Gu gabe ere
Gu gabe ere
2021, poesia
96 orrialde
978-84-17051-79-2
Azaleko irudia: Nagore Legarreta
Itziar Ugarte Irizar
1995, Oņati
 
 

 

DENBORA ZIRRIKITUA

 

 

Alboz ireki dut leihoa

eskua ateratzeko behar dudan

zirrikitu batekin aski

 

gorri ari du negua kanpoan

eta haizeak sutzen dit zigarroa

hatzak izozten dizkidan bitartean.

 

Aitari ikasitako azken kantua

bilatu dut —ematu nazala—

 

itsasertzeko farolen azpitik

urruntzen doaz bi lagun

eta argi urdin bat piztu da

beste etxe bateko leihoan.

 

Hil berri den amamarekin oroitzen naiz

—sukalde honetan jaso nuen deia—

 

hanka-hotsa heltzen da goiko pisutik

eta zuekin denokin oroitzen naiz.

 

Leihoaren heldulekuko ispiluan

beste batena dirudi nire bisaiak

farolen azpitik korrika doa bat orain

eta beste argi bat ikusi dut pizten

 

—gu guztion hotzaren gainetik

bere itoginekin dator gaua—.

 

Kantua birbobinatu dut

eta hori nahiko nuke nik ere:

 

berriz sartu sukaldera

berriz ireki leihoa

hasieratik erre zigarroa

berriz galdu eskuen beroa.

 

Baina azken zupada bat

eta jabetu naiz:

 

hark ere ezin du jada

hasieratik hasi.