Hotel Majikoa
Hotel Majikoa
1984, nobela
190 orrialde
84-398-1080-6
azala: Oskar Laske
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
 

XII - Arbola gauza ona da munduan

Nikok ez zuen jakin nola izan zen. Artzaiak eta Anttonek kanposantuaren pareta gainetik salto egiten zutelako elizaurrean zirenak pipadunen presentziaz ohartu zirelarik, beldur ikaraz barreiatu ziren lorategi eta mendi bazterretan. Nikok apaizaren sotana ere bospasei salto bizkorretan elizan gordetzen zela ikusi zuen.

      Nikok, zer gerta ere, hankari eman zion eta zuhaixka batzuen atzean beste batzu zeuden lekuan errefujiatu zen: han egin zuten minutu zenbait, bihotza bildua eta belarriak ere.

      Apur bat laxotu zenean, Niko bere ihes lagunengan fijatu zen. Bi ziren, eta artean lurrean gertatzen zen zerbaitetan jarria zuten adimena.

      - Zer dago hor? -galdetu eta burua luzatu zien Nikok.

      - Hemen, zerbait txarto doala -ihardetsi zion batek, mutil masail gorri osasuntsua. Bestea deuseza zen, argala, zurbila, penetan dabilen anima irudi: horrek lupaz aztertzen zuen luma, eta masail gorridunak:- bai, iñurritegi honetan gauzak txarki doaz, ohizkoak ez diren joan-etorriak nabari dira: horrek zerbait esan nahi du -eta pentsetan gelditu zen.

      - Zer esan nahi dezake? -galdetu zion Nikok.

      - Badaiteke lurraren arazoa izatea, eguraldiarena ere badaiteke, edota iñurriena beraiena, beren arteko tirabirak. Gure ustez, baina. Naturarekiko gizakiaren jokabideetan bilatu beharko da anomalia honen zioa. Eta egin egin beharko da zerbait.

      Egiaz, ez dut gaia terrible ezagutzen...

      - Barkatu -diskulpatzen zen, irribarre zabalez, masail gorriduna-, ni Azpitarte naiz, eta hau Pako -honek lupa uzten zuen, agur egiteko-: ekolojista radikalak.

      - Ni Niko nauzue. Eta, zera, barka galdera, baina, zuek zer egiten duzue?

      - Gaitzak ezagutu, eta salatu: sakon inbestigatu, ziria nondik sartu hobeto jakiteko; gizarte zantar hau popatik hartzera joan dadin, bizibideak sortu. Ni, horrek gidatzen nau. Hau, bestela da: ez dago burutik oso ondo. Egiten du gauza arraro bakotxa! Radikal-radikala, hori bai: baina aldi berean bakezale: horretaz jota egon behar. Badu etxean asto bat, eta hark isatsa nola mogitzen duen, horrelako edo halako giroa izango da. Erlojutzat ilargia besterik ez du nahi. Eta makina guztiak, inpernuko erremintak direla: nik, neretzat, burua galtzen hasi dela...

      - Zer da, gorra? -galdetzen zion Nikok Azpitarteri. Pakok denari baietza ematen ziola ikusita.

      - Ez, hori ere berezkoa: sano bizitzekotan, esaten du ez zaiola inori kontra egin behar: hori ere! Nik esaten diot: hori naturaz kontrakoa duk motel! Eta Pakok: Bai, zierto, naturaz kontrakoa izango duk seguru aski: eta gero berdin berarekin. Bestela ona Pako, baliozko mutua -eta besarkatzen zuen maitasunez-: eta, bere gisa, radikala. Arbolekin batez ere, e, Pako?

      - Arbola da gauza handia, ona munduan -erantzun zuen Pakok, begiak argitzen zitzaizkiola.

      - Aizak. Niko -hikatara pasatzen zitzaion Azpitarte-, laster bazkalordua izango duk (guretzat. Pakok ez bait du bazkari egiten): gurekin etorri nahi duka?

      - Arestian gosari txiki eginda nago baina bueno...

      - Etorri, etorri. Utzi hori orain. Pako, gero jarraituko diagu iñurriekin -eta ia zutiturik Nikogana itzuliz-: iñurrien gurekiko antza ikusgarria duk, ez al haiz sekula fijatu...?

      «Pakori berba batzu utziko balizkio, bikote ekilibratua!», pentsatu zuen Nikok jatetxerakoan.

      Bideak kanposantuaren paretondoa segitzen zuen, eta auzo berri batean bukatzen zuen. Baziren etxe aberatsak, gaztelu bat, eta gero etxe pobreak: bigarrenotan zegoen taberna. Etxepe txikia zen, argi gutxikoa, botila asko, egutegiren bat eta lau edo bost mahai kili-kolozko. Goiztxo zen, eta itxaroteko bi mosto eskatuta - Pakok deus ez-, mahai batean eseri ziren.

      Telebista pizturik zuten, eta hasten zen berri bat emanez: «Oraindik berririk gabe atzoko bahiketaz: uste denez...» Orduan, klik, argindarra joan eta telebista itzali zen. Niko gogoratu zen, lehengo eguneko egunkari batean bahiketa horren berria irakurria zuela.

      - Urde zakilak! -bota zuen orduan tabernariak, tankeraz bestela emakume lasaia- Berriro argia kendu zigutek!

      - Hauek ere ekolojistak izaki -esplikatu zion Azpitartek Nikori-, ez ditek zergarik ordaintzen, eta aldian behinka taka. Enpresak moztu egiten dik. Baina instantean egingo diagu gerok konponketa.

      Pako eta bera altxa, eta Kata tabernariari eskailera eta elektrizidade mundu haietan eskua sartzeko behar zuten tresneria eskatu zizkioten. Hasi zelarik Pako kajan, eskatu zuen:

      - Kablea.

      - Ez zegok kablerik! -erantzun zion Katak.

      Orduan Azpitartek, bera Pakorekin eta, esan zion Nikori:

      - Niko joango haiza honaxe ezkerrera bi portaletara dagoen ferreteriara? Kable zati bat galdegin ezak.

      - Bai noski -erantzun zuen Nikok-: oraintxe heldu naiz.

      Ferreteria zaharra zen, eta erdoildutako burdin artetik gizon kaskazuria agertu zitzaion:

      - Bai?

      - Kable zati bat mesedez.

      - Normala?

      - Bai, normala.

      - Zenbat?

      - Ez dakit; metro batto...

      Kaskazurik kablea moztu zuen, paper batean tolestu zion, eta galdetu zion:

      - Ez da izango ezer ilegala, pentsatzen dut.

      - Ilegala? -ikaraz, Nikok-; ez, ez, ez da ezer...

      - Bon, bon -esan zuen Kaskazurik, serio-serio, eta kablea eman zion.

      Niko inpresionaturik irten zen dendatik, eta tabernara itzuli zen. Azpitarteri eman zion kablea, eta barran gelditu zen begira. Kata, barraz bestaldetik, baso garbiketan ari, hasi zitzaion zerbait kontatzen:

      - Onetan esaten duk: egia duk eta!: haiek ere, zuri etorki; faltso, faltso; ez duka nahi? bat t'erdi!; lehena balitz!: besteak hezala: hemendik parrokiarako; bi bide, ez omen aski; moztu egin behar; inbertsioa, halakoa: neronek ere, ez pentsa; negarrez etorri eta zen!: eman; gero elkartekoak bestetik, hura haiena zela ez dakit zer badakit zer; bronka; neri, mekabuen!; nik eman hurrengoan!; bat hemen, bestea han, itto hi!; ez al da hala?; legea duk; denen kontra; horrela bai; bestela ez; ez.

      - Niko ez zen ontsa aklaratzen, baina ahots doinuagatik emakumearen kexuak zirela uler zezakeen. Barra ondoan zegoen sukaldea, eta indabei buelta emateko hara joanik, Katak segitzen zuen:

      - Eta hi, bakarrik; gizona balego: hori, badakik: tu-ru-ru: atakeak eman eta hura benga!; neska, non dago neska? de peska; fama golfa samarrarena: zer erein, hura bildu: hark, gaulana; besteok, eguerdiz, zerrijana: eguerdikoz preziso behar nuela, gaur: konpromisua bazuela ez dakit norekin: parpada nahi dirua; ez dute estimatzen; kuidadozko lanak dituk gero!; eta ni ez nauk kejatzen!; ezin kejatu ulertzen? Bueno, jarri lagunekin, orain aterako dizuet eta potajea.

      Pako eta Azpitarte, indarra emanik, mahaian ziren berriro. Niko haiekin zen.

      - Ez kasurik egin -esan zion Azpitartek. Katagatik-: emakume balientea duk, baina txoratuta zegok.

      Potajea ekarri zien, haiei eta beste mahaietan eseri ziren tipo ilun goibelei, eta harekin bete zituzten urdailak Nikok eta Azpitartek -elemele Azpitarte, jan lanari horregatik utzi gabe: eta Pako desgogoz eta malenkoniaz begira zutela.

      Orain, kafea, kopa eta purua -hots egin zuen Azpitartek: Pakok keinu gaitxa egin zuen.

      Niko erlaxatu zen aulki kaskarrean.