Urte guztiak dira diferente
Zenbait egile
Urte guztiak dira diferente
Zenbait egile
1984, ipuinak
96 orrialde
84-300-9925-3
azala: Mendi
Urte guztiak dira diferente
Zenbait egile
1984, ipuinak
96 orrialde
84-300-9925-3
aurkibidea

Aurkibidea

Xahalak ginen gu...
SUSA

Amodiozko istorio bat
Mikel Antza

Taxi baten agonia
Roman Utretx

Yuri Kakarin
Xabier Mendugurenowicz

Panterak parkearen jabe
Pello Lizarralde

Limosnatxo bat besamotzarentzat
Iņaki Uria

Azken asteartea
Gorka Setien

Amets belarrak
Iņaki Iņurrieta

Batetik bestera
Eneko Olasagasti

Erosi: 4,04

Aurkibidea

Xahalak ginen gu...
SUSA

Amodiozko istorio bat
Mikel Antza

Taxi baten agonia
Roman Utretx

Yuri Kakarin
Xabier Mendugurenowicz

Panterak parkearen jabe
Pello Lizarralde

Limosnatxo bat besamotzarentzat
Iņaki Uria

Azken asteartea
Gorka Setien

Amets belarrak
Iņaki Iņurrieta

Batetik bestera
Eneko Olasagasti

 

TAXI BATEN AGONIA

 

Roman Utretx

 

Tantaka hustutzen nago zokondo koipeztu batean. O! ze ilun dagoen hemen... Dena metalez inguraturik, metalezko txapa mazpilduak, herdoilduak, eta gasoil usaina. Odolustutzen nago; olio erretenak isurtzen ditut eta ur putzu gero eta zabalago bat. Gautu du nonbait hor kanpoan ere. Ze ordu ote da? Nire paneleko erloju eta indikadore guztiak txoke izugarri hartan gelditu ziren. Ezin dut ordurik jakin. Akaso hamarrak? Akaso. Bai. Renaulteko mekaniko eta txapistak hona barrura sartu nindutenean lanari uzteko ordua zen. Bihar goizerarte utzi naute abandonatuta. Txatarrarako hobe, —entzun diet komentatzen. Baina prentsa hidraulikoan kubikatu nazaten orduko, nor naizen esan gura dizuet. Bestela aseguro polizetan baino ez da geratuko nire izena: R18-BI-2437-U. Horrelaxe bataiatu ninduten faktorian azken pintura hartu eta nire jabeak erosi ninduenean. Gero zedula plastifikatu bat eskegi zidaten nire nagusiaren datu guztiekin. Uste dut nire istripuetatik probetxu ateratzeko egiten dutela hori. Eta izan dut pare bat. Izan ere nire jabeak denbora dirutan neurtzen du eta zorabiatzeko moduko tratua ematen dit. Eman dit, bi urte hauetan. Mila gau daukat jezarlekuetan inprimatuta: azken hordiaren okadak, amoranteen despedidak, parto bat, señora eta galaien txutxumutxuak... baina handiena, noizbait ere gertatu behar zuena, gertatu da azkenean: nire nagusiak bezero bat hiltzera kondenatu nau gaur arratsaldean. Oraindik anbulantziaren sirena hotsa entzuten dut belarri muinetan. Karrozeria zati bat sopletez erreta utzi didaten lekuan nire nagusiaren odola koagulatu zait. Epel zegoen oraindik sirena urjentziazko haiek urrundu zirenean. Sirenak. Eta gruaren maniobrak.

 

* * *

 

        Sirena. Sirena laranja. Abiada. Gurpilen irrintzia. Zer da gainean jarri didatena? Izara txuri bat? Ez nago hilda. Hilda dagoena putaseme hura da. Harrapatu egin nuen bai, harrapatu. Eskarmentua eman nion, merezi zuena. Kinki zerri hoiek! Lanik egin nahi ez dutenei, egurra. Aaaa!, bernahezurrak..., oinak ez ditut sentitzen. Cógele, que no se mueva! Ez! Ez! nik ez daukat errurik; zapaldu egin nuen, bai. Baina ezin nuen besterik egin. Diru guztia ohostu zidaten. Cálmese, por favor! Hilda dago, hilda dago! Pónle un calmante, rápido! ...A!

        Arbolak, alanbra posteak, arraia kontinuoa suge zuri bat asfaltoan, zas!, zas!, dena azkarregi; paisajea da mugitzen dena. Nik azeleradorea sakatu eta bolanteari eutsi baino ez diot egiten. Ze sentsazio arraroa, hegaz noa: 120, 130, 140...hauxe bai kotxe potentea! Krak!

 

* * *

 

        Nekez atera ninduten trokazulo hartatik. Muturra errekako harrietan enpotraturik neukan, eta nire nagusiaren odola sentitzen nuen txorroan zeriola. Putzu bat egin arte izan nuen hantxe burdinen artean preso. Jendea ailegatu arte. Ez nuen sekula imajinatuko haren borrero bihurtuko nintzela. Nor eta ni. Bere lan tresna, bere esklaboa izan nintzena, 200.000 Km ibiliarazi zidan ugazaba langilea, burdinezko atzaparrez estutzen nuena, ni, bi urteko Renault zaharkitu bat. Eta orain, garajeko ilunbetan, nire linea aerodinamiko dotorea hondatuta, palierra hautsita, olio eta urjarioa galtzen, odola galtzen, ezin dut besterik paradako arratsalde patxaroso haiek gogoratu baino. Nire titularraren kidekoak tabernan tertuliak egiten zituztenean. Momentu baketsuak haiek. Anhidridozko eztulik ez nuen bota behar izaten aldapetan gora.

        Deskantsatzen uzten ninduen. Batzutan, baieta batez garbitzen ninduen, zaindu egiten ninduen, inbertsio handi bat nintzelako harentzako. Gero joan egiten zen bere karta jokora, edatera. Eta han, bakarrik, ziutatea kontenplatzen nuen, fauna mekaniko guztia aztertzen nuen: 600 xelebreak, Mageirus erraldoiak, sportibo zapalak, Mercedes aristokratikoak. Eta umeak, semaforo gorrien berririk ez zutenak. Atso zaharrak eta munizipalak lagun nituen, eta mekanikoek keinu konplizeak egiten zizkidaten. Orain ordea, akabo! Eta dena, broma batengatik.

 

* * *

 

        (Kloroformo usaina, pintzak, bisturiak, bata berde gristakak, berdekirofanoa, pausuots isilak, transfusio botila gorria zintzilik, izerdia maskarapean).

 

UNIDAD 2. CUIDADOS INTENSIVOS.

 

        Paradara bueltan nator. Auzo periferikotik. Bapatean, taxi! entzun eta bi tiporen ondoan frenatzen dut. Kale zentriko batera. Primeran. Bidebatezko bidaia aprobetxatzeko aukera ederra. Paradan lehenengo dagoenak baleki... ja, ja, ja. Izorra dadila. Aukerak aprobetxatu egin behar dira. A qué número van? Frena! que te rajo el cuello... Labanaren hotza zintzurraren kontra. Arnasa etetzen zait. Stop! La pasta! Dirua, sondak ahotik, mordaza ahoan, bisturiak haragian. Anestesia. Bilete berdeak, kirofano berdea. Logalea. Goragalea. Imajinak zurrunbilotan datozkit, espiraletan. Kaleko farolak eta etxeak nigana makurtzen, balantzaka. Bi tipo haiek berriro, han espaloian. Apenas dagoen jenderik. Azeleratu egiten dut. Jendea txilioka apartatzen da, oraintxe! Klank! Bolantazo bat ezkerretara. Klaxonak eta aurpegi izutuak. Eta niri zer. Ziutatetik kanpora noa abiada ero batean. Sabelean mendekuaren zirrara, abiadaren mozkorra plazer infinitoraino.

 

* * *

 

        Bromazaleak dira taxista hauek. Hain daude aspertuta...Beti daude itxaroten, paradan. Eta nik ezin dut abenturarik korritu adibidez gazte zoro baten eskuetan, eta eguna argitu kosta ertzeko talai batean, 20 urteko amoranteei tapizatu akoltxatua izerdiz betetzen uzten. Haien pasioa nirea litzateke. Nire jabeak ordea, —ez dauka lagunik, ze uste du beste edonor baino gehio dela— aspertzen uzten nau. Bere fanfarroikeriak dira kontentu jartzen dutena. Ez daki noiz bromatan eta noiz seriotan hitzegiten dioten ere. Ez dauka umorerik. Dauzkan lagunek ezin dutenaz fardatzen dute. Amodioa erosten ikasi du, emaztearen orguiloa ez duelako berea hainbat apreziatzen ikasi. Gau batez lotsatu egin nintzen. Kotxe karreratako pertsonaia famatu bat eraman genuen eta ezagutu egin zuen. Berak ere gidatzen bazekiela demostratzeko enpeinua sartu zitzaion eta ia ia ezin dizuet hau kontatu. Kamikaze eroa! Trailerreko txoferraren odol hotzari esker libratu ginen. Orain hilzorian dago nonbait, ni bezala. Baina ez dakizue nolako abentura kontatu zien kidekoei: broma balitz bezala, esan zuen, piloto hura ere azken momentuan akojonatu egin zela. Osea, bera baino exkaxagoa zela.

        Baina bromarik absurdoena, zokondo honetara ekarri nauena, pasa den astean hasi zen. Paradara heldu orduko, mikrorradiotik entzun nuen: — Mariano, Palankasi kriston palua eman diote. Bai, diru guztia. Nola? Baietz, Txurdinagan, ijitoak. Klaro, Txema. Palankasi edozer. Niri ez zait holakorik pasatzen, jakin egin behar kotxean nor sartzen den. Urteak ofizioan, txo. Aprendiz hoiek... ja,ja,ja. Baina jajaja, jejeje izan zen Txemarentzako. Paradara heldu ginenean, taskatik irten zuen Txemak, eta bentanilara hurbilduz esan zion Marianori: zeuri ere berdin berdin pasa ahal zaizu. Eta haren begietan desafio brillo bat ikusi nuen. Nire jabea itsuegia da antza jendea aspertuta daukala konturatzeko eta komosino egin zion tira bere fariasari. Ez da kargutzen, ez da jabetzen.

 

* * *

 

        ...Txisssst! Silenzio. No le haga hablar, quédese, pero no le haga hablar... Eeeeh-eeeh? Nor da? Itoko naiz... ez dut ikusten, nor da? Neu, Palankas, ez nauzu bozetik ezagutzen? Mariano... eee? Mariano, begira. Ez da momentua baina, Mariano entzuten didazu? Mariano! Eeeee? Txema hil da! Bilete berdeak. Bi tipo haiek, espaloitik. Astiro. Dirua lapurtu zidaten haiek, berberak. Kabroi halakoak! Mariano! Polizia etorri da galdetzera. Eeee? Sirena urdinak jiraka. Non? Por favor, déjele, no ve que está semiinconsciente?

 

* * *

 

        Goiz hartan, osteguna zen. Nire jabeak bereziki parrandarako aukeratzen zuen egunaren biharamuna, nire jabea lo kuluskan zegoen bolanteari besarkatuta. Goiz hartan ez genuen oraindik batere biajerik egin, paradan usteltzeko eguna zen. Palankas, golferia laguna ere, burua tente euki ezinik zebilen. Ez nuen ezertxo ere gozatu bestetan bezala trafiko lagunei begira. Eguna akabatua zegoen hasieratik, ze egun hoietan nire nagusiak ia egun osoa pasatzen du nire altzoan erdietzanda, manta soil batez lo antzak eta benetazko zurrustadak egiten. Eta ezin dut soportatu nire nagusiaren pisua altzoan martxan ez banabil. Eta seguru asko haserre nengoelako eta adi, edo Txema etortzen denean monotonia hausten zaidalako edo, hura hurbiltzen ikusterakoan, zirkin bat egin zidan palierrak. Nigan apoiatu zen, Winstonari tirakada sakon bat egin eta kaskoan txalo xalo bat eman ondoren, «hik daukak hik nagusia...!» esango balit legez egin zidan irribarre. Bere auzoko kolega batekin zetorren. Ez nuen ezagutzen baina itxuratik, bizimodua kale gorrian ateratzen duen horietakoa zen. Txemak ez zuen lanik egiten egun hartan, jai hartzen zuen. Gero arratsaldean auzo periferiko hartatik gentozela, bi tipo haiek, Taxi! esan zutenean, apostu egin nuen baietz, bata, Txemaren kolega zela. Baina bestea? Atzeko asientoan jezarri zirenean ordea, argi ikusi nuen jokoa. Broma polita! —esan nuen neurekiko; ea oraingoan belarriak apaltzen dituen fanfarroi nazkagarri honek! Baina gero gertatu zena... oi! ez nuen horrelakorik espero! Hain lasai, hain axolakabe zihoazen espaloitik. Eta nire nagusiak min egiteraino sakatzen zidan azeleradorea. Eta espaloiko jende bakan haien arrapalada izutua, eta ni hain forzatua, azken metroa, txilio bat, Txema! instant batez jiratu, eta besoak luzatu zituen niganantz eta eskuineko aleta gainetik airean bota zuen kolpeak. Akorduan daukat Txemaren aurpegikera: ahoa terrorezko keinu batez irekita, begiak begizulotatik irten beharrean. Bestearen paraderoa, berak baino ez daki. Hortik aurrerakoa, eromena. Azken karrera.

 

* * *

 

        (Kapsula hermetikoan argi hitsa, berdeska, grisa, gris errautsa, odol tanta lehorrak espaloian, dena, forma guztiak borobiltzen, ingurubiltzen, inon ez dagoen ardatz, ardatz balberantz, bueltaka, bueltaka, bueltaka, etengabe bueltaka).

 

* * *

 

        Garajeko ate metalikoen kirrinkak konorteratu nau. Hor dator argia, bazter ilun honetaraino ailegatzen da mekaniko eta txapistekin batera. Herio argitasuna dakar egun jaioberriak. Kotxe kanposantuan ere nonbait eguzkiak txatarra kubikatua gerotzen du. Dioten bezala, herdoilak azkar jaten ote ditu metalak? Edota, besterik gabe erreziklatuko ote naute? Ibai ertzeko labe erraldoietan, azken paraderoa? A ze fatua! Burdin gorizko errekan, ketan, txinpartaka, molekulaz molekula urtutzen, molde ezezagun batetarantz. Eta Txema? Txema, non zaude? Morge horretako forensea ere hire haragian azterka al dabil? Txemaaaa...! Hiltzera noa...

        (This is the end, my taxi friend, entzuten da R5 beilegi baten kassetean, garajeko langileek azpiak engrasatzen dizkioten bitartean. The end.)