Bermudetako triangelua
Guttitan agertzen naiz Iruñera gaur egun, Eguberrietan eta amaren urtebetetzean ozta-ozta, baina oraindik ere gogora arazten dit. «Iñakiren amarekin topo egin nuen lehengoan. Zutaz galdegin zidan» edo «Gorantziak Iñakiren amaren partez» erran ohi dit, aipamen horrek ene baitan eragiten duenaz ezjakin.
Anitz urte iragan da harez geroztik. Hala eta guztiz, andre horren izena aditu eta hiri ttiki probintziar batean bere aitzin zabaltzen ari den bizitza begi txundituez ikustatzen zuen mutikoa nitaz jabetzen da berriro.
Haurtzarotik nerabetzarora doazen urte ilunetako adiskide izan nuen Iñaki. Bera zegoen tokian, han izanen nintzen nihaur ere. Eta aldrebes. Bazkaltzeko tenorean izan ezik, elkarrekin egoten ginen goizetik gauera. Elkarrekin joaten ginen eskolara eta elkarrekin etorri. Pilotan, bikotean aritzen ginen han egiten ziren txapelketetan. Elkarren itzal ginen. Eta horrela segituko genukeen seguraski, fraide alu haiengatik izan ez balitz.
Iñaki arras ikasle fina zen. Justu kontrakoa neu. Guretariko nihork ez zuen ikasten baina, onik aterako zen bera etsaminetan eta arrunt gaizki ni ordea, ikasgela osoan okerrena. Misterio handia hura enetzat. Eta egia erran behar baldin badut, bekaizkeriaz betetzen ninduena.
Gelaz gela zetorkigun ikastetxeko zuzendaria hamabostero, ikasle bakoitzaren emaitzen berri emanez. Haien arauera bi astetan behin itxuraldatu egiten zen gelako geografia. Jarlekuz aldatzen bazen ere jende gehientsuena, gu ez. Mugikaitzak ginen biok. Ikasturtea hasten zenetik akabantza arte, Iñaki ez zen arbel ondoko mahaitik mugituko. Ezta neu ere. Azken lerroan zegoen ene tokia, astoen ilaran.
Bere putre sudurrean antiojuak egokitu eta ozenki leitzen zituen zuzendariak gure izenak. Iñakirena ailegatzean, laudoriozkoak ziren beti bere hitzak. Jaikiarazi, bere ondora deitu eta gelako lehendabizikoa zela egiaztatzen zuen diploma ematen zion sakeletik ateratzen zituen gozokiekin batera. Enea zerrendan ikusi eta kopeta zimurtzen zitzaion. Eni zuzendutakoak, hitzak baino, irainak zirela erranen nuke.
Lehenagoko urteak nekez pasatu banituen ere, hamalau bete nituenekoan ezin izan nuen gauza bera egin. Ikasturtea errepikatu behar izan nuen. Bertan geratu nintzen, ene adinekoek —Iñaki barne— aitzina egiten zuten bitartean. Alferrikakoak izan ziren gure aita zenaren ipurdikoak, baita gure ama gaixoaren otoitzak ere. Txinako murraila handia baino iragangaitzagoa zen hura enetzat. Oraindik ere, afari pisuen ondorengo lokamutsetan, gorriturik ikus dezaket aitaren bisaia, galtzetako uhala askatu eta ero baten moduan eni kolpeka, ama negarrez ari delarik sukaldeko bazter batean. Hagitz sufritu zuen amak urte haietan. Zazpietako mezetara joan ohi zen goizero, azterketak pasa nitzala Jaungoikoari eskatzeko. Bederatziurren ugari egin zion Ama Birjinari ene alde.
Arrakasta eskaxaz. Hondarrean, ikasketak utzi eta osaba Ferminen lagun baten inprimategian lanari lotu nintzaion. Arte akademia batera joateko ohitura hartu nuen lanetik irtetean. Kontent nintzen. Banuen diru pixka bat, finituak ziren etxeko zezioak eta arkatza nerabilen eskuan egun osoan. Biok lanpeturik ginenez, asteburuetan soilik ikusten genuen elkar, eta fite, nesketan hasi bezain fite zuzenki, betirako bereiztu ziren gure bideak. Opus-en klinikan dago egun, zirujano ezagun eta aberats bihurturik, nik Bartzelonako argitaletxe baterako komikiak marrazten ditudan artean. Ongi da gainera. Ezin bertzela izan. Azken finean, eskolan irakaslearen hitz bakar bat galtzen ez zuelarik berak, marrazkiak egiten niharduen nik buru belarri, haren ahots betiberdinari entzungor.
Eskola diot, baina hura ez zen eskola, ikastetxea baizik. Gurasoek ni hara igortzeko egin zituzten sakrifizioak eginda, ez litzaidake horrela deitzea zilegi.
Ez Iñaki ezta nihaur ere ezginen iruñearrak. Giputzak ziren bera eta bere familia osoa. Gu, aldiz, Urdazubikoak. Bion familiak lanera ziren etorriak, eta bion aitek Landabe inguruan zeuden enplegaturik. Ingeniari haiena, langile xumea gurea.
Gurasoen ustetan, fraideetara joan beharra zegoen funtsezko heziketa erdiestekotan. Hartarako beren azken sosak xahutu behar baldin bazituen ere.
Batxilergoaren lehen urtean etorri zen Iñaki. Hastapenetan, bere eskola emaitzak zirela eta, begitan hartu genuen lagunok. Nor ote zen aulkibero zikin hura?
Baina eman zigun, ederki eman ere, aburuz aldatzeko parada.
Sasoi hartan, ikastetxetik atera, Txantrea aldean bizi ginen batzuk elkartu eta murrailan gelditzen ginen etxerako aldapa jaitsi aitzin. Murrailan, pareta eta sasien artean, gordeleku bat geneukan. Arratsaldero, denon dirua bildu, tabakoa erosi eta zigarreta bana erretzen genuen han. Bertan paketea gorde eta pozik abiatzen ginen etxerantz, gordetakoa ahitzerakoan, ondorengoa zein markakoa erosiko ote genuen eztabaidatzen, ez bait genuen marka bera bitan erosten. Marka eta mota franko zegoen eta guztiak dastatu beharra. Menta zaporekoak. Kanariasekoak. Txokolatezkoak ziruditenak, luze eta ikusgarriak. Tabakoa erostera joan eta dantzan jartzen zitzaizkigun begiak, eskaintza koloredun eta azkengabearen aitzin.
Egun batez taldeko norbaitek Iñaki ekarri zuen pipatzaileen elkartera. Begitartea goibeldu eta traizionaturik sentitu ginen etorri berria ikusterakoan. Baina sakelean zekarrena erakutsi eta guztion onarpena bereganatzea bat izan zen. Ongi ezagutzen genuen kamelu baten irudia ageri zen eskuan zuen paketean. Nerbios, eskaintzen ari zitzaigun zigarreta biztu genuen. Eztulka hasi ginen gehienok berehala, hain izan zen eman lehen zurrupada latza. Ezin sinetsi. Camel, gure aspaldiko ametsa pipatzen genuen, lehen amerikar gorria. Betidanik nahi izan genuen haietako bat erosi. Nola ordea?Beltzerako lain nekez bildu ahal izanik, fantasia hutsa zenhura guretzat. Eta hara non agertu zaigun bera, pakete oso batez gainera. Bazkide berria zeukan elkarteak harez gero, adiskide berria nihaurrek.
Iñaki taldekidea izanik, ez genuen tabako gehiago erosi beharrik. Handik aintzinera ez ziren camel eta malboro-ak faltan izanen. Ederki horniturik geunden. Astelehen batez habano motako zigarro luze bat ekarri zuen. Baina ez Osasunak Iruñean jokatzen zuen igandeetan aitak biztu ohi zuen farias haietakoa, ez. Partagas bat zen hura, karioa.
Berant, oso berant iritsi nintzen egun hartan etxera. Habanoa akitzerako, gaizki ginen ia denok. Tripen dantza aditu genezakeen, gure bisaien kolorea aldatzen somatu. Goitika ari ginen handik gutxira. Barrenak hustu genituenean, Txantrearako bidea hartu genuen, pausua eme, balantzaka. Txiklezkoak ziruditen gure hankek, soina eramateko ezgauza. Edozein unetan, tolestu, lurrera erori eta arrastaka joan beharko genuela etxeraino, hori irudi zitzaigun amets-gaizto moduko hartan. Paretan lagunduz egiten genuen aitzin, komikietan, basamortuan galdu gizarajoek egiten duten maneran, eta zenbait metro eginik, atseden hartu behar genuen, eta ahal izanez gero jarri. Etxera ailegatu nintzelarik, zain nuen aita, uhala prest. Baina hain zen ene itxura penagarria, hain ene kolorea zurbila, non zafratu ordez besoetan jaso eta ohera eraman bait ninduen.
Aste pare bat iragan zen guttienik murrailako txokora itzuli arte. Harrigarriki, Iñaki izan zen hartan eritu ez zen bakarrenetarikoa. Eta gauza bera pasatu zen lehendabizikoz mozkortu ginelarik. Mutila ez zitzaigun ikasketan bakarrik bertze gainerakoei aitzinatzen, bizitzaz ere guk baino gehiago zekien, itxuraz.
Franko ikasi nuen berarekin. Bizikletan ibiltzen, erraterako. Baziren anitz txirrin gure auzoan, baina jabeek ez zizkiguten nehoiz uzten, ibiltzen ez bagenekien batipat. Nola ikasi ordea, bizikletarik gabe?! Iñakirekin berriz, malda egokia bilatu eta handik behera jaisten nintzen, oreka mantentzen ikasi arte.
Tabakoa, alkohola eta bizikletek ene bizitzaren zati handi bat betetzen bazuten ere, bertzelakoa zen ene interesen zerrendan aurrena ageri zena. Misteriorik argiezinena, enengan jakinminik handiena sortarazten zuena duda izpirik gabe, sexoa zen. Eremu ilun eta ezezagun hartan egin lehen urratsak bere eskutik egin nituen halaber.
Liburuek eta biok harreman arin eta dorpeak izan ditugu beti, batez ere orduan. Eskolako liburuen artean bazen bat, dena den, biziki estimatu eta anitzetan erabiltzen nuena: hiztegia. Munduko jakinduria osoa kausi omen zitekeen liburu mardul hartan. Bere orrialdeetan burua murgildu eta bake santuan uzten ninduten fraideek horrela ikusirik. Ez zen hura, aitzitik, liburuak zeukan abaintaila bakarra. Letrazko oihan oparoan barna, pizti basatien, ankerrenen bila ausart abiatzen nintzen. Egun emankor baten ondoren, horretarako espreski erosia nuen kaiertxo berdean ihardunaldiko ehiza zetzan ene begirada alegeraren pean. Animalia eroriek —ene kaligrafia onenean— hamaika mentura eta arriskuren oihartzunak zekarzkidaten gogora: puta, ramera, maricón, joder, coño, vagina. Azken hori bereziki. Iñakik kaieratxo berdearen berri jakin bezain laster, laguntzeko prest agertu zitzaidan. Irri galantak egin genituen.
Bere etxera gonbidatu ninduen bakarrik geratu zen larunbat batean. Intxaustitarrak —horixe zuen Iñakik abizena— SanJuanauzoko etxe handi eta dotore batean bizi ziren. Igogailua eta berogailu zentrala zeuzkan etxeak, zola moketaz estalita. Salan —gurean sukaldea erabiltzen zen denetarako— besaulki sendo batzuk ziren eta landare andana leihotzarraren ondoan. Paretetariko bat liburuz josita zegoen goitik behera. Bertze bietan, tamaina ezberdineko irudiak zintzilik. Zinez gauza ikusgarriak etxe hartakoak. Ni ordea, telebistak liluratu ninduen gehien, liburuen artean mirakulu baten antzera ageri zena. Erran behar bait da, sasoi hartan Txantrea osoan gurea zela, nehongo zalantzarik gabe, aparailu zoragarria ez zeukan bakarrenetarikoa. Ezin modernoagoa zen sukaldea, zuri-zuria. Sutegiak ez zeukan egur edo ikatzaren beharrik. Elektrika zen. Hozkailu eta ikuztailua zituzten gainera. Halakoxea zen komuna ere. Iñakik, bere arrebaren gisa, gela propioa zeukan, ez guk bezala, anaia guztiok berean lo egin behar izaten genuela. Harriturik ninderaman Iñakik batetik bertzera. Soilik filmeetan neukan ikusita halakorik. Gurasoena gertatu zen, hala ere, animalezkoena. Iñakik erakutsi nahi zidanaren bila sartu eta oheari iltzaturik geratu zitzaidan behakoa. Urre koloreko ohegainaren azpian zegoena ez zen ohe bat, bertze zerbait zen hura. Korrika egin zitekeen han, futbolean aritu.
Adiskideak, oheko zur berberaz (haritza seguruena) egin gaumahaiko tiradore bat ireki, zeozer atera, enegana bueltatu eta «Hona hemen» iragarri zidan irriñotsu, eskuan zuena erakutsiz.
Frantsesa zen. Aitak erosi omen zuen negozio bidaiaren batean. Soinean bikini gorri nimiñoa baizik ez zeraman neska beltz bat ageri zen aldizkari azalean. Ezkerreko ditiburuan sheriff izar bat zeukan, cowboy kapela buruan. Ezpain lodiak ia ukituz, zilarrezko pistolari eusten zion maltzur aho parean. Barnean, andereño gehiago. Beltzak, zuriak, ekialdekoak. Batzuk bikinietan, lo-jantzi arin, gardenetan bertze hainbertze. Motor indartsuetan jarririk edo ohe sofistikatuetan etzanda, blondak edo ilegorriak, paper distiratsu eta lodiko aldizkari hartatik beha genituen neska haietariko bakoitza gugan sute itzalezin bat eragiteko gauza zen. Gradu pilo bat igotzen zen gure gorputzen tenperatura orrialde bakoitzeko. Okinaren labea baino beroago geunden erdikoetara ailegatu ginenerako. Hiru zatiz osaturiko hura zabaldutakoan irakiten jarri ginen.
Guztiz biluzirik zegoen poster moduko hartakoa. Zetazko oihal berde batean zetzan eta ipurdi biribil perfektoa erakusten zuen, burua eskuineko besoan pausaturik. Bisaia kamara aldera bueltaturik, ipurmatelak bezain biribil eta neurriko ditiak antzeman zekizkiokeen adats hori eta luzearen artetik. Pairakaitza zen hura. Galtzontzilo eta galtzen tartean trabaturik, min egiten zidan zakilak. Aldizkaria kasuz hertsi eta salara joateko erran zidan Iñakik orduan.
Han, sofa aitzineko kristalezko mahaitxoan orrialde bera zabaldu ondoren, galtzak laxatu eta bere zakila haunturatua esku batez atxiki zuelarik, ea kanpaia jotzen banekien galdegin zidan. Nik, baietz erran nion gezurra ahalketurik, ordurako masturbazioaren menpeko izanik ere, era hura ez bait nuen artean ezagutzen. Enea baino anitzez hobekiagoa zen Iñakirena, beti bezala.
Ahozpez ohean paratu eta eldarniorainoko zamalkatze zoro bati ekiten nion gauero, sabelpea matazaren kontra igurtziz.
Ohean egin nezakeen soilik eta arrasto gehiegi uzten zuen ene sistemak. Hastapenetan amak ez zidan deusik aipatu. Egun batez berriz, maindiretan azaldu ohi ziren artxipelago horiskez unaturik nonbait, ea zertan nenbilen galdegin zidan bertzeen aurrean. Gela berean lo egiten zuen anaia ttikia ere somierreko azantzaz kexaka hasi zen. Ezin zitekeen, beraz, Iñakirena une egokiagoan iritsi. Handik aitzin ez zuen atsenaldirik ezagutu ene eskuak. Ikastetxeko komunetan, etxekoan, zinemako iluntasunean. Artista bat nintzen. Ez nuen galtzak jaitsi beharrik ere. Eskua sakelean sartu eta nihor ohartu gabe egin nezakeen zernahi tokitan.
Bertze anitz etorri ziren aldizkari haren ondoren. Dena dela, ipurdi, izter, zilbor eta tamaina orotako ditiak ikusi arren, orrialde distiratsu haiek betetzen zituzten jainkosek ez zuten hankarteko triangelua —Bermudetakoa baino misteriotsuagoa— sekulan erakusten. Estuki zaintzen zituzten beraien mugak.
Ugaritu egin ziren ene etxe hartarako bisitak larunbat hartatik. Eta ez aldizkari erotikoak leitzeko bakarrik. Hartan ez zegoen aspertzerik.
Gure amak, fraideek noizbehinka antolatzen zituzten guraso bilkuretatik, Iñakirenak ezagunak zeuzkan, bistaz bertzerik ez bazen ere. Bere amaren larruzko beroki garestiez eta aitaren planta eta mintzaera dotoreez liluraturik, sekulako begirunea zien. Ez zitzaidan hagitz kostatu, horrexaz, eskolak finitzean hara joateko baimena erdiestea. Bazekien Iñaki gure gelako ikaslerik prestuena zela, eta bere laguntzak onik baino eginen ez zidalakoan, ez zidan oztopo handirik jarri ene asmoen berri azaldu nionean. Trabarik ez ote nien eginen, horra bere kezka bakarra. Baina haurride ttikiekin aski lan ukanik, fite ahantzi zen nitaz.
Arratsaldero, eskolatik irten eta Iñakirenera joaten ginen. Bere amak askaria eman eta etxeko lanak burutzean —egia erran, neuk Iñakirenak kopiatu bertzerik ez nituen egiten— telebista aitzin eseri eta Colombo,Mision imposible eta gisako telesailak ikusten genituen, haien aita afaltzera etxeratu arte.
Hogeitahamarrak bete berriak izango zituen ile horiko emazteki alaia zen Iñakiren ama urte haietan. Ezin erran potoloa zenik, baina bere gorpuzkera malatsak sendotasun eitea ematen zion. Ibiltzerakoan bereziki. Azal esne-zuriko mateletako gorri biziak, irriaren xalotasunak, baserritar jatorriaz pentsaraz zezaketen. Jazterakoan, apaintzerakoan, somatzen zitzaion fineziak, haatik, uxatu egiten zituzten halako iritziak nornahiren burutik. Nehoiz ez nuen etxetik soineko berberaz ateratzen ikusi, nahiz eta egunero bazkaldu eta gero lagunekin Castillo enparantzako kafetegi batean jartzera joan. Karrikaratu baino lehen, ia ordubete ematen zuen komuneko ispilu parean. Eta harez gero gauza frango ahantzirik badut ere, nekez abandonatuko nau saio haien oroimenak.
Fraideetan arratsalde libre bat izan ohi genuen astean behin, asteazkenez oker ez baldin banago. Bazkaldu eta Iñakirenerantz abiatzen nintzen lasterka halakoetan, bazkalondoko filmea galtzeko beldur. Ailegatzerakoan, ezpainak pintatzen edo orrazten arituko zen ama. Zenbaitetan, etxeko atea ireki eta pasilo barrenean zegoen komunean antzeman ahal izanen nuen une batez, salaratu aitzin. Behin batez, gona behekaldean eta goikaldean bularretako beltza bertzerik ez zuelarik, gorantz zuzentzen ziren bular tenteak nabaritu nizkion salarainokoak iraun zuen instant llaburretan. Colombok ibiltzen zituen karriketatik baino hagitz hurbilago zegoen ene gogoa arratsalde hartan enegandik metro guttira. Eta ez teniente zorrotzaren gorabeherak ezta Porky zerriarenak ere ez ziren gauza izan doi-doi erdikusitako emakumearen irudia azpiratu ahal izateko. Garunean itsatsi zitzaidan tematsu, tokor baten gisa. Hainzen latza, hain zen jasankaitza, non Iñakiren ama partitu eta, irrika bortitzari ezin eutsiz, etxe hartako komunera joan behar izan bait nuen, barnetik kiskaltzen ari zitzaidan su izugarri hura itzali, indar guzti hura askatzeko. Diti haiei, bere senarraren aldizkari erotikoetan ikusgai zeudenei baino miresgarriagoak neritzen, desiragarriagoak. Eta gaur egun ere —aitortu beharra daukat— maiz oroitu, anitzetan erabiltzen ditut buruan, igande goizeko betiko txortaldian batez ere, emaztearen xarmak aski ez zaizkidanetan.
Nolanahi ere, ez zen hura etxeko emakume bakarra. Lagunak arreba gazteago bat zeukan: Maddi.
Ama bezalakoa zen Maddi, berdina. Musugorri, begi nabar, txirikorda batean biltzen zuen bere ile argia. Zortzi urte inguru zituen, baina monjetako uniforme urdinez jantzirik, ninfaño liluragarria zen ordurako (nahiz eta osatzen niharduen hiztegi erotikoan hitz hori ez egon oraindik).
Maddi eta biok ongi hartu genuen elkar hasieratik. Iñaki oso musikazalea zen. Ni, batere ez. Batzuetan aitak Alemaniatik ekarri magnetofoia atera eta orduak ematen zituen musikan galdurik, nehori kasurik egin gabe. Kitarra jotzen ere orduntxe hasi zen. Elkarrekin jostatuko ginen Maddi eta biok halakoetan, Iñaki kitarraz aspertu arte. Musikari entzungor, kartetan edo partxisean aritzen ginen. Gurasoak kanpoan zeudenean aldiz, gordeketan.
Gurasoen logela neukan ezkutalekurik gustokoena. Maddiren ahotsa zenbakiak kantatzen entzuten nituelarik, tiradorea kontuz ireki eta isilka miresten nuen amaren mihiseria gelako argitzalean. Bularretako, pantaloietako inguruak ibiltzen zituzten nerbios ene hatzek eta jantzi leunen xera zirraragarria erantsirik geratzen zitzaidan eri puntetan. «Hamar» aditzean, tiradorea hertsi eta ohe azpian ezkutatzen nintzen. Gordelekuko ilunbean hatsari eutsi eta ohe hura gauero berotzen zuen gorputza irudikatzen nuen ene ondoan. Errepikatzearen errepikatzez, alferrikakoa bihurtu zen tokia. Maddik zenbaketa finitu eta bazekien non bilatu. Ez zidan inportarik. Haatik, huraxe nahi nuen. Irteteko erranen zidan Maddik baina nik han iraunen nuen, hitzik egin gabe, izanen ez bainintzan, geldi. Orduan berak, belaunikatu eta ohegaina altxatuko zuen emeki, beldur antzera. Ilunbetik bere aurpegia antzematerakoan, besoa luzatu, atxiki eta enegana erakartzen nuen oihu eginez. Bere gorpuño epela ene kontra nabaritzean, amarena senti nezakeen, nolabait, besoartean. Formagabeko, osatugabeko haren ukipen hutsak hala jartzen baninduen, zer ez zuen sentiarazi behar naturak aspaldi mamitu, borobildu amarenak?
Laket zitzaion Maddiri ere.
Josteta, errituala bilakatu zen luze gabe. Salan gelditu, hamarreraino heldu eta ohe azpira etortzen zitzaidan zuzenean. Ohepean besarkaturik, amaren sabelera bueltan izanen bagina bezala, gure hats konpasatuaren hotsak baizik hango isiltasun erabatekoa pitzatzen ez zuelarik, mutu egoten ginen belztasunaz gozatuz. Bere biloak kili-kili egiten zidan bisaian eta bere larruaren usain garbiak hartzen ninduen.
Geroago, ohepeko saioak ahantzi gabe, gure josteta irten egin zen handik. Maddiren gelak gurasoena ordezkatu eta ohe azpitik ohe gainera igo ginen. Gurasoena izendatu genuen jolas berria. Bera ama izanen zen, jakina. Aita, nihaur. Seme-alabarik ere ez genuen falta. Denetakoak: zuriak, beltzak, pipi egiten zutenetarikoak, ibiltariak, solastariak... ez zuen mugarik Maddiren panpina sortak. Nik egunkaria irakurtzen nuen bitartean, familia zaintzen zuen berak. Jantzi, orraztu, eskolara eraman, etxera ekarri, plastikozko sukaldeñoan afaria prestatu. Nekagaitz aritzen zen Maddi batetik bertzera, amatasunaren beharretan zoriontsu. Umeak oheratu eta gauza bera egiten genuen gurasook. Ohean ordea, eta konpreniezina zitzaidan arrazoiren batek bultzaturik, uko egit zien ene eskariei. Ez zuen biluztu nahi izaten. Alferrik gogorarazten nion benetakoen antzera jokatzeko premia. Musu eginen nion ezpainetan, luze, filmeetan ikusita nuen moduan. Ene eskuak bere soineko bihurgune eta bazterrak ibili eta aztertuko nituen bere irrikarkaren artean. Hala ere, eskuari onartzen ziona, ez zion nehoiz begiari onartuko.
Anitz urte berantago, horrexez gogoetan, emaztekiak haurtzarotik erakusten dituen azkartasun eta sotiltasunek txunditu egin naute beti. Baita gizonezkoon inozokeriak ere.
Halako batean, ene asmoak bete ahal izan nituen azkenik. Erdi-bete, hobekiago errateko. Maiz gonbidatu, eskatu, erregutu eta gero larrugorritan gelditu zen, edo kasik, zeren pantaloitxoak eranzteko egin saiakerak oro hutsalak izan bait ziren, bere ezezko egoskorraren aurrean. Eta ditiak baino pikortak ziren bere bularreko bi koska ttikiak laztantzea atsegin izan bazitzaidan ere, aski zapuzturik geratu nintzen hankarteak gordetzen zuena ezin ikusiz. Berriz ere, aldizkari erotikoetan bezalaxe, eragotzi egin zitzaidan andreen altxorraren miresmena. Obsesioa bihurtzen ari zen tabu haren suntsipena.
Sexurako lekurik ez zeukan mundu batean bizi zela zirudien. Iñakik ordea, bazuen ni tormentatzen ninduten grinen berri. Adin beretsuko lagun bat zuen Maddik, Mari Puy, eta gure adineko ahizpa hark: Pilar. Haren ametsetan ematen zituen egunak ene adiskideak. Goizetan ohi baino lehenago jaiki eta fite batean zen kalean, bere bihotzekoarekin topo egin alde. Pilarrek ikasten zuen ikastetxetik pasa behar genuen arratsaldero etxera abiatu aitzin. Ikastetxeko inguruetan ziren zuhaitzen gibelean gorderik, neskak irteteko zain gelditzen ginen, zelatan. Eta Pilar antzematea lortuz gero, ez zen munduan Iñaki baino zoriontsuagorik. Hain handia zen haren pasioa, non ikasteari ere utzi egin bait zion. Bertze nonbaiten zegoen ikastorduetan, adoratzen zuenaren alboan. Zuzendariak azken emaitzak irakurtzera gelara agertu zitzaigunean, haserre bizian leitu zituen bereak. Ene izena ahoskatzean, ohi baino hobekiago sentitu nintzen egun hartan, hagitz hobekiago, gure adiskidetasuna bere tontorrera orduantxe ailegatu izan bailitzan. Une hartan Iñaki eznuenbakarrik adiskidea, anaia nuen, eta indioen artean egiten omen zen gisa, nik ere besoko zainen bat zartatu eta ene odola berearekin nahastuko nuen, gure ahaidetasunaren lekuko.
Sarritako bisitaria bihurtu zen Mari Puy txikia intxaustitarrenean. Maddiren gelan sartu eta harekin aritzen zen jostetan. Maddi bere amaren iguala zen moduan, gisako antza zuen Mari Puy-k ere ahizparekin. Iñaki pozik zegoen beraz. Ez hainbertze nihaur. Neskatoaren presentziak urrunarazi egiten zuen Maddi enegandik. Zirkunstantzien aldaketak, dena den, bide berriak ireki zizkigun. Iñakiren laguntzaz gainera.
Jolas berri bat bururatu zitzaigun laurok bakarrik gelditu ginen arratsalde batean.
Argazkilariak izanen ginen Iñaki eta biok. Horma gaineko irristariak neskak. Gu pasiloko mutur batean jarri eta haiek pasiloan zehar korrika etorri behar, gure pareraino heltzean irristatu eta erortzeko. Proposamena mesfidantzaz hartu bazuten ere hastapenean, poz algaretan ari ziren jostetari ekin orduko. Lasterka eta deiadarka etortzen ziren pasiloan barna, pottoken antzera, eta argazkiak egiten genizkien kamara ikustezinez gure aitzin txirrist egiterakoan. Noski, gure begiak ez zeuden objetibo bati loturik, erortzean —eta ustez oharkabean— erakusten zizkiguten pantaloi zuriei baizik. Alai, gure trikimaluaz harro, unatu gabe ihardun genuen argazkiak egiten gurasoak itzuli ziren arte.
Ez zen hura egin hondar saioa izan, baina denboraldi bat iraganik neskak aspertu eta uko egin zioten errepikatzeari. Zerbait berria nahi zuten. Geuk ere bai.
Aste santuko bakantzetan ginen. Kamioia zuen bere ezagun batekin igorri ninduen aitak, ea lanaren gogorra ikasirik eskolarekiko axolagabekeria damutzen ote zitzaidan. Bestalde, etxera nezakeen diru apurra, aipatu beharrik ez, beti ongi etorria izanen zen gurean. Arrakasta eskasa izan zuen planak, bakantza ondoko lehen emaitzak jasotzean berau konturatu zenez. Ez omen nuen atarramendu onik.
Iñaki eta biok elkarrengandik urrun egon ginen aste guttietan gauza inportanteak gertatu ziren ene lagunaren bizitzan. Aldaturik zirudien. Atsedenaldian zoko batera eraman eta, lanarena kontatzeko betarik ukan gabe, bere bakantzen berri ematen ari zitzaidan tarrapataka. Kontaera aski nahasia izan zen, baina agudo ohartu nintzen gertatutakoaz. Bere bihotzeko Pilarrekin ibilia zen udaberriko lehen aste haietan. Eta ez ibilia soilik. Iñakik ez zuen inongo xehetasunik isildu, ezta barne-barnekoenak ere. Musuka aritu bide ziren, musu frantsesetan bere hitzetan, mingainak jan beharrean. Bularrak ere ukitu, hurrupatu zizkion. Gogor-gogorrak omen zituen. Eta okerrena, inbidi eta jelosi gorriaz bete ninduena: zuloñoa ikusi eta ferekatu ere egin zion. Hezea eta itsaskorra omen zen, bero-beroa. Azaldu zidanez, bere parean belaunikatu eta bi eskuezzabaldu beharizanzionongi ikusi ahal izateko, hainzenugaria hura inguratu eta gordetzen zuen biloa. Neska ere jostetan aritu zen haren zakilaz, baina azkenean ez zuen sartzen utzi. Uzteko promesa zion eginik.
Atsedenaldia akitu eta gelara itzuli ginenean, ezin izan nuen Iñakiren istorioa kaskotik aldendu. Ezin bertze deusetan arreta jarri. Marrazkiak egiten hasi, baina arkatzetik sortzen ziren guztiek forma borobila zuten, forma bera beti, zulo beltz eta sakon batena. Eta gauza bera arratsaldean, gauean. Biharamunean berdin nirauen. Eta hurrengo egunean eta hurrengoan.
Minberaturik nuen zakila,egunetan gora eta behera gelditu gabe ibili ondoren. Baina are minberatuago, jotagoa zegoen ene harrotasuna. Zer zela eta, zera orotan Iñakik eni aurre hartu beharra? Anormala ote nintzen? Zer gertatzen zen?
Ez ninduten galderok baketan uzten. Gau eta egun nituen gainean. Gibeleratua ez ote nintzen susmoak ernatzen hasiak ziren ene baitan. Hainbertze urte —pentsatzen nuen, ene gazte sinpleziaz— eta alu bakar bat bera ere ikusi gabe oraindik? Zertan ari nintzen bada?
Goiz batez, gosaltzen niharduelarik, zerbait egiteko premia neukala deliberatu nuen. Eta halaxe egin nuen, erabaki bat hartu. Damutu zitzaidan ordea.
Fraideetan jai geneukan asteazken arratsalde batean Iñakiren etxera azaldu nintzen bazkal ondoan. Ama, beti bezala, lagunekin joana zen kafetegira. Telebista finitu, Iñakik kitarra atera eta, nitaz ahantzirik, bere kuttunaren kanta konposatzeari ekin zion. Handik gutxira etxeratu zen Maddi eskolatik bueltan. Hozkailuan askaltzeko zerbait bilatzen ari zela, galdegin nion Mari Puyz. Eri omen zegoen, sukarraz. Hara aukera. Jostatzeko proposatu nion askaria bukatzean. Josteta gurasoena izanen zen, noski. Logelara joan eta Polita, bere panpinarik maitatuena hartu zuen besoetan. Nik sukaldeko mahaian zegoen egunkari zaharra eskuratu eta irakurtzen nueneko planta egiteari ekin nion. Sekula baino luzeago, eramanezinagoa iruditu zitzaidan betiko errituala. Baina arinegi ez joateko beharraz jakinki, protestarik gabe makurtu nintzaien neskatoaren aginduei. Sendi jori bizigabea bainatu, afaria eman eta oheratu zuenerako, burua leihotik behera botatzeko zorian nengoen.
Agian horregatik, bere gorputzaren beroa sentitzeaz bat, antzinekoetan bezala musuen aldian gehiegi luzatu gabe, biluzteari ekin nion. Ezezka hasi zitzaidan, ene nahiaz ohartu eta berehala. Trankil izateko esan nion, jolas berri bat zela. Eta soinekoa eranzteari utzi nion, lasai zedin. Bertzelakoak nituen asmoak, haatik.
Bertze fitsik errateko paradarik eskaini ez eta gonapean eskua sartuz, pantaloitxo zuriei heldu nien. Gustora egon zen sabelpea ukitu nuen artean. Baina esku mugimendu azkar batez pantaloia ustekabean erantzi nionean, karrasi bilakatu bere atsegin irrikalkarak eta malkoz lausotu zitzaizkion begiak. Hertsirik zegoen salako atea eta banekien Iñakik, kitarra joka, ez zuela tutik adituko. Izutu egin nintzen hala ere.
Presaka maindireen azpian burua sartu eta zango tarteari behatu nion. Arras zapuzturik geratu nintzen. Segundu bakan eta llabur haietan, izterrak sabelpearekin elkartzen ziren gunean antzeman nuen pitzadurak ez zeukan zer ikusirik Iñakik kontatutakoarekin. Berak aipaturiko bilo anitza ez zen nehondik ageri. Haragiaren zuriak arrosa kolorea hartzen zuen han, baina ez bertzerik. Aski itxusia ere iruditu zitzaidan.
Negarrez jarraiki zuen Maddik. Ohantzetik jaiki eta bere ondoan eseri nintzen. Baretzeko, negarrari uzteko xuxurlatu nion gozokiro bere ile adatsa laztanduz. Ikaraturik nengoen. Nola azalduko ote nuen neskaren egoera, une hartan norbaitek atea irekiz gero?
Mota orotako promesak egin nizkion, hamaika gauza erosiko niola agindu. Kostata baina, emeki emeki bere onera etorri zen Maddi. Handik irten ginenerako, bere betazpi gorrituek ezik beste ezerk ez zuen pasaturikoa salatzen. Nehoiz baino goizago bueltatu nintzen etxera egun hartan. Huraxe gure azken jolasa.
Biharamunean Iñakik ez zidan fitsik aipatu. Ez eta hurrengoetan ere. Betikoa zirudien. Ni, dena den, aitaren gaztiguren bat aitzakia, eskolatik irten eta berarekin joan beharrean, auzoko mutilekin abiatzen nintzen etxe aldera.
Oro iragan eta desagertzen omen da bizitza honetan. Inperiorik indartsu eta handienak deuseztatu, eraikuntza eta gotorleku ziurrenak erori. Hala izanik ere, nola ez zen bada ene izua desagertuko?
Oraindik guztiz ahantzirik ez banuen ere, handik aste betera, hurrengo asteazken arratsaldean, Iñakiren etxera hurbildu nintzen.
Western bat zegoen telebistan, El Virginiano. Hari beha ari ginelarik, Iñakiren ama salara etorri eta tabako bila karrikara jaisteko eskatu zion bere semeari. Iñakiri, jakina, ez zitzaion eskaera oso laket eta protestaka hasi zen. Nik neure burua eskaini baina semeari esan ziola eta hark egin beharko zuela ihardetsi zidan. Iñakik purrustaka alde egin zuenean, amak telebistara hurbildu eta soinua kendu zion. Aho zabalik geratu nintzen. Ezin nuen konprenitu emaztekiaren portaera. Uste baino lehen ulerterazi zidan. Enegana hurbildu eta so gelditu zitzaidan, irri zurietan. Asaldaturik, ia dardarka jarri ninduen irriño bitxi hark ikaraturik, sofatik jaikitzeko keinua egin nuen.
«Ez, ez altxa. Geldi hor», manatu zidan irribarrea galdu gabe eta esku batez enea atxikitzen zuela. Gero, libre zuenaz etxean egoteko jantzi ohi zuen txabusin orlegia ireki zuen. Ene begi zurtuek bere pantaloi beltz farfailduna ikusi zuten pare-parean. Haraino gidatu zuen bere eskuak enea, eta begiak enegandik alboratu gabe luze eta geldiro ukituarazi. Ondoren, pantaloia bertze eskuaz erantzi eta, ene burua eutsiz, bere hankartera eraman zuen, ene sudurra aluaren aitzin paratuz. Aluko ileak nabaritu nituen ahoan. Zorabiatzear nengoela iruditu zitzaidan, konortea galdu behar nuela. Mutu zirauen berak. Bere sabelpearen kontra igurzten zuen eneburua behin eta berriro. Besterik gabe. Irmoki. Behetik deitu zuten. Orduan burua askatu eta eskua ezarrarazi zidan aluan.
«Zer, pozik al zaude orain? Gure alabarena baino gehiago gustatzen al zaizu?» galdegin zidan, ene eskua libratu eta pantaloia berriro jazten zuelarik.
Ez nion deus ihardetsi. Ezin. Dardarka nintzen. Telebistako bolumena igo zuen berriro.
«Nunca podrás escapar» esaten ari zen El Virginiano, Iñaki tabakoaz itzuli zenean.