MIRAKULUEK EZ DUTE JAINKORIK
Iñaki Uria
Teatrero gehiengo batekin bat ez etortzeko arriskuarekin baldin bada ere, esan beharra daukat pare bat gauza hemen egiten den antzerkiaz, zeren eta, beste zenbait gauzaren artean, hemengo antzerkiaz pentsatzen duguna izan bait zen «Beteluko Balnearioko Mirakulua» egitera bultzatu gintuena bai Mikel, bai ni eta baitare Zarautzko «Branka» antzerki taldea.
Esan beharra daukat Hego Euskal Herrian behera egiten ikusi dudala euskal antzerkia.
Balantzeak egiteko hain aproposa den urte garai honetan gogora datozkit garai batean gure herriko frontoian ikusitako antzezlan guztiak. Onak eta txarrak. Hobeagoak ala kaxkarragoak. Baina behin eta berriro jendea erakartzen zutenak, bai ikusle gisa, bai antzezle modura eta bai antolatzaile bezala.
Gaur egun, hiru esparruotan atzera egin dela deritzot.
Ez dut uste garai batetan «Intxixu»k edota «Kilikilariak» taldeek lortutakoa berriro lortu denik. Ez dut uste halaber, «Tripontzi jauna», «Nafarroa 1500» edota «Deus ere ez izatetik izatera» obra haietaz buruan daukadana oroitzapen on baten nostalgia bakarrik denik.
Garai hartan, eta ez da hainbeste denbora (hamar urte baino ez Franco hil zenetik), garai hartan, zorionez, behin baino gehiagotan izan genuen aukera kanpoko antzerkia ere ikusteko, hala nola Euskal Herriko talde erdaldunek egindakoa.
Eta distantziak gordeaz, esan behar kanpokoen lotsez ez izateko moduan ginela. Hemen egindako antzerkia edozein tokitan erakus genezakeela probintziano konplejo handiegirik gabe.
Jendeak ilusioz hartzen zuen antzerkigintza bere maila guztietan. Disfrutatzea zegoen antzerkia egiten eta ikusten, eta antzerkiak bete ditzakeen funtzio sozialen artean egokienari erantzuten zitzaion buruhauste teoriko handiegirik egin gabe.
Beste garai batzuk ziren, noski.
Frontoiak, kaleak, plazak eta tabernak izugarrizko garrantzia zuten gizarte bizitzaren antzezleku bezala.
Telebisio, irrati, egunkari etabarren espektakuluan sinesten ez eta bertan sortzen ziren bestelako komunikabideak. Frontoitan, kaletan eta plazatan kokatzen ziren hain zuzen ere asanbladak, manifak, kantaldiak eta gainerako antzerki emanaldiak.
Herriaren komunikabide eta atsedengune izatearen papera betetzen zuena aldatzen joan da ordea, gure gizartearen parte handi bat, eguneroko bizitza den espektakulu honen ikusle eta ez antzezle edo egile bihurtu denetik.
Jendeak bere sarrera erosten du lau urtetik behin, kristalezko urna batetan sartu, eta antzerki horren ikusle bihurtzen da telebista, irrati eta egunkarien bitartez. Txalo edo ziztu egiteko aukera besterik ez zaio geratuko.
Gaur egun instituzionalizatu, edota instituzionalizatzeko bideetan dagoen antzerki emanaldi bat ikusterakoan bezalaxe gutxi gora behera.
Politiko «profesionalak», kantari «profesionalak», idazle «profesionalak», kultur-gizon «profesionalak», antzerki talde «profesionalak», aktore «profesionalak»... denak «profesionalak» bihurtu beharreko garaia heldu zen.
Profesionaltasuna kalitatea lortzeko ezinbesteko baldintza delako ustea zabaldu zen gure artean, eta gaur egun, antzerkigintzan bederen, ez profesionaltasunik, ez kalitate maila handirik lortu da.
Kalitate teknikoan irabazi den guzia kalitate humanoan galdu dela usaintzen da. Baina kanpotik jasotzen diren inpresio batzuk baino ez dira hauek, agian, barruan dabiltzanentzat, usain baino kirets direnak.
Dena dela, azken urteotako antzerkiaren mugida kanpotik ikusteko aukera baino ez zait suertatu, nahiz eta arras hurbiletik jarraitu.
Eta nabarmendu daitezkeen gauzen artean hiru nabarmenduko nituzke antzerkigileei dagokien heinean: antzerki “txiki”aren hutsegitea, Antzerti erakundea delakoa eta produzio “tzarrak”.
Antzerki “txikiak”, apalak edo herritarrak, porrot egin duela ematen du (Hego Euskal Herrian, ez Iparraldean).
Antzerti eskola bat da beste ezer baino gehiago.
Produzio “tzarrak” berriz beste apostu modu bat dira antzerkitik “bizi” ahal izateko. Hizkuntzarekiko erdarara ere jo beharra, eta dioten bezain independiente ez izatera behartuta egotea dakarkielarik sortzen duten diruzuloa estali nahiak, antzerkigintzan sartzen duten esfortzuaren adinako emaitzarik lortzen ez dutelarik gainera.
Bestalde, eta antzerki emanaldien antolakizunari dagokion heinean, erakunde ofizialak, eta ia ia erakunde ofizialak bakarrik pasa dira protagonista izatera, lehen antolatzaile zena, herriko jendea, nekatu, aspertu edota, gaur egun antzerki emanaldi batek sor dezakeen diru zuloa dela eta, ezinezkoa dela ikusirik, erabat jokoaren kanpo gelditu delarik.
Esan beharreko gauzak direla uste dut, nahiz eta balantze luzeago bat eskatu seguruenik.
Uda gau batetako ametsa
Guztiori hor dagoelarik beste historia bat ere badago, pertsona konkretu eta haragizkoek sortutakoa.
Eskolan, ikasten eta antzerkia egiten; kalean, lagun bezala eta herrirako bertako antzerkia egiten ezagututako lagunak, alde batetik; eta literaturgintzaren bide bihurrietatik SUSAn eta ARGIAn ezagututako beste laguna, bestetik.
Lehendabizikoak antzerkia egiteko gogo eta asmoarekin. Bigarrena Antzerti utzi eta hemengo antzerkiaz erabat arduratua (Ikustea besterik ez dago ARGIAn eta EGUNONen euskal antzerkigintzari, kritiko eta zabaltzaile modura, egin dion jarraipena eta eman dion laguntza).
Uda batez, 1984.ekoan, obra bat prestatzen hasiak ziren «Branka»koak Zarautzen. Irailaren 3an estrenatu beharra zeukaten Zarautzko frontoian.
Gau batez kalean hitzeginda izan genuen horren berri. Goiz batetarako gelditu ginen egiten ari zirena ikusteko.
Abuztu hasiera, eta obra bat izateko gauza asko falta saio hartan ikusitakoari.
Erabakia, Mikelek eta biok oinarri idatzizko bat prestatzea, erabat berria, eta horren gainean lan egitea, taldea eta gure artean obra bukatu bat prestatu arte.
Arazoa, denbora gutxi izatea.
Gaia, haria, pertsonaiak... eseraldi bat idazmakinaren aurrean eta egun gutxi batzutako entsaioak.
Esan beharreko gauzak direla uste dut, obra labur hau bere tokian kokatzeko, eta liburu batetan, antzerki emanaldietatik kanpo, sor ditzakeen galderei erantzuteko.
Saio bat bezala ulertu behar da. Presakako saio bat. Bizi genuen —eta bizi dugun— kultur egoeraren islada bat klabe komikoan. Sinplea, jende gutxirekin eta tresneria gutxirekin egiteko modukoa, “txikia”...
Saio bat buruan geneukana errealitatean frogatzeko: antzerki modu honekin lan egitea posiblea dela. Posible dela medio urri eta ilusio handiz antzerkia eginez bizitzea.
Saio hau jarraipenik gabe gelditu da tamalez. Seguruenik Mikelek eta biok, egunerokoak eraginda, erantzuterik ez geniolako izan apustu horri beste zerbait prestatzeko.
Oraindik ordea ibili beharreko bidea dela iruditzen zait, eta ibiliko dena uste baino lehen.
Ez dakit zenbat emanaldi izan zituen «Beteluko»ak baina Zarautzko estrenoan gertatutakoa «Mirakulua» izan zen benetan: frontoia bete egin zen eta jendeak parre egin zuen.
Urteak ziren horrelakorik ikusten ez nuela.