Mugak
Egun osoa muino gaineko ezkutalekutik
antzarei tiraka. Saldo bat bestearen atzetik
lehertzen, eskopetako kanoiak ukitzeak berak
erre egiten zuen arte. Antzarek
betetzen zuten aire hotz grisa. Baina artean
ez genituen geure asmoak ase. Edonora
desbideratzen zuen gure tiroa haizeak. Arratsalderako,
boteak genituen lau. Bik kasik aterarazi gintuzten
gure eremutik. Egarriak muinoan behera bultza gintuen
errepide lohian barna, erreka ertzera.
Garagar zelai agorrek inguratutako
landetxe zatarrera heldu ginen. Han, arratsean,
eskuetako azala zerrendaka erortzen ari
zitzaion gizon batek atarian zeukan balde batean
freskatzen utzi zigun.
Gero, zerbait ikusi nahi ote genuen gonbita:
Kanadako antzara bat gordetzen zuen
mandioan, upel batean bizirik.
Alanbrez estalita zeukan upela, ziega
ttipi bat bezala saretua. Urrunetik tiro eginda
apurtu ei zion hegaztiari hegala; gero, harrapatu
eta zaust upelera. Burutazioaren ederra:
antzara hura besteak erakartzeko erabiliko zuen,
apeu biziduna.
Denboraren poderioz
trikimailurik makurrena suertatu behar zuen:
pare-pareraino erakarriko zituen antzarak,
hain gertu hegaldatuko zitzaizkion ze
ia ukitu egin ahalko baitzituen bota aurretik.
Gizon honi ez zitzaion antzararik faltako.
Hargatik ematen zion bereari
jan zezakeen adina arto eta garagar,
eta upel hura, berton bizi eta
zirinak botatzeko.
Luze begiratu nion:
mugitu gabe, antzarak bueltan niri,
begiekin esaten zidan
bizirik zegoela. Handik hanka
egin genuen lagunak eta biok. Oraindik
begien parean mugitu edo hegoak
astintzen zituen edozer
hiltzeko irrikaz. Ez dut gogoan
egun hartan besterik bota ote genuen.
Ezezkoan nago. Ilun zegoen kasik, edonola ere.
Bost axola, orain. Baina urte luzez,
samintasunaren muinean nintzela,
beti izan nuen antzara hura akorduan.
Aparte jarri nuen gainerako antzara guztietatik,
izan bizidunak edo hildakoak. Ulertu ahal izan nuen
edozertarako erabil zaitzaketela,
edozertara ohitu zaitezkeela.
Traizioa ez dela galerari eta goseari
ematen zaien beste izen bat baino.