Poesia kaiera
Poesia kaiera
Forugh Farrokhzad
itzulpena: Miren Agur Meabe
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-42-6
Forugh Farrokhzad
1934-1967
 
 
Poesia kaiera
Forugh Farrokhzad, 2020

Forugh Farrokhzad Irango XX. mende erdialdeko berpizkunde kulturalaren ama pontekoetako bat dugu, eta bertako poesia modernoaren erreferentzia nagusienetakotzat hartzen da. Lehen poemek kritikarien asaldura ekarri zuten, poeta emakumezko bat sexuaz eta desioaz gordinki eta lehen pertsonan idazten ikustearen arbuioagatik. Bost poema liburu argitaratu zituen (Gatibu, Horma, Matxinada, Beste jaiotza bat, Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran), eta 1962an Etxea beltza da film dokumentala zuzendu zuen, Irango zinemagintzan aski goraipatua dena. Farrokhzadek, bere poesiarekin, banatzearen, erbestearen eta oinazearen esperientzia muturrekoa hitz bihurtzeko gaitasun berdingabea erakutsi zuen. Abandonua eta bakardadea dira ale durduzagarri askotako protagonista, baina esperantzarako tarterik ere bada, kaiereko azkeneko bi lerroek esaten diguten bezala: “Leihoaren babespean nago / eguzkiari loturik”. Orobat, erresistentzia keinuak aurkitzen ahal dira giro latz horren erdian, Ahotsak besterik ez du irauten poeman bezala, non mintzoa goratzearen aldarria egiten duen.

kritikak:
Lorategi bat poesiari, Irati Majuelo, Berria, 2020-05-24
«Antologia labur baina intentso honek ongi aitortzen digu Farrokhzaden poesiak haren bizitzarekin batera egin zuela bidea. Bidaide dira maitasuna, bereiztea, bakardadea, zigorra, erbestea, matxinada, itzulera, esperantza».
Haize biak batera jotzen, Igor Estankona, Deia, 2020-05-30
«Kontrakulturaren ikono bihurtu zuten mendebaldean, ekialdean ordea arnasa hartzea bezain beharrezkoa eta naturala izan zen bere idazkera. Miren Agur Meabek ez dakit zelan lortu duen, baina lortu du idazleari entzutea itzultzaileari baino gehiago».
Kalea, Ibai Atutxa Ordeñana, Argia, 2020-05-31
«Iruditu zait Farrokhzaden poemek elkarrizketarekin aurrera egiten lagun dezaketela. Izan ere, belaunaldi, jatorri, genero, arraza, klase, sexualitate, gaitasun, eta hizkuntza ezberdineko gorputzen arteko topaketen ondorio den kalea (eta etxea) asmatzeke baitago oraindik».
Iraneko poeta, Javier Rojo, El Diario Vasco, 2020-06-06
«Poemak askotan narrazioaren mugan kokatzen dira, istorioen aztarnak agertzen direlako, eta bertan agertzen diren elementuak sinbolismo sotilez hornituta daude, non osagai generikoak nagusi diren».