Zaindaritza zorrotza - Lau orduz Xatilan
Zaindaritza zorrotza - Lau orduz Xatilan
Jean Genet
itzulpena: Mikel Antza
1991, antzerkia - kronika
92 orrialde
84-86766-35-4
azala: Joxean Muņoz
Jean Genet
1910-1986
 
Zaindaritza zorrotza - Lau orduz Xatilan
Jean Genet
itzulpena: Mikel Antza
1991, antzerkia - kronika
92 orrialde
84-86766-35-4
aurkibidea

Aurkibidea

Atarikoa, Iñigo Aranbarri

Zaindaritza zorrotza

 

 

Lau orduz Xatila-n

 

                        «Xatilan, Sabran, judutar ez diren batzuk

                        judutar ez diren beste batzu masakratu dituzte,

                        zertan izan liteke hori gure afera?»

                                            Menahem Begin (Knesset-ean)

 

Ez inork, ez ezerk, ez narrazioaren inolako teknikak ezin esan izango du, Jordaniako Jerash eta Ajlun mendietan, feddaiek igaro zituzten sei hilabeteak, are gutxiago haien lehen asteak zer izan ziren. Bestek burutua dute gertakizunen balantzea, kronologia, PAEren garaitza eta errakuntzen berri emanez. Giroa, ortzearen kolorea, lurraren kolorea eta zuhaitzena, esan liteke esan, baina inolaz ere ez mozkorraldi arin hura, hautsaren gaineko ibilkera, begien distira, feddaien arteko, eta bai eta beraiek eta beraien buruzagien arteko harremanen gardentasuna sentiarazi. Zuhaizpeetan guztia dardarti zegoen, guztiak dardarti zeuden, irribartsu, guztientzat hain berri zen bizitzaz zoraturik, eta dardar horretan estrainoki tinko, adi, gordea zen zeredozer, deus erran gabe otoitzean ari den norbait bezain babestua. Guztia guztiena zen. Norbera bere baitan bakarrik zegoen. Eta agian ez. Azkenbatez irribartsu eta artega. Hautu politiko baten arabera erreplegatu zireneko Jordaniako eskualdea, luzeran, Siriako mugatik Salt-eraino zihoan perimetroa zen, Jordan ibaiak eta Jerash-etik Irbid-erako bideak mugatua. Luzera horrek hirurogeiren bat kilometro hartzen zituen, barnekaldera berriz, hogei, pinuz, jordaniar herrixka eta nekazaritza txiroz estaliriko eskualde arras menditsu batetan barrena. Basoen eta kamuflaiazko denden babesean feddaiek borroka taldeak eta arma-arin eta erdi-astunezko unitateak kokatu zituzten. Artileria, batez ere, jordaniarren ezein operazioren aurka zuzendu bezain pronto, gudari gazteek armak zaintzen zituzten, garbitzeko desmontatu, koipea eman eta ziztu bizian montatzen zituzten. Beste batzuk begiak estalirik armak desmontatu eta montatzeko balentria burutzen zuten, gau ilunean beretsu egitearren. Gudari bakoitzaren eta bere armaren artean hartueman maitakor eta majiko bat ehundu zen. Feddaiek nerabetzaroa duela gutxi iragan zutenez, fusilak, arma zenez geroz gizontasun garailearen zeinu izanik, izatearen ziurtasuna zemaien. Agresibitatea desagertzen zen: irribarreak hortzak erakusten zituen.

        Gainerantzean, tea edaten zuten feddaiek, beren buruzagiak eta aberats jendeak, palestinar izan hala ez, kritikatzen zituzten, Israel iraintzen zuten, baina batez ere iraultzaz ziren mintzo, burutzen ari zinenaz eta hastear zegoenaz.

        Niretzat, «Palestina» hitzak, izenburuan, artikuluaren baitan, panfleto batetan agertzen delarik ere, feddaiak leku zehatz batetan —Jordanian— eta erraz koka daitekeen garai batetan —70eko urria, azaroa, abendua, 71ko urtarrila, otsaila, martxoa, apirila— ekartzen dizkit gogora. Une horretanxe ezagutu nuen nik palestinar Iraultza. Gertatzen zenaren ebidentzia ezohizkoak, izatearen zorion horren indarrak ere edertasuna darama izentzat.

        Hamar urte igaro ziren eta ez nuen deus jakin haietaz, feddaiak Libanon zeudela salbu. Europako prentsa erraz, mespretxuz ere, mintzo zen palestinar herriaz. Eta bapatean, Beirut-Sartaldea.

 

 

Bi dimentsiotako argazki bat, telebistako pantaila, ezin bata zein bestean zehar ibili. Kaleskaren horma batetik bestera, uztaiturik edo sabel eginez, oinak pareta bat bultzatu eta burua bestean zurkaiztua, beltz eta puztu, gainditu behar nituen gorpuak oro ziren palestinar eta libaniarrenak. Hala niretzat nola geratzen zen biztanlegoarentzat, Xatila eta Sabran ibiltzeak salto-jokoaren antza zuen. Haur hil batek kaleak itxi ditzake, hain dira estuak kaleak, kasik meharrak eta hildakoak hain ugariak. Zalantzarik gabe hildakoen usaina ezagun zaie zaharrei: ez zidan enbarazurik egiten. Baina makina bat euli. Buru baten gainean ezarria zegoen painelu edota arabiar egunkari bat altxatzen nuenean, asaldatu egiten nituen. Nire keinuak amorrarazirik, multzoka zetozkidan esku gainera eta bertan elikatzen saiatzen ziren. Berrogeitamar edo hirurogei urteko gizon batena zen ikusi nuen lehen gorpua. Ilezuriko koroa bat zukeen baldin eta zauri batek (aizkorakada batez egina, nire irudiko) burezurra ireki izan ez balio. Burmuin zati bat, beztuta, lurrean zetzan, buruaren alboan. Gorputza odol putzu beltz eta koagulatu batetan etzanik zegoen. Gerrikoa itxi gabe zeukan, botoi bakan batek eusten zien galtzei. Hildakoaren oin eta hankak bilutsik zeuden, beltz, more, malbakara: gauez ala egunsentiarekin harrapatu zuten? Eskapo egiten? Kuwaiteko Enbaxadaren aurrean dagoen Xatilako kanpamenduko sarrera horretatik sartu eta segituan eskuinera dagoen kalexkan zegoen etzanik. Erabateko isiltasunean edota marmar artean burutu ote zen bada Xatilako sarraskia, israeldarrek, soldadu edo ofizialek berdin, deus entzun ez zutela diote eta, eraikuntza horretan zeudelarik asteazken arratsaldeaz geroztik, ezeri susmorik hartu ez?

        Argazkiak ez ditu euliak atzematen, ez eta heriotzaren usain zuri eta lodia. Argazkia ez da mintzo gorpu batetik bestera joaterakoan egin beharreko jauziez.

        Hildako bati arretaz begiratuz gero, zerbait harrigarri jazotzen da: gorpuaren bizitzarik eza gorputzaren erabateko ausentziaren pareko da, edota hobe, beronen etengabeko urruntzearen pareko. Hurbilduz gero ere, uste izaten da, ez dugula sekula ukituko. So eginez gero. Baina gorpuaganantz eginiko keinua aski da, gorpuaganantz makurtzea aski, besoa mugitu, hatz bat, eta bapatean bertan dago, lagunkoi kasik.

        Amodioa eta heriotza. Bi hitzok oso azkar elkartzen dira bata idatziz gero. Xatilara joan behar izan dut amodioaren lizunkeria eta heriotzaren lizunkeria hautemateko. Gorputzek, gorpuek, bi kasutan, ez dute deus gehiago ezkutatzekorik: jarrera, kontorsio, keinu, zeinu, isiluneak ere mundu batekoak zein bestekoak dira berdin. Hogeitamabost urteko gizon baten gorpua ahozpez etzanik zegoen. Gorpu osoa, eguzkitan eta usteltzearen kimikaren eraginez, giza antzeko maskuri bat baitlitzan zegoen puztua, galtzak tenk, ipurmasail eta izterretatik lehertzeko zorian. Ikusi ahal izan nuen aurpegi zati bakarra beltz eta more zegoen. Belaunaren gainean, hanka tolestuan zauri bat ageri zen, oihal zartatuaren azpian. Zauriaren iturburua: baioneta? labana? aiztoa? Euliak zaurian eta zauri inguruan. Burua angurri —angurri beltz— bat baino haundiagoa. Bere izenaz galdegin nuen, musulmandarra zen.

        —Nor da?

        —Palestinarra, erantzun zidan frantsesez berrogeiren bat urteko gizon batek. Ikus ezazu zer egin duten.

        Oinak eta hanken parte bat estaltzen zituen estalkia altxatu zuen. Zango-sagarrak bilutsik, beltz eta puztuak zeuden. Oinak, lotu gabeko bortzegi beltzez jantziak, eta txonkatila biak hiru bat metrotako luzera zuen korda sendo batez —begien bistakoa zuen sendotasuna— estuki, oso estuki lotuak. S. andereak (amerikarra) zehazki argazkiratu ahal zezan moduan paratu nuen korda. Berrogei urteko gizonari galdegin nion aurpegia ikus nezakeenez.

        —Nahi baduzu, baina zerorrek ikus ezazu.

        —Buruari buelta ematen lagunduko didazu?

        —Ez.

        —Korda horretatik tiraka ibili al dute kaleetan zehar?

        —Ez dakit.

        —Nork lotu du?

        —Ez dakit, jauna.

        —Haddad komandantearen gizonek?

        —Ez dakit.

        —Israeldarrek?

        —Ez dakit.

        —Kataeb-ekoek?

        —Ez dakit.

        —Ezagutzen al zenuen?

        —Bai.

        —Hiltzen ikusi duzu?

        —Bai.

        —Nork hil du?

        —Ez dakit.

        Hildakoagandik eta nigandik azkar samar urrundu zen. Urrutitik begiratu zidan eta trabeskako kaleska batetik desagertu zen.

        Zein kaleskatatik abiatu orain? Berrogeitamar urteko gizonek, hogei urteko gazteek, bi arabiar atsok erakartzen ninduten, bere izpietan ehundaka hildako gordetzen zituen haize-arrosa baten erdigunean nengoela iruditzen zitzaidan.

        Ondorengo hau idazten dut, kontakizunaren puntu honetan zergatik egiten dudan ongi ez dakidala: «Frantsesek zapore gabeko "lan zikina" espresioa erabiltzeko ohitura dute, bada, israeldarren armadak Kataebekoei edota Haddadenei "lan zikina" eskatu dieten moduan, laboristek Likoud, Begin, Sharon, Shamirren bidez "lan zikina" eginarazi dute». R.-ren hitzak dira, palestinar kazetaria, Beiruten oraindik, irailak 19a, igandez.

        Erdigunean, beraien alboan, torturaturiko biktima guztien artean, nire izpirituak ezin bazter dezake «ikuskizun ikustezin» hau: nolakoa zen torturatzailea? Nor zen torturatzailea? Badakusat eta ez dakusat. Begien parean dut eta ez du sekula, eguzkitan euli saldoek landutako hildakoen keinu grotesko, jarrera eta moldeek diseinaturiko tankera besterik izango.

        Libanon separazio indarra osatzen zuten amerikar marineak, frantziar parak, italiar bersaglieriek (egun biko atzerapenez itsasoz iritsi ziren italiarrek Hercules abioietan ihes egin zuten!), aldegite ofiziala baino egun bat edota hogeitamasei ordu lehenago, eskapoan bezala, eta Bexir Gemayelen hilketaren bezperan, hain fite aldegin badute, hain oker al daude palestinarrak Kataebekoen etxearen eztandari nahasirik zeudelakoaren itxura ez ematearren, amerikarrak, frantsesak, italiarrak ziztu bizian ospa egin behar zela aurretik jakinaren gainean ote zeuden galdetzen dutenean?

        —Azkar asko eta laster asko aldegin dute eta. Israel harro dago eta gatazkarako ahala, engaiamenduen prestakuntza, baldintzak bere probetxurako erabiltzeko, baldintza horiek sortzeko abilezia loriatzen ditu. Ikus dezagun: PAEk gorespen artean aldegiten du Beirutetik, greziar itsasuntzi batetan, itsas-eskolta batez. Bexirek, ahal bezain ezkutuka, Begini bisita egiten dio Israelen. Hiru armaden (amerikar, frantses, italiar) interbentzioa astelehenean amaitzen da. Asteartez Bexir erahiltzen dute. Tsahala asteazken goizean sartzen da Beirut sartaldean. Portutik baletoz gisa, israeldar soldaduak Beiruterantz igotzen zihoazen Bexirren lurperatze goiz berean. Nire etxebizitzako zortzigarren estaiatik, prismatikoz, ilaran iristen ikusi nituen: ilara bakarra. Harriturik nengoen beste ezer ez gertatzeaz, zeren ikusmiradun fusil on batek guztiak akaba zitzakeen. Beren gogorkeria zekarten aitzindari.

        Eta tankeak atzetik. Ondoren jeepak.

        Ibilaldi luze eta goiztiarrak nekaturik, Frantziako enbaxada inguruan gelditu ziren, tankeak aitzinera joaten utziz, Hamra-ra deblauki sartuz. Soldaduak, hamar metroko tartea utziz bata eta bestearen artean, espaloian eseri ziren, fusila aurrera apuntatuz, bizkarra enbaxadako horman. Gorputz-enbor aski haundia, beren aurrean bi hanka luzatu zituzten boak zirela iruditzen zitzaidan.

        «Israelek hitza emana zion Habibi, amerikar ordezkariari, ez zela Beirut-Sartaldean sartuko eta batez ere palestinar kanpamenduetako populazioa errespetatuko zuela. Arafatek oraindik ere gordetzen du Reaganek agintza bera egin zioneko gutuna. Habibek Israelen zeuden bederatzi mila presoren askatasuna agindu omen zion Arafati. Ostegunez Xatila eta Sabrako sarraskiak hasi ziren. Israelek kanpamenduetara ordenua ekarriz ekidin nahi omen zuen "odolaldia"!...» derasat idazle libaniar batek.

        «Erraza izango zaio Israeli salaketa orotik libratzea. Europar egunkari guztietako kazetariak beren errugabetasuna agertzen ari dira jadanik: nehork ez du esango ostegunetik ostiralera eta ostiraletik larunbatera bitarteko gauetan hebraieraren mintzoa entzun zenik Xatilan». Hau da beste libaniar batek derasadana.

        Palestinar emakumea —zeren ezin bait nuen Xatilatik atera gorpu batetik bestera joan gabe eta antzara-joko horrek ezinbesteko mirari hau erakarriko zuen: Inmobiliaria-guduz lurrarekin berdindutako Xatila eta Sabra, hilerri hain launean berreraikitzearren— palestinar emakumea adinekoa zen ziuraski, ile urdinak zituen eta. Bizkarraren gainean etzanda zegoen, nahitarat edo bertan behera utzita, harri xapal, adreilu, burni-okerren gainean, erosotasunik gabe. Hastapenean, eskumutur batetik bestera zihoan eta beso biak zabalik, gurutzaturik bezala mantentzen zituen korda eta oihalezko treza batek harritu nau. Ortzerantz begira zuen bisaia beltz eta puztuan, aho zabal, euliek beztuan, arras zuri iruditu zitzaizkidan hortzak ageri ziren, giharre bat bera ere mugitu gabe, edota keinuka edota irribarreka edota garrasi isil eta etengabe batez garraisika egiten zuen bisaia. Galtzerdiak artile beltzezkoak zituen, soinekoak, lore arrosa eta grisezkoa, apur bat altxatua edota motxegia, ez dakit, zangosagar beltz eta puztuen goikaldea ikusten uzten zuen, betiere ageri ziren malbakara tinda leunak masailetako malbakara eta morearen pareko ziren. Ubeldurak al ziren edota eguzkipetako usteltzearen berezko ondorio?

        —Kulataz jo al dute?

        —Begira, jauna, begira bere eskuak.

        Ez nintzen ohartua. Bi eskuetako hatzak zabalduak zituen eta hamar hatzak lorazain artaziz moztuak bezala zeuden. Soldaduek, haurren modura irri eginez eta pozarren kantatuz, artazi hori aurkitu eta erabiltzearekin jolas egin zuten ziuraski.

        —Begira, jauna.

        Hatz punttak, hatz-hezurtxoak, azkazalekin, hautsartean zeuden. Berez, hanturarik gabe, hildakoen sufrikarioa erakusten zidan gazteak, oihal zati bat jarri zuen palestinar emakumearen bisaia eta eskuen gainean, eta kantoi zimurtu bat hanka gainetan. Jada ez nuen euliek hegaldatzen zuten oihal arrosa eta gris multzo bat baino ikusten.

        Hiru gaztek kaleska batetara eraman ninduten.

        —Sartu, jauna, gu kanpoan izango gaituzu zain.

        Lehen gela, bi estaietako etxe batetik geratzen zena zen. Gela aski lasaia, abegikorra are, zorion-saioa, agian zorion erreusitua burutua zuten enparauekin, horma zati suntsitu batetan geratzen zen koltxoi hondarrekin, hasieran hiru besaulki zirela uste izan nuenarekin eta izatez kotxe baten hiru eserleku zirenak (txatarrarako mercedes batenak agian), diseinu estilizatuzko eta kolore biziko lorezko oihalezko burukoak zituen kanapea, irrati aparailu isila, bi kandelargi itzali. Gela aski lasaia, kaskilozko alfonbra izanagatik ere... Ate batek danba egin zuen haize bolada baten eraginez bezala. Kaskilo gainean ibili nintzen eta beste gelarantz zabaltzen zen ateari bultzatu nion, baina indar egin behar izan nuen: kainaberazko oinetako baten orpoak ez zion bide ematen ateari, bizkarraren gainean etzandako gorpu baten orpoa, ahozpez etzandako beste bi gizonen gorpuen alboan, eta guztiak urregorrizko kaskilo alfonbra baten gainean atseden hartuz. Kaskiloen erruz erortzeko zorian egon nintzen maiz.

        Gela honen hondoan, beste ate bat zegoen zabalik, sarrailarik gabe, krisketarik gabe. Hildakoen gaindi igaro nintzen amildegien gaindi bezala. Gelan, ohe bakarrean metatuak, lau gizonen gorpuak zeuden, bata bestearen gainean, norberak azpian zuena babesteko kontu egin izan balu bezala edota usteltze aldiko sugar erotiko batek harrapatu izan balitu bezala. Ezkutu multzo horrek usain sarkorra zuen, ez zen kiratsa. Usainak eta euliak, nirekin ohiturik zeudela iruditu zitzaidan. Ez nuen ausiabartza eta lasaitasun horretako ezer asaldatzen.

        —Ostegunetik ostiralerako gauean, ostiraletik larunbaterakoan eta larunbatetik iganderako gauetan ez dute inor gau-beilan izan, pentsatu nuen.

        Eta halere nire aurretik hildako horien ondotik eta beren heriotzaz geroz norbait igaro zela iruditzen zitzaidan. Hiru gazteak etxetik nahiko urrun nituen zain, painelua sudurretan.

        Orduan izan zen, etxe horretatik ateratzerakoan, kasik irribarrea eragin zidan bapateko eroaldi arin bat sentitu nuen. Nirekiko esan nuen sekula ez zela aski zur eta aski zurgin izango hainbat hilkutxa egiteko. Eta, zergatik hilkutxak? Hildakoak, bai gizonezko zein emakumezkoak, musulmandarrak ziren oro, hil-mihisetan josi ohi dituztenak. Zenbat metro beharko ziren hainbat hildako lurperatzeko? Eta zenbat otoitz. Toki horretan falta zena, ohartu egin nintzen, otoitzen neurria zen.

        —Zatoz, jauna, zatoz fite.

        Oihal zurizko metroak zenbatuarazi zidan bapateko eta une eskas bateko eroaldi horrek nire ibilkerari azkartasun kasik alegera eman ziola idazteko ordua iritsi da, eta iturburua bezperan palestinar emakume lagun batek kontatutakoan bilatu behar dela agian.

        —Giltzak ekar ziezazkidaten zain nengoen (zein giltza: bere kotxekoak, etxekoak, ez dakit giltza hitza baino gehiago), agure bat igaro zen lasterka. —Nora hoa? —Laguntza bila. Ehortzailea naiz. Hilerria bonbazkatu dute. Hilen hezurrak agerian dira. Laguntza behar dut hezurrak jasotzeko.

        Laguna, nik uste, kristaua da. Oraindik ere dio:

        «Hutsune-bonbak —inplosiozkoa deritzanak— berrehun eta berrogeitamar pertsona hil zituenean, kaxa bakarra baino ez genuen. Eliza ortodoxoko hilerrian guztientzako hilobi bakarra zulatu dute gizonek. Kaxa betetzen genuen eta bertan hustutzen. Bonbenpean egin dugu joanetorria, gorpu eta soinadarrak ahal bezala bereiziz».

        Hiru hilabete baziren eskuek zeregin bikoitza zutela: egunez heldu eta ukitu, gauez ikusi. Elektrizitate etenek behartzen zuten itsu-heziketa hori, egunean bi edo hirutan marmore zurizko akantilatua, eskileraren zortzi estaiak, eskalatzera behartzen zuten bezala. Etxeko ontzi guztiak urez bete behar izan genituzkeen. Telefonoa moztu egin zuten Beirut-Sartaldean sartu zirenean: israeldar soldaduak eta beraiekin hebraierazko inskripzioak. Bideak ere moztu zituzten Beirut inguruan. Merkeba tankeek, inoiz ez geldi, hiri guztia zaintzen zutela adierazten zuten, baina aldi berean eraso-helburu finkoa izatearen izua soma zitekeen barruan zihoazenengan. Zalantzarik gabe Beirut-Sartaldeko sektoreetan gera zitezkeen morabitunen eta feddaien ekintzen beldur ziren.

        Israeldar armada sartu zeneko biharamunean preso geunden, baina iruditu zitzaidan inbasoreenganako beldurra baino mespretxua haundiagoa zela, izua baino narda eragiten zutela. Ez zen barre edo irribarre zegien soldadurik. Ez ziren arroz eta lorezko agur garaiak.

        Bideak moztuak, telefonoa isil, lekoreko munduarekiko komunikazio gabe nengoenetik, lehen aldikotz ene bizian palestinar bilakatu nintzen eta Israel gorrotatu nuen.

        Kiroldegian, Beirut-Dimaxk bidetik hurbil, abioien bonbazketa etengabeak kasik suntsitutako estadioan, libaniarrek arma piloak entregatzen zizkieten israeldar ofizialei, itxuraz, nahitarat kaltetuak guztiak.

        Ni nagoen apartamenduan norberak bere irrati aparailua du. "Kataeb Irratia", "Morabitunes Irratia", "Amman Irratia", "Jerusalem Irratia" (frantsesez), "Libano Irratia" entzuten da. Zalantzarik gabe gauza bera egiten dute apartamendu guztitan.

        «Korronte askok lotzen gaitu Israelekin, bonbak, tankeak, soldaduak, fruituak, barazkiak ekartzen dizkigute korronte horiek; Palestinara eramaten dituzte gure soldaduak, gure haurrak... jadanik eteten ez den joanetorrian, beraiek dioten lez, Abrahamez geroztik gaude haiei loturik, bere leinuan, bere hizkuntzan, jatorri berean...» (palestinar feddai batek). «Azken finean, jarraitzen du, inbaditzen gaituzte, lodiarazten gaituzte, itotzen gaituzte eta musukatu nahi gintuzkete. Gure lehengusuak direla diote. Oso tristatzen dira beraiengandik aldentzen garela ikusterakoan. Amorraturik daudeke gurekin eta beren buruekin ere».

 

Zailtasun ugari sortzen du iraultzaileak edertasuna berezko duela dioen esaldi horrek. Jakina da —hala omen da— antigualeko giro zorrotzetan bizi diren haur eta nerabeek, feddaien edertasunaren aski antzeko den bisaia, gorputz, mugimendu eta begirada edertasuna dutela. Honokoa izan daiteke arrazoia: ordenu zaharkituak pitzatuz larruazal hilak trabeskatuz askatasun berriak bide egiten du, eta aiton-aitek nekez itzali ahal izango dute begietako distira, lokietako taupada, zainetako odolaren poza.

        Palestinarren baseetan, 1971ko udaberrian, feddaien askatasunak pizten zuen basoan, edertasuna zoliki hedatzen zen. Edertasun desberdina zen kanpamenduetakoa, itoagoa, haur eta emakumeen erregetzak ezarria. Kanpamenduek guda-basetatik zetorren argi moduko bat jasotzen zuten eta emakumeei dagokionez, beren distiraren arrazoia bilatzeak eztabaida luze eta korapilatsua eskatuko luke. Gizonek baino areago, are borrokan ari ziren feddaiek baino gehiago, palestinar emakumeek erresistentziari eusteko eta iraultza baten berrikuntzak onartzeko adina indartsu ziruditen. Beraiek jadanik ohituren agindua hautsi zuten: begirada zuzena gizonen begiradaren euskarri, aurpegi-estalkiaren errefusa, ileak begienbistan batzutan deus gabe, marrantarik gabeko ahotsa. Beren lehen urrats motz eta prosaikoena, ezagutzen ez zuten baina beren askatasuna bainu gisa eta gizonena harrotasun argitsu gisa aurresentitzen zuten ordenu berri batetarantz zihoan abiada baten zati zen. Heroien emazte eta ama bilakatzeko prest zeuden, beren gizonen emazte eta ama zirelarik jadanik.

        Ajlungo basoetan, feddaiek neskekin amets egiten zuten agian, baina irudi luke norberak bere kontra itsatsiriko neska bat marrazten zuela —edota bere keinuekin tankera ematen ziola—, eta horretatik zetorkien armatan zeuden feddaiei beren grazia eta indarra —beren irri libertituekin—. Iraultza aurreko ertzean ez ezik sentsualtasun bereiztezinean geunden. Ihintzak, keinu bakoitzari, gogortuz, gozotasuna zemaion.

        Beti, hilabetez egunero, Ajlunen beti, emakume mehar baina indartsu bat ikusi nuen, hotzetan kizkurtua, baina Andeetako indioen gisa, afrikar beltz batzuren gisa, Tokyoko ukiezinen gisa, merkatuko ijitoen gisa kizkurtua, arriskurik balego, zuhaizpeetan, bapatean aldegiteko jarreran, goardia postu aurrean —presaz eraikitako etxola sendoa. Zain zegoen, oinutsik, ertzetan eta mauketako ertzetan xingoladun soineko beltzez jantzia. Bisaia gogorra zuen, baina ez umore txarrekoa, nekatua, baina ez etsia. Komandoko arduradunak gela kasik hutsa prestatzen zuen, eta gero keinu egiten zion. Gelan sartzen zen emakumea. Atea isten zuen, baina giltza gabe. Gero, hitzik esateke, atera, irribarrerik gabe, oinutsik, gorputza xuxen, Jerasheraino itzultzen zen, eta Baq'a-ko kanpamenduraino. Jakin nuen, gelan, goardia-postuan berarentzat gordetzen zuten gelan, bere bi gona beltzak erantzi, bertan josirik zeuden gutun azal eta gutun guztiak askatu, pakete bat egin, atean jotzen zuela emaro. Arduradunari ematen zizkion gutunak, atera, hitzik esateke joaten zen. Biharamonean itzultzen zen.

        Beste emakume batzuk, aurrekoa baino adinekoagoak, barre zegiten hiru harri beltzez osatutako babeslekua besterik ez izateaz, barre artean Djebel Hussein-en (Amman-en) «gure etxea» zeritzotelarik. Zein haur ahotsez erakusten zizkidaten hiru harriak, eta batzutan bertan piztutako sua, barre artean «Darna» ziotsatelarik. Atso horiek ez ziren ez palestinar iraultzaren ez erresistentziaren partaide: beste ezer espero ez duen alaitasuna ziren. Eguzkiak beren gain, bere itzulia jarraitzen zuen. Beso edo hatz luzatu batek itzal gero eta estuago bat egiten zuen. Baina zein lur? Jordaniarra, Frantziak, Ingalaterrak, Turkiak, Amerikak erabakitako administrazio fikzio politiko baten kariaz... «deus espero ez duen alaitasuna», zoriontsuena etsituena delako. Hamasei urte zituztenerako esistitzen ez zen Palestina ikusten jarraitzen zuten, baina azkenerako lur bat zuten. Ez gainean ez azpian zeuden, ezein mugimendu mugimendu faltsu bilakatuko litzatekeen espazio urduri batetan. Larogeitaka urtetako trajeriako emazte ezin dotoreago horien oinen azpiko luma ziurra ote zen? Gero eta zalantzagarriagoa zen. Hebron-etik, israeldarren mehatxuei ihes eginez iritsi zirenean, hemengo lurra sendoa zela zirudien, pertsona oro arin bihurtu eta arabieraz sentsualki mugitzen zen. Denbora iragan ahala, itxura guztien arabera, honokoa sentitzen zuen lurrak: palestinarrak gero eta jasankaitzago bihurtzen ari ziren, palestinan horiek beroriek, laborari horiek, mugikortasuna, ibilaldia, korrika, karta-jokoan bezala banatzen ziren ideien jokoa, armak, montatuak, desmontatuak, erabiliak deskubritzen zituzten bitartean. Emakume bakoitza txandaka mintzo da. Barre dagite. Beraietako baten hitzak dakartzagu hona:

        —Heroiak! A ze txantxa. Djebelean diren horietako bozpasei egin eta astindu ditut nik. Nik garbitu ditut. Ongi asko dakit zer balio duten, eta besterik ere egin dezaket.

        Ortze beti urdinean eguzkia bere kurbari jarraiki zaio, baina bero da oraindik. Trajeriante horiek aldi berean oroitu eta imajinatu egiten dute. Espresiboago izatearren norberak hatz erakuslea altxatzen du ahapaldi bakoitzaren amaieran eta kontsonante enfatikoak azentuatzen nabarmenarazten dituzte. Jordaniar soldadu bat iragango balitz, zoriontsu litzateke: esaldien erritmoan beduinoen dantzen erritmoa eridengo luke. Esaldirik gabe, israeldar soldadu batek, jainkosa horiek ikusiko balitu, ametrailadoraz egingo lieke tiro kaskezurrera.

 

 

Hemen, Xatilako hondamendiaren erdian, deus gehiago ez da. Atso batzu, mutu, zapi zuri bat iltzatua duen ate baten atzean azkar babesten direnak. Feddai batzu, gazteak oso, Dimaxken topatuko ditut.

        Komunitate pribilegiatu batekiko egiten dugun aukera, jatorrizkoarenetik at, herri horrekiko partaidetza jaiotzetik datorrelarik, arrazoitu gabeko atxikimendu bati esker gertatzen da, ez da justiziak parterik ez duela, baina justizia eta komunitate horrekiko defentsa oro sentimenduzko erakargarritasun baten bertutez egiten da, are erakargarritasun  sentikor baten kariaz agian, erakargarritasun sentsualaz; frantsesa naiz, baina osoki, epairik gabe, palestinarrak ditut defendatzen. Eskubidea dute haien alde maite ditudalako. Maiteko ote nituzke justiziarik ezak harat-hunatko herri bat bilakatu izan ez balitu?

        Beiruteko eraikuntza ia guztiak ukituak izan dira, oraino Beirut-Sartaldea deritzogun horretan. Modu desberdinez abailtzen dira: King-Kong erraldoi, ajolakabe eta aseezin baten hatzek estuturiko mila-orrizko pastel baten gisara, bestetzutan azken hiru edo lau estaiak gozotasunez makurtzen dira tolestura elegante baten arabera, eraikuntzaren tolesturazko libaniar jantzi bat bailitzan. Kanpoko horma bat hondatu gabe badago, egin etxearen itzulia, beste hormak zulaturik daude. Lau hormak armaildurarik gabe agertzen badira, abioitik botatako bonba erdi-erdian erori da eta aszentsore eta eskilarak zeuden lekuan putzu-zulo bat egin du.

        Beirut-Sartaldean, israeldarrak iritsi eta gero, S.-k diotsat: «Gaua abaildua zen, zazpiak ziren. Bapatean burni-zarata haundi bat, burni-zarata, burni-zarata. Mundu guztia, nire arreba, nire koinatua eta neroni, balkoira goaz korrika. Gau iluna oso. Eta noizean behin, ehun metro baino hurbilagora tximisten antzekoak. Badakizu gure etxe aurrean ia israeldarren postu nagusi bat dagoela: lau karro, soldadu eta ofizialek okupatzen duten etxea, eta zaindariak. Gaua. Eta hurbiltzen ari den burni-zarata. Tximistak: suziri batzu. Eta berrogei, berrogeitamar mutiko, hamabi edo hamahiru urtekoak, burnizko potetxoak, harriz, mailuz edo beste edozerez erritmoz jotzen. «La ilah illa Allah, La Kataeb wa la yahud (Jainkoaz beste jainkorik ez da, Kataebekoak ez, judutarrak ez)» egiten zuten erritmikoki garrasi.

        H.-k esan zidan: «1928an Beiruta eta Dimaxka etorri zirenean, Dimaxk txikiturik zegoen. Gouraud jeneralak eta bere tropek, marokkiar eta tunisiar tiralariek, tiro egin eta Dimaxk garbitua zuten. Nor akusatzen zuen siriar biztanlegoak?

        Nik.— Siniarrek Frantzia zuten Dimaxkeko ausiabartza eta masakreen erruduntzat.

        Berak.— Guk Israel dugu Xatila eta Sabrako masakreen erruduntzat. Ez ditzatela krimen horiek beren meneko diren Kataebekoen bizkar bota. Kanpamenduetan Kataebekoen bi konpainia sarraraztearen enrudun da Israel, aginduak ematearen errudun, hiru egun eta hiru gauez adore ematearen errudun, beraientzako jana eta edana ekarri izanaren errudun, kanpamenduak gauez argitu izanaren errudun».

        Oraindik ere H.-k, historia irakasleak. Honokoa esan dit: «1917an Abrahamen jokoa berregin zuten, edo, hala nahi baduzu, Jainkoak lord Balfourren itxura zuen ordurako. Jainkoak ezti eta esnezko luma agindu zien Abrahami eta bere ondorengoei, zioten eta diote oraindik ere judutarrek, baina lurralde horretan hori, judutarren jainkoarena ez zena bestalde (jainkoz gainezka zeuden lurrok), lurralde horretan beren jainko propioak zituzten kanaandarrak bizi ziren, eta Josueren tropen kontra borroka egin zuten aliantzaren kutxa ospetsu hori lapurtzeraino, zeina gabe judutarrek ez zuketen garaitzarik ezagutuko.

        Ingalaterra, 1917an oraindik Palestinaren (ezti eta esnezko lur hura) jabe ez zena, zeren agintea eskuratzen zion akordioa ez zen oraindik sinatua izan.

        —Beginek dio herrira itzuli zela...

        —Filme baten izenburua da hori: «Ausentzia hain luzea». Ikusten al duzu poloniar hori Salomon erregeren oinordeko?.

        Kanpamenduetan, hogei urtetako deserriratzeanen ondoren, errefuxiatuek beren Palestinarekin amets egiten zuten, ez zen inor ausartzen Israelek goitik behera itxuraldatu zuenik jakitera, ez esatera, garagar zelaiaren ordez bankoa zegoela, zentrale elektrikoa mahasti opamoaren lekuan.

        —Kanpamenduko barrera aldatuko al dugu?

        —Pikondo alboko hormaren zatia berregin beharko genuke.

        —Lapiko guztiak herdoilduak dira dagoeneko: esmerila erosi beharra dago.

        —Zergatik ez dugu ikuiluan ere argi-indarra jartzen?

        —A, ez, eskuz brodaturiko soineko gehiago ez: josteko makina bat eta brodatzeko beste bat emanen didazu.

        Kanpamenduetako adineko biztanlegoa miserablea zen, Palestinan ere agian halakoxeak ziratekeen, baina herri minak majikoki funtzionatzen zuen. Kanpamenduetako zorigaiztoko xarmen katibu geratzeko arriskua du populazio horrek. Ez da batere ziurra palestinarren frakzio horrek penaz utziko dituenik. Zentzu horretan da paseista erabateko txirotasuna. Hori ezagutu duenak, mingostasunarekin batera erabateko zoriona, bakartia, komunikaezina, ezagutu du. Jordaniako kanpamenduak, malda harritsuetan kokatuak, soilak dira, baina bere periferian soiltasun are desolatuagoak agertzen dira: barrakak, kanpaina denda zulatuak, harrotasun distiratsua duten sendiak habitatzen dituztenak. Giza bihotza batere ez ulertzea da gizakia begien bistako miseriez harro egon daitekeela ez ulertzea, miseria horrekiko atxikimendua sendi dezakeela ez ulertzea, harrotasun hori posible da begien bistako miseriaren kontrapisua loria ezkutua delako.

        Xatilako kanpamenduko hildakoen bakardadea are sentiberagoa zen keinu eta molde arduragabeak agertzen zituztelako. Edonola hilak. Bertan behera utzitako hilak. Kanpamenduan, hala ere, gure inguruan, afekzio, xamurtasun, maitasun guztiak aidean zeuden, jadanik erantzungo ez zuten palestinarren bila.

        —Nola esan, kanpamenduetako populazio zibila inork ez zuela ukituko agindu zieten Reaganen, Mitterranden, Pentiniren promesei konfidantza eginez Arafatekin joan diren beren sendikoei? Nola esan haur, zahar, emazteak masakratzen utzi dituztela, eta beren gorpuak otoitzik gabe bertan behera geratu direla? Nola jakinarazi ez dakigula non dauden lunperatuak?

        Sarraskiak ez ziren isilpean eta ilunpean gertatu. Israeldarren suziri argitsuek argiturik, israeldarren belarriak ostegun arratsaz geroztik Xatilaren beha zeuden. Ze festa eta ze farranda ez zen izan heriotza soldadu mozkorren grazien kide izan zen lekuan, arnoz mozkor, gorrotoz mozkor eta zalantzarik gabe entzuten, beha, adore ematen eta errieta egiten zien israeldar armadari plazere ematearen pozaz mozkor. Nik ez dut isrraeldar armada hori adi eta esna ikusi. Egin duena ikusi dut.

        «Zer irabazten zuen Israelek Bexir asesinatuta» argudioari: «Beiruten sartzea, ordenua ezarri eta odolaldia ekiditea».

        —Zer irabazten zuen lsraelek Xatila masakratuta? Erantzuna: «Zer irabazten zuen Libanon sartuta? Zer irabazten zuen biztanlegoa bi hilabetez bonbazkatuta?: palestinarrak uxatu eta desegitea. Zer lortu nahi zuen Xatilan: palestinarrak desegitea».

        Jendea hiltzen du, gorpu hilak hiltzen ditu. Xatila lurrarekin berdindu. Ez da lur antolamenduarekin eginiko espekulazio inmobiliarioarekiko arrotz: oraino deseginik dagoen metro karratuko bost milioi zahar. Baina «garbia» izango ote?...

        Beiruten idatzi dut, non lur azalean dagoen heriotzaren hurbiltasunagatik agian, Frantzian baino egiazkoagoa den oro: oro gerteatzen da, eredu izateaz, ukiezina izateaz, bilakatu dena uste duenaz asper eginda —saindu inkisidore eta mendekaria—, lur jota balego bezala, Israelek hotz hotzean juzka dezaten izan zedin erabaki izan balu bezala.

        Itxura aldaketa jakintsu baina aurreikusgarri bati esker, hona hemen duela askotxotik prestatzen ari zen moduan agertzen dela: botere tenporal higuingarria, jadanik nor ausartzen ez den moduan kolonizatzaile, bere madarikazio luzeari bezainbeste bere hautapenari esker Azken Instantzia bilakatua.

        Galdera aunitz dago erantzuteko:

        Israeldarrek kanpamendua argitu, aditu, oinen azpian izan ditudan hainbat kaskiloren (hamarnaka mila) munizioak botatako tiroak entzun besterik ez badute egin, nork egiten zuen egiazki tiro? Nork, hiltzerakoan, zuen arriskatzen larrua? Falanjistek? Haddadenak? Nork? Eta zenbatek?

        Non daude hainbat hildako eragin duten armak? Eta non defendatu egin diren horien armak? Bisitatu dudan kanpamendu aldean, artean erabili gabeko tanke-aurkako bi arma besterik ez dut ikusi.

        Nola sartu dira hiltzaileak kanpamenduan? Israeldarrak Xatila menderatzen zuten irteera guztietan al zeuden? Dena dela, ostegunez Akkahko ospitalean zeuden jadanik, kanpamenduko zabalgune baten aurrean.

        Idatzi izan da, egunkarietan, sarraskiaren berri jakin bezain pronto israeldarrak Xatilako kanpamenduan sartu zirela, eta segituan geldiarazi zutela sarraskia, larunbatez, beraz. Baina zer egin dute sarraskigileekin, nora joan dira?

        Bexir Gemayel eta bere hogei kideen hilketa eta gero, sarraskiak eta gero, Xatilatik nentorrela jakin zuenean, B. anderea, Beiruteko burgesia haundikoa, ikustera etorri zitzaidan. Eraikuntzako zortzi estaiak —elektrizitaterik gabe— igo zituen adinekoa dela pentsatzen dut, elegantea baina adinekoa.

        —Bexirren heriotza baino lehen, sarraskiak baino lehen, arrazoi zenuen okerrena martxan zela esan zenidanean. Ikusi egin dut.

        —Batez ere, arren, ez iezadazu konda Xatilan ikusi duzuna. Nine nerbioak ahulegiak dira, zaindu egin behar ditut oraino initsi ez den okerrena jasan ahal izateko.

        Ras Beiruteko apartamendu haundi batetan bizi da, bakarrik bizi da bere senarra (hirurogeitamar urte) eta neskamearekin. Oso elegantea da. Oso zaindua. Bere altzariak estilokoak dina, Louis XVI.aren erakoak uste dut.

        —Bagenekien Bexir Israela joana zela. Oker egin du. Estatu-buru hautetsiak ez du jende klase horrekin egon behar. Banekien zorigaitzen bat gertatuko zitzaiola. Baina ez dut deus jakin nahi. Nire nerbioak zaindu behar ditut oraino iritsi ez diren kolpe latzak jasan ahal izatearren. Bexirrek, Begin jaunak «lagun maitea» deitzen zion gutun hori bueltan itzuli behar zuen.

        Burgesia haundiak, bere zerbitzari mutu eta guzti, bere erresistitzeko modu propioa du. B. andereak eta bere senarrak ez dute «erabat sinesten metenpsikosiarekin». Zer gertatuko litzateke israeldar berpiztuko balira?

        Bexirren hobiratze eguna israeldar armada Beirut-Sartaldean sartu zeneko egun bera da. Eztandak gu gaudeneko eraikuntzatik gero eta hurbilago entzuten dira; azkenerako, mundu guztia babeslekura jaisten da, sotora. Enbaxadoreak, sendagileak, beren emazte eta alabak, NBEren Libanorako ordezkari bat, beren zerbitzariak.

        —Carlos, ekarri egidazu buruko bat.

        —Carlos, nire betaurrekoak.

        —Carlos, ur amini bat.

        Zerbitzariak, beraiek ere frantsesez egiten bait dute, babeslekuan onartuak dira. Agian, babestu ere egin behar dira, beren zauriak, ospitalerako trasladoa, edota hilerrirakoa, zelako afera!

        Jakin behar da Xatila eta Sabrako palestinar kanpamenduak kaleska estuzko kilometroak eta kilometroak direla —zeren, hemen kaleskak berak dira hain mehar, hain eskeletikoak, batzutan bi pertsona ezin direla bata bestearen parean ibili, ez bada bietariko bat alboraturik ibiltzen— harritxirbilez, harlanduz, adreiluz eta adabaki koloreanizdun eta zikinez betetako kaleska estuak, eta gauez, kanpamenduak argitzen zituzten israeldarren suzirien argipean, hamabost-hogei tiralarik, ederto armaturik egonarren ere, ez zuketen halako sarraskiarik burutzea erreusituko. Hiltzaileak beharrean aritu dira, bai, baina ugari ziren, eta ziuraski torturatzaile koadrilak ere, kaskezurrak zabalduz, hanketan ebakiak eginez, beso, esku eta hatzak moztuz, lotutako hilurrenak soka baten buruan arrastaka erabiliz, bizirik zeuden gizon eta emakumeak, zeren odola luzaro isuri zen gorputzetatik, halako moduz isuri ere ezin izan dudala jakin nork utzi zuen etxe baten korridorean odol lehorrezko erreka hori, odol putzua zegoen korridore puntatik atariko hautsean galtzeraino. Palestinar bat ote? Emakume bat? Ebakuatua izan zen falanjista bat?

        Parisen, kanpamenduen topografia ezagutu gabe batez ere, edozeren zalantza sor daiteke, noski. Sarraskiaren berri lehen eman zutenak Jerusalemeko kazetariak izan zirela esaten uzten zaio Israeli. Nola esan zieten Arabiar herriei eta arabieraz? Ingelesez eta frantsesez, nola? Eta, hain zuzen ere, noiz? Heriotza susmagarri baten aurrean Mendebaldean hartzen diren kontu guztiak ikusiz, hatzmarkak, balen norabidea, autopsia eta kontrautopsia! Beiruten, sarraskiaren berri izan bezain lasten, libaniar armadak hartu zuen kanpamenduen ardura bere gain eta ezabatu egiten zituen segituan etxeen eta gorputzen hondakinak. Nork agindu zuen hainbesterako presa? Mundu osoan zehar barreiatu zen afirmazio hau eta gero, halere: kristau eta musulmandarrek elkar hil dute, eta kamerek hilketaren basa grabatu ostean.

        Israeldarrek okupatzen zuten Akkahko ospitalea, Xatilako sarrera baten aurrean, ez dago kanpamendutik berrehun metrotara, berrogeitara baizik. Ezer ikusi ez, ezer entzun ez, ezer ulertu ez?

        Horixe bait da Beginek Kressetean esandakoa: «Xatilan, Sabran, judutar ez diren batzuk judutar ez diren beste batzu masakratu dituzte, zertan izan liteke hori gure afera?».

        Une batez etendako Xatilako ene deskripzioa amaitu beharra dut. Hona hemen azken ikusi nituen hildakoak, igandez, bazkalondoko ordubiak aldera, Nazioarteko Gurutze-Gorria bere bulldozerrekin sartzen ari zenean. Gorpu ustelen usaina ez zen etxe batetatik edota torturatu batengandik ateratzen: nire gorputzak, nire izate osoak hedatzen zuela zirudien. Kale estu batetan, horrako irtengune erzdun batetan, lurrean eserita, bozeolari beltz bat ikusi uste izan dut, barreantzean, K.O. egoteaz harrituta edo. Inork ez du bere betazalak jaisteko kuraiarik izan, bere begi deslekutuek, azulejo xumixurizkoak, begiratzen ninduten. Desegina zirudien, beso altxatua hormaren zoko horretan kokatua. Palestinan bat zen, duela bi edo hiru egun hilda. Hasieran, bozeolari beltz bat zela uste izan badut, burua izugarri haundia zelako izan da, hanpatua eta beltza, buru eta gorpu guztiak bezala, eguzkitan edota etxeen itzaletan daudela berdin. Oinen parean pasa naiz. Hautsartean goi-matrailako horzdura bat jaso eta leiho baten zuren zatien gainean utzi nuen. Ortzerantz zuzendutako esku ahurra, aho irekia, gerrikoa falta zitzaion galtzen irekidura: euliak elikatzen ziren beste hainbeste erlauntza.

        Beste gorpu bat gainditu dut, eta beste bat ondoren. Hautsezko espazio horretan, bi hildakoen artean, azkenekoz, objetu oso bizi bat zegoen, sarraski horretan ukitugabea, arrosa kolore transluzidozkoa, baliogarri oraindik: hanka artifiziala, plastikozkoa itxuraz, zapata beltz eta galtzerdi grisez jantzia. Hobeki begiratuz gero argi zegoen zabarki erauzi zutela moztutako hankatik, iztarrera lotuta mantendu ohi zuten kordak puskatuak bait zeuden guztiak.

        Hanka antifizial hori bigarren hildakoarena zen. Hanka bakarra eta zapata beltz batez eta galtzerdi gris batez jantziriko oin bakarra besterik ikusi ez nion horrena.

        Hiru hildakoak utzi nituen kalearen perpendikularrean, beste bat zegoen. Ez zuen pasabide guztia eragozten, baina kale hasieran zegoen etzanik, horrela bada gainditu eta itzuli behar izan nintzen honoko ikuskizuna begiztatzearren: aulki batetan eserita, oraindik gazte ziren gizonez eta emakume isilez inguraturik, hamasei edo hirurogei urte zituela iruditu zitzaidan emakume batek —arabiar emakumeen jantziak— negar zegien. Gorpuaz ia kale osoa isten zuen bere nebagatik egiten zuen negar. Bereganantz hurbildu nintzen. Hobeki begiratu nion. Painelu bat zuen lepoaren inguruan. Negar zegien, alboan zegoen nebaren heriotzaz arrenguratzen zen. Aurpegia arrosa kolorekoa zuen —haur baten arrosa kolorekoa, alde guztietatik berdina, oso goioa, samurra— baina ez betile eta ez bekainik ez zuen, eta arrosa kolorea uste nuena ez zen azala, azal gris apur batez inguratutako azal-azpia baizik. Bisaia osoa errea zuen. Ezin izan nuen jakin zerk errea, baina ulertu nuen nork.

        Lehen hildakoak ikusterakoan, zenbatzen saiatu nintzen. Hamabi edo hamabostera iristerakoan, usainak, eguzkiak inguraturik, hondamendi bakoitzarekin tupust eginez, ezin jarrai nezakeen, dena nahasten zen.

        Koltxoiak ateratzen diren etxe eztandatuak, eraikuntza deseginak, halakoak asko ikusi izan ditut, oharkabean; Beirut-Sartaldekoak, Xatilakoak ikusterakoan izua nekusan. Hildakoak, eskuarki azkar ezagun, are lagunkoi zaizkidanak, kanpamenduetakoak ikusterakoan hil zituztenen gorrotoa eta poza besterik ez nuen nabaritzen. Festa basa egin zuten hor: amorrua, mozkorraldia, dantzak, kantuak, biraoak, arrengurak, intziriak, Akkahko ospitaleko azken estaietan barre zegiten «voyeur»en ohorez.

        Algeriako gerra aitzin arabiarrak ez ziren eder, Frantzian, ibilkera zamatsua zuten, arrastaka, muturra okerra, eta kasik bapatean garaitzak edertu zituen, baina, jadanik edertasuna itsugarri bilakatu baino aitzin, Aures Mendietan eta Algeria osoan milioi erdi baino gehiago frantziar soldadu unatu eta lehertzen zirenean fenomeno harrigarri bat nabari zitekeen arabiar langileen gorputz eta aurpegiak landuz: ezkatak azkenerako beren azal eta gure begitatik eroriko zirenean txundituko gintuen edertasun hauskor baten hurbiltzea, aurresentimendua. Begienbistakoa onartu beharra zegoen: politikoki askatasuna erdietsi zuten, ikusi behar ziren bezala agertzearren, oso eder. Modu berean, errefuxiatuen kanpamenduetatik ihes eginda, bertako ordenu eta moralari ihes eginda, bertako ordenu eta moralari ihes eginda, bizitzen segitzeko beharrak inposaturiko moralari ihes eginda, eta kolpe berean lotsari ihes eginda, feddaiak oso eder zeuden; eta edertasun hori berria zenez, hau da inozoa, freskoa zen, hain bizia, lotsari erauzten zaizkion mundu osoko edertasun guztiekiko adostasunean jartzen zion zera hori agerian uzten zuela segituan.

        Pigalleko gaua iragaiten zuten algeriar puta-ugazaba askok, algeriar iraultzaren alde erabiltzen zituen bere abantailak. Hor ere bertutea zegoen. Hannah Arendt da, hala uste dut, iraultzak askatasuna ala bertutea —lana, beraz— helburu dutenaren arabera bereizten dituena. Agian, onartu egin beharko litzateke iraultzek edo askatasun borrokek edertasuna aurkitzea edo berraurkitzea dutela helburu —ezkutu— hau da, hitz horrekin besterik izenda ezin, uki ezin daitekeen horixe bera. Ala, hobe, ez: har dezagun edertasuntzat iraganeko miseriez trufa egiten duen lotsagabekeria irrifartsua, lotsa eta miseriaren erantzule diren gizon eta sistemez trufa egiten duena, baina lotsatik kanpoko bozkarioa erraza zela ohartzen den lotsagabekeria irrifartsua.

        Baina orrialde honetan ondorengoaz aritu behar nuen batez ere: iraultza ote aurpegi eta gorputzetatik, itsusitzen zituen azalmintz hila eroramazten ez duenean. Ez naiz edertasun akademikoaz ari, hits izateari uzten dioten gorputzen, aurpegien, garrasien, hitzen, zorion ukiezinaz —izendaezinaz— baizik, erotismo oro uxatu nahi duen zorion sentsual eta indartsua esan nahi dut.

 

 

Hemen nago berriro ere Ajlunen, Jordanian, Irbiden gero. Txandal gainera erori zaidan ene bilo zuri bat dela uste dudana hartu eta alboan dudan Hamzanen belaun gainean uzten dut. Hatz lodiaren, erdikoaren artean hartzen du, begirada irribartsu, jaka beltzeko poltsikoan sartu eta eskua bertan kokatuz, dio:

        —Profetaren bizarreko bilo batek honek baino gutxiago balio du.

        Arnasa sakonago hartu eta berriro dio:

        —Profetaren bizarreko bilo batek ez du honek baino gehiago balio.

        Hogeitabi urte baino ez zuen, bere pentsamenduak erraz egiten zuen jauzi berrogei urteko palestinarren gaindi, baina jadanik beregan zituen —beregan: gorputzean, keinuetan— arbasoekin lotzen zuten zeinuak.

        Lehen, nekazariek hatzekin kentzen zituzten mukiak. Klaskada batez mukiak sasitara bidaltzen zituzten. Sudurrak panazko maukaz lehortu, eta hilabeteren buruan nakare arin batez estaliak ageri ziren maukak. Horrela zegiten feddaiek ere. Markisek, elizburuek tabakoa sudurretatik hartzen zuten bezala kentzen zituzten haiek mukiak: apur bat makurtuta. Beraiek bezala egin nuen, ohartzeke erakutsi bait zidaten.

        Eta emakumeak? Gau eta egun ezkongai doteko zazpi soinekoak bordatu (asteko egun bakoitzeko bat), adinekoa izan ohi zen senargai batek eskeiniak, esnatzealdi etsipengarria. Palestinar emakume gazteak oso eder bilakatu ziren aitaren kontra erreboltatu eta bordatzeko orratza eta artaziak apurtu zituztenean. Ajlun, Salt eta Irbideko mendietan, basoetan bentan fusilek, ez ditzagun fusilak ahantz, eta erreboltak askatutako sentsualitate guztia: hori aski zen, norbera ase zen. Feddaiak oharkabean —egia ote?— edertasun berri bat ari ziren prestatzen: keinuen bizitasuna eta nabarmen zen nagikera, begien bizkortasuna eta distira, ahotsaren doinu argiagoak erantzunaren azkartasun eta laburtasunarekin bat egiten zuen. Erantzunanen zehaztasunarekin ere. Esaldi luzeak, erretolika jakintsu eta aldakorra hilak zituzten.

        Xatilan asko dira hilak eta nire adiskidantza, usteltzen ari ziren beren gorpuekiko nire afekzioa, handia zen ezagunak ere banituelako. Beztu, puztu, eguzkiak eta heriotzak ustelduta, feddai ziren betirako.

        Bazkalosteko ordubiak inguru, igandez, libaniar armadako hiru soldaduk, fusilak prest, ofizial bat erdilo zegoen jeep batetara eraman ninduten. Galdegin nion:

        —Frantsesez badakizu?

        —English.

        Ahotsa lehor, agian ustekabean esnatu berri nuelako.

        Nire pasaportea begiratu zuen. Frantsesez esan zuen:

        —Handik al zatoz? (Hatzak Xatila seinalatzen zuen).

        —Bai.

        —Ikusi duzu?

        —Bai.

        —Idatzi behar al duzu?

        —Bai.

        Pasaportea itzuli zidan. Aldegiteko keinu egin zidan. Abaildu egin ziren hiru fusilak. Lau orduz egona nintzen Xatilan. Nire oroitzan berrogeiren bat gorpu geratzen zen. Guztiak —guztiak diot, bai— torturatuak izan ziren, mozkorraldian, kantu eta barre algaren artean, polboraren eta jadanik ustela zegoen haragiaren artean ziuraski.

        Zalantzarik gabe bakarrik nintzen, esan nahi dut europear bakar (oihal zati zarpaildu bati oratzen zitzaien palestinar atso batzurekin; armarik gabeko feddai gazte batzurekin), baina bospasei pertsona gizaki horiek bertan egon ez, eta herri abaildu hori, palestinar etzanak, beltz eta puztuak deskubritu izan banitu, erotuko nintzatekeen. Ero izan al nintzen? Ikusi dudan edo ikusi uste dudan apurtutako eta abaildutako herri hori, heriotzaren usain bortitzak eramana, altxatua, zeharkatua, guzti hori gertatu al da?

        Xatila eta Sabraren hogeirena baino ez nuen esploratu, eta gaizki, batere ez Bir Hassan, eta batere ez Burj el Barajne.

 

 

Jordaniar denboraldia sorginkeria gisa bizi izan banuen, ez zen izan nire joerengatik. Europearrak eta Afrika Iparraldeko arabiarrak mintzatu zaizkit bertan gerarazi zien aztikeriaz. Hamabi-hamairu orduz apenas gauez tindaturiko sei hilabetetako bultzada luze hori bizitzerakoan, gertaeraren arintasuna ezagutu dut, feddaien ezohizko bereizgarritasuna, baina eraikuntzaren hauskortasuna susmatzen nuen. Palestinar armada bildu zen Jordaniako toki guztietan —Jordan ibaitik hurbil— kontrol postuak zeuden eta feddaiak hain zeuden ziur beren eskubide eta botereaz bisitari baten arribada, egunez nahiz gauez, tea prestatzeko, barre algaretan mintzatzeko aukera zela, eta musu anaikorren aldia zen (musukatua zena gau horretan bertan partitzen zen, Jordan ibaia trabeskatuz Palestinan bonbak ezartzera, eta maiz ez zen itzultzen). Jordaniar herrixkak ziren isiltasun irla bakanak: txintik ere ez. Feddai guztiak, baso ardo oso zoli baten edo hatxis piska baten eraginez bezala, lurretik apur bat altxaturik zeudela zirudien. Zer zen? Airera tiratzeko txekiar eta txinar armak zituen gazteria heriotzaz ajolagabetua. Hain gora tiro egiten zuten armen babesean, feddaiak ez ziren deuseren beldur.

        Irakurleren batek Palestina eta Jordaniaren geografia mapa ikusi badu, badaki lurra ez dela paper orri baten modukoa. Jordan ibaiaren ertzetan lurrak malkarrak dira. Mentura aldi guzti honen azpi-izenburu egokiena «Uda gau bateko ametsa» zatekeen, berrogei urteko arduradunen haserraldiak gora behera. Gazteriari esker zen posible guzti hori, eta zuhaitzen babespean egotearen plazereari esker, armekin jolasteari esker, emakumeengandik urrun egoteari esker, hau da, arazo zail bati ihes egiteari esker, iraultzaren gune zorrotzena izateagatik distiratsuena ere izateari esker, kanpamenduetako biztanlegoaren adostasuna edukitzeari esker, egiten zena egiten zela fotogenikoa izateari esker, eta agian mami iraultzailea zuen sorginkeria hori denbora gutxiren buruan ebatsia izango zela aurresentitzeari esker: feddaiek ez zuten boterea nahi, askatasuna zuten.

        Beirutetik itzuleran, Dimaxkeko aireportuan, israeldar infernutik ihes egindako feddai gazteekin egin dut topo. Hamasei edo hamazazpi urtekoak ziren: barre egiten zuten, Ajlungoen antzekoak ziren. Haiek bezala hilko dira. Herri baten aldeko borrokak bizitza oso aberats bat bete dezake, baina motza. Horixe izan zen, oroitu, Akilek Iliadan eginiko aukera.