Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
2025, poesia
88 orrialde
978-84-19570-45-1
Azala: Clàudia Borràs
 

 

BADIA BAT
(GAZTE ERITREAR URKATUA IBAIERTZEAN)

 

 

Goitik begiratuta absurdoa dirudi:

zaintxo bat larruazalean.

 

Bidasoa

 

ez da lurretik altxatzen

metro bat ere,

baina ez dago

zerekin josi.

 

Etengabeko jarioan

enbor hilak dakartza arrastan.

 

Eta ertzeko zuhaitz bizietan

dilindan

mugaren zain hiltzen da jendea,

oinak lehor.

 

Hemen goitik begiratuta

absurdoa dirudi ibaiak:

zauri bat lepo biluzian.

 

Gure eguneroko uretan

itotzen da jendea

 

ibaiak

 

bete gabe uzten du

bere promesa bakarra:

 

norabidea.

 

Eguzkiari zuzenean begiratzen diozunean

argiak begian egiten dizun

zuloan bezala dut gordeta

leku hau

erretinan.

 

Eta, halere,

ezin ulertu.

 

Paisaia honen perfil zorrotza.

Paisaia pasibo hau

zauri inposible bat da.

 

Ez dago zerekin eutsi.