Gauzak
Alfonso R. Castelao
itzulpena: Ramon Etxezarreta
Gauzak
Alfonso R. Castelao
itzulpena: Ramon Etxezarreta
1986, narratiba
110 orrialde
398-8695-0
azala: Joxean Muņoz
Alfonso R. Castelao
1886-1950
 
1986, narratiba
1986, narratiba
1986, saiakera
 

Larunbatetako bizargin bat zen, ulertzen ez zituen liburuak maite zituena eta haiek osorik irakurtzen gozatzen zuena.

      Behin batean burua esku artean zuela aurkitu nuen, pentsalari baten gisa, eta esan zidan:

      -"Sakontzen" ari naiz.

      Eta egun hura ezkero neretzat "sakontzen" duten gizonak daude.

      Larunbatetako bizargin horrek zentzuak bere ezjakintasunari begira zituela igaro zuen bizitza, zentzuak munduari zabalik zeuzkan lagun baten ondoan lana eginaz.

Bere baitan murgiltzen zen beste munduko misterioei buruz "sakontzeko" eta beti kexu bukatzen zuen:

      -Ez dezaket gehiago sakondu ez bait dakit latinez.

      Behin batez begiek itsasoari egin zioten so -inoiz ez zuen "txikikeriatan" erreparatzen- eta, luzez "sakondu" ondoren, bere lankideari hau kontatu zion:

      -Itsasoa, badakik?... Itsasoa, fenomeno bat duk! Larunbatetako bizargin gizarajoak guztiak harritzen zituen bere "jakinduriarekin". Behin batez egurrezko fraile bat bezain serio jarri eta bere lankideari ziurtatu zion:

      -Nik hil egin behar diat eta epaitua izan behar diat "nahi eta ez nahi".

      Eta "nahi eta ez nahi" hizkiz hizki esanaz egiten zuen.

      Gehienetan larunbatetako bizarginak zalantza egiten zuen beste munduko gauzetan "sakondu" ondoren.

      Bizargin gizarajoa hil zen eta pinuzko kutxa batean jarri zuten, eta bere laguna ikustera joan zitzaion eta malko batzuek isuri zituen.

      Eta negar egiten zuenetako emakume batek esan zuen:

      -Orain ez duzu sakontzen iada! Orain ez duzu sakontzen dena dakizu eta!