Emakume biboteduna
Emakume biboteduna
1992, ipuinak
222 orrialde
84-86766-47-2
azala: Marcel Duchamp
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Emakume biboteduna
1992, ipuinak
222 orrialde
84-86766-47-2
aurkibidea
 

Les routiers sont sympas

Muga igaro eta lasaitu egin da. Ez ditu inoiz paper kontuak maite izan. Ia helmugaraino eramango duen autoestrata ordaintzeko lehen txanponak bildu, makinako saskira bota, azeleragailua zapaldu eta abiatu egin da.

Egin behar duen bidea neketsua dela jakinda ere, pozik hartu du bolantea. Kamioiko bakartasunean, motorraren durrundak kanpoko mundutik isolaturik, ziur sentitzen du bere burua, bere bizitzaren jaun eta jabe berriro. Berak agintzen du bertan, berak erabaki noiz eta non gelditu, nola gidatu. Hura da beharbada geratzen zaion azken aterbea. Horrela ematen dio sarritan. Hura da, itxuraz, zorigaitzaren beso luzeak -etengabeko mugimenduak eragotziko balio bezala- harrapatu ezin duen toki bakarra. Gelditu bezain laster, aldiz, haren eskuetan dago preso. Horrela gertatu izan da azken asteetan. Etxera iritsi, atea ireki eta egongelan kausitu du bere zain. Ez du besterik aurkitu etxe isilean.

Baina ez da beti horrela izan. Duela ez gehiegi arte, bidaietatik itzuli eta emakume samur batek eman izan dio ongietorria. Dutxatik irten, pijama garbia jantzi, elkarrekin kafe epela edan eta -emakumeak lan egin behar ezean behinik behin- ohera joango ziren.

Orain ordea, etxeratzeaz bat jotzen du kalera. Gela hozkirrien hustasunak bihotza izoztu eta tabernazuloko beroaren bila abiatzen da eskaileretan behera. Eta errepidera bueltatzeko egunaren beldur izan beharrean, irrikitan egoten da, lehen ez bezala.

Iruñera joan izan da hainbatetan, gurasoenera, baina han ere ezin luzeegi egon. Egun pare bat asko jota. Aita dauka erruduntzat. Bien artean tirabira eta kalapita asko izan da urteetan. Gaztaroan bereziki. Aitagatik alde egin zuen etxetik, ahal orduko. Kazetaritza ikasten ari zen Opus-en, baina aitaren txatxukeriaz nazkatu, ikasketak bertan behera utzi eta Valencia aldera joan zen, ezagun baten tabernan lan egiteko asmotan. Baina han ere gauzak okertu, giputz batzuekin elkartu eta haiekin etorri zen Donostiara. Geratzeko gainera.

Ez zuen -ez eta orain ere- hiria oso gustoko. Hala eta guztiz, ondo moldatu eta urte mordoska eman zuen han, beste inora joan aurretik. Modua izan zuenean, gutxi urrundu zen. Pasaia izan zuen bizileku berria. Baina hori dexente geroago, kamioi entrepresa handian hastean.

Urte guzti haietan ez ziren itsaso edota badia izan hiriarekin hain estu lotu zutenak, ez eta hondartza ere (eguzkipean pilatzen zen gizateri koipetsua ikusi eta higuina nabaritzen zuen hesteetatik gora). Lagun ugariez gain, hiriburu giputzarekiko lotura nagusiari emakume izena zegokion: Eli.

Donostiara etorri eta Iruñeraino hurbiltzen hasi zen. Amagatik batez ere, hari bisita egitearren. Egunen joan etorrian aitarekiko herra erabat desagertu ezbazen ere, bigundu bai ordea. Hobera etorri ziren gauzak bien artean. Semea zuzentzeko ahaleginen alferraz jabetu eta amore emana zegoen aita aspalditik. Zaharraren bitxikeriak errazago ulertzen zituen berak ere. Dena dela, ezinezkoa zitzaion etxe hartan egun pare bat baino gehiago egotea. Bakoitzak bere ohiturak zituen harez gero, eta gutxitan egiten zuten biek bat. Musika entzuten hasi eta segidan ama hurreratzen zitzaion eskean gelara, bajuxeago jartzeko. Kasu egiten zion baina, AC/DC bolumen erridikulo hartan entzun beharrak amorraturik, musika kendu eta kalera alde egiten zuen. Eta gauza bera telebistarekin.

Jubilatu eta behingoan tele-junky asekaitza bilakatu zitzaien aita. Jaiki, egongelako besaulkian eseri eta, komunera joateko ez bazen, ez zen handik altxatuko. Telebista biztu eta haren parean gosaldu, bazkaldu eta afaltzen zuen. Ez zegoen egun osoa telebistari begira, baina biztuta behar zuen egunkaria irakurri edo lo kuluxkaren bat egiterakoan. Lotan egoten zelarik, amak itzali eta esnatu egiten zen automatikoki, loerrean. Seaska kanta zuen hura. Teleagingailua eskuetan, katerik kate ibiltzen zen, irudi berrien ehiztari. Han zegoen bitartean, berak ikusi nahi zuen filmeren bat egokitzen baldin bazen halabeharrez, aitak ez zuen sekulan hura ikusi nahi izango. Beste edozein gauza aukeratuko zuen, bere etxean nahi zuena egiteko zeukan eskubide ukaezina aldarrikatzeko.

Eta berriro joan beharko zuen kalera.

Txikikeriak ziren. Umekeriak. Baina bere onetik ateratzeko lain.

«Berdinak zarete biok» esan ohi zion halakoetan amak, triste. Hitz haiek aditu eta areagotu egiten zen bere itomena. Kalea behar zuen arnasa hartzekotan. Biharamunean autoan sartu eta Gipuzkoa aldera bueltatuko zen bazkal ostean. Ez zen hilabete pasa baino lehen atzera azalduko.

Zerua ilundu egin da bapatean Bordele pasata. Lehen euri tantak irristatu dira kristalean behera. Zigarreta bat biztu eta goizetik ahazten saiatzen ari dena etorri zaio berriro gogora. Paperen zain egon den bitartean, amari hots egin dio Irundik. Berak eman dio berria: «Amona hil da». Ez dio ia besterik esan. Hileta elizkizunak eta, ez dizkio ezta aipatu ere egin. Alemaniara doala badakielako apika. Edo ahal izanez gero ere agertuko ez zelakoan seguruenik. Ezin dio ukatu hori somatzeko nahikoa arrazoirik baduenik.

Oso gaisotasun luzea izan da amonarena. Hilabeteak igaro ditu ohetik mugitu gabe, heriotzaren esperoan. Aukera franko izan du bisita egiteko. Maiz eskatu izan dio amak, baina hurrengorako utzi izan du beti. Horrez gero hurrengorik ez, aitzakiak soberan orain.

Albistea jasotakoan gertatu da harrigarriena. Amonaren heriotzaren ordez eguraldiaren berri eman izan baliote bezala gelditu da. Malkorik ez. Eta maite zuen horregatio. Haren aurretik hil ziren aiton-amonak ere estimatu zituen moduan. Banan-bana zendu, baina berak negarrik ez. Ezin izan du bere axolagabekeria sinetsi. Ezin izan du konprenitu nola utz dezakeen hain lasai, hain hotz albiste izugarriak; nola asalda dezakeeneguneroko beste edozein tontakeriak eta emozio biziagorik eragin bere baitan, askoz hurbilagokoa duen beste hark baino. Eta Eli akordatu zaio. Oroimen mingarriak nahigabeturik, gogoa beste nonbaitera lerra arazten ahalegindu da.

Ondorengoak aldiz, emakumearekikoak bezain latzak izan dira. Hortik aurrera ezin duda-muda eta aspaldiko beldurren enbatari hesirik jarri. «Zer pasatuko ote da ama edo aita hildakoan?».

Zalantzek aitorpenei egin diete bide. Ez zaio erraza egin, jator, zintzo eta sentibera omen zenaren maskara erantzi eta haren atzean urteetan ezkutatu den munstruo bihozgogorra bera dela aitortzea. Bere benetako nortasunaz jabetu berri, aintzinako gezurrei egin behar izan die aurre, mingarrienetatik hasita. Damuaren zurrunbilo itsuak harrapaturik, kolokan ikusi ditu bere ordura arteko ziurtasun guztiak. Denborak eta harrokeriak eraiki dituzten gotorlekuak bere aurrean erori zaizkio. Leiho ondoko ispiluari so egin eta aitaren aurpegia ikusi du.

«Berdinak zarete biok», amaren hitzak aditu ditu, motorraren zalaparta eta euri hotsari nagusituz. Eta Eli oroitu zaio ostera. Amaren hitzak uxatu nahian edo, irratia biztu eta musika bilatu du. Alferrik. Kamioi barruko airean iraun dute, edozein oihartzunek baino luzeago. Nabarmenegia da lurrikarak agerira ekarritako zaborra. Kamioiko bakartasunak, lagun izan ordez etsai bihurtuta, ez dio ihes egiteko zirrikiturik estuena ere eskaini. Babesik gabe dago, larru gorritan. Hainbestetan mesprezatu duen aita baino barregarriago.

«Hark telebista, nik kamioia», aitortu du bien arteko antzekotasuna.

«Aita katez kate ari da egun osoan», jarraitu du berekiko, «horren bidez mozkortu eta dena ahaztu nahi izango balu bezala. Ni berriz, hemen, gau eta egun kamioi honetan sartuta. Eta hemen nagoen bitartean, problemarik ez. Neu naiz jabea. Berak bezala, nahi hainbatetan alda dezaket katea. Hemendik kanpo, hor hasten dira kontuak».

Kontuak, dudarik gabe, Elirekikoak dira. Hilabeteak igaro eta ez da gauza izan emakumea gogotik aldentzeko. Aitak amarekin bezain zital jokatu du berak ere harekin.

Gurasoeneanegonzenazkeneko batean, amorru bizian utzi zuen egoera batenlekuko lotsatua izatea egokitu zitzaion. Afal aurretik heldu zen Iruñera. Pozik zirudien aitak. Telebista amatatu ez bazuen ere, besaulkitik jaiki eta emazte eta semearekin batera eseri zen mahaira. Ez zen afari osoan isildu. Politika eta futbolari buruzko kontuen ondoren, itsasoan zebileneko pasadizoak berritu zizkien. Itsasuntzi batean lan eginikoa zen gaztetan, eta umore onean zegoenetan garai hartako istorioak aipatzen zituen beti. Ezkondu eta Iruñeko lantegi batean hasi zen mekaniko. Harez geroztikoak ordea, ez zituen sekulan hizpidera ekartzen.

Kafeetarako, telebista aurrera bihurtu ziren. Sofaren gainean azal zuriko liburukote bat zegoen: Bizitza sexualaren entziklopedia. Jaso eta zabaldu egin zuen. Orrialdeak kolore biziko argazki eta marrazkiz hornituta zeuden. Telebistako iragarkietan ikusia zeukan noizbait. Horrela ezagutuko zuen aitak ere. Hirurogeitazazpi urte ondo beteak, zertarako behar ote zuen halakorik?

«Oso interesantea da» esan zion aitak, buruan zerabilena igerrita.

«Berandu samar honez gero, Martin», moztu zion amak, kafea zekarrela.

«Bai, horrela da zoritxarrez. Agian, lehenago irakurri izan bagenu...».

«Gaizki pasa al duzu?», amak txantxetan.

«Gaizki diozu? Berrogeitabi urtetan ez nauzu behin ere gozarazi».

«Martin, mesedez!» erregutu zion amak lotsatuta, begiak semearenganantz.

Baina ez zen isildu. Aurrera egin zuen, ama negarretan hasi arte. Orduantxe bertan alde egingo zukeen berarengatik izan ez balitz. Lotara gelditu zen. Biharamunean, autoan Pasaiarantz zihoalarik, bezperan gartatutakoa ez ziola aitari inoiz barkatuko zin egin zuen.

Maiz asaldatu izan du gau hartako gomutak geroztik. Narda eta amorru berbera sentitu ohi du, aitarekiko gorroto zaharrak berriro astindu. Orain, gorroto hori bera bere kontra bueltatu da. Hura gogoratu eta ezin ditu Eliri eragindako umilazioak ahaztu.

Eurijasak errepide alboko soro eta zuhaitzak ezabatu eta iadanik nagusitzen ari den gauarekin nahasturiko ilunbe geldoa utzi du haien partez.

Aita-semeak ez ezik, bizkiak ere badira, hain da bien antzekotasuna asaldagarria. Grezia aldeko alegi klasiko bateko pertsonaia bailitzan, borroka amaigabeetan bizitza igaro ondoren, betiko arerioa bera baizik ez dela ohartu da, bere buruaren aurka alferrikaldu duela gaztaroa.

Beranduegi. Elik, amak ez bezala, ez du etsi nahi izan. Haren erabateko maitasunaz seguru, pilota bat bailitzan erabili izan du: jokoak iraun bitartean jo eta amaitutakoan zoko ilun batera bota. Ez zen jostailua ordea. Goiz batean esnatu, bila hasi, bazter guztiak miatu, baina pilota ez zen inon ageri.

Ezin du ukatu alde egiteko sobera arrazoi bazuenik. Alderantziz. Azken sei hilabeteetan soilik, aski eman zion bizitza honetan zein hurrengoan ere pikutara bidaltzeko.

Ume bat nahi zuen Elik. Berak ez, edo ez orduan behintzat. Denbora dexente zeramaten elkarrekin eta hura zen emakumearen ustez garairik egokiena. Langabezian bolada batez egon eta gero, lan segurua zeukaten biek. Adinez ere sasoi aproposa zirudien, ez zahar, baina hogeitahamarretatik ezta oso urrun ere.

Argudio berdintsuak erabiltzen zituen berak kontra egiteko.

Nola zitekeen, denbora luzez premia eta estuasun gorriak pasa ondoren, azkenik itxuraz bizitzen hasiak zirenean, arazo berri bat sortu nahi izatea? Zergatik ezin zuten nekez lorturiko hura apur batean gozatu? Beste urte pare bat itxaron zezaketen gutxienez. Ez zion gehiegi eskatzen. Baina Eli ez zegoen ados. Berehala nahi zuen.

Apeta, haurdun dauden emakumeek omen dituzten gurari horietako bat izango zelakoan, ez zen biziki arduratu. Segituan ahaztuko zuen. Baina Eli ez zegoen haurdun, eta denbora pasa arau, ahantzi ordez, gero eta obsesiboagoa bilakatu zitzaion umearena. Supermerkatuko lankideak zituen erruduntzat, haiek sartu zioten Eliri ideia memeloa buruan. Zoritxarreko Juli hark bereziki.

Kontu haiekin hasi baino urte eta piku lehenago, lana aurkitu zuen Oiartzun aldeko Prycan. Fruitu eta barazki sailean ipini zuten. Azalore, uhaza, tipula eta zerben artean igarotzen zuen eguna, eta larunbatetan sagar edota madariz beteriko plastikozko zorroak ekarri ohi zituen etxera. Astelehenerako usteldu eta salduezinak izango zirelakoan, egun bukaeran fruituak dohainik ematen zizkieten langileei. Lana, beste mundukoa ez izan arren, itxuroso samarra zen. Bezeroez egingo zuen kexa noizean behin -deus ez erosteko barazki guztiak ukitu eta eguraldia baino beste mintzagairik ez zuten etxekoandreez-, baina orohar gustora zegoen. Lankideekin, bestalde, zorte handia izan zuen, jende ona omen zen oso. Haietako bat gainera -Juli, asko gabe bere lagunmina bihurtuko zena- beste kamioilari batekin zegoen ezkonduta. Gizonak kanpoan zituztenetan, Prycatik irten eta Errenterian geratzen ziren. Zumardiko kafetegi batean eseri eta berandu arte egoten ziren hizketan.

Juligatik izan ez balitz, berdin segi zezaketen oraino. Baina tamalez, haren haurdunaldiak hankaz gora jarri zuen dena.

Errepide alboko kartel urdin batean atsedengune baten berri irakurri eta bertan gelditzea erabaki du. Hiru kilometro aurrerago.

Bide ostatuetan geratu ohi zen hasieran, baina gogaitu eta nahiago du orain janaria berarekin ekartzea. Kamioiko bakartasunean inork trabarik egiten ez diola, atzekaldean etzan eta jarrera erosoan egiten ditu otorduak, bere kasa. Jatetxe jendetsu haietan ordea, Les routiers sont sympas atean zeukatenetan, sarritan luze itxaron beharraz gain, beste kamioilarien gezur eta harrokeriak aditu beharra zegoen. Leku haiek ez zeuden berarentzat asmatuak.

Gazta ogitarteko bat atera eta ideia Julik sartu ziola buruan ebatzi du afaltzeari ekin aurretik. Ilunabarreko solasaldi haietan komentzituko zuen pixkanaka, kafe baten aitzin gozo. Nahiko erraza zuen, dena den. Askotxo izan ziren eta, garai beretsuan inguruetan haurdundu zirenak.

Egunkarien arauera, Euskal Herria bide zen Europa osoan ume gutxien jaiotzen zen lekua. Biztuta omen zeuden argi gorri guztiak. Herriaren desagerpena iragartzen zuten sirenek aspalditik ziharduten uluka. Hala eta guztiz ere Prycako langileek, estadistika eta zenbaki ofizialak gezurtatu nahi izango balituzte bezala, gizarte osoaren joera orokorrari ezaxol, nor-gehiagoka ari zirela ziruditen familia ugaltze kontu horretan. Arduratuta zeuden jabeak. Izurrite mota ezezagun bat zabaltzen ari ote zen beren enplegatuen artean? Juliz aparte, harategiko Arantza eta Jaione -kutxan egoten zen ilegorria- sobera puztuta zeuden halaber. Eta haiek, berak ezagutzen zituenak baino ez bide ziren.

Gazta amaitu eta laranja zuritu du. Goizalderako heldu nahi du Alemaniako mugara, eta gau osoan gidatu beharko du horretarako. Speeda sartu baino lehen, urdaila betetzeko premia dauka. Bihotzerrea izaten du bestela. Bolante azpiko zirrikitu batetik papertxo bat atera eta mapa liburuaren gainean apailatu du edukia. Sudurreratu, zigarreta iziotu eta berriro abiatu da. Motorraren zaratak nekez mutuarazi dezake eurijasaren danbarrada.

Kasete bat sartu, baina oraingoan ere musika ez da gai izan Irun atzean utziz geroztik ehotzen aritu den pentsakizunen haria mozteko. Bere burua xahutzen hasi eta zeharo ezinezkoa zaio dagoeneko damu eta arrenkuraren jarioa geldiaraztea. Eta semerik edukitzeari uko egiterakoan agian asmatu egin zuela otu zaio halako batean. Seme-alabak azken finean ez dira genetikaren emaitzak baino, formuletara ekarritako legeen menpeko. Ingurugiroak, norberaren desio eta borondateek ezer gutxi egin dezakete arbasoengandik jasotako ondare astunaren aldean. Baliteke, gizonak bere inozentzia zoroan une batez pentsatzea munduan ez dagoela beste inor bera bezalakorik, ezberdin eta berezia dela. Agudo jabetuko da bere burugabekeriaz ordea, arin ikasiko du ezin zaiela lege unibertsal horiei iruzur egin. Goiz baino beranduago, guraso, aiton-amonek eta haien aurrekoek ere pairatu zuten gaitz berberaren ezaugarriak topatuko ditu bere azalean. Eritasun unibertsalaren estraineko zantzuak.

Ondotxo daki hori. Eta baita amak ere. «Berdinak zarete biok» aditu eta barre egin ohi zuen sinesgogor, begibistakoa zena amakeriatzat harturik. Aitaren kontrakoa zelakoan, ez zion sekulan jaramonik egin, harik eta txanpon beraren beste alderdia baizik ez zela ikasi zuen arte. Ezusteko ederra alajaina!

Berehala etorri zaio hurrengo sorpresa. Askoz modu bortitzagoan gainera. Kolpetik bere aitzin, ilargirik gabeko gauaren beltzean, argi gorri bat azaldu da nabarmen, arriskuaren iragarle. Abiadura moteldu eta bigarreneraino jaitsi behar izan du argia astintzen duen poliziaren parera iristean. Beste argi batzuren distira antzeman daiteke haruntzago, jendarmeen urdina, anbulantzien laranja bizia. Hurreratu eta jabetu da gertatutakoaz. Kamioi bat ikusi du bide bazterrean, argiak oro keinuka. Auto zuri bat apur bat ondoren, atzekoz aurrera, kontrabidean. Kristalez josita dago dena. Zenbat kilo egingo ote dute errepide gainean barreiaturiko kristalezko harritxintxar guzti horiek? Odola somatu du autoko atean. Bertaraturiko laguntza ibilgailuko argiek jira-biran, kristalezko zolan isladatu eta ikuskizun bitxia osatzen dute. Euri jantzi horiko langileak gogotik ari dira erratzez errepidea lehen bait lehen libre uzteko. Auto eta kamioien ilara luzea poliki doa zabaldu duten igarobide estuan barna. Bazterreko kamioi ondotik pasatzean baieztatu ahal izan ditu susmoak. Kristal handiak zeramatzan kamioiak. Makadan bustian labaindu eta askatu egin zaio zama. Auto zuria birrindutatako kristalezko alfonbran irristatu eta horregatik geratu da atzekoz aurrera. Bere burutapenek norabide berbera hartu dute. Etxean utzitakoa dauka berriz kitzika.

Umearenaz galde egitean, gaia saihesteko asmoz, beharbada bai edo ikusiko zutela esanez erantzun ohi zion hasiera batean, egun batzuetako nahikeria besterik ez zela pentsatuz. Aurrerago, egun gutxiko kontua ezik sakon erroturik zuela konturatzean, aldatu egin zuen estrategia. Hitz egiteari utzi eta isilik egoten zen bidaian abiatu arte. Bueltatzean gauzak hobera etortzen baziren ere, arin okertzen ziren atzera. Luzatu egiten ziren haserraldiak, zezioak ugaritu. Nahiz eta artean elkarrekin oheratu, alferrikakoak zituen senarra bereganatzeko ahaleginak. Erabatekoa zen haren arbuioa. Medikuarengana jo behar izan zuen emakumeak, gauetan ezin izaten bait zuen loak hartu. Jateko gogoa galduta, ikaragarri argaldu zen. Nabarmen ageri zitzaizkion begi inguruetan negar arrastoak. Malkoek ez dute barkatzen.

Nahiko makal zebilen bera ere. Liskarrak bukatu eta betiko bizimodu baketsura itzultzearekin egiten zuen amets. Baina ez zegoen amore emateko prest. Elik egin beharko.

Bitartean, beste norbaiten ferekak bilatu zituen, eta baita aise aurkitu ere.

Aspalditik ezagutzen zuen Asun. Bazekien koadrilako gehientsuenak harekin oheratu izan zirela behin edo behin. Axola gutxi ordea. Areago, nahiago horrela. Erizaina izanik, txandaka egiten zuen lan Asunek. Goizez, arratsaldez eta gauez aste bana. Astean behin edo, Eli Prycara joan bezain arin, telefonoz deitu eta ezkutuan azaltzen zen haren etxera.

Gurasoek eman zioten Alde Zaharreko etxe handi batean bizi zen. Ez ziren handik inoiz irteten. Lantzean behin nonbaitera elkarrekin joatea proposatu, baina ezezkoa jaso eta ez zion ostera aipatzen. Ohiturik bide zegoen.

Bizkor baino bizkorrago burutzen zuten burutu beharrekoa. Agurtu eta eskaini ohi zion kafea edan ahal izan aurretik ohean ari ziren jo eta ke. Elkarri zer esanik ez eta, bukatzerakoan ere ez ziren gehiegi luzatzen. Laztan batzuk trukatzeaz gain, ez zituen ezerk lotzen. Eta bazekiten. Agerian zegoen hartu-emanaren natura, itxura egiterik ez haien artean. Gezurretan ibili beharrik ez. Larrua jo, altxa, jantzi eta lasai egin zezakeen alde. Inork ez zion tutik aurpegiratuko. Hura azken aldia bazen ere, berriro elkar ikusi behar ez bazuten ere, inork ez zuen malkorik ixuriko. Gerorik ez, unean unekoa zeukaten inportanteena. Seme konturik ez harekin. Horretarako sasoia pasatuxea zuelako ziurrenik.

Bera baino dexente zaharragoa da Asun. Inoiz ez dio adina galdetu. Baina badaki. Gorputzak ez salatu arren, neskazaharraren manerak antzematen zaizkio. Irribarre egitean, ezpainak okertzeko duen era mingotsa izango da agian, edo begiradaren nekea. Nolanahi ere, emakumeaz oroitu eta bero bizi batek hartu du burutik behera. Zakila gogortzen nabaritu du hankartean. Itsusi samarra da aurpegiz -betaurreko lodiak darabiltza- baina gorpuzkera bikainekoa. Soin polita eta hanka luzeak dauzka, eta titiñoen edertasunak behingoan ahaztuarazten du bisaiaren zatarra. Gauerdian, bera Frantzia zeharkatzen ari den bitartean, Alde Zaharreko etxean irudikatu du beste norbaitekin txortan. Leihatila apur bat zabaldu eta gau haizean Asunen larru-azalaren usaina somatu uste izan du lipar batez, ospitaletan erabilitako xaboiarena. Etxeratu eta hots egingo dio.

Asmo horrek -zergatik ez dakiela- beste kamioilariek elkarri irratiz kontatzen dizkieten lizunkeria eta trufa gordinen antzera lotsarazi eta Eli erakarri du berriro bere hausnarketetara. Eta ama. Eliren oinazeaz pentsatu eta ezin bait du amarena ahantzi. Eliren malkoek amak sukaldeko bakartasunean ixuritakoekin bat egin eta aita-semeen berekoikeriaren uhartea setiatzen duen itsasoa osatzen dute. Aita, telebista aurreko besaulkian eserita egun osoa, irla bat da; eta beste irla bat bera ere, bolantearen atzean errepideetan barrena. Inguruan dutenari itsu eta gor, ezin ditzakete ailegatzen zaizkien deiadarrak konprenitu. Etengabeko bakarrizketa antzuan buru-belarri, arrotz dauzkate gainerako mintzo guztiak. Pitzaezina dirudi euren isolamenduaren hormak. Maite dituenak bere bizitzatik desagertu eta ez du ia deus sentitu. Izenak aditu ditu, irratian hiri ezberdinetako tenperaturak aditzen diren antzera: Bilbon hemeretzi, hogeitabana Donostian eta Baionan. Amona gaur, Eli lehenago...

Deitu egin beharko luke beharbada. Banatu zirenetik ez du ikusi. Beldur da beste norbaitekin hasi ote den. Afaltzera gonbidatu eta barkatzeko eskatuko dio, bere harrokeria aitortuko. Aurrerantzean bien artean dena diferentea izango dela aginduko dio. Alboan behar du. Eta haurraren leloari ekiten badio, baietz esango dio, ekarriko dutela. Azken batean, hori omenda gizakiaren halabeharra, bidean jarraitzeko ordaindu beharreko prezioa. Bere haziak sortuko duena aita bera bezain anker, aitona bezain dohakabea izango da seguruenik. Onartu egin beharko du. Gizona gizon denez geroztik, bere jatorrizko bekatuaren zama unagarria eramatera kondenatuta omen dago, beti bidean arrastaka. Eta baliteke ere, eurena ezberdina izatea: ama bezain maitagarria, amona bezain onbera.

Ideia itxaropentsu horri eutsi eta ordura arteko pentsakizun goibelak alboratzen saiatu da, kasetetik datorkion musikari arreta ipiniz. Eta hala lortu du aldi labur batez. Gutxira, gero eta gertuago, zalantza eta beldur ezagunen erasoa somatudu bere gainean. Bidaian zehar lagundu duten munstroen aurpegi izugarriak azaldu zaizkio berriro. Kristalezko gau-lainotik ustekabean irtenda begiztatu ditu, bere burua aurrena. Eldarnio baten antzera, Irundik urrundu denetik ikusten aritu denfilme bera ezinbestean du begietan. Ezer gutxi bizkortu du speedak. Oso nekaturik dago.

Alemaniako muga pasa orduko bide bazterrean geratzea erabaki du, lotarako.