Porno vs Afrodita
Porno vs Afrodita
Patricia Urrutia Urieta
Azaleko irudia: Roberto Quintana eta Ainhoa Resano
Barruko argazkia: Ainhoa Resano
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
96 orrialde
978-84-17051-77-8
Patricia Urrutia Urieta
1977, Bilbo
 
Porno vs Afrodita
Patricia Urrutia Urieta
Azaleko irudia: Roberto Quintana eta Ainhoa Resano
Barruko argazkia: Ainhoa Resano
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
96 orrialde
978-84-17051-77-8
aurkibidea
 

 

Mind the gap, please, mind the gap

 

Eneritz Artetxe Aranaz

 

      Urte mordoxka igaro da ordutik, gehiegi. Hemezortzi, hemeretzi, hogei? Mesedez, norbaitek geldi ditzala Big Ben honen orratz gupidagabeak. Stop, please! Ez da posible? What a pitty…

      Denbora tematiak eta bizipen ugarik zeharkatu gaituzte ordutik, baina nik dirdira bereziz oroitzen ditut Londreseko abenturak. Hiri gogor hartako hainbat elementu geratu zaizkit itsatsita azal-tripa-bihotzetan: etxe eta lan ezberdinak, Cricklewood-eko eskola, kide interesgarriak, afrikar janari zoragarria, hotza, txokolatinak, antzezlanak, bizilagunak, Tower Bridge, underground-a…

 

      voice: Mind the gap, please! Mind the gap!

 

      Benetan kontuan hartzekoa zen trena eta espaloia banatzen zituen zulotzar —gap— hura. Goizeko lehen orduan erdi lokartuta metrora joanez gero bertan iruntzita geratzeko modukoa, “Help me, pleaseeee!”.

      Guk Londreseko antzerki eskola batean ezagutu genuen elkar. Patricia Urrutia Urietak eta biok, esan nahi dut. Duela hogei urte —“Oh, my God!”— Philippe Gaulier pailazo eta bufoiaren eskolan, hain zuzen ere.

 

      — Do you want to come to a party, Patri?

 

      Nire lehengusinarekin eta afrikar kuadrilla batekin bizi nintzen ni. Lehenengo etxe batean, gero beste batean eta, ondoren, beste eta beste batzuetan. Beti ere, erdigunetik gero eta urrunago.

      Nik uste nuen Patricia kolonbiarra zela, ez galdetu zergatik… Era berean, ia denek pentsatzen zuten ni irlandarra nintzela.

 

      — I am basque, from the Basque Country.

      — Basque Country, Spain?

      — No, Basque Country-Basque Country.

      — Oh, I see… Basque Country-Basque Country… eta and all this stuff. Do you have a bomb in your bag?

      — Yes, of course. And I have also two little guns in this pocket.

      — ???

 

      Patricia Urrutiak sarri esan izan dit ez duela oroitzen baina ni berarekin egon nintzen klasean hasieran, Juanma Rodriguezekin eta Oskar Alvarezekin batera. Hauen klaseak goizez zirenez, aste batzuen buruan arratsaldeko klasera pasatu behar izan nuen, ezin nituelako bestela lana eta ikasketak bateratu. Goizeko gelakoak langileagoak ziren. Good students. Gogoratzen dut gabonetan eta ikasturte bukaeran egiten genituen erakustaldietan guk baino lan gehiago aurkezten zituztela. Bad students.

      Bereziki oroitzen dut Patricia, Juanmaren eta Oscarren taldeak sortutako antzezlan labur bat. Hor ikusi nituen hirurak lehenengoz oholtza gainean.

 

      — Listen to me, please! Here in Cricklewood, on the stage, coming from the Basque Country-Basque Country, not Spain, not France, not Portugal or Germany or anything but Basque. Now in this moment with us, the great: kk Chorus!

 

      Badakit irakurtzen ari dena aho zabalik geratuko dela, baina nik Patricia Urrutiari antzezten ikusi nion lehen pertsonaia kaka mokordoarena izan zen. Kar-kar-kar. Jur-jur-jur. Hep-hep-hep. Txorakeria ematen duen arren, egia da: kaka mokordoa. Baina a ze kaka mokordo xarmagarria, aizu! Abeslaria, ukelele jotzailea, dantzaria eta plazerez betea. “The most charming kk over the world!”. Kakaz osatutako koru absurdo baten parte zen, eta ukeleleaz lagunduta ematen zuen are absurdoagoa zen trama baten berri. Urteak joan dira eta oraindik ere ez dut ahaztu: ederra, dibertigarria eta plazerez betea izan zen pailazoak jolasean ikustea. “Once upon a time…”.

      Ordutik makina bat lan eta roletan ikusi dut Patricia Urrutia. Artedramarekin Francoren bilobari gutunan eta Hozkailuan, edo telebistan, edo Pabilioi 6ko produkzio batzuetan… Uste dut Gaulierren eskolan garatutako izpiritu absurdo eta jostari hura Pabilioi 6ren produkzio batean ikusi niola, hain zuzen ere, askatasun handienean azaleratzen: 2014. urtean Samuel Beckett-en Esperando a Godot zoragarri bat taularatu zuten Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean. Patriciak Pozzoren papera jokatzen zuen, bikingoz jantzita zihoan eta bere bibote ilegorria galtzen zuen behin eta berriz oholtza gainean. Gag harekin barre eginarazten zien bai ala bai ikusleei. Paper horretan ikusi ahal izan nuen Patri Gaulierren eskolan barneratutako lan ildoari inoiz baino indartsuago jarraitzen, absurdoaren eremuan murgiltzen, akats eta gap horiekin plazer hartzen eta, batez ere, oholtza gainean umeek bezala jolasten.

      Oholtza gaineko plazera, jolasa, pertsonaiekiko eta eszenekiko distantziaren lanketa, energiaren malgutasuna eta irekidura, edertasun propioa, norbere esentziaren bilaketa… horiek dira Gaulierren irakaspen nagusiak eta horiek dira, baita ere, Patricia Urrutiaren lanen ezaugarrietako batzuk. Beste konpainia batzuentzat lanean aritu izan denean ere erakutsi ditu Patriciak ezaugarri horien printzak, baina esango nuke, batez ere, bere konpainia propioa sortu zuenetik ekin diola eremu hori indar handiagoz arakatzeari. Beti energiaz eta plazerez beteta, beti ehuneko ehuna ematen.

      Aktore ederra da Patricia Urrutia zentzu guztietan. Berdin dio dantzan, kantuan, musika jotzen, tragedian edo komedian aritzen den. Todoterrenoa. Azkarra, freskoa, ausarta, jostaria, umoretsua eta erabat eskuzabala oholtza gainean zein oholtzatik kanpo. Birritan pentsatu gabe amildegira jauzi egiten duen horietakoa. Benetan Be proiektuarekin eman du jauzi hori Patriciak, bere egiteko moduei, oinarriei eta kontuei heltzeko ausardia bilduz.

 

      “Mind the gap, please, mind the gap!”.

 

      Liburu forman aurkezten den Porno vs Afrodita hau Benetan Be proiektuaren bigarren lana da, eta zirriborro hutsa zenean ezagutu nuen nik. Asmo hura taularatzea lortu du Patriciak azkenik, eta baita emanaldi mordoa egitea ere. Pandemiak erdiz erdi harrapatu zuela kontuan hartzen badugu, Porno vs Afroditaren ibilbidea mirari bat dela iruditzen zait. Izan ere, zapaldu dituen antzoki gehienak bete egin baitira, eta hori garai hauetan miresgarria da. Batez ere produkzioa, zuzendaritza, antzezpena eta abar luze bat Patriciak berak bere gain hartu behar izan dituenean: “Great, incredible, unbelievable!”. Clap, clap, clap.

      Porno vs Afrodita gazte eta nerabeei bereziki zuzendutako lan bat da —ez soilik baina, agian, batez ere—, eta horrek ere badu bere garrantzia, nire ustez. Erabat pozten nau norbait nerabe eta gazteez gogoratzen dela ikusteak. Gogoratu, baina ez errieta egiteko, haiei zerbait interesgarria eskaintzeko baizik. Beraien interesekoak diren gaien aurrean jartzen gaitu testuak: sexua, maitasuna, lagunak, gurasoekiko harremana, sare sozialak, internet... Lan honek ez ditu nerabeak umeak balira bezala tratatzen eta ez dauka leziorik emateko bokaziorik. Bestalde, gazte zein nerabeentzat erakargarria izan daitekeen estetika indartsu bat islatzen du oholtza gainean. Energia bizia, zuzeneko musika, estetika erakargarria eta jolas hutsa jokalarien gorputzetan, hori eskaintzen du Benetan Be-ren proposamen honek. Gazte zein nerabeak antzerkira hurbiltzeko primerako aitzakia da Porno vs Afrodita. Guztiok ere antzerki bizi eta pizgarri batez gozatzeko abagunea.

      God save not the Queen, but Porno versus Afrodita.