Urte guztiak dira diferente
Zenbait egile
Urte guztiak dira diferente
Zenbait egile
1984, ipuinak
96 orrialde
84-300-9925-3
azala: Mendi
Urte guztiak dira diferente
Zenbait egile
1984, ipuinak
96 orrialde
84-300-9925-3
aurkibidea

Aurkibidea

Xahalak ginen gu...
SUSA

Amodiozko istorio bat
Mikel Antza

Taxi baten agonia
Roman Utretx

Yuri Kakarin
Xabier Mendugurenowicz

Panterak parkearen jabe
Pello Lizarralde

Azken asteartea
Gorka Setien

Amets belarrak
Iņaki Iņurrieta

Batetik bestera
Eneko Olasagasti

Erosi: 4,04

Aurkibidea

Xahalak ginen gu...
SUSA

Amodiozko istorio bat
Mikel Antza

Taxi baten agonia
Roman Utretx

Yuri Kakarin
Xabier Mendugurenowicz

Panterak parkearen jabe
Pello Lizarralde

Azken asteartea
Gorka Setien

Amets belarrak
Iņaki Iņurrieta

Batetik bestera
Eneko Olasagasti

 

LIMOSNATXO BAT BESAMOTZARENTZAT

 

Iñaki Uria

 

Zorigaitzaren zorigaitza, ez diogu jaramonik egiten auzokoarengana heldu arte. Hobe, norberarengana iritsi arte, orduan bakarrik akordatzen gara gaitzaz, orduan jabetzen gara bizitza eta heriotzaren arteko muga bildotsaren zintzurra ebaki duen aiztoaren aho zorrotza dela.

        Ni nor naizen jakin dezazuen ez da hitz luzeren beharrik. Tolosan ireki nituen begiak estreinakoz, Zestoako parajeak ikus nitzan gero. Berrogei urteko edadean nauzue, sasoi onenaren aldapa beheran hasia. Ezkontzak eta lanak ninduten hona erakarri, urteak igaroak patxadaz eta lasai, joan den urtekoak berriz larririk nau utzi, atsekabearen gainean nola naiteke ni bizi?

        Gure atseden orduak iragaiteko, Zestoako lagunok, arratsaldero biltzen ginen goiko tabernan. Ondo egoten da han. Beti bezala, ostegun hartan lagunok txikitoren bat edo beste edan genuen jokaturik kartetan. Giro ona zegoen bertan eguraldiaz hitz egiten hasi ginenean.

        — Estanis —esan zidan Erramunek—, apirilak hogei ditik gaur eta aurten ez diagu Zozomikoterik izan.

        — Ez itzak deitu! —erantzun zion ozenki Pablok—. Horixe bakarrik falta genian! Bestela ere, berez etortzen dituk horrelakoak, ez zagok deitu beharrik!

        Pabloren aurpegia beldurraren hondarraz ukituta zegoen une hartan. Ñir-ñir begiak. Kopeta beltza, matrailak sotil eta dardaraka hitzak ezpainetan. Baretzen saiatu nintzen nahiz eta ni kezkatu. Horretan ari ginela, zer eta han sartzen zaigu tabernan eskale itxurako zahar hezur nekatu bat. Bustita zetorren, dena blai. Trumoiak jo zuen atea itxi zuenean, oihartzun egin ziola haren hitzari: gaurkoa ez da puskatean ahaztuko.

        Ez genion jaramonik egin. Geurera etorri ginen segituan, jokoan jarraitzera. Dudarik gabe ez nintzateke berataz gogoratuko ez balitz gero gertatutakoak eta hark kontatutakoak loturarik zutelako. Aitortu behar dut horretan sinetsita nagoela, izan ere gerta al daitezke hainbeste kasualitate segidan? Ezezkoan nago; ez gara gu geure baitan, beste baten baitan baino, eta beste hori... Jainkoa, Fadoa, Ortzia, Zoria da.

        Laster inguratu zitzaigun agure zahar hura, aldamenean eseri eta gu begira. Hala pentsatu nuen hasieran, baina bere begiek, gero konturatu nintzen bezala, leihoko kristalen kontra bortizki jaurtikitzen zuten euri tanten zipriztinetan galdurik ziharduten. Urteak ajatuak, jantzien antzera. Zaila izango litzaidake haren adina gutxi gorabehera ere asmatzea. Ezpai gabe urteak mugaezinean urtzen ziren haren zahartzaroan. Beraien artean bereziki, bazuen agure hark bere irudia arraroagotzen zuen ezaugarri bat: besamotza zen.

        Ukalondoraino besterik ez zituen besoak. Ez dakit nola konponduko ote zen bazkaltzean, baina basoardoa edateko ez zuen inoren laguntzarik behar.

        Halako batean han hasi zitzaigun ahots kraskatu, ahul eta ezkutuko batez, norbaitek aspaldian, arrantzaleei jarritako bertsoak kantatzen:

 

                Kantabriako kosta onetan

                gertatu diran kasuak

                esan didate ager ditezen

                ipiñitzeko bertsuak;

                alboratu eta galerak

                eman ditu itxasuak,

                ango mariñel gizaraxuak

                etzeuden portunosuak.

 

                Desgraziarik orrelakorik

                sekulan ez da aditu.

                Itxaso ori asarretuta

                neurrian ezin kabitu;

                nere kristauak, aiziak eta

                urak indarrak baditu,

                aplakatutzen dan arte

                bera iñork ezin errenditu.

 

        Honela hasi zuen saioa, begi biak urrun bezala, adierazkaitz bere musu zimurtua.

 

                Desgrazia au gertatua da

                Españiako partian,

                esan diteke Donostiatik

                Santanderra bitartian,

                mila zortzireun irurogei ta

                emezortzigarren urtian;

                baja aundia egiña dago

                mariñel oien artian.

 

        Kanpoan euria ari zuen.

 

                Endemas ere Bizkaian dira

                txit gaizki ibillituak,

                Bermeon bertan larogei eta

                amabost beintzat ituak;

                arrantzaleak famili asko

                mantentzen berak oituak,

                konsideratu orain zer moduz

                dauden oiek geldituak.

 

        Harrituta nago oraindik agure hark kontatzeko zeukan gaitasunaz. Burua ere izango zuen noski! Nik baino gehiago, seguru. Behin ere ez naiz gauza izan saio bat gogoratu ahal izateko. Alabaina hark hurrengo bertsoetan botatakoak Jainkoaz, arimaz eta zorigaitzak gertatutako herriei buruzkoak ziren.

 

                Kosta onetan erri danetan

                izan dira señaliak,

                batzuek ito, besteak penaz

                bajatu arrantzaliak;

                lana egin da gañerakuan

                dibersiyuen zaliak,

                tristetu eta lutoz betiak,

                ezagun dute kaliak.

 

        Kanpoan euria ateri gabe. Zaparrada. Zaharrak bertsoak bota eta bertsoak bota. Ez zegoen presarik, baina bertso tristeak pentsatzen zituen, estualdietakoak, larriak. Ni urduri jartzen hasi nintzen, isil zedin eskatu nahi nioke, baina ez izan ni ausarta horretarako.

 

                Orain irureun urte omen zen

                gertaera au lenago,

                bitarte ontan zenbait otz bero

                naski izandua dago;

                ikusi zuanik gaur bizi danik

                munduan iñor ez dago,

                bañan paperan ipiñi zuten,

                neroni leitua nago.

 

        Bertso honetan datza, hain zuzen, nire fadoaren, nire izatearen mami guztia. Izan ere pentsa al lezake norbaitek agure zaharrak kantatutako gertaerak, duela mende batekoak izanik, gerta litezkeenik gaur egun? Mila bederatzirehun eta hirurogeita hamazortzian. Ziur nago ezetz, inork ere ez luke horrelakorik pentsatuko. Baina paperean idatzia zegoen hirurehun urte lehenago omen zen gertaera horixe edo antzekoa izana. Argi dago, denbora ez da infinitorantz disparaturiko azkona, denbora lurraren gisa itzulikatzen da amaierarik gabeko jirabiran.

        Neroni, ene kolkorako, galdetzen hasia naiz ni ere ez ote naizen bertso horien jartzailearen gogoaren jarraitzaile apal bat baino. Ene izatea ez dagoen aipaturiko fadoaren menpe denboraren gurpilari biratzen indarra emateko. Agure zaharrarena bezalaxe.

        Agure zaharrak ez zuen atsedenik hartu. Dena den ene ardura guztia bertso honetan paratu nuelako edo eta, lehen esan bezala, nire oroimena ez delako oso pizkorra, ez ditut azken bertsoak gogoan. Hala eta guztiz azken hauetan marinel bizitzaren gogortasuna, zailtasunak eta penak kontatzen ditu. Jendearen bihotzetaraino iristen da bertsoen hunkia, eta orduan, egoeraz baliatuz, limosnatxoa eskatu zuen marinelen senideak laguntzeko.

        Bihozbera izaten da jendea honelakoetan, norbait ikusi nezesidadean eta hura laguntzera. Arrakasta ederra sortu zuten besamotzaren bertsoek, txanpon batzuk bildu ere bai. Han ibili zen tabernakoei eske. Pablok eta Ferminek hamarna duro eman zioten. Niri ere iritsi zitzaidan txanda.

        — Holakoen alde limosnatxo bat! —besamotzak.

        — Alde egin ezak hemendik faborez —nik—, mozkor zerria! Bazakiat, bai zertarako nahi duan hik dirua: ardotan itotzeko! Lotsarik ez daukak! Bertsoak kantatu eta itoen kontura bizi, hori duk hori. Zer uste duk, besamotza haizelako behartuak gaudela hi laguntzera? Joan hadi popatik hartzera!

        — Jakina —erantzun zidan samur baina sendo boz barnekoi batez—, ez dakizu zorigaitza noiz helduko zaizun. Ez dakizu herioak noiz eramango zaituen. Erne behar duzu izan. Seinale txarra da ni bezalako txiro bat harrokeriaz baztertzea, handikeriaz txikitzea. Uste duzu lana eta lagunak dituzulako aske zarela, on eta handi zarela. Uste duzu ez duzula inoren beharrik. Zaude horretan. Nik ez dut ezer galtzeko. Zuk zeuk mespretxatu duzu ene bizia. Arrazoi osoarekin. Ez uste ordea zeureak gehiago balio duenik.

        Ez nuen jakin erantzunik bilatzen. Agurea augurea bihurtu zitzaidan une hartan. Itsasgorak estalitako arrokaren gisa gelditu nintzen bertan. Zertarako egin kasu hitz haiei ez bazen besamotz zahar bat besterik? Ez bazen ipuinlari ero bat baino? Halarik ere barrenean geratu zitzaizkidan hitz haiek. Ez une hartan baina bai gerokoak memorian eragin dutenagatik.

        Nahiz eta garrantzirik eman ez gauza bati, nahiz eta axolagabe iruditu, nahiz eta ustez kasorik egin ez, azkenean oroimenak ustekabe handienak ekartzen dizkigu gogora. Bada, hala da, bizitza ustekabea da, ustekabeen integrala. Euriak ziharduen kanpoan. Latza zen gau hartakoa, ezin tabernatik etxera itzuli. Hargatik, agian, ez bainuen bestela beste arrazoirik, eskatu nion agure besamotzari, bere kontakizunaren zehazkizunen bat eman ziezadan. Badakit nire portaera ez zela normala, lehen bere hitzekin urduri eta larri eta orain hitz egin zezan eskatuz.

        — Egiak al dira zuk hor kontatutakoak? Aitona kostaldekoa nuen eta ez dut inoiz desgrazi handi horren berririk izan.

        — Jauna, mozkorra izango nauzu, alferra nahi baduzu, baina inoiz ez, inola ere ez, gezurtia.

        Ozenago jo zuen oraingoan trumoiak, ez zen festarik zeru aldean. Tabernan kezkatzen hasia zen jendea. Bost axola batzuri euriak, lantegian berdin zuen euriak ala eguzkiak. Baratzetan ordea, kalteak hasiak behar ziren.

        Besamotza, berriz, zerbaitetan ari zen bere txaketa zaharrean besamotzaren bidez zerbaiten bila. Periodiku paper zimur horiztatu bat atera zuen mahai gainera. Neronek ireki nuen:

 

EL NOTICIARIO BILBAINO

        Eguna argitu zuen zorigabeko eta ahantzezinezko larunbat santu hartan bere oroimena ez da inoiz geure buruan itzaliko, gozo, eder eta on-giroz, udaberrikoa benetan, ipar-gorri itsas-haizexka zelarik, arrantzaleak beren itsas lanetara eta itsas bare-barean itsas-handitara gomitatzen zituelarik. Hola da geure kaietako ia txalupa guztiak 20ko egunsenti eder eta lasaian itsasora irten zirela.

        Aldatu egin zuen haizeak hamaika t'erdiak aldera, hegoak jo zuen nahiz eta suabe, eta horretan jarraitu zuen ordubata laurden gutxiak arte. Ordu honetan, ustekabean, barometroak ezer abisatu gabe, zirimol-ipar-beltz zurrunbilo bat atera zen indar handiz, hainbeste eta hain azkar jaitsiz tenperatura, ezen ez baitzen hotz eta beroaren arteko mailaketarik izan.

        Denboralak iraundako hiru ordulaurdenetan, zenbat malko, zenbat dolu landatu dira geure itsas herrietan! Arrantzale gaixoak!

        Hona hemen gainbehera honen datuak, atzo arratsaldera artekoak, Marinako komandantzian ezagunak zirenak eta geure eskerrak merezi dituen fineziaz, bertako komandantearen bidez ezagutu ditugunak.

        Bermeoko 14 txalupa falta dira, 106 arrantzale, horietatik 88 ito direla jakinik (hauetako 30 kale berberekoak), 38 ito Elantxobekoak eta 8 Lekeitiokoak.

        Egunotan ikusgarria da itsas herrietako ikuskizuna, esan ezinezko ikaragarria. Min orroak, samintasun oihuak, deskontsolamenduzko malkoak toki guztietan.

        Ansotegi jaunak, Italika baporeko patroiak, bera lekuko izandako gertakizun triste eta saminkor baten berri eman zigun atzo, begiak malkoz bete lausoturik.

        Baporea eramanez zetorren, Kastro aurrean, galernak harrapatu zuenean. Inguratzen zuen lainoak istant txiki eta labur batez ezkutukoa pixka bat argitu zuenean, itsasgainekoak ikusteko moduan agertu zirenean, tripazgoratutako txalupa ikusi omen zuen baporetik ez urruti, eta bere gainean besoak zerurantz jasorik, hiru gizon orroka. Ansotegi jaunak berehala bota zizkien kontsolamenduzko oihuak, ikusi zituela eta salbatzera zihoakiela agindurik. Aingeruaren ahotsa izan behar zuen hark haientzat... baina hori zoritxarra! Hori zorigaitza!

        Ontzia ortzatzen ahalegindu zenean, Italikako patroiak, haizearen indarraz ez zuen hura lortu. Handiak izan ziren, bai, Ansotegi jaunak bai ontzi-mutilek, hartarako emandako nekeak... alferrik izan ziren denak.

        Italika baporeari laguntza eskatzen zieten hiru doakabe haiek, beraiek ere pulunpatutakoak, aita eta bere bi seme dira, gero jasotako berrien arabera.

        Galerna Kantauriko kosta guztian izan da oro har.

        Santanderrek ere emana du obena. 6 txalupatan ateratako 61 arrantzaleetatik, 5 bakarrik salbatu dira, 56 itoak izan dira berez (hau, hondoratutzat ematen diren bete zenbait txalupetatik kanpo).

 

        Hemen dut orain, nire aurrean, periodiku paper hura, denborak horitu eta fadoak ahantzezin bihurtutako orri hau.

        Irakurtzea bukatu baino lehen, bukatzerakoan, ez nago ziur, don Fernando aguazila sartu zen zalapartaka tabernan. Bustita zegoela esatea gutxi da. Hondatua zetorren, orroka.

        — Erriuak gainezka egin du! Gipuzkoana eraman du karreteratik bere barnera! Harrobiaren parean!

        Aitaren egin baino lehen, Pablo, Fermin, tabernakoak, Fernando aguazila eta denok aldapan behera abiatu ginen. Ez dakit zer egin zuen agure besamotzak, ez dut gerora berriro ikusi.

        Maldan behera gindoazen aguro euripean, uhalak urperatu bizitzen salbatzera. Hara iritsi baino lehen, ongi ikusi genuen ezina. Ez zen, ez, ordea, Urola izango gu kikilduko gintuena. Aurpegia eman behar genion, hil ala biziko borroka eskatzen zigun. Erasoari indarra, arriskuak atzera eragin gabe aurrera.

        — Mendiz joan beharko diagu! Karretera ere urperatua zagok!

        — Fernando!, joan hadi soka bila, beharko ditiagu!

        — Abisatu al dituzue bonberoak-eta?

        Bidean korrika antolatu bide genuen salbamendua. Horrelakoak eta gehiago entzuten ziren. Pablok Zozomikoteena ekarri zion Estanisi gogora. Lehen aipatzearena eta guzti hori. Estanisek isiltzeko. Ez zela horretarako garaia. Berak ez zuela gainera horrelako gauzetan sinesten. Tabernan txantxetan atera zituela.

        Denok korrika harrobira iritsi ginenerako hasiak ziren bi edo hiru lagun erreskate lanetan. Temakor zerabilen Urolak autobusa bere baitan. Begi bistan genuen panorama beltz hura ikara sortzeko modukoa zen, edonor zarrastatzeko modukoa. Nik ez nuke jakingo une haietan sentitutako indarra nondik zetorkidan esplikatzen. Pentsatzen dut une larri horietan, bizitza jokatu behar den lipar labur eta sakon horietan datzala gizonen lorpen handienen iturburua. Nire bizia jarri nuen besteen alde, urak zeramatzan bizien alde. Amorrua ote zen hartara lotzen ninduena? Herriko besteenganako konpromisoa? Zergatik jarri arriskutan nire burua? Gizarte honek baditu emerjentzietarako planak. Dena kalkulatuta dago. Bakoitzari berea zor zaio, bakoitzak bere papera bete behar duen bezalaxe. Erletegien gisara jokatzen dugu, lan egin behar duenak lana, defendatu behar duenak defendatu, alferra denak alferra izan... Honela uste nuen, eta horrela jokatzen nuen. Arrazoirik emango al didazue ordea nik nire bizia arriskatu nuen bezala arriskatzearen zergatiari erantzuteko? Ez, ez didazue erantzungo, isilik jarraituko diezue zuen lanei, zuen olgetei algaraz. Halaxe egiten nuen neuk ere.

        Denbora ez da geldirik egoten eta autobusa hondoratu zen zegoeneko, atzeko gurpilak besterik ez zituen ageri. Lokamuts hartan, euriak ibai uren garrak erauzten zituen lokamuts hartan, ilunbeko atzamarrak Urola-erdira zeraman herrestan autobusa. Haren ondotik ginderamatzan bere hondora.

        Sokaren mutur bat lotu nuen gerrian eta bestea bidegaineko arbola batean. Danga murgildu nintzen uretan.

        Bustiaren sentsazioa usteko duzue izan zela nire gorputzak jasan zuen lehena, eta hotzarena bigarrena. Bada, ez, aski bustia eta hoztua bainentorren lehorretik. Sentsazio arras diferentea izan zen, zerebralagoa. Gorputza erabat mentalizatuta nuen makina baten antza jolas zezan, zangoak eta besoak arraun-palak bailira mugi zitezen, soina ene txalupa tripa izan zedin.

        Buruan hasi zitzaizkidan ordea, murgiltzean, uretan kolpatzearekin batera, gogoetak itzulbiran. Helburu garbi bat nenkusan guzti hura egitean, guzti haren barnean izatean. Ezina zait behin ere sentitu ez dudan zerbait hori hain sakonki sentitu ondoren adieraztea.

        Ez zenidateke ulertuko gainera. Baina han, guztiz ahaltsua sentitu nintzen, ibaian behera ninderaman uren korrontearen kontra egiterakoan libre, sendo eta indartsu inolaz sentitu ez naizen bezala, inoiz sentituko ez naizen bezala.

        Zaila zen ur handi haietan hondoratu gabe mantentzea, zaila euri eta laino hartan barne, autobusa begiztatzea, zaila hartara iristea. Urpetik saiatu nintzen hobe baita korronte handia denean, neketsuago baina efikazagoa. Deus ere ez zen ikusten, hondoko arroka eta legarretan paratzen nituen eskuak atzamarki, ez nindezaten urek eroan. Halabeharrez arnasa hartu behar nuenean metro batzuk galtzen nituen, alabaina igokada horietan lortzen nuen autobusa ikustea. Hurbiltzen nindoakion.

        Ez nago ziur baina orduan ez dut uste inor bizirik aurkituko nuenik, ezin nintekeen ezertaz fida, denboral hartan batez ere.

        Iruditu zitzaidan ahotsen bat entzutea, zaparradaren beste oihartzun bat baino ez zela izango estimatu nuen. Izan ere, haizeak giza boza du honek orro egiten duenean.

        Aitzitik, hargatik beharbada, orduan eta gogorrago ekin nion saiatzeari.

        Zer ikus nezakeen iristerakoan imajinaezinezkoa nuen. Dena aurki zitekeen, bizitza ala heriotza, zerraldoak, zaurituak edo ezergabekoak. Han nintzen guztiaren mugaraino iritsia. Itzultzea ez zen kezka. Iristea. Bertan nintzen.

        Egiari ezer ez kentzearren aitortu behar dut ez nintzela nire indarrez bakarrik iritsi, olatu batek jaurtiki ninduen autobusaren kontra. Behezgora zetzan uren magalean. Gurpil bati heldu eta zokomiran hasi nintzen urpean murgilduta. Urez betea ageri zitzaidan autobusa bere osoan, barnean, uretan zenbait zerraldo. Ikaragarria zen. Bazegoen bat beiraduraren kontra, bizirik zirudien haren aurpegiak, zabalik begiak, zabalik ahoa, behatzak indarrean gogorturik, harenak alferrikakoak izan ziren. Ezin nuen gehiago, arnasa hartu behar nuen. Gorakoan andre baten gorputzarekin egin nuen estropezu.

        Alferrik denak, alferrik lan oro.

        Arnasa hartu eta berriro urperatzera nindoanean beste orro bat entzun nuen, gardenagoa hau. Autobusaren bestaldetik zetorren. Mutiko bat eta gizon bat aurkitu nituen bestaldetik txapa heltzen. Hitzik ez, mutikoa besotan hartu eta sokatik tira nuen bi bider, lurrekoei beste muturretik tira zezatela adieraziz.

        Lurrean lau gorputz jasoak zituzten: hilak denak.

        Mutikoa utzi eta berriro uretara, ez nuen nekean erreparatu. Banekien gizon bat bizirik zela eta hark eragiten zidan itzultzea. Ekarri behar nuen. Lagundu behar nuen. Pablo eta Erramun nirekin abiatu ziren oraingoan, nirekin joan ziren infernuaren atariraino, atarian agurtu gabe ezkutatu zitzaizkidalarik. Ez zekiten ez zein izango zen beraien azkena. Ez dugu jakiten noiz besarkatuko dugun heriotza.

        Hilotzez landatutako baratz hartan igeritan ari baginen ere konfiantza genuen geure sasoian, geure indarrean hilotzen gaindik bizirik irauteko.

        Amets eroak, ezertarako grinak, ustekabe zorrotzak ebakiko dituen giza bultzadak. Alferrikakoak guztiak, dirautenean balio dutenak, amaitzean ezabatzen direnak.

        Ilusio berbera eraman genuen, ordain antzekoa jaso. Han ito ziren nire bi lagun haiek, nire heriotz-lagun min haiek.

        Hilarri bat eraiki dute gizonek beren oroimenean, oroitarri batek gogoratuko ditu harrobiaren ondoan. Urteak pasako dira eta norbaitek esango du «Autobus bat hondoratu zen hemen ondoan. Zestoatik laguntzera jaitsi ziren, heriotza aurkitu zuten haietako hiruk». Igande eguerdiren batean karretera ondotik kotxean pasatzean aitak seinalatuko du eta semeak galdetuko dio: «zer da oroitarri bat?». Ez du galdetuko zer den hilarria, hiletaz eta heriotzaz jaiotzetik baitakite haurrek.

        Honela huntzak jango ditu harriak urteen iraganaz, huntzarekin batera lausotuko dira gizonon oroimenak eta ez du inork desgrazia hura gogoratuko, berriro gertatu arte...

        Kolpe handia izan zen aldamenean Pablo eta Erramun itotzen ikustea, ezer ezin eginean haiek laguntzeko. Mementu batez bueltatzea otu zitzaidan, dena uztea. Baina gizon batek zirauen bizirik. Aurrera bada!

        Urolaren leku ezkutuetan zehar biziaren bila, gizonaren bila; bere barnean hilotzen ondoan, hilotzen hondoan. Hilotzek bultzatuta bizitzaren alde.

        Berriro ikusi nuen gizon hura. Larria eta poza nahasten ziren espresioa zuten bere begi-ezpainek. Haren begiradak zulatzen ninduen, nigan jarria zuen itxaropen osoa. Nigan.

        Zoria, ordea, gaiztoa denean, ez da atsedenean pausatzen, hegan egiten du putrearen antzera. Ez da nekatzen, badaki itxoiten: iritsiko zaio orena.

        Uhin baten erauziak desitsatsi zuen gizona aldi berean kabi eta hilobi zen autobusetik. Herrestan eraman zuen Urolak bere uretan hondora zedin ahaleginduz. Bi bider ikusi nuen gainera ateratzen, besoak zerurantz altxatzen, airean eskegi nahian bere bizi zintzilikakorra. Ez nuen denborarik galdu, berehala murgildu nintzen, urpean hondoa jotzen ari zela erdietsi nuen haren ondora iristea. Oso arriskutsua gerta zekidakeen han jarraitzea, balantzaka hasi baitzen autobusa. Edozein mementutan eror zekigukeen gainera. Hala eta guztiz aurrera jo nuen, gizon hura atera behar nuen handik. Arropetatik heldu nuen gizona. Hark ni berriz lepotik. Hondora tiratzen ninduen, tira eta tira heriotzaren besarkadan, heriotzaren dantzan.

        Lepotik kita nahi nituen haren besoak, ez alferrik ordea! Jo egin nahi nuen konortea gal zezan, baina ezin ur barnean indarrik egin. Larria sartzen hasi zitzaidan, arnasa hartu nahi eta ezin, gora jo nahi eta behera, heriotz-aingura nuen gizon haren zama.

        Hartan, lortu nuen desitsastea; une berean autobusak azken buelta eman zuen bere ardatzean, gizona legarraren kontra betiko zanpatzeko, kolpe handia sentitu nuen besotan, hotza, ni ere harrapatuta nengoen, arroka baten kontra zapuztu zizkidan autobusaren erortzeak bi besoak. Ezin mugitu une herstu haietan, konortea galtzeko zorian, ezer ez nenkusan, aditu ere ez. Ezin gehiago agoantatu, ura irensten, ezin besoak atera.

        Ospitalean nirera etorri nintzenean, zeharo lur jota, burua argitzen ahalegindu nintzen. Nire adimenak uraren antzera irakiten du kaskezurrean, baina urduri nagoenean ideiak ur-pinportak bezala datozkit gogora; hala ere, hargatik seguru asko, ideien ordenatzera iritsia naiz, ideien klasifikatzera.

        Astebete iragan omen nuen dudamudazko esparru labain horretan, bizitzaren mugetan. Hala esan zidaten esnatu nintzenean.

        Pablo eta Erramun ez ezik, Fernando aguazila ere urek eramana izan zela, Gipuzkoana autobuseko nik ateratako haurra besterik ez zela salbatu.

        Horiek ziren datuak. Gero betikoak: hiletak, oroitarriak, periodikoak, eta abar.

        Jende guztia hizki-mizki hauetan gelditu zen. Ez zuen inork detaile batean erreparatu. Ez zen inor ni orain jabetu naizen detaile batez konturatu, obsesiogai bihurtu zaidan detaile hutsal horretaz konturatu.

        Nor gogoratu da egun hartaz izan zen eguraldi aldaketaz?

        Nor goiko tabernan aipaturiko zozomikoteetaz?

        Badakit ez didazuela sinetsiko. Ezin didazue sinetsi.

        Badakit ez duzuela ulertuko. Ezin duzue ulertu.

        Nola uler zenezaketen zuek? Nola asfaltoaren gainean lohizko zangoz zapaltzen duzuenok? Auzoko lagunen artean patxadatsu bizi zaretenok?

        Zuei diotsuet, bada, taberna hartan Zozomikoteak aipatuak izan zirela, deituak. Zuei, gogorarazi nahi dizuet nire jokaera, zuetakoa bainintzen eta igarkari bainaiz.

        Bai, esan behar dizuet: besamotz gelditu nintzen apirilaren hogeiko istripuan, bi besoak ebaki behar izan zizkidaten ospitalean.

        Besoak, lurrarekiko erroak bailira, galdu nituela, nik neuk deskubritu nuen emaztearen pena aurpegian. Ezin zidan esan. Ez nuen sufritu, dena argitzen ahalegindu nintzen.

        Argi daukat orain, egun hartako korapilo guztiak desaritu ditudan orain honetan.

        Tabernako besamotzak desgrazi handi baten bertsoak bota zituen bere ahoz fadoak kantatzen zuelarik. Hala tokatu zait niri ere, nahiz eta nik bertsotan ez jakin.

        Ez du horrek axolarik ordea. Zer inporta du fadoak kantatzea ala idaztea? Fadoak inporta du.

        Norbait hasia izango da dagoeneko besamotza baldin banaiz nola idazten dudan galdezka, txatxukeria hauetan galtzen baitu jendeak denbora. Ez dut urtebete alferkeriatan bota, bilakaera mantsoa izan da, baina posible zait letraz letra makinaren gainean idaztea. Berdin dio horren jakiteak, ez du ezer argitzen.

        Izango bazenute, ordea, nik orain mahai gainean dudan periodiku paper zahar hau, hasiak izango zineten beste zerbaiten galdezka. Besamotzak ateratako periodiku orri horiztatua daukat aurrean bera izango balitz bezala nire orainaren erruduna, nire besamotz izan beharraren seinalea.

        Ez naiz gogoratzen nola jaso nuen tabernan, presarengatik izango zen, ez nintzela akordatu ez zela nirea. Hemen daukat orain: «EL NOTICIERO BILBAINO» edición del 21 de abril de 1878. Beraz besamotzak bertsotan kantatutakoak eta egunkarietakoak koinziditzen dute: Apirilaren hogeian gertatu ziren itsasokoak; handik mende batera Urolakoak, geure herrikoak.

        Aski da, frogek ez dute luzamendurik behar. Hor daude ulertu nahi dituenarentzat:

 

                «Orain irureun urte omen zan

                gertaera au lenago,

                bitarte ontan zenbait otz bero

                naski izandua dago;

                ikusi zuanik gaur bizi danik

                munduan iñor ez dago,

                bañan paperan ipiñi zuten

                neroni leitua nago».

 

        Zuek atera kontuak. Hau ere paperean ipinia dago, zoriaren ahots eta nire hitzetan jarria.

        Gauza bat besterik ez nizueke eskatuko nire laguntzarako, hau irakurtzean oroit zaiteztela nitaz eta bidal iezadazuela diruren bat Zestoako goiko tabernara, zoritxarrez denen ezaguna da besamotza.