Hanka tartean maitasuna
-hari fina-
nahastu zitzaien
eta haien gorputz lerdoak (hazkazal nekatuen basurdeak)
lohiean erori ziren plisti-plasta
haien begietan abesten zuen oihanak
haien belaun elurtuetan
dardara bizian desioaren untxi urduriak ziren ari
eta alakranek izozturik bertan zuten hiltoki
zein ederrak beren txarolezko oinetako gorriak
nahiz eta lohia
zein garaiak zein lirainak
haren takoiak
erle ebaslea haien txilborren nektar deliziosoa milikatzera zetorren
otsoek zaintzen zituzten zuhurki
hontzek haien sekretua gordetzen zuten
eta oilarrak kantatu baino lehen
aldarean belaunikaturik
nire ahoa santifikatu zuten
zeruaren aurrean