Egan euskara hutsezkoak 50 urte
1948an abiatutako Egan aldizkariak, Euskalerriaren Adiskideak elkartearen literatur agerkariak, urrats nagusia eman zuen duela 50 urte, 1953an: zenbaki osoa (bakarra atera zuen urte horretan) euskara hutsez plazaratu zen. Eta hala jarraitu zuen Aingeru Irigarai, Koldo Mitxelena eta Antonio Arrueren zuzendaritzapean. Duela 50 urteko zenbakiak hiru lan zekartzan: Aingeru Irigaraik idatzitako Piarres de Axular artikulua, Nemesio Etxanizen hamaika poema eta Xabier Lizardiren Ezkondu ezin ziteken mutilla antzezlana. Hirurak eskaintzen dizkizugu hemen. Bitxikeria gisa, jakin ezazu 1953an Egan aldizkariaren salneurria 4 pezetakoa zela, 14 pezetakoa izanik urte osoko harpidetza.
Hitz lau saileko artikuluak
Euskaldunon Egunkariak 1993tik aurrera argitaratutako Hitz lau saila argitaratu du Euskal Editoreen Elkarteak. Xabier Letek, Anjel Lertxundik, Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak kaleratu zituzten 34 artikuluak bildu ditu liburuak, eta guk orain lehen lau artikuluak eta Martxelo Otamendik eginiko hitzaurrea eskaintzen dizkizuegu. Hilaren 18an Donostian aurkeztutako liburuarekin ateratako sosak itxitako egunkariko langileen alde izango dira. Liburukoez gain, Hitz lau sailak izan zuen bigarren aroko artikuluak ere irakurgai dituzue www.egunero.info helbidean.
Astero liburu bat: Emon biar yako
Iñigo Aranbarriren Emon biar yako nobela duzu aste honetan osorik emana, 1994an Susak argitaratua. Julen Azkue editorea da protagonista, 60etan, Zentsuraren zaindaritza zorrotzak estu hartua daukan gizona. Datorren asteko liburua: Joxe Austin Arrietaren lehendabizikoa, "Bidaia / Termitosti", Ustela Sailak plazaratua..
Sei hitzaldi Bilbo Zaharra Forum webgunean
Bilbo Zaharra euskaltegiak Euskal kulturaren ajeak eta literatura foroa antolatzen du 2001etik. Zortzi idazleren hitzaldiak izan dira egundaino, eta horietatik seirenak Interneten dauzkazu irakurgai: Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Pedro Alberdi eta, oraintxe berriki, Itxaro Borda.
Efemerideak
1920 ekainak 19: Fernando Aire Xalbador jaio zen Urepelen.
1890 ekainak 20: Pierre Duhour jaio zen Beskoitzen.
1896 ekainak 21: Koldo Jauregi Jautarkol jaio zen Errenterian. Bere poemak irakurriko dituzu Euzko Gogoaren zenbaki honetan.
1922 ekainak 23: Juan San Martin Otsalar jaio zen Eibarren.
1894 ekainak 24: Bedita Larrakoetxea jaio zen Zeanurin. William Shakespeareren obrak euskararatu zituen Euzko Gogoa aldizkarian.
1937 ekainak 25: Estepan Urkiaga Lauaxeta hil zuten fusilatuta Gasteizen. Juan Luis Zabalak idatzitako Agur, Euzkadi nobela osorik dago Interneten.
Agenda
Iban Zalduak "Traizioak" liburua izango du hizpide ekainaren 18an (asteazkena) 20:00etan Deustuko Irakurlearen Txokoan. Antolatzaile: Berbaizu euskara elkartea.
Jokin Muñozek "Bizia lo" liburua izango du mintzagai ekainaren 25ean (asteazkena) 20:00etan Santutxuko AEKn (Arbidea 21). Antolatzaile: Asapala euskara elkartea.
Egunkari baten goiza irakurraldi-emanaldia (irakurketa, bideoa, musika, dantza) egingo dute ekainaren 25ean (asteazkena) 20:00etan Gasteizen, Aldabe Gizarte Etxeko Antzokian. Bertan izango dira: Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Xabier Izaga, Manu Lopez, Gerardo Markuleta, Aitziber Perez de Karkamo, Kirmen Uribe, Iban Zaldua, Patxi Zubizarreta. Musikariak: Xabier Montoia eta bere taldea, Maite Arroitajauregi (celloa).
Piarres Xarritonek "De Re Publica edo politikaz" liburua aurkeztuko du ekainaren 26an (osteguna) 11:30etan Donostiako Bilintx liburudenda. Aurkezle: Joseba Intxausti. Argitaldari: Elkar.
Begoña Bilbaok "Emakumezkoek idatzitako literaturaren ezaugarriak" izango ditu hizpide ekainaren 26an (osteguna) 19:30etan Ondarroako Kafe Antzokian.
Joseba Sarrionaindiaren "Lagun izoztua" liburuaz hitz egiteko bilduko dira ekainaren 26ean (osteguna) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubekoak, GEU elkarteak antolaturik.
Bihotz Bakartien Klubak "Poeta hilen kluba" ikuskizuna plazaratuko du ekainaren 26an (osteguna) 20:00 Getxoko Irakurlearen Txokoan.
Er3mu4k "inon izatekotan" ikuskizunarekin izango da ekainaren 27an (ostirala) The Balderen festan, Donostiako Artelekun.
Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.