Ipurtargi beltza
Josu Landa
irudiak: Joxemi Zumalabe
Ipurtargi beltza
Josu Landa
irudiak: Joxemi Zumalabe
1983, poesia eta narrazioak
80 orrialde
84-300-9924-5
Josu Landa
1960, Altza
 
2002, nobela
Ipurtargi beltza
Josu Landa
irudiak: Joxemi Zumalabe
1983, poesia eta narrazioak
80 orrialde
84-300-9924-5
aurkibidea
 

 

—1—

 

Egun hartan ia kasualitatez pasatu zen ispilu aurretik, baina begirada kristalezko laku hartara zuzendu ahala, bertan geratu zen itsatsirik, ezin mogituz eta lilurazko arpegiaz.

        Keinu bat egin zuen eta zeharo hotzikaratuta gelditu zen erantzundako keinuaz. Arpegia piskanaka hurbilago zegoen ispilutik, eta bien arteko distantzia ttipiagoa zen garaiean, ispilua lurruntzen hasi zen, dena den kristalaren beste alderdian bestearen presentzia gertu antzematen zuela. Bi ezpain pareak batu egin ziren, eta bere bietan sentitu zuen kristalezko hotza handia zen arren, begirada galduta geratu zen geldirik, burua erdi altxatua eta arpegiko ezertan mogimendurik egin gabe.

        Esku batez bidrioaren kontaktu hotz bakoitza laztan bilakatzen zuen bitartean, beste eskuaz biluztuz joan zen, jesto bakoitzari behar zuen garrantzia emanez, gehiegi presakatu gabe, baina etorri behar zuena etorraraziz. Piskanaka piskanaka, eta denborak neurri bezala ere balio ez zuelarik, estalkirik gabe bukatu zuen gorputz guztiak, bi gorputzok.

        Ahalik eta kontakturik handiena bilatzen ari zen etsi gabe, ahalik eta ferekarik intentsoena. Ezagutu zituen gorputz beroko gizaki guztiekin iritsi ez zuena ari zen orain iristen, kontaktorik intentsoena. Bestearen aldetiko erantzuna arkitu nahi izan zuen, baina esfortxu bakoitzean bion arteko separazioa besterik ez zuen lortzen.

        Azkenik, gero eta handiagoak ziren nekeak eta izerdiak zirela medio, hesi fresko hura lainoz beterik zegoela jabetu zen begiak zabaltzerakoan. Lurrun zuri batek banatzen zituen bi gorputzok. Berak bazekien bestaldean bestearena zegoela baina etsi egin zuen eta poliki poliki lurrerantz irristatuz joan zen. Lurrean etzanda minutuak pasa ondoren zutitu egin zen eta buruaz ispiluaren kontrako enbatez hasi. Azkenean soinu sekoa entzun zuen, eta inguru guztia kristaletxoez bete zen. Ahoa ireki zuen buruari zerion odola irentsi nahiean.