Pedro eta Kapitaina
Pedro eta Kapitaina
Mario Benedetti
taldea: Intxixu
1987, antzerkia
48 orrialde
84-398-5691-1
Mario Benedetti
1920-2009
 
Pedro eta Kapitaina
Mario Benedetti
taldea: Intxixu
1987, antzerkia
48 orrialde
84-398-5691-1
aurkibidea
 

 

Laugarren agerraldia

 

Lehengo antzeztokia, bere hartan.

PEDRO lurrean dago, edo gutxienez PEDROren gorputza, geldirik, zanoa buruan. Une baten buruan oso kexu ahulak entzungo dira.

KAPITAINA sartzen da, gorbatarik eta jakarik gabe, izerditan eta ilea nahasia.

 

KAPITAINA.— Ah, denbora baino lehen ekarri zaituzte. (Zango batez ukitzen du gorputza). Tira, Pedro, lan egin behar dugu. (Konketarantz joan, xukadera busti, bihurtu piska bat, lurrean zabalik dagoen gorputzarengana hurbildu, berarengana makurtu, zanoa kendu eta PEDROren aurpegiak erakusten duen lazeriazko egoeraren aurrean, ezagun duela, inpresionaturik geratuko da. Berrrz bere onetara etorriko da, halere, eta aurpegiko zauriak garbitzen hasiko zaio bustiriko xukaderaz. Poliki, PEDRO mugitzen hasiko da). Pedro.

PEDRO.— Ai? (Begi bat ireki, baina, antza, ez du ezagutzen KAPITAINA).

KAPITAINA.— Zer gertatzen zaizu? Hobeto al zara?

PEDRO.— Ai?

KAPITAINA.— Pedro, ezagutzen al nauzu?

PEDRO.— (Zizaka ari). Zori... txarrez... bai.

 

KAPITAINAk aulkian esertzen lagunduko dio PEDROri, baina presoa ezin da zuzen egon. Aldi honetan bai hondatu dute. KAPITAINAk bere zinturoia kendu eta berarekin aulkiko bizkarraren bueltan PEDRO lotuko du, lurrera etor ez dadin.

Gutxika-gutxika bizkortuz doa berriz ere, bistan da, ordea, akiturik dela. Nolanahi ere den, beti egongo da kontraesan bat bere aurpegiak oraindik erakusten duen bizikortasun erlatiboaren eta bere fisikoko itxura ebainduaren artean.

 

PEDRO.— Beraz kapitaina?

KAPITAINA.— Noski. Nola eman dizuten oraingoan! Leherturik utzi zaituzte, Pedro, hau animalikeria!

PEDRO.— Eskerrak... zera... lehen ere hila nintzen!

KAPITAINA.— Ez al zaizu iruditzen mihia lasaitzeko unea iritsi zaizunik? Portatua zara heroi baten moduan. Nork izan behar du zuri orain izen ematea aurpegiratzeko bezain gizatasunik gabea?

PEDRO.— (Ez du erantzuten. Isilune baten ondoren). Kapitaina, kapitaina.

KAPITAINA.— Zer?

PEDRO.— Hik ez duk inoiz heure buruarekin hitz egiten?

KAPITAINA.— Baliteke. Behinedobehin.

PEDRO.— Nik bai hitz egiten diat neure buruarekin.

KAPITAINA.— Eta horrek zer?

PEDRO.— Neure buruarekin hitz egiten diat hiru hilabete duelako isolatuta naukazuela.

KAPITAINA.— Nola? Nirekin aritzen zara.

PEDRO.— Hori ez duk hitz egitea.

KAPITAINA.— Eta zer da?

PEDRO.— Kaka zaharra, horixe duk. (Geldiunea) Neure buruarekin hitz egiten diat nola hitz egiten den ahazteko beldur naizelako.

KAPITAINA.— Baina nirekin aritzen zara hizketan.

PEDRO.— Ez nauk etsaiarekin hizketan egiteaz ari. Lagun batekin, adiskide batekin hitz egiteaz ari nauk.

KAPITAINA.— Ah!

PEDRO.— Kapitaina, kapitaina.

KAPITAINA.— Zer dugu orain?

PEDRO.— Ez al duk sentitzen batzutan, airean habilela?

KAPITAINA.— Egia esan, ez.

PEDRO.— Jakina, ez hago hilik.

KAPITAINA.— Eta zu ere ez, meritu nabarmenak egiten ari baldin bazara ere horretarako.

PEDRO.— Ni airean nabilek, ba, batzutan. Eta polita duk airean ibiltzea. Orduan kostalderaino joaten nauk.

KAPITAINA.— Ez zara inora joaten. Ez kostaldera, ez inora ere. Hemen lurperaturik zaude.

PEDRO.— Hori duk. Hori duk. Lurperaturik, noski, hila nagoelako. Baina airean ibiltzen naizenean, kostalderaino joaten nauk. Noski, egunero ez niak. Batzutan ez zeukat joateko gogorik. Atzo gogoak neuzkaan, eta joan egin ninduan. Orain urteak, kostaldera joaten nintzenean, ez airean, oinez baizik, maiteminduen bikoteak ikusten nizkian beti, orain, baina, ez zeudek honez gero. Orain zuen kontra ari dituk borrokan. Orain preso, edo ezkutuan, edo erbestean zeudek. (Geldiune luzea). Nola du izena hire andreak, kapitaina?

KAPITAINA.— (Hortz artean). Zer ardura zaizu?

PEDRO.— Ikusten? Onez-onean esateko aukera eman diat. Baina Ines duela bazekiat nik.

KAPITAINA.— (Harriturik bezala). Eta hori nondik sortu duzu?

PEDRO.— Esan diat lehen ere hik nitaz baino, gehiago dakidala nik hitaz. Ines. Baina ez arduratu. Aliarik ez duela ere bazekiat. Hik Beba esaten dioala kenduta. Baina ez duk izen klandestinoa. Hori zortea, ezta? Gaurregun ez duk ona izen klandestinorik izatea.

KAPITAINA.— Noraino heldu nahi duzu?

PEDRO.— Neure heriotzeraino, kapitaina, neure heriotzeraino. KAPITAINA, Zer on duzu izenik ez ematearekin? Jo eta lehertu hazaten?

PEDRO.— Edo ni lehertzen aritzeari utz diezaioten.

KAPITAINA.— Ez ezazula irudipen onik egin. Ez zaituzte utziko.

PEDRO.— Hiltzen banaiz, utziko naitek. Eta hiltzen ari nauk.

KAPITAINA.— Baina luze jotzen du horrela hiltzeak.

PEDRO.— Ez hainbesteraino, batek laguntzen badu, batek laguntza ematen badio.

KAPITAINA.— (Halako batean ilusionaturik). Prest al zaude laguntzeko?

PEDRO.— (Astiro ahozkatuz). Prest niagok hil nadin laguntzeko. (Geldiunea). Prest niagok ere Inesek zu maite zaitzan laguntzeko.

KAPITAINA.— Ez arduratu horrezaz. Maite nau hark.

PEDRO.— Bai, gaurrarte. Ez dakielako zehazki zer den hire lana.

KAPITAINA.— Pentsatzen du, agian...

PEDRO.— Ez. Ez dik pentsatzen. Pentsatuko balu, utzia hinduen honez gero. Bera ez duk gaiztoa.

KAPITAINA.— (Automata baten moduan). Ez da gaiztoa.

PEDRO.— Eta lagundu ere nahi diat, gainera, hire haurrek hiri gorrotorik ez edukitzen.

KAPITAINA.— Haurrek ez naute gorrotatzen.

PEDRO.— Oraindik ez, noski. Gorrotatuko haute, ordea. Ez ote dira, ba eskolara joaten?

KAPITAINA.— Mutila bakarrik.

PEDRO.— Baina neska gero joango duk. Eta mutil-lagunek eta neska-lagunek, biak informatuko dituzte hi zein haizen. Eskolan biztuko den lehenbiziko sesiorako, jakingo ditek. Logikoa duk. Eta hori behin norbaitek esanez gero, hi gorrotatzen hasiko dituk. Eta ez haute inoiz barkatuko. Inoiz ez dituk berriz hirekin izango. Ez duk inoiz jakingo ea... (Ezin du hizketan jarraitu. Zorabiatu egin da).

 

(Lehenbizikoan KAPITAINA ez zaio hurbiltzen. Begiratu gabe, bere baitara bildua, begiratzen dio. Gero konketara doa, edalontzi bat urez beteko du, PEDROren aurrean jarri eta aurpegira botako dio ura. Astiro, konortea itzuliko zaio PEDROri)

 

KAPITAINA.— Ez ezazula irudipen politik egin. Ez zara hil oraindik. Hemen jarraitzen dugu, aurrez-aurre.

PEDRO.— (Bizkortuz doalarik). Ah, bai, Ines eta haurrez hizketan.

KAPITAINA.— Aski da horretaz.

PEDRO.— (Isilune baten ondoren). Kapitaina, zergatik ez nauk hiltzen?

KAPITAINA.— Zu erotuta zaude! Eta ni erotu nahi!

PEDRO.— Zergatik ez nauk hiltzen, kapitaina? Heure burua defendatu nahian izango duk, agintzen diat. Alde egin nahi nuen, gainera. Ihesa-legea, oroitzen al haiz? Adore izan, kapitaina, orain duk aukera egunero egin behar den egintza ona egiteko.

KAPITAINA.— Zeinen hiztuna zauden gaur.

PEDRO.— Hainbesteko mututasunaren ondoren zenbait bengantza hartu diat. Hi hizketa-lagun ezinobea haiz, gainera.

KAPITAINA.— Ni?

PEDRO.— Bai, barren gaiztoa dualako. Oso eragingarria duk etsaiak barren gaiztoa duela jakitea. Ze hi borrero ez hintzela jaio eta esan huen guzti hura, guzti hura ipuin txino bat baita. Hik «gaiztoarena» bezala egin duk lan eta denbora luzean, denbora asko ez dela. Ezagutzen haugu, kapitaina. Zanoak lodiago egin behar dituzuela hortaz. Beti baduk norbait ikusten duen norbait. Eta ni adibidez, ez nauk mugatzen nire andrearen izena ezagutzera. Hirea ere bazekiat. Baita hire alia ere.

KAPITAINA.— Erotuta zaude. Nik ez dut aliarik!

PEDRO.— Baduk, bai. Bakarrik hire alia ez dela izen bat, gradu bat baizik. Hire alia kapitainaren gradua duk. Eta hi koronela haiz. Koronela haiz, kapitaina. Beraz bietako bat: edo Romulo eta Kapitaina esaten zioagu elkarri, edo Koronela eta Pedro esaten zioagu. Zer deritzok, kapitaina? Eh, koronela?

KAPITAINA.— (Min ematen dio kolpeak). Ba al dakizu gauza bat? Zu ni baino krudelagoa zara.

PEDRO.— Zergatik? Tratamendu bera ematen diadalako? Ez da horrenbesteraino. Gainera, boterea, elektrodua, palankana betea kaka, zutiketa, hor dituk hik oraindik. Nik ez diat ezer. Neure ezezkoa bakarrik.

KAPITAINA.— Gutxi iruditzen al zaizu?

PEDRO.— Ez, ez zeidak gutxi iruditzen. Baina nire ezezkoarekin...

KAPITAINA.— ...ezezko fanatikoarekin...

PEDRO.— Hori duk, neure ezezko fanatikoarekin, desagertzera noa, libre utziko diat orain hiri guztia, hobeto esanda, hilerria ez gainerako guztia.

KAPITAINA.— Ez, Pedro, zu ez zara krudela. Barkatzea eskatzen dizut. Eta krudela ez zarenez gero, konprenituko duzu. Zuk diozu nire haur eta andrearen maitasuna salba ditzadan nahi duzula.

 

(KAPITAINAk zer dioen kaso egin gabe, PEDRO hizketan hasiko da, eta ingurunearen kontzientzia handirik gabe egingo du hori)

 

PEDRO.— Egiaz ez duala inoiz heure buruarekin hitz egin, kapitaina? Orain hemen niagok, hirekin. Baina berdin hitz egin zezakeat neure buruarekin. Bide batez halako kondizioetan nola hitz egiten den ikasiko duk. Hartu boligrafoa, kapitaina. Hau nor bere buruarekin nola hitz egiten den saio bat duk. (Geldiunea). Hara, Aurora...

KAPITAINA.— ...alia Beatriz...

PEDRO.— (KAPITAINAren oharra aditu ez bailu). Hara, Aurora, izorratua niagon. Eta bazekinat hi ere, non baihago ere, izorratua hagoela. Baina ni hila niagon eta hi, berriz, bizirik hago. Dena jasaten dinat, dena, gauza bat ezik: hire eskua hemen ez edukitzea. Horrexen falta egiten dinat gehiena: hire esku leun, luzea, hire hatz fin eta sentiberak. Uste dinat horrexek bakarrik lotzen nauela oraindik ere biziari. Osoan joan baino lehen, mesede bakarra emango balidate, horixe eskatuko nikeen: hiru, bost, zortzi minutuz hire eskua hemen eduki. Ongi pasatu dinagu, Aurora...

KAPITAINA.— (Eztarri estuz). ...alia Beatriz...

PEDRO.— ...hik eta biak. Hik eta biek bazekinagu lagunekin konfidantza izateak zer esan nahi duen. Horregaitik nahi ninan eduki hire eskua hemen: hitaz fidatzen naizela esateko modu bakarra litzatekeelako. Eta baita iragandako konfidantzetan denbora piska bat luzatzeko modua ere. Oroitzen al haiz martxoko egun hartaz, orain dela lau urte, hire zaharren etxetik urrean dagoen hondartza ttikian? Oroitzen al haiz bi orduan edo egon ginela, hondarretan etzanak, hitzik esan gabe, Bia Lakteari begira, gela bateko sabaiari begira dagoena bezala. Oroitzen naun halako batean eskua hiregana egiten hasi nintzela hondarretan, hiri begiratu gabe, eta halako batean hire eskua niregana zetorrela topatu ninan. Eta bide-erdian topo egin zinaten. Kontu egin hauxe dela gehien gogoratzen naizen oroitzapena. Baita hire gorputza, hire larrua, baita hire ahoa. Nola ez oroitu hori guztiaz. Baina gau hura hondartzan da gehien gogoratzen naizen irudia. Aurora...

KAPITAINA.— (Negarrez) ...alia Beatriz...

PEDRO.— ...Andresi gutxika-gutxika esaiozue. Ez min handirik eman notiziarekin. Horrek marka uzten zion edozein haurri. Gutxika eta hasieratik esplikaion. Kapitulu bat ulertu duela seguru hagoenean orduan bakarrik hasi kontatzen hurrengoa. Ipuinak esaten dizkionanean egiten dunan bezala. Apurka, minik eman gabe, konpreniarazi hau ez dudala emozio lehertze batez egin, prozesu bat izan dela. Ongi esplikatu, hire erarik hobereneko hitz samur, zehatzez. Esaion ez duela zertan dena onartu beharrik, baina konprenitzeko obligazioa duela. Bazekinat aitarik gabe orain uztea, beraren kontra egiten dudan agresio bat bezala dela, edo gutxienez, hola senti lezake, ez zekinat gaur, baina agian egunen batean edo insomnio-gauren batean. Uste osoa zeukanat hire pertsuaditzeko ahalmen ezinobean, konbentzitzeko bera, neure heriotzearekin agresiorik ez diodala egiten, baizik eta, nire modura, salbatu nahi dudala. Neure bizia salba nezakenan norbait salatuz gero, eta ez dinat salatu, baina salatuz gero orduan bai hondatuko nukeela. Gaur beharbada poztu egingo huken aitatxo etxera etortzean, baina bederatzi edo hamar urtez geroago paretaren kontra egingo lioke burua hautsi beharrez. Esaion, ulertu ahal duenean, izugarri maite dudala, eta nire mezu bakarra inor ez salatzea dela. Esango al dion? Baina, hori bai, zenbait aldiz saia ezan lehenagotik, hola ez dun negarrik egingo esaten dionanean. Negarrez, indarra galtzen din esaten dunan gauzak. Ados hago, ezta? Inoiz hitz egin dinagu hik eta biek gauza hauezaz, garaitzapenak egiantzekoa eta urrean ematen zuenean. Oraindik ere egiantza badin, baina urrundu egin dun. Nik ez dinat ikusiko eta lastima dun. Hik eta Andresek, ordea, ikusiko duzue eta suertea da. Orain emadan eskua. Chau, Aurora...

KAPITAINA.— (Negarrez histeriko). Alia Beatriz!

 

Isilune luze bat egingo da. PEDRO, esfortzuaren ondoren, ezteustua dago. Agian, berriz galdu du konortea. Haren gorputzak alde batera egiten du, ez da erortzen, zinturoiak aulkian eusten duelako bakarrik. KAPITAINA ere, bere aldetik, ahiturik dago, baina honen hondamena beste alde batekoa da eta hori ikusleak nabaritu behar du. Burua eskuen kontra jarririk du eta piska batez intzirika entzuten da. Gero, poliki bere onetara etorriko da, eta PEDROri, antza, konorterik gabe baldin badago ere, hasiko zaio hizketan.

 

KAPITAINA.— Pedro zu hilda zaude eta ni ere bai. Heriotze diferenteengatik, noski. Nirea tranpazko, enboskadazko heriotzea da. Enboskadan erori nintzen eta honez gero ez dago atzera egiteko biderik. Tranpan harrapaturik nago. Esango banizu ezin dudala utzi hau, zuk esango zenuke naturala dela, hori konforta, bi autoak eta abar uztea izango litzatekeelako. Eta ez da hala. Hori denori bihotz-zimikorik izan gabe utziko nuke. Ez badut uzten, beldur naizelako da. Zurekin egiten duten, egiten dugun gauza berbera egin dezakete nirekin ere. Eta zuk seguraski esango zenidake: «Beno, ikusten duk, jasan daiteke». Zuk bai jasan dezakezu, zer sinestu, zeri heldua, baduzulako. Nik ez. Baina nire salbatzeko ezintasun horretan, tarteko soluziobidea geratzen zait. Badakit Ines eta neska-mutilek gorrota nazaketela egunen batean, jakiten badute xehetasun guztiekin zer egin dudan eta egiten dudan. Baina hau dena ezer lortu gabe egiten badut, gainera, ez dut litekeen justifikaziorik. Datu bakar bat ere eman gabe hiltzen bazara, niretzat erabateko bentzutzea da, erabateko lotsa. Zerbait esaten baduzu, berriz, bada zerbait ni justifikatzen nauena. Nire krudeltasuna ez da horrez gero, debaldekoa izango, hala bere helburua beteko baitu. Horixe bakarrik eskatzen dizut, horixe erreguz eskatzen dizut. Ez lau izen-deitura ere, baizik bat besterik ez. Eta aukera dezakezu: Gabriel edo Fernando edo Magdalena edo Fermin. Bat bakarrik, zuretzat gutxien balio duen hura; gutxien maite duzun hura; baita garrantzirik ttikiena duena bada ere. Ez dakit ulertzen nauzun: hemen ez naiz ari regimena salbatzeko informazio eske, baizik ni salbazuko nauen datu bat, edo hobeki esanda, neronetaz zerbait salbatzeko. Efikaziaren justifikazio eskasa ari natzaizu eskatzen, Ines eta neska-mutilen aurrean alferrikako sadikoaren moduan ez gelditzeko, baizik gutxienez azterkari efikaz bat bezala, errentagarri den profesional bat bezala. Dena galtzen dut bestela. (KAPITAINAk pauso batzu emango ditu PEDROgana eta honen aurrean belaunikatuko da). Pedro, denbora gutxi dugu, oso denbora gutxi. Zuk eta nik. Baina zu bazoaz eta ni geratzen naiz. Pedro hau ezteusturiko gizon baten erregua da. Zu ez zara gizatasunik gabea. Zu gizon sentibera zara. Zu gai zara jendea maitatzeko, jendeagatik sufritzeko, jendearen alde heure bizia emateko. Pedro, erregu egiten dizut: esazu izen-deitura bat bakarrik. Honetaraino etorri da nire eskakizuna. Garaitzapena berdin izango da zurea.

 

(PEDRO piska bat mugitzen da. Zuzen jarri nahi luke, baina ezin du. Beste esfortzu bat egin eta azkenean tentetuko da)

 

KAPITAINA.— Romulori eskatzen diot. Romulori erreguz eskatzen diot. Romuloren aurrean belaunikatzen naiz. Romulo, esango al didazu izen-deitura bat? Esango al didazu hori bakarrik?

PEDRO.— (Ia ezinean). Ez... kapitaina.

KAPITAINA.— Orduan... Pedrori eskatzen diot, Pedrori erregu egiten diot. Pedroren aurrean belaunikatzen naiz. Izen klandestinoari ez, baizik gizonari ari natzaio. Belauniko egiazko Pedrori eskatzen diot.

PEDRO.— (Begiak zabal-zabal egingo ditu, ia hilurren). Ez... koronela!

 

(Argiek PEDROren aurpegira egingo dute. KAPITAINA, belauniko, itzalean geratzen da)

 

AMAIERA