Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Ezinlandia

 

Herrera de la Manchan, lehen modulua hustu egin zuten Aljerko elkarrizketak eten zirenean, Sevilla IIko kartzela berrira eraman zituzten modulu hartan zeudenak. Aste batzuk geroago, 1989ko abuztuan, Herrerako lehen modulu hura eraberritu ondoren, laugarren moduluan zeuden euskal presoak sartu zituzten lehen modulu hartan.

        Kartzelaren erdigunetik ateratzen diren lau beso dira Herrerako moduluak. Erdigune, «zentro» edo kupula horretatik ikus daitezke lauak. Zentroan, kartzelako jefatura, kartzelero eta abarrez gain, guardia zibil taldea dago. Moduluren batean arazoren bat daukatela pentsatuz gero, edo arazoren bat sortu nahi badute, berehala sartzen ahal da Guardia Zibila euren kasko, porra, ezkutu eta gainerako zera guztiekin. Urteak lehenagoko erregimen militarizatura itzuli nahi dute Herrerako lehen modulua. Tentsioa goren puntuan edukitzea da gertueneko helburua.

        Beste kartzeletako egoera ez da askoz hobea. Darocan, Valladoliden, Alcalan, Malagan, Carabanchelen, Huescan, Jaenen, Sevillan... presoak jipoituko dituzte kartzeleroek. Ondoren, askotan salaketa jartzen diete preso jipoituei, erasotzaileak eurak izan balira bezala. Jipoiak eta isolamendua batera doaz ia beti. Usuenik zerbitzuburu eta kartzelero artean zafratzen dute bakartuta dagoen presoa. Ezkutuan, lekukorik gabe burutzen den balentria izaten da.

        1990ean etengabeak izan ziren euskal presoen aurkako bortxazko erasoak, mehatxuak, bisita ukapenak, isolamendua, umiliazioak... Etengabea da jazarpena kartzeleroen eta guardia zibilen aldetik, eskubideak murrizteko ahaleginean zaintza epaileek egiten duten lana giltzarria da askotan. Hauen epaia presoen aldekoa denean, aldiz, sarri jaramonik ez diote egiten kartzeletako zuzendaritzek. Honela, edozein lege hausteren gainetik eta inpunitate osoz jokatzen dute.

        Bakartze ziegetako bizi baldintzak, komisaldegietakoen antza dute askotan. Erratz kirtenik, bizarra kentzeko tresnarik, lisibarik eta horrelakorik ez zaie ziegan uzten presoei, gosaldu ondoren-edo eman eta ostera kendu egiten zaizkie. Janzkiak, liburuak... dena dago gutxienekora murriztuta.

        Fruta edo janaririk ezin da pilatu ziegan. Edari freskagarririk ezin da latetan erosi. Are gutxiago kontserba lata eta antzekorik... Zentzugabekeria eta absurdua gainditzen dute hainbat debekuk. Ezinlandia handia da kartzela.

        Landare haziekin erna-muinak egin nahi badituzu entsaladan jateko, ongi, eska itzazu soja, alfalfa, gari eta abarren haziak, eta ekarriko dizkizute. Has zaitez gero, ziegan, haziak uretan ipini eta erna-muinak egiten, eta lehenengo araketan kenduko dizkizute denak. Txiste moduan kontatu izan da nonbaiten: araketa batean kefirra egiteko onddoa kendu egin zioten preso bati, «konpainiako animaliarik ezin zuelako eduki ziegan». Landare haziak bezala eros dezakezu irratia, eta hurrengo astean araketa egin eta transformadorea kendu egingo dizute, debekatuta dagoelako. Termoa Valdemoroko ekonomatoan eros dezakezu, baina La Moralejara iristean kendu egingo dizute, sendagilearen baimen berezirik ez daukazulako.

        Sendagileen aldetik badago halako mirespen berezia euskal presoentzat. Ezagunak dira sendagileen axolagabekeriaren hainbat kasu: 1986an tuberkulosiarekin hil zen Kirruli Herrera de la Manchan, geroztik ere gertatu izan da gaixotasunak tarteko heriotzaren lezoiraino erortzea presoak, sendagileek arreta handirik eman gabe.

        1990 inguruan, hiesaren arazoa pil-pilean zegoenean, hainbat euskal presori odol analisiak egin eta seropositiboak zirela erakutsi zieten. Emaitza kezkagarri haiek, ordea, ezerezean geratu ziren kontrafogak egin ondoren. Baina saiaketak badu bere zera. Sendagile batzuek nahasketa tamalgarria aipatu zuten hura justifikatzeko, hala ere, urte haietan nahikoa «modan» egon zen akats hori.

        Ez da pentsatu behar, hala ere, sendagile txarrak direnik kartzeletan lan egiten dutenak. Are gehiago, onenak direla esango nuke. Egin dezagun badoala presoa sendagilearengana, astean behingo kontsultara. Karneta eskatuko dio sendagileak, eta «zer gertatzen zaizu» galdetuko mahaiaren ostetik. «Hara», hasiko zaio presoa, «hau eta hori eta bestea», eta kontatzeko guztiak kontatzeari jarraituko dio. Alboan eserita daukan ATSari komentarioren bat eginez, espedienteari begiradaren bat emanez, hegan pasa den euliren bati keinu eginez entzun, eta halako batean, presoa isildu dela ohartu denean, zirriborroren batzuk egingo ditu paperean. Harrigarria: bere eserlekutik jaiki ere egin gabe, presoari ukitu gabe antzeman dio zer gaixotasun duen eta zerk sendatuko duen, eta eguerdian ATSak ekarriko dio pastilla mordo bat. Txarrak ez, inon diren onenak, kartzeletako sendagileak!