Hitz lau saila abian jarri zenean, 1993ko azaroan, Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi eta Xabier Lete izan ziren artikuluen egileak. 1993ko azaroan hasi eta 1994ko uztaila bitartean igandero idazle horietako baten artikuluak ikusi zuen argia Euskaldunon Egunkarian. Guztira, 34 artikulu argitaratu zituzten. 34 artikulu horiek Euskal Editoreen Elkarteak argitara emandako Hitz lau liburuan bilduta daude, eta liburu horretako hitzaurrea eta lehen lau artikuluak eskaintzen ditugu hemen.
Bigarren aro bat ere izan zuen Hitz lau-k: Anjel Lertxundi, Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria eta Joxe Austin Arrietaren artikuluek osatu zuten bigarren aro hori, eta 1994ko urritik 1995eko uztaila bitarteko igandeak hartu zituen. Guztira, 36 artikulu argitaratu zituen Egunkariak Hitz lau-ren bigarren aro horretan. 36 artikulu horiek www.egunero.info helbidean daude irakurgai.
Xabier Lete
1993-11-28
«Egia, politikan, ez da bertute,
garaipenerako beste arma bat baizik».
(Niccolò Machiavelli)
Albert Camus frantziar idazleak honako hau gomendatzen zuen behin: Norbaitek, zure begietara soa zuzenduz, egia osoa eta sinzeroa eskatzen badizu, prometi iezaiozu, eta gero esaiozu berak entzun nahi zuena.
Aholku horrek zinikoa dirudi, baina ez, errukitsua da, ez besterik. Eta gainera, zinismoa zer den ere argitu beharko litzateke gure artean. Zinismoa, italiarrek ulertzen duten moduan, konszientzia da, eta ez, hemengo ohituran, egoismoaren fanfarroikeria.
Gezurrarena eta egiarena ez da aztertzeko arazo erreza, eta are gutxiago epaitzeko. Hasteko, lehen galdera bat dago: posible ote da egia? Zer da egia?
Egia, enpiristentzat, pentsatzen duguna errealitateari egokitzea litzateke. lkuspegi horrek zientzien esparrura garamatza, batez ere, egokitze mota hori zientzietan bakarrik izango bailitzateke posible, batez ere zientzia fisiko eta izadi zientzietan. Hain oratua dugun Popper-ek aldarrikatua du zientzia beti konjeturala litzatekeela eta errefutazioari baldintzatua; dogmarik gabea, hipotesietan plausiblea baina aldakorra. Horrelako zerbait galdetzen zien gizarte zientziei ere Isaiah Berlin batek, naturaltasunaren eskaria zuzentzerakoan.
Baina iruditzen zait izadi zientzietan posible litzatekeena gutxiago dela posible gizarte zientzietan. Eta zergatik? Pentsatzen dugun ber horrek errealitatearen eduki-multzo konjeturala izugarri kargatzen duelako; zientzia horietan teoriaren karga, karga ideologikoa askotan, izugarria delako.
Zientziei dagozkien egiaztatze errekisitoak bazterrera utzi eta eguneroko gure egia eta gezurretara hurbiltzen baldin bagara, hor ere izugarrizko zailtasuna dakusagu zerbait argitzeko. Egia moeta desberdinak daude (eta gezur moeta desberdinak). Sentimentuen egiak daude; gustoarenak; sinismenarenak eta atxikimenduarenak; eguneroko fenomenologiari dagozkien egiak ere hor daude, hain banalak aldiz, bestetan zuhurragoak; desioen egiak, gehienetan hain estaliak. Egia, beraz, benetako zerbaiten adierazpena litzateke: benetan sentitzen, pentsatzen eta desiratzen dugunarena.
Nabarmena da, bestetik, egia eta sinzerotasuna sarritan nahasten ditugula kontzeptu bezala, berez hain desberdinak izanik. Nik uste dut egiaren formulapen gehienak barruruntz bakarrik direla posible, eta sinzeritatea kanporuntzko adierazpenetan gauzatzen dela. Bikoiztasun horri hipokresia deitzen badiogu, esan dezagun berehala hipokresia hori gizarte superbibentziaren zutabe nagusia dela. Egia eta sinzerotasuna askotan munduko gauzarik kontrajarrienak baitira, inolaz ere uztar ezin litezkeenak.
Horrela, eta geure buruari hain maiz esaten dizkiogun gezurrak alde batera utziz (edo zenbait inperatibok halabeharrez gureganatzen dizkigun gezur sibilinoak aparte utziz), besteei egunero eskeintzen dizkiegun gezurrak geldituko lirateke; hain ugariak, hain beharrezkoak, hain errukitsuak askotan.
Ongi pentsatzen jarri ezkero, gezurra esateko eta insinzeroki manifestatzeko arrazoi asko daude. Eta ondorioz, gezur moeta asko dago. Hona hemen batzuk.
1. Gezur oportunistak. Lanbidea, prestijioa, auzi baten irabaztea eta horrelako lorpen praktikoak defendatzeko esaten direnak. Gezur horietatik batzuk munduko hotzenak eta deliberatuenak izan ohi dira. Gezur bat esanaz prestijioa babesten baduzu, edo erantzukizun izugarri bat bazterreratzen, oso zaila eta antinaturala da egia esatea. Adibidez, gaur egun auzitegietan testigu gehienek gezurra esaten dute.
2. Gezur sentimentalak. Maite ditzagula espero dutenei esaten dizkiegunak. Gezur horiek, maitasuna, desioa edo sentimendua bukatu denean esan ohi ditugu sarri; gezur errukitsuekin nahasten dira.
3. Gezur errukitsuak. Norbaitek ematen digun penagatik esan ohi ditugunak. Maitasun kontuetan asko erabiltzen dira, baina ez horietan bakarrik.
4. Gezur estratejikoak. Helburu batetara iristeko deliberatuki esan ohi direnak. Politikan, gerlan, diplomazian, negozioetan beti esan ohi direnak, alegia.
5. Gezur desesperatuak. Posizio bikoitz bat defendatzeko esan ohi direnak. Adibidez, adultero batek esan ohi dituenak, edo bi nagusi zerbitzatu behar dituen enplegatu edo mirabe desditxatuak. Hauek dira, behar bada, umilagarrienak.
6. Gezur xelebreak eta efektistak; fantasiaren gehiegikeriaz, bitxikeriak esatearren, efekto komikoak lortu nahi direnean esan ohi direnak.
7. Komoditatez, elkarrizketa bat ez bortxatzearren esan ohi direnak, gezur sozial arruntak: trenean, lantokian, jatetxean ohiz eta uneoro esaten ditugunak.
8. Adeitasunez apaindurikoak. Gezur errukitsuekin nahasten dira, baina banitatearen osagarri bat dute; errukiagatik adina esaten baitira besteek gutaz pertsona adeitsu eta atseginaren imajina jaso dezaten.
9. Gezur erabat profesionalak. Korporazio, profesio edo estamentu baten interesak defendatzeko esan ohi direnak; elkarrekiko interesak defendatzeko (gaur zuregatik, bihar neregatik) hirugarren batzuren aurrean esaten dira normalki. Gezur horiek oso nabarmenak dira, adibidez, artista, idazle eta intelektualen artean ere (zer esanik ez joera estetiko edo multzo ideologiko berekoak izanik). Gezur horiek, hala ere, askotan erretizentzia puntu bat daramate, irriño batekin esaten dira, normalagoa delako konpetitzaile den profesio-kidea bekaiztea eta gorrotatzea maitatzea baino.
Gehitu ditzagun, gainera, beste gezur klase asko (gaiztakeria soilez edo maliziagatik esan ohi direnak, adibidez, edo mendekuagatik), eta konturatuko gara egia esatea, egia soila eta sinzeroa konsideratzen den hori, oso zaila, desegokia eta arraroa dela mundu honetan. Eta gezurra dela, azken finean, giza-harremanen usadioak biguntzen dituen tresna, gure bizikera ahalmentzen duen mekanismo nagusia.
Lau hitz, sarrera gisa, Martxelo Otamendi
Garatxoak edertasuna bezala, Koldo Izagirre
Historia eskolara, Ramon Saizarbitoria
Tribuko oihartzunak eta cromlecha, Anjel Lertxundi
75. Literatur Emailura itzuli