Zirtzilak - Kristalezko begia
Alfonso R. Castelao
itzulpena: Koldo Izagirre
Zirtzilak - Kristalezko begia
Alfonso R. Castelao
itzulpena: Koldo Izagirre
1986, narratiba
64 orrialde
398-8692-6
azala: Joxean Muñoz
Alfonso R. Castelao
1886-1950
 
1986, narratiba
1986, narratiba
1986, saiakera
Zirtzilak - Kristalezko begia
Alfonso R. Castelao
itzulpena: Koldo Izagirre
1986, narratiba
64 orrialde
398-8692-6
aurkibidea
 

Kristalezko begia

«Humorismoaren azpian beti ageri da oinaze handi bat,
horregatik ez dago humoristarik zeruan»

Mark Twain

Irakurlea: Halako batean beha gelditu zitzaidan behi bat. "Zer pentsatzen ote du nitaz?" pentsatu nuen, eta orduan bertan kopeta makurtu eta belarra bazkatzeari jarraiki zitzaion. Orain badakit behiak "Bah, gizon betaurrekodun bat besterik ez!" esan zuela bakarrik. Eta beharbada ni ez naiz behiak pentsatu zuena baino. Horregatik nire burezurra soildua egotean inolako behik ezin juzka nazakeela pentsatzearen poza.

* * *

      Heriotzeak ez dit hotzikararik ematen eta nire etsaiari desio diodan kaltea ondotik bizitzeraino bizi dadila da.

      Ni beren burezurra eskukatzearren aurpegia zanpatzen dutenetakoa naiz eta ez dut inoiz kanposantuetarik ihes egiten.

      Hainbesterainoko egia da, ezen lagun enterradorea baitut hiri bateko kanposantuan. Nire lagun hau ez dut benetako adiskidea; aztergai bat, akuri bat baizik ez da. Enterradore batek beti daki gauza asko eta humorez kontatzen dituen hiriko enterradore bat, hildakoak biluzi eta zapatagabetzen dituena erropa zaharreko dendak hornitzeko, nahi eta nahi ez behar humoristak gogoko duen gizona. Nire laguna izan behar burezurren hortzen urreaz soldata ona lortzen duen enterradorea.

      Enterradore honek prestutzat dauka bere burua eta farre eragiten duten gauza trajikoak eta ikaratu egiten duten gauza farregarriak kontatzen dizkit, eta bere solasaren sorpresak direla eta, konturatu gabe ematen ditut orduak.

* * *

      Zera, arazoa da egun batez kanposaturako bidea hartu nuela alegia eta enterradorea nolabait xamar aurkitu nuen, eta luzaz hitzegin ondoren ni gizon prestu eta lagun leiala izatera, sekretupeko gauza bat kontatu behar zidala esan zidan. Harriturik gelditu nintzen ezezagutuaren beldurragatik, eta bizkarretik helduta ezpain ustelak nire belarriari hurbilduz, honela esan zidan poliki:

      -Paper batzuk aurkitu nituen kutxa batean!... Norena zen ez nekien kutxa batean. Eskeletoak kristalezko begi bat zuen burezurrean, gorrotoz behatzen zidana.

      Eta enterradoreak golkoan zituen paper zimur batzuk atera zituen. Enterradoreak ez zekien irakurten, eta neuri eman zizkidan irakur niezazkion. Egunkari-puskailak ziren, erretzeko paperak..., denak zenbaturik, eta aurrenekoan hitz hauek ageri ziren: "Eskeleto baten oroitzapenak".

      Hitz haiek irakurgaitzak ziren eta txotxa batez zeuden eginak.

      Irakurketa burutu nuenean arratsa aurrera zetorren eta enterradoreak, txit haserre, zin egin zuen Jainkoagatik ez balitz eskeletoarengana joan eta burezurra aitzurrarekin apurtuko liokeela bertan.

      Agurtu egin nuen, eta errepidean hirirantz nindoalarik, kanposantuko atetik deiadar egiten zidala entzun nuen:

      -Aizu, zatoz!

      Eta gero, poliki eta leunki oso, honelako galdera eskegi zidan belarrian:

      -Zuk, osagilea zarenez, ez al dakizu non erosten dituzten kristalezko begiak?

      Eta lau sosen truke kristalezko begia eta oroitzapenen jabe egin nintzen.

* * *

      Eskeleto honen oroitzapenak dira irakurriko dituzuenak. Entzun bada beste munduko gizon bati, aldez aurretik eskatzen dizuedala haren ideien partaide egin ez nazazuen.