aintzinean pasatu zirelarik ez duzu senditu bere begietan animaleko herra bat zuretako... guretako, denendako. Zerbait gaxtakeria prestatzn ari balitz bezala.

EBARRIZTSA: (Jokoan sartua) ba ba... begi gaixto batzu... suge arroltzeak iduri... gorri gorriak (EBARRIZTE desagertzen da eta KIKENPUTZ agertzen).

KIKENPUTZ: Zer duzu Ebarriztsa... zer gertatzen zauzu?

EBARRIZTSA: Aaah Kikenputz... zu zira... aise pasatu zira Su Ta Furen etxe aintzinean.

KIKENPUTZ: Baa! Zendako zuri zerbait egin dautzu.

EBARRIZTSA: Oooh ba! bitxiki so egin daut... so izigarri bat... herraz betea bezala... zerbait gaxtakeria gogoan balu bezala.

KIKENPUTZ: Nik ez dut ez ikusi bere etxe bazterretan.

EBARRIZTSA: Ez?

KIKENPUTZ: Ez! Bainan senditu dut zerbait, preseski haren etxe parrean nintzalarik... Badakizu ez nintzan baitezpada harat so... orroit naiz norbait eni so zelako sendimendua ukan dutala so bortiz bat... halako zerbait burutik beheiti sartzen bazizautan bezala.

EBARRIZTSA: Su Ta Furen soa dohaikabe!

KIKENPUTZ: Ba ba! Ez da dudarik... sorte txar bat bota daut. Betiko errana da ideia bihurri sorgin gorri... ez dea hala Superztizion?

SUPERZTIZION: Jainkoak begira gaitzala sorgin bihurrietaz eta ideia gorrietaz! (EBARRIZTSA ateratzen da eta PETTE sartzen).

KIKENPUTZ: Hara... hara sorte txar bat bota daut ni ere bere mantzan sar nadin... xahu niz xahu.

PETTE: Zer dion kikenputz xahu haizela... zer dun bixta galdua.

KIKENPUTZ: Ez ez Pette... Su Ta Fuk zerbait txarkeria prestatzen ari du dener kontra...

PETTE: Aah

KIKENPUTZ: Lehenik Ebarriztsari izigarriko so tzar bat egin dako.

PETTE: Debrua ez dun nornahiri atakatzen gure Su Ta Fu...

KIKENPUTZ: Gero eni...

PETTE: Ah ba orduan ez ditaike gauza haundiaj

KIKENPUTZ: Zaude! Bada besterik ere.

PETTE: Besterik?

KIKENPUTZ: Ba... Ebarriztsari... erran dako...

PETTE: Zer erran dio?

KIKENPUTZ: Eh be joan zadin antzara ferratzera!

PETTE: Antzara ferratzera!

KIKENPUTZ: Ba ta erran dako ere ez zuela balio galdegin ziozan arroltzerik. Ez zituela harek haziko bere eta bere senarraren arteko arroltze moletak... bazuela berarendako beharra... behar gorria.

PETTE: Mehatxuak Ebarrizti eta bere emazteari... burua galdua dia ala zer?

KIKENPUTZ: Ba ta nik ere haren etxe parrean pasatzean senditu dut barrendatua nintzala eta gero halako lazta bat gorputz guzian segur naiz sorte txar bat bota dautala... zer diok hik Pette?

PETTE: Deus onik... nahiago hintudan kuriosa ezinez ta gorria... Su Ta Fu ari dukek zerbaiten prestatzen... zerbait gordetzen diaun...

KIKENPUTZ: Entzun duzu konzpirazion.

KONZPIRAZION: Jainkoak begira gaitzala bestek ikusi nahi dutenaren gordatzetik.

SUSPIROSA: Su Ta Fu horrek baditin usaia bitxiak eta ez nun batere harritzen emazte batzueri balin bada lehenik lotu hartaz entzuna dinat zernahi fama txar.

KIKENPUTZ: Ba uste dun?

SUSPIROSA: Uste baino gehiago! Segur!... Harekin hobe dun hire bazterren zaintzea... laster enganatuko hiu!

KIKENPUTZ: Bazindakien hori Kontrazepzion?

KONTRAZEPZION: Jainkoak begira gaitzala nexkatilen gogatzeko kokcirda gorriak dituztenetaz.

KIKENPUTZ: Aaah xahu naiz xahu... eta zuk Bekain Beltz zerbait bazindakien?

BEKAIN BELTZ: Arroltzen errefusatzea Ebarriztsari ez ditaike uste baitarik!

KIKENPUTZ: A ba egia! Zendako ez ditu bere arroltzeak Ebarriztsari eman nahi?

BEKAIN BELTZ: Oh nik badakit! Arroltzekin untsa tortatzerat utzi eta bonbak egin ditzazke.

DENEK: Bonbak! arroltzekin.

BEKAIN BELTZ: Arroltze tortekin... bai bonbak! Aljerian arroltze tortekin zer brexak ez zituzten egin.

DENEK: Ah bon!

BEKAIN BELTZ: Ba ba... urrinarekin berarekin!

KIKENPUTZ: Uste duzu bonba egite ari zaukula Su Ta Fu, Ebarriztsari errefusatu arroltzekin Bonbaneutron?

BONBANEUTRON: Jainkoak begira gaitzala moleta egin beharrez arroltze hausten ari denari.

KIKENPUTZ: Ez nuen beste beharragorik eta uste duzue ni enganatuko nuela Ebarriztsari errefusatu arroltzekin egin bonben pausatzeko bere moleta gorriaren arroltzen hausteko... (DENAK partitzen dira)... Zerbait errazue... lagunt nezazue... ez nezazuela bakarrik utz... Bakarrik xahu naiz desohoratu naiz...

 

(SU TA FU uste baitarik sartzen da)

 

KIKENPUTZ: Oh Su Ta Fu otoi ez nezazula engana!

SU TA FU: Nik zu enganatu zendako?

KIKENPUTZ: Eh be ez zazula deus ez dakienarena egin... berdin denek badakigu zer egin nahi duzun zer egin nahi dautazun.

SU TA FU: Nik zuri! Zer derasazu.

KIKENPUTZ: Eh be! bonbendako.

SU TA FU: Bonbak!

KIKENPUTZ: Ba Ebarriztsari errefusatu arroltzekin!

SU TA FU: Arroltzekin. Nolaz? Zendako?

KIKENPUTZ: Azken moleta gorriaren egiteko!

SU TA FU: Zer da ixtorio hori... mensten hasia zirea undarra ala zer!

KIKENPUTZ: Ehe... Hertar guziek ez dute besterik... Ez zira kurantian.

SU TA FU: Hertar guziek... Nork hedatu ditu zozokeria horiek.

KIKENPUTZ: Nork... be ez dakit nik, denek badakite horren berri. Eni hasteko ainitzek gauza bera erran dautate... Ez dea hala ez?

SU TA FU: Hala denez? Mende undar huntako astokeriarik haudiena atera duzu eta galdegiten dautazu oraino hala denez?... Baduzu tupeta zinez! (Hor KIKENPUTZek ihes egiten duj... Eta beste guziek ere badute tupeta Aah jende itsuak... denak partaide zirezte zikinketa hortan eta segur naiz aintzina gogotik arizan zireztela nere lurperatzen... Nahi nuen zuen herra nere ideia berrien egiaztasunaren lorga... Segur kontent izaiten ahal naiz untsa xerbitzatzen nauzie... sobera untsa...

Holako bat usten ahal duta ihardokitu gabe... Ez... hori gehiegihiegi da... badut aski jasanik... orai etorria da xuriketen tenorea, xuriketa haundiaren tenorea....

 

 

Seigarren agerraldia

 

(Hau pastoral moldean pasatuko da,
ahopaldi bakotxa bertsuz emanez.
DENAK hor dira salbu BEÑAT eta BERE BURUA.
Sartzen dira lehenik musikarekin
BEKAIN BELTZ, PETTE,
SUSPIROSA eta KIKENPUTZ. KONFIRMAZION jada hor da).

 

SU TA FU: Denak nik bildu zaituztet

              plaza huntan bekoz beko

              zikindurik utzi nauen

              aferaren xuritzeko.

 

              Bai zietarik norbaitek

              Beharko du gaur pegatu

              Nitaz baititu fama txar

              Batzu denetan hedatu.

 

(DENEK PETTE dute igortzen arrapostuaren emaiterat)

 

PETTE: Entzun dugun berri horrek

              Uzten gaitu harriturik

              Denak zuretako bihotz

              Bihotzez aflijiturik.

SU TA FU: Jainkoaz ez eni egin

              horren beste xinfonia

              Eta aitort zuen artean

              Dela hobenduna gordia.

 

(Berriz PETTE igortzen dute)

 

PETTE: Hobendun solas baitzira

              Beha zazu nik errana

              Hauta dezagun juje bat

              Nehor ez dadin engana

KIKENPUTZ: Nik badakit nor ditaken

              guzi guzien gostukua

              Denek ezagutzen dugun

              Ebarrizte ospetsua.

SU TA FU: Nindagon noiz entzunen nuen

              Perttolikeria hori

              Ebarrizte da Juje on

              ni naizen bezainbat xuri.

BEKAIN BELTZ: Gorri madarikatua

              Onartzak gure Jujea

              Hori baita hobenduner

              emaiten den fagorea.

 

(Musika. Sartzen da EBARRIZTE
bere
EMAZTEArekin eta erdian jartzen)

 

EBARRIZTE: Agur adixkide maiteak

              Gizon eta emazteak

              Ez nau guti ohoratzen

              Zuek eskaini titreak.

SU TA FU: Hau egoera larria

                            (Besteek «Hu,Hu»

                            zangoekin lurra joz).

              Ez da ttipia jukutria

              Hobendunik haundiena

              Ororen juje jarria.

EBARRIZTE: Zure afera latza da

              Horrek daut orroitaratzen

              Hazian den gaitzak duela

              Gero fruitua usteltzen.

PETTE: Ez balitz egia poxi bat

              Izan ixtorio hortan

              Pettek ez zuen sinetsiko

              Entzun duenean deusetan.

BEKAIN BELTZ: Nik ez dut lan haundi’k ukan

              eta gora diot Taio

              Zu Su Ta Fu gorri zira

              Bekain Beltzi aski zaio.

SUSPIROSA: Holako bitxoarentzat

              Ez otoi busti begia

              Xintxoarena badaki

              Untsa egiten alegia.

KIKENPUTZ: Orai da memento ona

              Zerbaiten erraitekotan

              Nik'e parte har dezatan

              Pastorala eder huntan.

SU TA FU: Bainan mila demonio

              Ni naiz egiazko biktima

              Ez naiz jina entzuteko

              Nere kontrako kondena.

EBARRIZTE: Hemendik aintzina ixo

              Jujeak bere erabakia

              baidautziete emanen

              argirik izpiritia.

 

              Alde batetik Su Ta Fu

              Zikindurik dagoena

              Bainan sekulan daitekea

              arrunt garbi gorri dena.

 

              Bestaldetik hertar zintzoak

              Nere xerbitxari onak

              Afera hortan segurrenik

              Gogoz kontra eremanak.

 

              Xuriketa haundi baten

              Egiterat jina zinen

              Bataila batean beraz

              Zure herrak purga diten.

 

(Hor batailaren musika EBARRIZTE
eta
EBARRIZTSA ez dira higitzen.
Memento batez
KONPLOTAZIONek
bandera xuri batekin trehukatzen du
SU TA FU eta erortzen da,
bestek tauletarik botatzen dute)

 

EBARRIZTE: Maioritatea ixilik zion

              Untsa egin duzu lana

              Egun honetan zu zira

              Goretsi behar duguna

 

(DENAK taula gainerat koro baten egiteko eta
EBARRIZTEren zuzendaritza pean
kantatzen dute «Dohatsu» kantua.
Kantatu eta denak ateratzen dira pastoral airean)

 

Dohatsu kantua

Errepika: Dohatsu deus erraiten ez duen maioritatea

              Dohatsu azkar atxikitzen duena Jaunttoen poderea

              Dohatsu lurrean denaren lehertzerat

              biziaren errota

              uzten duena.

 

 

Zazpigarren agerraldia

 

(BERE BURUABEÑAT. Satanen huxtua eta
BERE BURUA sartzen da Satan bat bezala).

 

BERE BURUA: Aspaldidanik nahi nuen

              Pastoral batean arizan

              Ez suiet ez girixtino

              Bainan izaitekotz Satan

 

(Hor BEÑAT sartzen da hautsiz
pastoralaren ohidura xaharra
«Jeanne D’Arc»ez geroztik musika
eta deus urratsik gabe)

 

BERE BURUA: Holakorik behin ere

              Ikusi dea pastualetan

              Jeanne Darkerenaz geroztik

              Allande Doienartetan.

 

              Beñat kundian har dezak

              Xiberotarrek sekulan

              Ez hiutela utziko

              Egiterat horrelako lan.

 

BEÑAT: Nere arrangurak Pastualetaz eta Xiberotarretaz urrun dituk, orduan hik ere otoi utz-kik xinfonia horiek bazterrart... Badiat nere buru osoaren beharra oraiko zepotik ateratzeko.

BERE BURUA: duadarik gabe... hirekin nauk osoki!

BEÑAT: Hobe hiretako... Hik daitak erran ez... ez zirela mila leku mundu huntan edo ihiztari edo ihizi.

BERE BURUA: Ba.

BEÑAT: Orain artino zuten ihizia iduriz, sekulakotz bota die.

BERE BURUA: Ba.

BEÑAT: Oraitik haste beste ihizi bat bilatuko die.

BERE BURUA: Baa!

BEÑAT: Ba ala baa!

BERE BURUA: Bé ba... Ba ba.

BEÑAT: Bon... Orduan zerbait egin behar diat lehen bai lehen sar horietarik urruntzeko.

BERE BURUA: Oh ba!

BEÑAT: Lehenik behar diat hertarren estimu haunditan sartu... Hik badakikek ez zoin lekutan denak aurki nezazken.

BERE BURUA: Ba.

BEÑAT: Ba ta bon ta ba’z aparte ez duka ez beste solasik?

BERE BURUA: Ba ba... (BEÑATek jo egiteko keinua egiten dio)... ba... Leku hoberena hertarren estimutan sartzeko duk ostatua...

BEÑAT: Aaah ostatua... To so egizak... ostatua.

BERE BURUA: Ba bainan ez duk aski ostaturat joaitea... badituk usaiak usaia berezi batzu, errespetatu behar direnak... solas batzu atxiki behar direnak beste batzu aldiz ez... Ostatua tenplo bat duk...

BEÑAT: Aah interesatzen nuk... Segizak aintzina.

BERE BURUA: Lehenik lekua... zoin lekutan jar... makiñan ez mahainean molde huntan ukondoa berme, irri bat ezpainetan eta begia denen gainetik pasatuz nor nahi elakatzeko gisan, zangoa zalu... eta beste besoa edateko zeremoniarendako noiz nahi prest.

BEÑAT: Bon untsa... utz ditzagun xeheteriak, goazen solasetara...

BERE BURUA: Edozein solas balia daitekek, bainan musean bezala zonbaitzuek ttantto gehiago irabaz arazten die. Esku izaiteko jin orduko edo kartaldi dukalarik turnada dener paga... Haundiarendako edozein solaz aroaz edo alkolaz ura dener xerbitxatzen dukala... segurkitale ez dituk etsenpliak eskas... Ttipiko atsulutuki solas irringarri bat basoa ahorat ezartzen dukalarik... ziliport gehiago eta hobe, hire solasari untsa lotuak balin badira, ainitz gauza egin dezazkek... Herriko zozoaren azken zozokeria kunda... Bi asto zerbait lazkeria gertatu balin bada norbaiti herrian, nehork ezagutzen ez dituen xehetasun fresko batzuekin... pundutzea. Hihauri gertatu latzkeria bat, xehetasunak tole, bainan oso eta azkar utzi hihuena, betirako solas imortaletaz broskaturik «hola duk bizia», «Ez duk ez gertatzen ez denik»,

              Hogoi ta hamekak hiru... hirekin hor dagon batekin gertatu gauza inportant batetaz... bien pare bi... beti kasu berean, laguntzen baduk hire parrekoa bere gauzaren haunditzen, emendatzen eta bururatzean hik hireaz oraino haundiago bat ateratzen baduk irri karkail batean... harek mediak, hik dobliak...

              Solasgaiak orai. Politikero solas noiztenka idoki bat berdin hordago... Ipurdi solas... behar diren hitzak hautatuz harat... hunat. Lotoa, Telebixta... kirolak... Aah ba kirolak eta ihizia zoin gehiagoka, zoin haundiago, zoin jakintsuago, zoin tematio, zoin pitoago... mantza osoa... Utz bazterrerat, ideologia, ilunak, ekologia, iraultza solasak, liburuak, kultura... Aah ba antzerkiak sustut antzerkiak ez dik fritsik balio...

BEÑAT: Badiat aski entzunik gaurko... Berdin keinuak pasatuko daiztak beharretan banintz.

BERE BURUA: Gogotik... Ze parea gu.

BEÑAT: Bon bainan indar horiek guziak begi klixka batez norbaitek herri huntan errauts lezazkek... Su Ta Fu egin duen bezala... gaizoa...

 

 

Zortzigarren agerraldia

 

(BEÑATBERE BURUAEBARRIZTE).

 

EBARRIZTE: (Sartzen dela orduan) Pentsaketa ari haiza ba... Su Ta Furi gertatu izigarrikeriari.

BEÑAT: Ez ez hori jada ahantzia, pasatua da... Ez ginuke iraganaren harrotzen hasi behar.

EBARRIZTE: Hori solas zuhurrak... betidanik sinetsi izan diat gibelerat ez so egitea, zuhurtzia zela... Beti aintzinerat, beti urrunago so egitea hori duk nere ikus moldea.

BEÑAT: Ene kasuan ez da zuhurtzia, beldurra da...

EBARRIZTE: Beldurra... Zerk izitzen hiu?

BEÑAT: Ooh gibelerat so egiten badut, beldur naiz sendituko dutan urrinaz... zure abantailetan ez den zerbaiten atzemaiteko beldurra badut.

EBARRIZTE: Debru mukuzia... Eni... hola mintzatzea... Ooh... Ez bahintzan hi, jada muturra hautsia ukanen nean.

BEÑAT: Badakit Ebarrizte Jauna, badakit... Bainan ni Beñat Pekogain naiz... Eta zuk Ebarrizte Jauna, badakizu Beñat Pekogain ez dela Su Ta Fu bezain itsua zure saretan eñortzeko. Zuk erabiltzen ditutzun harmak mundua bezain zaharrak dira, beren lanean usatuak, abilduak dira... xorrotxak, ixilak... ez dira sekulan ikusten nundik heldu diren eta beren lana jada egina dute nehor ez delarik haeiri ohartu... bainan zure harmak behin ikusi eta nola erabiliak diren edozeinek eta edozein alderdirat balia lezazke!

EBARRIZTE: Betidanik erran deat hitan konfiantxa haundia banuela eta ainitzetan pentsatu diat...

BEÑAT: Nik ere betidanik jakin izan dut oraiko egun batean bezala proposatuko zindeitazula zure segida, zure alkian, zure leku ospetsuan... eta...

EBARRIZTE: Eta?

BEÑAT: Eta... Betidanik jakin izan dut...

EBARRIZTE: Ba!

BEÑAT: Onartuko nuela!

EBARRIZTE: Ooh (besarkatzen dira)... zer atsegina neretako... nere lanak badik undarrian helburu bat... Jakizak errint ona izanen naizela... eta nola ez naizen arrunt arroila zolan... gauza haundiak baditiaguk egiteko elgarrekin... bai ainitz gauza haundi baditiaguk egiteko elgarrekin.

BEÑAT: (Trixte) Zoin ttipi, zoin miserable agertzen zaukun gizona bere burua den bezala erakusten daukularik (eta ateratzen da).

BERE BURUA: Eta horrela bururatzen zauku Beñat Pekogajn... Antzerki guziz xelebre hunen gizon guziz xelebregoaren ixtorio xelebrea... Beñat Pekogainek bere lehen urratsak emanak zituen bere hertarren artean... utzirik bazterrerat bere gazte denborako ilusio, aments eta dudazko lagun pildak, jauntziz sekulakotz bere hertarrer ikasi zuhurtziazko igandetako arropa honest, zuzen emankorrak... Eta zuek entzuleok...

BEÑAT: (Berriz sartuz) Ago ixtant bat.

BERE BURUA: Bainan... bururatua duk ixtoria... hitzartuak gintian.

BEÑAT: Ez badiat azken nahikeria bat.

BERE BURUA: Azken nahikeriak hiltzen direner baizik ez dituk onartzen.

BEÑAT: Preseski nahi diat jakin nitaz zer errana izanen den ni hil ondoan.

BERE BURUA: Ze hi hila! Hoin gazterik!

BEÑAT: Ba eta ez diat hire minddulekeriarik eta nigar faltsurik ikusi nahi... egintzak nik errana (eta ateratzen da).

BERE BURUA: Bon be orduan... maleruski... Antzerki guziz xelebre hunen gizon guziz xelebregoaren ixtorio xelebrea hortan bururatzen da... Abendoko gau hotz ilun batean... ez ez... behar dut artetan kanbiatu. Primaderako lehen egunaren lehen argi zirrintan Beñat Pekogain bere eguneko lehen kafe roma edan ondoan, tupustez bere adinaren lehen florian, lehen eta azken aldikotz erortzen da herioaren beso hotz eta ilunetarat... sniff sniff (hil zeinuak).

 

 

Bederatzigarren agerraldia

 

(DENAK SU TA FU salbu).

 

KIKENPUTZ: (KONZTERNAZION ekarriz)... Ze izigarrikeria bestenez hola supitoki... bizi oso baten bozkario gehientsuenak ezagutzeko konzternazion (MORTIFIKAZION, Mort par prokurazion).

KONZTERNAZION: Jainkoak begira gaitzala bizirk hiltzeaz!

PETTE: (Sartuz) Hoin gaztereik! leher egiten ahal dik! Peningarri duk undarrian.

BEKAIN BELTZ: Badiat holako bat ikusirik to nik... Hola duk eta fini!

SUSPIROSA: Ba ba bainan hori halaike gisakoa zian... eta nik erraiten badut hala zela jakin zazie hala zela.

EBARRIZTE: (Bere EMAZTEArekin sartuz) Adixkide maiteak, memento dorpe huntan gogoan ukan dezagun molde berezi batez, molde hortan utzi gaituen gure adixkidea Beñat Pekogain.

 

(Ixiltasun memento bat)

 

KIKENPUTZ: Ooh gaixo Beñat dena kalitate hintzan, gizon argia, eskolatia elakari goxoa.

SUSPIROSA: Gisakoa hintzan eta ez ahina, bahakien denenaren egiten.

PETTE: Beti abil egonez eta hirea gogoan.

BEKAIN BELTZ: Bahakien zer zen ona eta zer zen txarra, zer zen segurra eta zer landderosa hiretako denendako.

EBARRIZTE: Xerbitxu emana, geroari so, denen onaren bilatzaile ez politikeroa, bainan behar diren ideien jabe... fidagarria eta baliosa hintzan.

EBARRIZTSA: Egitatea eta konpainia... bahakien horien berri.

KIKENPUTZ: Beti berriak emaiten zizkidan!

SUSPIROSA: Beti egiten zuen itzuliño bat hemen!

PETTE: Beti behatzen zituen nere ixtorio xaharrak!

BEKAIN BELTZ: Beti emaiten zautan irabaziko ginuelako esperantza!

EBARRIZTE: Beti emaiten zizkidan bere arroltzeak.

KIKENPUTZ: Ooh Beñat hire defautak kasirik kalitateak zitian.

EBARRIZTE: Geldi!... gure kontratia hamar laudorioetan bururatzen da... Ez bat gehiago!

PETTE: Egia duzu bestenez defautak ere atzemanen diazkoagu, hola jorratzearen bortxaz.

BEKAIN BELTZ: Ta ez gitik haren herioak aterako idorte huntarik!

SUSPIROSA: Hola segitzen badu, idorte horrek, ixtantean ez dut urik ukanen ere Rikarrarendako.

PETTE ta BEKAIN BELTZ: (Joanez) Ez ez araiz.

EBARRIZTSA: Eta nik ere ez dut gehiago arroltzerik atzemaiten ahalko ere, ene senarrarendako.

EBARRIZTE: Nik ere ezin bizia dut ene bulegoan idorte horrekin (DENAK kanporat).

KIKENPUTZ: Zer? Ez gehiagokorik Beñat gaixo hortaz... gehiago merezi zuen ez Konkluzion?

KONKLUZION: Oh jainkoak begira gaitzala sortzeaz

              orduan aipatuak izanen baigira

              Gero Jainkoak begira gaitzala ezkontzeaz

              orduan kritikatuak izanen baigira

              eta Jainkoak begira gaitzala hiltzeaz

              orduan goretsiak eta laster ahantziak

              izanen baigira (joanez).

 

(Hor BERE BURUA eta BEÑAT sartzen dira)

 

BERE BURUA: Orduan kontent ahal haiz bururatzen ahal diau undarrian.

BEÑAT: Ez ez nuk kontent (jarriz).

BERE BURUA: Eni konklusionea ere ebatsi diak xahar hastial horrek bainan hil alta nahi duzkanak ukan dituk galdekinak. Orduan zendako ez haiz kontent.

BEÑAT: Ago ixilik... Ehortzi nie.

 

OIHALA