Literatur Emailuak
2003ko martxoaren 27an
"Hitz lau" liburua

 

        Hitz lau saila abian jarri zenean, 1993ko azaroan, Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi eta Xabier Lete izan ziren artikuluen egileak. 1993ko azaroan hasi eta 1994ko uztaila bitartean igandero idazle horietako baten artikuluak ikusi zuen argia Euskaldunon Egunkarian. Guztira, 34 artikulu argitaratu zituzten. 34 artikulu horiek Euskal Editoreen Elkarteak argitara emandako Hitz lau liburuan bilduta daude, eta liburu horretako hitzaurrea eta lehen lau artikuluak eskaintzen ditugu hemen.

        Bigarren aro bat ere izan zuen Hitz lau-k: Anjel Lertxundi, Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria eta Joxe Austin Arrietaren artikuluek osatu zuten bigarren aro hori, eta 1994ko urritik 1995eko uztaila bitarteko igandeak hartu zituen. Guztira, 36 artikulu argitaratu zituen Egunkariak Hitz lau-ren bigarren aro horretan. 36 artikulu horiek www.egunero.info helbidean daude irakurgai.

 

 

Tribuko oihartzunak eta cromlecha

 

Anjel Lertxundi

1993-11-21

 

«Esaten ez den egiak gero bere lekua hartzeko areagoko lana izaten du», irakur daiteke Juan Garziaren Itzalen itzal liburuko pasarte batean.

        Hogeita hamar urte bete dira Quosque tandem... argitaratu zenetik. Agian han eta orduan, hartaz eta gero botatako loreak bezain ugari ez dira izango ezkutatu eta esan gabe gelditu diren arantzak. Ez dakit. Horiek ere esaten hasi beharra dago ordea, areagoko lanak izango baditugu ere beren lekua har dezaten.

        Lehenik eta behin, Oteizak adjektibo bat kenduko dio ordu arteko espresamolde garrantzitsu bati: Barandiaranek, Aitzolek edo Lekuonak alma popular vasca deitzen zutenari, Oteizak alma vasca deituko dio, popular kendu baina vasca mantenduz. Ezin da modernitatearen ikuspegitik bakarrik zuritu erromantikoen volk horren desagerpena, nahiz horretatik zerbait ere badagoen Oteizaren formulapenean.

        Oteizak cromlechera garamatza, baina ez euskaldunok mairu- edo jentil-baratza deitzen dugun harrespilara. Popular hori kentzea ez da anekdotikoa, estetika oteizarraren giltzetako bat baino: historiaurrean jartzeaz gain, hitz-aurrean ere jarri nahi izan gaitu.

        Paradoxa badirudi ere, Oteiza profetikoak hitz-aurre horretatik bakarrik lor zezakeen hitza, hizkuntzaren bezperetako cromlech-etik bakarrik zuri baitzezakeen bere ahulezia —edo hautamen?— linguistikoa. Paradigmatikoa da Oteizaren esaldia: «Unamuno que tan duramente e injustamente ataca a su idioma de vasco, no se da cuenta que está religiosamente pensando desde él cuando dice que el silencio es donde encuentra a Dios». Bere saio etimologiko burugabeek ere isilune horren estetikan dute sostengu.

        Berehala dator efektu miresgarria: Pío Barojaren edo Unamunoren estilo euskalduna erreibindikatuz hasiko da bere estilo euskalduna erreibindikatu beharra bizi, eta ideologia politikoaren eta praxia linguistikoaren arteko luizia nola zuritu ez dakien oro. Ez daukat izenak bota beharrik, garai hartako Zeruko Argiako orrialdeek lekukotza fina eskaintzen dute. Krutwig-ek urte gutxi lehenago Euskaltzaindian egindako salaketari, patrioten euskararen erabilera interesatuari, sibilinoki erantzungo zaio, justu nola, eta Oteizaren saioko argumentuekin, justu noiz, eta euskarak inoiz ezagutu ez zuen kontzientzia-prozesua ibil-ibiltzen hasia zenean. Ez genuke —esango zaigu— arazo linguistikorik, baldin denok kokatuko bagina gatazka linguistikorik gertatzen ez den eremuan: hitz-aurrearen paradisuan, estetikaren tenpluan, euskal arimaren baratze metafisikoan.

        Kontzientzia txar linguistikoaren defentsa-modu bikaina bilakatu zen Oteizaren etnozentrismo aurre-linguistiko hori, nahiz defendatu beharrik ez daukadan hemen, besteak beste, oriotarraren eragin sakona euskal letretan, Martinez Gorriaranek oteizolatra deitzen dituenek, Oteizaz mintzatzen direnean, inoiz aipatzen ez dutena: Gandiagak, Lekuonak, Oskarbik, Ez dok Amairuk... diskurtsu estetikoari egin zioten jaramon, Oteizaren diskurtsu estetikoak ipurdi bistan jartzen baitzuen ordu arteko euskal nagikeria erretorikoa; beste hainbatek, ordea, babes polita aurkitu zuen diskurtsu estetikoak berarekin zekarren aitzakien harrespilan.

        Orain artekoan, eta labur badarik ere, Oteizak euskararen inguruko gorabeheran izandako eragina jarri baldin badut eztabaidagai, nire argumentazioaren bigarren mataza bateko bi harietatik tiratu nahi nuke bi norabideetan apunte bana eskaintzeko asmoz: batetik, Oteizaren estetikak beste aukeren artean betetzen duen tokiari; bestetik, Oteizaren estetikaren modernotasunari.

        Lehendabiziko hariari buruz, inoiz aipatua dut Oteizaren estetika etnozentrikoari segitzen zaion ondorio totalitarioa: euskaldun kabal orok aintzakotzat hartu beharra dauka Oteiza, baldin uko egin nahi ez badio euskal arimari. Egia da interpretación gisa bataiatzen duela bere saioa, baina egia da beste hau ere idatzi zuena: Sin este cálculo estético de la desocupación del espacio, no ha alcanzado el arte nunca su destino espiritual... Ez du idatzi sin un eta ningún arte. Euskal arimaren bere interpretapen propioa da bidea, arteak bere helmuga izpirituala lor dezan: euskal arimaren interpretapena eta, gainera, Oteizak egina. Horregatik erantzungo dio Gabriel Arestik, ez ironiarik gabe: «Egia da Oteitzaren eskultura eztudala nik konprenitzen, baina ni eskolarik gabeko gizon bat naiz, eta hori ezta harritzekoa. Baina Jurgi Oteitzak nire poesia konprenituko du, dudarik gabe, gauza errezagorik ezpaita inoiz gizonaren eskutik atera». Oteizaren bidea, etnozentrikoa eta metafisikoa, beste bideen ukatzailea da. Hainbeste ikusten zuen Arestik.

        Bigarren hariak badu aurrekoarekin korapilorik. Arte modernoa aspalditik zegoen bidegurutzean: tradizioa gain behera, noraeza nagusi; ordenu totalizanteak patxada ematen bazuen, kaosak angustia; desegin da, azukrea kafetan bezala, mundua eta gizakia guztiz eta koherentziaz esplikatzen zituen estilo handia. Arteak —eta kulturak oro har— ez daki norantz jo. Desarmonia horren oharkera da arte modernoaren hasiera. Musil-en Ulrich-ek, atributurik gabeko gizonak, ez dauka zentru armonikorik bertara jotzeko, ez du zatien arteko batasunik ikusten haien babesean lasaitzeko. Totalitatea falta da, sistema oso baten koherentzia. Arteak, ordu arte, totalitatearen ispilu eta errepresentazio izan nahi zuen. Artea, ordutik, ez da disolbaketa orokorraren beste engranaje bat gehiago besterik.

        Oteiza deseroso zegoen, gehienera ere amairik gabeko ihesera daraman bidegurutze horretan. Bere desosegua bare zezakeen esparru bakarrera jo zuen, haurtzarora. Baina haurtzaro pertsonaleko sosegugaia, Baudelairek tribuko oihartzunak deitzen zuena, ordurako galduta, herri honen haurtzarora jo zuen, eta Aralarko harkaitz erosionatuak, barrenera bilduak, deskubritu zituen; cromlech-etako materia eta forma prima berberaz sortuak daude Oteizaren apostoluak. Musilen nobelako Ulrich-ek ez zekien nola bete Clarisseren eraztuneko hutsunea. Oteizak, arte modernoaren hutsak izututa, tribuko oihartzunak galduta, cromlecheko hutsunean aurkitu eta eraiki zuen sosegua, eta cromlechean bildu nahi izan gaitu guztiok.

 


Lau hitz, sarrera gisa, Martxelo Otamendi
Garatxoak edertasuna bezala, Koldo Izagirre
Historia eskolara, Ramon Saizarbitoria
Gezurraren goraipamena, Xabier Lete


 

75. Literatur Emailura itzuli