Tximeletak bizkarrean
Tximeletak bizkarrean
2018, nobela
320 orrialde
978-84-17051-14-3
Azaleko irudia: Paul Klee, Angelus Novus
Ugaitz Agirre
1992, Usurbil
 
 

 

Bi espazio-denbora

 

 

Bat-batean, Giuliak atea zabaldu du.

              — Lehen ahaztu egin zait esatea, baina Ana izeneko batek behin baino gehiagotan deitu du. Azkenerako, deiari erantzun diot, eta esan dit ahal duzunean deitzeko. Kezkatuta zirudien.

              — Mila esker, Giulia.

              Eta atea itxi du berriz ere.

              Telefonoari begiratu dio. Azken deiaren zenbakia ikusi du: +34 688 852 884. Ez du inoiz zenbaki hori ikusi, baina atzerrikoa da. Agian Ana Ballet izan da deitu duena, bere ahizpa gaztea. Urteak ez dutela elkarrekin hitz egin, eta bakoitzaren interes mailaren arabera jakin izan dituzte bataren eta bestearen inguruko berriak. Urtebetetze egunean zorion mezu bat asko jota. Horretara bakarrik mugatzen da bi ahizpen arteko harremana. Denborak elkar urrundu ditu, pixkanaka, dosi txikietan inor konturatu ez dadin. Hasieran egun bakarra pasatu zuten hitz egin gabe. Gero eguna aste bihurtu zen. Noizbait, hilabete elkarren berri izan gabe egotea jasangarria zela uste izatera iritsi ziren. Eta urte erdi horrela egonda, zer da beste erdia egotea? Sara Dublinera ikastera joan zenetik gaurko deia arte.

              Hainbat aldiz deitu baldin badu, hots egin beharko dio ahizpari. Zerbait garrantzitsua izango da. Amaren inguruko zerbait akaso. Pasatako urteak eta gero familiako urtemugaren bat antolatzen ariko dira agian. Baina pixka bat arraroa ez ote da? Egunean bertan abisatzea? Logikoagoa izango zen hilabete lehenago edo abisatzea eta ez azkeneko momentuan. Kezkatuta zirudiela esan du, ordea, Giuliak. Kezkatuta egoteko maila ezberdinak daude. Zerbait antolatzen ibili osteko azken momentuko urduritasunak eragindako kezka dago. Bat-bateko kezka ere izan daiteke, zerbait larria gertatzen denean bezala. Giuliak kezkatuta dagoela bakarrik esan du, ordea, ez oso kezkatuta, ez urduritasunak eragindakoa, ez zerbait larriaren susmopeko kezka... Dituen pista apurrekin ulertu nahi du dena, baina ezinezkoa zaio, eta ahizpari ez deitzeko arrazoi baten bila dabilen bitarte horretan, konturatzen ari da ez duela aitzakiarik eta zer gertatzen den jakin nahi badu, telefono deia itzuli behar diola.

              — Bai, esan?

              — Ana, ni naiz, Sara. Zenbat denbora!

              — Sara! Azkenean lortu dut zurekin harremanetan jartzea. Hiruzpalau aldiz deitu dizut azken ordu erdian, eta zure bulegokideak hartu dit azkenerako. Pentsatzen nuen ez nuela lortuko zurekin hitz egitea. Baina zer moduz zaude? Aspaldi ez dudala zure berririk izan.

              — Ongi esan beharko. Oraintxe amaitu dut kurtsoko lehen klasea. Halere, ez dut uste hori izan denik niri deitzeko arrazoia. Zer nahi duzu?

              Isiltasun tarte bat egon da galderaren eta erantzunaren artean. Ez da luzea izan, baina ezta ere halako galdera bat eginda izan beharko lukeen isiltasun laburra. Ana ez da isiltasunen zalea, ez du behintzat horrela gogoratzen. Ahizpa zaharrari galdera bat egiten zion bakoitzean, honek erantzuna pentsatzeko denbora lasai hartzen zuen, eta horrek bere onetik ateratzen zuen. Eta alderantziz zenean, Sarak galdera egin aurretik jada erantzuna emana zuen Anak. Susmo txarra hartu dio telefono deiari.

              — Beno, Sara, badakizu aita gaizki ibili dela azkenaldian. Igual ez da ezer, baina azken urteetan egun hauetan... Aurrekoan bisitan egon nintzela zurekin hitz egin nahi zuela esan zidan. Komentatu nion lanean zinela eta ez nekiela etortzerik izango zenuen. Badakit zaila izango dela. Hori esan nion. Nolanahi ere, berean jarraitu zuen, zurekin hitz egin behar zuela. Horretan tematu zen. Ez dakit ahalko duzun. Astebeteko oporraldia edo eskatuko bazenu... Orain hasi bazara klaseetan agian zaila izango da. Baina ulertzen didazu, ezta? Uste dut egunarengatik dela, gehiegi eragin dio.

              — Alegia, nahi duzuna da etxera itzultzea eta aitarekin hitz egitea.

              — Bai...

              — Arratsaldean deituko dizut erantzunarekin. Dekanoarekin hitz egin behar dut astebeteko jaiegunak hartzeko. Kurtsoa hasi berritan zaila izango da, baina horrela badaude gauzak, saiatuko naiz. Orain utzi egin behar zaitut, lanean ari naiz.

              — Bai, imajinatzen [dut]...

              — Adeu, Ana.

              — A [deu] —Klik.

 

 

Motordun txalupa batean zegoen. Itsasotik kostaldera bidean. Olatuak txikiak ziren, eta urreokre kolore bat zuen denak. Film irudi zaharren gisakoa. Antzina ez hain antzinako irudia zirudien begi aurrean zuen paisaiak.

              Bere gurasoak txaluparen barnean zeuden. Baita Ana ere. Ez zegoen beste inor. Egurrezko eraikin baterantz zihoazela iruditu zitzaion; hondartzaren gainean zegoen, guztiz hondatua, apurtua, eroria. Normala. Itsasoaren kontra egonda, olatuen eta haize bortitzaren lehen biktima izango zen. Zertara ote zihoazen hara? Ez zekien, eta okerrena zen ezin zuela handik ihes egin.

              Eraikin haren pean lehorreratu ziren. Eskailera batzuk igo, eta bi agure zahar zeuden bertan. Beldurra ematen zuten. Zertara eraman ote zituzten hara? Gurasoak agure haiekin hizketan egon ziren. Zertaz ez zekien, ordea.

              Ordulariak aurrera egin zuen, eta azkenik, gurasoek Ana hartu zuten. Sara, ordea, bi agure haiek heldu zuten. Zergatik? Eta bat-batean, gurasoak eta Ana txalupa motordunean nola urruntzen ziren ikusi zuen leiho bihurtutako horma batetik. Sarak garrasi egin zien, berarekin ahaztu zirela. Txalupak ez zuen bira eman. Akaso, benetan ahaztu ziren. Edo beharbada, Sararekin ahaztu nahi zuten. Negarrez hasi zen, bi agure haiek beste norabait zeramaten bitartean.

 

 

Kolpe batez zabaldu ditu begiak hamar mila metro itsasoaren gainetik. Zerua oskarbi, eta alboan adineko gizon bat dago eserita esku artean liburu mardul bat duela: Thomas Mannen Mendi magikoa. Aurrean haur bat dago, gailu elektroniko batean Alizia herrialde miresgarrian ikusten. Gero leihatilatik kanpora begiratu du, hodeiak gainaldetik ikusteko. Ez dio garrantzi handirik eman izan berri duen ametsari, eta segituan egin dio uko bere bizitzako momentu edo sentsazio bat adierazi nahi duela pentsatzeari. Firenzeko aireportuan erositako aldizkaria zabaldu du.

              Aurikularrak jarri ditu eta musikaren aplikazioa zabaldu du mugikorrean. Zer entzun pentsatzeko denborarik hartu gabe, aurretik entzuten ari zenarekin jarraitu du: Erica Mou abeslari gaztearen È diskoa. Hamar mila metro itsasoaren gainetik begiak itxi ditu berriro.

              Alboko gizonak esnatu du Bartzelonara iritsi berritan. Motxila txiki batean sartu du Thomas Mannen liburua. Erdi lotan eman dizkio eskerrak eta burua mugituz ez dela ezer erantzun dio gizonak. Konturatzerako desagertu da hegazkineko erdiko korridoretik. Lepoko ariketa batzuk egin ditu Sarak, postura txarrean lo egitearen minak kentzeko. Azkena irten da hegazkinetik, eta azafatari agur esan ostean Prat-eko terminalean galdu da irteera aurkitu nahian.

              Kanpora atera denean, bero sentsazioa aireportuko aire girotuarekin kontrastean. Merkurioak 26 gradu markatzen ditu arratsaldeko hiruretan. Eguzkitako betaurrekoak jantzi ditu eta zigarro bat piztu. Sentsazio arraroa da. Gaztaroko lurretan dago beste behin, baina arrotz sentitzen da, inguruak baztertu izan balu bezala. Horrek, ordea, ez dio askorik eragiten, beste zerbait da. Toki askotan sentitu da arrotz. Firenzen bertan lehenengo urtean edota Dublinen pasatu zuen denbora guztian. Ez zen inoiz bertako sentitu. Baina Kataluniara itzuli eta etxean bezala ez sentitzea... oso arraroa egiten zaio. Zergatik galderak baino gehiago nola galderak kitzikatzen du. Nola iritsi da puntu horretara? Nola bukatu dute Sarak eta bere jaioterriak bi ezezagun izaten? Seguru Bartzelonara iristen diren milaka eta milioika turista etxean bezala sentitzen direla, Sara ez bezala.

              Baina bertako sentitu nahi du. Nahiz eta lau egunetarako joan bere jaioterrira, ez du kanpotar sentitu nahi behin bertako sentitu zen tokian. Zigarroa amaituta, zerbait jatera joan da aireportu barrura. Arratsalde osoa bidaiatzen pasatu behar duela kontuan hartuta, tripak baretzea ez da estrategia txarra. Pare bat sandwich bakarrik jan ditu, ordea, laranja freskagarri batez lagunduta. Gero kafe bat, kafeina dosia behar baitu. Eta buruan bueltaka eta bueltaka aitak esan nahi dion zera. Urduritasun sentsazioa barruak nahasten. Jakin nahi, baina aldi berean harea mugikorretan sartzeko beldurra. Komunera joan da. Kanila zabaldu eta aurpegia busti du. Ispiluari begira geratu da; nekatuta ikusi da eta eskua bekokitik behera irristatu du. Paperarekin lehortu ostean, aurpegiari begira geratu da zerbaiten bila bezala. Neska gaztetxo batzuk sartu direnean, bere islari so egiteari utzi eta ilea askatu du berriz lotzeko. Tren geltokira abiatu da.

              Trenez Manresara eta Manresan autobusa galdu eta gero, taxi bat hartu du Gironellara. Bere herrira bidean, bere etxera bidean. Taxi gidariak altuago jarri du irratiaren bolumena. Dirudienez, arrazoi pertsonalengatik eman du dimisioa Jose Manuel Castelao Espainiako goi karguak, eta ez astearteko adierazpenagatik: “Legeak emakumeak bezalakoak dira, bortxatzeko daude”. Sarak sekulako sumindura aurpegia jarri du, baina gidariak ez dio kasu handiegirik egin eta Sarak ez du gaiaren inguruan hitz egiten hasteko gogorik.

 

 

Zazpiak inguru dira herrira iritsi denean. C-16 autopistatik irten, eta C-1411a bidea hartu du ibilgailuak. Herria alderik alde gurutzatu dute Katalunia hiribidean aurrera. Hamazazpi urtez egon da Sara handik urrun, dena ezberdina egiten zaio. Zaharragoa. Denborak abandonatu duela ematen du. Haurtzaroan kale haietan jolastu zen, eta orain, haurrek albo batera utzi duten jostailuaren gisakoa da herria. Ezagunak zaizkion tabernak identifikatu ditu, baina esku bateko hatzekin zenba ditzake. Kaleak hutsik dira, eta horrek izugarri harritu du jakinik ostiral iluntzea dela. Ez du inolako ongi etorririk espero, baina malenkoniatsua da kaleetan inor ez ikustea. Beste zerbait espero zuen. Bizitza espero zuen.

              Herria iragan eta, Llobregat ibaia igaro ostean, gurasoen etxera iritsi da. Taxi gidariak parean aparkatu du. Behin ordainduta, autotik jaitsi, maleta hartu eta ingurura begiratu du. Dena mantentzen da gogoratzen zuen bezala, baina beste tonu batean, tristeagoa, film zahar bateko eszena iruditu zaio. Sepia koloreko efektua jarri dioten argazki bat. Taxiak alde egin du. Etxe alboan bazen zuhaitz bat. Txikitan, zabu bat jarri zuen aitak adar batetik zintzilik. Muntatu zuen egunarekin gogoratu da, umeek berriarekiko duten antsietatearekin imajinatzen zuen bere burua. Lagundu beharrean, presa sartu besterik ez zuen egin. Eta aitak itxaroteko eta itxaroteko errepikatzen zion. Behin lana bukatuta zegoela esan zuenean, zabuaren gainean jarri, eta aitari bultzatzeko eskatzen zion. Irribarre magiko bat zuen. Gero Ana hurbildu zen, hark ere zabuan jolastu nahi zuela erreguka aitari. Baina Sarak ezetz esaten zuen, mihia aterata isekaz, bera zegoela han, eta gainera, zaharragoa zela. Liskar artean, aita eseri zen zabuan, eta bi alabak bere izter banaren gainean eserita jolastu ziren. Orain, inozentzia puntu batekin gogoratzen du garai hura. Zabua apurtuta dago, eserlekuaren kolorea urratuta, eta soketan lizuna da nagusi. Haizeak nahi bezala mugitzen duen mamu bat da.

 

 

Hanburgesa bat afaldu du herriko taberna batean, garagardoarekin lagunduta. Gaztetan asko joaten zen taberna hartara, eta ez du gehiago pentsatu atearen aurrean jarri denean. Jabea aitaren lagun handia zen lehen behintzat, baina ez du ikusi. Honezkero jubilatuta egongo da.

              — Sara?

              Hozkada ematekotan den hanburgesa plateraren gainean utzi du nork deitu dion ikusteko.

              — Sara, zu zara?

              — Marta?

              — Sara! Zu zara!

              Eta euforiak hartuta besarkatu dira. Gogor. Indartsu. Urteak elkar ikusi gabe, eta nabaritzen da.

              — Zer zabiltza hemen? Uste nuen haurtzaroko kontuak abandonatuta zenituela. Florentzian bizi zara, ezta? Eta noiz etorri zara?

              — Lasai, lasai, Marta —beste behin besarkatu baitu lagunak—. Ba aita bisitatzera etorri naiz gaur bertan. Astelehenera arte ibiliko naiz hemendik, eta gero berriz buelta Firenzera lanera. Zu zer moduz zaude? Oso ondo ikusten zaitut! Eta nor da mutiko hau?

              — Begira. Hau Pau da, nire semea. Esaiozu kaixo Pau, bera Sara da, txikitako laguna.

              — Kaixo Pau, urte askotarako —eta bi musu eman dizkio zortzi urteko mutikoari.

              — Sara? Zu zara? Zer zabiltza hemen?

              Martaren gurasoak dira. Manuel eta Milagros. Biak Andaluziatik joanak Gironellara 1950eko hamarkada amaieran. Urte asko elkar ikusi gabe, eta sorpresa bat izan da inongo hitzordurik gabeko halako enkontrua. Ostean, gurasoek Pau etxera eramango dutela esan diote Martari, lasai gera dadila Sararekin hitz egiten. Pixka bat lasaitzeko beharra baduela, eta trankil egon dadila gau honetan. Gurasoak haren semearekin joan dira etxera, baina kostatu zaio Martari baietza esatea, asko kostatzen zaio Paurengandik urruntzea.

              — Garun paralisia diagnostikatu zioten, eta bere gainean egon behar dut ia denbora guztian.

              — Eta zure bikotea?

              — Duela zazpi urte banandu ginen. Pau jaio eta berehala. Haur bat izatea karga handiegia omen zen bera bezalako gizon askearentzat —kakotxen keinua egin du eskuekin—, are gehiago garun paralisia izanda. Nahi dituen aitzakia guztiak jar ditzake, baina niretzako tipo hori hil da.

              — Barkatu, Marta, ez nuen...

              — Zer jakingo zenuen bada? Ez da zure kulpa. Hamazenbat urte elkar ikusi gabe? Niri buruz dena jakitea behar genuen! Hala balitz, espiatzen edo ibili zarela susmatuko nuke. Halere, Pau bizitzak eman didan oparirik handiena da, gertatu zaidan gauzarik zoriontsuena.

              Baina zoriontasun horren atzean hainbat zorigaizto ere badaude. Garagardo bana esku artean, egiten duen bero udatiarrarekin oso ondo sartzen baita, zoriontasunaren ñabarduren inguruan jardun dute bi lagun zaharrek. Eskola bereziak eta koordinazio ariketak, psikologo eta medikuen parametro humanoen barruan sar zedin mutikoa. Medikamentu hau emateko, baina lelotuta uzten duenez, beste hau ere bai. Eta bi astean behin azterketa medikoa, ea mugikortasun eta hizkuntza funtzioak behar bezala garatzen doazen. Eta ariketa gehiago. Eta medikamentu gehiago. Eta terapiak eta terapiak eta terapiak. Eta ez da amaitzen inoiz, gizakiak izan behar omen duen bezalakoa izatera ez delako iritsiko. Azkenerako, gaiarekin suminduta amaitu du Martak. Eguneroko sumina dena, baina egunero gertatzen zaizkion gauzak lagun bati hain garbi azaltzean, sumina garbiago ikusten du. Eta gero, medikuntzaren parametroetatik aldentzean, ekonomiaren gaiarekin lotzen da. Joan-etorriak, medikamentuen prezioak, estatuak luzatzen duen aurrekontuak ez duela terapiak eskatzen dituen gastu guztiak ordaintzeko balio. Amorrazioz beteta, garagardoa ia tragoan amaitu du.

              Sarak ez daki zer esan. Medikuntzaren eta terapien munstroak nolakoak diren badaki. Baina ez du gaiaren inguruan hitz egin nahi, Martari eskaini nahi dio protagonismo guztia, eta berari buruz ezer esaten ez badu, ezer ez baleki bezala izango da. Adi-adi entzun du lagun zaharrak esateko duena. Pentsatzen du, eta ziurtasun osoarekin nahiz eta urte luzeak diren elkarrekin egon gabe, aspalditik ari zaiola gorputza Martari horrelako momentu bat eskatzen. Barruan gordetako dena, kontzienteki eta inkontzienteki, atera beharrean duela.

              Amaierarako, hitza pasatu dio galdera batekin:

              — Eta non hartu duzu ostatua? Pena handia ematen dit zuen etxe paretik pasatzen naizen bakoitzean, eta pentsatu gero zure familiari gertaturikoa. Nola dago zure aita?

 

 

Etxeko ateari begiratzearekin batera, zerbait ondo ez dagoela konturatu da. Atea puskatuta dago. Ostiko batekin bota izan balute bezala. Gerturatzen hasi da, pixkanaka, pauso ia baldarrez, baina izuak kolpatu du atetik metro batera. Barrura sartu? Ideia ona izango ote da? Eskua luzatu du, jadanik zabalik dagoen atea guztiz zabaltzeko. Indar ikusezin batek geldiarazi du, ordea. Ez du oso ondo ulertzen zergatik, agian ez dago arrazoi bat bera ere hori ulertzeko. Segundo batzuk pasatu eta gero, nahikoak trantze laburretik irteteko, atea guztiz zabaltzea erabaki du. Barrura sartu da. Argi izpi beldurtiekin batera eman du lehen pausoa barrura, eta arratsaldeko izpiek ez bezala, berak aurrera jarraitu du paisaia ilunean. Hauts geruza batek estaltzen du giltzak uzteko erabiltzen zuten mahaia, ia zentimetro erdiko lodierakoa. Han ez da aspaldian inor bizi. Norbait dagoen galdezka hasi da, dardarti. Ez du erantzunik jaso. Dardarti jarraitu du bere ibilian. Lehenik beheko solairuko gela guztiak pasatu ditu. Sukaldean ontziak herdoilak janak daude. Norbaiti harrikoa egitea ahaztu zaio. Euliak dantzan dabiltza desertu ilunean. Eta gortinak zartatuta eta apurtuta. Egurrezko mahaiaren gainean aiztoarekin egindako markak daude. Julia x Andres. Marka horietatik harago, data bat dago errotuladore batekin idatzita: 25-8-2008. Ez du inongo esplikaziorik datak. Utzikeria hark oraindik gehiago beldurtuta, pare bat pauso eman ditu atzera.

              Desolazioa: eremu idor eta bakartia.

              — Sara! Jan platerean duzun guztia, edo bestela, ez zara kalera aterako!

              — Ez! Badakizu ez zaizkidala lekak gustatzen!

              — Ez dizut berriz errepikatuko! Jan! Ez badituzu jaten, ez zara kalera aterako, eta afaltzeko plater bera edukiko duzu muturraren aurrean!

              — Ez! Ez dut nahi!

              — Sara...

              — Ez! Banoa!

              — Nora zoaz? Itzuli hona!

              — Ez! Nire gelan entzerratuko naiz! Utzi bakean!

              — Ez zaizu horrelakorik otuko! Zatoz hona! Sara! Zabaldu atea! Sara! Ez dizut berriz errepikatuko! Hiru arte zenbatuko dut, ez baduzu zabaltzen, ahaztu astebetean kalera ateratzearekin!

              — Ez!

              — Bat...

              — Ezetz!

              — Bi...

              — Ezetz! Ez dizut atea irekiko!

              — Hiru! Zabaldu atea derrepentean! Sara!

              ...

              Egongelan apaingarri eta objektu guztiak falta dira. Ez dago ez telebista, ez bestelako gailu elektrikorik. Lanpararik ere ez. Eta argazki guztien kristalak apurtuta daude. Buruz behera dagoen bat hartu du eskutan: ama, Ana eta bera ageri dira irribarretsu. Aitak atera zien argazki bat da, Saloura oporretara joan ziren batean. Hirurek zakil bana dute marraztuta ahoan. Lurrera bota du nazkaren nazkaz. Jabetu da gainontzeko argazki guztietan gauza bera dagoela marraztuta. Egongelatik irten, eta goiko solairura igo da. Eskua barandan ipini du eskailerak igotzeko, zenbait apurtuta daude eta beste hainbat azkenetan, eta elurra mendi garaietan bezala pilatu da hautsa barandan. Hauts-jauzia. Eskailera batekin estropezu egin du, eskuak lurrean pausatuta geldiarazi du erorketaren kolpea. Armiarma bat parez pare du begira. Lau hanketan igo ditu geratzen zaizkion sei eskailerak. Ezpal bat sartu du eskumuturrean. Eta panikoak eraginda, behin goraino igota, hormaren aurka jarri da bizkarrez, lurrikara bat izan balitz bezala. Izan da-eta lurrikara bat, metaforikoa bada ere. Bere oinpeko lurra, hain segurua eta sendoa dirudiena, mugitzen eta zatitzen dabil, eta horrelakoetan zaila da orekari eustea.

              Azken erronka begien aurrean. Erronken erronka. Goiko solairuko korridorera begiratu du, eta azken atea zabalik ikusi du barrutik iluntasun handiagoa irteten dela. Bere logela izandakoa, bere zitadela, bere gotorlekua, bere babestokia handik alde egitea egokitu zitzaion arte. Pauso dardartiz, esku ahurrak behin ere hormaren hoztasuna utzi gabe, gelara abiatu da. Atearen aurrera iritsi da orainaldiari eta iraganari buruzko pentsamendu antzuak nahasiz. Anarkiaren A esprai gorriz. Eta pertsianak behean daudenez, ez du ezertxo ere ikusten. Oina non jartzen duen oso ondo jakin gabe, instintuari jarraituz, leihora hurbiltzea lortu du. Zalantzati, azkenean, pertsiana igotzea pentsatu du. Arratsaldeko argi gorria kolpez sartu da, uholde baten moduan.

              Hasieran argiak itsutu du. Gero, gelan zehar dauden objektuen siluetak nabarmentzen hasi dira, eta objektu bakoitzaren esentziarekin betetzen joan dira siluetak pixkanaka. Momentuak sorgindu du. Pertsiana ez du guztiz goraino igo, eta argiak erdizka argitzen du gela. Itzalaren eta argiaren arteko jolas bat dirudi. Jolas horretan, bost pauso eman ditu aurreraka gelaren erdira iritsi arte. Txoko guztietara begiratzen du, ikusten duena sinetsi ezinik. Etxetik joan zen azken egunean utzi zuen bezalaxe dago, denborari handik pasatzea ahaztu balitzaio bezala. Egurrezko ohe hura, hostoen formak dituzten kolore berdeko izarak, pelutxezko hartza lazo gorri batekin lepoan. Oraindik han dago. Gau-mahaiaren gainean liburu bat. Markagailua erdialdean. Gelaren beste aldean dagoen apalera begiratu du, han daude Maria Milagros irakasleak irakurtzera derrigortzen zituen liburuak. Espainiako 98/27 belaunaldietako autoreak, Valle-Inclánetik García Lorcara Barojatik pasatuta. Alboan, diskoak. Lehenengoa beti Silvio. Ondoren, Queen. Eta argazkiak. Inoiz gehiago jantziko ez dituen arropa horterekin ageri da lagunekin batera. Leihorantz hurbildu da. Bioleta moreak daude leihoaren alboan. Norbaitek loreak ureztatzen jarraitu du ez zitezen zimeldu. Eskua estudioko mahaian jarri du. Birraitonarena zen, gereziondoa. Gogoratzen zuen bezain leuna. Hormetan, argazkiak eta marrazkiak eta posterren bat. Gauean irakurtzeko erabiltzen zuen lanpara txikia estudioko mahaiaren gainean dago. Irrati-kasete zaharra. Alde egin zuenean bezala.

              Eta bat-batean, errealitatea: geratzen diren objektu bakarrak ohea eta birraitonaren mahaia besterik ez dira. Ohea apurtuta dago, erre orbainak egurrean zein izara nahasietan. Eta mahaiaren gainean zaborra pilatuta eulien paradisu. Beheko solairuan bezalaxe, argazki guztietan zakilak daude marraztuta, eta pelutxezko hartza atearen atzean dago, lehertuta, barruko kotoiaz inguratuta.

              Korrika irten da handik. Eskailerak launaka jaitsi ditu, eta ahal bezain laster egin du ihes iraganaren espektro makabro horretatik. Bihotza taupaka, azeleratuta, ez du atzera itzuli begirada.

              Behin nahikoa urrunduta, aztoratuta, Anari deitu dio. Ez du erantzuten, ordea. Eta Las Vegasko erruletan dena galduta Nevadako errepide bazterretan doazen ibiltari demakratuen moduan, maletari tiraka pauso arinean, Gironellara bidean jarri da.

 

 

— Zer dakizu nire aitari buruz?

              Ezustean harrapatu du Marta galderak. Pentsatzen zuen aita zegoen bezala egonda, bisitan itzuli zela herrira. Momentuan ondorioztatu du ezertxo ere ez dakiela, eta ez du izan nahi horren berri emango dion pertsona. Gaia alboratzen saiatu da, beste norabide bat ematen solasaldiari; alferrik. Gainera arratsaldeko izu eta ezinegonak eraginda, garagardoaren efektua burura igotzen hasi zaio Sarari, eta bere jarreretan nabaritzen hasi da. Martak ez dionez erantzuten, indarrez heldu dio besotik galdera bera errepikatuz. Askatzeko eskatu dio, hasieran lagunarekin enpatizatuz, baina ez dionez kasurik egiten, azkenerako erdi haserretuta eta tonu txarrean.

              — Begira, Sara, entzun. Ni ez naiz inor zuri horri buruz hitz egiteko. Ezin dizut ezer esan.

              — Gironellara itzuli naiz ez dakit zenbat urte eta gero. Anak eskatu zidan etortzeko aitak zerbait esan behar zidalako. Baina etxera joan naiz eta han ez da inor bizi duela batek daki noiztik. Auskalo zu han egon zaren aspaldian, baina ez nizuke joatea gomendatuko. Gainera, Anak ez dit deirik hartzen ez itzultzen. Galduta nago, ez dakit ezer. Ziur ezin didazula ezer kontatu? Amorratzen hasia naiz honekin guztiarekin. Badakizu zer den zure txikitako herrira itzuli eta arrotz sentitzea? Badakizu zer den hori? Munduko beste edozein tokitan bezala nago nire etxean. Pentsio batean lo egin behar dut, pentsa. Eta orain nire txikitako lagun batek ez dit ezer kontatu nahi?

              Sekulako kolpea eman du plastikozko mahaiaren kontra, Martak ez baitio begietara begiratzen. Gaineko edalontziak lurrera erori dira. Zerbitzaria kanpora atera da zer gertatzen den jakitera. Martak ez dela ezer esan dio, baina handik bidali ditu errespetuarekin. Ez omen du eskandalurik nahi tabernan. Martak berean jarraitzen du, ez dela ezer esanez, momentuko haserrealdi txiki bat besterik ez. Bigarren abisua eman die. Baita hirugarrena ere. Laugarren abisurako, Sara eserlekutik altxatu da, eta mespretxuzko hitzez agurtu ditu zerbitzaria eta txikitako laguna.

              — Sara! Itxaron! —oihukatu dio geroz eta urrunagotik Martak.

              Ez dio kasurik egin, bere bidean aurrera jarraitzen du espaloi ezagunen gainean arrotz. Atzetik korrika heldu da Marta, nahiz eta Sarak bere presentziari muzin egiten dion. Bere aurrean jarri da, bidea oztopatuz, eta bi sorbaldetatik heldu dio lasaitzeko eskatuz. Lasaitu eta hitz egiten jarraituko dutela. Sarak beste aldera begiratzen du, aldi berean pausoa ematen saiatzen delarik. Martak indar gehiagoz heltzen eta geldiarazten du.

              — Azalpen minimo bat besterik ez nuen eskatzen! Laguntza pixka bat besterik ez! Hain zaila da hori?

              — Ulertuidazu, Sara. Hori zure ahizpak edo izebak kontatu beharko lizuke. Familiako kontuak dira. Ez naiz pertsona aproposa sentitzen horretarako. Mesedez, ulertuidazu.

              Zigarro bat atera du poltsatik eta piztu.

              — Konforme. Orain utz iezadazu lotara joaten.

              — Bihar lasaiago egongo gara.

              — Bai, bai. Adeu, Marta —esan dio bizkarra emanez eta eskuarekin agurtuz.

              Atzetik, Martak tristuraz begiratzen du. Gorputz zati horretatik ezagutzen zuen Sara desagertu izan balitz bezala edo. Beharbada egun aldrebesa izan du, baina hala eta guztiz ere, urruntzen doan pertsona horretan gauza asko aldatu direla iruditu zaio.

 

 

Mugikorrak 3:02 markatzen du. Anaren bost dei galdu daude. Begiak erdi itxita, zein tekla zapaltzen duen oso ondo jakin gabe, deia itzuli dio. Segituan erantzun du. Emozioz kargatutako ahots aztoratuarekin mintzo zaio, eta nahiz eta Sarak baretzeko eskatu ez diolako ezertxo ere ulertzen, alferrikakoak dira eginahal guztiak. Arnasa sakon hartzeko abagunearen ostean, zera esan dio ahalik eta garbien: “Aita hil da”.

 

 

Goizeko zortzietarako Anaren deia. Jada prest dagoela pentsio azpian. Gosariaren aitzakian, hitz egiteko geratu dira. Aspalditik bizi da Bergan bere senarrarekin eta erabat beharrezkoa denean soilik etortzen da jaioterrira. Hori erantzun dio non bizi den galdetu dionean ahizpak.

              Arin jaitsi da kalera. Ana etxeen hormei begira harrapatu du bizkarrez. Agian berak ere nostalgia puntu bat sentitzen du. Egunon batez agurtu du atetik irten bezain laster, eta Anak bira eman duenean, sekulako sorpresa hartu du: ahizpa haurdun dago, eta ez zaiola askorik falta dirudi.

              Ez dute aitari buruz hitzik esan lehenengo segundoetan. Testuinguru egokiago baten bila, kafetegi batera hurbildu dira gosaldu eta esateko duten dena esateko. Baina ez da erraza eremu publikoan pribatutasun pixka bat bederen aurkitzea. Tentuz dauden belarriak, nora begiratu hoberik ez duten begiak.

              Kafetegiko izkina marjinalean jarri dute begia esertzeko, ez dute inork molestatzerik nahi.

              Barran bi kafe eskatu dituzte, bat hutsa eta bestea ebaki deskafeinatua makinakoa. Bi laranja zuku natural eta ogi txigortua marmeladarekin. Eser daitezela nahi duten mahaian, hara eramango duela dena esan die adineko zerbitzariak. Cristina izena du eta amaren laguna zen. Txokoan eseri dira bi ahizpak.

              — Eta noizko umea?

              — Urriaren 27rako esan didate. Gutxi falta da —tripa igurtziz.

              — Ba pozten naiz, Ana. Eta izenik aukeratu al duzue? Zer da, neska ala mutila?

              — Neska. Silvia jarriko diogu izena. Aitak aukeratu zuen, Silvio Rodríguezen disko bat entzuten ari zen bitartean.

              — Aitak aukeratu zuen, e? —esan du tonu baxu eta etsituan ia.

              Cristina azaldu da mantso-mantso, metalezko erretiluaren gainean kafeak, zukuak eta ogi txigortuak dakartzala.

              — Hemen duzue dena —eta ahizpa zaharrenari begiratu dio—. Sara zara, ezta? Zenbat denbora! —bi musu eman dizkio—. Sartu zarenean Anaren lagun bat izango zinela pentsatu dut, baina gero gogoratu naiz. Berriz ikusiko ez zintudalakoan... Eta zu, Ana, zer moduz? Laster beste bat gehiago izango zarete etxean! Zorionak!

              — Bai, Cristina, gutxi falta da. Desiratzen gaude biok. Ea dena ondo ateratzen den.

              — Bai, noski! Positibo izan behar da.

              Beste zenbait hitz esanda alde egiteko keinua egin du, baina bira erdia eman du aurpegiko keinuak aldatzearekin batera.

              — Ez nuke behar ez den lekuan muturra sartu nahi, baina egia al da zuen aita hil dela?

              Burua makurtu dute biek.

              — Bart gauean hil da —hasi da Ana—, bihotzekoa izan du eta ez da buelta emateko gai izan.

              “Sentitzen dut” bat atera zaio barru-barrutik. Barrara joan da berriz ezer gehiago galdetu edo esan gabe.

              Beste behin, txoko marjinalaren bakardadean.

              — Aita hil da, beraz.

              — Bai. Bihotzekoa. Erreanimatzen saiatu ziren, baina alferrik. Ez zen ospitalera iritsi.

              Isilik geratu dira bost segundo amaiezinez.

              — Azalpen bat nahi dut. Nik alde egin nuenetik gaur arte. Detailerik txikiena ere jakin nahi dut.

              Sararen ahotsa sendo agertu da, oso garbi du zer jakin nahi duen eta ez du alferrikako itzuli-mitzulietan ibili nahi.

              Anak emozioak kontrolatu nahi ditu, baina hasperen itoak tik kapritxosoen gisa espresatzen dira. Ahotsa umel eta begiak gorri. Malkoz bustiak egon direnaren arrastoak: dirdira. Eskuak ezin ditu geldirik mantendu. Ezkerra dardarka hasten bazaio, eskuin eskuarekin heltzen dio indarrez, baina eskuina hasten zaio dardarka segituan. Sarak indartsu heldu dio eskua, tinko, sendo, dardararen espresio guztiak hutsal bihurtuz.

              — Esplikazio bat, faborez.

              — Ez da erraza, Sara.

              — Dena jakin nahi dut, eta ez naiz hemendik mugituko dena jakin arte.

              Hitz totelka hasi da mintzoan, ideiak bortxaz elkar loturik. “Zu joan zinenean, aita... aitak hondoa jo zuen”.

 

 

Sarak alde egin zuenean, Josep Balleti gainera erori zitzaion habea. Pixkanaka, ordea. Emaztearen bat-bateko heriotza kolpe latza izan zen, baina Sara eta Ana oraindik alboan zituen. Alaba zaharrena Bartzelonara joan zenean, beste kolpe bat izan zen. Halere, Bartzelona hurbil zegoen, edozein momentutan itzul zitekeen etxera. Hori pentsatzen igaro zituen Sarak Historiako lizentziatura egiten pasatu zituen lau urteak. Dublinera joan zenean, ordea, baratzea belar txarrez bete zen.

              2001eko martxoaren 14an, autoa hartu zuen. Soldadutzako lagun bati bisita egitea otu zitzaion, eta Lleidarantz abiatu zen oraindik arazorik gabe funtzionatzen zuen R5a. Gironellatik atera eta segituan, auto istripua. Lurra labainkor omen zegoen eta kamioneta bateko gidariak kontrola galdu eta aurrez jo zuen R5a. Mirari bat izan zen handik bizirik irtetea, baina agian hobe izango zen bertan hil izan balitz. Kolpearen ondorioz, buruko hainbat lesio izan zituen. Mugikortasunean eta mintzamenean arazoak izateaz gain, memoriaren funtzioak okertu zitzaizkion. Egoera begetalean geratu zen ia. Bizirik eta hilda.

              Ana Bartzelonako unibertsitatean ikasten hasia zen: Artearen Historia. Inoiz ez zion esplikatu inori, baina barne-barnean miresmen berezia sentitzen zuen bere ahizpa zaharrenarekiko, eta haren pausoen atzetik joan zen bidea egiten. Eta jarraituko zukeen baldin eta ezbeharrak dena hankaz gora jarri ez balu...

              Klaseak amaitu eta etxera itzultzen zen berehala aita zaintzera. Egunero goizeko bost eta erdietan jaikitzen zen. Gosaria prestatu, gosaldu, aita esnatu, garbitu, gosaltzen eman, Ana bera dutxatu, bizilaguna etorri arte itxaron eta berandutzen bazen, ziztu bizian autoan Bartzelonaraino joan, klaseetan arreta jarri, liburutegitik pasa, mokadu bat jan, arratsaldeko klaseetan arreta gehiago jarri, tutoretzak, berriz autoan ziztu bizian etxera bizilaguna bostak arte geratzen baitzen, paseo bat eman etxe ingurutik aitarekin medikuaren gomendioz, afaria eta hurrengo eguneko bazkaria prestatu, aitari afaltzen eman, telebistaren aurrean utzi berak afaltzen zuen bitartean, aita ohean sartu, garbigailua jarri, harrikoa egin, arropak zabaldu, plantxatu, klaseko lanak egin eta gauerdian ohera sartu. Egunero. Horri gehitu behar zitzaizkion gerta zitezkeen aldaketak eta momentuko gertakariak. Sekulako jipoia ematen ari zitzaion bere gorputzari; hilabete batean, hezurretan eta neka-neka egina zegoen. Bigarren lauhilekoko ikasgaiak bost ziren, eta bakarra gainditu zuen. Artearen historia alde batera uztea erabaki zuen uda hartan, bere tokia aitaren ondoan zegoela sentituz.

              Oso luzea, luzeegia egin zitzaion uda hura. Etxetik irteteko aitzakiaren baten bila ibilita ere, ezinezkoa zitzaion aita bakarrik uztea. Baina aldi berean arnasa hartu nahi zuen, trago bat lasai hartu lagunekin, parrandara atera, mozkortu. Etxeko grabitateak gehiegi erakartzen zuen, ordea. Etorkizunari begiratzea blasfemia bat zen, onartezina. Hala, telebistako programen eta modako aldizkarien bidez lokartzen zituen amets utopikoak, analgesiko indartsuak ziren.

              Aitak izaten zituen argitasun momentu batzuk, eta Sarari buruz galdetzen zion. Behin baino gehiagotan pentsatu zuen ahizparekin harremanetan jartzea. Zertarako? Alferrik kezkatuko zen, eta gainera ez zuen nahi bere ahizpak hasi zuen ibilbidearekin amaitzerik. Berak bezala bukatzea etxetik ezin irtenda eta zer eginik izan gabe etxe barruan usteltzea? Ez, ez zion horrelakorik opa ahizpari, eta pentsatu zuen bere kabuz egingo zuela leunagoa edo eramangarriagoa egoera hura. Zaila zen, baina, ia hitzik egiten ez zion haragi puska hura bere aita baitzen, eta ezin zuen besterik gabe abandonatu. Zer pentsatuko ote zuten inguruko herritarrek? Bizilaguna ez zen azaltzen etxean ekainetik; Anak bere gain hartu zuen lan guztia, haren bizitzako denbora kentzen ari zitzaiola uste zuelako. Horregatik esan zion behin klaseak amaituta lasai egoteko, bera moldatuko zela aitarekin. Isilpean, eta inori ezer askorik esan gabe edo laguntzarik eskatu gabe, aurrera jarraitzea erabaki zuen.

              Iraila iritsi zen. Bizitzak bira eskizofrenikoak emango ez balitu, seguruenik udako azken parrandaren ajearekin esnatuko zen. Edo bikotekidea izan zitekeenaren alboan. Asteartea zen, telebistaren aurrean zeuden aita-alabak. Aita sofan eserita, eta Ana, aldiz, arropa plantxatzen bazkaria prestatzen hasi aurretik. Espainiako kate publikoan ostegun horretan estreinatuko zen telesailaren promozioa egiten ari ziren: Cuéntame cómo pasó. Tramaren nondik norakoak entzun ostean, agian aitari lokartu aurretik jartzeko modukoa izan zitekeela pentsatu zuen. «Igual bere bizitzako pasadizoak gogoratzeko balioko dio». Ilusio sentsazioak hartu eta irribarre egin zuen. Bazekien ez zela sendatuko, baina lehenago zen hartara hurbiltzeko balioko balu... Eta bat-batean, albistegiak hasi ziren. Hasierako informazioaren arabera, hegazkin bat New Yorkeko World Trade Center dorreetako baten aurka kolpatu zen. Ameriketako Estatu Batuak eta mendebalde guztia aho-zabalik utzi zituen momentuaren hasiera zen, munduaren jaun agertzen zen estatuari atzerritarrek euren lurrean egindako lehen erasoa. Menderakaitzak zirela uste zutenei bihotzekoa diagnostikatu zieten. Eta telebistari begira zeudela, bigarren hegazkin batek beste dorrea nola kolpatzen zuen ikusi zen. Emakume baten “O, my god!” atzetik. Anaren begiek ezin zuten sinetsi ikusten ari zirena. Aitarenek, aldiz, ez zuten mugimendu keinu txikiena ere egin.

              Amaren heriotzaren zazpigarren urtemugan izan zen: bisita bat, izeba Doloresena, amaren ahizpa zaharra. Beti bezala, dotorezia dirudun eta pertxenta batekin, handitasun aireak ezin abandonatuta, ilobak eskainitako kafea hartu zuen eskolan eta etxean ikasitako jarrera burges eta antigoalekoarekin. Hilerrian loreak jarri omen zituen, eta aspaldian handik inor ez zela pasatu ondorioztatu zuen. Anak azken urteetan gertatutako gorabeherak aipatu zizkion, eta horrelako gauzetarako denborarik ez zuela esan zion barne amorru batek irentsita. Ez zela aita ez zen beste inorengatik kezkatzeko gauza, nahiz eta berak hala nahi izan. Aita mugitzeko gauza izango bazen, seguruenik hilerritik pasatuko ziren bisita bat egitera, baina ezin.

              Anak erosketa batzuk egitera joan behar zuen herrira, eta ea aita ordu erdi batez zaindu zezakeen galdetu zion izebari.

              — Lasai, Ana. Pasa ezazu arratsaldea zure lagunekin. Seguru aspaldian ez zarela beraiekin egon. Ez dut ezer egitekorik gaur, eta egongo naiz hemen. Azaldu zaitez nahi duzunean.

              — Baina...

              — Ez baina eta ez baina ondo! Hartu ezazu haize pixka bat, diberti zaitez, zure adinean ez zenuke beste ezer egin beharko. Utzi zure aita nire kontu. Ondo zainduko dut.

              Bere koinatuaren ondoan eseri zen eta telebistari begira geratu ziren biak Anak kalerako bidea hartzen zuela.

 

 

— Nola utzi zenuen aita sorgin nazkagarri horrekin? —galdetu dio Sarak haserre.

              — Zuk ez dakizu zer den egunero pertsona baten gainean egotea eta zure bizitza osoa aldatu behar izatea. Gainera, zuk ere egin zenien kritika zure nobelan zaintza lanei —Anak ere haserre, badirudi-eta bere erabaki guztiak kuestionatu nahi dizkiola ahizpa zaharrak.

              — Eta zer pentsatzen duzu egin beharko duzula zure haurrarekin jaiotzen denean?

              Ana izoztuta geratu da. «Benetan esan du entzun dudana?», pentsatu du bere baitarako. Hor lerro gorri asko pasatu ditu, eta ez dio horrelako ezer onartuko.

              — Nor zarela pentsatzen duzu? Unibertsitatean hasi zinenetik ez duzu etxea zapaldu ere egin. Zenbat lagundu duzu etxean? Zuk ez dakizu zer bizi izan dudan, ez duzu ezta imajinatu ere egiten. Ez zinateke zure haragian bizitzera ere ausartuko. Beti izan zara libre nahi duzuna egiteko. Beti ibili zara hara eta hona zure lagunekin, zure maitaleekin, zuk nahi zenuenarekin. Zuk badakizu ia lagun guztiak galdu nituela urte haietan? Bat-batean desagertu egin nintzen haien bizitzetatik. Nor izan zen lagundu zidan bakarra? Nahiz eta zuri amorrua eman, nahiz eta zuri ez gustatu, berdin zait! Bakarrik nengoen eta izeba Dolores izan zen lagundu ninduen bakarra. Beraz, orain ez etorri hona niri lezioak ematera! Dei bat ere ez zenuen egin. Ez zinen kezkatu ere egin ea etxean ondo ginen, ea zerbait jazo zen, ea aitak gainditu zuen amarena.

              Sarak lurrera begiratzen du, baina ez Ana esaten ari denak enpatia eragiten diolako. Ez, ez dio begietara begiratu nahi. Uste du ez duela arrazoirik, uste du gaizki egin zuela izeba Doloresen laguntza onartzeagatik. Nahiz eta urteak pasatu diren, Anak bere ahizparen espresio guztiak ondotxo ezagutzen ditu, eta badaki begirada axolagabe horrek zer esan nahi duen.

              — Benetan? Ez duzu ahalegin txiki bat ere egingo nola bizi izan naizen sentitzeko? Beti izan zara hain hotza nirekin, baina ez nuen uste hain bihozgabe bihurtu zinenik urte luze hauetan! Nire asmo on guztiekin etorri naiz zuregana beilatokian egon beharrean. Eta zuk ere han egon beharko zenuke! Baina iruditzen zait alferrik nabilela zurekin. Ez dakit pena apur bat ere sentitzen duzun aita hil delako. Egia esan, ez dakit zer sentitzen duzun ere. Ez zaitut ezagutzen. Ziur Sara Ballet zarela? Txikitan zu bezalakoa izan nahi nuen, baina uste dut ondo egin nuela, behartuta bada ere, zure pausoak ez jarraitzen. Pena ematen didazu.

              Eta haserre bizian, kafetegitik alde egin du Anak. Cristinarengana hurbildu eta bere gosaria bakarrik ordaindu du. Nola doan leihotik ikusten, bakarrik geratu da Sara kafetegiko txoko marjinalean. Bere gogoetan hartu du babesa.

              Konturatzerako, Cristina bere alboan dago. Kafetegia nahiko hutsa dagoenez, ea eser daitekeen galdetu dio. Esker txarreko ez izateagatik, eserlekua mugitu dio.

              — Begira, Sara. Badakit ez nukeela muturrik sartu beharko, baina pena eman dit bi ahizpak horrela ikusteak zuen aita hil berritan. Gogoratzen naiz zein umoretsua zinen, nola ezerk ez zintuen kikiltzen. Beti ibiltzen zinen irribarretsu amaren ondoan, baita lagunekin ere. Zer pasatu zaizu?

              — Ez da ezer.

              Eskutik heldu dio eta indarrez eutsi, justu Sarak lehenago Anarekin egin bezala. Begi iheskor horiek erakarri nahi ditu eta bere begiradaren parte bihurtu. Sarak beste aldera begira jarraitzen du.

              — Sara, faborez, ez izan ume bat!

              — Ba ez tratatu haurra izango banintz bezala! Denek pentsatzen duzue nire bizitza erraza izan dela, dena ondo atera zaidala, dena eskura izan dudala. Ez dakizue ezer ere, ez dakizue ezer nitaz.

              — Ez baduzu ezer kontatzen normala da ezer ez jakitea. Halere, nik badakit Anak zer pasatu behar izan duen, eta benetan diotsut ez dela batere gustagarria izan. Ni nintzen zure aita zaintzera joaten zena Ana unibertsitatean zegoen bitartean, eta hilabete gutxitan nola gelditu zen ikusteak sekulako pena eman zidan. Gainera, zure aita jada ez zen zure aita. Nik kontatzen nizkion zure amak eta biok berari buruz kontatzen genituen gauzak. Neskatxa tentelen kontuak eta horrelakoak. Ez zuen erreakzionatzen, ordea. Ez zen ez pozten, ez nahigabetzen. Ondo egin zuten psikiatrikoan sartzen.

              — Psikiatriko batean egon zen? —eta orduan begiratu dio lehen aldiz Cristinari.

              — Ez dizu kontatu hori? Beno, jakin beharko zenuke eta nik kontatuko dizut. Baina mesede bat egidazu.

              — Zuk esan.

              — Hartu denbora pixka bat eta pentsatu Anak kontatutakoan. Pentsatu nola ibili zen orduko hartan. Gero, beilatokira agertu eta egon zaitez etxekoekin. Familiak batuta egon behar du, eta horrelakoetan oraindik eta gehiago —eskuak indar gehiagorekin estutu dizkio eraztunarekin mina emateraino—. Mesedez eskatzen dizut ezin zaitudalako behartu.

              — Ondo dago Cristina, joango naiz. Orain kontatu falta dena.

              — Zure aita psikiatriko batean sartu zuten, eta atzo arte han egon zen.

              Eta horrela jarraitu zuen Cristinak bere bertsioa kontatzen:

              Entzun omen zuen Josep Ballet koinata jipoitzen saiatu zela. Inoiz ez zuen halako oroitzapenik izan Cristinak, ez zuen oroitzen Sara eta Anaren aitak halako jarrera zuenik. Gainera, jakinda nola zegoen, guztiz surrealista iruditzen zitzaion hura guztia. Baina psikiatrek buruko gaixotasun bat diagnostikatu omen zioten, eta medikuek horrelakorik esan bazuten, zerbait zegoelako izango zen. Psikiatrikoko gastu guztiak Doloresek ordaindu zituela ere aditu zuen, agian Anak berak esanda, baina ez da oso ondo gogoratzen. Behin joan zen bisitan, psikiatrikoan sartu eta sei urtera. Eta oraindik beste hainbeste egon zela pentsatzea...

              — Nik ez dudana ulertzen da zergatik ez zen atera. Hainbeste denbora eta gero... Ez dakit. Nik ikusi nuenean hobekiago zegoela iruditu zitzaidan, argitasun momentu gehiago zituela. Egia esan, ez dut ulertzen.

              — Eta Ana?

              Bartzelonara bizitzera joan zela esan dio. Izebak alokairuan zituen pisuetako batera, hain zuzen. Ikasketak berriz hastea pentsatu zuen, baina jada ez zuen gogorik, motibazioa falta zitzaion, eta Berriztapena eta Artisautza izeneko kurtso batean eman zuen izena. Hura egin eta gero, ikasitakoaren inguruan lan bila hasi zen, baina ezertxo ere ez. Beraz, sukaldaritzako kurtso batean eman zuen izena, eta amaitzean jatetxe bat zabaldu zuen lagun batekin. Juxtu krisia hastear zenean. Bi urtera itxi beharrean izan ziren. Sekulako ilusioak jarri omen zituen proiektu hartan. Cristinak berak bisitatxo bat egin zion jatetxean, eta benetan ondo jan omen zuen. Geroz eta jende gutxiago azaltzen zela aipatu zion elkartu ziren batean, ordea, eta azkenerako atea betirako ixtea beste erremediorik ez zuten izan. Gero, sukaldari laguntzaile gisa sartu zen beste jatetxe batean. Ez zen erabaki ona izan, ordea. Jabeak sekulako zorrak pilatu zituen, zuloa handiagoa omen zen hilabetetik hilabetera, eta langileek ez zuten sosik ikusten. Urtebete baino gutxiago iraun zuen han. Alde batetik bestera ibili zen, baina ez zuen itxurazko lanik bilatzen. Orduan, jubilatzear zen gizon baten tailerrean topatu zuen lana. Gizonak kontratu bat egin zion, baina urtebetekoa bakarrik. Hasieratik utzi zion garbi jubilatzeko asmoa zuela, eta hori gertatzen zenean, denda itxiko zuela.

              — Tailer txiki horretan jarraitzen du oraindik. Ez dakit noiz itxiko duen jabeak, are gutxiago zer egingo duen Anak. Hori berari galdetu beharko diozu.

              — Eta non du ba tailer txiki hori?

              — Bergan dago. Zergatik galdetzen duzu?

              — Jakiteagatik, besterik gabe —mahaitik altxatu da—. Plazera izan da urte luze hauek eta gero zurekin hitz egitea, Cristina. Honekin iritsiko da bi gosariak ordaintzeko, ezta? Bueltak zuretzat —Cristina zerbait esaten saiatu da—. Bai, badakit Anak berea ordaindu duela, baina hurrengoan etortzen denean gosaltzera, esaiozu nik gonbidatzen dudala. Bitartean sekretua izan dadila. Halere, seguru arratsaldean edo bihar ikusiko dugula elkar. Ondo izan. Ciao.

              Eta zigarroa ahoan irten da kalera. Zerura begiratu du. Oskarbi dago. Eguzkiak indartsu jotzen du, eta autoen aurka errebotatzen duten izpiek edonor itsutu dezakete. Eguzkitako betaurrekoak lagun, eskuinera hartu du eta Cristinak adi-adi jarraitu dizkio pausoak, begien bistatik desagertu den arte.