Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

26

 

Ultzaman eta Basaburuan goizean egindakoez jardun zuen Pete Domezainek, eszena batean parte hartu baitzuten Gendulain kapitainak eta Goρi lotinant-koronelak. Zubi batekin zeukaten arazoa konpontzeko aitzakian, bi militarren jeepa arakatu zuen Petek.

      — Hantxe zitiztean hik aipatutako bi gasolina bidoiak. Ihabengo zubian eszena filmatu eta berehala alde egin ditek. Haiei jarraitzera deliberatu nauk gure auto batean. Egozkuetik Iragira joan dituk, handik Urdaitzera; baina Eugi aldera beharrean, Zubirira jaitsi dituk; Erroko portua igo eta gero Sorogaineko bidean zirela, gelditu egin nauk. Ordu erdi pasea zelarik itzuli eta Iruρerako bidea hartu ditek. Beloson buelta eman eta Ultzamara itzuli nauk.

      — Dirua Sorogainetik igaroko da orduan.

      — Dirua ez zakiat, baina zuen maleta bai. Hala espero diat bederen.

      Domezainek ez zion utzi Martini La Campanako kontua ordaintzen. Gonbita onartu beste erremediorik ez zuen izan alferezgaiak, azken finean berak ere ez zekien nor izanen zen operazio hartatik guztitik onura handiena aterako zuena.

      — Gaua Argarain eman behar dut —esan zuen Martinek, agurraren unea helduta—. Noiz agertuko zarete zuek? Salvatorek jakinen al du txaleta aurkitzen?

      — Hona etorri aurretik erakutsi zidak —gaztigatu zion Petek—. Nik ere ikasi diat txaleta non den.

      — Zuen autoa Agoitz kalean gelditu —esan zion Martinek—. Neuk ere inguru horretan utziko dut jeepa. Hortik oinez hurbildu txalet aldera, eta urrutitik zelatatu. Luisen izebaren txaleteko goiko leiho batean zapi berde bat paratuko dugu. Hura ikusi ezean ez hurreratu, ez baitakigu zein tenoretan alde eginen duten.

      — Argitzen duenerako muga aldean behar ditek.

      — Nola dakizu?

      — Filmaketaren zain geundela, Gendulainek gaur egin behar duen biaoaz mintzatu zaiok Goρiri, eta honek erantzun ziok bihar txorien kantuekin esnatuko direla.

      — Ez dute egun txarra aukeratu...

      — Zer dago ba bihar? —galdetu zion Domezainek.

      — Karlisten erromeria Jurramendin. Guardia zibilek nahikoa lan izanen dute Estellerriko trafikoa zuzentzen.

      Gaiztakeria bat etorri zitzaion burura Martini: osaba Jeronimori deituko zion Eulateko ostatura. Ziur aski berandu izanen zen, baina nork jakin.

      — Aizak —Petek azken kontu bat zeukan Martinentzat—, beste gauza bat: tiro hotsak entzun ditiagu txaletetik hurbil.

      — Argarain?

      — Hiru tiro. Jakin dugunez, Polizia Armadakoak izan dituk. Gizon baten atzetik omen zebiltzan. Aralar kalean gertatu duk.

      — Gerra nonahi gurean —Martinek ez zion garrantzirik eman.

      Pete Domezain eta Salvatore Kale Nagusiaren hasieran zirelarik, Martin berriz sartu zen La Campanan.

      — Josefa, jarriko al didazu?

      — Hor duzu —telefonoaren ondoko kontagailua sakatu zuen Josefak.

      Eulateko ostatuko telefono zenbakia markatu zuen Martinek. Emakume baten ahotsa entzun zen hariaz bestalde.

      — Bai, esan?

      — Hor al da Aranaratxeko Jeronimo?

      — Baietz uste dut. Begiratuko dut.

      Martinek minduta zeukan sorbaldara eraman zuen eskua.

      — Nor da!

      — Osaba, ni nauzu, Martin. Ba al dakizu Fonseca kuartelean ote dagoen?

      — Fonseca? —ahapetik ari zen osaba Jeronimo—. Hementxe zagok.

      Isilik geratu zen Martin une batez.

      — Entzun, ez zara nirekin mintzatu. Eta orain kakotu telefonoa.

      Osaba Jeronimoren arnasa entzuten zuen bestaldean. Bi segundo luzeegi igaro eta deia moztu egin zen.

      Lanak emanen zizkion besagain hark. Sukaldeko beroa heldu zitzaion. Labe ondoan zegoen trapu bat hartu eta Josefari ezer esan gabe berriz sakatu zuen kontagailua. Zenbaki berbera markatu zuen telefonoaren gurpilean. Trapuaz estali zuen mikrofonoa.

      — Bai, esan?

      — Fonseca hor al da?

      — Baietz uste dut. Begiratzera noa.

      Handik minutu batera gizonezko baten eztarri garbitzea entzun zuen Martinek.

      — Zer gertatzen da?

      — Sorogainetik barna igaroko dira militarrak.

      — E!?

      — Sorogainetik barna, jeep batean, bihar goizean.