MORS
Hilobi bat nahi nuke
domu-santu egunean
krabelin eta arrosa gorri
zuen bisita eta loreak jasotzeko
azalea eta mitxoleta
hezur haragi erraustuon
gorosti eta erramu
betiereko atsedenerako.
Ez dut hil nahi.
Eta ez zait kontsolagarri
inork gogoratzea
jaiotzen garenetik
hiltzen garela.
Ez zaizkit kontsolagarri
ez mendien argazkiak
ez ederraren argazkiak
atzo ez zeuden zimurren berri
ispiluak ematen didan artean.
Badoa bizia hatsapatsaka
atsedenik gabe
harresituon deiak
aintzat hartzeko astirik gabe.
Badoa bizia ausikika
hanketan eta besoetan
bihotzean eta garunean
bide bazterrean zaurituta
hatsanka erori garenoi
jaramonik egin gabe.
Ez dut hil nahi.
Alferrik idazten diot biziari gauero
10 urtez hutsik egin gabe
orriak eta orriak betetzen
iragandakoaren notaritza traketsean
alferrik idazten diot biziari gauero
bikoitz joan zen udaz geroztik.
Hor kanpoan egon nahi nuke
ez dut hemen hil nahi
egunero apur bat gehiago.
Bizia eskuetan hartu eta
edan egin nahi dut
Auzkin zuekin
Uhaitzan zuekin
Lamien zuloan zuekin
bizi iturri izan nahi nuen
bizi iturri izan nahi dut.
Hemen naukate eta
ez dut hil nahi.
Alferrik ari naiz
hilobi honen hormak
gero eta garaiago eta
zuloa sakonago.
Ez dut hil nahi.
Eta ezikusiarena egiten badut ere
hiltzen ari naiz
esaten ari natzaizuenean
hau dela gure borrokalekua
hemen gaudela
hautatu guda-lekuan
borondatezko bidean
intziriz eta negarrez
irriz eta irribarrez
bihotz beratza bizirik dugunez
injustiziaren kontra
herria bizi iraunarazteko
bide ustez zuzenenean
gugan aurrekoak eta ondokoak
gugan gure eta haien
hildakoak eta jaiotzekoak.
Izan dadila gauzkaten leku hau
askatasun-xendan
herriarentzat geldileku soil bat
aldarriz arratsari
ilunak dakartzan mamuak uxatzeko.
Ez dut hil nahi.
Bizi nahi dut
berriro itzulipurdika Apanizen
irrintzi Madalenan
laku izoztuetan murgil
hemen dena da hilobi hits
ez ekar lore gehiago
ez apain gure ileak mendaz.
Badoakizue bizia
aharrausika zuen egongeletako
telebista bideo-joko sare grisetan
pizza eta freskagarritan
formoldutako garunetan.
Nola barkatuko dizuet
lerroz lerro autobidean zoaztela
nora zoaztela ez dakizuela
biziari iheska heriotza delakoan
gu hemen hiltzen ari garen bitartean.
Domu-santu eguna:
bazatozte gugana
hilda gaudelakoan
elbarri garelakoan
hemengo gure egonaldia
hilerrian daudenen gehienena ez bezala
borondatezkoa delakoan.
Domu-santu eguna Fresnesen
senide eta lagunak
bazatozte hilerrira
lore-sorta hitsak eskuan
senide eta lagunak
bizirik hobiratuongana
zuen sufrimenduarekin
jaki goxoak gordeta soinean
gure sufrimendua arintzeko.
Lehen lepoa mozten ziguten
orain eskuak eta hankak herbaltzen
orain irentzen eta mututzen eta itsutzen
eta bihotza erauzten
guk ere zuekin sufri dezagun.
Terrorista bat hil da
esan du irratiak
gudari bat hil da
jendarmeengandik ihesi
auto istripuan (omen)
agur eta ohore burkidea
ziega ate barrualde
burdin barra eta sare
ikurrin xingola beltz
izenik irratian eman ez dutenez
sasian borrokan ari diren
guztiengatik
egin dugu negar
ziega ate barrualde
burdin barra eta sare
ikurrin xingola beltz
izena eman dutenean
guda izenez soilik ezagutzen ditugun
guztiengatik
egin dugu negar
ziega ate barrualde
burdin barra eta sare
ikurrin xingola beltz
egunkaria iritsi zaigunean
Imanol Gomez Gonzalezengatik
egin dugu negar
hemen enlevez ce drapeau
ici vous n'êtes pas chez vous
han poliziek inguratuta
dantzatutako aurreskuak
zaindariari ukabila gora
Eusko gudariak abestu diogu
Igor zenak eta biok.
sigi-saga sega sega
sigi-saga igitaia
herio mozkor sigi-sagaka
herio keru sigi-sagaka
korridoretan usainka
hatsapatsaka bazabiltza
presa baduzu
ahantz kantu hau eta
zoaz
zoaz bidean aurrera
bizitzan atzera
patxadaz bazabiltza
zatoz
zatoz gurera astiro
doinu xamurrez mozorrotutako
intziriak entzutera
antzinako upeletan ozpindu eta
zementuzko dolaretan xehatutako
saminaz jabetzera
amets galarazien
edabe garratza edatera
gorputzez ezin eta adimenez
gauero zuengana iristen garenon
gaitasunaz harritzera
jo txalaparta hormetan
larri-minez
han
Tulan
jo ezkutuko kodez
tan-tan
tan-tan-tan
tan-tan-tan-tan
tan
tan
ez hago bakarrik
han
Tulan
igitaia txistuka airean
urka bilurra begi-ninietan
badatoz badatoz samaldan
itsaso gabeko olatuak
gaurik gabeko amesgaiztoak
bizarrik gabeko aitzurrak
ilerik gabeko eskumuturrak
ez! ez! ez!
egin murgil!
egin ihes!
haugu honat!
bila irriñoa
eta oroit hadi
haren albertxiko azalaz
haren zafirozko begiradaz
higan zeudek oraindik
jo toberak hodietan
bihotz-minez
han
Tulan
jo ahal bezain luze
dang-dang
dang-dang-dang
dang-dang-dang-dang
dang
dang
ez hago bakarrik
han
Tulan
gorputz biluz babesgabea
indarrez
gizon arrotzen aurrean
gozamena laido
izuz
ireki ahoa!
besoak gora!
galtzarbeak erakuts!
makur eta eztul!
uzkia erakuts!
ahoa ireki? oihu eginez!
besoak gora? ukabilean!
haien larderiari: ispilua
makur eta eztul? ez eta ez!
eutsi!
entzun: «Munduan bada
leku bat: Tula»
han gaude
irrintzika ametsetako zaldunok
txalaparta hormetan
hodietan tobera
«ez hago bakarrik»
oihuka negarreraino
«han
Tulan»
mutu! itsu! gor!
egin murgil!
egin ihes!
haugu honat!
oroit hadi
haren irriñoaz
eta bila
haren azala
haren usaina
han
Tulan
higan
egin irri borreroei
eta bila
hire azala
hire begirada
hire usaina
han
Tulan
gugan
isildu dira toberak eta txalapartak
isildu da mundua Tulan
isildu dira izarrak
sutan ditugu begiak
hemen eta Orzaizen
sigi-saga sega sega
sigi-saga igitaia
herio mozkor sigi-sagaka
herio keru sigi-sagaka
korridoretan usainka
«non zeundeten hil nintzenean?»
nire heriotzaren unea
zuen bizi taupadekin ezkontzeko
desioak sortutako galdera da
ez dut galdetzen
(gozakaitz)
non arraio zeundeten
(suminez)
norekin zeundeten
(errieta eginez)
zertan ari zineten
(mikatz)
alai edo triste edo soraio
hau da galdera:
non zenituzten oinak
non buruak
hil nindutenean?
amuarrain lurrean
56 kilo
laster txori lurpean
amuarrain lurrean
zainetako odola
gasolinaz nahasten da
bi saihetsak arraspa
basamortu ahoa
laster txori lurpean
orain badakit zer den
heriotza neurtezin
deuseztatzaile goren
bizi den ororen fin
hau da galdera:
une horretan
zuek zertan?
txori lurpean
dena izoztu
oinak lurrean
mundua mutu
egin atzera
taupada oro
zuenak eta
nire zirenak
taupaka jarri
herio aitzin
eta ondoren
berriro ere
bizitzen segi
zuek bakarrik
hiltzerakoan
ni non nengoen
esango dizuet
(orduko hartan ere
Kaxmirren lurrikara
Gazan misila
Karibeetan urakana):
kartzelan nintzen
kartzelan hiltzea
arrunta da
ohikoa ohitura ohikeria
kartzelan hiltzeko ere
era arrunt asko dago
hautazkoak asko
amuarraina
bi egun urik gabe
egunero hiltzen da norbait kartzelan
norbera egunero hiltzen da kartzelan
indartsuek
gorputza ia
ia gorpua
berpizteko
gai direnek
biharamun
arratsean
berriz ere
gorpua ia
ia gorputza
herioren
atzaparren
oparitzat
emateko
heriotza
da kartzela
kartzela da
heriotza
hala ere
zer kuraia
bizi grina
bizi poza
duintasuna
bizi mina
zenbat negar
erraldoi-lan
zutitzeko
nolako huts
bihotz laztan
betetzeko
eta zutitzea lortutakoan
irribarrearen arkitektura konplexua
berriro ere eraikitzea lortu ondoren
burdinazko tximeleta
hegal-kolpe
ustez oharkabe
gupidagabe
batek desegiten du
dena
gutxi behar da kartzelan
pertsona
pertsona huts ager dadin
eguneroko bizimoduaren inaute
mozorrorik gabe
apaingarririk gabe
makillaje gabe
aitzakia gabe
arropa gabe
biluzik
hitzik gabe
baina ez mutu
zenbat oihu
alferrik baita hitz egitea
ulertuko duen inor ez dagoen lekuan
malko gabe
ez
malkotan
baina inork ikusiko ez dituenean
hirugarren eguna...
eta zer gehiago kendu nahi didazue
(maitasuna ideiak arnasa
kendu ostean
bihotza burmuina birikak)
murmurikatzen dugu hemen
galdera egin izanagatik
segituan damuturik
erantzuna
irakurri baikenuen
kartzelako atarian
hilerrietakoan bezala
hona ekarri gintuztenean:
dena kentzen den egoitzan gauzkate
dena eteten den bakarmortuan
oraindik dabil airean
ahapekako itauna
dardarazko oihartzuna
Herio itzala agertzean
adibidez
zenbait gauza arbitrarioki
kendu dizkigutela-eta:
zergatik utzi bizarra egiteko aitzurrak
eta zergatik kendu bitsa?
zergatik utzi orri zuriak boligraforik gabe?
gose greban jana eta
egarri greban ura
laugarren eguna jada...
utzi didaten bezala
zapatak soka gabe bezala
utziko ligukete
loa ametsik gabe
olatua itsaso gabe
txoria kanturik gabe
orratzik gabe ordularia
zentzurik gabe hitza
maite ditudanak ikusi gabe
zeru gabeko ziega honetan
zergatik kendu didate gerrikoa
ez bada nire buruaz beste
egin ez dezadan
ez bada nire buruaz beste
beste era batez egin dezadan
burua makur
irents dezadan
edan dezadan
bost egun...
bost aste dira
bost urte
bost mende
orratzak ez du lortzen
zainetan gerturik
haren alde emateko
petrolio bihurtu zaidan
odola xurgatzea
korridorean aurrera
balantzaka
ez dut indarrik
ukabila estutzeko
Eusko gudariak kantatzeko
soilik zer naizen aldarrikatzeko
gizakia
soilik zer zareten galdetzeko
ez baitzarete jada
ni naizena
zergatik esnatzen naute orduro
bizirik ote nagoen jakiteko
eta erdietan hil naitekeenean
lasai asko
esateko modua da
loak hartu
amets egin
hil
akaso
maiz
herioren kiratsak
hartzen dituzten izarok
maitasunez lurrintzen
ahalegintzen naiz
etsi-etsian
erreskatatzen ditut
mingarriro
banan-banan
memoriatik
maitalearen usainak irudiak
angelu eta dimentsio orotan
absentzia betetzeko
izua uxatzeko
beste egun batez eusteko
beste ordu batez eusteko
beste segundo batez eusteko
eta
beste segundo batez
beste ordu batez
beste egun batez
eta sei dira jadanik...
heriotzaren unera hurbilduz
setatsu
setiaturik
nire buruari galdetzen diot
zenbat orduz eutsiko ote diodan
hil baino lehen
zenbat egun aste hilabete urte
askatasuna arte?
utzi dut gorputza segadan
banoa hegan
zuengana
zuekin
ez gara hemengoak
hemen gaituzten arren
hemen hiltzen gaituzten arren
egunero pixka bat
egun batez osoki
gure zelula bakoitza
kartzelaz kutsatzen da
gure birikek
kartzelaren laino pozoitua arnasten dute
arnasari eutsita ere
azal zuloetatik sartzen zaigu kartzela
begietatik
begi itxi itsuetatik
belarri zuloetatik
alutik uzkitik
nor etzan zen ni baino lehen
lastaira honetan?
atzo
nor etzango da ondoren?
zazpi dira jada...
bihar?
ni gaur gu gara
hire gorputzaren kontra estututa
hire azala jantzita
ferekatzen dut nire burua
harriduraz
gramatika ausartzen ez den lurraldeetan
aditz laguntzaileen konbinatoriak
etsi egin duen zingiran
bakarrik gaude
espresuki guretzat ezarri duten
ilargi bete bakan horren argitan
edango banu
nik baino ez nuke jakingo
euriak garbitzen digun
ilargiak argitzen digun
eguzkiak berotzen digun
trumoi eta tximisten artean
hor kanpoan debekatuak eta
zigortuak diren oihuak eginez
hausten dugun bakardadean
gauzkate giltzapean
haragi bizi kontainerrotan
zortzigarrena...
jada ez naiz
ez gose
ez egarri
hil hurren naiz
maitasun minez
teoria handirik gabe
hiltzen ari zait gorputza
hiltzera uzten naute
estatu arrazoiz
utzikeriaz
krudelkeriaz
gorrotoz
euskara gose eta egarriz
agortzen ari naiz
irratian entzun dut
neure burua urkatu dudala
Soriako kartzelan
iaz Fleurykoan egin nuen bezala
irri mikatza egin dute nire ezpain zartatuek
izen berri bat gure hiltegien zerrendarako
(Albacete Alcalá La Santé
Tres Cantos La Salve Martutene
Herrera de la Mancha Intxaurrondo DGS-Madrid
Espainiako errepideak eta kartzela atari eta osteak)
basamortua atera zait hortz artetik
nik badakit-eta
hil egin nautela
auzi medikuak besterik esango badu ere
aztertuko bazenute ondo gorpua
aurkituko zenituzkete
hezurrak balira burdinaz gori
maitearen margo itxurak ageri
hiltzaileen izenak irarririk
itauna mihi izoztuan zintzilik
inori konturik eskatzeko asmorik gabe
(baina suminez)
inor erruduntzat hartzeko asmorik gabe
(baina mikatz)
inorengan errukia eragiteko gogorik gabe
(gozakaitz halere)
nire heriotzaren unea
zuen bizi taupadekin
ezkontzeko desioz sortutako
galdera da hau:
non ote zeundeten hil nintzenean?
bederatzigarrena...
ukabila gora
lehen ur tanta
eztarrian behera
bizi da amuarraina
sigi-saga sega sega
sigi-saga igitaia
herio mozkor sigi-sagaka
herio keru sigi-sagaka
korridoretan usainka
ez naiz jaiki zaindaria korridorean entzundakoan
gogor jo du atea esna nendin
ez naiz jaiki zirkinik ez
ohi bezala ez du goxoan ireki atea
ohi bezala oihu egin du
nire izena isekaz lardaska
alboko kidearenean bezala
eta aurrekoarenean bezala
guztienean bezala
berak edo bera bezalako batek
egunero bezala
atean jo du giltzekin
alferrik ez ditut zabaldu begiak
Long Keshen nengoenean
lastaira ugerrean etzanda
pentsatzen egoten nintzen
sabaiari begira
nola izan zitekeen zaindaria iristean hilda egotea
pentsatzen egoten nintzen
ez al da inoiz amaituko infernuko egonaldi hau
bihar etzi etzidamu
noiz amaituko da
bihar etzi etzidamu
Long Keshen bezala
txoriak entzun ditut
egunsentirik gabe
lurpean naukate jadanik aspaldi
ez dut jada negar egiten
ez naiz jada jipoien beldur
ez naiz jada amorratzen
dagoeneko bederatziehun
eta laurogei kilometrotara ni
deserrian mantentzeko
aitzakiarik ez zegoela diotenekin
non dira nire gogoetak
non dago ikusteko irrikan nengoen mundua
non daude nire malkoak
izan dadila azkena diote orain
hobiratu aurretik lurperatutakoa
izan nadin azkena
ez diote kasurik egin herriaren aldarriari
euskal presoak etxera
euskal presoak etxera
(Arkaitz Elorrixora)
eguna iristean ez naiz berton egongo
baina nuair a thigeann ar lá aithíocfaidh mé iad go mor
azken eguna balitz
zer idatzi zer bizi
hilobi bat zain banu