Hodeiak zapatetan
Hodeiak zapatetan
2014, poesia
80 orrialde
978-84-92468-56-0
azala: Gari Berasaluze
Mikel Etxaburu
1969, Ondarroa
 
 

 

ZURE TOLESTUREN USAINAK

 

Pozarren esnatzen naiz larunbat goizetan,

badakidalako eguerdiko poltsan

ziega estua irla epel bihurtzeko moduko

oihal koloretsuak topatuko ditudala

zure tolesturen usainez josiak.

 

Gure etxea eta zu oihaletan:

ihes egiteko aukera txiki bat da

inork galdu nahi ez duen askatasuna.

Eta zure tolesturen usainak dira

nire naufragioaren hondartzak.

 

Pozaren lurrinaz honatago, ordea,

neurri zorrotzak dauzkat patioan:

hogeita bederatzi pauso zabal,

hogeita hamaika pauso luze.

 

Berba naroetatik honatago

bakardadearen itzala dabilkit

berrehun buelta eman bitartean:

ehun alde batera, ehun bestera

 

Pozarren esnatzen naiz larunbat goizetan

badakidalako eguerdiko poltsa dela

hamabostero eskaintzen didazun

Ihes egiteko aukera txikia.