Literatur Emailuak
2003ko martxoaren 27an
"Hitz lau" liburua

 

        Hitz lau saila abian jarri zenean, 1993ko azaroan, Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi eta Xabier Lete izan ziren artikuluen egileak. 1993ko azaroan hasi eta 1994ko uztaila bitartean igandero idazle horietako baten artikuluak ikusi zuen argia Euskaldunon Egunkarian. Guztira, 34 artikulu argitaratu zituzten. 34 artikulu horiek Euskal Editoreen Elkarteak argitara emandako Hitz lau liburuan bilduta daude, eta liburu horretako hitzaurrea eta lehen lau artikuluak eskaintzen ditugu hemen.

        Bigarren aro bat ere izan zuen Hitz lau-k: Anjel Lertxundi, Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria eta Joxe Austin Arrietaren artikuluek osatu zuten bigarren aro hori, eta 1994ko urritik 1995eko uztaila bitarteko igandeak hartu zituen. Guztira, 36 artikulu argitaratu zituen Egunkariak Hitz lau-ren bigarren aro horretan. 36 artikulu horiek www.egunero.info helbidean daude irakurgai.

 

 

Garatxoak edertasuna bezala

 

Koldo Izagirre

1993-11-07

 

«Granada du gogoan...!», omen da Berberiako mairuen esana inoren tristurari ulerbide emateko. Halako edermina sortzen die Alhambraren oroitzeak. Saudade politiko bat ere bada noski, arabeen mindura hau. Portugesena baino gauzatuagoa, arruntagoa. Granada ezagutu dut oraindik orain. Gauzak behar bezala egin zale, autore frantses bat hartu dut gidari (onak ziren Michelin aurreko haiek) Espainiaren zati hau ezagutzeko. Isiltasunaren karrikan gora eta behera egin dut, baina han ez da ostaturik ageri. Hain guti plakarik. Haatik ponpeziaz hartu zuten Dumas granadarrek. Utzi diot postliteratura egiteari, eta Alhambrara abiatu naiz Granadako hiribide nagusian barrena, nire zalgurdia bertako poetek geldiarazten ez dutela ongi etorrizko bertsoak kantatzeko. Erdian, villa eder batean kokatua, Gobernu Zibila ageri da. Sarrerako ateak jendea dabilen espaloira bertara zabalik, kamera diskretu bat eta polizia atezain aspertua. Bakean bizi dira hemen. Oroitzen dira baina besteenaz, lorategian dagoen masta luzean gailurturiko banderak lakio azula eder bat dauka behintzat.

        Ur, itzal eta usainezko paradisu hark badu bere garatxoa: Carlos V-ren gaztelua, berpizkunde arokoa, gaitz, astun, larderiatsu, zezenak jokatzeko plaza bat barruan. Bere inperioan eguzkia gordetzen ez eta hemen egin behar harriagatzar hau! Profanazio bat, bortxakeria, garaituaren gorpu ederragoari eginiko tu zabarra. Muhammad-ek eta Yusuf-ek eginiko aterbeetan berriz handikorik ez, zamakorik ez. Dena arin, xume, polit. Arabeskoen artean David-en izarra ikusiko duzu, artisau juduren baten sinadura. Gatibuaren mendekua menturaz. Surak, Koraneko zatiak, geometrian zirriborro eginik. Muhammad Errege Itsuak askatasuna ematen zion poema ederrik konposatuko zuen presoari. Irving-en eta Debussy-ren oroigarriak ere labur, egoki. Dumas ageri ez. Merezia du harroputzak. Lorategietan, uraren xuxurla belarri indiskretuek entzun ez dezaten lagunek elkarri esaten diotena...

        —Nongoak zarete? —emakumezko batek espainolez.

        —Euskaldunak —euskaraz guk. Isilune bat.

        —Bilbaokoak gara —emakumezko talde bat, euskaldunik ez.

        —Bilbao? Barakaldo ondoan? —irribarrean nik espainolez.

        Ez dute umorerik, bilbaotar txepelak nonbait. Ez dute barrerik egin, eta ni ere jendetasunak agintzen duena baino apur bat luzexeago gelditu naiz noski bularrean daramaten lakio azulari beha. Ez diet galdetu handik ekarri dituzten edo hemengo Gobernu Zibilean eman dizkieten, zintzotu naiz azkenerako. Utzi egin gaituzte. Ezkonberri batzuk hurbildu zaizkigu. Generalifeko iturrietan gaude, eta poxelu egiten diegu argazkirako. Tristatu naute miniatura zoragarri hau Arnaga bezalako dekoratu bat bailitzan hartzen duten gazte zoriontsuok. Gaitzerdi, alderaketa hobeago bat ekarri didate doan: Kanboko soroetan Versailles txipi bat egitea bezala duzu jauregi errenazentista bat eraikitzea Alhambraren erdian. Bai, uste dut Carlos V-ren idazkari egokia zatekeela Edmond Rostand. Utzi egin behar izan dugu inoiz bakarrean, isilean, patxadan, bisitatu ezin izanen dugun Erribera bonsaitu hau. Karriketara amildu gara dendak itxi ditzaten baino lehen, saudadea Boabdil-ek baino errazago hasperen bitan uxatuta.

        —Baimen berezirik behar da?

        —Zertarako?

        —Hor dauzkazun horietarik erosteko...

        Ez, ez nintzen sartu. Lehenik espaloi estu hartan gelditu nintzen harritua, benetan harri egina, eskaparateko anabasan ageri ziren zaldi-behorretarako hedeek eta zartailuek ez baina beste tramankulu haiek begiak lapurturik. Bere idazkariak egin nobelak eta kronikak sinatzen zituen Dumas izeneko armazale amorratu hark ez digu deus aipatu haietaz, eta ustekabean harrapatu naute (hauxe dute ona Michelin aurreko gidek). Ez dakit hala esaten den, ez dakit hitzik badugun euskaldunok halakorik adierazteko, ez dakit euskaldunen batek, abertzaleena izanik ere, inoiz aipatu duen halakorik bere hizkuntzan. Galtzarbekoak, esanen nuke besterik ezean. Galtzarbean, besapean, pistola eraman ahal izateko bularretako latzak.

        —Lasai jauna, libre da saltzea eta erostea!

        Zintzilik, begi bistan, aukeran eskainiak zeuden han aitabitxiaren edo gobernadore zibilaren beraren morroiek jaka erantzitakoan atorraren gainean ageri dituzten uhal beldurgarri haiek, salgai, erosgarri, lakio urdina publikoki zintzilik zegoenetik ehun metro barru. Bi errealitate urrun eta hurbil, paradoxaz osagarriak. Versailles nahi bat Kanbon. Enperatore baten kapritxo zantarra lorategi musulmanaren erdian. Baten apaltasunak itsusiagotzen duela bestearen harroa. Baten gotorrak maitagarriagotzen duela bestearen ahulak. Ez dakit bilbotar haiek Granadak ugari dauzkan larruki dendaren baten aitzinean gelditu ote ziren. Ez dakit beren lakioaren kopia handitua ikusi ote zuten. Ez dakit bi errealitate haiei nik bezala osagarri eritziko zieten, bata bestea gabe ezin ulertuzkoak, elkarri zor.

        Euskal Herria nuen gogoan, Granadan.

 


Lau hitz, sarrera gisa, Martxelo Otamendi
Historia eskolara, Ramon Saizarbitoria
Tribuko oihartzunak eta cromlecha, Anjel Lertxundi
Gezurraren goraipamena, Xabier Lete


 

75. Literatur Emailura itzuli