Bizitza homeopatikoak
Bizitza homeopatikoak
2008, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-00-3
azala: Lander Garro
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2002, narrazioak
1992, ipuinak
1987, antzerkia
Bizitza homeopatikoak
2008, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-00-3
aurkibidea
 

 

BIZITZAKO GARAIRIK ONENA

 

 

Mertxe Oiartzabalek, amaren telefono-deia jaso duenetik, etengabe darabil gogoan orain dela hilabete batzuk kafe-makinaren inguruan izandako solasaldi bat; kafearen inguruko berriketaldi hutsa zen berez, ez munduaren arazo sakonak konpondu nahi lituzkeen hitzaldi mamitsu ustekoa, baina dena dela, berbaldiaren xehetasunak ahazturik izan arren, ondo gogoan du nola, halako batean, kutsu transzendentala eman zion hizpideari bere lankide Lolak:

        — Oraintxe zaude zu bizitzako garairik onenean —esan zion.

        Baieztapenaren biribila barrez hartzeko modukoa izan zitekeen, batez ere Mertxerentzat, ondo asko baitzekien bere bizimoduaren berri, baina bitxia egin zitzaion esaldia, ezin baitzion igarri argudioaren nondik norakoari, eta horregatik galdetu zuen:

        — Bizitzako garairik onena? Zergatik?

        — Gurasoak bizirik dauzkazu. Zeu zara zeure buruaren jabe, nahi duzun bezala bizitzeko, nahi duzun lekura joateko. Hemendik urte batzuetara, gurasoak gaixotu eta haiekin ibili beharko duzu, medikuz mediku. Horren ondotik bata hilko zaizu, edo bestea, edo biak. Eta gero, berriz, zeu hasiko zara antzeko gaitz eta komeriekin...

        Pertsona alaia zen Lola, Mertxe bera baino zaharragoa, Europako Parlamentuko itzulpen-zerbitzu hartan urte asko zeramatzana eta aurki hartu beharreko erretiroa buruan zeukana ia beti, nola bere bihotzeko Cadizera itzuliko zen, eta geldituko zitzaion pentsio ederra nola eta zertan gastatuko zuen. Horregatik harritu zuen mintzaldiaren fatalismoak. Deskribapen objektiboa zen inondik ere, normalean aipatzen ez ditugun bizitzako gorabehera funtsezko batzuk modu gordin eta pragmatikoan xehatzen zituena, arazoaren beste hainbat alderdi alde batera utzi arren: zerbitzu sozialen egitekoak eta abar.

        Mertxek gogoan du, hitz haiek entzun zituenean, ez ziola horrenbeste erreparatu esaldiaren azken atalari, eritasun, mediku-erromesaldi eta heriotzaren iragarpen parte txarreko hari, ezpada haren aurreko azalpen gozo, ezti eta arrosa kolorekoari.

        — Nahi bai nik neure bizitzaren jabe izan eta nahi dudan lekura joan, baina gaur goizean ere, Bahametara joan ordez hona etorri naiz, egun osoan itzuli eta itzuli aritzeko.

        — Nahi duzuna esango duzu, baina gero datorrena beti da okerragoa.

        Horra, bizitzaren filosofia oso bat hitz gutxitan azaldua. Mertxek ez zuen horretaz eztabaidan luzatu nahi, solaskide zituztenak beste zer edo zertaz ari ziren ordurako eta lankideen mintzagaira egin zuen jauzi berak ere, kafea amaitu eta bulegora itzuli aurretik, erdibidean zeukan agiriarekin jarraitzeko.

        Ehunka solas eta milaka hitz aditzen ditu edonork egunero. Bere lanean Europako gizon-emakume argienetako batzuen mintzaldiak entzuten ditu Mertxek tarteka, baita ergelenetako batzuenak ere egia esanda, argiak eta ergelak prezio berean saltzen baitira han; hitzaldi argi haietako hainbat itzultzea ere egokitzen zaio, frantsesetik nahiz ingelesetik espainolera maizenik, horiexek ditu lan-hizkuntzak. Diskurtso ondo harilkatu horien interpretazioan bere kemen eta jakituria osoz jardun arren, deus gutxi geratu ohi zaio haietatik guztietatik, gure burmuinean zer iltzatuko den eta zer labainduko aldez aurretik esaterik ez balego bezala. Munta handi samarreko kontuak bere oroimenean arrastorik txikiena utzi gabe joan zaizkio, eta Lolaren ateraldi xelebre hura, berriz, hantxe geratu zaio itsatsita, denboran barrena. Ez du uneoro ekartzen gogora, berak erabaki gabe eta ustekabean azaltzen zaiola esango luke, burutazioen haria nork eta nola gobernatzen digun ez baitago jakiterik, baina amaren telefono-deia jaso duenetik burutik uxatu ezinik dabil; beharbada, esaldiaren tesia ontzat emanez gero betiere, bizitzako garairik onena amaitu zaiola eta zoritxarren kate luze bezain ebitaezinean sartu dela ulertu balu bezala.

 

 

Aitaren prostata-arazoen berri bazekien lehendik ere Mertxe Oiartzabalek, azaletik badarik ere, aldian behingo bisitetatik eta etxera egiten zituen deietatik. Bere «zer moduz aita?» galdera errepikatuari aldaera txikiekin erantzun ohi zion amak: hainbestean, tirriki-tarraka, hobetoxeago... Gaixotasuna gurasoen etxeko paisaia bihurturik zegoen, tonu griseko paisaia lasai bat, larrialdirik eta, batez ere, txarraldirik izan zezakeenik ematen ez zuena; eta txarraldirik izatekotan hantxe zegoen ama, haren egitekoa zen aitaz arduratzea, inori ere ez zitzaion bestelakorik bururatuko.

        Orain, berriz, telefono-dei baten bitartez, aldi berean bi zafraldi: lehena, neurri batean espero izatekoa eta, pentsamendu hori burutik aparte mantendu nahi izan arren, etortzekoa zela bazekiena: aitarenak okerrera egin duela, eta laster operatu egingo dutela. Bestea, guztiz esperogabea eta, ezustekotik harago, gauza gertagarrien unibertsoan lekurik ez zeukana, orain arte: amak ez duela aita zaintzen ibili nahi, eta badoala etxetik.

        «Buruan jotako sugea bezala» esan ohi zuen Mertxeren amak zuntzunduta eta erreakzionatzeko gauza ez zela geratutakoaren egoera azaltzeko. Deskribapen guztiz grafikoa iruditu zaio beti Mertxeri, berak, naturatik eta baserri-mundutik urruti hazia izaki, delako suge hori zehazki nola geldituko zen ez jakin arren; hala ere, edo horregatik, gogokoa du esamoldea, bere hitz kuttunen altxorrean jasoa, ia inoiz erabiltzeko aukerarik izan ez badu ere, egoera aproposa gutxitan suertatu ohi delako, eta gaur egun, gainera, ingurukoekin euskaraz aritzeko modurik izaten ez duelako. Alabaina, esaera horixe datorkio oraintxe mihira, «buruan jotako sugea bezala», amaren iragarpenak eragin dion efektua nolabait adieraztearren.

        — Zer diozu baina? —galdetu dio amari, hark esandakoa ulertu ezinik.

        — Horixe bera. Aspertu naiz aitaren neskamea izaten. Berrogeita hamar urte nahikoa direla iruditzen zait.

        — Baina orain, operatu behar dutenean...

        — Horrexegatik. Ez dut erizainarena egin nahi beste hamar edo hamabost urtean.

        — Baina orduan, nork zainduko du?

        — Hori zuek ikusi. Norbait kontratatu edo... Herentziaren dirua ere lasai erabili, nik ez dut ezer behar.

        — Baina ama...

        Luze jarraitu dute, baina sorgin-gurpil berberari bueltaka dabiltzala ohartu da Mertxe, noriaren inguruan jiraka dabilen astoaren gisa, putzutik ezer atera gabe gainera. Bestalde, alaba ohartzen da buruan daukana eta amari esan nahi liokeena ezin diola inola ere esan. Nola esango diot ba, pentsatu du bere artean, egoista hutsa dela, bere obligazioa dela aita zaintzea eta haren ondoan gelditu beharko lukeela, ardura hori inoren gain utzi gabe?

        Halakorik esan ordez, amari agindu dio lehenbailehen azalduko dela etxean, eta bitartean itxaroteko faborez.

        — Bada, azkar etorri, ez daukat itxaroten egoteko asmorik eta.

        — Bai, bai, bai. Lanean bi-hiru gauza konpondu behar ditut. Baimena ere eskatu beharko dut, oporrak agortuta dauzkat eta.

        — Niri ez etorri opor kontuekin, nik ez dut inoiz oporrik izan eta.

        — Eta orain egin behar duzuna?

        — Horrexegatik. Inoiz egin gabekoa egin nahi dut behingoz. Neuretzat bizi.

        — Egun pare batean uste dut konponduko ditudala hemengo kontuak. Gero hitz egingo dugu, horra iristen naizenean.

        — Nahi duzun guztia hitz egingo dugu, baina ez pentsa iritzia aldatuko dudanik.

        Bat-bateko oporraldi behartu bat antolatzen eman ditu Mertxek hurrengo egunak: zerbitzu-buruarekin bildu da aste batzuk hartu behar dituela azaltzeko; ez dago gustura, ez baitu maite inori mesederik eskatzea, inorekin zorrik izatea; dena dela, lan-hitzarmenak aurreikusitako kasua da gurasoen edo seme-alaben gaixoaldietan lanegun batzuk libratzea.

        — Eta egun gehiago behar badituzu ere... —esan dio zerbitzu-buruak.

        — Bai, beharko ditut. Soldatarik gabeko baimena eskatuko dut.

        Lanarekikoak bideratuta, bere agendako konpromiso urriak konpondu ditu eta, horren ondotik, logistikaren ingurukoei heldu die: etxeari dagozkion gorabehera guztiak, argia, gasa, ura, fakturak, loreontzien ureztatzea...

        — Lasai —esan dio Lolak, etxeko giltzak eta argibideen orria eskuetan hartzen dituela—. Nire kontu dena.

        — Postontzian uzten dituztenak...

        — Bai, bai. Kontaktuan egongo gara. Zoaz behingoz.

        Joateko plana ere zehaztu du prestakuntza-egun horietan: hegazkin-txartela garesti aterako zaio, egun batetik bestera ezin bidaia merkerik ez modukorik lortu inon, baina trenez joanez gero amorratzen egingo luke bidaldi osoa, eta okasiorik behar izatekotan nekez topatuko du oraingoa baino aproposagorik.

 

 

Mertxe Oiartzabal ohiturik dago bere arazo pertsonalak bere kolkorako gordetzen, inori kontatuz gero onenean lortuko lukeen errukiak ez dio onik egiten, eta txarrenean inoren mihian ibiltzeak bere onetik ateratzen du. Hobe isilik beraz. Bere baitan gordetakoak, baina, egoste etengabeko batean dauzka, pol-pol-pol, inora atera ezin dituenez barrua lasaitu ezinda. Aldegiteko prestakizunetan ibili den bitartean gaitz erdi, burua horretan erabili du sikiera, baina bidaiari ekin behar dion unean indar osoz datozkio burura amarekiko solasaldian elkarri esan dizkiotenak, eta batez ere elkarri isildutakoak.

        Amaren erabakian pentsatzen du. Ez du ulertzen. Ez du onartzen. Baina aldi berean, bere baitako ahots razional batek esaten dio ez duela onartu beste irtenbiderik, eta ulertu nahi ez badu ere amaren bizitza dela, bere ama ez ezik gizaki beregaina den Enkarni Zabaletarena, eta ama dela haren jabe bakarra. Hortxe dago koxka, pentsatzen du Mertxek bere artean, bere bizitzaren jabe izatea edo ez izatea. Bakarrik bizi da bera, edozein konpromisotatik aske eta urruti, eta horrenbestez ulertu beharra du, nola ez, loturetatik jare ibiltzeko gogoa. Alabaina, behin emandako hitzak noiz arte lotzen gaitu? Lagunen erdiak ikusi ditu dibortziatzen, berak horra iritsi beharrik gabe eten zituen, gogo onez edo txarrez, bere lokarriak, eta hala ere kosta egiten zaio amaren ihesa irensten, eztarri parean korapilo bat eginda geratu balitzaio bezala.

        «Nola izan zaitezke horren egoista, horren berekoia?», esaten dio Mertxek amari alegiazko solasaldi batean, bai baitaki inoiz ez dela halako hitzik ahoskatzera iritsiko. Irudimenezko ispilu batean ama ikusi du gero, berak aurpegiraturikoak errepikatzen, alderantziz baina:

        «Nola izan zintezkeen horren berekoia, horren egoista, gurasoak hemen utzita Bruselara joateko?»

        «Ni oraindik gaztea naiz. Neure bizitza egin behar dut».

        «Gaztea? Aspaldi neskazahartua bai».

        «Neskazahartuta ere zer? Nire erabakia da».

        «Zure erabakia? Mutil hark ez al zuen berak aldegin?»

        «Berdin dio. Inorekin lotu ez banaiz, ez daukat inor zaindu beharrik. Zuk berriz...»

        «Nik berriz zer? Hil arte aguantatu behar al dut zure aitaren ondoan, bota ezin den fardel bat balitz bezala?»

        «Hil arte ez baina...»

        «Ba, orain uzten ez badut, ez dakit ba noiz...»

        «Baina orain gaixo dago aita, zu behar zaitu zaintzeko».

        «Et-et-et. Norbait behar du, hori bai. Baina zergatik izan behar dut nik?»

        «Bere andrea zarelako».

        «Orain arte hala izan naiz, baina aspertu naiz».

        «Ze erraz esaten duzun, 'aspertu naiz'!»

        «Apaiz sartu behar al duzu orain, niri sermoiak botatzeko?»

        «Ez da hori baina, bizitzako harreman batzuek erantzukizun bat eskatzen dute gero».

        «Eta alaba izateak ez ala?»

        «Ba...»

        «Ezin esango duzu gurasoek zaindu ez zintuztenik behintzat».

        «Ez, ama, badakit hori, eta eskertuta nago, baina...»

        «Ba, oraintxe duzu eskertzeko aukera, nahi baldin baduzu».

        «Ez dizut ezetzik esango, baina ez nuen nik aukeratu mundura etortzea, ez nuen nik eskatu zuek zaintzea».

        «Horretan arrazoi duzu. Ez dizut ezer esijituko, baina zuk ere ez niri...»

        Bere buruan jokatutako ping pong partida bat iruditzen zaio amarekiko eztabaida asmatu hori, eta gogora etorri zaizkio lanetik atera eta gero, Bruselako bere apartamentu koxkorrean sartuta, beste zereginik ez eta bere buruaren kontra jokatzen dituen xake-partidak.

        Oroitu nahi ez duen bikotekide ohia zen xakezale amorratua. Horretan ere nortasun obsesibo eta egoskorrekoa. Orduak ematen zituen teknika ikasten: xake-liburuak irakurtzen, maisuen partidak errepasatzen, jokaldiak buruz ikasten... Maite dugunaren gauzak nolabait ere maitatzen ditugulako eta bestela bakardade-ordu gorriak pairatu beharko zituelako, Mertxe ere sartu zen xakearen munduan, ez bere senargai haren moduan baina. Ez omen zen txarra, buru azkarra omen zuen Mertxek, mutil-lagunak esaten zionez, baina ahalegina eta ekina falta omen zituen (ordu luzeetako ikasketa, irakurketa eta hori dena). Bizitzan hori baino lehenagoko kezkak bazituela-eta, ez zen buru-belarri murgildu xakelarien galaxia hartan; zaletasun huts gisa bizi izan zuen, tarteka interesez eta tarteka gorrotoz, mutilaren interes-eskalan bera 8x8ko taularen atzetik geratzen zela sentitzen zuenetan; harekiko harremana erabat hautsi zenean, berriz, ez zuen xakea ahazturaren zokoan baztertu, eta gaur egun denbora-pasa moduan erabili ohi du: ez du Bruselako xakezaleen klubetan izenik eman, baina etxeko ordenagailuaren kontra jokatzen du tarteka partidaren bat, eta aldian behin taula egongelan paratu eta berak jokatzen du bere buruaren kontra, txurien nahiz beltzen mugimenduak erabakiz txandaka, oraintxe, Bruselatik dakarren hegaldian egin duen bezalatsu, bere amarekiko eztabaida amaigabe horretan.

 

 

Mertxe Oiartzabalek bazeukan amari eskatzea aireportura bila etortzeko, baina gogorik ez parkingean bertan eztabaidan hasteko, eta, hortaz, taxian iritsi da etxera, autoaren kristalaz bestaldean trafikoaren emanari, errepide ertzeko pabiloiei eta mendietako baserriei begiratzen diela. Paisaia ezaguna, etxean sentiarazten duena, bere etxea zein den ongi ez badaki ere.

        Garai batean «etxea» deitzen zuen hartara iritsi da, eta bere gela izandakoan utzi ditu maletak eta trasteak. Ikasten kanpora joan zen garaian zeukan bezalaxe segitzen du logelak, ia hogeita hamar urte igaro ez balira bezala, orduko papera paretetan, orduko argazki txintxetaz josiak, orduko apaingarri hippyak han-hemen zintzilik. Ikusi orduko piztu zaio denboran atzera egitearen sentipen gazi-gozo bat, nahiz eta ez izan etorri zaharra: urtean bizpahiru aldiz itzuli da azken aldian, Gabonetan eta udan usuenik, eta etortzen den aldiro bertan hartzen du orain ostatu. Oraindik gordetzen du Gasteizko pisua, Aranbizkarran modu onean erositakoa, baina orain errentan utzia dauka, hutsik edukitzea alferrikako gastua zela eta.

        Bidaiaren nekeak buruko min moduko bat eragin diola-eta pixka batean etzango dela esan die gurasoei.

        — Kafesne bat prestatuko dizut —entzun du amaren ahotsa, sukaldera doala.

        — Ez da prexixo.

        — On egingo dizu. Hainbeste joan-etorri eta...

        Esnekiak hartzeari aspaldi utzita dagoela esan nahi lioke, baina sukaldetik entzun diezaion ahotsa altxatu beharrak nagikeria handiagoa ematen dio; ohe gainean etzanda begiak itxi ditu apur batean, argiaren giltza amatatzen den bezala eten nahiz inguruko estimuluen emana.

        Hegazkinaren marmarra, taxiaren urruma, azafaten aurpegi irribera, taxilariaren garondoa, etxeko komuneko ur-hots ezagunak, sukaldeko baldosa betikoak, amaren ahotsa, aitaren ahotsa, amaren besarkada, aitaren besarkada, hegazkineko jarlekua atzera eramateko botoia, bere oheko koltxa xaharra, Bruselako etxeko ohazal nordiko berria, maindireen ukitu aspaldikoa, amari maindire lisatu berriak tolesten laguntzen zionekoa, eta gero zer nahi duzu meriendatzeko, txorixo-bokadilloa ala kafesne-zopak...

        — E... Zer?

        — Hemen duzula kafesnea.

        Ama dauka aurrean, kafesne katilu beroa eskuetan, eta hura prestatu bitartean lo gelditu dela konturatu da Mertxe, erdi ametsetako irudien gatibu oraino.

        Une batez ogia eskatzekotan egon da, kafesne-zopak egiteko, umetan bezala, baina sentimentalismoaren erasoei amore ematea iruditu zaio eta baztertu egin du burutazioa.

        — Ama, serio hitz egin behar dugu —esan dio.

        — Beharko hitz egin. Baina orain ez; aita kuartoan dago-eta, hortik dena aditzen du.

        — Ez al diozu esan zer egiteko asmoa duzun?

        — Zertarako esan behar diot? Nahiko disgustu badu gizajoak operazioa egin behar horrekin.

        Operazioa. Beti horretara iristen da, nahi ezta ere.

        — Zer moduz dago aita?

        — Ondo. Ikusi duzu. Makal antxean baina, lehenago ere ez zen hori dantzari ibiltzekoa.

        — Eta operazioa, derrigorrezkoa al da? Ezin al du segitu bere martxan, ttirri-ttarra badarik ere?

        — Ezetz esaten dute medikuek. Bestela, hola utziz gero...

        Buru-mugimendu bat egin du amak, hitzak sobera laga dituena.

        — Dena aditzen dizuet —entzun da burrunba baten moduan gizon baten ahots erlastua.

        — Ikusten? Esan dizut, aitak dena aditzen duela.

        Hitz beste egin du orduan Mertxek.

        — Bueno, ni orain dutxatu eta aldatzera noa. Segituko dugu gero.

        — Kafesnea ez duzu probatu ere egin.

        — Ama! Amarena egiten segitu behar al duzu beti?

        — Hori bai ezetz. Esan nizun, eta ikusiko duzu.

        — Bale, nahi duzun bezala.

        Ama zutik dago, Mertxeren ohearen aurrean, kafesne katilua eskuetan duela, joateko prest bezala, baina joatera deliberatu gabe hala ere. Isiltasun une bat sortu da ama-alaben artean, biak elkarri begira, mututasun-jarrera horri nork gehiago eutsiko baleude bezala, edo batak besteari zer pentsatzen ari den igarri nahian bestela.

        Amak hitz egin du azkenean.

        — Ez al didazu Josuri buruz galdetu behar?

 

 

Bere anaia da Josu. «Nire neba» ikasi zuen esaten Mertxek Gasteizen lankide bizkaitarrekin. Gasteiz atzean utzita, bere anaia da berriz ere Josu: nire anaia txikia, nire anaia amorragarria, nire anaia maitagarria, nire anaia ipurterrea, nire anaia alaia, nire anaia txilibitua, nire anaia eskuzabala, nire anaia txoroa... izenondo sorta bururatu zaio Mertxeri bainugelan dutxatzeko eranzten ari den bitartean.

        Sei urteko aldea dago bien artean, eta tartean ez dute beste seniderik; ez tartean, eta ez goitik ez behetik. Biak bakarrik, eta sei urteko aldea. Gehiegi elkarren lagun izateko, eta gehiegi borrokan ibiltzeko ere. Mertxeren jarrera, ohartzen da ur-txorrotaren pean sartzen den bitartean, beti izan da ama batena. Bigarren ama batena, lehenengoa hor zegoen-eta, lehenengoa hor dago-eta. Ama batena bai, baina panpinetara jolasten den ama batena, edo ume bat izatera jolasten den neskato batena bestela.

        Sekula ez ziren eskola berean ibili. Josu bihurrikerien adinean zegoenean nerabeen ametsetan kulunkan zebilen Mertxe, eta mutila adoleszentziara iritsi zenerako etxetik kanpo bizi zen arreba, ikasle-pisu batean. Harrezkero, sakondu ez baizik bakandu egin zen bien arteko harremana, bizikizunak bezain urrunak baitzituzten giroak eta erreferentziak. Mertxe asteburuetan etxera itzultzen zenean ere ez zuen anaia bertan topatzen. «Pirinioetara joan da, lagunekin» esango zion amak. Pirinioetara, kontzertu batera, eskalada egitera... Amaren azalpenen bitartez jakiten zuen nebaren berri, aldian behin ikusten ditugun familiako edo adiskideen antzera, aurrez aurre topatu gabe ere haren nondik norakoaz jakinean zegoela. «Zer moduz Josu?» galdetzen zuen etxera sartzean, han ikusten ez bazuen. «Zer moduz Mertxe?» imajinatzen zuen Mertxek galdetuko zuela Josuk etxera itzultzean. Ez arreba kontrolatzeko gogoz, ezta egiazko interesez ere, baina familiako lokarriek dakarten gutxieneko atxikimenduz.

        Harreman mehe baina orekatu hori bat-batean lehertu zen, Polizia gurasoen etxera sartu zenean Josuren bila. Hura topatu ez eta esku-hutsik joan ziren, dena hankaz gora utzita. Txoriak aldegitea eraman ezinik, ordea, Mertxeren etxera joan ziren handik ordu gutxira, Aranbizkarrakoa erosi aurretik autobus-geltoki aldean alokaturik zeukan pisura, eta beraiekin eraman zuten atxilotuta. Bera, eta erosi berri zuen ordenagailua, artean etxeetan ikusten ez zen tramankulua.

        Izu-ikara bat izan du Mertxek dutxapean, atxiloketaren akordua etorri zaionean. Komunikabideen bitartez ez ezik, esperientzia hori jasandako lagunen baten bidez ere bazuen komisariako izugarrikerien berri. Bainera, poltsa, elektrodoak imajinatze hutsarekin shock-aren atarian zegoen, eta Poliziari baliagarri izango zitzaion ezertxo ere ez jakiteak ez zuen hobea egiten bere egoera.

        Zorionez, ez zuten torturatu eta bi egunen buruan aske utzi zuten, epailearen aurretik pasatu beharrik gabe. Ordenagailua handik pare bat hilabetera itzuli zioten, eta beste bi eman zituen ostera ere piztu aurretik, halako beldur zentzugabe bat emango balio bezala, beharbada trantze hura bere garunetik ezabatu nahiko zuen, besterik gabe.

        Lehen ere ez zen Mertxe Oiartzabal politikan sarturik ibiltzen, ezker abertzaleko lagun bat edo beste bazituen arren. Haiexek izan ziren laguntasun handiena eskaini ziotenak atxiloketa-aldiaren ostean, baina Mertxek, distantzia bat markatu beharra sentituko balu bezala, ezetz erantzun ohi zien haien laguntza eta proposamen gehienei. Handik hilabete gutxira, urruntasun ideologikoa jendaurrean ere nabarmen uzteko asmoz-edo, ELAn eman zuen izena, eta Lakuako hauteskunde sindikaletako zerrendan joan zen.

        Bolada hartan sarriago joan zen gurasoenera. Ama porru eginda zegoen, Josurena zela-eta. Aita, berriz, estreinako ikaraldiaren ondotik, mututasun sorgor batean sartu zen, bere seilu-bilduma beste kezkarik ez zuela, itxuraz behintzat. Josu klandestinitatean egongo zela imajinatzen zuten, non, nola edo zertan ez zekitela. Mertxek ez zeukan ama lasaitzerik, baina lagun egiten zion haren egonezinean. Gero, halako batean, mezu bat, ondo zegoela. Zerua zabaldu zitzaion amari, baina une bateko argialdia izan zen, handik aurrera ikara batean bizi izan baitzen, atxiloketaren bat zegoen bakoitzean, tiroketaren bat gertatzen zen aldiro, semearen izena entzungo ote zuen.

        Urte batzuk iraun zuen zalantzazko ezbai horrek. Egun batean, Frantziako sarekada baten ondoren, Josu Oiartzabal Zabaleta aipatu zuten irratian, haren argazkia gero telebistan nahiz biharamuneko egunkarietan. Samin handiarekin batean, baita lasaialdi moduko bat ere amarentzat, okerragorik ere izan baitzitekeen, eta orain izango baitzuen, azkenik, semea ikusteko aukera, barrote batzuen artetik izanik ere.

        Barrote arteko ikusaldiak oroitzen ditu orain Mertxek dutxatik atera eta toalla handi batean biltzen den bitartean. Frantzian barrena egindako bidaiak, TGVn batzuetan, Hendaiatik Parisera, handik Fresnesera joateko; beste presoen senideekin batera autobusez besteetan, eta hirurak batera ere bai inoizka, Mertxek gurasoak autoan eramanda. Bere txarrean, familia inoiz baino elkartuago sentitu zuen joan-etorri haietan, baita bera orduantxe hasten zela anaia benetan ezagutzen ere, elkarri idatzitako eskutitzen bitartez.

        Sei urte eman zituen Josuk Frantziako presondegietan, eta haien ondotik Espainiakoak etorri ziren, epaiketa berriak eta zigor luzeagoak. Orduantxe hasi zen ikasten ere, aurretik galdutako denbora aprobetxatzeko asmoz, edo urte luzeetako gau eta egunak erotu gabe betetzeko eginkizunen bat eduki nahian.

        Historia ikastea erabaki zuen Josuk, munduaren martxa hobeto ulertzeko eta bere uste eta sinesteak oinarri akademiko sendoagoetan funtsatzeko edo. Ordurako hasita zeuden gobernuan euskal preso ikasleei eragozpenak jartzen, eta kanpoko laguntza behar zuen Josuk hainbat kontutarako: burokrazia zela, liburuak lortzea zela, apunteak kartzela barruan sartzea zela...

        Mertxe izan zuen hasieran ezinbesteko makulu. Harreman sarri horretan, baina, gero eta maizago trabatzen ziren neba-arrebak eztabaida politikoetan, Mertxeri gero eta desegokiagoa iruditzen baitzitzaion borroka armatuaren jarduna, edo —pentsatzen du orain, berriro janzten ari dela— aspaldi desegokia iruditzen zitzaion hura gero eta jasangaitzago baitzitzaion, Josuren aurrean ezin isiltzeraino, aldi berean jabetzen zen arren anaiaren egoera ahula zela oso, erakundeari egindako edozein kritika bere alde erabili baitzezakeen estatuak.

        Urruntze ideologiko horrek zenbateko pisua izan zuen geroko erabakietan, ez daki Mertxek garbi bereizten; aldi berean gertatu baitzen neska batekin hasi zela ibiltzen Josu, Eguzkiñerekin, eta harrez geroztik Eguzkiñek bideratzen zizkiola arazo bibliografiko nahiz administratiboak. Anaiarekiko betebeharrez libraturik sentitu zen Mertxe hortaz, eta pentsatu zuen bere buruaz arduratzen hasi beharko zuela noizbait ere: urte askoan erdizka eta mamitu ezinik eduki zuen istorio sentimentala pikutara joan zen azkenik, eta aldi berean aurkeztu zitzaion Europako Parlamentuan itzultzaile sartzeko aukera, leiho zabaldu baten moduan ikusi zuena, hainbeste rollo txar atzean uzteko eta bizimodu berri bati heltzeko: beste hiri bat, beste herrialde bat, beste zeregin bat, beste hizkuntza batzuk, beste lagunarte bat... baina, bueltaren bueltan, hona hemen atzera: betiko etxean, betiko familiarekin, betiko kaka zaharra eta kaka berriagoak ere irentsi ezinik.

 

 

Komunetik atera behar luke baina ez duela atera nahi sentitzen du Mertxek. Kanpoan ama izango du zain, amarekiko betiko sestra amaigabea, edo aita, gero eta ezezagunagoa zaion izaki hori, orain bere ardurapean geratuko dela dirudiena, prostataren kura egiterainoko intimitatera iristeko arrisku larriarekin gainera. Komunean itxita geratuko litzateke gustura, edo bere nerabezaroko logelan bestela, paretetako argazkien garaian bezala ingurukoengandik isolatuta, bere gauzetan pentsatzeko. Edo ezertan ez pentsatzeko hobeto, nirvana batean urtu beste ametsik gabe.

        — Aterako al zara? —entzun du amaren deia—. Aitak komunera joan behar du.

        Komun bakarreko etxea da gurasoena, eta ezin itxaronaraziko dio prostata-gaixo bati!

        Bera atera eta aita sartu deneko une hori aprobetxatu du kalera atera behar duela esateko, herria asko aldatu den ikusteko-edo, eta amaren eskari edo aholkuei itxaron gabe itxi du atzean kaleko atea.

        Herria... Mertxe Oiartzabalek gogoan ditu Brusela eta Estrasburgoko zenbait lankide, hiri handietan jaioak, betidanik halakoetan bizi izan direnak, eta beti hiriaren aurkako marmarrean dabiltzanak: zarata dela, kutsadura dela, trafikoaren zoramena batetik, harremanen hoztasuna bestetik. «Herri batean bizitzerik banu» esaten dute (dans un petit village), «edo landan bestela» (à la campagne).

        Mertxek ez die kontra egiten. Aspaldi ikasi zuen irri txiki bat egin eta eztabaidak saihesten. Baina barrutik beti pentsatu du ez dakitela zer dioten, edo ez dakitela behintzat zer goresten duten. Bera ez da herri txiki-txiki batekoa, are gutxiago baserrikoa, baina bizilekuari dagokionez beti uste izan du zenbat eta handiago hobe dela, orain arte egin dituen bizileku-aldaketetan behintzat hiri handiago batera mugitu da aldi bakoitzean, eta sekula ez zaio damutu.

        Ez da zarata, edo trafikoa, edo kutsadura hirietan hainbeste maite duena, bere lankide hiritarrek hastio duten beste ezaugarri hura baino: harremanen hoztasuna. Izan ere, inork ezagutzen ez duen tokian sentitu ohi da bera gogara, inork agurtuko ez duen kaleetan paseatu ohi du gustura, inork komentariorik egingo ez dion saltokian egin ohi ditu erosketak.

        Hirietako anonimotasun topiko baina hala ere maite hori etorri zaio gogora bere sorterriko kaleetan barrena dabilela. Gaztetan hemendik ihes egin zuen nolabait ere, txutxu-mutxuen zirkulutik hanka betiko, eta orain, bertara etorrita, ohartzen da ez dituela ezagutzen parean suertatzen zaizkion aurpegi gehienak. Bat edo beste bai, bera baino zaharragoenak oro har, izenez ez bada bai behintzat bistaz, batzuek agurtu eta guzti egin dute, galdezka gelditzeko adinako konfiantzazkorik egokitu ez bazaio ere, zorionez. Baina gehienak ezezagunak zaizkio, Amsterdam, Anberes edo Koloniako kaleetan balebil bezala, janzkerek eta jarrerek hemengo kutsua duten arren, eta hori ere gero eta homologatuagoa gazteenen itxurei dagokienez. Azkenean, kanpoan bezain arrotz sentituko ote da ba etxean?

        Parke batean banku huts bat ikusi eta bertan eseri da Mertxe, atseden hartzeko baino gehiago nora joan eduki ez eta bertan planto egitea erabaki duelako, zeregin hobe bat bilatu bitartean edo. Inguruan jolasean dabiltzan haur horietako baten ama berantiarra dela pentsatuko dute akaso, bestela arraro egiten da emakume bakarti bat parkean eserita, xelebrea gutxienez eta patologiaren baten susmagarri ere bai agian. Dena dela, bere arroztasun deskubritu berrian babesturik, aurretik dabilen jende-pasari begira geratu da: gizon eta emazte, zahar eta gazte, bakoitza bere arazoak bizkar gainean daramatzala.

        Jende tipo guztien artean bat errepikatzen dela ohartu da Mertxe: emakume gazteak haur-kotxearekin. Parke bat izanda, ez da harritzekoa. Emakume ninidun horietako batek, orrazkeragatik, bere ibilera edo keinuren batengatik, Eguzkiñe ekarri dio gogora. Eguzkiñe eta bere umea: Aitzol, gogoan du izena, izenduna oraindik ezagutzerik izan ez badu ere. Zenbat denbora ote du? Urtebete? Hamar hilabete? Hamalau? Hor nonbait. Amak abisatu zion jaio zenean, eta geroztik hainbat aldiz saiatu da haurra ezagutu dezan. «Zure iloba da!» errepikatzen dio, aitzakiarik onartzen ez duen argudio baten moduan, baina, bata dela bestea dela, orain arte ez da tokatu. Orain beharbada, pentsatu du Mertxek, egonaldia apur bat luzatzen bada...

        Eguzkiñe bera ere ez du askotan ikusi. Bizpahiru aldiz: batean anaiari bisitan biak batera joanda, beste batean gurasoenean topo eginda, eta beste pare bat bider hitz egingo zuten telefonoz. Ez da eroso sentitzen haren ondoan. Ez dio ezer txarrik topatzen. Aitzitik, neska jatorra iruditzen zaio, idealista, maitakorra. Baina ez du ulertzen. Ez du ulertzen nola hasi litekeen ibiltzen neska gazte bat bera baino hamar urte zaharragoa den mutil batekin, mutil hori aurretik ezagutu gabe, eta gainera espetxean dagoenean, beste urte-parrasta batean ateratzeko esperantzarik gabe.

        «Zergatik egin duzu?» galdetu dio, elkarrizketa irudikatu batean.

        «Ez dago arrazoi berezirik. Maitemindu egin gara, besterik gabe».

        «Inor ez da besterik gabe maitemintzen. Bilatu egiten duzu, nolabait ere».

        «Bueno, maitemintzeko gogoa izango nuen, beharbada».

        «Bai, baina ezezagun batekin, aurretik inoiz ikusi ez duzun batekin...»

        «Aurretik gutunak idatzi genizkion elkarri, eta horien bidez dexente ezagutzen duzu pertsona».

        «Ados. Gutunetan sintonia bat sentitu zenuen, eta Josu sakonago ezagutzeko gogoa. Baina harekin haur bat izateraino...»

        «Pixkanaka etorri dira gauzak. Pausoak bata bestearen atzetik ematen dituzu, eta azkenean...»

        «Hala ere. Norbaitekin ezkontzea, familia bat sortzea, zure bizitza erabat baldintzatzen duen pausoa da».

        «Dudarik gabe, eta konbentzituta egin dugu».

        «Baina nork bere bizitzari, bere etorkizunari begiratzen badio, ze panorama daukazu Josurekin? Beste urte mordo batean egon beharko du barruan!»

        «Hori ez dago gure esku, eta bestalde, gauzak aldatu daitezke...»

        «Asko aldatu beharko lukete».

        «Gobernuak askatasuna kendu diezaguke, baina ezin digu kendu bizitzeko gogoa, eta gure bizi-gogo horren ondorioa izan da haur bat ekartzea».

        «Aberriari egindako aportazio demografikoa?»

        «Ez ezazu barrerik egin. Herri batek, biziko bada, haurrak sortu behar ditu, ezinbestean. Baina guk Aitzol ez dugu kausarengatik ekarri, geuk nahi izan dugulako baizik. Edo bizitzagatik beragatik, nahi baduzu».

        «Hori oso polita da, baina pentsatu al duzu nolako bizitza izango duen Aitzolek hazten denean? Bere aitaren egoerak ez al dio, era batean edo bestean, kalte egingo?»

        «Aitzoli ahalik eta bizitzarik ederrena ematen saiatuko gara Josu eta biok. Badakigu erraza izango ez dena, baina nork ez du arazorik bizitza honetan? Guraso-gaiei egokitasun-test bat egingo bagenie, seguru asko oso gutxik gaindituko lukete proba hori».

        «Bai, eta itxuraz arazorik ez dutenek, beharbada gogorik ez».

        «Adibidez zuk, ezta, Mertxe?»

        Eguzkiñeren ahotan imajinatu duen azken sastakada hori ez lioke Eguzkiñek esango, inor ez litzateke horren krudela izango haurrik ez izatea erabaki duen edo egokiera onik izan ez duen emakume batekin. Ala bai? Beharbada ez liokete esango «haurrik ez izatea erabaki duen emakumea» ere, izendapen laburragoak erabili ohi ditu jendeak: «Begira neskazahar horri» esango lukete akaso. «Bankuan eserita dagoen hori? Hori ez al da ba herrikoa? / Bai baina, aspaldi joan zen kanpora. / A bai, e? / Bai, orain Europako ez-dakit-zer gauzatan omen dabil. / Kontxo, kontxo. / Baina, aita zaharturik eta, hura zaintzera etorri omen da. / Noski, berak familiarik ez-eta, bidezkoa da hori».

        Buru barruko kalaka isilarazteko, bankutik altxatu eta pauso bizian aldegin du, balizko marmartien ikusmenetik urruti, baina bere barne ahots horiek segi egiten dute, eta segi, eta segi...

 

 

Gaur medikuarengana joan da aitarekin. Amak esan dio, hobe duela ohitzea eta eraman dezala berak. Aitak ez du ezer esan.

        Goikolea doktoreak hartu ditu. Bera da urologia saileko burua eta egun batzuk barru aitaren ebakuntza egingo duena.

        Mertxek lehendik ezagutzen ez zuen hitz mordoa entzun du denbora gutxian, asimilatzeko astirik gabe: prostata, prostatismoa, prostatalgia, prostotektomia, prostotorrea, estrogenoak, androgenoak, guruinak, hormonak, ademona, hiperplasia, uretraren inflamazioa, blenorragia, inkontinentzia, dispepsia...

        Hainbeste berbakondoren artean ezer ulertu ezinik, xehetasun zehatzagoren bat galdetzea erabaki du Mertxek:

        — Barkatu etetea baina, aitari egingo diozuen ebakuntzaren nondik norakoa azalduko bazenit, gutxi gorabehera...

        — Bai noski —esan dio Goikolea doktoreak irribarre profilaktiko batekin—. Prostatarainoko irispide kirurgikoak bat baino gehiago dira. Ohikoena puxikan zehar iristea izaten da, sabelaren erdialdean ebakita, zilborraren azpialdean; beste aukera bat bide erretropubikoa izango litzateke, puxika zulatu beharrik gabe, eta azken bidea perineala izango litzateke... Aukera bakoitzaren on-gaitzak neurtu eta gero...

        Aukera bakoitzaren on-gaitzak ezagutu gabe geratu da Mertxe. Zirujauak emandako zertzeladak entzun ahala, begi bistan daukana lausotzen sentitu du, zentzumenak nahasten eta sorgortzen, eta mintxuria eginda ziplo erori da lurrera azkenean, zer gertatu den ohartu gabe noski.

        Apurka etorri da bere onera, eta kordea berreskuratu ahala Goikolea doktorearen aurpegia ikusi du berearen aurrean, ondoan aita eta emakume ezezagun bat dituela.

        — Hara, esnatzen ari da —entzun du Mertxek.

        — N-non nago?

        — Lasai, ez da ezer —esan dio Goikoleak, hatz pare batekin masaileko arinak jotzen dizkion bitartean.

        — Z-zer gertatu da?

        — Lipotimia bat.

        — Nola?

        — Zorabiatu egin zarela —esan du emakume ezezagunak. «Erizaina», pentsatu du Mertxek.

        — Kirurgia-kontuekin ohiturarik ez, nonbait, eta inpresio handitxoa egin dizu aitaren ebakuntzaren azalpenak —jarraitu du Goikoleak.

        — Barkatu, nik...

        — Ez dago zer barkatu. Sentibera zarela esan nahi du horrek. Eta tentsioa baju samar daukazula, seguru asko.

        — Larria al da hori? —galdetu du aitak.

        — Ez, noski, aita egunero operatzen ez badiote behintzat.

        Irribarre egin du Mertxek. Begiak ezker-eskuin mugitu eta etzanda dagoela ohartu da. Ospitaleko ohe batean? Ohatila batean? Gorputza altxatzeko keinua egin du baina kontsulta-gela jirabiraka hasi zaio begien aurrean.

        — Ez altxatu oraindik —esan dio erizainak.

        — Ospitalean geratu beharko dut? —galdetu du Mertxek.

        — Gure konpainia atsegin duzun bitartean... —bota du Goikoleak, oraindik adar-jole, baina bere txantxari inork erantzun ez dionez serio jarraitu du—: Kafesnea eta galleta batzuk ekarriko dizkizugu, indar pixka bat har dezazun, eta ordu erdi edo ordubeteren buruan nahi duzun tokira joateko moduan egongo zara.

        Hori esanda, bere irribarre profilaktikoa berriro azaldu eta gelatik atera da Goikolea doktorea, atzetik erizaina daramala. Ondotik sortu den geldiunean, esku bat sentitu du Mertxek bere eskua estutzen. Aitari begiratu dio, eta irri lotsati batean bat egin dute bien begiradek. Handik pixka batera, baina, gehiegizko samurtasunaren beldurrez-edo, estutua lasaituz doala nabaritzean, pixkanaka erretiratu egin du Mertxek bere eskua.

 

 

— Ederra zaude zu inor zaintzeko, ospitalera sartu orduko mintxuria egiten bazaizu —esan dio amak etxean.

        — Ama...!

        — Ez zenuen ba nahita egingo?

        — Ama!!

        — Ba, alferrik zabiltza. Nik ez dut atzera egingo. Zuk ikusiko duzu zer egiten duzun.

        Mertxek gustura emango zion zaplazteko bat, guztiz errotutako tabu gisako batek eragotziko ez balio, edo bestela altxa eta ateari danbateko bat emanda aldegingo zuen, baina ezin berak halakorik egin, juxtu amak egin berri duelako. Hortaz, bere amorrazioa kanporatzeko biderik ez duela, ernegazioa bere saltsan egosten gelditu da, ondo txegosi ezin diren janari digerigaitz horietako baten antzera.

        Zorionaren bila bizi omen gara. Horrek mugitzen gaitu hau egitera edo bestea uztera. Eta bere zorionaren izenean hartu du amak, nonbait, etxea uzteko erabakia. Zorionaren bila baino gehiago zoritxarretik ihesi. Ez al zuen Epikurok ere esaten, oinazetik ihes egitea dela gizakiaren berezko joera, eta horrexek izan beharko lukeela bere jokabidea?

        Gaixotasunen eremutik ihes egitea normala da, hortaz, alde batera. Ezin ukatuko dio amari zorionerako eskubidea! Eta berak? Argi du ez duela sakrifiziorako bokaziorik. Are gutxiago ospitaleetan ibiltzekorik, bere txorabioak erakusten duen bezala. Zergatik geratu beharko luke aitaren ondoan, amak ihes egin eta gero? Mila zor ditu gurasoekin, noski, geratzen zaien bizialdian haiek zaintzen egonda ere behar bezala ordainduko ez lituzkeenak, hainbestekoak baitira aitak eta amak gu haztearren hartzen dituzten lanak. Hala ere, gurasoekiko zorra norbere seme-alabekiko zaintzan ordaintzen dugu, nolabait ere. Naturaren legea da, animalia orotan betetzen dena. Berak, ordea, uko egin dio biologiaren deiari, espeziearen aginduari: ez du seme-alabarik ekarri eta ez du, horrenbestez, zorra nola kitatu. Zorra ote da ordea? Bizidun orok bere geneen iraupena bilatu ohi du, horren ondorioz gertatzen da ugalketa eta baita kumeen zaintza ere, bere kasa moldatzeko gauza diren arte. Geneen jarraipenik bilatu ez duenak bere iraungitzearekin ordainduko du bere hautua, biologiaren aritmetikan bederen.

        Biologiaren legeek menperatzen ote gaituzte?, galdetzen du bere baitan Mertxek. Alde batera bai. Horra hor Josu. Porrot politikoaz gain zigor pertsonal izugarria jasan behar du, baina bere geneek lortu dute erreproduzitzea, hor egongo dira, gorputz ñimiño batean hezurberriturik, amaren bularretik tiraka, bizitzaren taupada zoroan. Biologiaren morrontza gainditu duen espezie bakartzat dugu geure burua, eta horren froga argiak dira antisorgailuak edo bizitzaren luzapen asistentziala, baina, bururatu zaio Mertxeri, lorpen horiez geroztik ez ote da gertatu espeziearen nolabaiteko ahultzea?

        Bestelako ikuspegia ere eduki liteke ordea, ohartzen da Mertxe. Gure espeziea da biologiaren beharretatik harago maitasunaren indarra deskubritu duen bakarra, eta horixe du bere arrakasta. Hortik dator solidaritatea, pertsonen nahiz herrien artekoa, hortik dator enpatia, bestearen lekuan jarrarazten zaituen sentimendua, hortik dator altruismoa, 1.000 kilometrora preso dagoen ezezagun bat bisitatzera eraman zaitzakeena, eta baita harekin maitemintzera ere. Baina ez ote da altruismo horren aldaera moduko bat bere anaia eta anaiaren lagunak egiten dituztenak egitera daramatzana? Ala sakrifizio jatorraren deformazio metastasiko bat da zenbait pertsona, asmo on baten izenean, izugarrikeriak egitera eramaten ahal dituena?

        Zer da, hortaz, bizitzaren pizgailua, zein da historiaren motorra, gizon-emakumeon bihotzak pilpiran jartzen dituena: berekoikeria zekena, ala altruismo eskuzabala...?

 

 

Gogoeta horietatik atera du bat-batean telefonoaren txirrinak.

        — Mertxe?

        — Bai, neu naiz.

        — Eguzkiñe naiz.

        — A, kaixo, Eguzkiñe! Zelan zu? Eta Aitzol?

        — Oso ondo, oso ondo. Eta umea zoragarri.

        Konplimendu atseginetan segitu dute beste puska batean, Eguzkiñek hariari heldu dion arte.

        — Badakizu —esan dio—, aitaren ebakuntza dela-eta, paperak egiten ibili garela, ea Josuri baimena ematen zioten hona etortzeko eta aita ikusteko.

        — Ez nekien, baina oso ondo iruditzen zait.

        — Orain arte egon gara erantzunaren zain, eta azkenean, operazioaren atarian, ezetz. Kabroiak halakoak!

        — Horiekin, badakizu...

        — Josuk izugarrizko ilusioa zeukan, eta orain...

        — Ya. Disgustua izango duela.

        — Horixe. Eta pentsatu dut, momentu txar horretan bakarrik egon ez dadin, bisitan joango naizela operazioaren egunean.

        — Oso ondo. Eskertuko dizu.

        — Horregatik ez naiz hor egongo, zuekin.

        — Lasai, moldatuko gara.

        — Nik nahi nuen baina.

        — Ez kezkatu. Eta nola zoaz: Senideen autobusean?

        — Ezin! Aste barruan izanda...

        — A, noski.

        — Neure kotxean joango naiz.

        — Almeriaraino?

        — Beharko. Hegazkinak daukan prezioarekin...

        — Noski, noski. Eta Aitzol ere zeurekin eraman behar duzu?

        — Hori pentsatzen egon naiz, baina paliza handiegia begitantzen zait ume txikiarentzat.

        — Egia.

        — Eta ezer ulertu barik, koitaduak.

        — Hobe hemen geratzea, bai.

        — Horregatik pentsatu dut, atrebentzia ez bada, bi egunerako zuenean uztea Aitzol. Ez da enbarazua izango, ezta?

        Zer esango dio ba Mertxek? Ez duela umeak zaintzeko ez ohiturarik, ez jakintzarik, ez gogorik? Amaren esku utzi dezakeela ere pentsatu du.

        — Nola izango da ba! Gustura asko zainduko dugu.

        — Ez dakizu nola eskertzen dizudan, Mertxe. Zure amak esaten du bai, on puska bat zarela.

        — Amak badakizu nolakoak izaten diren.

        — Pozik lagunduko zenidala esan zidan, bai.

        — A, amarekin hitz eginda zaude ala?

        — Jakina, biok batera goaz eta.

        — Nora?

        — Almeriara ba.

        «La puta madre...» etorri zaio Mertxeri burura, baina autozentsurak aski indar izan du mihiari eusteko, eta jendetasunez agurtu ahal izan du bere koinata.

        — Hortaz, bihar eramango dizut umea, bai?

 

 

Mertxe Oiartzabali oroimenera datorkio noizbait irakurritako pasarte bat, ahaztua du non eta ahaztua du nork zioen ere, baina ondo gogoan du haren mamia; haren arabera, adindun bihurtzeko urte-kopuruari buruz legeek diotena diotela, norbera adin-nagusitasunera iristen omen da bere gurasoez erruki izaten hasten denean.

        Errukia, askotan gaitzetsi izan den sentimendua, nagusikeriazko harremanaren iraunarazle delakoan, edo hala ikusten zuen Mertxek behintzat garai batean, etxean eta eskolan jasotako moral tradizionaletik ihesi zebilenean. Orain, berriz, ez du uste moral tradizional hartara itzuli denik baina, bestela ikusten ditu gauzak.

        Injustizien ukendu kontsolagarria ez ezik, errukia izan liteke ezberdintasunezko egoera batean maitasunak hartzen duen forma, ahularekiko onginahia. Zakur egurtu batek, afrikar gosetu batek, gurpil-aulkira loturiko haur batek errukia piztu izan badiote, aurrez aurre nahiz telebistan, nola ez dio ba antzeko sentimendua sortuko ospitalera daraman agure honek?

        Orain sentitu ote du lehenengoz guraso batekiko errukia? Orain arte heldutasunetik urruti bizi izan dela esan nahi luke horrek, nerabezaro luzatu baten pribilegioak dastatuz, ardura eta erantzukizun orotatik ihesi. Hala ote da?, galdetzen dio Mertxek bere buruari, eta ez du erantzun argirik.

        Ospitaleko azken bisitaldian, aitari laguntzera joan eta azkenean bera txorabiatu zeneko hartan aitak eman zion eskuaz oroituta, berea eman dio orain ondoan duen aitari. Eman ez ezik, estutu ere bai, bere berotasuna, hurbiltasuna, elkartasuna erakutsi nahian. Zerbaiten beharra ere izango du, ospitalera bidean doazenez gero, bertan ingresatu eta, egin beharreko prestalanen ondoren, biharamunean ebakuntza egiteko.

        Aitaren autoan doaz baina Mertxek gidatzen duela, esku batekin orain, besteaz aitaren eskuari heltzen baitio. Semaforo gorri baten aurrean gelditu dira, eta hor askatu egin behar izan du eskua, kanbioa erabiltzeko. Aitarengana jiratu da gero Mertxe: berari begira dauka, begiak heze; ebakuntzaren beldur delako? Alabaren keinuak hunkituta? Ohi ez bezala, goraka sumatzen duen samurtasunezko sentimendu horri uhateak ireki, eta euri gozo baten antzera blaitu dezan utzi dio, behingoz.

        Bozina bat entzunda, bere aurreko semaforoa berde jarri dela ohartu eta kaminoan ipini du arreta, ahal duen neurrian behintzat.

        Bidean aitak ez du ia hitzik esan. Inoiz ez da berritsuegia izan, eta aspaldi honetan gutxiago. Aitarekin elkarrizketa bat noiztik ez duen izan gogoratzen saiatu da Mertxe, baina ez da oroitzen. Bere solas-ahaleginei labur erantzuten die: ondo, bai, ez... Aldi berean, amaren aldegitearen berri nola eman pentsatuz joan da bide osoan: hobe ote den etxean gelditu dela esan, denak ospitalean pilatzea alferrikakoa dela-eta, ala Josuri bisitan joan dela aitortu, baina laster bueltatzekotan, ala ziplo bota joan egin dela, ihes egin duela besterik gabe, eta berari behintzat ez diola esan itzultzeko asmorik duen ala ez. Aitak galdetuz gero, erantzun bat edo beste aukeratu beharko du betiere; galdetzen ez badu, berriz, igual hobe ezer ez esatea, gizonak nahiko lan badu-eta bestela ere, buruhauste berririk eman gabe.

        Isilik egon dira sarrerako tramiteak egin bitartean, isilik igo dira gelara, eta beharrezko hitzak esan dizkiote elkarri aitaren gauzak armairuan utzi bitartean.

        — Nahi duzu laguntzea, janzten eta eranzten eta? —galdetu dio Mertxek gero, hitzei zer doinu eman asmatu ezinda.

        — Ez. Na-nahiago bakarrik —aitak totelka.

        — Bai noski. Kanpora joango naiz bitartean.

        Pasilloan erretzeko gogoa etorri zaio bat-batean, berarentzat ere ustekabean, hogei urte baitira erretzeari utzi ziola. Ospitaleetan debekaturik dagoela gogoratu du. Noski, esan dio bere buruari. Tuntun bat bezala sentitu da. Ordulariari begiratu dio. Laster aita utzi eta Eguzkiñerekin gelditu behar du.

        — Aita, joan beharra daukat —esan dio gero; ohean dago aita, gaixoen atorra xelebre hori jantzita.

        — Ondo da.

        — Laster egingo dizkizute azken prestaketak. Horixe esan dit oraintxe plantako erizainak. Goikolea ere etorriko omen zaizu, baina nik joan beharra daukat orain...

        — Segi lasai.

        Eskua hartu dio berriz. Muxu ematea pasatu zaio burutik, baina ez da horrenbestera ausartu.

        — Etorriko naiz gero. Edo bihar, hobeto esanda.

        — Ama ez da etorriko, ezta?

        Eta esateko moduan Mertxek ez dio igarri, penatuta esan duen, ala lasaitu eder bat hartuta.

 

 

— Hementxe dauzkazu behar dituzun guztiak —esan du Eguzkiñek.

        Josuren gela izandakoan daude, edo Josuren gelan esan beharko, paretak eta zokoak betetzen dituzten era guztietako afixa, zintzilikario, gadget eta apaingarriek nebaren pasioen berri ematen baitute oraindik ere, argizari-museo batean bezain bizi: rock musikariak, mezu politikoak, bidaietako oroigarriak, naturazaletasun zantzuak...

        Eguzkiñe eta Mertxe ohean eserita daude, elkarren ondoan; albo batean, Eguzkiñeren ondoan, Aitzol bere sehaska-kapazoan sartuta, amak eskuetan jarri dion txirinbolo batekin jolasean, bere artean marmar ulergaitzean baina ingurukoak hizketan jarduteko bezain lasai. Aurrez aurre, berriz, hainbat estilotako poltsak, zein baino zein handiago, trastez besterik denak. Horiexek seinalatu ditu Eguzkiñek.

        — Oso ondo. Hori dena? —galdetu du Mertxek.

        — Jakina. Zer uste zenuen ba?

        — Nola txikia den. Eta egun pare baterako zoazten...

        — Beitu, erakutsiko dizut —eta gauzak poltsetatik hartu eta ohe gainean multzotan utziz doa Eguzkiñe, aipatu ahala—: pixoihalak ugari, eguneko lau edo bost; ipurdia garbitzeko toallatxo bustiak; baberoak, plastikozkoak eta oihalezkoak; pijamak, bodyak, prakatxoak, mallak, kamisetak, jertseak, galtzerdiak.

        — Zenbat bakoitzetik?

        — Bost aldagarri oso jarri dizkizut, badaezpada. Badakizu, batzuetan botaka hasi eta goitik behera zikintzen dira.

        — A, ya.

        — Kalera ateratzen duzunean ere, aldagarri oso bat eramatea komeni da.

        — Zer gerta ere.

        — Horixe. Txanoak, eskularruak, bisera, txamarra, kalerako oinetakoak, etxerako zapatillak, txupeteak...

        — Bat badu ahoan.

        Aitzol hotsak egiten hasi da aldameneko sehaskatik, eta hari begira geratu dira emakume biak.

        — Bestea errepuestorako da.

        — Dena pentsatuta daukazu...

        — Beharko. Gero toallak, botikinerako gauzak.

        — Botikaren bat hartzen du ala?

        — Normalean ez baina. Botikina eta nezeserreko gauzak denak batean dauzkat. Begira: hau, ipurdia erretzen zaionerako ukendua; hauek, Apiretal eta Dalsy, sukarra igotzen denerako: papertxo honetan dauzkazu dosiak zehaztuta; bainatzeko esponja eta xaboia, baina igual xaboirik gabe hobe; orrazia, termometroa...

        — Baina kalentura baldin badu...

        — Kalentura baldin badu, eraman medikuarengana. Hementxe duzu bere pediatraren zenbakia, Sonia du izena, eta beste bat hemen bertakoa, Soniak gomendatutakoa. Eta niri ere deitu sinfalta.

        — Ez ahal zaio ezer gertatuko egun pare batean.

        — Seguru ezetz —esan dio Eguzkiñek, segurtasuna transmititu nahi dion keinu batekin.

        — Eta gauza hauek denak gordetzeko...?

        — Zuen amak esan dit armairu bat dagoela hutsik, bere gelan.

        Gurasoen gelara joan eta han ikusi dute armairu hutsa: amarena. Egia da hortaz, pentsatu du Mertxek, alde egiteko asmoa duela.

        — Eta non dago ama? —galdetu du Mertxek.

        — Mandatu batzuk egin behar zituela esan dit. Ordu erdi barru lotu gara, martxa egiteko.

        — Almeriara.

        — Almeriara, bai.

        Eguzkiñe itzuli eta gero ere han geratzeko asmoa ote du amak? Familiaren zati batengandik aldegin arren beste zatia hurbilago izateko?

        — Gero —segitu du Eguzkiñek Aitzolen hornimenduarekin—, badakizu, umea paseoan ateratzeko kotxea, tapakitxo batekin, eta sehaska, bere maindire eta abarreko guztiekin, ikusten duzu.

        — Bai, bai.

        — Ez dakit zerbait ahaztu zaidan. Ezetz uste dut. Kamiltxo panpina ere ekarri dizut.

        — Kamiltxo?

        — Hartz panpina. Lotarako horixe nahi izaten du.

        — A!

        — Eguneko ordutegia eta janariena zerrenda batean apuntatu dizkizut, ez ahazteko.

        Papertxoa pasatu dio Eguzkiñek, eta Mertxe bertatik irakurtzen hasi da:

        — Goizean esnatzen denean, gosaltzen eman: biberoi epela, esnea zerealekin nahastuta.

        — Biberoia eman aurretik neurtu tenperatura —erantsi dio Eguzkiñek—, ez dadila umea erre.

        — Termometroarekin?

        — Ez, emakumea: esku gainean tanta bat botata.

        Ergela sentitu da Mertxe, baina hobe izango da hori, umearekin hanka sartzea baino. Irakurtzen segitu du:

        — Gosaldu ostean, umearekin jolastu, edo paseora atera.

        — Euria ari ez badu —zehaztapena.

        — Paseatuz loalditxo bat egin dezala —segitu du Mertxek—, eta gero bazkaria.

        — Hamabietan-edo.

        — Bazkaltzeko, barazki pure suabea: porruak, azenarioa, patata... Eta gero arraina edo haragia.

        — Txiki-txiki eginda. Edo purearekin nahastuta ere bai.

        — Baina zer da hobe: nahastuta ala aparte?

        — Nahi duzun legez.

        — Postrerako, yogurra —irakurri, eta gero galdetu egin du Mertxek—. Petit Suisse adibidez?

        — Horixe bera. A, eta gero, ez dizut esan baina, egunean zehar ura maiz eskaini.

        — Itxoin, apuntatu egingo dut eta.

        Oharren paperean Eguzkiñeren aholkuak erantsi ditu Mertxek, irakurketari lotu aurretik.

        — Bazkalondoan, jolastu edo paseoa. Eta ondotik, siesta. Paseoarekin batera egin liteke siesta, ezta?

        — Bai, eta onena bera, loti txar samarra da-eta.

        — Bale. Segituko dut. Meriendatzeko fruta birrindua: banana, sagarra, laranja-zukua... Denak aparte ala...?

        — Ez, denak batera errazena.

        Esandakoa idatziko du berriro Mertxek.

        — Konforme. Berriz ere paseatu edo jolastu. Iluntzean, bainatu. Aurrena, bainugela girotu eta toalla prest eduki Gero, baineran hamabost zentimetro ur jarri.

        — Asko jota —zehaztu du Eguzkiñek—. Eta kontuz tenperaturarekin!

        — Haurra bertan eseri, esponja erabiliz busti, eta garbitu.

        — Hamar minutu eta kanpora. Eta ez utzi sekula haurra bakarrik baineran.

        — ... baineran bakarrik ez —kopiatu du Mertxek, leitzen segitu aurretik—. Bainuaren ostean, afaltzeko biberoia.

        — Gosarian bezala.

        — Eta ondotik lotara —eta burua altxatu du Mertxek, irakurketa noizbait amaituta, baina Eguzkiñek badu zer erantsia:

        — Lotarako, zuk uzten badiozu, besoetan nahiko du, baina zuk esan ezetz, txarto ohitzen da eta. Horren ordez, hobe da ipuina kontatzea. Nik gauero kontatzen diot.

        — Nik ipuinak... ez dakit ba.

        — Abestea ere gustatzen zaio, nahiago baldin baduzu.

        Suizidioaren eta umezidioaren aukerak ere oso kontuan hartuko dituela esatea bururatu zaio Mertxeri, baina igual Eguzkiñek ez luke ondo hartuko eta bere kolkorako gorde du txistea.

        Ohar gehiago eman dio gero: erne ibiltzeko gauza txikiekin, umeek ahora eramateko ohitura dutela-eta; mukizapia beti eskura izateko; jaten ematerakoan koilaratxoa nola erabili; oinez ikasten dabilela-eta, erne ibiltzeko parkean nora doan, zeri heltzen dion... Hainbeste informazio hain denbora gutxian jasota eta dena asimilatu nahirik, burmuinak lehertzear dituela sentitzen du Mertxek, baina ez da bera lehertzeko zorian dagoen bakarra, bat-batean negarrez arrantzaka hasi baita Aitzol txikia.

        — Hartuko dut? —eskaini du Mertxek bere burua, borondatetsu.

        — Hartu lasai —esan du umearen amak—, baina nik uste honek aldatu beharra daukala. Jakingo duzu ume bati pixoihalak aldatzen, ezta?

        Aski esanguratsua izan da Mertxek jarri duen larridura-aurpegia, irri bat atera baitzaio berehala Eguzkiñeri.

        — Lasai, ikasi dituzun hizkuntza horiek denak baino errazagoa da-eta.

        Eta ikasgai praktikoa etorri da gero: umea ohe gainean etzanda, pardela kendu, zakarretara botatzeko bildu, niniari ipurdi aldea garbitu eta lehortu.

        — Azala erreta badu, botikinean sartu dizudan ukendu horretatik eman behar zaio. Gogoratzen zara?

        — Bai, bai.

        — Eta gero oihal berria ipiniko diogu. Ikusi. Txilibitua beheraka, pixak ihes egin ez dezan. Ikusten?

        — Bai, bai.

        — Izterretan ondo bilduta, baina estutu gabe. Bai?

        — Bai, bai.

        — Eta kitto. Ikasi beharreko guztia ikasi duzu, teorian. Orain proba praktikoa bakarrik falta zaizu, gidabaimena ateratzeko.

        — Eta hau, noizero edo...?

        — Ba, egunean lau-bost aldiz. Kaka egin duela nabaritu bezain laster aldatu, itxaron barik. Eta txixaz beterik dagoela ikusiz gero ere bai. Ados?

        — Bai, bai.

        — Besterik ez duzu esaten! —Eguzkiñek barrez.

        — Bai, bai —Mertxek, zuntzunduta, zer dioen ere ez dakiela.

        Sorgortasun horretatik atera du telefono-hotsak. Eguzkiñeren sakelakoa da. Beste aldean ama dagoela sumatu du Mertxek, baina ez da saiatu ezer entzuten.

        — Tira, joan egin beharko dugu —esan du Eguzkiñek, deia itzali eta gero.

        — Bai.

        — Hemen uzten dizut munstro txiki hau. Ea txintxo portatzen den.

        — Seguru baietz.

        — Edozer gauza dela ere, hor daukazu nire telefonoa.

        — Bai, bai.

        — Ba, ondo segi.

        — Bai, zuek ere bidaia ona egin. Eta eskumuinak Josuri.

        — Esango diot.

        Atean daude jada, igogailuaren botoia sakatuta.

        — A, eta aitaren operazioa! —oroitu da Eguzkiñe—. Ondo atera dadila dena.

        — Mila esker.

        Eta bi emakumeen arteko besarkada umearen negarrak eten du. Eguzkiñek etxera sartzeko keinua egin du, baina deblauki gelditu, Mertxeri konplizitatezko keinu bat egin, eta igogailuan desagertu da.

 

 

Bat-batean, zakilez pentsatzen harrapatu du Mertxek bere burua. Urteak ziren gizonezkoen zintzilikarioak ikusten ez ukitzen ez zituela. Eta orain, berriz, bere ilobatxoaren pittikuarekin jolasean ari da, umea bainatzen duen bitartean; aitaren ebakuntzaren eboluzioa zein izango den ez daki, baina, litekeena da aitaren genitalak ere esku artean erabili behar izatea, dela garbitzeko, dela sendaketa egiteko.

        Ez dira horiek inoren kilika erotikoak pizteko ikuskizunak. Urtebeteko eta laurogei urteko gizasemeen gonadak eranskin fisiologiko bitxiak iruditzen zaizkio, buruan, dena dela, hainbat mamu eta oroitzapen iratzartzen dizkiotenak.

        Hala erabaki gabe ere, izaki asexuala bihurtzen ari dela bururatu zaio, bakarkako sexu lardats eta gogo handirik gabekoa ahaztuz gero. «Zahartzen ari naiz —esan du Mertxek bere artean—. Haurgintzaren sasoia pasa zitzaidan. Orain etxeko zaharrak zaintzeko aroa datorkit; eta horren ostetik, norberaren gorputzaren endekatzea, matxuratzea, gainbehera...». Ideia abailgarri horren haritik etorri zaio gogora aspaldi ez duela burua tindatu eta agerian dituela ileen erro zuriak.

        «Nire aitari labana sartzen ari zaizkio ipurtaldetik; nini alu honi biberoia nola prestatu asmatu ezinik nabil, eta ni bitartean gizonen zakilekin pentsatzen; edo ilea tindatzearekin».

        Hiru bat egun daramatza etxean eta dagoeneko asper-asper eginda dago Mertxe Oiartzabal, aldegiteko desiratzen, Bruselako bere apartamentu txikira, bere bulego epelera, kafe-makinaren inguruko solasaldietara, eguneroko errutina txepeletara. Bere lankide Lolari deitzeko tentazioa izan du, lantokian zer moduz galdetzeko, etxe santu hartako azken txutxu-mutxuen berri entzuteko. Hango berri galdetu ez ezik, hemengoaz ere erantzun beharko lioke, ordea, eta ez du horretarako gogorik.

        Eguzkiñek utzi dion traste-mendiari begiratu eta amildegiaren aurrean dagoela iruditzen zaio. «Hau dena behar ote da benetan ume bat hazteko?» galdetu dio bere buruari, eta amaren esaldi gogoko bat etorri zaio erantzun gisa: «Hainbeste ixtori...» . Hainbeste ixtori gabe haziko zituen amak Josu eta biak, noski, baina ondotik gogoratu du, gurasoek eskatuta Europako Batasunaren egitura instituzionala azaldu zienean, hara aldegin bezperatan, «hainbeste ixtori» errepikatu zuela amak, eta aitak ondotik marmarrean: «Makina bat alfer bizi da gure kontura», baina gero isildu egin zen, alaba ere alfer haien koadrilan sartu beharko ote zuen beldurrez edo.

        Eman dio afaria umeari, aldatu dio pixoihala ere, eta sehaskan sartu du. Zer ipuin kontatu erabili du buruan: Europako konstituzioaren ibilbide korapilatsua akaso? Lankideen artean arrakasta izango lukeen txistea bururatu zaiola pentsatu du, baina aurrean oso publiko desberdina du, murritza bezain esijentea, eta hoberik ezean gogoan dituen haur-kantak abesteari ekin dio, oroimenaren ganbaratik tiraka: «Astoa ikusi nuen betaurrekoekin, buruan txapela eta gabardinarekin, ile luzea eta bibotearekin, hizketan egon nintzen atzo berarekin».

        Oroitzen zituenik ere ez zekienak abesteak umore onez ipini du ezustean, kantuaren bidez endorfinak askatzen ariko balitz bezala: «Astoak esan zidan triste zegoela, oso zatarra zela bere ikastola, berak gure gelara etorri nahi zuela, gure ondoan ondo konponduko zela».

        Oroimenaren zuloak tra-la-ra eginez estali ditu, eta kasik penaz ikusi du nola Aitzolek lo hartu duen, eskutxoetako batekin Mertxeren hatz potoloari helduta, eta amatasunak sortu ohi duen asetasun-sentimendu guztizko hori ulertzen duela edo ulertu lezakeela pentsatu du, ume lokartuaren irudi idealizatu horren aurrean, haren arnasa pausatua adituz, haren azalaren epeltasuna bere larruan sentituz.

        Eta betetasun xarmant horrekin horditurik, haurraren sehaskaren ondoan etzan da, halako egun akigarri bati dagokion lo sakon eta azkarraren esperoan.

 

 

Telefonoaren txirrinak itzarri du, tupustean. «Aita!» pentsatu du Mertxe Oiartzabalek. Pertsianaz bestaldean iluna, eguna oraindik argitu gabe, beraz zerbait larria behar du. Parte onekoa ez den zerbait. Pentsamenduaren gurpilari galga jarri nahiz altxatu eta telefonoa hartu du.

        — Bai?

        Bestaldean entzun duenak zuntzunduta utzi du.

        — Zer? —galdetu du, esan diotena ulertu ezinik.

        Lehengo mezu bera errepikatu diote, antzeko hitzekin.

        — Cómo? —galdetu du berriz, ulertu bai baina sinetsi ezinik.

        Eta hirugarrengoz azaldu diote, hitzak aldatuz oraingoan, modu batean eta bestean, inongo dudarik ez uzteko:

        Totana izeneko herrian, Murtzia eta Lorca artean, istripu bat izan da gauean, A-7 errepidean, 2831BFS matrikuladun autoa, Peugeot 207 modelokoa, bidetik aterata, eta autoan zihoazen bi emakumeak, Eguzkiñe Garai Barinetxe eta Maria Encarnacion Zabaleta Odriozola, hil egin dira bertan.

 

 

Ez da posible. Ezin liteke. Abesti bat da hori. Ez pentsatu halako txorakeriarik. Ez da posible. Ezin liteke. Ez da posible. Ez da posible. Ez da posible. Ez da. Ez da. Ez da. Ez. Ez. Ez.

 

 

Lo egin nahi du. Lo hartzen saiatu. Lo geratu, berriz, eta ostera esnatzean dena amets bat izango da, amesgaiztoa baina ametsa azken batean. Datorrela loa, datorrela, datorrela...

 

 

Begiak itxita baina esna dagoela, haurraren negarrak amaiarazi du jokoa. Altxatu da, besoetan hartu du, berriz lokar dadin ahalegindu da baina ez dago modurik; egunsentia sumatzen da leihoaz bestaldean, autoen urruma ere bai, umea bere bularraren kontra estututa daukala etzan da berriz, eta segundo batzuetan egoeraren diagnosi azkar bat egiten saiatu da. Ez dago itxura egiten segitzerik.

 

 

Ez pentsatu. Egin. Umeari pardela aldatu. Telefonoz deitu: nondik deitu diote berari? Ospitale batetik? Guardia Zibiletik? Gurasoen telefonoak ez du jasotako deien memoriarik. Informazio-zerbitzura deitu. Murtziako Ospitalea faborez. Deitu hara. Eskatu zer nahi duen. Ezin diotela halako informaziorik eman. Jasotako deian esandakoa baieztatu nahi duela, besterik ez. Ezetz. Deitu Guardia Zibilera, barruko gorrotoa irentsiz bada ere. Informazio hori erreserbatua dela, senitartekoei bakarrik eman dakiekeela. Senitartekoa dela bera, bataren koinata eta bestearen alaba. Ea nola froga dezakeen. Klik.

        Ez pentsatu. Egin. Umeari gosaltzen eman. Mainaka dabilenez besoetan hartu. Aitarenera joan? Ezin. Deitu medikuari. Zer moduz aita? Hau eta hura kontatzen dio Goikolea doktoreak; funtsean, mordoilo profesionalaren azpian, ondo atera dela operazioa. Aurki esnatuko da, dagoeneko esnatu ez bada, anestesiaren eragina desagertuta, eta ez legoke gaizki familiako norbait hemen egotea, esan dio Goikoleak. Esango al diot?, galdetu dio Mertxek bere buruari. Ez, ez dio medikuari ezer kontatu nahi. Eta aitari? Aitari esan egin beharko dio, baina ez orain, ez berehala. Baina berak esan ezean beste norbaitek esaten badio, komunikabideen bitartez jakinda...

        Komunikabideak. Egunkariak erosteko janztea pentsatu du. Baina egunkariek ez dute ezer ekarriko, oraindik. Telebista piztu du. Irratia. Lastima Internetik ez izatea. Albisteak inon entzun aurretik, baina, telefonoa hasi da joka. Ezagunak. Lagunak. Familiakoak. Ezagutzen ez duenen bat ere bai. Denak galdezka. Ez da ba egia izango...? Irratian entzun dutela. Zurtuta daudela. Izu-ikaratuta. Amorrazioa adierazi diote. Samina. Dolumina. Elkartasuna. Ezertan laguntzerik behar baduzu... Bai, bai, eskerrik asko... Eta Josu gaixoa, esaten diote, nola hartuko ote du?

        Josu! Harekin akordatu gabe oraindik! Bisitaren zain egongo da gainera... Berriz ere informazio zerbitzura deitu eta Almeriako kartzela bilatzeko eskatu dio. «No figura cárcel de Almería», erantzun diote. «Pues mire centro penitenciario, centro de reclusión, correccional, penal, yo qué sé». Ez haserretu, Mertxe, lasai, esaten dio bere buruari, hortik aurrerakoak zailagoak izango direla-eta.

        Aitzolek jolaserako gogoa du nonbait, iletik tiratzen dio, hatzak begian sartu, sudurrean, belarrian, telefonoa kendu nahi dio, oharturik horixe dela zaintzailearen arreta lapurtzen dion tresna. Zer egin behar da ume batekin halakoetan, horren kasu larria izanda? Jo? Sehaskan sartu eta egin dezala negar lehertu arte? Txupete eta kantuekin entretenitu du pixka batean, eta lasaitu bezain laster deitu du espetxera.

        Josu Oiartzabal Zabaletarekin hitz egin nahi duela, bere arreba dela eta larria dela. Beste aldekoak, txantxa-kutsu bat ezkutatu ezin duen adeitasunez adierazi dio ez dela posible internoei deitzea, segurtasun-arrazoiengatik, «podrá usted entenderlo, señora». Ulertu dezakeela, bai. Deskuidoan hara joandako euskaldun senitartekoren bat ote dagoen, edo abokaturen bat bestela, harekin hitz egiteko. Ezin diola informazio hori eman, «podrá usted entenderlo, señora». Ea zuzendariarekin jarriko duen galdetu dio orduan, eta begiratuko duela. Esperantza eta pazientzia guztia galdurik dago honezkero, baina horra non beste aldean ahots berri bat aditu duen. Zuzendaria? Ez, zuzendariak ez omen du jartzerik baina bera zuzendariaren albokoa dela, zuk nahi duzunerako, andrea. Patxadari eusten saiatuz nor den azaldu dio, noren arreba, familian gertatu berri zaien zoritxarra jakinarazi dio, eta, daukan ahotsik gozoena jarrita galdetu dio ea, salbuespen bat eginda, utziko al dion anaiari berria pertsonalki ematen, beraiek jarritako baldintzak eta segurtasun-neurriak aldez aurretik onarturik.

        — Oso ulertzekoa da zure jarrera, eta behar duzun guztian laguntzeko prest naukazu —esan du zuzendariaren albokoak adeitsuki, Mertxeren itxaropena hauspotuz—. Dena dela, ez dut uste beharrezkoa izango denik.

        — Beharrezkoa ez?

        — Ez. Izan ere, goizeko albisteak entzunda, istripuan hildako bi bidaiariak gaur hemen bisita eskatutako berberak zirela ohartzean, funtzionarioek beraiek eman diote albistea zure anaiari, izango zuen interesa sumaturik.

        — Eta... —hitzik gabe geratu da Mertxe—. Eta... nola hartu du Josuk? Ondo dago edo...?

        — Ezin esan ondo erreakzionatu duenik. Bere zaindarien aurka oldartu da ukabilka, eta funtzionarioek, ulertuko duzunez, neurri bereko erantzuna eman behar izan diote.

        — Neurri bereko erantzuna...?

        — Orain lasaiago dago, zigor-ziega batean, baina zaude lasai, andrea, ondo zainduta daukagu-eta, ezegitekorik egin ez dezan.

        Besterik esan gabe eseki behar du Mertxek, baina orduan Aitzolen hotsak sumatu ditu, agu eta agu, ume txikien hizketa-modu ulergaitz horretan, eta hari begira, ernegazioak ahoa berotuta, ezin izan dio eutsi barruko irakinaldiari:

        — Es usted un hijo de la gran puta.

 

 

Egun zoroak izan dira. Atzera begiratu eta itsumandoka igaro berri duen laino lodi eta trinko bat ikusi uste du Mertxek, eta hala ere, unez une intentsitate bereziz bizi izan du aldi hori dena, mila txikikeria eta eginkizun, hamaika buruzpide eta tramite eginez. Eta denetan umea berarekin hartuta, beste inon utzi ezinik hasieran, beste inon ez inori utzi nahi izan gabe gero, horretarako aukera eskaini diotenean. Gora eta behera joateko, ume-kotxearekin baino erosoago ibiliko delakoan, haurra amaren bularraldera lotzen duten motxila horietako bat erosi du, eta horrela jarrita erabili du haurra geroztik; lehen momentuan negar eta marmar egiten zuen Aitzolek, loturik egon nahi ez zuelako edo kokaleku arrotza zitzaiolako, baina gero gustua hartu eta hantxe egoten da erosoena, auskalo nongo tribuetako umeen antzera, Mertxe hainbat betebehar eta buruhausterekin tematzen den bitartean: Eguzkiñe eta amaren gorpuak Euskal Herriratu behar izan ditu; Eguzkiñeren etxekoak bilatu ditu, ez baitzuen haien berririk, eta jakin du ez zuela neba-arrebarik, aita alarguna bakarrik, jubilatu berria eta nahiko osasun kaxkarrarekin; hiletak eta abarrak antolatu ditu, Eguzkiñek zer nahiko zukeen ez daki baina amaren ohitura halakoa zenez elizkizun eta guzti; aldi berean ospitalera joan eta etorri ibili da, aitari bisitan: suspertzen ari da, pixkanaka indartzen, eta mediku irri profilaktikodunak esan dionez aurki itzuli ahalko da etxera, Mertxek batere presarik ez duen arren; aitzitik, kasik nahiago beste aste pare batean ospitalean baleukate, konpondu beharreko guztiak konpontzeko, ez baitira gutxi.

        Hortxe dago gertaeraren alderdi politikoa ere: prentsaurrekoak izan dira, ordubeteko lanuztea herrian, manifestazioak, omenaldiak, kontzentrazioak... Mertxek baietz esan die antolatzaileei, ados, ez duela eragozpenik, baina bera ez dela agertuko: «Umea baten batek zaindu behar du, badakizu».

        Pardel gehiago erosi behar izan du, ume-esne gehiago, umearentzako labore, ahi eta gainerako elikagaiak; txikitako lagunei deitu liezaieke aholku eske, amatasun-masterra gainditutakoak baitira denak ere, baina nahikoa du orain arte jaso duen erruki-parrastarekin, ez du besarkada negarti gehiago jaso nahi. Beharbada haurra bera da, Mertxe bere minaren oskolean bilduta geratu ordez egitera eta ekitera bultzatzen duena, Aitzolek egunero segitzen baitu, zehaztasun doi eta erritmikoz, kaka eta pixa egiten, jan eta lo, negar eta jolas. Auzoko botikan galdetu du zer janari eta pixoihal erosi, eta umeentzako arropa-denda batera ere jo du, motxila lokarriduna erosi zuen horrexetara, ordezko pijama, zapatilla eta bestelakoen bila.

        Egunero saiatu da Josurekin harremanetan jartzen. Telegramak bidali dizkio, gutunak, telefonoz ere deitu du, badaezpada, baina esperantza handirik ez zuzendariaren alboko «putasemeari» egin zion agurraz geroztik. Josuren abokatuarekin ere hitz egin du, laster joango omen zaio bisitan, eta anaiarentzako mandatuak bidali ditu haren bitartez. Eta gutxien espero zuenean, telefono-deia:

        — Mertxe?

        — Josu?

        Une hartan amaren gorpuaz erabaki bat hartu behar zuen. Ehorztetxetik deitu zioten lehentxeago, lurperatzea edo erraustea nahiago zuen galdezka. Mertxe zurtuta geratu zen, zer esan ez zekiela, gauza horietaz ez baitzuen pentsatu ere egin sekula. Aitarekin hitz egin zuen orduan, ospitalera deituta, ea zer uste zuen, baina aitak ez zuen iritzirik, ezta gai hartaz hitz egiteko animorik ere. Eguzkiñeren aitari deitu zion gero, eta honek ere, ospitalean egon ez arren, ez zekien zer egin.

        — Zeuk gura dozuna, zeuk erabaki...

        — Baina, lurperatzekotan, bakoitza bere herrian ala...?

        — Bixak batera, gura badozu, errazago izango da akaso.

        Eta ez zuen hortik aurrerakorik esaten. Bere bular parean loturik zeukan Aitzoli galdetu behar ote zion ba? Eta orduan jaso zuen Josuren deia. Lehenengoz hitz egiten zuen harekin urtebete baino gehiagoan. Eta hainbat gauza zeukan esateko. Anaia adoretu beharko zukeen, baina, animo-hitzen ordez, bururatu zitzaion bakarra ehorztetxekoen galdera izan zen. Zer egin?

        — Errausketa nahiago —esan zuen Josuk.

 

 

Uste baino gogorragoa gertatu zaio errausketarena. Egun horietako momenturik zailena. Ordura arte, amaren heriotza informazio bat zen, nolabait ere; ez zuen zalantzan jarri inondik ere, baina ideien mailakoa zen ebidentzia hori, ez zitzaion azaletik barrura sartu, odolaren zirkulazioan eta sistema linfatikoan ibiltzeko. Baina orain, horra non dauzkan, begien aurrean, amaren eta Eguzkiñeren hilkutxak, Murtziako ospitaletik ekarrita.

        Aurreneko lerroan, ahaide zuzenak: Eguzkiñeren aita, orduantxe ezagutu duena, Mertxe bera, eta Mertxeren bularraldean lotuta Aitzol, noiz jolasean, noiz lotan edo negarrez, unearen garrantziaz ohartu gabe, gaixoa; Mertxeren aita ospitalean dago oraindik; atzerago, alde bateko nahiz besteko iloba, lehengusu, adiskide eta gogaide zenbait. Mertxek esana zien jestoretakoei, mesedez, nahiago zuela ekitaldi hura etxekoentzat izatea, eta ez zaio propagandarik egin. Mertxe beldur zen kazetari eta argazkilariak ibiliko ote ziren bertan, beren grabagailu eta flashekin, baina ez du halakorik ikusten, dela gutxieneko errespetua izan dutelako, dela ez agertzeko esan dietelako.

        Zeremonia laburra izan da, eta gaitz erdi. Baina bere laburrean latza. Amaren azken erabakiak zetozkion gogora Mertxeri: haren zentzugabekeria, edo haren berekoikeria infantila. Zergatik iruditzen ote zaigu horren xarmagarria ume baten berekoikeria egoskorra, bururatu zaio Aitzolen jolasei erreparatuz, eta jokabide onartezina, berriz, arduratsua beharko lukeen heldu baten kasuan? Nahiago du gogoeta hori ahantzi, amaren azken boladako petralkeriak burutik uxatu, gogoan beste irudi bat atxikitzeko, umetako ama maitakorra gordetzeko. Amaren maitasun mugagabea, eskuzabaltasun infinitua, hainbat eta hainbat bider bera zaindu, elikatu, mimatu, jantzi, batera eta bestera eraman eta ekarri zuena. Amak bere alde egindako guztia nola eskertu ez dakiela pentsatzen du, eta larriago dena, ez duela inoiz eskertzeko modurik izango.

        Amaren aurpegia ikusi du hilkutxaren kristalean zehar, baita Eguzkiñerena ere. Tapa ez altxatzeko esan diote, ez daki ondo zergatik, eta amaren gorputza azkeneko aldiz ukitu ezinik gelditu da. Hilkutxari heldu dio esku biekin, eta ez du gorputz osoz estutu Aitzolen gorputza daukalako bere aurrean lotuta. Aitzolez oroituta, Eguzkiñeren hilkutxara jo du gero, eta keinu berberak errepikatu ditu, Aitzolen partetik ari dela pentsatuz, bi umezurtz nor bere ama agurtzen.

        Gero, labe barrura sartu dituzte hilkutxak, eta dena amaitu da. Edo ez: lehenago amaitu zen dena, Murtziatik dei hura jaso zuenean, edo lehentxeago, istripu madarikatu hura gertatu zenean, edo auskalo lehenagotik ote zegoen izarretan idatzita hala gertatu behar zuela, gauza horietan sinetsiko balu...

        Baina oraindik ez da amaitu. Gero errautsak jaso dituzte, kutxa pare batean. Horra bizitzaren metafora: «Memento, homo, quia pulvis es et in pulverem reverteris», «Sic transit gloria mundi», ikasle garaiko latina datorkio gogora, portzelanazkoa edo zerezkoa den ez dakien ontzi horietako bat eskuetan duela. Ez daki ondo nola eutsi: Aitzolen gorputzaren aurrean heldu behar dio, beregandik aparte bezala... Eguzkiñeren aitari begiratzen dio, beste ontzia eskuetan, eta hura ere nora ezean sumatzen du, begi bietatik darion negarra lehortu ezinik, malkoak aurpegian behera, halako batean familiakoren bat joan zaion arte errautsen kutxa hartzera, eta orduan musuzapi zuri bat aterata garbitu du aurpegia eta lehortu malkoak.

        Hiletak eta abarrak nola egin erabaki zutenean, errautsak mendian barreiatzekotan gelditu ziren, bi emakumeenak batera, baina bi ekitalditan, mendi banatan: Txindoki eta Mugarra. Eguna finkatu zutenean ez zegoen eguraldia aukeratzerik eta, egunsentiak giro muzina iragartzen bazuen, goiz parteak giro lardats eta umela erakusten die. Larraitzen dute hitzordua, handik oinez igo eta bista egokia eskaintzen duen ordoki batean hautsak zabaltzeko, haizearen menera; xirimiri etengabe horrekin ez da mendirako giro, baina, dela ezker abertzalearen kontaktu eraginkorrengatik, dela arima errukitsu baten eskuzabaltasunarengatik, autoentzako debekua ezartzen duen langatik gora egiten utzi diote ibilgailu bati, senide hurbilenak daramatzan Patrolari. Hortxe doa Mertxe, beti bezala umea aurrean lotuta daramala eta hautsen ontzia beste motxila batean sartuta, eskuetan nahiz bizkarrean eramateko moduan; aldamenean Eguzkiñeren aita, negar-jarioa atertuta baina tristura mugagabea aurpegian iltzatuta; hari begira, seme-alabaren bat hiltzen ikusteak gogorra behar duela pentsatu du Mertxek, munduaren hurrenkera naturalaren hankazgoratzea, eta egoera hori are krudelagoa izango dela inor gabe geratzen denarentzat, halaxe egotearen itxura baitu gizonak. Isilik doazenez, eskutik heldu nahi lioke, baina Aitzolek ez dio bakerik ematen, bere maina eta purrustekin, eta nahiko lan umeari bere tokian eusten.

        Halako batean, zabaldi batean gelditu da autoa.

        — Hemen da? —galdetu du Mertxek.

        — Hemen egitea hobe izango da. Atzekoak iritsi ahal izateko —esan du gidariak, txofertza ez ezik ekitaldiaren antolakuntza ere bere gain hartua duen Martinek. Mertxek ez daki Eguzkiñeren sendikoren bat ote den ala Etxerat-eko kidea. Kotxe garestiegia jestoretako liberatua izateko.

        Segizioko lagunak atzetik datoz, batzuk aterkipean, besteak xira eta txamarretan sartuta, langarra nahikoa ez dela haizea baitabil, zirri-zarra, ibilia motelduz eta hotza hezurretaraino sartuz. Patrolean doazenek bertan itxaron dute oinezkoak beren parera iritsi arte.

        — Goazen orain —esan du Martinek.

        Nor bere ontzia eskuetan atera dira Eguzkiñeren aita eta Mertxe; berehala elkartu zaizkie hainbat lagun, bata guardasolaz estaltzeko, bestea besotik heltzeko, lur labainean ez irrist egiteko. Lagunen berotasun hori eskertu du Mertxek, hitzik gabe bada ere, bestela desolaziozkoa iruditzen zaion paisaiari gizatasun moduko bat eransteagatik.

        Azkar joan da ekitaldia. Hitzaldi labur bat egin du norbaitek. Sutsu baina gozo. Txaloaldi bat, eta hautsak zabaltzea. Mertxek ez daki gehiegi edo gutxiegi ari den botatzen, arratsaldeko ekitaldirako gutxitxo eta sobrante utziko duen; Aitzolek ere, jolas berri bat igarrita, eskua sartu nahi du potoan, eta Mertxek errauts pixka bat hartzen utzi dionean, bota ordez ahora eraman du, zer gustu duen probatu nahian edo.

        — Utzi hori, kaka! —eta eskuan txapla jo duenez negarrari eman dio mutikoak.

        Inguruan inork ez dio erreparatu umearen kasketari, une horretan neska gazte batek irrintzi ozena bota baitu, eta horren ondotik «gora!» erritual guztiak etorri dira.

        — Ni autora noa, umea hoztu egingo da-eta —esan dio Mertxek ondokoari.

        Arratsalderako, atertzen ez bazuen ere, baretuko ote zuen behintzat espero zuten denek, baina ez horratio. Goiz lardatsari arratsalde petralak jarraitu dio. Tartean, lagunartean bazkaltzera joan dira segizioko gehienak.

        — Ez, ni ez noa —esan du Mertxek.

        — Konfiantzazko toki batera goaz. Eta hobeto egongo zara zu ere konpainian, bakarrik baino.

        — Eske, umeak behar dituen gauza batzuk etxean utzi ditut-eta... Baina arratsaldean hor izango naiz, sinfalta.

        Haurra, aitzakiarik gabeko ihesa; gidariari, baina, bi ordu barru bila azaltzeko eskatu dio. Emandako hitzaren leialtasun betirakoa. Nori zor diot ba?, galdetu dio Mertxek bere buruari. Amari? Eguzkiñeri? Josuri? Gainerako presoen senideei? Ez dio inporta: Jainkorik gabe ere, agindu gorena da berarentzat emandako hitza. Euskaldunak ote zituen buruan Kantek inperatibo kategorikoa asmatu zuenean?

        Etxean dagoela, telefonoa. Aita? Josu? Kazetariren bat? Txinparten moduan pasa zaizkio horiek denak burutik, baina ez zuen inola ere espero ahots hura hariaz bestaldean.

        — Lola!

        — Jakin dut zure amarena. Nire doluminak —esan dio lagunak.

        — Eskerrik asko. Asko estimatzen dizut.

        — Oraintxe jakin dut. Horregatik ez dizugu lehenago deitu. Denok bidaltzen dizugu besarkada bat.

        — Eskerrik asko denoi. Esan denei nire partetik.

        — Baina... ez al zen ba zure aita operatu behar zutena?

        Zer esan? Informazio xehea eman behar ote dio? Bateko ebakuntza, besteko bisita, anaiaren espetxealdia, Eguzkiñe eta Aitzol... Ez du bere bizitza kontatzen hasteko gogorik.

        — Ez, aita ondo dago. Ama da. Ama izan da.

        — Eta nola...? Bueno, ez duzu kontatu beharrik, ez zara umorez egongo...

        — Ez oso... ez.

        — Tira, ez kezkatu. Zuk orain lasaitu egin behar duzu, eta berriz indarrak hartu, betiko bizimodura itzultzeko. Eta ezertan laguntza behar baduzu, badakizu hemen gaudela.

        — Bai, eskerrik asko. Eskerrik asko deitzeagatik, bai. Agur.

        Bere hizketarako moztasunak ez du harritu, Lolarekin normalean hitz eta pitz aritzen den arren. Gehiago harritu du arroztasunak. Ze urruna egin zaion Bruselako bere lana eta hango bere lagunak; nahiz eta egun gutxi izan handik etorri zela, bera dagoeneko, ez beste leku batean, baizik beste dimentsio batean balego bezala, horrelako esamolde esoterikoak erabiltzeko baimena hartuz gero.

        Behin esoterismoetan sartuta, amaren errautsen hondarrekin hasi da hizketan:

        «Ama —esan du, hautsen kutxari begira—. Marka da gero, behin hartuko zuk askatasuna nahi zenuena egiteko, eta hara zer gertatu zaizun».

        «Bai —erantzun dio barne-ahots batek, amarena eginez—. Zeruaren zigorra ematen din, nire eginbeharretatik ihes egiteagatik».

        «Ez esan txorakeriarik, ama, zerurik ez dago eta».

        «Nola dakin hik hori? Izatekotan nik jakingo dinat, ezta?»

        «Bueno, ama, ezin hasiko gara txatxukeria horrengatik eztabaidan».

        «Nagoen bezala egonda, niri berdin zaidan eztabaidan hasi edo ez hasi».

        «Asko sentitzen dut, ama. Batez ere, ez genuelako despeditzeko aukerarik izan».

        «Istripuetan horixe gertatzen dun, ezin dela aurretik jakin, bestela ez nindunan bidaia horretan joango, noski».

        «Irudipena daukat gauza asko geratu zaizkigula hitz egiteko».

        «Horiek hire irudipenak ditun. Beti kontu berberak errepikatzen omen nizkinan, eta orain berriz, gauza asko genituela elkarri esateko?»

        «Ez dakit. Baliteke dena esanda egotea. Baina hemendik aurrera inork ez dizkit esango zuk esaten zenizkidanak».

        «Hortxe daukan aita. Kasu egiten al dion?»

        «Nahi baino gutxiago. Badakizu, Aitzol hemen egonda, eta egunotako zurrunbiloarekin...»

        «Kasu pixka bat egion. Gizon zintzoa dun. Egoskorra izatea, eta zomorro samarra ere bai, baina hik ere badun horretatik zerbait».

        «Orain ere errietan hasi behar al duzu? Horretarako Txindokin hustu poto osoa eta bakea».

        «Aizan, hi hasi haiz. Eta potoa hustuta ere zer? Ez pentsa hautsak hizketan ikasi duenik».

        Hautsa hizketan... Grazia egin dio barne-ahots horren burutazioak. Hori ote da sinestunek otoitzean egiten dutena? Jainkoarekiko elkarrizketak imajinatu? Ala bakarrizketan jarduten dute, haraindiren batean aldareko izaki guztiahaldunak adituko dituen itxaropenez? Ez daki, ez zaio axola ere. Eta, pentsatu du Mertxek bere artean, honezkero mistizismo eta sineskerien bidean sarturik nagoenez gero, egin dezadan beste urrats bat aurrera: errautsen ontzitik eskukada bat atera, eta amarena izandako bitxi-ontzi batean sartu du. «Hurrena zurekin eztabaidan egin nahi dudanean, badakit non zauden».

        Umearen siestan jo du Martinek atariko txirrina, eta itxaroteko esan dio gizonari, aurki jaitsiko direla. Bizitza haurraren erritmora pausatzen ikasi du egunotan. Hasieran erotu egingo zela uste zuen: jana, loa, kaka, garbiketa, eta horrez gainera, bere gainera jausitako zereginen zaparrada. Apurka, baina, bere gorputza eta eginkizunak Aitzolen menera jartzen hasi da: hark agintzen dio noiz egin lo-kuluxka, noiz ibili batetik bestera, noiz elikatu bere gorputza ere. Parasitoak jateko bizkar gainean txoriak izaten dituzten bufalo horien antzera, berak ere sinbiosi antzeko bat osatu du bularraldera loturik daraman izaki txiki honekin. Izaki txikiari ere ezin dena nahi bezala egiten utzi ordea. Sehaskan beste pixka batean laga ondoren bere motxilan sartu du, errautsen ontzia ere jaso du, eta errauts-zabaltzearen bigarren ekitaldira abiatu dira. Zorionez, azkar hartu du berriz loak, Patrolaren motorrak eta kanpoko euriak sortzen duten urrumaz.

        — Ez ote du atertuko? —esan du Mertxek, bere baitarako bezala.

        — Ez du itxurarik —erantzun dio Martinek.

        Kristal garbitzekoak fri-fra, fri-fra etengabean ari dira. Goizeko giro txepelaren ordez eguraldi zakurra dute orain, eta haizeak ere lehen baino bortitzago jotzen du.

        — Mugarra aldera ez omen dago hurreratzerik ere —segitu du txoferrak.

        — Eta hortaz?

        — Urkiolan egingo dugu; goraino autoz igo, eta hango basoan.

        Neskazahar eta mutilzaharrak lagun eske joaten diren harriaren alboan egingo ote duten pentsatu du Mertxek, irri murritz batekin. Santutegia dagoen orubea ospakizun paganoen leku izango zen noizbait, eta beraz, edozein ikuspegitatik dela ere, toki egokia amaren hautsak barreiatzeko; amaren atsedengune, errautsen pausaleku, arimaren ibiltoki izateko, hildakoez halakoak esatea bizidunon kontsolagarri hutsa dela sumatzen duen arren.

        Durango pasa eta Mañarian gora, errepidea sigi-saga hasi denean, Mertxe beldur izan da Aitzol zorabiatuko ote den, baina zortea izan dute, autoaren kulunkan lo segitzen du mutikoak, izebaren magalean, amonaren hautsak biltzen dituen ontziaren ondoan.

        Bestelakoak dira ondoan gidari doan Martinen beldurrak:

        — Ea ez zaigun zipaiorik tokatzen bidean.

        — Ertzainak? Zer egingo digute ba? Gu ez gara terroristak.

        — Terroristak ez baina, haurra eserleku berezi batean eraman behar genuke, eta...

        Mertxeri ez zaio burutik pasa ere orain arte. Baina egia da. Eta, nahi gabe, eszena irudikatzen hasi da bere burua: ertzainen kontrola, edo guardia zibilena bestela, filoterroristak apur bat xaxatzeko-edo; Martinen harrotasun duina, sakabanaketak eraildako bi lagunen errautsak zabaltzera doazela esanez; agenteen zinismo adeitsua, paperak eta agiriak eskatuz; umearen negarra, uneari dramatismo doia erantsiz; poliziaren galdea, ea ez al dakiten haurra segurtasun-aulki batean eraman behar dela; Mertxeren beraren purrustada mindua, bidaztien segurtasunagatik hainbeste kezkatzen diren horiei zer iruditzen zaien umearen ama eta amona errepideko istripuan hil izana pasa den astean; bide-zakurraren axolagabetasun profesionala, isuna jarri behar diela ohartaraziz; Martinen sumindura, gizatasun apurrik ez ote zaien geratzen, kontu eske...

        Horrela segi dezake, komedia nahi beste luzatuz eta gura bezain segida txarra emanez, gurean edozein gauza baita posible, behin txarrean hasiz gero. Biharamuneko egunkarien azalean ikusten du Mertxek bere burua, samin epikoz tratatua batzuetan, mespretxu ironikoz besteetan; Lasa eta Zabalaren gorpuzkin bahituak datozkio gogora, ertzainak etxekoen kontra porrazoka Tolosako hilerrian; ez ahal dute beraiek beste orrialde bat beteko Euskal Herriko Bidegabekerien eta Infamiaren Liburu Beltzean...

        Batzuetan txarrenera joaten zaio bati gogoa, eta txarrena ez da gertatzen. Lasaitze moduko bat dator segundo batean: iritsi gara Urkiolara eta ez dugu izan ez istripurik ez kontrolik. Baina gero konturatzen da bat, txarrena ez gertatuagatik, aski txarra dela bere errealitatea: gorrotatu besterik ez dauka amarena, koinatarena, aitarena, anaiarena, besoetan daukan haurraren paradero tristea... Bizitzaren loterian kukuak makur jo diola pentsa dezake batek, Jainkoari agiraka egin, patuarekin haserretu, gauzak datozen bezala onartu beste aukerarik ez dagoela-eta etsi onez hartu...

        Ez da erraza onez hartzea horrelako eguraldia: bota ahala ari du, eta haizeak batetik bestera daramatza aurrean paratzen zaizkion guztiak. Arbola tantaiak dira tente eusten dioten bakarrak. Espiritualitaterako baino gehiago, Valpurgis gauerako gonbita dirudi honek. Haiek beste obligazio bat dute ordea.

        — Ea, hauxe da azkena —esan du Martinek—. Neuk tapatuko zaitut aterkiarekin.

        Ostatuan egin dute topo goizeko gehientsuenek eta elkartasunez elkartu zaizkien beste batzuek. Salda beroa eta kafesnea ari dira hartzen gehienak. Epelean gozo egoten da, eta Mertxe ere goxotasunez hartu dute denek. Aitzolentzat dena da laztana, une batez ahaztua dirudi doluak, baina arima arduratsuren batek gogorarazi die zertara etorri diren.

        — Egin egin beharko dugu, erabat ilundu baino lehen.

        Hautsak ostatuko sutondora bota ditzaketela bururatu zaio lipar batez Mertxeri, jan-edanean eta txor-txorrean ari diren bitartean; biziaren jarraipenaren alegoria ederra litzatekeela ere pentsatu du, belaunaldien arteko loturaren adierazgarri soil, aratz eta solemnekeriarik gabea, baina, baten bati errespetu falta irudi lekiokeela-eta, isilik lotu zaio beste guztien martxari, kanpo aldera.

        Epeletik erauntsira ateratzeak ez dio onik egin Aitzoli eta marruka ekin dio, aterkipean doazen arren.

        — Nahi duzu umea barrura eroatea ? —proposatu dio andre gazte batek.

        — Ez —erantzun du Mertxek.

        Eta hortxe egon da zeremonia laburrak iraun duen bitartean, estanpa bitxia osatuz, euskal martirologioaren edo aldrebeskerien katalogorako: emakume heldu bat, Urkiolako puntan, haize zakarrari nola-hala eutsiz, bularraldean lotuta haur bat daramala, esku batekin hautsen ontziari eutsiz eta bestearekin hautsak zeru-lurretan barreiatuz, literalki lau haizetara.

 

 

Taxia hartu du Mertxek aitaren bila joateko. Haurrek aulki berezia behar dutela-eta, beldurra sartu zaio, ez horrenbeste balizko isunagatik, ezpada Aitzolen segurtasunagatik. Istripuak ez baitira balizkoak soilik, ederki ikasi du ikasgai hori. Gaur bertan erosi du aulkia baina, instalatzeko argibideak irakurtzeko pazientziarik ezean, geroko utzi eta taxiari deitu dio, ospitalera joateko zuzenean. Barrura sartu arte ez zaio bururatu taxiak ere istripua izan dezakeela, eta hor ere ez dutela haurrentzako segurtasun-aulkirik. Eta ertzainek ikusiz gero, nori jarriko liokete isuna: taxilariari ala haurrarekin doan bidaiariari? Taxizaleak ezer esaten ez badu, hor konpon.

        Gogoeta horiek izan ditu ospitalerako bidegurutzea hartu duten arte, hortik aurrera aitarengana egin baitio gogoak. Ausikika du kontzientziako harra, aitak ospitalean egin duen aldian ez baita kasik hartaz arduratu. Horretarako berdin nengoen Bruselan, pentsatu du, zertarako etorri nintzen ba? Aitzakia sendoa du ordea, lepotik zintzilik daraman hau. Baina hala ere... Eskubide gehiago al dute umeek zaharrek baino gure maitasuna jasotzeko? Eskubideak ez dira banatzen, edo ez dago zertan banatu behintzat, eta maitasuna ere ez, baina egia da, dena dela, batzuetan aukera egin beharra dagoela: ospitalean dagoen agurea zainduko dut ala amarik gabe dagoen umea? Aukera egiten duenak okerra egiten du beti, baina, okerretan zuzenena aukeratzen saiatuz betiere...

        — Itxarongo duzu hemen? —galdetu dio taxilariari—. Aita jaso behar dut, eta berehala nator.

        — Bai noski.

        Esana diote ez dela komeni haur txikiak ospitaleetan sartzea, sistema immunea ondo garatu gabea dutenez errazago harrapa ditzakeelako edozein birusek; hortaz, Aitzol taxian uzteko ideia etorri zaio une batez burura, baina, halaz guztiz, seguruago sentitzen du bere bihotzaren ondoan, ezinezkoa zaio arrotz baten eskuetan uztea; zer egingo luke taxista gizajoak umea negarrez arrantzaka hasiko balitz?

        Aurretik hitz egina da, bai aitarekin bai medikuekin, zer ordutan iritsiko den esateko. Hala ere, ez daki prest egongo den, ala ospitaleetako kamisoi xelebre horrekin, berak janzteko zain. Zorionez, jantzita eta maleta eginda topatu du. Horrela ikusita, kalerako jantzita, galduago sumatu du aita, ezgauzago, babesgabeago, ospitalera bisitan etorri zaion apurretan baino. Orduan bazekien gaixo bat ikustera zetorrena, eta beraz normala zen halako itxura pattala izatea, ebakuntza handi samarra egin berritan. Senda-agiria jasota, berriz, irudi lezake lehen bezala itzuli beharko lukeela batek etxera, itxi dela erietxeko parentesia, eta, horrenbestez, geure piuran izan ditzakegun narriadurak betirako galera direla, gorputzean geratzen zaizkigun orbainen antzera. Halako sentipen bat izan du Mertxek, eta gurasoenganako erruki-sentipen hori berritzen sentitu du aitaren parera iritsi eta, besarkada baterako herabe, eskumuturretik heldu eta estutu dionean.

        — Joango gara?

        — Ni pronto nago —erantzun dio aitak, dar-dar apur bat ahotsean.

        Gurpil-aulkia eska dezaketela bururatu zaio Mertxeri, taxiraino edo sarrerako ateraino joateko, baina sumatzen du aitak zer pentsatuko duen, nahiko endredo sortu duela honezkero eta badela bera bakarrik moldatzeko gauza; erosotasunaren beste aldeko balantzan lotsa antzeko bat, oharkabean pasatu nahia, Mertxek berak ere bere bizitzeko lege egina duena, ez daki geneen bidez ala etxeko azturen bitartez. Abiatu aurretik gelako laguna agurtu du aitak, Mertxeri harrigarria egin zaion berotasunez, eta gero baita korridore bereko beste gaixo pare bat ere.

        — Lagun handiak egiten dira hemen —esan dio aitak.

        Seguru baietz, pentsatu du Mertxek, baina berehala etorri zaio gogora nonbait irakurritakoa: gerra sasoian izaten direla adiskidantzarik minenak, gudaldi odoltsuen bezperan parrandarik alaienak, heriotzaren hurbiltasunak beste haragi baten arrimura bultzatuko bagintu bezala; hala baldin bada, non gertuago herioaren hatsa, ospitaleko lubakian baino? Aitak oraingoz bizirik irtetea lortu du; lubakikideetako batzuk bertan utzi ditu, oraindik borrokan, eta anaitasun sentimendu batek beratzen du, bere besarkadarekin animoa eta laguntza transmititu nahian ari dela; alabaina, susmoa du Mertxek, erietxetik atera eta handik gutxira ahaztuak izango dituela aitak hemengo lagun handiak, kalera atera orduko atzean utzia izango baitu lubakia.

        Mertxeren susmoekin bat eginez bezala, umearekin jolasten hasi da aita:

        — Aitzol, Aitzoltxo! Ku-ku!

        Taxi barruan bilobari txorakeriak esaten segitu du pixka batean, baina gero leihotik begira geratu da, eta Mertxe, ahoz esaten inoiz ausartuko ez litzatekeenak buruz galdetzen hasi da orduan:

        «Kalea berriz ikusiko ez zenuela etsita zeunden ala?»

        «Etsita ez baina, ideia hori beti izaten da buruan, operazio-gelan sartu behar baldin bazaituzte».

        «Baina hemen zaude».

        «Bai, ni hemen nago. Baina ama...»

        «Bai, ama...»

        «Enkarni gaixoa. Nork esango zuen. Hain bizigogoz betea eta...»

        «Zuk uste duzuna baino gehiago. Bazeneki...»

        «Alde egin behar zuela? Zer uste duzu: ez nintzela konturatu ala?»

        «Ez zenuen ezer esaten eta».

        «Zer esan behar nuen ba? Ez zaitez joan? Gelditu nirekin?»

        «Hori abesti famatu bat da: Ne me quitte pas, Jacques Brel-ena».

        «Hori zuek dakizue. Eskola ikasi duzuenok. Guk berriz...»

        «Eta zer sentitu zenuen orduan, amak joan egin behar zuela ikusi zenuenean?»

        «Zer sentituko nuen ba? Tristura. Hainbeste urte elkarrekin eta...»

        «Elkarrekin bai baina, etxe berean bizi arren, gero eta aparteago zeundetela iruditzen zait niri».

        «Ohe banatan lo egiten genuelako? Aizu, ez ginen mutikoak, e?»

        «Telebista ere aparatu banatan ikusten zenuten».

        «Zer nahi duzu ba? Bakoitzak bere gustuak izaten ditu eta».

        «Hori ere egia da. Ama gaixoa, hala bukatu behar zuenik...»

        — Ama gaixoa! Hala bukatu behar zuenik... —bota du Mertxek, buruz esana ozenki errepikatuz.

        Aitak begirada leihotik apartatu eta alabari begiratu dio, itsaso abisalen sakoneratik irten berria balitz bezala, eta Mertxek ez daki zer pentsatu: edo berari bururatutako guztia ondo asko dakiela aitak, bizitzaren eskola isilak irakatsita, edo pentsamendu orotatik haragoko sorgortasunean murgildurik bizi dela, ez irrikarik ez ametsik geratzen ez zaionaren nirvana soraio batean.

        — Iritsi gara —esan du taxilariak.

 

 

Vis à vis familiarra lortu du, ume eta guzti Josurengana joateko. Gela batean, barroterik eta hesirik gabe, aita-semeek elkar ikusi, ukitu, usaindu ahal izateko. Eta berak ere hitz egin behar du Josurekin, haurrarekin zer egin erabakitzeko. Bera da aita legezko eta guraso bakarra, patria potestas-aren jabea baina semearen eguneroko martxan ezer egin ezin dezakeena. Hori konpontzeko egon da abokatu, epaitegi eta abarretan, zer-nola egin beharko liratekeen paperak. Anaiaren onespena behar du orain, eta horretara doa.

        «Zeuk egin behar al duzu umearen kargu?», galdetu dio aitarena egiten duen barne-ahots batek.

        Hegazkin-txartela hartu du, errepideko bidaia umearentzat gogorregia izango delakoan: mila kilometro pasa joateko eta beste horrenbeste bueltatzeko. Abisu emana diote, aurrez, agiriekin-eta estu jarriz gero ez diotela hegazkinean sartzen utziko: azken batean bera ez da umearen ama, ez legezko arduraduna, ez ezer. Alabaina, aurrera egitea erabaki du, zortea ere noizbait alde izango duelakoan.

        «Neskazahartu eta gero hasiko haiz orain amarena egiten?», agiraka egin dio amak.

        Hondarribitik Madrilera eta handik Almeriara, uste baino erosoago egin zaio bidaia, ez merkea ordea. Etxera itzuli denetik, bata dela bestea dela, dirua parrastaka joan zaiola ohartzen da, eta, oraindik kontu korrontea gorriz ez badu ere, ezingo duela betiko horrela iraun.

        «Bruselara itzuli behar duzu, hemen dago zeure tokia», esan dio Lolak.

        «Nire umea Bruselara?», Eguzkiñek izututa.

        «Ezta pentsatu ere», Josuren sententzia.

        Ahal duena baino ardura handiagoa hartzera ote doan galdetzen dio Mertxek bere buruari, bere barne-ahotsei halakorik onartuko ez liekeen arren. Almeriako aireportuan dago orain, maleta ekarriko dion zintaren aurrean zain, umeari pardela aldatzeko leku egokirik topatuko ote duen pentsatzen.

        «Ze obligazio duzu ba ume hau jasotzeko?», Lola sartu zaio, nahi ezta.

        «Obligaziorik batere ez —erantzun du Mertxek—. Neuk nahi dudalako egingo dut».

        «Orain dela gutxi arte ez zenuen ezagutu ere egiten eta!»

        «Eta zer?»

        «Zoriaren eskuetan utzi duzula zure bizia. Txiriparen erabakiaren mende».

        «Halaxe dago beti gure bizia. Pentsa, amari zer gertatu zitzaion».

        «Hori ez zen txiripa izan, gaizki gidatzearen ondorioa baizik».

        «Aizu, aizu», tartekatu da ama haserre.

        «Ez da trafiko-arazoa, sakabanaketaren ondorioa baizik», erantsi du Eguzkiñek.

        «Gobernuaren krimen planifikatua», Josuk ondotik.

        Gobernuaren hotela aireportutik bertan dagoela jakinarazi zioten abiatu aurretik, beraz ez uzteko taxistei ziria sartzen. Taxizale jatorra tokatu zaio ordea, espetxea hortxe bistan dutela ohartarazi diona, eta hala ere berriketarako astia hartu duena: «Senarra bisitatzera?», galdetu dio, Mertxeri errespetuzkoa iruditu zaion andaluziar doinuz, eta baietz erantzun dio, erantzun luzeagoetarako gogo barik.

        — Adur txarra izan du ume honek gero —segitu du taxizaleak—. Aita giltzapean edukitzea ere...

        — Hala ere, ez zaio faltako nork zaindu —erantzun du Mertxek harro.

        Eta harrotasun horrekin atera da taxitik, parean tokatuko zaizkion ate morroilodun guztiak gainditzeko eta aurrerantzean agertuko zaizkion zailtasun guztiei aurre egiteko asmo sendoz, bere artean esanez oraintxe hasten dela bere bizitzako garairik onena.

        Eta onena ez bada, bai behintzat bizitzeko daukan bakarra.

 

2007-2008