Algara mutilatuak
Algara mutilatuak
2021, saiakera
112 orrialde
978-84-17051-60-0
Ane Labaka Mayoz
1992, Lasarte-Oria
 
 

 

3.
Umorearen mugak

 

 

      Nire ustez umorea ondoen egiten duen jendea honakoa da: erresumintzen zaituen arren erasotzen ez zaituena.

Irantzu Varela, 2017

 

      Besteen zapalkuntzei buruzko txisteek (heteroek bollerei buruz formulatutakoek, zuriek pertsona beltzei buruz...) desberdinkeriazko egoerak dibertigarriak edo hutsalak direla adierazten duen ideia elikatzen dute.

Brigitte Vasallo, 2018

 

 

      Aurrez azpimarratu bezala, umorea ez da inondik inora neutroa. Aitzitik, guztiz politikoa da eta estuki erlazionatuta dago boterearekin. Erlazio estu hori inoiz baino nabariagoa bihurtu zuten duela urte batzuk Euskal Herrian jazotako zenbait gertaerak. Izan ere, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak gogorarazi bezala, bere garaian sortutako zalapartak umorea oso-oso kontu serioa dela pentsatzera garamatza nahitaez:

      Umorea zer den eta zer ez, eta nork egin lezakeen eta nork ez, zer den barregarri eta zer ez, kasik eguneroko ogia dugu azkenaldian. Hortxe daude Ocho apellidos vascos eta haren ahaide galiarra den eta berriki estreinatu den Mission Pays Basque film barregarri eta arrakastatsuak; eta hortxe dago ETBk martxoan emititu zuen Euskalduna naiz eta zu? Espainiaren gaineko umore programa “iraingarri” eta “deitoragarria”. [...] Zertaz egiten dugun barre baino, zertaz barre egiten erakutsi diguten da kontua. Zein umore den zilegi eta zein ez. Eta horretan, adierazpen askatasuna eta (auto)zentsura nola uztartzen diren. (2017: 7)

      Agirrek dioen gisan (eta aurreko puntuan azaldu bezala), bereizi egin behar da nork egiten duen umorea noren gainean, nor den subjektua eta nor objektua, umore egilea eta umoregaia. Nork eta nori, alegia. Horrek markatzen baitu umorearen muga, grazia egitea edo grazia zipitzik ez izatea, baita zilegi izatea edo ez izatea ere, eta areago, legezko izatea edo ez izatea. Hain justu, umoreak adierazten duen ertz interesgarrienetarikoa hortik eratortzen da: umore/ez-umore arteko muga labainkorra; eskubideen, zilegitasunaren, errespetuaren, demokraziaren eta adierazpen askatasunaren auziak harilkatzen dituenekoa (Agirre, 2017). Anduagak, aurrekoarekin lotuta, honako bi galderak mahaigaineratzen dizkigu:

      Ze “barne pultsiok” garamatza eduki batzuekin barrez lehertzera eta beste batzuk nardagarritzat ikustera? Nolatan da zilegi kolektibo batzuen aurkako umorea egitea, beste batzuk ukiezintzat hartzen direnean? (2017: 26)

      Umorez esan daitekeenaren eta galarazten denaren arteko mugaz ohartzean, eta Anduagaren beraren metafora baliatuz, umorea zulo gutxiko gerriko batek inguratzen duela ikus genezake. Hala ere, gerrikoa estutzen duen eskuaren jabea identifikatzea zaila egiten zaigu gehienetan, aurrez aipatutako arrazoiengatik ohikoagoa delako umorea kontu pertsonala, berezkoa eta naturala dela pentsatzea. Anduagaren hitzetan “onartuak, iragarriak, diru publikoz lagunduak edo masiboki kontsumituak diren umore diskurtsoek estatu baten meneko kultura nazionalari koherenteki eusten diote” (2017: 28)[13].

      Euskalduna naiz eta zu? saioak[14], zentzu horretan, gure artean nagusi den umore logika iraultzea ekarri zuen, Anduagak Jakin aldizkarian azaltzen duen moduan (2017:37): euskal nazioa anomaliatik atera eta normaltasunean kokatu baitzuen espainiarren inguruko umorea sortuz. Une batez, “haiek” ziren arraroak, bereziak, ezaugarri desberdin eta desiragaitzak zeuzkatenak, eta “gu” euskalduna bihurtu zen normaltasun desiragarriaren eredu. Haatik, boterean dagoenak nekez onartuko ditu autoritate galera ekar diezaioketen jarduerak, eta telebista saioaren kasuan ere neutralizatzeko neurriak hartu ziren berehala. Neurri horiek “normaltasunaren” monopolioa zeinek duen birgogoratzeko balio izan zuten, bai eta ezarritako ordena berreskuratzeko ere. Hala, statu quoa aztoratzen duten praktiken aurrean aplikatzen den hiru urratseko protokoloa zein den ezagutu genuen:

      Lehen urratsa birdefinizioarena da: “Ez dira umore”. Bigarren urratsa diskurtsoa zentsuratzea: umorea ez denez, diskurtso horrek zilegitasuna galtzen du eta, beraz, haren hedapena moztu beharra dago, zigor baten ezarpenaz (zigor mediatikoa, politikoa...) diskurtso horien erabiltzaileak boikot, bazterketa sozial edo jazarpen publikora bultzatuz. Azkenik, kaltea egin aurreko ordenara bueltatzeko ezinbesteko urratsa da hirugarrena: barkamenarena. Hegemonikoa ez den diskurtso bat darabilenak barkamena edo damua erakutsi beharko baitu egindakoarengatik, horren bidez boterea zeinek duen baieztatuz eta onartuz. (2017: 39)

      Artetxek ere bat egiten du aurreko ideiarekin:

      Botereak erabaki du umore jakin bat iraingarria dela batzuentzat eta, beraz, onartezina denontzat. Atera du aniztasunaren eta elkarbizitzaren jokerra eta orain barkamena eskatzea dagokionari dagokio eta ongi merezia du zigorra. (2017-03-19: 1)

      Varelaren iritziz, agerikoa da historian zehar zapaltzaile guztiei sortu izan diela beldur handia umoreak. Erresistentziaren lehen adibidetzat erregimen gehienetan sortutako aldizkari satirikoak dauzka eta gaur egun, ostera, sare sozialei erreparatzea gomendatzen du[15]. Botereak umorearen kontrolean inbertitzen duen esfortzuaren handia ikusirik, ez da burugabekeria umoreak duen gaitasun eraldatzailea tamainakoa izan daitekeela pentsatzea; “umoreak duen garrantzia ikusarazten baita, hain zuzen ere, umorea desagertzen den horietan” (Anduaga, 2017: 39).

      Mintegik (2017) gogorarazten du botereari burla egin dakiokeen arren, beti dagoela muga bat, gurutzatu ezin den “errespetuaren” marra bat. Marra hori, gorago azpimarratu bezala, botereak marrazten du eta igaroz gero, zentsuraren bitartez isilaraziko du. Botereak ez du gogoko inork hartaz barre egitea, umoreak iraularazteko gaitasuna baitu. Marra hori igarotzeko beldurrak eragiten du maiz kanpoko zentsura jaso baino lehen nork bere burua zentsuratzea.

      Anduagaren arabera (2017), gurean autozentsurarako joera indartu egin da azken urteotan. Testuinguru politikoa duela urte batzuk gogorragoa bazen ere, badirudi posizio eta ideologia politikoak argiagoak zirela eta umore diskurtsoek ere (espazio pribatuan praktikatzen zirenak) haiekin koherenteki jokatzen zutela. Orain, trantsizio batean gaudela ulertzen badugu, ikuspegi horiek leuntzen joan dira: muturreko umorea “gustu txarrekotzat” jotzen da eta gero eta gutxiago agertzen da baita esparru intimoenetan ere. Aldaketa politikoak bideratuta, batetik, eta errepresio politikoaren (kartzelatzeak, jazarpenak...) ondorioz, bestetik, umorea gero eta moderatuagoa bihurtzen joan da eta, neurri handi batean, geure burua autozentsuratzen ikasi dugu. Anduagarentzat (2017), autozentsura izan daiteke zentsuraren modu sotilena eta autozentsurari esker, zentsura ofiziala egonkortu egiten da, barneratuz eta fosilizatuz. Soziologoaren hitzetan, “umorea ‘politikoki zuzena’ den hori iraultzeko tresna dela saltzen digute sarritan, baina, gehienetan, ‘politikoki zuzena’ dena zurkaizteko tresna izan ohi da” (2017: 7).

 

 

 

3.1.
UMOREA ALIBI MODURA

 

 

      Layla Martinezek aurrekoa ulertarazten laguntzeko moduko gakoak dakartza umorea alibi gisa baliatu ohi dela kontatzen duen artikuluan. Kazetariaren aburuz, zenbait ikus-entzunezkok[16], ustezko kritika sozialaren aterkipean, komunitate bati buruz barre egitera bultzatzen dute ikuslea eta, aldi berean, umorezko testuingurutik kanpo ikaragarriak irudituko litzaizkiokeen zenbait jokabide normalizatzera. Testuinguru hori medio, ez dirudi eszena horiek hain larriak direnik eta, Martinezen arabera, horrek egoera eroso batean kokatzen du ikuslea. Gizarte kritika lantzen duten bestelako pelikuletan ez bezala, ikuslea ez da kuestionatuta edo interpelatuta sentitzen; barre egin dezake, pisua kendu, eta hainbesterako ez dela pentsatu. Distantzia hori baliagarria zaio entzuleari alibi moduan, egoera horiek urrutiko zerbait bezala ikusteko. Umorezko testuinguruak efektu perbertsoa du, beraz; ustez kritikatzen ari den hori normalizatzen baitu, algara eta algara artean.

      Martinezek dioenez, Espainiako telebistako zenbait telesailetan lekua (izan) du jokabide arrazista, matxista eta ultraeskuindarren satirak[17]. Umorezko kontestuak lan esplotazio gogorreko nahiz diskriminazio arrazista handiko egoerak normalizatzen lagundu du, hain zuzen ere, egoera hauek umorezko gag bihurtzean kritika sozialaren karga deuseztatzen delako. Egoera hauek normalizatzen eta komikotzat aurkezten dituzten pertsonaiek beraien ideologia modu lasaiagoan adierazteko bide eman diete fikziotik kanpo ere antzeko jokaerak eta pentsamoldeak dituztenei. Horrela, badirudi jada ez dela hain larria iruzkin arrazista bat egitea edo emakume bati erasotzea, dibertigarria den zerbait izan daitekeela, errebeldea, “politikoki zuzena” ez dena. Artikulu berean, gainera, eskuin muturrak ere diskurtso erreakzionarioak barneratu eta portaera matxistak zein arrazistak normalizatzeko umorea alibi bezala erabiltzearen estrategia hori ondo baino hobeto ezagutzen duela adierazten du Martinezek. Kasu honetan ere, umorezko testuinguruak ahalbidetzen du beste edozein testuingurutan gizartearen gehiengoarentzat gaitzesgarriak liratekeen ideia faxistak plazaratzea. Neofaxismoak estrategia gisa baliatzen du ironia; zenbait ideia errefusatu baina, aldi berean, defendatu eta zabaltzeko aukera ematen duelako[18]. Eskuin muturraren gorakada hainbat faktoreren ondoriozkoa izan da eta beraien ideiak zabaltzeko umorea eta ironia ere funtsezko estrategiak izan direnez, premiazkoa da horri buruz gogoetatzea. Martinezek dioen moduan, “agian beharrezkoa da gogoraraztea modu ironikoan faxista izatea faxista izatea dela” (Martinez, 2020-06-19).

      Gainera, umorearen eta ironiaren erabilerak kritika desaktibatzeko abagunea eskaintzen du: seinalatuz gero, beti baitaukazu txantxa bat izan dela esateko aukera. Jokaera hauek kritikatzen dituzten pertsonak edo kolektiboak puntalakurlotzat eta esajeratutzat hartzen dira maiz, edo zentsurazaletzat, bestela.

 

 

 

3.2.
POLITIKOKI ZUZENA

 

 

      El salto atariko “Otra vez los límites del humor” artikuluan (2018-02-05) umorearen mugei buruzko hainbat ideia interesgarri biltzen dira. Artikuluan kontatzen denez, zenbait gizonezko haien iritzia ematen jardun dira han-hemenka; umoreak ez lukeela mugarik izan behar aldarrikatuz. Gizonezko horien arabera, dagoeneko ez dago adierazpen askatasunik eta atzerantz goaz eskubideetan. Aysa Nuevek aipatu artikuluan erantzun moduan, ordea, munduan zehar milioika pertsona ahotsa goratzen ari dira. Emakumeen, LGTB kolektiboko pertsonen, aniztasun funtzionala dutenen nahiz arrazializatuen iritziak entzuten ari gara, besteak beste, eta hau eskubideetan atzerantz egitea da benetan? Nola izango da, ba, galera gure pribilegioen eta eragiten ditugun zapalkuntzen kontzientzia hartzea?

      Nueveren hitzetan, norbaitek publikoki beste norbait iraintzen duenean, botere dinamika bat jartzen da abian eta bertan parte hartzeko beharra sentitzen dugu (El salto, 2018-02-05):

      Irain horrek apelatu egiten gaitu. Edo jaso duenaren bandoan gaude edo esan duenarenean. Seguru sentitzeko beharrezkoa zaigu iraina burutu duenaren alde jartzea, bestela, gu bihurtu gaitezkeelako bere hurrengo helburu. Eta akosatzailearekin alineatzeko modurik azkar eta zuzenena bere graziei barre egitea da[19].

      Arrietak (Argia, 2020-06-21), hari berari tiraka, bere jarrera adierazpen askatasuna maximizatzearen aldekoa dela baieztatzen du. Haatik, kritikaren beharra azpimarratzen du, bere esperantza garai batean onargarria zen umorea denborarekin ez izatea dela esanez, eta, zentzu horretan, pentsamendu feministak izugarrizko ekarpena egin duela nabarmenduz. Ibarzabalek, kritika horretan murgilduta, argi dauka zeintzuk diren beretzat zapaldu ezin diren marra gorriak:

      Boteretsua mintzea, bai. Nik minik sentitu ez eta beste bat, azpirago dagoen bat mintzea, ez. Hau da, altura bat edo... irudikatzen dut bertikalki moduan. (Labaka, 2018)

      Maite Berriozabalek ere hala dio egindako elkarrizketan, “pertsona bat deseroso sentitzen den momentutik” beharrezkoak direla mugak edo marra gorriak:

      Berdin zait zein gairekin... Ez da generoa bakarrik. Batzuek esango dute “eske arriskatu gabe ez dago umorerik”. Eta egia da. Muga horiek apurtzeko batzuetan hanka sartu beharko da. Eta ados nago. Normalizatuta dauden gauza batzuk desnormalizatzeko lana izan behar da umorearena. Oso ondo, honek egiten dizue kristoren grazia baina niri ez, eta ahaleginduko naiz zuen normalizazio horri barre egiten. (Labaka, 2018)

      Gai honen ifrentzua Lujanbioren eskutik heldu zaigu. Bere hitzetan, sortzailearentzat umorearen muga izan daiteke arbuiatzen duen hori hauspotzea, baina, era berean, politikoki zuzena denarekin ez dago umorerik, umorea justu hori puskatzea baita:

      Politikoki korrektoaren hesiek eta gure kezka etikoek oso konfundituta gauzkaten garai bat dela esango nuke. Delikatua dela transgresio hori gaur egun. Askotan ideologikoki ez dakigu zenbateraino; zenbateraino bai, zenbateraino ez. [...] Genero gaiekin, adibidez, zaila da umorearen pertinentzia detektatzea. Oso testuinguru erosoan edo familiarrean, agian, errazagoa da transgreditzea, baina jendaurrean ez da beti erraza. [...] Gaur egun iruditzen zait jendaurreko jardunetan gure korrekzio politikoaren oso polizia gaudela jarrita denok ere. [...] Lehen, klaro, umorea egin izan da edozeren bizkar eta, batez ere, talde baztertuenen bizkar. Orduan, hori errebisatzen hasi garenez, oso interesgarria da ideologikoki baina, bestetik, umorea egiteko garaian kaiola estua ere bada. Ni behintzat sentitzen naiz askotan ataka horretan: zenbateraino bai, zenbateraino ez. (Labaka, 2017)

      Alberdiren iritziz ere umore klase batek behintzat zerikusi handia dauka zuzentasunik ezarekin. Zapaldua izateak ideologizazio beharra dakar bere aburuz, askatzeko behar duzuna, baina hori bera da momentu batean lotu zaitzakeena. Hau da, hainbeste ari zara hausnartzen zer den egokia, zer ez den, zer den zapaltzailea, zer ez den... non une batean sar dezakezula zure burua oraindik ere kortse estuago batean:

      Geure buruari hanka sartzeko ematen diogun baimena eta komunitate txikian ez onartuak izateko daukagun beldurra aipatuko nuke, horrek ere generoarekin zerikusia daukalako. Iruditzen zait emakumeok, eta emakume feministok, oso gaizki sentiarazi gaituela eta gaitzakeela espazio matxista batean aritu beharrak. Baina, igual, eta batez ere kontzientzia feminista hartu berritan, are beldur handiagoa ematen digu gure komunitate feminista txiki horretatik apartatuak (edo kritikatuak, edo kuestionatuak) izateak. Minoria guztietan gertatzen da. Ardura hartzeak, boterearen mekanismoen kontzientzia hartzeak estutu egin zaitzake, autoexijentziaren zama jar diezazuke gainean, baina ezinbestean igaro beharreko ataka iruditzen zait, hortik pasa gabeko askatasuna ez delako denon askatasuna, besteren bizkar eraikia baizik. (Labaka, 2017)

      Alberdik aipatzen du, gainera, eremuaren arabera, lagun intimoenekin gure kontraesanei azaleratzeko baimena ematen diegula, umore inkorrekto horri toki gehiago eginez. Egizabalek ere, bide beretik, bi dimentsio bereizten ditu sortzeko espazioei edo eremuei dagokienez:

      Bat da publiko aurrean plazan ari garenean darabiltzagun hitzekiko daukagun ardura. Beste dimentsioa da txikiagoa. Askeguneak dira niretzat umorearen bitartez geure buruari barre egiteko edo publikoki inoiz pasako ez genituzkeen muga horiek pasatzeko aukera ematen digutenak... Asko eskertzen dut egotea gune batzuk non marra gorri horiek pasa daitezkeen. (Labaka, 2017)

      Lujanbiok ere arnasgune moduko hauen aipamena egiten du:

      Bertso munduan esango nuke badagoela terreno emankorrago edo landuago bat. Hortik kanpo ni gehien mugitu nauena seguru asko izan da oso leku, oso gune jakin eta konpaktuetan sortzen den umorea. Ez publiko orokorrarentzat egindako umore bat, baizik jende klase edo gune jakin batean egindako umorea, oso kodigo konpartituak dauden leku batean, benetan hautsi dezakezunean korrekzioa... Igual hori da gehien mugitzen nauena. [...] Gero niri pertsonalki ere gertatzen zait estereotipo arrunt horiekin ez naizela batere identifikatu izan: emaztea, senarra, mutila, neska, neskaren rola, neska apaina... Ez dut inoiz nire burua aurkitu. Orduan, sentitzen zara pixka bat umezurtz zentzu horretan. [...] Topikoki badakit detektatzen hor txiste bat dagoela, igual grazia egingo dit baino ez naiz ni identifikatua sentitu. Orduan, igual gune jakinago edo giro konpaktuago batzuetan, bestelako erreferentzia batzuk dauden guneetan... Orduan bai, sentitzen zara identifikatuta. (Labaka, 2017)

      Alberdik, 2018ko elkarrizketan dioenez, argi dauka oholtzaratzen zaren momentutik zure hitzen ardura daukazula baina, hala ere, askatasun osoa eman nahiko lioke umorea egiten ari denari, autore bezala berak ere bere buruari horixe opa diolako:

      Iruditzen zait opa behar diogula elkarri hanka sartzeko aukera eta libertatea zeren, bestela, egingo dugu diskurtso perfektua baina denok egongo gara elkarrekin haserre eta geure buruaren barruan beldurtuta. Nik ez dut nahi horrelako bertsolaritzarik. Hori bai: horrek ez du esan nahi kritikak existitu behar ez duenik. Hanka sartzeko aukera eta erasotzeko inpunitatea ez dira gauza bera. (Labaka, 2018)

      Libertate horrek, noski, ez du kentzen gero analisi —edo gorago Arrietak aipatzen zuen kritika— sakon bat egitea umorez kantatu den horren inguruan.

      Atal honekin amaitzeko, Alberdirengan pisua duen beste kezka bat azaleratzea komeni da:

      Ikusten ditut bertsolari asko diskurtsoak benetan gorputzetik pasa gabe, hau da, pantaila pasa nahian kontraesanetatik igaro gabe eta zauririk batere gabe. Eta iruditzen zait feminismoan ezin dela horrela, denok dauzkagula gure minak, gure kontraesanak, hanka sartu dugula mila aldiz eta, gainera, ez dagoela egia bakar bat. Joaten zarela ertz diferenteak ikusten: batzuetan menderatua zarela, besteetan zuk menderatzen duzula... Eta boterea zure kontra etor daitekeela; zuk ere erabiltzen duzula. (Labaka, 2018)

      Zentzu honetan, feminismoen lanketa egiten ari diren emakume bertsolariek kontraesanak eta hanka sartzeak onartzeko askoz ere entrenamendu handiagoa dutela iruditzen zaio Ibarzabali:

      Gizonezko bertsolariak ematen du perfektuak direla inkluso diskurtsoan. Horregatik dator beldurra. Kontraesanei kantatzeko askoz entrenamendu gehiago daukagu guk, askoz gehiagotan egin dugulako. Eta kontraesanak onartzeko. Iruditzen zait gizonezkoak urte askotan ezkutatu direla “kalitatearen”, “teknikaren” atzean, eta horren arabera neurtu dutela euren burua. (Labaka, 2018)

 

 

[13] Soziologoaren ustez, Charlie Hebdoren kontra egindako atentatuarekin sortu zen aztoramenak, adibidez, agerian jarri zuen umoreak afera nazionalarekin lotura duela ezinbestean, erasoa jaso bazuen neurri handi batean frantziar naziogintzaren oinarrizko printzipio batzuk bultzatzeagatik izan zelako. Astekariarena ez zen salbuespen kasu bat izan, sustraitua dagoen logika baten erakusle baizik.

       Nazioaren eta umorearen arteko harreman hau ez da inondik inora berria, nazio modernoaren eraketan hasten baitira agertzen lotura horren lehen zantzuak:

       “Kultur erreferentzietako asko nazio kulturak berak diseinatuak eta aukeratuak diren bezala, beraz, ulertu behar da umorea zer den eta zer ez definitzerakoan ere nazio estatuak zeresan handia duela, besteak beste, bere autoritatea zilegitzerako orduan oso erabilgarria zaion baliabidea delako”. (2017: 30)

[14] EITBk 2017an ekoitzitako telebista programa.

[15] Barbijaputa aipatzen du berak adibidetzat: http://www.barbijaputa.com

[16] Kazetariak Torrente pelikula espainiarra hartzen du abididetzat.

[17] Ezaguna da, esaterako, Aida telesailean bere zerbitzari hegoamerikarra iraintzen eta zapaltzen zuen taberna-jabea.

[18] Autoreak dioenez, web orri ultraeskuindarretan eskuragarri daude umorearen bidez diskurtso nazia sare sozialetan nola iragazi azaltzen duten eskuliburuak.

[19] Hau are agerikoago bihurtzen du bertsolaritzan bertso bakoitzaren amaieran txalo jotzeko dagoen ohiturak.