Hiri gertatutakoaren berri
heldu zitzaidanean
zigarroa itzali zitzaidaan
odola ozpin bilakatu zuan,
eta ilemina ere
jarri zitzaidaan,
laguna.
Hi
belarrezko zoriona
irakatsi hidaan hori,
porlanezko lau pareta hotzen tartean
aurkitzen haiz, hertsirik
eta eguzkiak ez dik gehiago hire bihotza berotuko.
Bai urrun dagoela
tropikoko bero goxoa, ezta?
Eta ba al dakik, motel?
Orain, paperak ez dik itsasten,
hashisha ezin duk xehetu,
zuritoek lixibaren zaporea ditek
eta gure rock & rollik kuttunena
dagoeneko ez duk tabernetan entzuten.
Hik
gudari izukaitz horrek
Lope de Agirre berriak
musikazko Mirande horrek
munstro beltz higuingarriari
besapean banjo disdiratsu bat
arma bakartzat
aurpegi eman hioan.
Baina
apaiz-polizi madarikatuek
(edo alderantziz)
egunero txistua botatzen didatenek,
eraman hinduten.
Noiz erreko diagu
beste udaberri bat elkarrekin?
Donostian,
egun latz honetan, hire oroimenez,
antxetek ere
Urumearen gainean
blues triste bat
dantzatzen ditek.