Lurraren indarra
Zenbait egile
Lurraren indarra
Zenbait egile
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1991, narratiba
136 orrialde
84-86766-36-2
azala: Joxean Muñoz
Lurraren indarra
Zenbait egile
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1991, narratiba
136 orrialde
84-86766-36-2
aurkibidea
 

Hijodeperra eta txakurra

Ralph Salisbury

Ralph Salisbury: Cherokee-a, Oregon-go Unibertsitateko Ingeles irakaslea da eta «Ghost Grapefruit & Other Poems», «Pointing At The Rainbow», «Going To The Water» eta «Spirit Beast Chant» idatzi ditu. Bere poesia eta ipuinak «New Yorker», «Poetry Northwest», «December», «Transatlantic Review» eta beste aldizkari batzutan publikatu ditu. Portland, Oregonen bizi da.

-Hijodeperra honek dena gogoratzen du.

Aurretik inor hil gabekoa nintzen, baina egin izan nuen momentuan jakin nuen zelan egin.

Lehendabizi muturreko bat eman zion. Eskuen artean bihurtu nion eztarria, suge erraldoi bat bailitzan.

Haren lagunek banandu ninduten. Jo egin ninduten.

Beranduegi. Aho hark ez zuen inoiz berriro aiderik hartuko.

Fusilatu beharrean komando izatera bidali ninduten.

-Gizon honek dena gogoratzen du -esan zuen destinoetako ofizialak kontatu ziotena oroituz-. Eta esku hutsezko hiltzailea da.

Gure artean elkarri hijodeperra deitzea ondo zegoela esan zuten; ziotenez, horrek ez zuen gure amarekin zerikusirik. Arerioari ez geniola guri ezer esaten ere utzi behar, hil egin behar genuela, baina gure artean elkarri irainka ibiltzea, praktikatzearren baizik ez zela, armekin egin ohi genuen bezala.

Argitu aurretik eta ilundu ondoren praktikatzen genuen.

Labanak, pistolak, errifleak, metrailadoreak, morteroak, roketa jaurtigailuak, minak, iparrorratza-mapak-irratia erabiltzen ikasi nuen. Helikopteroa eramaten ere bai, pilotoa hiltzen zuten kasurako. Lehendik nekien baino hobeto ikasi nuen zuri jendearen hizkuntza. Arerioaren hizkuntza ikasi nuen.

-Hijodeperra honek dena gogoratzen du -esaten zuten instrukzioko sargentuek.

Entzuna zuten nire istorioa eta gogokoa zuten praktikatzea.

-Zuek, hijodeperrok, irakasle onak zarete eta -esaten nien.

-Burrukarik ere ez du sekula egin eta -esan zien gure amak nire bila etorri ziren soldaduei-. Ez da emakume batekin sekula egon. Bere aita gerlateko lehen urtean hil zuten. Hamazazpi urte baino ez dauka.

-Berdin dio -esan zion kaboak gure amari-. Datorren urtean hamazortzi izango ditu. Horrenbeste bizi bada. Eta honela ez dugu bere bila itzuli beharrik izango.

Oso pozik nenbilen ikasi nituen gauza guztiekin.

-Denek ikasiko balute hijodeperra honek ikasten duen bezain azkar, garaile ginateke urte alu hau amaitu baino lehenago -kontatu zion nire taldeko sargentoak ofizial begiraleari.

-Gizon ona -esan zuen ofizialak. Bere dominak balak bezain distiratsu ageri ziren. Ile eta bibote zuriak zituen. Arrano distiratsu tipiak zituen sorbalda gainekoetan. Nagusietako bat zela susmatu nuen, jakina.

-Kontatu didate ez azkarra bakarrik, apala ere bazarela, nahiz eta hijodeperra samarra -egin zuen irri ofizial zaharrak.

Irria itzuli nion:

-Kontatu didate hijodeperra gezurti eta nazkagarri itzel bat zarela jauna -esan nion.

Sargentoak soinu tipi bat egin zuen, irmo egon beharra zuen arren. Ez nuen sekula pentsatuko sargentu batek huts bat egin zezakeenik.

Ofizial begiraleak ez zuen tintik ere esan une luze batez. Ekaitz handi baten aurretik bezala zen, isiltasuna handia izaten da, haizea izango den bezain handia. Hiriko soldadua jo eta hiltzeraino ito nuen aurretik bezala zen.

Orduan ofizial begiraleak urdailean jo zuen sargentoa, baina entrenamenduko kolpea besterik ez zen izan.

-Atera gizon hau instrukziotik eta bidali misio batetara.

Behin misio batetarako izendaturik, hiria gauez bisitatzen utzi zidaten. Urduri nenbilen hasieran. Dena gogoratzen nuela esan ba zuen, hiriko soldadua zegoen tren geltokitik kale guztiak gogoratzen nituelako zen.

Baina orain denaondozegoen, lagunak nirekin zetozen eta. Gure diru atal bat emakumetan eman genuen, eta emakumeek ez zuten inoiz galdetzen ez gure familia zein zen, ez ezer. Oso erraza zen. Problemarik ez. Atsegin zitzaidan guzti hori.

Gau batean nire ekialdetar lagun batek itsuskeriaren bat esan zion andere zuri bati, eta gero neskak «indio hijodeperra» deitu zidan.

-Ez egiozu indio deitu. Soldadua da. Eta zu puta bat -erantzun zion nire lagun beltz batek. Ez zebilen praktikatzen. Eta neska ere ez zen praktiketan ibili. Horrez gero ez nuen hain gogoko.

Azkenik ikasi nuen «perra» zakur emea esan nahi duela giza zurien hizkuntzan. Soldadu batzuk arratoi txakur bat eraman zuten basera mozkorturik zeuden gau baten, eta biharamunean jende guztiari aitzurra pasatu ostean, txakurra tiro praktikarako erabiltzea pentsatu zuten. Baina txakurrak aurreko hanka eskeintzen segitzen zuen, atzeko hanketan zutitzen, biribilkatzen, bere hanka tipiñoekin begiak estaltzen, eta, azkenean, txakurrari maina horiek baten batek erakutsi zizkiola ikusi zuten, mutikoren batek seguraski, eta pitxar batetik garagardoa edaten erakutsi zioten, zigarroari xurgada batzu ematen, bai eta, handitu ondoren, mortero proiektil bat haginen artean jaso eta hodian uzten ere; orduan esan zuten zakurra komando bat zela eta honela jarri zioten izena, Komando.

Soldadu batzu «ekarri» jolasera ari zirelakoan, haiek botatako granada itzuli zuenean, sargentoak, granada bigarren bider nahikoa urruti jaurtikitzea lortu zuenak, Komandoren entrenamendu militarreko amaiera agindu zuen. Txakurrak soldado beteranoak bezala etsi zion. Hurbil asko egon zen granada bi aldiz ekartzetik, eta harrez gero ezarian aldegiten zuen soldadu berri inozoren bat egur zatia jaurtikitzera eskeintzen zitzaion guztietan.

Komandok garagardoa edaten zuen, baina zigarro ketsu batek balantzaka uzten zuen bere lagunaren eskutik baseko azken muturrera joateko. Herrira joaten eta gaueko itzuliaren ondoren basera bueltatzeko autobusa non hartu behar zuen irakatsi zioten.

-Gure Komando gizajoak bonbaketaren sindromea dauka. Guda nekea ere hartu du. Motibaziorik ere ez du. Baina edaten eta emetan handia da oraindik.

Orduantxe ikasi nuen «perra» delako hori ez zela zuri jendearen iraina soilik.

Granada-ekarriaren jazoera baino lehentxoago hasi nintzen entrenatzen, baina ez nengoen granada jaurtikitokian eta horrezaz entzun baino ez nuen egin, Komandoren txakurkume garaiaz entzun baino egin ez nuen bezala.

-Zu hasi zinen garaian-edo amaitu zuen entrenamentua -egin zuen barre lagun batek-. Beharbada txakur hau bezain argiak izan beharko genukeen guk denok, zoroarena egin, arerioren batek akabatu baino lehenago.

Horrela ez ginela mintzo behar eta talde arrunteko beste soldaduek komando soldaduaren uniformea ezagutu eta bakean utzi behar izaten zuten, baina gau baten baserako autobusa hartzeko nengoela, hauxe esan zidan soldadu zuri batek, «kendu hortik, indioa, eta utzi zaldun honi autobusa zure aurretik hartzen». Komandoren zain gera nendin esan nahi zuen, hain zuzen ere, nire atzetik zetorren eta autobusera sartzeko.

Nire lagun beltzek soldadu jostalaria oratu, barrabiletan jo eta espaloian utzi zuten makur inguruka.

-Gizon hau ez da indioa, hijodeperra hori komandoa da. Ez ahaztu inoiz hori.

«Komando» entzunik, soldadu beltzaren ondora joan eta irmo jarri zen Komando, irakatsi zioten bezala.

-Atseden, Komando, ar! -egin zuen barre soldadu beltzak, Komandok buelta eman zuen, atzeko hanka agur eginez altxatu eta txisa egin zion buru gainean artean espaloian itzul inguruka ari zen soldadu arruntari.

Likido epela sentitu zuenean, esku bat izterrartetik atera eta buru gainean jarri zuen soldaduak, belarrondoko errime baten zain dagoen eskolaumea bezala.

Kupida izpi bat sentitu nuen beragatik, baina banekien «indio» deitu ninduenean ez zebilela praktikatzen, hil nuen soldadua praktikatzen ez zebilela jakin nuen bezala, tipia zenetik esan ohi zuen zerbait esaten ari zela baizik.

Banekien, jakin ere, soldadu beltza ez zegoela zuzen. Ni komandoa nintzen, bai, baina artean indioa nintzen. Baina ikasia nuen ordurako hitzek denbora desberdinetan jende desberdinentzat esangura desberdinak dituztela.

-Arerioa.

Bi egun baino ez ziren nire lehen komando misiotik itzulia nintzela. Zazpi lagun hil nituen, sei errifleaz, bat labanaz. Domina bat ere eman zidaten. Eta asteko gau guztietan hirira joateko baimena. Nire hiru lagunak mina batean lehertu ziren.

-Mozkortu zaitez haien partez. Etzan zaitez haien partez. Bizi hainbat ongien -zioen baseko psikiatrak-. Hori da bide bakarra.

-Arerioa.

Komando eta biok bakarrik geunden autobusaren geltokian zain, baina ilun zegoen, kale guztiak bezala, argirik gabe bonba hegazkin etsaiak erakartzeaz gordetzearren. Ingurura begiratu nuen ea zein bildu zitzaigun ikusteko, baina Komandoren ahoa besterik ez nuen ikusi mugitzen.

-Txisa egin nion soldadu sasijakintsu hura zuzen zegoen -esan zuen Komandok-. Indioa zara. Lurra ulertzen duzu. Natura ulertzen duzu. Animaliak ulertzen dituzu. Esaten ari naizena ulertzen duzu eta badakizu ez nabilela adarra jotzen.

Argi samar zegoen gau freskoan eta pentsatu Komando bera ez zebilela oso oker pentsatu nuen, baina ordurarte ez nuen inoiz entzun txakur bat zurien hizkuntzan mintzatzen. Lehenago nire lagun hilen ahotsak entzuten nituen. Ez nengoen oso seguru txakurra zelan entzuten nuen. Eta ez zuen ematen oso zuzena modu normal batez erantzutea.

-Zenbat urte dituzu? -galdetu zuen Komandok.

-Hamazazpi.

-Hamazortzi izatea nahi duzu?

-Noski baietz -ingurura begiratu nuen baina ez nuen inolako zalantzarik nori ari nintzaion entzuten. Seguru egon nahi nuen, ez zedin inor etorri eta ni txakurrarekin solasean harrapatu.

-Denek esaten dute zein argia naizen autobusa non eta zelan hartu ikasiagatik -esan zuen Komandok-. Eta denek esaten dute zein azkar ikasten duzun -esan zidan Komandok-. Zer dira bi beltz gehi ekialdetar bat gehi hamazazpi urteko indio bat?

Banekien isiltasuna zela erantzuna, baina Komandok segitu egin zuen:

-Zerrendako misio arriskutsuren baterako aukeratu taldea.

Ez nion arrapostu.

-Beraz, zer izan gura duzu, harroa eta ergela eta hilik, edo zoroa eta bizirik?

Autobusa ailegatu zenean, Komando igon zen lehena eta azken jarlekura jo zuen artez. Hara joan nintzen ni ere, baina ez zen solas gehiagorik egon.

Biharamunean, burrukaz galdeketa gehiagoren berri ematera joan beharrean, zimentoz estalirik edo belarra ile mozketa militarra bezain labur mozturik ez zuen zati bakarrera joan nintzen, tiro zelaira.

Era sakratuan zabal lurrean, bufalo zuri iletsua osatzen zuten hodeietara begiratu eta otoitz egin nuen nire azpiko harriak bigundu artean.

-Utz ezazue bakean -esan zuten hasieran-. Misio gogor bat izan du. Ohitura indio batzutan ari da. Osatuko da.

Baina tiro-praktikako denbora iritsi eta baten batek handik arrastaka edo atera behar ninduela esan zuenean, bestelako zerbait esan zuen sargentoak.

Ordutan ibil ziren balak nire gainean, eta nire lagunak mina zelaira korrika joatera bultzatu zituzten balez gogoratu nintzen, eta Komandoren lehen hitza: «Arerioa».

Tiro praktika ondoren motibo gutiago zegoen handik mugitzeko.

Zazpi egunetan egon nintzen baraurik. Zazpi egunetan egon nintzen otoitzean.

Barrenera eraman nindutenean, baseko psikiatrak jakitun irri bat egin zidan, eta test zenbaiten ondoren irri egin zuen berriro, kutxa batetik txartel bat atera eta ordutik aurrera kapilauaren laguntzailea izango nintzela esan zidan.

-Kristaua zara? -galdegin zidan kapeilauak.

-Ez.

-Berdin dio -esan zuen-. Egin ezazu esaten dizudana.

Esaten didatena egiten dut. Nabardura guztiak gogoratzen ditut. Eta hamazortzi urte ditut dagoeneko.