Zerura igotzeko
Zerura igotzeko
1986, ipuinak
72 orrialde
84-398-7164-3
azala: Juan Sagastizabal
Joxean Sagastizabal
1956, Eibar
 
 

 

KOMUNIKAZIO-ARAZOAK

 

        Zenbaitetan gertatzen da eta zer egingo dugu, hain ederki gaude lo ezen ez bait gara inolaz ere behar den orduan esnatzen. Guk lo jarraitzearen ondorioz gauza asko gerta daiteke, errita lanera berandu iristeagatik, adibidez, bazkaria erre, laguna haserretu emandako plantoiagatik, jendea gosaldu gabe geratu guk normalean partitutako esnea falta delako etabar. Edo ezertxo ere ez, premiazko eginbeharrik ez badago, Munduaren ekinean zeregin garrantzitsu gabekoak baldin bagara, ametsari ustekabean erregalatutako denbora horregatik, ba ez da seguru asko ezer graberik pasako. Egunen batetan, ordea, Eujen izan zen lozorroan iraun zuena eta batzuentzat eraginkorra izan zen, erabatekoa.

        Zera zen Eujen ofizialki: «Komunikazio Saileko Hizki Horniketaren Arduraduna» izen ponposoa, ezin ukatu. Ezin esan lan gogorra zenik ere, goizeko bostetan hasi eta seiak arte, ordubetez, beraz, iharduten zuelako. «Letrototala» izeneko makina zen bere tresna, honek mota guztietako letrez betetzen zuen giroa, eta letra hauexek doinuz jazten zituzten gizakien eztarrietatik sortutako asmoak, gure ohizko hizketa entzungarri bihurtuz. Egun horretan, hobeto esanda, aurreko egunaren zortziak aldera hasiko zen Daniel eta Juan Mariren arteko eztabaida, beste bat zerrendan, bi lagunak berritsu hutsak, harroskoak eta egoskor paregabeak zirelako. Soro ederra edozein huskeriagatik diskusio gogorrak haz zitezen. Sutsu eta trumoitsua ordukoa, zera zela eta hasi eta gauzak elkarri lotuz segi eta segi, segi eta segi, futbolaz, desarmeaz, Esperantza Agirreren edertasunaz, mejikanoen alperkeriaz, alkohol eta drogetaz, eguraldiaz, gaztediaz, haien eztabaidetaz, izan diren eta diren auzi eta katramila guztietaz. Goizeko laurak aldera hasi zen gaiztotzen asuntoa:

        — Onar ezak, Juan Mari, gauza ez duk hik kontrako iritziak dauzkaala, baizik eta pentsatzen duana pentsatzen duala neri kontra egiten didak, benetan gustatzen zaiana horixe duk eta!

        — Ezetz ba! Zera duk gertatzen dena, hire iritziak bezalako astakeriarik ez dela sortu oraindio! Nik kontrakoak edukitzen dizkiat pertsona normal bat naizelako!

        — Aizak, anormal esaten al didak?

        Bitartean lo seko zegoen Eujen eta ordu kritikoa iritsi zen, bostak, eta makina, «letrototala» geldirik. Eta noski...

        — Aizak, Daniel, h-la j-r-it-en b-du has—-tu e—-o naiz!

        — B-h-s —di!

        — —-m —-txo—

        — k—-oi—-z

        — —-

        — —-

       

        Letrarik ez. Momentu horretan Eujen laborategiko atetik sartzen zen, etxetiko bidea izerdi patsetan eginda, eta «letrototala»ri eragin zion, baina urduri, gehiegizko potentzia eman zion, eta hauxe izan zen Danieli ezpainetatik sortu zitzaion jarioa:

        — Mjgutjneidjfhgbeoiuhgfrtyudxseamkiopytrenhgbvfgvrdewstyuit!

        Daniel eta Juan Mari erdi mareatuta zeuden honez gero, eztabaida moztu behar izatearen frustrazioa lehenik, paperak aurkitu eta idatziz elkar iraintzea gero (guzti hau mehatxu-jestuz eta bisiguen moduan ahoa irekiz) letra-zaparrada hori hirugarrenez, enfin, hori ez zela diskutitzeko giroa. Azkenean Eujenek asmatu egin zuen eta letrak egokiro bidaltzen hasi zen, neurriz eta juxtu.

        — Juan Mari, tonto hutsa naiz —moldatu zuen Danielek eztarritik gora zetorkiona.

        Eta Juan Marik isil-isilik, letrarik batere gastatu gabe, muturreko bat eman zion.