Emakume biboteduna
Emakume biboteduna
1992, ipuinak
222 orrialde
84-86766-47-2
azala: Marcel Duchamp
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Emakume biboteduna
1992, ipuinak
222 orrialde
84-86766-47-2
aurkibidea
 

Gizon ikustezina

Gizon batzuk ia ikustezinak dira. Haien aldamenetik egunero pasa eta ez gara haietaz ohartuko. Inguruarekin bat egiten dutela dirudi, haien azalek tokian tokiko koloreak hartu eta gure begientzat nabariezinak bihurtzen direla. Horietakoa zen Ramon Ozaeta.

Ezagutu nuenerako hogeitahamabost urte luze zeramatzan lanean. Hamabost urtekin hasi eta kaleratu zuten arte, Postas kaleko bulego nagusian aritu zen hutsik gabe, hango lanpostu gehientsuenetatik igarota. Hala egiten omen zen guda ondoko urteetan.

Seme-alabak aurrezki kutxan sartzen saiatzen ziren familiak lagun eta ezagunez baliaturik, «bizitza osorako» bait zen, soldata ederrekoa eta garbia gainera. Marmolezko mailadiak igotzerakoan, bulego epel eta dotoreetan sartzerakoan, egunen batean semea bertan izango zuela egiten zuen amets Gasteizko ama bakoitzak. Lortzen zutenek auzokoen mirespena eta inbidia bereganatuko zituzten.

«Mertxeren zaharrena Caja-n hartu dute», jakinarazten zioten elkarri ahotsa beheitituz, poltsa astunez zamatuta, azokatik bueltan etxeko atarian topo egitean. Sartu berriak uniforme urdin iluna jantzi eta laguntzaile gisa hasten ziren, paperak batetik bestera eraman eta bulegarien aginduak betez. Hiruretarako irteten zirenez, etxekoek akademiara bidaltzen zituzten arratsaldeetan kontabilitatea ikastera, urte batzuren buruan uniformea erantzi eta bulegariei zegokien trajea jantzi ahal izan zezaten.

Nik ez nuen guzti horretatik pasa behar izan, baina horixe izan zen Ozaetaren adinekoen bilakaera. Sailen bateko buru edo zuzendaritza batzordekoak ziren ordurako ia denak. Ez Ozaeta ordea. Azken hogei urteetan ez zuten Kontabilitatea deritzanetik mugitu.

Bigarren solairuan zegoen Kontabilitatea, egun argia sekula sartzen ez zen gela goibel batean. Bazterreko mahaian makurtuta, paper artean murgilduta beti, zaila egiten zen haren presentziaz jabetzea. Egia esateko, ez dut uste neronek ere askotan erreparatu nionik, eta ziuraski, gerorago bion artean sorturiko adiskidetasunagatik ez balitz, ez nuke orain hain garbi gogoratuko. Ni beste sail batean nengoen, jende aurreko leihatila batean, eta paperen baten bila edo ez bazen, ez nuen hara ezertarako igo beharrik. Sasoi haietan bestalde, arazo gehiegi nerabiltzan buruan beste ezeri edo beste inori erreparatzeko.

Belenekin gero eta okerrago, Estibaliz ezagutu berria, kutxan giroa berotzen hasia, banuen nahikoa lan.

 

Paseak ziren guda osteko urteak, baina familiak sartu ninduen neroni ere, gasteiztartasunaren oinarri eta zutabe finkoa zen —eta den— instituzio hartan. Gauza batzuk ez dira inoiz aldatzen. Gure aitak, betidaniko gasteiztar eta elizazulo izanik, San Migueleko erretorearekin hitz egin eta handik gutxira deitu zidaten kutxatik. Nik, zer esanik ez, ez nuen guzti hura oso gustoko, baina ez nengoen uko egiteko moduan ere. Dirurik gabe, gurasoenean bizi behar kanpoan hamar urte pasa ondoren, haurdun zegoen emakume batekin itzuli berria, pozik onartu nuen nere salbazioa zirudien eskaintza. Hortzak estutu, korbata jantzi eta bertara abiatu nintzen goiz batean. Pozez argitu zitzaion begirada amari semea gisa hartan ikusita. Harro zegoen nitaz. Belenek ezin izan zion barregurari eutsi.

Irribarrez hartu ninduen kutxako zuzendariak ere. Neukan esperientzia eta ikasketez galde egin aurretik, aita eta osabez itaundu zidan, haien oso adiskide omen zen, aspalditik gainera. Madrilen burututako soziologia ikasketen berri eman —bukatzeko falta zitzaizkidan bi asignaturak aipatu gabe, jakina— eta beste lan pare bat asmatu nuen, curriculum vitae-a ederrestearren. Lanean ari nintzen handik aste betera.

Lanarekin batera zuzentzen hasi ziren gauzak. Judizmendi aldean etxe bat alokatu eta hara aldatu ginen Belen eta biok, azkenean gurasoena utzita. Hiru hilabete geroago jaio zen semea. Urte hartan ere, zegokidan oporraldi laburraz profitatuz, aste betez Madrilera joan nintzen falta nituen asignaturen etsaminak egitera.

 

Gasteizera bueltatzearekin batera, zeharo mudatu zen nere aldartea. Egunerokotasunaren zamak edozein motako euforia eragozten zuen. Aurrezki kutxako zortzi orduek arras ahiturik uzten ninduten, handik kanpo beste ezer egiteko ezgauza. Betidanik irakurzale izanik ere, ezin nuen gogoa irakurketetan jarri. Liburudendetan sartu eta gero zabaldu ere egiten ez nituen liburuez gainezka irteten nintzen. Ozta-ozta gainbegiratzen nuen egunkaria. Telebista zen nere arreta bereganatzen zuen bakarra. Ordu amaigabeak igarotzen nituen besaulkian hondoratuta, hari begira. Maiz galdetu nion nere buruari zein ote zitekeen horrenbeste nekatzearen arrazoia. Ia hiru urtez lan egina nengoen katea batean, mailuen dinbidanbaren erdian, motortzar astunei altzairuzko osagaiak etengabe ezartzen. Nere harridurarako, lasaia eta baketsua zirudien lanbide berria bestea baino dexente nekagarriagoa zen ordea. Lankideak nituen, zalantzarik gabe, nere unaduraren eragileak. Goizero, egun ona irribarretsu opa ohi zidatenak. Dena mesedez eta faborez eskatzen zuten berberek. Gasteiztar peto eta jator guzti haiek, hiriaren ezaugarri eta adiezgarrien jabe zirenak. Hiria bera bezain makur, zuri, uzkur eta zirtzilak. Alaves petralaren jarraitzaileak, blusa izandakoak, jaien hasieran zapi gorria lepoan lotu eta seiak jotzerakoan purua zintzo bizten zutenetarikoak. Gure aita bezalakoak, bera bezain fidagaitz, zeken eta ostiajale, bera bezain aluak. Eta ezin esan gaizki tratatzen nindutenik, ez horixe, laguntza eskaintzen zidaten, aholkuak eman (umetatik entzuten ari nintzen berberak). Haien hizketa bera zen gogaitzen, ernegatzen ninduena. Esaten zutena. Eta ez bakarrik ziotena, baita esateko zuten era bera ere. Hitzen soinua, ahoen hotsa nahikoa zen urduri eta haserrekor bihurtzeko, nere senetik ateratzeko. Haien ikuste, haien presentzia hutsa aski zitzaidan, abaildu eta ia gaisotzeko. Pozik jaikitzen nintzenetan, kutxako inguruetara heldu, aurpegi haiek ikusi eta hondatutzat jo nezakeen eguna. Gauez nere amets gaiztoetan agertzen ziren, eta ifernu berba entzuterakoan bulegoen irudia zetorkidan gogora. Hasi berria izan, eta iadanik nola ihes egin asmatu nahian. Hori estraineko sasoian. Gero, egotearen egotez edo, moldatu ere egin nintzen hartara. Zer egin nezakeen bestela?

Goizetan, iritsi eta futbolaren gorabeherak aipatu, egunkariari begiratu bat eman,edo kafe makinaren ondoan solasean luzatu ordez, nere mahaira abiatu eta ez nintzen hirurak arte handik mugitzen. Seriotzat ninduten guztiek, serioegitzat apika. Hobe.

Nahiz eta urte hauetan moldatu, sekula ez da nere amorrua leundu, haiekiko herra apaldu. Ezta pentsatu ere. Denboraren iragaiteak, barrikako ardoaren gisan, garbitu, findu eta gotortu baino ez du egin, nere mesprezua areagotu. Salbuespenak ere egon dira, noski, baina gutxi: Ramon Ozaeta, neska pare bat, Oskar. Hemendik igaro den jende on bakarra. Ozaeta gerorako utziko dugu, bere historia bait da hau azken finean. Aipa ditzadan besteak.

Guztien artean Oskar nuen maitatuena.

Beharbada ez nuke lehenaldia erabili beharko, agian orainaldia beharko luke aurreko esaldiak; Oskarrek, aurki hilik izango bada ere, bizirik bait dirau oraindik. Edozein modutan, hobe esaldia bere horretan uzten badut. Ezin orainaldian idatzi, ez dut eta aspalditik maite.

Hogei urte eskas izango zituen ezagutu nuenean. Mutil ederra zen. Garaia, ile argi, begi bizi eta irribarre gozokoa. Batetik bestera ibiltzen zen, uniforme urdinez jantzirik, bulegarien esanetara. Paper eta agiriak sailez sail banatu, kafeak ekarri, kalkulu aspergarri eta astunenak egin, edozein lan umore on berberaz burutzen zuen. Gertatzen zen guztiaren berri zeukan, etxe hark ez zion sekreturik gordetzen. Txantxetan eta adar joka, denon konfidantza eta adiskidetasuna bereganatu, eta beste batzuengan onartuko ez luketena onartzen zuten harengan. Beste inori barkatuko ez lioketena barkatzen zioten berari. Zeramatzan belarritakoak adibidez, bata ezker belarrian, sudurrean bestea. Instituzio zahar hartan ez zen sekula santan halakorik ikusi, eta kentzeko aholku eginbazioten ere, ez zioten inoiz osogogor eskatu. Edo ilea lerro berdez tintaturik ekarri zuenean. Oro zitzaion zilegi. Etxeko bitxikeriatzat zeukaten. Berari esker senarrek bazuten emazteei zer kontatua bazkari garaian. Horrela, lanean punk bat zeukatela aldarrikatuz, zuzendariek harro erakuts zitzaketen liberalismoa eta gogo zabaltasuna.

Hilabeteak igaro ziren Oskar eta biok lagun egin aurretik. Baginen lehenagotik hitzeginak, baina goiz batean komunetan topo egin genuen arte ez zen gure arteko adiskidetasuna hasi. Hashish usaina askotan nabaritua nengoen komunetan. Erretzailea nor zitekeen asmatzeari ere ez neritzon oso zaila. Oskarrez gain, nekez imajina nezakeen hango beste inor horretan. Behin batean, pixaldiaren azken tantak astintzen niharduela, komun batetik irteten ikusi nuen, bere ostean ke laino bat uzten zuela. Ez nion deus esan. Ezta berak ere. Baina aski izan zen elkarri egin genion irribarrea, biok jakinaren gainean geundela adierazteko. Biharamunean hamarrak aldean nere mahaira hurbildu eta ahopeka «txirri bat erre nahi al duk?» galdetu zidan. Erantzuteke, altxa eta atzetik joan nintzaion komuneraino. Ohitura izango genuen laster, eta tutik aipatu gabe bagenekien tenorea iristean nora joan eta zer egin. Hashisha berak ekarri ohi zuen hasieran. Neuk ere ematen nion dirua biontzat eros zezan. Egia esan, ni ez naiz egundo oso txokolatezale izan, baina hamarretako hark berebiziko plazerra ematen zidan. Goiza laburtu eta azken orduak jasatea errazten zidan, hala uste nuen behintzat. Hashisharen laguntzaz, nere baitara areago bildu eta inguratzen ninduten hitzei eta hotsei gor bihurtzen nintzaien, bakartasun ederrean nere gogoetan galdurik. Hala ere, hori ez zen ezkutupeko errealdi haiek zeukaten atseginena. Berarekin egotea zen zoragarriena, kidetasun sentipen hura, gure sekretua konpartitu, geure lurralde propioa mugatu mundu gangar hartan, ateaz bestealdean zeudenengandik urrundu eta bereiztu. Oskarren kontuak, gure elkarrizketak ziren inportanteenak neretzat.

Era hartan finkatu eta hazi zen gure adiskidetasuna. Lanetik irtendakoan elkartu eta garagardoa edatera joaten ginen Aldapako tabernaren batera. Zenbait egunetan bostetan eta seietan ere heldu izan nintzen etxera, hain ziren atseginak gure solasaldiak. Emazteak ez zituen atzerapenak oso gustoko, noski, eta semearekiko axolagabekeria leporatzen hasi zitzaidan. Berak egin behar omen zituen gauza guztiak. Ez naiz lar akordatzen, baina hala izango zen ziuraski, ordurako lanean hasia bait zen hura ere. Baliteke, gure artekoa garai haietan okertzea, horrela iruditu zait behintzat hortaz pentsatu izan dudanetan. Oskar eta bion artekoaz berriz, ez daukat zalantzarik. Zehatz-mehatz gogoratzen dut. Estraineko susmoak, ilea dotore moztu eta belarritakoak erantzitakoan izan nituen. Goizetik gauera aldatu zuen jazkera arrazoi argirik gabe. Erabateko mudantza hartaz itauntzerakoan ez zidan azalpen zehatzik eman. Haatik egin omen zuen, aldatzearren. Baina ez zuen hura izan aldaketa bakarra. Goiz batean, hashisha gorde ohi zuen zilarrezko papera zabaltzean, hauts zuria agertu zen txokolatearen ordez. Speeda edo kokaina izango zelakoan nengoen, baina makailua zela aitortu zidan gonbidatzen ninduen bitartean. Ezetz esan nion. Nere kezkaz konturaturik, ez arduratzeko osteratu zidan berak, lantzean behin bakarrik hartzen zuela apur bat eta sudurretatik beti. Eta esaldi hura lehenago entzuna izan ez banu, ez nintzatekeen seguruena arduratu izango. Zoritxarrez ezaguna nuen nerekin ibilitako askoren ezpainetan eta, lasaitu partez, nere kezka areagotu besterik ez zuen egin. Zuzen nengoen. Hilabete batzuk beranduago noizbehinkakoa egunerokoa bilakatu eta besoak sudurra ordezkatu zuen. Handik aurrera ez ninduen ezerk harritu. Dirua faltatzen hasi zen halako batean. Zuzendaritzak, asaldaturik, ziurtasun neurri zorrotzak ezarri zituen. Sekula baino adiago, erneago zebiltzan sail arduradunak. Langileen artean gaiztoagoa zen giroa. Mesfidantza eta beldurra edozein izurrite baino arinago hedatu eta lankideak elkarren zaindari, elkarren polizia bihurtu ziren, dena kutsatu zuen histeria zela bide. Ez zuten lan erraza izan, baina azkenean harrapatu zuten. Zuzendaritzak, berriro bere esku zabaltasuna erakutsiz, salaketarik gabe ezarri zuen kalean.

Kaleratu ondoren, lanera hots egin edo inguruetan itxaroten ninduen kutxatik irtetean. Dirua eskatzen zidan edo zerbait erosteko eskaini: argazki kamarak, irrati-kasetak... Behin autorako erosi nion bat. Gero desagertu egingo zena. Gasteiztik alde egin behar izan zuela entzun nion norbaiti. Auskalo. Orain, Gasteizen omen dago bueltan: ospitalean, HIESaz kutsaturik. Horixe berataz dakidan azkena.

 

Arestian, salbuespenez jardun naizenean, inguratzen nindutenen memelokeriaz libratzen ziren horiez, neska pare bat aipatu dut Ozaeta eta Oskarrekin batera. Eta ematen dit horretan ere ez naizela oso zehatza izan, zeren bietatik bakar bati —Estibalizi, alegia— dei bait zekiokeen horrela. Besteari, adinagatik, beste hitzen bat zegokion: emakumea, anderea.

Anazuen izena eta ez zen orduan berrogeietatik oso urrun ibiliko. Berrogei diot baina nola jakin? Azal zimurgabeko, argi eta labaina izanik, ezin bait zitzaizkion urteak erraz antzeman. Begietan somatzen nizkion soilik, munduari sinesgogor so egiten zioten bi pundu argi haietan. Polita zen eta urteek, bere edertasuna zapuztu ordez, xarma berezi bat ematen zioten, gizonentzat erresistiezina bihurtzen zuena. Aitortu gabe, kutxako gizon gehientsuenek desiratzen zuten, eta berarekiko adierazten zuten mesprezua ez zen haien frustrazio eta ezintasunen estalki baizik. Jendilaje hura bere kontra ikusi eta berehala jaso zituen Anak nere begirune eta mirespena. Ez ginen inoiz lagunak izan. Oso gutxitan mintzatu izan ginen. Baina bere duintasun, harrotasun eta alproja haiekiko arduragabetasunak hasiera hasieratik erakarri ninduten bere aldera. Ez nahi bezain hurbil tamalez, desiragarria bait zen neretzat ere. Hobe. Bi andreen artean harrapaturik, beste bat zen nik gutxien behar nuena. Honek, Estibalizez hitz egiteko aukera ematen dit.

Nola gertatu zen ez naiz dagoeneko ondo oroitzen, zein etorri zen lehendabizi. Ez dakit Estibaliz agertu eta emaztearekin istiluak hasi edo alderantziz izan ote zen. Ziuraski ez dago bien arteko lotura zuzenik. Baliteke, emaztearekin ondo konpondu izan banintz ere, Estibaliz azalduz gero berarekin endredatzea. Auskalo. Hauek espekulazio hutsak dira. Jarraian aipatuko dudana, jazotakoa.

Estibalizen adinaz ez dut batere zalantzarik: hogeitabi orduan, nik baino zortzi gutxiago. Lehendabiziko lana zuen hura; ni, aldiz, ez ninduen bere lehen gizona. Dexente ibilia zen nerekin topo egin aurretik. Oskarri esker ezagutu genuen elkar. Laguna zuen. Gurekin bildu eta batzuetan garagardo bat edatera etortzen zen kutxatik irtetean. Gehiegitxo edan genuen lan osteko saio horietako batean, Oskarrek alde egin eta bakarrik gelditu ginen biok. Inoiz baino beranduago etxeratu nintzen egun hartan. Maiz egingo nuen gauza bera aurrerantzean. Emazteak nere atzerapenaz galde egitean, hauteskunde sindikalak prestatzeko bilerak aipatzen nizkion. Aitzakia noski, baina bazuen apur bat egiatik. Hauteskundeak zetozen, eta zerrenda independiente bat osatzen ari zen sindikatuetatik aparte. Laneko kontu eta arazoez, urte hartan negoziatu behar zen konbenioaz hitzeginak ginen hainbatetan Oskar eta biok, eta berari otu zitzaion ni hautagai aurkeztea. Ezetz eta ezetz, baina ez zuen amorerik eman eta azkenean Estibalizen laguntzaz komentzitu ninduen. Gezurretan arituko nintzateke asko kostatu zitzaiela esango banu. Nahiz eta harez gero proletargoarengan inongo itxaropen edota konfidantzarik ez eduki, deigarriegia zitzaidan sindikatuen kontra egiteko ideia alboratu ahal izateko. Banitatea, harrokeria eta Estibalizen begietara gizon azaltzeko desioa ahaztu gabe.

Hala eta guztiz ez nien hauteskundeei arreta handirik jarri. Beste nonbaiten, beste norbaitengan nuen gogoa bolada hartan. Estibalizen etxean ematen nituen egunak, handik irteteke. Berari eskaintzen nion nere asti osoa, edo ia osoa hobe esanda, emaztearenak bait ziren gauak ostera. Emaztea, zer esanik ez, azkar jabetu zen nere aldaketaz —itsua izan behar begibistakoa ez ikusteko— baina nahiago izan zuen nonbait nere aitzakia eta gezurrak sinestea. Edo sinesten zuen itxura egitea.

Espero bezala, ELAk bereganatu zituen bozik gehienak. Guk bi postu lortu genituen entrepresa komitean. Ni nintzen bigarrena zerrendan.

Uste nuenaren kontra, etxera berandu heltzeko aitzakiak urritu baino ugaritu egin ziren hauteskundeen ondoren. Lan hitzarmenaren hurbiltasunak parada ezin hobea eskaintzen zidan komediarekin segitzeko. Elkarrengandik gero eta urrunago bageunden ere, emazteari ez bide zion axola. Are gutxiago neri.

Aurki hasi ziren komite eta zuzendaritzaren arteko bilerak. Bilkura amaikaitz eta aspergarriak izan ohi ziren haiek, alferrikakoak. Eskerrak lan orduetan egiten ziren. Hiruzpalau hilabete ibili ginen hala, bilera eta bilera, komiteko guztiek hitzen bidez zer eginik ez zegoela argi ikusi arte. Ez zen gehiegi eskatzen, baina zuzendaritza, urteetan nahi zuen oro egiten ohiturik, ez zegoen bere betiko jarrera aldatzeko prest. Langileriaren biltzar orokorrera deitzea erabaki zen, komitearen makina bat eztabaidaren ostean. Guk greba proposatu genuen. UGT eta ELAkoak, nola ez, ez ziren grebaren egokitasunaz oso seguru, baina ez zeukaten aurka egiteko argudio sendorik. Hurrengo hileko hasiera aukeratu zen ekiteko, zuzendaritzari ahalik eta minik handiena egitearren.

Data bera hautatu zuen emazteak ere utzi egingo ninduela iragartzeko. Lizarrara zihoan bere familiarengana. Berarekin eraman behar zuen semea.

Poztu ez nintzen arren, ez nuen biziki sentitu. Semearena zen mingarriena. Zorionez, greba inguruko prestakuntzek alde batetik eta Estibalizen laztanek bestetik, dexente erraztu zidaten egoera berrira egokitzea.

Ederki joan zen greba hasiera batean. Egunero biltzartu, negoziaketaren berri eman eta hurrengo ekintzak eztabaidatu eta erabakitzen ziren. Baina ezer erdietsi gabe asteak igaro ahala, gaiztotzen joan zen giroa. Eztabaidak biziagotu eta lehen bereizketak agertu ziren geure artean. Nekatzen hasia zen jendea. Hura ikusita, azpikeriei ekin zieten sindikatoetakoek. Biltzarra eta komiteari fitsik aipatu gabe, zuzendaritzarekin ezkutuan bildu eta horrela antolatu zuten dena. Igoera bat eskaintzen zuten, baita nere burua eskatu ere haren truke. Iraultzaile profesional bat omen nintzen, kutxako betiko bake eta lasaitasuna hondatzeko asmoz bidalia. Uste berekoak ziren sindikatoak. Biltzarrean ondo eritzi zioten igoerari, baina ez hain ondo ni kaleratzeari. Zuzendaritza eta sindikatuen moduan, banekien denbora kontua zela, azkenerako etsi eta kanpoan geratuko nintzela.

Gutxi batzuk baino ez ziren estrainean ni kanpoan uzteko prest agertu zirenak. Luze gabe, aburu horretakoek osatzen zuten gehiengoa. Borrokalari ondradu eta fintzat nindutenek nere zinezko nortasuna deskubritu uste izan zuten halako batean, eta nere aurkakoen taldera aldatu ziren galtzak galduta. Hurrengo egunetako prentsan grebak eragindako eragozpenengatik bezeroei barkamenak eskatu eta normalkuntzaren berri ematen zuen iragarkia argitaratu zuen kutxak.

Ezin esan hark atsekabetu ez ninduenik. Gogogabetu egin ninduen, eta ez gutxi gainera. Haientzat bukaera baldin bazen, hasiera besterik ez zen neretzat. Dirua hartu eta umildurik joango nintzela uste bazuten, ezusteko ederra jaso behar zuten, alajainkoa!

Bulegoa ireki eta sartu ziren lehen bezeroekin batera sartu nintzen neu ere. Leihatilen ondora hurreratu, lurrean eseri eta nere egoera salatzen zuten kartelak ipini nituen inguruan. Ezin bertakoek nere ausardia sinetsi. Nengoen tokirantz so egitera ausartu ez eta paper meten atzean ezkutatzen zuten burua. Zuzendaritzak ordezkari pare bat bidali eta, arrenka orain, mehatxuka gero, protesta zentzugabeko hura uzteko eskatu zidaten. Urduri zeuden. Aho zabalik geneuzkan begira bezeroak, istilu guzti hura ulertu ezinik. Zoritxarrez, erregutzeaz aspertu eta greba garaian kontrataturiko zaindariei hotsegin zieten. Lauren artean hanka eta besoetatik oratu eta kalean nengoen berehala. Han geratu nintzen, nere kartel hautsiez kutxa atarian.

Han nengoen berriro biharamunean. Eta hurrengoan, eta baita hurrengoan ere. Egun osoan begipean ninduten zaindari uniformedunek, baina atera hurbiltzen ez banintzen, ezin zakur lotuak katu harroari eraso.

Ia hilabete oso bat igaro nuen horrela, eguzki zein euripean, nere kartelez kutxa inguruan bueltaka. Egia esan, maiz egon nintzen dena uztekotan. Hala eskatzen zidan Estibalizek, uzteko eta uzteko, alferrik ari nintzela. Eta ez zen gomendio bera luzatu zidan bakarra. Lehen egunetako lotsa ahazturik, lanetik irten eta adar joka eta irri zurietan pasatzen zitzaizkidan albotik lankide ohiak. Ramon Ozaeta zen nitaz txantxarik egiten ez zuen bakarrenetarikoa. Areago, irribarre herabe bezain lagunkoia zuzentzen zidan albotik igarotzean. Ez zidan hitzik egiten, isila bait zen berez, baina hura zuen bere elkartasuna adierazteko era.

Kutxa aurreko laugarren asteko egun batean Estibalizi arrazoia eta nere ekintzaren alferra aitortu eta amore eman nuen. Ez espero zuen moduan, aitzitik. Biharamunean SanMiguel elizan sartu eta gose oporrari ekin nion. Egundoko eskandaloa izan zen gure familian, itzela. Ea burutik ote nengoen itaundu zidan aitak oihuka; amak familiaren izen eta ohorea aipatu zizkidan negar zotinka; dirua eskaini zidan gure osabak utziz gero. Erretorea berriz, ez zen inguru-minguruka ibili. Handik lehen bait lehen alde egin behar nuela jakinarazi zidan. Familiak madarikatua, Gasteizko Aurrezki Kutxa eta elizatik kanporatua, nereegoera ezzenosogozoa.Baina Jainkoak bere eskutik laga nahi ez eta ordezkari bat bidali zidan.

Emilio Elespuruk, sozialismoaren aldeko kristau prestuak, Errekaleor auzoko elizara eraman ninduen. Eliza ondoko lokaletara. Nerekin ikasitakoa zen Elespuru hura txikitan. San Migueletik egotzi nindutela jakin eta bila etorri zitzaidan behingoan, aspaldiko lotura gogoraraziz. Txotxolo samarra eskolan, txotxolo hutsa izaten jarraitzen zuen. Tamalez antzarrak ferratzera bidaltzeko modurik ez eta onartu egin behar izan nion proposamena.

Gela txiki eta heze bat utzi zidaten apaizek. Lo zakua eta pare bat mantaz baliaturik, ohantze tankerako bat antolatu nuen lurrean. Komunera joateko ez bazen —ur asko edan behar nuen medikuaren aginduz—, ez nintzen bertatik jaikitzen. Lantzean behin azaltzen zen apaizaz aparte, ez nuen beste bisitaririk goizetan. Eskerrak bisitaldiak laburrak izaten ziren. Nerekin mintzatzen ahalegindu baina ni, ahulezia aitzakia, mutu egoten nintzen. Jende gehiago etorri ohi zen arratsaldeetan. Ez larregi ere. Elespuru xelebrea, Estibaliz egunkari eta albisteez ongi hornituta, eta ezustekoren bat halako batean. Haietarikoa izan zen Ramon Ozaeta, ia bakarra.

Larunbat batean, gelako atea zabaldu eta haren aurpegi zurbila agertu zen dudati. Atetik mugitugabe agurtu eta gela arakatzen somatu nituen harenbegi txikiak. Bakarrik ginela ikusirik, neregana etorri zen, betiko irribarre lotsatia ezpainetan.

«Zer moduz zaude?» galdetu zidan, keinu batez ez higitzeko adierazten zidalarik.

Gero berokia erantzi, aulki bat hartu eta ahots apalaz aipatu zizkidan kutxako azken kontuak. Denak nekizkien, Estibalizek kontatuak, baina bere konplizitateaz disfrutatuz konta zitzala utzi nion. Espreski sekula ez esanda ere, nere alde zegoela aditzera ematen zidan bere hitz bakoitzak. Hunkiturik nengoen. Ordurarte doi-doi ezagutzen nuen haren adiskidetasun esperogabeak sentipen epel bat eragin zuen nere baitan. Estibaliz heldu zen arte aritu zitzaidan kontu-kontari. Haren etorrerak aldiz, isiltasune-ra bihurtu zuen. Altxa, berokia jaso eta alde egiteko prestatu zen handik gutxira. Joatekotan zegoela, «Hara, ahaztuta neukan» asaldatu zen berekiko, sakeletik zerbait atereaz.

«Ez aspertzeko» esan zidan adio moduan, paper batez bilduriko paketetxo bat eskaintzen zidala. Nobela bat.

Emaztearen deia izan zen aste haietako beste sorpresa. Lizarrara alde egin zuenetik bere berririk gabe, ez nuen horrelakorik espero. Apaiza emaztea telefonoan neukala esanez etorri zitzaidanean, une batez txantxetan ari zela pasa zitzaidan burutik. Baina berehala oroitu nintzen apaizek ezin dutela gezurrik esan.

Mahai gainean zegoen telefonoa hartu eta emaztearen ahotsa entzun nuen. Nola nengoen eta semea ikusi nahi ote nuen jakin nahi zuen. Ikusi, ikusi egin nahi nuen baina ezetz esan nion. Arras ahulduta ordurako, beldurgarria zen nere piura. Hobe haurra ez ikaratzea.

Oskar ere agertu zen egun batean. Ez genuen asko hitzegin horregatio. Etorri, xiringa atera, nere botilatik ura hartu eta, besterik gabe, bertan zulatu zen. Zeozer kontatzen hasi baina arin joan zitzaion burua beherantz.

Hogeitazortzigarren egunean etorri zitzaidan, azkenik, bisita guztien artean gehien desiratzen nuena. Ikustekoak ziren haien aurpegiak, gelan sartu eta lurrean etzanda aurkitu nindutenean. Lasterka irtetekotan egon ziren, baina astun zuten gogoa. Haatik, nere egoeraz itaundu zidaten. Bizarra egin gabe, kilo mordoa galduta, erraz ulertu nuen haien beldurra ilunbean zegoen gela kiratsuan sartzerakoan. Argia biztu, diplomazia ahantzi eta harira joateko eskatu nien. Ezin nuen gelditzen zitzaidan indar apurra alferrikaldu. Aurrekoan baino diru gehiago eskaintzea espero nuen —edozein modutan ere, langileen ordezkari legala izanik, dirutza polita eman behar zidaten kaleratzekotan— eta irrikitan, popatik hartzera bidaltzeko momentuaren zain nengoen. Horrek ez du esan nahi preziorik ez dudanik, noski. Baina egin zidaten proposamenak ez zidan horretarako paradarik utzi. Atzera onartuko nindutela esan zidaten, baldin eta, bulego nagusian egon beharrean, kutxak nekazaritzarako zeukan sail berezi batera joatea onartzen banuen. Baiezkoa eman nien berehala. Baraurik igarotako asteen ondoren, izugarrizko garaipena neritzon.

 

Bi gelaz osaturiko bulego zaharkitua nuen lantoki berria. Batean paper horituriko nekazaritza eta abeltzantzari buruzko liburuska eta argitalpen hautseztatuak pilatzen ziren gela betetzen zuten apaletan. Mahai batzuk zeuden bestean, hutsik gehienak, bi lagun baino ez ginelako bertan. Nere lankidea, sail trakets hartako arduraduna alegia, laster jubilatu behar zuten gizontxo edadetu bat zen, kaltegabea. Hamabostean behin bulego nagusira bidaltzen genuen txostenaz aparte, ia ez zegoen beste lanik.

Goizeko lehen orduetan gosaldu, egunkariak irakurri eta nor bere zereginetan murgiltzen zen, hamaiketakoa egiteko garaia iritsi arte. Gauza bera atsedenaldiaren ostean. Hiruretako kanpaiak aditzean altxatzen genuen burua soilik. Gregorio jauna (nere lankidea) itsaso eta itsasuntziekin zegoen obsesionaturik. Sasoi guztietako untzi, itsas borroka, marinel, almirante, menturazale, arrantzale eta piraten berri zehatza zuen artxibategietan. Mundu osoko untzien izen, portu, jatorri eta jabeak ziren bere zerrendetan. Arrantzuntzi xumeenetik hasita, petroliuntzi itzeletaraino, dena zegoen hizki txukun eta txikiez betetzen zituen fitxetan. Zaletasun bitxia benetan bulego haren mugetan bizitza igarota zuen batentzat.

Nik, bitartean, zertxobait irakurri edo egon hutsean pasatzen nituen egunak. Noizbehinka aspaldiko lagunei idazten nien nere gorabeherak kontatuz. Zein gustora nengoen herbeste doratu hartan langilerik aldamenean jasan beharrik gabe, nola nahiko pattal zihoazen gauzak Estibalizekin, zein falta handian nuen semea...

 

Denbora aurrera eta nere bizimoduak berdin zirauen. Bulegoan goizetan, denborapasa arratsaldeetan; ezer gutxik lotzen ninduen nere bizitzako aurreko aroarekin. Hala ere, eta hausdura ia erabatekoa izanik, iraganeko zenbait oihartzun urrun heltzen zitzaidan aldika. Oraindik astean behin Estibalizekin ematen nuen gaua. Semea ikusten nuen asteburu batzuetan. Kutxako jendearekin —legez komiteko partaidea banintzen ere— ez nuen, zorionez, inolako harremanik. Egun batean ordea, alu guzti haiek gogora ekarri eta hilabeteetako amnesia gozoa hautsi zidan zerbait gertatu zen.

Lanera ailegatu eta Gregoriok eman zidan berria mahaira eseri orduko: Ramon Ozaeta kale gorrian zegoen, kutxatik egotzita.

Mutu laga ninduen albisteak lipar batez. Arrazoia jakin nahi izan nuenean, ezin izan zidan gauza handirik argitu. Lizunkeria, moralaren kontrako jokaera, bortxaketa saiakera eta halako beste batzuk aipatu zituen epaile baten ponperiaz, ni lehen baino nahasi eta jakinminago utzita. Estibalizi hots egin, baina orduan ezin zidala tutik kontatu adierazi zidan. Bazkaltzera gonbidatu nuen.

Jakinaren gainean nengoen lehen platera ekarri aurretik. Duela hiru egun ospatua zen kutxaren jaia. Urtero bezelaxe, lagun arteko ekintza ugari zegoen antolaturik: pilota partiduak, bolo eta igeri txapelketak bazkari nagusiaren aitzin, dantza eta musekoak gero. Ekintzak Mendizorrotzako piszina eta kiroldegian eratu ohi ziren. Itxura denez —Estibalizek ere, nere antzera, ez zuen jaia oso gustoko eta ez zen hara agertu— igeri txapelketa egiten ari zirela, emakumezkoen aldageletan aurkitu omen zuten, poltsetan miaka. Arakatu eta hainbat bularretako eta pantaloi topatu zioten gainean. Banekien ondorengoa.

 

Bakarrik egotea nahiago izango zuelakoan, egun batzuk itxaron nituen. Igande arratsalde batean agertu nintzaion etxera. Atea ireki eta ezin izan zuen bere harridura ezkutatu. Sartzera gonbidatu eta, egongela erakutsiz, eskerrak emanzizkidan agertu izanagatik. Bakarrik bizi zen. Etxea: zaharra eta handia, sapai altukoa. Halakoak ziren gela haietako altzariak ere: ilun, aintzinako, sendoak. Apaletan familiako erretratuak zituen zilarrezko markoen barruan. Koñak botila atera eta larruzko besaulki banatan eseri ginen. Kopa bat eskaintzen zidala, nere osasunaz egin zidan galde. Dagoeneko ondo nengoela jakinarazi eta mutu gelditu ginen biok, elkarri begira. Luzea izan zen isilunea, baina ez ginen, ordea, deseroso sentitu. Aurrekoetan bezalaxe, ez genuen hitzen behar handirik orduan ere. Elkarren aldean ginen, betiko legez.

«Ez dakit zer esan. Egia da entzun duzun guztia», ausartu zen azkenik.

Protesta egiten saiatu nintzen. Lan hori ez hartzeko adierazi zidan keinu nekatuaz. Besaulkitik jaiki eta jarraitzeko esanez, pasilo luze eta goibeletik bere logelaraino eraman, pareta osoa estaltzen zuen intxaurrondozko armairuaren ateak zabaldu eta ia pozik, «Ikusten duzu? Ez da gezurra», onartu zuen.

Zur eta lur geratu nintzen. Nola sinetsi begi parean neukana?

Armairu barruan, mota, era, gisa eta kolore guztietako emakume pantaloi eta bularretakoak metatzen ziren bata bestearen gainean, orden zehatzean. Ikuspen txundigarria. Gasteizko mihisedendarik handienaknekezedukikozuen hainbeste. Nere sorpresaz oharturik, azalpenetan hasi zitzaidan Ozaeta. Gaztetan ekin omen zion bildumari. Lehen aleak lagunen arrebei kendu zizkien. Etxean ez zeudenetan, haien geletan sartu eta ebatsi egiten zituen. Handik aurrera ez zuen aukerarik galdu. Piszinetan, senideen etxeetan, putetxeetan.

Andregai batzuk ere eduki omen zituen tartean, baina denak abandonatu zituen. Batekin hasi eta, haren laguntza baino, haren barne jantziena nahiago zuela erabakitzen zuen luze gabe. Atsegin izanik ere, aldakorregiak, ulerkaitzak zitzaizkion emakumeak. Nekatu egiten zen haien bapateko apetak asetu nahian. Histerian erortzeko aisetasunak, negar eta karrasirako zeukaten joera nabarmenak, beldurtu egiten zutela aitortu zidan, setazko pantaloi arrosa bat eskuetan hartzen zuela.

Ez dut uste fetitxista naizenik —ez hainbestekoa behinik behin—, baina neure azken esperientziak oroitu eta ederki konpreni nezakeen Ozaetaren jarrera. Fetitxeak ez zuen halako eragozpenik, errazago eta iraunkorragoa zen, jakina.

Bilduma osatzen zutenen artean, mota, kolore eta jatorri arras ezberdinekoak zeuden, esan bezala. Marrazki, brodatu edo farfail anitzekoak batzuk, single--singleak beste hainbeste. Seta eta gisako ehun garestiez egindakoak fibra eta gai merkekoen alboan ageri ziren. Beltz, more eta zilar koloreko sofistikatuek zuridunen bakuntasunarekin kontrastatzen zuten. Ez ziren haiek ordea diferentziarik nabarmenenak. Beste erizpide batzuenarauera eginazegoen sailkapena: erabili eta erabilgabeak. Denakondo tolestatu eta antolaturik zeuden. Giza arrastoak antzeman zitezkeen zenbaitetan. Hilerokoak gorrituriko zatitxo bat batean, marratxo horiska bat edota kakaren marroi argiaren aztarnak beste batean. Garai bateko erabilpenaren testigantza ukaezina eskaintzen zuten isuri koloretsuek. Eta haiek zituen, ez beste, maitatuenak. Gainerakoak, bere kolekziozaletasunari amore emanda erositakoak, ez ziren hain garrantzitsuak, ez zeuden bizitzak kutsatuta. Portzelana edo ikonoak izan zitezkeen, mihiseria beharrean. Besteek, aldiz, toki berezi bana zeukaten bere oroimenean. Norenak ziren, nola eskuratu zituen; istorio oso bat konta zezakeen bakoitzaz. Bere estraineko neskarenak, bere ilobatxoarenak, komentu bateko horma jauzi eta lapurturiko monja batenak. Aladinok bere lanpara igurztean gertatzen omen zen bezala, bere hatzek jantzi haiek ferekatzean Ramon Ozaeta ezezagun berri bat agertu zen nerebegi txundituen aintzin.

Bere altxorra ikusten zuen lehena omen nintzen. Hala aitortu zidan egongelara bueltatu ginenean.

Koñakaren laguntzaz, beste ordu batzuez luzatu zen oraindik gure solasa. Itzuliko nintzela agindu nion alde egiterakoan.

Estibalizekin bildu nintzen hurrengoan, komunetik igaro, arropa zikina gorde ohi zuen otarrea arakatu eta pantaloi pare bat sartu nuen sakelean. Baneukan neuk ere Ozaetarentzako oparia.